Harritzeko herri hau!

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2020-11-18 08:01

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1605683795117

HARRIA

Iñaki Palacios

Mulixka Dantza Taldea

Baga biga, 2019

Musikak bizi nau. Zer nintzateke musikarik barik? Euskal musika espresioak askotarikoak dira, eta gure folka, naski, herri honen izaeraren espresio musikal zaharrena. Musika herrikoia deitua eta munduko musika tradizionalarekin aise uztartzen dena. Folkak ere bizi nau, alaitzen nau.

Gazte garaian, euskal azken berpizkunde loriatsuan –60-70eko hamarkadetan–, dantza talde batean jarduteko zoria izan genuenok – nahiz pluralean jardun, nire buruaz eta esperientziaz ari naiz– ez genuen behar bezala baloratzen folka, hots, dantzan laguntzen gintuzten musikariak ez genituen behar adina estimatzen. Adibidez, txistulariak.

80ko hamarkadan baina, trikitilariak izan ziren folkaren bidez, gazteok modernotasunera –belaunaldi berriko Tapia, Junkera, Imuntzo…– bide egin genezakeela sinestarazi zigutenak. Geroago, halaber, txistulariek –Ansorena, Beltran, Mendizabal– txistuak eman zitzakeen aire liluragarriak eskaini zizkiguten, ari zahar berrituak edo beren-beregi sortuak.

Luze joko luke Euskal Herriko musikaren soinu-tresnen berri emateak. Nahi duenak badu non kausitu.

Oraingoan, Iñaki Palaciosen HARRIA diskoa dut hizpide. Lan honekiko ene esker oneko hitzak dituzu, bizitza alaitu badit sarritan. Euskal Herrian barrena autoz joatean bereziki. Begi itxita joan ninteke –gidatu behar ez banu, noski– eta musikak transmititzen dizkidan paisaiak ikusi ene ingurumarian.

Disko dotore asko honek 10 pieza bildu ditu, hamarreko handia. Burua erne, belarriak adi eta gorputza suelto:

320k. Iñaki Perurena polifazetikoaren pieza berezia. Iñaki eta Harria, bitasun bereizezina: “Herriz herri, plazaz plaza, beti elkarrekin, zu zara nire bidelagun”, mintzo zaio harriari. Harria Perurenaren Gogaidea. Hunkigarria!

Zure magalean. Egunaren abiaburuan, bizitzari bulkada emateko erritmo eta doinu baikorra, egunsentia gibelean laga eta, ilusiorik ilusio, bizitza egunero berritzen den proiektua izaki. HARRIA legez.

HARRIA. Maiuskulaz. Proiektu honi izena ematen dion kanta. Harrizko txalapartaren soinuak, harri hots soinu beroak, txistuak kitzikatua… Folkaz harago doan pieza, bateria, gitarrak, trikitia… Iragan mendeko rock & roll erritmoak. Fusio ederra!

Arraitz. Fandango ederra. Zorrotza. Harri zorrotzak mozten duen legez, mozten dute musikarien notek airea. Dantzarien mugimenduak aieruak dira. Arraitzek ebakiak, danbolina, xilofonoa eta dantzarien karraxkak airean.

Denbora. 320k piezaren doinuan barrena. Musika pieza hau, Iñaki Palaciosek dioenez, “mottainai” da. “Mottainai” kontzeptu japoniarraren inguruko hausnarketa. Japoniara bidaiatu ostean, denboraren inguruan egindako pieza, bitxia, originala.

Plazara. Plazara jalgi… Kalejira, biribilketa… Zer nahi modu dago plazara jalgitzeko saltoka eta jauzika…. in-crecendo. Erromeria joateko gogoa pizten duen pieza, txistuaren ziztuan noa…. Arraiki!

Gertu. Maitemintzeko kanta bat da Gertu, bai horixe, baltsaren erritmoaren bikoteka dantzatzekoa, txistuarekin batera, tresnen kolpek doitzen dute dantzaren indarra, bira eta jira, jira eta bira, maitasunaren karruselean... Oin-puntetan. Izenak damaigu piezaren norakoa, berebiziko erritmoan, Iñaki Palaciosen etxeko gaileten usainek iradokitako pieza. Haietako bat eskuan hartu, eta haren beroan, antxintxika abian zen. Halaxe abiatu zen eta halaxe heldu zaigu kanta.

Causeway. Irlandara joan eta Erraldoien Harbidea (40.000 basaltoko koloma) ezagutzeak horrelako loria eman dio Palaciosi, baita guri ere zorioneko pieza hau ekarri ere. HARRIAk haurridetu ditu harrizko bi herri hauek. Euskal Herria eta Irlanda. Alegia deus ez!

Harrobi. Harria landu behar, diskoa osatu behar eta HARRIA bideoklipa non Karrantzako Pozalagua harrobian egin zuten proiektu honen egileek. Mulixka Dantza Taldea jardunean ikustean hitzak motzak dira zortziko hau aditzera emateko. Bideo-klipa ederra, baita diskoaren argazkiak eta diseinua ere, txalogarriak biak ala biak.

Zortziko ederra, eiki. HARRIA osoari amaiera biribil gisako ematekoa. Duina. Dantzariei eta musikariei, harri-zulatzaile, zizelkari, hargin, harri-pikatzaile, baita harri-jasotzaileei ere zorionak! Eta bereziki, bistan da, Iñaki Palacios musikari eta txistulariari. Lan duina eta bikaina zurea! Harritzeko herri hau!


Utzi iruzkina: