Historia kontatzean memoriaren alde ilunak dira gako nagusiak
Hasteko modu bat
Por un túnel de silencio komentatzen hasteko hainbat lerro, argipen modura edo. ETA fenomeno politiko-armatuaren aldi bat kontatzen duen liburua duzu berau: 1970-1977 bitarteko aldia, gutxi gorabehera. Euskal herriko fenomeno sozialaren bigarren aldia, alegia. 1958-1968 bitartean, hamarkada hartan, ETAk ez zuen hilketarik egin. Liburuak, Gernika eta bere inguruan Espainiako Guardia Zibilaren eta ETAko –garai hartako alderdi eta sindikalistetako antifrankistak ere agertzen dira neurri batean– militanteen arteko konfrontazioa kontatzen du. ETAren bigarren hamarraldikoaz.
Patxi, Mario eta Arturo dira (h)istori(o)a honetako eragileak, Paco edo Patxi goitizeneko guardia zibila protagonista nagusia delarik. Mario Pacoren semea da, eta honen ama Nuria. Anitz dira beren inguruan agertzen diren pertsonak. Horien artean, historiako eragile “nagusia” Manuel Hidalgo guardia zibil kapitaina. Historia izan arren, idazleak –Arturo Muñoz– hainbat pertsona makillatu beharra izan du, pertsonak “pertsonaiak” bihurtuz. Hala nola, besteak beste, eta nagusiki, Antxon Bengoa etakidea edota Juantxu Badiola kazetaria; etakidea ere izan zena. Lehena berriki hil da. Bigarrena, gernikarra, ETAren historia ondo ezagutzen duen pertsona da, eta are hobeto ezagutu ere Hidalgo kapitainak Gernika eta Bizkaia ia osoa “gobernatu” zuen garaia.
Aipatu garaian Francoren gobernuak –frankismoak– Salbuespen Estatua ezarri zuen. ETA fenomeno bortitzaren bilakaera ulertzeko, hura funtsezko aroa da. Aro hartan, estatu frankistak Euskal Herriaren –mugatu dezagun, garai hartan euskaraz bizi zen lurraldeetara– eta Estatuaren arteko konfrontazioa itzela sustatu zuen. Burgosko Prozesuaren ostean, estatu diktatoriala bere azken hatsetan zegoen. Estatuaren errepresioa ordea, ez zen ETA erakundearen aurkakoa bakarrik –ETA erakunde amalgama gisa hartuta betiere–, ez soilik alegia. Errepresioa gizarteko elkarte eta pertsona guztien aurka aritu zen. Errepresio ikaragarria izan zen. Errepresioa, hainbat kasutan ere, estatuaren estamentuetako pertsonengana zabaltzen zen. Kasurako, guardia zibilak berak ere –Andaluzia eta Extremaduratik etorrita gehienak– errepresio haren menpekoak izan ziren. Paco edo Patxi delakoa dugu horren adibidea.
Arturo Muñoz idazle gaztea hizpide, sarrera hau amaitzeko: liburuaren autorea, idazle hasi berria, Antonio Muñoz Molina idazle espainiar entzutetsuaren semea da. Espainiako La desfachatez intelectual delakoaren barruan kokatu daitezkeen idazlea. Besteak beste, ETAk mehatxatutako intelektuala izan omen zen. Omen, ETAk mehatxatutako pertsona baten semea da Arturo Muñoz. Hala izan edo ez izan, halaxe bizi izan zen nerabezaroan bere seme Arturo Muñoz. Egoera horrek kitzikatua bizitzeak, ETAk aita hil zezakeen beldurrez bizitzeak egin du posible liburu hau, neurri batean hori ere. Nire ustez, hori ere.
Liburuaren nondik norakoaz pare bat aburu
Liburua beldurrak eragindako jakinminaren ondorioa da. Artean, heldutasunera iritsi gabe nerabe-gazte batek jasotzen duen heziketak bere bizitza edo “errealitatea” nola baldintzatzen duen erakusten duena. Kasurako, ETAren inguruan eraiki den “historia” interpretatzean, kontalarien manikeismoa agerian uzten duena. Hau da, gure historia berrian –norberak kokatu dezan bere burua berean, noiz hasten den, non bukatzen, nondik nora iristen den, hitz batean– “gaiztoak” eta “onak” omen daude. Historia “on”ek kontatzen dute, eta “on”ek irabazten dute betiere. Beraz, errelatoa, hots, bizi izan genuena –gure memorian dagokeena– alde batekoen kontakizuna da. “Gaiztoak” beti, besteak dira. Horixek dira infernua.
Liburu honen bertute nagusia hauxe duzu: printzipioz alde “onean” dagoen –dagokeen– batek, alde “onekoen jarduera ezbaian” jartzen du. Etxean kontatu diotenaz mesfidantzen da, nolabait. Hainbatetan hau pentsu ohi dut: finean eta funtsean, euskal historiaren kontakizuna nolabaiteko sinesgarritasuna izatera iritsiko da, alde batekoek nahiz bestekoek euren bizipenak “zuzen eta artez” kontatuko dituzten egunean. Ez nadin “inozoa” izan, bizipen horiek bere osotasunean ez ditu inork kontatuko. Paco Trassierra guardia zibilaren kasua duzu, horren adibidea,.
Kontzientziak gidatzen du pertsona, baina ez bere osotasunean. Inkontzientziak ere gidatua gara neurri handi batean. Neurria norberaren izaeraren araberakoa da. Historia honetan –historia osoan– galtzaileak eta irabazleak daude. Baina, betiere, bi aldeetan, badira galtzaileagoak direnak. Galtzaile(ago)ak direnek –gaztakak eragindako biktimak edota uneon presoak direnak, kasu– kontatuko al dute “errealitatea”? Kontatuko dute, aldian-aldian gertatu zena? Bi aldeak sistematikoak dira. Bi aldeak euren sistemen eraikinaren menpe bizi dira. Sistemek ezartzen duten zigorraz gain, aipatu ditudan galtzaileek bi aldiz ordaindu behar al dute euren hobena? Nola ez da bada, pertsona bere inkontzientzian babestuko –errefuxiatuko– bere historia kontatzean?
Liburuaren bidean hainbat hari
Hari horiek Arturo Muñoz idazleak maneiatzen ditu, bistan da. Interesgarria da horiek nola “erabiltzen” dituen antzematea. Esaterako, Paco edo Patxiren kontakizunez hauxe dio: “…Es posible que lo que veo por fuera –Paco guardia zibilaz ari da– no se corresponda con lo que hay dentro. Que no hable demasiado no porque no recuerde bien las cosas, o porque no se dé importancia, tal y como parece, sino porque prefiere cegar las partes más oscuras de su memoria”. Historiaren kontakizunean, gure memoriaren alde ilunak dira gako edo klabe nagusiak.
Arturori kontatu dioenaz beste, Pacok ea beste ezer aurkitu duen galdetzen dio. Hauxe diote idazlearen oharrek, besteak beste: “Me arrancaban mechones de pelo. Me golpeaban en los testículos. Me apaleaban con barras de hierro…”. Pacok ez zuen ahotsa altxatu nahi, horiek entzutean. Kontakizunaren beste gakoetako bat, hauxe: gertatu zena ez da berdin historia hau bizi izan ginenontzat, “galtzaile” garenontzat, eta uneon irabazleen aldean daudenentzat. Eta zer esanik ez, are gutxiago “irabazleak” izan arren, alde garaileko “biktimak” direnentzat. Torturak torturatuen eta euren jarraitzaileen asmakizun bat besterik ez dira eurentzat. Ezin dute bestela ulertu/bizi, bizitzekotan haien biktimismoan murgilduta bizi baitira. Biktima izaerari esker, badira izan, nolabait. Osterantzean, zerbitu zuten sistemaren pieza soil bat besterik ez dira-eta.
Honela dio Patxik: “Murió Franco. A mi Franco no me importaba, aunque tampoco es que tuviera nada en su contra. Franco no tenía que ver conmigo”. Egin kontu Pacok dioenaz. Gogoetatu apur bat dioenaz. Halaxe dio ere bai: “Un guardia es el último mono". Hau da, “gerra” delako horretan Patxi delakoa azken “tximua” da. Bide batez erranik, halakoxea bihurtzen da haren kontra borroka zuzena egin/praktikatu duena. Izan etakidea, izan herri honen ezein herrikidea. Balorazio/pertzepzio hori, nirea da noski.
Pacoren emaztearen testigantza, Nuriarena, oso da argigarria: “La vida se nos complicó mucho…”. Luza nezake Nuriaren jarduna. Merezi dizu pertsona horren bizitza ezagutzeak. Egin ezazu zuk, irakurri liburua. Nire ustez, edozein etakidek esaldi hori bere egin dezake, ETAren historiaren hasierako lehen militante batek hala nola bukaerakoak ere bai: “Bizitza asko konplikatu zitzaigun”.
Liburuaren harian gogoeta zenbait
Por un túnel de silencio liburuak gure historiaren tunel iluna argitu dit. Bistan da, osorik ez dago argitzerik inolaz ere, baina gure historiaren aldi bat kontatzen duen aldetik –betiere denboran eta izaeran mugatua–, lagungarria egin zait –lagundu diezaguke– ETAren historia argitu aldera. Hona hainbat lerro eta puntu:
– ETAren existentziaren bigarren hamarkadan sortzen da –asmatu, pentsatu eta antolatu– 1978az geroztik garatzen, hazten eta izaten segitu zuen ETA fenomenoa: fenomeno kultural-politiko-sozial-armatua. Zorigaitzez, finean eta funtsean, armatu “soila” izaten amaitu zuena.
– Nork pentsatu eta eraikitako fenomenoa den? Bada Estatu Diktatorial haren segidan Estatu Demokratikoa eraiki eta sustatu zutenak. Ez nazala inork “inozo”-tzat hartu, arren, sistema demokratiko horren sustatzaileak denok gara eta. ETA izan baita –finean halaxe suertatu da ETA– estatu horren bermetako bat. Zutabeetako bat. Argudioetako bat. Nazionalismo supremazistak –espainiarrak zer esanik ez– menpeko nazionalismoaren beharra dauka, berea garaituko bada.
– Nazionalismo menperatuak nazionalismo supremazistak darabiltzan armak berberak erabiltzen dituenean, haren txotxongiloa bilakatzen da. Arturo Muñozek kontatzen digun historia honetan ageri denez, hainbat militanteek beren esperientziak kontatzen duten legez, funtsean, militante horiek ez dira kontzienteak izan borrokatzen zutenaz. Edo neurri handi batean bederen. Nire interpretazioa da, noski. “Errealitatea” zein den sekula argitzera iritsi barik.
– Oker mamitu eta garatutako ideologizazioak –Patxi guardia zibilaren altruismoaren parekoa– munstrokeria handienak egitera eraman zituzten militante haiek. Hori giza historia eta gizakion garapenean ez da harritzekoa, alegia, borrokatzen dugun etsaiaren monstruaren parekoa bihurtzea. Harritzekoa edo deitoragarria, ordea, etsai haren izaeraren –haren identitatea barnean eramanez– parekoa bihurtzea da.
– Komeni da azken puntu hori argitzea. Hau da, ez gara –identitateaz ari naiz– borrokatu dugun hura bihurtu soilik, baizik eta borrokatzen hastean ez gara ohartu “etsaia” delako hori aspaldian zegoela gure izaeran/identitatean inpregnatuta.
Post scriptum: liburu hau lagun batek gomendatuta irakurri dut. Manuel Hidalgo kapitainak “gobernatzen” zuen eskualdekoa da bera. Literaturaren maitalea da, literatura egile izaki. Egiari zor, liburu suerte hau ez dut nire gustukoa. Agian, beren moldearengatik edo historia kontatzen duena “etsaien” aldean dagoelako, “estatu menperatzailearen hizkuntzan” idazten duelako. Alegia, irakurri bai, baina komentatzea zailago egiten zait. Alabaina, oraingoan gogoeta zenbait paratu dut. Osasungarriak izan(en) zaizkidalakoan. Zu zeuk, balizko irakurle horrek, gogoeta askoz gehiago eginen dituzulakoan. Iruzkin honen izenburua parafraseatuz, historia kontatzean memoriaren alde ilunak dira gako nagusiak. Isiltasuna ez da ezeren aterpe.
Azken oharra: irakurri bai, baina iruzkindu ez nuen Ignacio Sánchez-Cuenca irakaslearen eta analista politikoaren La desfachatez intelectual liburua irakurtzea gomendatzen dizut.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: