Hitzei eutsi behar diegu, gure izatea atxikiko badugu

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2024-01-03 11:04

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1704297820485

Pantailen garaipena

(Begiradaren totalitarismoaren kontra)

Iñigo Martinez Peña

(Elkar, 2023)

Filosofiaren ildoan, ezbaian

Zein da filosofoaren zeregina XXI. mendean? Filosofiak ba al du izaterik modernitatearen ostean? Zientzia-teknologikoaren aurrerapenak “egokiak” al dira denak? Filosofiaren funts nagusia galderak eragitea da. Iñigo Martinez Peña filosofoak beharrizan hori ederto betetzen du. Mandamentu hipermodernoak saiakeran –Pantailen garaipena delako honen aurrekoa– gaur egungo jendartearen inertziak zalantzan jarri zituen. Horixe hitza: zalantza. Filosofiak pertsonarengan zalantza sorrarazi behar du. Kasu, hitzak nahasgarriak dira ordea, areago diziplina filosofikoan. Hartara, zalantza hitzaren sinonimo bat hartuko dugu aintzat: ezbaia. Hots: Ez, baina ez beti. Bai, baina ez betiere. Biak beraz, bai eta ez. Ez eta bai. Ezbaian!

Filosofiaren gainbehera begi-bistakoa da, irudiz

Liburuaren azaleko irudia eta hitzak hizpide: pantailak eta kamerak gailu berealdikoak ditugu egun. Pantailak garaitu dira hirian eta metropolietan, baita kamerak ere. XXI. mendeko teknologiek giza-espazioa inbaditu dute. Ziberespazioak hiriko “espazio-naturalean” eremu handia hartu du. Hiriaren gobernatzeari deritzo politika. Politikagintza, nagusiki, ziberpolitika da mende berrian. Komunitate digitala nagusitu da. Digitala da komunikazioaren ezaugarri nagusia.
   Zientziaren eta teknologiaren garaion analogiatik digitalizaziora –pertsonon arrazoibideaz ari gara– pasatzen ari gara. Komunikatzean pertsonon arteko presentzia –gero eta neurri handiago batean– ez da honezkero fisikoa. Gero eta gehiago eriz edo hatzamarrez komunikatzen gara, teklatuak eta pantailak direla medio. Jarduera hori digitala izateaz gain “bisuala” da neurri handi batean. Areago, mintzoak edo ahotsak –ikusmenaren aldean– ez dauka behiala zeukan eragina. Telefonoz bitarteko jarduera urritu da, digitalaren faboretan.
   Hurkoarekiko begirada murriztu da arras. Pertsonok ez gara jada bizi hurkoaren begiradari begira. Alabaina, paradoxikoa bada ere, hurkoaren begirada pean bizi gara. Pantailen bitarteko begiradaren menpe, alegia. Begirada orokor –eta totalitarista– batek uxatu ditu pertsonon arteko begirada xumeak. Pantailen begirada gailendu da.  
   Filosofiaren gainbehera begi-bistakoa da. Filosofia ideien ordenamendua izan da orain arte, errealitatea interpretatzeko eta berari ekiteko bitartekoa. Arrazoibidea hitzez josten da. Ordea, honezkero, geroz eta eragin gehiagoz, irudiek moldatzen dute gure pentsamendua.

Olatz Mitxelena Larretaren hitzaurrearen ildoan

Irudiaren oldarraren menpe bizi gara. Gure begiradaren eta ikusi behar dugunaren artean pantailak tartekatu dira. Munduaren ezagutza gailu suerte baten bidez egiten dugu, gailu horiek baina teknologiaren jabe den elite batek kontrolatuta daude. Hurkoen begiradaren menpe bizi gara, hurkoa nor den baina ez dugu ezagutzen. Hurkoaren begirada arrotzari begira bizi gara.

Erlijioen eta sineskerien arau bizi izan ginen Errenazimendura arte. Sekula ez gara gure buruaren jabe izan. Ordea, engoitik orain, ziberpolitikaren menpekoak bihurtzen ari gara. Saiogilearen begi zorrotza eta usaimen fina azpimarratzen dizkigu hitzaurregileak, ikusmena eta usaimena lantzera gonbidatuz, horiek lagunduko baitigute, beharbada, gorputzaren jabe izaten. Gomendio paradoxiko bat: lantzean behin itxi ditzagun begiak mundua ikusi ahal izateko.

Hitzaurrea. Hamar atal. Bibliografia oparo bat eta egilearen eskerrak. Horiexek osatzen dute eskoletan lantzea merezi duen saiakera hau. Filosofia eskoletako ikasgaietatik uxatu den garai honetan, irakasle hau maisua da filosofia praktikara ekartzen. Jendarte honen osasunaren prebentzio eta terapiarako berealdiko lana da Pantailen garaipena.

Amaierakoa sarrera gisa

Mandamentu hipermodernoak saiakera hamar kapituluz osatu zuen eta Pantailen garaipena halaxe egin du ere. Aurrenekoan, besteak beste, gure bizimoduan –kultura judio-kristauaren ondorengoak izaki– aginteak duen garrantzia ongi bano hobeto deskribatu zuen saiogileak. Hipermodernitateak hazkunde etengabean bizitzera “kondenatu” gaituela adierazi zuen. Liburu batek ezin du, bistan da, aro bateko bizimodua osotara aztertu. Beraz, oraingoan, zientziak eta teknologiak posible egin duten digitalizazioaren garaipena ikusarazi digu hitzen bitartez.

Bi liburuok premisa bat utzi dute agerian: modernitate osteko garaian hitzekiko –hizkuntzarekiko– mespretxu moduko bat gailendu da. Hitzak gezurtiak izan dira beti. Hitzak ez-bai artean kulunkatu dira, egia eta gezurraren balantzan. Orain baina, irudiaren bitarteko egia nagusitu da hitzen bitarteko egien aldean. Irudiaren bidezko komunikazioak hitzen bidezkoa lausotu du.
   Beste paradoxa bat: pantailen eta kameren argitasuna dela medio pentsamenduaren argitasuna iluntzen ari da. Jendeok esanezinaren aurrean isiltzen gara. Esanezina adierazten ahalegintzea ez da gizakion idiosinkrasiaren ezaugarria dagoeneko. Pantailen argitasunak Ilustrazioaren argia –arrazoibidezko argitasuna– ordezkatu du.
   Ondorioz: aro berri honetaz geroztik, baliteke hitzek gero eta argi gutxiago egitea elkarren arteko komunikazioan. Baliteke halaber, mendez mende komunikatzen lagundu diguten hitzen aroaren –hizkuntzen aroa– amaieraren hastapenean egotea.

Argazki orokor bat

Irudia nagusitu da gure –eta haren– artean. Irudia, ikuskizuna, espektakulua. Adibiderako: ikus-entzun dezagun pantailen bitarteko –kirol– saio bat. Hona esatariaren adjektibo nagusia: espektakularra. Espektakuluaren jendartean bizi gara. Dena, edo ia dena, espektakularra da. Teknologiako gailu berriek –sakelekoak, ordenagailuak, eskanerrak, sateliteak, X izpiak…– mundua espektakulua bihurtzea posible egin dute. Ideologia horren begirada mundiala da. Mundializazioak –globalizazioak– mundial adiera sorrarazi du. Hots, mundiala, bikaina, sekulakoa, berealdikoa. Ideologia teknokratikoak hanpatuta bizi gara.
   Gaur egunez gero, dena ikusi nahi dugu zientzia-teknologikoaren bidez. Gailu horiek denok ikusgai jarri gaituzte. Eta aldi berean, gure begirada totala da. Orokorra. Komunikabideak deitu ditugun horien bidez, tokian tokiko komuna osatzen lagundu beharrean, pertsonok dugun komunetik aldenarazten gaitu. Dena da ikuskizun, baita pertsonon baitakoa ere, gure intimitatea ikuskizunaren parte da.

Munduaren nora telekomunikazioaren norabidean doa, mugarik gabe. Hitz fetitxe batek akuilatzen du norabidea: askatasuna. Hitz zaharberritua duzu. Kontraesankorra. Esaterako, egun, askatasunaren aitzakian gardentasunaren ideologia suerte bat gailendu da: gardentasuna da ideologia horren arkitekturaren dohaina, gailu-teknologikoen bidez eraikia. Alta bada, zer ezkutatzen da arkitektura horren barruan? Bada, algoritmoa delakoa. Gure arazoak –ezbaiak– ez ditugu guk ebazten honezkero. Zientzia eta teknologia dira gure buruaren gidari.
    Konparazioenera: herritarron politikaren eztabaidan gero eta zalantza gutxi jalgitzen da, ez dago ez-bai-rik. Komunikazio digitala, hitzari, logosari edota diskurtsoari –plazako diskurtsoari– gailentzen ari zaio, irudiak testuari leku handia hartu dio. Komunikazioa bisuala gailendu da.
    Ordea, plazan ez bagaude, hiritar al gara elkar komunikatzean? Zer agora suerte da “sare sozialek” ordezkatu duten plaza? Ondorioz, espazio publikoa eta espazio pribatua espazio bakarrean funditzen ari dira. Kamerak eta pantailak gure etxeraino ez ezik, gure baitaraino sartu dira. Ezbairik ote?

Bideokameren garaipena

XXI. mendera arte geure begiek behatu dute hiria. Egun, ordea, hiriak begiz beterik daude, begi-digitalek zelatatzen gaituzte: begiratzen, zaintzen, kontrolatzen… Kameren eta pantailen begirada panopktikoaren menpe gaude. Ordenamendu batean akomeatzeko jendarte diziplinatu moduko bat izan gara, ordea, jendarte kontrolatua bilakatu gara. Nork bere diziplina landuz bizitzen ikasi beharrean, sistemak ezarritako kontrolean jausi gara, haren diziplina orokortuan. Bideozaintza da egun, hirian, giza-diziplinaren kontrolagailua.

Egungo ideologiaren ezaugarri bat: norbanakoaren segurtasun eza. Hiriaren segurtasuna indartu da eta pertsonon segurtasuna murriztu. Teknologiak hartu du agintariaren tokia. “Ez zaitezte ezkutatu”, dio botere berriak. Alferrik ari zarete, zuen datuak ditugu, gardenak zarete. Gardentasunaegia zaletasuna– berebiziko balorea dela erakutsi digute txikitatik. Sistemak baina, hitza ifrentzuz jarri du. Intimitatea urratu da. Ezin dugu gardentasuna ezbaian jarri. Gure barrukoa ezkutatzen badugu susmagarriak gara.

Demokrazia kontrolkrazia da. Erlijioa behiala legez, gaurko demokrazia ere fedean oinarritzen da. Konfiantza eta fedea hitz kidekoak dira, hurbilekoak. Jainkoarekiko fedearen ordez, teknologiekiko konfiantza ezarri da. Berriz ere, paradoxa ageri da: informazioaren oldarrak gure konfiantza –fedea, alegia– zalantzan ezarri du. Jendeok dinbili-danbala mugitzen gara. Pertsonon arteko konfiantza berebizikoa izan da komuna osatzeko –elkarren arteko komunikazioa, alegia–. Gaur egun, pertsonon arteko konfiantza teknologien sinesmenean oinarritzen da. Zaila zaigu bestela jardutea. Sistema panoktikotik kanpo bizitzerik nekeza da, ezinezkoa ia. Zientzia-teknologikoaren fedean bizitzera “kondenatuta” gaude.

“Zure begiek mintzen naute” diosku poeta-kantariak. Begiak nonahi dira, baina ez dira geure begiak inolaz ere. Gure begiradak ez du sentimendu mugaezinik transmititzen. Gure askatasuna, seguritatearen eta zaintzaren begiradaren menpe dago.

Sateliteen garaipena

Behetik goitirako begiradak gauzatu du gizakia mendez mende. Jainko andana-suerte batek osatu du gure izaera. XXI. mendean sateliteek ordezkatu dute ustezko jainkoen begirada. Ikusgailuek ordezkatu dute jainkoen begirada. Gizabanako hipermodernook armada baten gisara funtzionatzen dugu. Gerra baketsu geldigaitz batean –oximoron galanta– bizi gara. Espazioa gailuen zabortegi bat bihurtzen ari da: hilerri bat.
    Ezjakintasuna eta ziurgabetasuna gizakion ezaugarriak dira. Kontrola segurtasunaren bidez lortzen da. Segurtasuna gure izatearen datuek bermatzen dute. Sistemak darabilen politika ez dugu ez-baian jartzen, kontzientzia kritikoa apaltzen ari zaigu gailu teknologikoen eraginez. Gizakion ziurgabetasuna ezjakintasunaren arabera neurtzen da. Ez da kontu berria. Berria da munduaren norabidea kontrolatzen duen zientzia-teknologikoa.

Eskergarria da filosofo honek poesiari dion begirasuna. Ikaspena: gizakiok, herritar arruntok, behetik gora begiratu ohi dugu, eta ez goitik behera. Aro berri honetan, begirada aldatu da. Antigoalean, mitologiako jainkoen begirada nola, iragan berriko jainkoaren begiradaren ostean, sateliteen begirada pean ari gara gure idiosinkrasia berria gauzatzen.

Fokuen garaipena

Behetik gora begiratzen dugu eta itsutu egiten gara. Zientzia-teknologikoak izarrik gabeko gau argitsuak sorrarazi ditu. Unibertsoarekiko lotura antropologikoak estetika moduko bat eman zigun. Zeruarekiko harremanak eragin zuen gure poetikan edota estetikan. Zeruaren kontenplazioa ez da gaur egungo gure begiradan, edo bakan. Begirada zientifikoa gailendu da. Zientziaren eboluzioak eta haren beharrak gure modus vivendi berritu dute. Paradoxa bat berriz ere: “Lur planetan gero eta argi gehiago izan, orduan eta gutxiago ikusten dugu”.
   Astronomoek zeru beltzaren beharra aldarrikatu dute. Besteak beste, gehiegizko argitasuna ez delako ekonomikoki jasangarria. Argudio ekologiko-politikoak importanteak izanda ere, filosofo honen argudio hau aintzat hartu behar dugu: iraganeko gizakion inspirazio poetikoak barrurako ate bat zabaldu zigun eta giza-estetika bat eman. Zeru beltzaren introspekzioak balio etiko bat moldatzen lagundu zigun gizakioi, etika moduko bat eman zigun, gure aldartearen eta ekimenen eragilea. Ordea, egungo teknologiak dira gure barrura begiratzen "laguntzen" digutenak.

Barrura begira

Pantailen garaipena ez ezik, eskanerrak garaile dira, sakonki izan ere. Fisika kuantikoak materiaren pornografia ekarri digu. Materia –saiogileren berbak dira– ikusteko grinarekin hasi zen zientzialaria eta haren begiek materiaren iluna zeharkatu dute jada. Uhin elektromagnetikoek arropa zeharkatu eta gorputzaren esplorazioa egiten dute. Iragan mendeko mundu gerra biek aurrerapen hauek ekarri zituzten pertsonon osasunaren fagoretan. Ordea, gerrarako erabilpena gauza bat da eta beste bat gerra garai baketsuan –edo bake garai gerrazalean– egiten duguna. Poliziaren begietan izaki gardenak bihurtu gara segurtasunaren faboretan. Zer pentsatu eman beharko liguke eta aurrerapen modu hau ezbaian jarri.
   Horraino iritsi izanak eragin duen arriskua itzela da. Izan ere, zientziak gure pentsamenduaren argazkia xede dauka. Neurozientziak giza-existentziaren sena kontrolatu nahi du. Gizakia makina zibernetiko bat bihurtu da neurri batean. Honezkero, maitasuna edota adiskidetasuna ez dira hitzen bidez adierazten, argazki baten bidez baizik. Gure izatearen gardentasun bila ari da zientzia. Genetikoki gardenak sortuko gara etorkizunean. Ekografia da horren adibidea. Sortzeko unean gardenak gara jadaneko.

Atzera begira

Gure buruak gordetzen dituen irudiek entzumena, usaimena, ukimena edota dastamena esperientzia gorde ohi dute. Zientzia-teknolokioak, biltegi zibernetikoen faboretan, gure memoriaren kutxa txikitzen ari da ordea. Gure oroitzapenen erregistroa gero eta tipiagoa da. Konputagailuek –ordenagailuek– gure memoriaren kutxa ordezkatu dute. Gure buruak ez du lehen bezala konputatzen, hau da, ez du berdin zenbatzen, ez kontatzen, ez neurtzen. Ez dugu hurkoa berdin aintzat hartzen. Gure idiosinkrasia aldatzen ari da, ondorioz, jendartearena ere bai.
    Esaterako: turismoa sistema kapitalista-liberalaren ezaugarri funtsezkoa da. Turismoak pantailak biderkatu ditu munduan: kaleetan, plazetan, autobideetan… Giza-memoriaren artxiboak ugaritu ditu ere bai. Ikusten dugun ia dena filmatzen/grabatzen dugu. Artxiboetan ordenatzen ditugu, irudi horiek baina iluntasunera pasatzen dira: hilerri suerte batera. Gure izatea irudi digital horretara mugatzen da. Turismoa ez da gauzatzen segurtasunik gabe. Polizia da segurtasunaren bermea. Egungo bizimoduan gailendu den ereduak memoriaren ikuspegi poliziala bermatzen du. Eredu honek pertsonon begirada murriztu du, pobretu. Gure izatea ukatzen dugu, gorputzik gabeko irudiak gara.
    Hala berean, ahaltsuen begiradek sistema kontrolatzen dute. Jendarteko sektore ahulenek, pobreenek, batez ere horiek nozitzen dute digitalizazioaren garaipena.

Aurrera begira

Digitalizazioaren garaipenak ekarri du, besteak beste, gauzak gertatu edota bizi aurretiko prebentzioa. Prebentzioa da egungo jendarte-eredu-moduko baten jitea. Segurtasuna da jendartearen makulu berebizikoa, eta segurtasuna bermatuko duena: prebentzioa. Pertsonon jokabideen determinismoa neurri handi batean erabakita dago, gure eguneroko jarduerak ez-baian jartzeko abaguneak gero eta murritzagoak dira. Gaur egun, gizarte ekimenak –ia oro– aldez aurretiko aurreikuspenen arabera garatzen dira. Hasteko eta behin, hezkuntza eremuan.
    Iñigo Martinez Peñak dioenez, prebentzioaren ideiak idealismoa sorrarazi du, ideologia bihurtu eta gure bizitzaren gainean dabilen ikuspegia poliziala da. Lema hauxe duzu: zero arriskua. Zientziak bizitzaren kontrola berma dezake.
    Mende hau amaitu aurretik pertsonon etorkizuna –osasuna barne– teknologia berriek gidatua izanen da. Zahartzaroa sufrimendurik gabekoa izatea posible izanen bide da. Sufrimendua –pertsonon izatearen ezaugarria– gure organismotik ezabatzeko bidean abiatu gara mende berrian. Alta bada, non geratuko da erabakitzeko askatasuna? Ez-baian jartzerik ba al dago? Askatasuna norberaren bizimoduarekin, etikarekin eta hurkoarekiko harreman-moldearekin lotuta dago. Etorkizun hurbil batean, determinismo genetiko batek ebatziko bide du gure izateko eta jarduteko moldea. Ageri denez, giza-jokabideen determinismoa aurreikusteko aro ideologiko berri batean sartuta gaude.
    Digitalizazioak mundu honen oinarri ezinbestekoa den merkataritza parametro kontrolaezinetara aupatu du. Interes ekonomiko pribatuen ondoriozko komertzioaren “biktimak” gara. Gida algoritmiko baten arabera funtzionatzen dugu, adimen artifizialaren leloek gidatuta. Pentsatzea, sentitzea eta horien ildoan argudiatzea jarduera gero eta bakanagoa da. Industria digitalak arrazoimena bere egin du, monopolizatu. Industria horrek gure datuen kontrola duenez gero, gure erabakien aukerak gero eta gutxiago dira. Arrazoibideak ez-baian jarri izan du jarduteko geure moldea, inperfekzioak onartu ditu. Orain, berriz, inteligentzia artifizialaren bidez, dena da kuantifikagarria, ez ditu aintzat hartzen gure desirak edota jite kontraesankorrak. Pertsonok gero eta gutxiago eztabaidatzen eta partekatzen ditugu gure ideiak.
    Industria digitalaren lobbya garaitzen ari da estatuetako gobernuen eta erakundeen gainetik. Estatu modernoa egitura zaharkitu al da? AEBetan erabaki judizialak modu digital robotizatuek determinatuta daude. Omen, aro baten hasiera besterik ez da. Inteligentzia artifizialaren onurek gizakiaren banalitatea ekarri du. Filosofo honen ildoan ari gara, honatx: gizakiok eguneroko ekimenei aurre egiteko gogoetatzeko fakultatea galtzen ari gara.

Ispiluaren aurrean

Poesia duzu filosofo honen berebiziko espresioa. Rimbaud poetaren Ni beti naiz beste bat aipua aintzat hartu du. Ni hori ageri zaigu ispiluaren parean gaudenean. Ispilu modernoa sortu zenean, gu eta gure irudiaren artean leize izugarria eta zaurgarria zabaldu zen. Aro modernoaz geroztik –Berpizkundean loratu zena– Niak indar berezia hartu zuen gure kulturan. Gure kultur modernoan irudia –izan– da gure niaren funtsa.
    Egun berriz, ispiluak hipermodernoak dira. Esaterako, smartphoneak. Ispiluak ez ezik leihoak dira. Eta leiho horietatik, pantaila horietatik, gure irudiak –argazkiak– zabaltzen ditugu mundura. Gure buruari egindako selfieak dira.  
    Niaren hauskortasuna izugarria da, nia irudi zaurgarria da. Irudia gure nartzisismoaren euskarria da. Irudia gure identitatearen heldulekua da. Euskarri nagusia ote den? Antza denez, gure nortasuna gehienbat irudietan funtsatzen da dagoeneko. Iraganeko “pentsatzen, beraz banaiz” ordez, “ikusten naute, beraz banaiz” bihurtzen ari da. Ni hori nonahi dago: hemen, hor eta han. Gure nia edonon dago.
   Saiogileak galderak dakartza segidan. “Selfieak argazkiak ote dira?”. Arrapostua: “Selfieak argazkiak ordezkatu ditu”. Galdera berriz: “Phono sapiensak Homo sapiensa ordezkatuko al du? Antza denez, ez dugu beste aukerarik, gure identitate hipermodernoa gure sakelakoan badago, gizaki hipermodernoari hil ala bizikoa zaio sare modernoetan egotea.
   Ondorioa: nartzisoaren heriotza heldu da. Selfiak dira hiltzaileak. Gure nia akabatzeko programatuta gaude. Itxura batez, gure nia bizirik mantenduko dugu baldin eta ikusiezinaren aldeko kultura sortuko badugu.

Ikusiezinaren alde

Pertsonon arteko ikusiezina lantzea proposatzen du irakasle honek. Ikusiezinaren eremua lantzea funtsezkoa izanen zaigu etorkizunean. Gure pentsamenduak ezkutatzen ikasi beharko dugu. Orain arte, gezurrean bizi izan gara, eta moralki ez zen ongi baloratua. Paradoxa bada ere, hala irudi, gezurrak esaten ikasi beharko dugu. Aro teknologiko berri honek moral berri bat sorrarazi du. Irudiak gezurra zuritu du. 
   Gure gainean begirada bat daramagu, mundu digitalaren bitartekoa, inkontzientea dugu begirada hori, eta etengabe itauntzen gaitu. Begirada horrek interpelatzen gaitu eta gure exijentzien esparrua areagotzen du. Paranoiaren jitea areagotu da gure inguruan, gaizki begiratzen digute inpresioarekin bizi gara.
   Bi paranoia instalatu zaizkigu: inoiz begiratuak ez izatea eta une oro begiratuak izatea. Bigarrena makina baten begirada etengabea da. Begirada algoritmikoa. Gizakiaren behialako begirada teknologiaren begirada bihurtu da. Produktu bat gara.
   Bizitza eta ikuskizuna bat datoz. Jendearen segurtasuna bermatu aldera, egungo sistema neoliberalak –egungo botereen kontrolagailuak– gardentasunaren politika ezarri du, jendearen kontrola areagotu da eta begirada digitalaren objektu bihurtu gara.

Erotikoa ez da dena ikusgarri ez ikuskizun. Pornografia bai. Ikusiezinaren erotika pornografikoa da. Ikusezinaren erotikaren araberako gizakiok gardentasunaren jendarte pornografikoak gidatuta gaude jada. Ordea, gardentasunak magiaren amaiera dakar, munduaren lilura galtzea. Erotikak ustekabekoak ematen dizkigu, pornografiak ez. Irudiaz harantz edo honantz zer dagoen ez jakiteak ematen digun-zigun gozamena eskastu da. Bizitzeak ez du lehenagoko xarmarik ematen.

Boterea eta erotika ez omen datoz bat. Boterea, botere pornografikoa da, eta niarekin lotzen da. Botereak dena orokortu nahi du. Baita gure erotika edo intimitatea ere bai. Erotika berriz, hurkoarekin gauzatzen da, bestearekin. Ikusiezina funtsezkoa da begientzat. Poetak soilik ikus dezake ikusiezina –hitzen erabiltzailea da poeta–, entzun dezake ikusezina.

Premisa bat: hitzen beharrari eutsi behar diogu, gure izatea atxikiko badugu.


Utzi iruzkina: