Halarik ere, polita ez ezik baita gogorra izan ere

Halarik ere, polita ez ezik baita gogorra izan ere Begizolia | 2026-04-24 12:01

Halarik ere, polita ez ezik baita gogorra izan ere

EGAÑAZPI Ezin esank polita ez dela…

Gorka Erostarbe Leunda

Euskal Herriko Trikitixa Elkartea

Joxe Mari Urbieta / Soinuaren liburutegia

Azalpen modura, azaldu beharra

Lan honen egilea (herrikinapoeta gisa ezagutzeko parada ukan dut berriki; poeta eta Gorka Erostarbe Leunda ere. EGAÑAZPI Ezin esank polita ez dela… irakurtzeko zoria izan dut hartara. Idazleak kronika-biografiatzat ekarria du lana. Lan xume gisara azaldu ere.

Gezurrari zor eta egiari zori, neroni ez naiz kapaza liburu hau taxuz epaitutzeko. Behin eta hasteko, besteak beste, honexegatik: Soinuaren liburutegiko lanak ezagutu beharko nituzkeelako. Liburu horietakoren baten erreferentzia duzu liburu honetan bertan. Hala berean, nolatan baloratu dezakedan trikitilari baten jarduera artistikoa? Ez naiz inor, ez naiz iaioa.

Hala ere, jaioa izaki ausaz. Eta hartara ausarta ere bai. Hala ere, eskerrak “hala ere” direla ezta? Joxe Mari Urbieta Egañazpiren biografia –nola ekarria eta kontatua den– gustatu zait. Tira, gustatu eta gehiago ere bai. Literatura gustuz harago doa eta. Bai, bai, bai... Printzipioz, honako hau ez duzu literatura liburu bat. Hala ere, lantzean behin, ustezko literatura liburuetan baino literatura-aztarna sotilagoak antzeman ditzakegu beste generoetan.

Horiek horrela, bestela eta bestera, hauxe: liburuak berak dakarren CDa lau bider –oraingoz– entzun dut. Ez naiz, hala ere, –plasta samarra izaki–, liburua baloratzeko pertsona objektiboa. Gorka eta biok herrikideak gara. Bera munduratu osteko bi hamarkada lehenago jaioa ni. Eta?

Joxe eta Miguel Urteaga Oria anaiei esker (Zumarragako Trikitixa edota Oria anaiak) ezagutu genuen trikitixa. Gorkak dioenez, kaleko trikitilariak ziren. Eta gu geu –farolak baina kaletarragoak izaki– haien noten abarora fandango eta arin-arin ikasi dantzan aritzen. Eta? Esana dut porsiacaso.
   Ohartxoa: dantza ez da egiten, dantzan aritzen da.

Polita da bai... 

Ezink esan polita ez dela…
Ez horixe. Hala ere, polita baita gogorra ere. Egañazpiren historiaz ari naiz. Bereaz, eta bere garaikideena. Espainiako gerra zibileko pasadizoak irakurrita, orduko eta gaurko gerrak irudikatu ditut, eta datorren Mundu Gerraz (berria?) hausnartu ere bai. Sobera txo! Exageratu gabe.

Hasieratik has nadin

Egañazpi duzu protagonista, eta berarekin makina bat lagun ere bai. Lagunak arerio iaioenak izaten direla –bihurtu daitezkeela– jakinda ere. Egañazpi ez ezik, Gorka Erostarbe Leunda bihurtu zait protagonista. Ez nuke nahi hartara, ni halakoxea bihurtu ere. Hala ere, “hala ere” madarikatua beti hor. Gorkaren larruan paratu(ko) naiz: “Begira nago begira. Lehoitik beha, auzoari beha…”. Poetaren begiradatik leitu dut kronika-biografia hau. Estutu galantak hartu ditut. Nostalgia, malenkonia eta herrimina bizi izan ditut. Baita “jasan” ere.

Barka nire protagonismo moduko hori. Gorkaren bidaiaren barrena joaki gonbidatu dut nire burua, Urola bailaran barrena. Urola trenaren sirena-hotsaren akorduan: “Hau da tristura ta pena/ Hil da Urolako trena / Ohostu digute haren / Triki-traka eta sirena.

Van Morrison eta Juan Carlos Perezen alboan noa; bidaian. Gurean, gure Euskal Herri hartan, The Beatles monstru haien (Kakalardoak) homonimoak Sakabi eta Egañazpi zirelakoan oharturik. Egun konturaturik nonbait: Laja eta Landakanda, Laja eta Iturbide, Oria Anaiak, Elgeta, Eleuterio Tapia… Primi Erostarbe… Haien burrunbak ditut aditzen ditut egun ere buruan. Espainia aldean runbak ziren nola, gurean trikitixarenak. Berbarako edo adibide gisara diot.

Hala izanik ere, haiek barik nola sortuko ziren bada, Kepa Junkera edota Joseba Tapia? Tapia eta Leturia, Kepa, Zabaleta eta Motriku. Nolatan Mailu Sudupe edota Mertxe Urbieta? Aldeak alde, horiek ditugu gure fox-trot. Hala ere, "hala ere" madarikatua, Urola bailarako Juan Luis Zabalak idatzi legez “Trikitixa kultura ofizialak folklorizatu egin du eta kultura alternatiboak baztertu edo gutxietsi”.

Bai horixe. Neroni lekuko. Ez (h)orregatio irizkide. Badago dioenak, partikulartasuna dela unibertsaltasunaren lehen ezaugarria. Eta ni ados. Hala ere, euskaldun modernook partikular izateari berezia izatea deritzogu nonbait –deitu izan diogu–. Berezia lehenbizi, arraroa hots. Bereizia ondoren. Zehaztasun eta xehetasunetan eskasak izaki nolabait. Euskaldunok, diot.

“Pozaren dir-dirra trikitixak eragiten dio, haren soinuak pandero jotzeak, uneak gogora ekartzeak, hartaz hitz egiteak”. Gorka Erostarberen hitzak dituzu. “… ‘ez zik esan polita ez dela’ diosku Egañazpik”. Ausaz jaio ginen eta ausaz trikitixaren doinuekin bizi ere bai. Ausaz eta zoriz!

“Kanpai baten altzoan jaioa”, Aizarnan. Egañazpi, alegia. Zumarragako Eusebio taberna zegoen kalean bizi duzu kronika honen idazlea. Bertako parrokiaren kanpai-hotsak dantzu berak egunero eta halaxe dantzut neronek ere. Egañazpik Santa Engrazitik entzuten zituen kanpai-hotsak, eta Elizkalekoak Hendaiatik entzun ditut neronek. Exagerazio bat duzu, noski. Imajinazioa izarigabea izaki.

Elizkaletik Kalebarren behera doaz trikitilariak. Ez naiz akordatzen Santa Lutzi eguna ote zen, agian Sanjuanak ziren. Santa Isabelak ote? Belarri oneko familiakoa zen Egañazpi. Erraz kantatzen omen zuen, argi eta gozo. Fededun gizona. Baita fedeak traizionatu ere. Bizitzak hamaika kontu daramatza berarekin, lan polit honek daramazkien legez. Halakoxeak! Bai horixe.

Post Scriptum

Segi nezake, Gorka Erostarbe Leundaren bidaiaren arrastoan segi ere. Zure txanda da / duzu, irakurle.


Utzi iruzkina: