Historia istorio ugariren oroitza baita

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2022-01-04 12:06

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1641294730824

ZERUAK ETA INFERNUAK

J. M. Olaizola Txiliku

Elkar, 2021

Liburua 45 teselaz edo piezaz osatuta dago. Atalez atal, antigoaleko mitologietako istorioz ehunduta, hala Greziakoak nola Erromakoak. Txinako poemak eta Arabiako ipuinak hornitzen dute bidaia ezin oparoagoa. Amerikar kontinentera ere eramaten gaitu idazle-bidaiariak, ipar nahiz hegoan barrena. Europarrentzat Terra incognita zena aurkituko duzu Afrikan. Espazioak anitz dira liburuan, denborak aldian du nora, aldian ere noragabea bada. Pentsamendu errealak eta ametsezkoak nahas-mahasean eskaini dizkigu liburugileak. Mosaiko ederra osatu du inondik inora.

Zeruak eta infernuak, pluralean, anitz baitira liburuan ageri direnak. Guk baina –idazlearen belaunaldikook– bi baino ez genituen ezagutu, katiximan edota eskolan, orobat gure heziketan. J. M. Olaizola Txilikuk ordea, munduan barrena bidaian abiaturik –liburutegietan hornituta eta imajinazioz hegaldatuta, bagaje itzela dakart berarekin–, hainbat erlijioek zerua eta infernua interpretatzeko duten manera erakutsi digu maisuki eta maitasunez.

Erlijioak haatik, sorta eta molde guztietako “erlijioak”, ismoz jantzita, zerutiarrak dira, baita lurtarrak ere. Liburuan izan badira ismo klasikoak, historiakoak, baita gaur egungoak ere, modernotasun edota modernotasun ondorengo garai honetakoak, pertsonok bizi ahal izateko “eratu” ditugun ismoak, “geure erlijioak”. Adibide baterako duzu Kirolaren aurkako manifestua tesela. Sortzen eta sortzen segitzen dugun ismo gutxi batzuen laginak baino ez dituzu liburuan, direnak baina txit esanguratsuak.

Mendez mende, erlijioen araberako kulturaren eraginez eraiki dugu gure izana, milurteko honetan haien aginduen arabera segitzen dugu neurri batean. Sinesmenik gabe bizi ezinik, “gure” erlijioez, erlijio propioez elikatzen gara. Bizitzaren osteko aldia, heriotzaren ondoren gure arimentzako lekua nolakoa izanen den aditzera ematen digute erlijioek. Erlijio bakoitzak bizitzaren ondorengo paradisua eraiki du eta gure imajinazioan beren "dohainak" txertatu. Paradisuan nonbait, gure desirak eta ametsak gauzatuko dira. Hitz horiexek ezagutzen nituen jada, eta ezin hobeto berretsi dizkit liburuak.

Zeruak direla eta, infernuak direla eta, paradisuak tartean, utopietan murgilduta bizi gara, utopia doi bat behar dugu biziko bagara, lur honetan orainean eta balizko harantzagokoan geroan. Liburu honek bizitzaren infrentzuak erakusten dizkigu, horiek betiere gure imajinazioaren arabera garatuta. Utopiaren aurkako distopietan erortzeko arriskuez ohartarazten digu ere egileak.

Historiaren arau eraikitzen ditugu bizitzaren istorioak. Eta halaxe egin ere liburu honen idazleak. Istorioak denok eraiki ohi baititugu egunerokoan, bizitzaren errealarekin bizitzea nekeza baita arras. Idazlearen pribilegioa da istorio horiek guztiak hitzen bidez adieraztea, kasuon, paperean paratzea. Eta guk irakurleok horiek profitatzea, horiez gozatzea.

Zeruak eta infernuak daude liburuan, liburua lurtarra da haatik. Konparaziora, Karakorum mendikatera joan zaitezke euskal lurretatik abiaturik. Zamariko Zulotik… Honela dio kronikak. “Zamariko Zulotik ikuspegi ederra dago, eguraldi onarekin, endemas. Hondartzaren eskuin aldera, herria; aurrean Talaimendi, eta haren segidan Moilarri. Liburu zaharretan Mailarri edo Umailarri izan zena Moilarri bilakatu zen arrazoiz, nik uste…”

Zeruak eta infernuak, horra hor liburu honen izenburua. Maiuskulaz idatzita dago horregatik. Izenak izana dauka eta bi izen horiek izan esanguratsuak dituzte alajaina. Horregatik letra larriz idatzita nonbait. Letra larriz edo “handizki” idatzita erran nezake. Handizkiren ordez, zintzoa idatz dezadan. Zintzoa idazlearen izanari baitagokio, J. M. Olaizola Txilikuri.

Liburu hau “historia istorioz zintzoki osatuta” dago –tira, erran dezagun historiaren lagin bat dela–, eta hori lortzea ez da samurra ez aise izan ere. Liburu honen lerroburu nagusiaren azpian idatzita bezala, liburu hau Gauza ugariren oroitza da. Historia istorio ugariren oroitza den bezalaxe.


Utzi iruzkina: