Herria maitatzeko eta historia kontatzeko era asko dago

Herria maitatzeko eta historia kontatzeko era asko dago Begizolia | 2026-11-12 11:22

Herria maitatzeko eta historia kontatzeko era asko dago

Hegal egiten

Eneko Bidegain

Elkar, 2026

Sar hitza

“Euskaldunok gure ikuspegitik kontatu behar dugu historia; bestela, besteek kontatuko dute”. Halaxe erran du, argitaratu ondoren, Hegal egiten eleberriaren egileak Kazeta.eus-kon egin elkarrizketan. Historia, zehazkiro, Euskal gatazka deituari dagokio. Euskal gatazka armatuari gagozkiola, ETA izan dugu sujet nagusia. Galdera bat jalgitzen da, ordea: zenbat ETA –erakunde– egon zen ETA fenomeno politiko-sozial-kultural-armatuaren barnean?

ETAk behin betiko isiltzea erabaki ostean –2018ko maiatzaren 3ko agiria tarteko–, hamarren bat liburu inguru publikatu izan dira gatazka-gaia aintzat hartuta. Bi ekarriko ditut hona, biak kontrastatu aldera: Harkaitz Canoren Silueta eta Xabier Mendiguren Elizegiren Morlans. Biak ala biak “literatura”-ren markoan edo kanonaren barruan sartu izan dira, baina biak ez dira literatura. Irakurleak bereiziko edota alderatuko ditu bi-biak, hala nahi badu.

Herria maitatzeko eta historia kontatzeko era asko dago. Literatura duzu herriaren izana –behin historian kokatuta ondoren– kontatzeko molde bat. Herriaren izana azaltzeko eta berau maitatzeko modu bat. Kontatzeko modu asko dago, haatik. Kontuak kontu, kontaerak kontaera –erran gabe joan behar luke, baina–, hauxe: demagun, saiakera generoa ez da literatura. Literatura ezaugarri anitzez osatuta dago, literaturaren funtsezko izana fikzioa izaki. Ordea…

Ordea, literatura gero eta andeatuago dago, literatura "genero" gero eta manipulatuagoa da. Literaturaren hibridazioa dugu higatze horren adibide moduko bat. Euskal literaturan ere –ezagutzen dudan neurrian– literaturaren hibridazioa gero eta agerikoagoa da. Ari garen liburuari dagokionez, Hegal egiten eleberria, eleberria den aldetik, literatura dugu, fikzioak ezaugarritua. Alta bada, berau ez da osotara fikzioa.

Eleberrigileari egindako elkarrizketan: “Nola uztartu dituzu egia eta fikzioa eleberrian?” galdetu diote. Arrapostua berean duzu. Berau irakurtzea lagungarria eginen zaizu, historiaren istorio hau entelegatzeko. Dena dela ere –eta hau ez dago eleberrigilearekiko afruntuz errana– literatura “egia eta fikzioa” uztartzean espresio osatuagoa edo gauzatuagoa lortzen dela pentsatzen badugu, literaturarenak egin du. Nire aburua besterik ez duzu, bistan da.
Egia –erran dezagun “erreala”– ez dago ez heltzerik ez ekartzerik. Baiki, historia kontatzea badago, jakina, kontatzeak baina ez du errealitatea osotara azaltzea bermatzen. Ez fikzioaren bidez, ez saiakeraren bitartez.

Fikzioak –ez faltsua ez berdaderoa izaki– lagundu diezaguke “erreala” bilatzen eta interpretatzen. Gertatu dena, alegia. Ordea, “egia” ez dago osotara izaterik eta errealitatea helezina da. “Egia” fedezko kontua da. “Egia” errealitatea erdiesteko fedezko edo konfiantzazko pizgarria da, bultzagarria. Saiakera generoa guztiz “objektiboa” ez den legetxe, fikzio bidezko “egia” ere engainu bat da. Literatura, berez, artefaktu bat da, artefaktu tronpagarria. Beraz, ez duzu literaturaren bidez kontatzen dena “sinetsi” behar. Ez den-dena behinik behin. Bon, ene gomendioa duzu. Bertzerik ez.

Alta bada –engainagarria eta tronpagarria izanagatik–, literatura zeregin edota jarduera paradigmatikoa duzu. Paradigmatikoa eta aldi berean kontraesankorra. Literatura gure kontraesanak aurpegira bihurrarazten dizkigun miraila dugu. Zenbaitetan miraila bihurtzen den miraria. Gure buruari so egiteko ispilu bat. Erran nahi baitut: literaturak pertsonaren gertaeren edota egoeren ezkutuko ezaugarriak argitzen laguntzen ahal digun jarduera dugu. Ezkutuan geratu –eta gertatu– diren kontu jakinak eta ez-jakinak ezagutzera ematen digun konstruktu bat.
    Literaturaren nire definizioan, maxima hauxe aurkitu dezakezu: literatura kontu enigmatiko erreal bat duzu.

Hegal egiten historia-istorioa nobela dela medio, euskal gatazkaren pasarte berezi bat eskaini digu eleberrigileak. Euskal gatazkaren ingurumarian gauzatutako ekintza-armatu bat. Alta bada, hargatik euskal gatazka “bakarra” izan dela pentsatzeak errealitatea manipulatzea dakar, eta ekarri du. Horixe dugu euskal gazta armatua deritzogunaren osteko garai honetan eraikitako “egia” bat. Euskal gatazkan sujet bakarra izan dela, alegia. Eta "egia" hori, ez dute “besteek” delakoek kontatua edo zertua izan. Ez, ez, ez... Aitzitik, “euskaldunek berek” kontatua baizik.

Erran nahi baitut, 60 urte iraun izan zuen ETA fenomeno politiko-sozial-nazional-armatua “erakunde bakarrera” murriztua geratu izan da. Kasu, murrizte hori ez dute “besteek” soilik kontatua dela medio “eraiki” izan. Izan ere, zenbat ETA molde modu eta era izan ziren ETA fenomenoaren historian? Hots, zenbat erakunde? Zenbat talde?

Euskaldunok kontatu ezean besteek kontatuko dute. Euskaldunok egiaren jabe bagina bezala, nonbait. Nonbait hori ere. Euskaldunok eta ez "besteek" kontatuko ote dugu historia edota iraganeko errealitatea? Bai ote? Nire uste zuloan, euskaldunok gure historia kontatu dezakegu eta zulo –hutsune– askoko historia ere kontatu hala berean.

Premisa bat: –erlijio, filosofia eta ideologia guztien gainetik– fikzioak lagundu diezaguke iraganean agitua argitzen, argia gertakarien gainean ezartzen. Egiari men eta zor, hauxe: “fikzioa” eta “errealitatea” zer diren edo berauek definitu ahal izateko saiakera bat behar (ge)nuke. Alabaina, saiakera izanik ere, izenak berak dioenez, errealitatera iristeko ahalegin bat baino ez zen izango.

Premisa horrekin batera, bertze maxima bat: literatura zer den definitzeko, literaturara apur bat ikasita heldu behar dugu. Eta aldi berean, historiaren beraren gaineko esperientzia albait eta zailduen bizi izan badugu, literatura modu hagitz fruktiferoagoaz esperimentatu ahal izanen dugu.

Sarrerako hitzen segidan

Sar-hitza delakoan paratu ditudanak ez dira, berriz diot, Eneko Bidegainekiko afruntuzko hitzak, inondik inora ere. Alderantziz. Aitzitik. Izan ere, hainbat arrazoi tarteko, nehork gutxik kontatu dezake nobela honetako (h)istori(o)aren funtsa berak kontatu duen bezain ontsa. Zergatik? Labur zurrean: bere curriculum dela eta. IK erakundea sortzeaz batera sortu baitzen bera ere. Ipar Euskal Herriko egungo idiosinkrasiaren partea delako, eta bidean-bide, euskal letretan osatutako ibilbide profesionala –kazetari, irakasle eta idazle gisara– hagitz oparoa delako.

Euskal gatazkaren partea den ekintza-armatu baten kontaketa kausituko duzu Hegal egiten eleberrian. IKren historiako pasadizo esanguratsu bat. Bertzeak bertze, IK-ko Maddi Hegi eta Gabi Mouesca militanteek –Paueko presondegitik ihes eginik– protagonizatu zuten ihesaldia. Munduaren beraren historiako kartzela-ihesaldietan ekintza mugarri bat. Berau gertatu zen garaian “sinestezina”.

IK fenomeno-historiko-armatua ulertu aldera, ETA erakundeak Carrero Blanco jeneral frankistaren aurkako atentatuaren tamainako ekintza eta Paueko presondegiko ihesaldia "alderatu" behar dira. Aldeak alde, betiere. Ekintza bien zailtasunaz eta ekintzaileen iaiotasunaz ari naiz bere-bereki. Egungo Euskal Herria ez dago behar beza ulertzerik euskal gatazka ongi ulertu eta interpretatu ezean, eta bereziki, bi ekintza horien ondorioak egokiro interpretatu gabe. Izan ere, nobelari lotuaz, egungo Iparraldea ez dago entelegatzerik IK fenomeno politiko-sozial-kultural-armatua ontsa entelegatu gabe.
    Eleberrigilearen eleak parafraseatuz, nobelan kontatzen zaigun (h)istori(o)a Iparraldeko "euskaldungoaren iratzartze" baten lekukotzat har genezake.  

Eleberrigileak ontsa baino hobeki uztartu ditu (h)istori(o)a honetako pertsonaien aldeak eta beraien aldiak. Euren idiosinkrasia. Denboraren gibelera-aitzinera, aldien joan-jinean, IK-ko hainbat militanteren "soslaia" molde "sinesgarrian" deskribatu ditu. Militanteen euren nortasunak biziki ongi azaleratuz batera, garaiko jendartearen aniztasunaren eta euren jatorriaren agerbideak aditzera eman ditu, bipilki eman ere. Borrokan engaiatzeko motiboak ederki azalduta dituzu. Areago, bi belaunaldiren arteko –IK-ko militanteen eta euren gurasoen artekoa– konfrontazioaren testigantzak biziki argigarriak dira Iparraldeko herritarren idiosinkrasia ulertuko badugu.
    Nobelaz haratago edo honatago, gurasoen eta seme-alaben arteko kalapitak eta liskarrak berealdikoak begitandu zaizkit Iparraldeko euskaldunen historia berria ulertu ahal izateko. Ezinbestekotzat, euskaldunok garena ulertu aldera.

Iragan mendeko Mundu Gerra biak tarteko, (frantziar) aberri handiaren alde eta (euskal) aberri txikiaren alde borrokatu zutenen arteko talka-biziaren adierazgarria da IK fenomenoa. Baita, aldi berean, Euskal Herri txikiaren partikular-tasunaren agerkundea izan ere. Agerkunde eleak badu berezko jite erlijioso bat. Ez da amen-omenka erabili dudan terminoa. Gatazka termino horietan azaldu ezean, ez dut uste euskal gatazka taxuz ulertzea dagoenik.

Izanez ere, totalitarismoa ez da nazio ezarrien menpera soilik fruktifikatzen, hots, ez estatu supremazisten legeen menpe soilik gauzatzen. Bere nazio eta estatu eraiki nahi dituzten herrien agerbidean ere ageri izaten da totalitarismo gisako bat. Euskal Herrian izan diren erakunde armatuak ez dira fenomeno totalitarista horretatik at jardun. IK erakundea totalitarismo horren baitan sorrarazitako fenomenoa da. ETA fenomenoa EAJren ondorioa izan zen moduan, halatsukoa izan zen IK bera ere. Aldeak alde, betiere.

Literaturari gagozkiola

Eneko Bidegain eleberrigilearen idazmoldeak tokian-tokiko jitea eta berezko jaidura ema(te)n dio Hegal egiten nobelari. Berean agertzen diren historia-pasarteak eta gertaerak usnatzeko, atmosferaren beraren-berekia arnasteko, berezko trebetasuna erakutsi digu eleberrigileak. Jakin du, hala berean, eleberria konformatzen dituen istorioak ongi baino hobeto uztartzen, unean-uneko pasarteak ongi estekatzen. Hots, presondegietako eta kanpo aldeko bizitzak egokiro "lotzen" jakin izan du. Une batez, “aske”, “preso” eta “sasitar” zirenen arteko bizitza-konfluentzia bikainki bateratu du eta molde zirraragarrian narratu digu nobelaren (h)istori(o)a.

Eleberria den aldetik, intriga eta suspense biziki lortuak dituzu. Iparretarrak erakundearen militanteek protagonizatu zuten espetxeko ihesaldia thriller perfektua da, baita egungo kontakizun hau posible egin zutenen lorpena ere. Ihesaldia-ekintza alimalekoa begitandu zait, Hegal egiten nobela bitartekoa delarik.

Bidegainek urrats nabari eta sendo bat eman du eleberrigile-lanetan. Gainera, arrisku handi bat hartu du: Maddi Hegi –nobelako protagonista nagusia– eta Gabi Mouesca IK-ko militanteak pertsonaia errealak diren aldetik, beren izenez agertu ditu. Lehena hilik dago. Bigarrena ez, ordea.
   Labur zurrean: IKren historian hildako sei militanteen izenak euren izenez eman ditu aditzera, Popo Larre desagertuarena barne –desagerrarazia, naski–. 

Hegi eta Mouesca pertsonak pertsonaia bihurtu gabe kontatu du –euren– historia. Jakina, nobela hamaika pertsonaiaz osatuta dago. Horiek izengoitiz ageri dira; bat-bederak bere eskutik. Historia ezagutzen dutenentzat
–dugunontzat– Belatz nor den begi-bistakoa da. Gainerakoen baitan nor dauden jakiteko, berriz, IKren beraren historia hurbil-hurbiletik ezagutu behar da. Hurbiletik ez ezik, bere barnetik. Galdera hauxe jalgi zait: IKren historiaren parte eta eragile izan zirenek nola atzeman dute eleberria?

"Egia"-ren eta "fikzioa"-aren hautua literatura-molde-hautu bat da. Ez zait samurra iruditzen idazleak egin duen hautua. Hautua, haatik, haizu eta zilegia iruditzen zait. Nobelaren irakurleen iritzia edo ikusmoldea baino, irakurle-publiko-orokorrena baino, protagonista errealen ikuspegia ezagutzea gustatuko litzaidake. Funtsean eta finean, aburuak aburu, ikusmoldez ikusmolde, literaturak errealitatea kontatzen lagundu ez ezik, errealitatera hurbiltzen
–historiaren gertaeretara– laguntzen baitigu-eta. Tira, lagundu gaitzakeelako. Edo.

Eranskinak

Historiako kontaeren bide-mugarriak (I)

(a) ETA eta IK fenomenoak ulertzen laguntzeko pare bat lerro: ETA Euskal Herriaren (EH) sakoneko fenomenoa izan zen. Ordea, bere sorreran, fenomenoa ez zen EHren beraren periferiaraino iristen. Sortu zen garaian EHren periferiako jendartean ez zegoen ETArik, ez izateko modurik. ETA, fenomenoa marjinala zen EHren periferian.

(b) IK, aldiz, fenomeno marjinala izan zen bere sorreratik. Baita fenomeno marjinala izan ere, sorreratik amaitu bitartean. Areago, IKren izaera marjinala ez da soilik EHren periferian jalgi zen fenomenoa izan zelako, EHren sakoneko fenomeno zentralistak –eta totalitaristak– marjinalitatera zokoratu zuelako baizik. 

(c) Hastapenean, azken garaiko ETA erakundeak ETA fenomeno osoaren historia bere egin zuela adierazi izan dut,  fenomenoaren historia bere "egin nahi" izan zuela, alegia. ETA fenomenoaren historian ordea, IK bera ere badago. ETA delako azken horrek isilarazia izan bada ere. Edota, bertzera erranik, "batzuk" isilarazten saiatu diren arren. Eta ez "besteek" prezeski.

(d) ETA fenomenoa dela kari, hauxe ere erran beharra dago. EAJri dagokio berau: Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi Euzko Gaztedia Indarra (EGI) erakundeko kideak 1969ko apirilaren 6an hil ziren Ultzaman (Nafarroa).
José Sanjurjo nafar-espainiar jeneral frankistaren omenezko monumentu bat zartarazteko prestatzen ari ziren ekintza batean hil ziren.
    Deus gehiago esplikatu gabe, adierazi nahi dudana ulertzea espero dut.

Istorioak dakarren historia (II)

Hegal egiten eleberria, artean, gaur-gaurkoz, istorio hagitz hurbila dugu. (H)istori(o)ak ekarri dizkidan bestelako i(ra)kaspenak zerrendatuko ditut segidan:

1. Historiaren eragileok norbanakook gara, guztiok izan ere –erran gabe joan behar luke, baina–. Nerabetasunean eta gaztetasunean trenkatu izaten dira historiaren norabide berriak. Hor nonbait. Hau da, musika, dantza edota poesia manera bizi eta berezi batez bizi dugun aldian. Norbanakoon baitan erromantizismoa loratzen den garaia. Arrazoibideen kontrakarrean, sentimendua, emozioa eta irudimena pertsonarengan gailentzen den garaia. Horren testigantza dugu Maddi Hegi protagonistaren Hegal egiten (Itoiz) kanta-bikain kuttun eta laketgarria.

2. IK fenomeno politiko-sozial-armatua –Iparraldeko herritar gehiengoaren oniritzirik gabekoa– gauzatu edota zertu izan gabe, egungo Ipar Euskal Herria berbera litzateke? Galdera hori ekarri –nahi– izan dut gogora. Bertzerik gabe.

3. Fenomeno sozial-politikoak ez dira jalgitzen, berauek sortarazten dituen jendarte hori kanpoko eragileek zapaldua delako. Ez soilik, behinik behin. Erran nahi baitut: jendarte horren barnean bizitzen diren kontraesanen ondorioz ere sorrarazia izaten dira –baita fenomenoak armatuak ez direnean ere–. Jendarte bateko kontraesanak ez dituzte jendarte berau zapaltzen dutenen eraginez azalarazten soilik. Batez ere, eta bereziki, komunzki, giza-kontraesanak jendarte hori osatzen dutenek ezarriak izaten dira.

4. ETA fenomeno-politiko-sozial-armatuaren kontraesanak izugarriak izan ez ezik, lazgarriak izan ziren. Eta dira. Lazgarriak diot, ez bortxak berak eragindako bizi-ondorio-kaltegarriak direla eta, ondoriozko kontraesan moralak ere sortarazi zituelako baizik. Adibide bat emanen dut, sinpleetatik hasi aldera: ETAk (erakunde klandestino horrek) bere azken agirian, despedidako agirian, 60 urteko ETA fenomenoa bere gain hartu zuen osoki. Azkeneko erakunde horrek fenomenoaren historia osoa –eta osotara– protagonizatu izan balu legez.

5. Horretatik abiaturik, haren albora jardun izandako izaera askotako eragileek –alderdiak edota gizarte-eragileak, bertzeak bertze– bere egin dute historiaren interpretazio molde horixe. Historia interpretatzeko prozedura abian jarri dute, baita euren esaneko “herria” delako horrek aintzat eta ontzat eman ere.

6. Ez naiz pasako –saiakera bat behar (ge)nuke– fenomenoaren ondoriozko historia irensteko moldeak aztertzera. Historiarekin komulgatzea berez erraza ez bada ere, zaila izaki, historia errotako errotarriez irenstea ere! Hori bai marka! Erdaraz hobekiago ulertarazi aldera: Manda huevos! Bertzera erranik, honatx lau lagin:

– Erakunde bat desegiten da eta militante elemenia presondegietan geratu zen. Historiaren bilakaeran ba al dago halakorik? Agian bai. Nik ez dut ezagutzen, ordea. Tira, nire ezagutza mugatua da arras.
– Erakunde klandestino horrek azken-aurreko agirian, gutxi-gorabehera, honela adierazi zuen: herriaren eskutik jaso zituen armak herriaren esku uzten zituela. Erromantizismoak arrunt jota amaitzea latza da, baina zure burua horrela engainatzea izugarria da zeharo, baita lotsagarria ere. Edo jendarmeen eskuak bilakatu al dira herriarenak?
– Aieteko konferentzia edota Bakebidea delako prozesua bideratu zen, hara. Protagonistak berauek parte izaki nonbait. Nonbait edo. Baiki, protagonistek berauek, “herria” deitzen duten horiek, errotarri tamainako ostia-baketsuak hartuta nonbait. Erakunde horren azkeneko ekintza(k) hamabost urte iragan ondoren, borroka armatua protagonizatu zuten ehun bat lagun preso daude gaur egun oraindik ere. Bake prozesua bideratu al da? Gauzatu ere bai? Edo bake-prozesua negozio-prozesua ote? Niri halaxe begitandu zait. Alegia, mundua eta merkatua termino parekideak bihurtu direnez gero, zer bestela pentsa daiteke? Mundua nolakoa bake-prozesuak halakoak!
– Maxima bat: “Bakea bi gerraldi artean ezarri izaten den "bake-garaia" da, garaileek ezarria betiere. Bestelako bakerik ez da giza-historian egundo ezagutu. Eta, normalean, ontsalaz, beharbada, ez bide dago "bake-aukera" hori baino hobeagorik. Baina, tira, hasteko eta behin, gutxienez aitortu dezagun hori, edota ez dezagun gure burua engaina. Bai, ezta?

7. Eiki, aldendu naiz Hegal egiten eleberriaren ildotik. Funtsean, hauxe errateko: Iparretarrak erakundea sortu zutenek Zutik argitararazten zutenen haien bidean eta aldean Ildo agerkaria sortu zuten. Alabaina, nola demontre jarri daiteke auzitan gaur egun oraindik ere, IK erakundea frantziar zerbitzuek sortu izanaren posibilitatea? Nork intoxikatzen du nor? “Besteek?”. Herri honen nazioaren eraikuntza oztopatzen dutenek? Edo euskaldunek berek?
    Bego. Nork bere arrazoiak bilatu eta arrapostuak eman ditzan

8. Euskaldunok kontatu behar dugula gure historia? Prefosta. Maddi eta Gabiren gurasoak, euskaldunak horiek ere, beren seme-alabei euren historia kontatu(ko) zieten nonbait. Alta bada, zein historia mota kontatu zieten? Euskaldun izateak berak ez du bermatzen euskaldunaren beraren historiaren kontakizun duin bat. Duina edo. Ez eta euskaldun izanaren prototipoari hamaika ustezko adjektibo duin erantsirik ere.
    Hots, ez abertzale izateak ez ezkertiar izateak bermatzen du euskaldun izanaren prototipoa. Prototipo duina, alegia. Duina edo. Deitu koherentea ere, halaxe nahi baduzu. Pertsonok gure buruari eta izateari erantsi diezazkigun adjektiboak ez dira norbanakoon izaeraren “eredua” inolaz ere. Eredu terminoa zuzena delakoan, erran nahi dut. Edozein dela aldez aurretik gure buruan eraikitzen edo imajinatzen dugun prototipo-eredua, berau ez da inoiz gauzatzera iristen, ez iritsiko ere. Ez dugu berau gauzatzen ahal, norbanakook izaki mugatuak garelako.

9. Norbanakook, pertsonok –euskaldunok barne, erran gabe behar luke, baina–, errepresentazioaren bitartez agertzen dugu gure burua jendartean, hurkoarekiko eguneroko bizitzan eta jardunean agertu ere. Errepresentazio hori fikziozko jokamolde bat da. Ezin besterik izan. Gizabanakook izaki mugatuak izaki, ezinduak baikaude gure burua azaltzeko, garen bezala azaldu ahal izateko ez-gauza garelako. Eta puntu! “Garena” une oro errepresentatu “nahi” dugu, baina benetan "garena" aditzera eman ezinda bizitzera “kondenatuta” gaude.

10. Honen aurretiko puntuan agertutako maxima hori aintzat hartu eta interpretatu dezagun iragana. Historia bihurtu ohi dugun iragana, alegia. Nahikoa lan, ezta? Izan ere, atzo goizean bizi izan genuena interpretatzea berebiziko desafioa da eta duela mende erdian gertatu zena guk kontatua bertzeek “egiazko”-tzat hartzea sofisma bat da. Falazia molde bat, alegia. Tira, halakoxea duzu nire irudipena. Nork berea.

11. Euskal Herria molde askotara manifestatu da iragan mende erdian. Bortxaren bitartekoa agerbide oso ezaguna da gure historiaren bilakabidean. Etengabe errepikatzen den espresioa. Hala izanik ere, nire usterako, herritar inork ez luke fenomenoaren parte izatetik edo fenomeno beretik guztiz at geratu beharko. Beno, gera daiteke, baina  gatazka baten konponbidea gauzatzeko ez luke kanpo izan behar. Pasiboki edo aktiboki, guztiok fenomenoaren parte izan baikara. Molde eta neurri ezberdinetan, jakina.
     Itauna berriz ere: ETA fenomeno politiko-sozial-kultural-armatuan 60 urtez parte hartu zuten herritar adina engaiatu al da bake-prozesu delakoan?   

Post scriptum

Hamaika puntu erantsi dizkiot iruzkinari, askotxo. Iruzkin trauskila zertu dut hain ziur ere. Euskal gatazka delakoak hamaika buruhausterako proportzioa ematen baitu, alafede.
    Hegal egiten nobelatik aldendu naiz, bastante aldendu ere, nahiko aski eta sobera aldendu ere. Barka nazala eleberrigileak.
    Herria maitatzeko era asko dago, baita historia kontatzeko ere. Nork bere ahalak ditu. Horixeek nireak.


Utzi iruzkina: