Hezitze-jarduera, jardun enigmatiko hori

Hezitze-jarduera, jardun enigmatiko hori Begizolia | 2026-10-03 17:30

Hezitze-jarduera, jardun enigmatiko hori

Hezitopia

Nora Salbotx

Txalaparta, 2026

Has-mentan

Hezitopia eskuratu dut, berariaz. Irakurri eta iruzkindu “nahi” dut. Ez dut zertan egin “behar”, noski. Ez da literatura ez entsegu liburua, stricto sensu errana. Alta bada, izenda dezadan berau: hezkuntza-saioa duzue. Heziketarako saiakera. Ez naiz heziketan aditua ez aritua. Tira, aritua bai. Guraso naizen aldetik. Haatik, berenjenal batean sartzeko zorian ote nago.

Berenjenal idatzi dut, berariaz idatzi ere. Idatz –izan– nezakeen halaber: lurpean, zuloan edo putzu batean sartzear nago… Koskatu ezinezko hezurra sartu dut ahoan… Buruhausteetan sartzeko unean nauzue… Eta abar eta abar... Alabaina, idatzitako lehenengo adierazpidea nagusitu da, nagusitu zait. Zergatik? Nork bere zioa. Zuek ere zio bat –zuen zioa– antzeman dezakezue Hezitopia ontzi-saioan joaki.

Zioak zio, saiakera hau interpretatzeko arrazoiak baditut. Batto: ez dago literaturarik hitzen hezibidean jardun ezean. Horixe arrazoi nagusia. Badira beste batzuk, halere. Haatik, eta hala berean, nago hitzak baino aise gehiago behar direla pertsonok hezituko bagara. Kontraesana ote? Paradoxa, apika.

Jarrai-mentan

Hezitzea jardun paradigmatikoa da, noski. Noski eta naski. Ziur aski, noski. Ez guztiz ziur, naski. Hezitzea jardun paradigmatikoa da. Enigmatikoa ote? Errate baterako, Hezitopia herri alegiazko bati dagokio, herri utopiko bati egiten dio aipu. Alegia deus ez. Hezitzea ez dela azaren azpiko orria aletzea erran nahi dizuet.

Herri atipiko honentzako hezkuntza utopiko bat proposatzen digu saiogileak. Are, areago iradoki ere bai: ez dago heziketarik pertsonaren zaintza landu gabe. Ez dago haurren hezkuntza lantzerik helduok hezi gabe. Heziketa, funtsean, haurrek eta helduek elkarrekiko sustatu beharreko zaintzan datza. Xedea hauxe izaki: haurrek eta helduek elkar zaintzea.

Segi-mentan

Nora Salbotxen xedeak ez dira xamurrak ez xumeak ere. Jendarte feminista, euskaldun, ekologista eta askeago bat lortzeko helburuz ari da. Ari da hezkuntzan eta ari da entsegu honetan hala berean. Hezitopia idazketa esperimentaltzat hartu –izan– du. Entsegua izan arren, fikzioa ere uztartzea xede hartu –izan– du.
Zentzu horretan –norabide eta esanahi horretan– utopia literarioa eta pedagogia uztartzea deliberatu –izan– du. Areago, pedagogiak jardun politiko pragmatiko –izan– behar duela diosku.

Bidaide aunitz hartu –izan– ditu bidaia-saio honetan. Aitzin-aitzinean: Aiora Zulaika. Gibel-gibelean: Koldo Rabadan. Ez dun ez duk ez duzue hamahiru ordea, hamaika dira traineru horretako bogalariak. Neronek ere, itsasbidearen metafora aintzat harturik, saiogilearen uberan bogatu nahi –izan– dut. Finean –nire– txalupatxo hau literaturaren ildora arrimatzeko eta Hezitopia ontzi-saioaren ondora paratu aldera.

Hazi-mentan

Honatx, itsas hondaleetatik ekarri uste dudan zulo bat: heziketaren euskarria arraunlarien jardunaren uberan kausitu dezakegu. Pertsonon heziketa arraunketaren ziaboga eta ziberra maniobretan datza. Ziaboga eta ziberra, biak ala biak, arraunketan –traineruetan komunzki– erabiltzen diren bi kontzeptu eta eragiketa nagusiak dituzue. Ontziaren norabidea kontrolatzeko eta buelta emateko funtsezkoak.

Ontziaren noranzkoa guztiz aldatzeko, alde bateko arraunlariek aitzinerantz egiten dute arraun (boga), bertze aldekoek berriz gibelerantz egiten dute indar (zia). Maniobra horretan begitantzen zait heziketaren noranzkoa. Noranzko euskarria, alegia.

Patroiaren jarduera lagun betiere, maniobra hori ongi menderatuz gero –ontzi honetako Nora Salbotx patroi eta gidari delarik–, itsas-porturen bat antzeman genezake. Eta porturik antzeman ezinean –errealistak izan aldera–, egungo itsas-zikin lakarretako portu batera arribatu ezinean, anartean, bidez bide, saioz saio, itsasoetan barrena hazitzen eta hezitzen jarraitu ahal izatea abantean.

Izanik ere, itsas-zikin lakarrak pertsonok itsasora bideratu eta bertan altxatu ditugun plastikozko hesiak dira. Areago, ziborgak ditugu aro berriko itsas-zikin lakarrak. Hau da, pertsonok –haurrak zein helduak– atal organikoak eta gailu zibernetiko edota teknologikoak elkartutako izaki bizidunak –bihurtu– gara dagoeneko.

Hezi-mentan

Hezitzea ikasgeletako iluna piztea da. Hezitzea zertaz eta nolatan jardun jakitea da. Hezitzea da ilunbistan nora joan behar dugun asmatzea. Hezitzea curriculum bat izatea baino aise gehiago da. Konparazioenera, ikasgelako txirrinak jotzen duenean "esperantzaren esperantza" akitu dela asumitzea da. Zinemazko istorio bat zinezko istorio bat bihurtu daitekeenez ohartzea. Hots, ez dagoela errealitatean burua eta gogoa kausitzea –eguneroko jardunean– fikziozko dosi bat gorputzean txertatu eta bizitza esperimentatu ezean. 

Hezitzea itsas zein lehorreko bideetako hesiak gainditzen joatea da. Hezia eta hesia –hitz hoskideak– ez dira antonimoak, hezitzea eta hesitzea kontrajarriak eta ekimen osagarriak dira hala berean. Heztea "esperantzaren esperantza" hesten jakitea da. Hasi eta hazi hitz hoskideak –izan– ez ezik hitz osagarriak dira-eta. Bizitzen haztea hezitzen hastea da. Bizitzen hastea hezitzen haztea da.

Hazi eta hezi hitz hoskideak izanagatik, hitz osagarriak dira –izan– ere. Ezin da hezi hazi gabe. Ezin da hazi hezi ezean. Lurrak hazten diren legez hezten dira haurrak –eta helduak– ere. Ezin da haurra hazi heldua hezi –izan– gabe. Ezin da heldua hezi haurra hazi –izan– gabe. Gorputza ezin da hazi burua hezi ezean. Gorputza ezin da hezi burua hazi gabe. Ezin dugu hazi animaltasunaren zentzuan hezi gabe. Hots, gure izate animaliaren zentzuan joan eta jardun gabe.

Aki-mentan

Ezin dugu hazi lurrean zikindu gabe. Ezin dugu hezi haizearen nora antzeman gabe. Ezin dugu lurra gainditu itsasoa zeharkatu gabe. Heziketa arraunkadaz-arraunkada eraikitzen den jardun paradigmatikoa duzu irakurle. Bidez bide, saioz saio, ekinez betiere. Hezitopia saiakera halaxe edo halatsu antzeman –izan– dut nihaurek. Izan ere, irakurketa interpretatzea enigma bat da, hezitze-jarduera jardun enigmatikoa den legez. 

 

* * *

Eranskinak

1. Hezitopia saioan pedagogia zientziari ekiteko (h)ari pilo bat daukazue. Honatx batto: pedagogiak jardun politiko pragmatiko –izan– behar du. Erran nahi baitu: heziketa jarduera politikoaren arabera eratu behar da.

2. Demokrazia dugu egungo sistema eta eredu politikoa. Demokrazia postmodernoaren eredua, zehatzago adierazia. Egungo eredu honen arrisku bat seinalatu nahi dut: heziketa jarduera politikoaren araubideen beharrean, politikagintzaren ildoen menpe garatzen da.

3. Egungo demokrazia masen konflikto ideologikoetan oinarritzen da. Demokraziak ez ditu masak “erreboltatzen edo biziarazten” laguntzen, aitzitik, masak gremializatu egiten ditu, egungo demokraziak norbanakoen gremializazioa sustatzen du. 

4. Masak pertsonak elkarrarazten dituen fenomeno sozialak legez ulertu ezazue. Mendebaleko egungo demokrazia-ereduak ez ditu masak harmonizatzen, aitzitik, euren ideologien arteko konfliktoak bermatzen ditu.

5. Egungo irakaskuntza –egungo demokraziaren markoan– ideologien zerbitzura dago, eta ideologiak merkatuen zerbitzura. Demokrazia hau “eskularru zuriko / de guante blanco” demokrazia-eredua da.

6. Demokrazia honetan eskularru-zuriko delituak egiten dira. Indarkeriarik gabe, era dotore eta disimulatuan. Adibidez, iruzur finantzarioak. Irakaskuntza –heziketa– eredu horren zerbitzuan dago.

7. Hezitopia saiakeran kontzeptuek –pedagogia guztiek legez– berebiziko munta dute, munta eta arriskua aldi berean
–izan– ere. Utopia, militantismoa, ekologismoa, feminismoa, nazionalismoa edota populismoa kontzeptuez ari naiz.

8. Egungo demokraziaren ideologiaren osagaiak dituzue horiek guztiak. Demokraziak, ordea, ez du pertsonaren askatasuna xede. "Gure" demokrazia eredua ez dago askatasunaren zerbitzura.

9. Irakaskuntzak askatasunaren zerbitzura izan behar du. Tira, behar luke. Ez dago-eta. Ordea, demokrazia postmodernoaren ereduaren ildoan “pedagogiaren kultua” lantzen da, lantzen dugu: Cult of Pedagogy delakoa.

10. Ismoez haratago edo honatago –ereduak eredu, arriskuak arrisku–, har dezagun militantismo hitza hizpide: militantismo kontzeptuaren jatorriak erro sakonak ditu arlo militarrean eta erlijiosoan.

11. Militantismoa XX. mendean barrena bilakatu zen gaur egun ezagutzen dugun konpromiso sozial eta politikoaren adierazpide. Areago, XXI. mendean sartu ondoren, konpromiso sozial eta politikoa sustatu beharrean, bere izatearen kontrako jaidura bihurtu da.

12. Euskal Herrira etorrita: ez dut uste egungo pertsonon –haurren eta helduen– heziketa konpromiso sozial eta politikoaren eredua –izan– denik. Militatzea estatu baten aldeko segurtasunaren alde egitea da –estatu matxino posible baten alde, barne–.

13. Militatzea eta instruitzea hitz sinonimoak bilakatu daitezke, eta zenbaitetan halaxe bilakatu –izan– dira. Instruitzea irakastea, eskolatzea eta hezitzea da. Kontzeptuen esanahiak berealdiko garrantzia dauka, bistan da. Hitzen adierak etengabeki berritzen eta sortzen dira.

14. Oraingoan ere, ez dun ez duk ez duzue hamahiru –izan–. “Ez naiz berenjenal honetan sartzeko inor” erran dut arestian. Espero dut hitz baliagarriren bat ekarri izana, berenjenalean sartu izanaren bidegabekeria hau duindu ahal izateko, edo bederen, nire “duintasuna eza” artatu ahal izateko.

Post scriptum

Hamahiru –izan– ezean, hamalau eranskin paratu –izan– dut. Ideologiak ideologia, utopiak utopia –gure izatearen funtsezkoak, baita beharrezkoak ere, prefosta– hezitzea pertsonon banitatea eta egoa “bezatzea” ote den nago. Erran nahi baitut, nork bere baitan bere hamalau daramala. Bere izate harroa. Bere izate handiustea.


Utzi iruzkina: