Halandaze, prosa “homologagarri” baten alde

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2025-07-11 08:36

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1752216305894

Patrizioak eta Plebeioak. Gure prosaren emergentzian

Kepa Altonaga 

Pamiela, 2025

Halandaze…

Halandaze, prosa “homologagarri” baten alde, dio iruzkin honen epigrafeak. Ez da originala, erran nahi baitut, ezen titulua maileguz hartu diodala hizpide dudan entseguaren egileari. Idazpuruaren berba nagusia, edo luzeena bederen, kakotx artean dago. Halandaze, erran nahi dut, izenburuak berak ematen digula aditzera liburu honen gainean zer erran franko.

Patrizioak eta plebeioak. Gure prosaren emergentzian titulu luzeko saiakera honen gaia ez da “berria” Kepa Altonagaren lanetan. Ez da saiogileak euskararen prosaz diharduen lehen aldia, hots, ez da gai horri buruzko bere lehenbiziko saioa. Alta bada, oraingoan, txitean-pitean darabilgun prosaren emergentziaz gaztigatu digu. Edo gaztigatu gura digu behinik behin.

Haatik, liburuaren lerroburuko subjektuak ditugu sano deigarriak. Ez dizkizuet horiek, ez alferrik ez debaldetan erremarkatu gura. Eskuen artean dudan saiakera honetan, iragan laupabost mendetako euskaldunen arteko “klaseak” seinalatzen dizkigu saiogileak ederto batean. Patrizioez eta plebeioez ari nauzue.

Halandaze ere…

Halandaze eta horregatik, saiakera honen gai nagusiaren artean –euskararen prosa– egilearen beraren gaineko hainbat jite edo aiurri nabarmendu nahi nituzke. Beno, tira, nabarmendu… nabarmendu, saiakeraren beraren pare bat berezitasun, bertzerik ez. Bertzerik ez, edo! Berezitasunak niretzat, prefosta. Hau da, egilearen beraren biografiaren arrasto gisakoren bat edo bertze atzeman dut liburuan. Erran nahi baitut, apur bat ezagutzen nuen haren parcoursari zertzelada zenbait erantsi ahal izan dizkiodala.

Baga: errate baterako, patrizioen eta plebeioen dikotomia dela eta, berebizikoa izan zait bere biografiaren (84. orrialdea) parte den kontakizuna. Berean, bere aitarekiko harremanak tarteko, Altonaga semeak ederto batean laburbiltzen du esperimentatu zuen dikotomia. Idazlea –berak idazlea dela ukatu izan du inoiz edo bertze– zortzi urte zituela aldatu zen Loiutik Bilbora. Modu finko batean bizitzera, alegia. Bizimodu aldaketa galanta izan zen, kontakizunean ageri denez. Annie Ernaux idazle frantziarrak, nolabait, ikusarazi bide zion klaseen arteko distantzia: “Klase distantzia bat, baina berezia, izenik gabea. Banandutako maitasuna bezalakoa”. 
    Kepa Altonaga, aitaren begien aurrean, egunez egun, bertze klase batekoa bihurtzen ari zela ohartu zen. Hots, klase-iheslari bat, klase-gabetua baina goitik dabilena. Hain zuzen ere bere aita plebeioaren klasea menostu egiten zuen patrizioen klasea. Honela ebatzi zion aitak “auzia”: “Seina… ez duzu ba pentsatuko geu baino gehiago zarela?”.
    Chapeau! Aitak ez, semeak –baldin txapela bazeraman– txapela kentzekoa.

Biga: idazle hau, saiogile hau –zehaztu dezadan enkaxka, literatoa dela ez dela…– biologian ikasia, biologian aritua eta biologian aditua dugu. Bere obrari so egin bertzerik ez dago, ez duzue. Biologian aritzeko baina, hizkuntza landu beharra dago, bistan da, bistan denez. Nago, hizkuntzarekiko –bizi izan– duen kezkak, euskararekiko duen arrangurak ekarri duela gaur egundaino. Alegia, ikasi eta landu dituen gaiak ganoraz eta taxuz adierazi behar izateak eraman zuen euskara lantzera, baita berarekiko erakusten duen maitasuna azaltzera ere. Adorez eta amorez ekin jarduera(k).

Biografiak biografia, parcoursak parcours, gai bakoitzak bere lengoaia behar du, berbarako, demagun, biologiak. Sujet bakoitzak bere berbak behar ditu, hala nola harekiko maitasuna. Hona horren adibide bat (151. o.): “Oroit naiz maite zaitudala esan nizula. Ederto gogoratzen dut. Haatik, denbora erruz joan da ordutik hona, trumilka igaro dira egunak nahiz urteak, hainbeste primadera eta larrazken, hainbeste uda eta negu, ezen batzuetan pentsatzen baitut aurreko errenkarnazioaren batean bizi izan genuela orduko guztia”.
    Demagun, berriz ere, balizko esentziek eraikitako tabuen bitartez gauzatzen dela bizitza. Demagun, diot berriz ere.

Halandaze ere, haatik eta horregatik…

Liburu-entsegu honek sei atal ditu. Atalen lerroburuak gorriz nabarmenduta daude, beraz, halandaze eta horregatik euskararen prosaren atal larriak dituzue:

1. Hordi engainatuaren lezioa, errezatzen du lehenak. Teatro-opera komiko bati dagokio. Erdarazko titulua aise imajina dezakezu. Alabaina, tori, honatx: El borracho burlado. Peñaflorida kondearen antzerki-lana. Luzetsi barik, saiogileak elebitasuna tratatzen du, elebitasuna desorekatua alajaina. Lanari buruzko Altonagaren balorazioa zuek aurkituko duzue. Lerroburuak dioskunez, aipatu obra “engainu totala” da. Saiogilea, engaiatua betiere, kritiko eta zorrotz.

2. Maldan behera: noraino baina? Bai horixe! Martin Harriet duzue idazlearen izen-abizena. Notari Erreïalc. Alegia deus ez. Atal honetako sujet nagusia. Nagusia edo. Ez baita bakarra. Ederto asko ikasiko dituzue haren nondik norakoak, haren familiaren jite eta aurria.
    Kontua hauxe: (…) nahiz eta euskara izan karrika-hizkuntza nagusia orduko Donibane Lohizunen. Ez naiz luzetsiko ere atal honen gaineko kontu zinez esanguratsuen gainean. Jean Etxepare medikua ere baduzue berean. Auzia edo kontua lehen ataleko bera: elebitasun desorekatua. Amigo. Zer da baina diglosia? Zer da diglosia kontzeptua. Horra, baduzue non eta zertan murgildua, eta zer ziliportatua euskararen historiaren labirintoan barrena. Pentsa, eta egin kontu: Martin Harrietak berak euskararen baitatik frantsesera iristeko euskarazko gramatika saio bat izkiriatu zuen. O tempora o mores! Imajina dezakezue gaur egun, edozein erdara ikasteko euskarazko gramatika bat?
    Pedro Antonio Añibarro (1748-1830) frantziskotarra partidakoa da ere, bertzeak bertze. Tarteko dituzue, gaiaz eta sujetaz, konparazioenera, Beñat Oihartzabalen aburuak. Kepa Altonagaren ipar-ekialde eta mendebaldearen arteko ibilbidearen behialako arrastoan ibiliko zarete. Saiogileak, honetaz edo horretaz ari dela, “halako barne-tristura batek” harrapatua kausituko duzue. Irakurle lagun horrek, zeuk atzemanen duzu penaren zioa.

3. Basarteko unibertsitatean. Elebitasuna hizpide segitzen dugu. Hona saiogilearen premonizioa: "Hirugarren irakurraldian ohartu naiz liburu elebiduna dela Juan Antonio Mogelen Peru Abarka ospetsua". Alajainkoa! Pentsa, Altonaga jauna ez da mec mentsa. Alta bada eta halandaze ere… Hirugarrenean aidanez.
    1980 urtean erosi zuen Peru Abarka Bilboko Verdes liburu-dendan. Altonagaren biografian eta bibliografian bertze datu bat. Atalean, Mogeldarren berri ukanen duzue beren-beregi. Abisua: “Hordi engainatua baino engaiatuago sentiarazi nau Peru Abarkak”, dio bilbotartutako loiutarrak –hiriburuan kokatu zen txorierritarra–. Zergatia? Segi irakurtzen. Jean Etxepare medikua duzue ibil-kide betiere. Egungoengana etorririk, Patxi Salaberri Muñoa, Adolfo Arejita eta Iñaki Aldekoa partidakoak dituze halaber. Bertzeak bertze.
     Munta handiko hizkuntzalarien aburuak atzeman ditzakezue atalean. Geroxeago aipatuko ditut. Ataletik atalera, handitzen baitira nonbrez eta kopuruz. Agertzen baitoaz, alegia. Agertzen idatzi dut. Bai ote? Ba ote dago horrelaxe idazterik? Ez ez ez… Ez naiz “agertu” edo “aparizitu” idatzi beharraz ari. Baizik eta noraino tiratu edo estiran eman daiteke hizkuntza. Horra dilema. Hobetsi aldera edo: “Hurrengo atalean ere badaude...” idatzi behar nuke? Nire “ignorantzia supinoa” zuritu gura dut, antza.
     Kontua hauxe dukezue, ordea: euskararen inguruan eta euskararen beraren historian, haren auzia dela-eta zimikoak sentituko dituzue. Egileari jarraituz, Basarteko Unibertsitateko maisu-maistren liburuetako lerroetan barrena trantsitatzea aski desmitifikatzailea suerta dakizue. Abisatuta zaudete, baita gaztigatuta ere. Gehigarri bat: Altonagak ez du inolaz ere euskararekiko planteamendu subsidiariorik aurreikusi Mogeldarrengan. Mogeldarrak Mogeldar, tar eta tar, Bizenta Mogel ere aintzat hartzekoa duzue.
    Zertaz ari zaigu Altonaga? Liburuan duzue, irakurri-aiduru.

4. Bi letter irakurri nituen oso denbora gutxian. Hau da, Luis Luziano Bonaparte printzeak Jose Ignazio Arana jesuitari idatzitako karta –eskutitza ere izkiria (ge)nezake, ordukoak eskuz idatziak baitziren– eta honek hari emaniko arrapostua. Atal honetara iritsi bazarete, ez duzue saioa bertan lagako. Hortxe dituzue patrizioak eta plebeioak delakoen arteko lehiaren izatea eta funtsa; tradizioak tradizio, traizioak traizio. Luis Villasante partidakoa duzue. Baita bertze Arana bat ere. Sabino Arana, alajaina. Eta Larramendi, prefosta. Eta Resurreccion Maria de Azkue, noski. Izen horiek aipaturik, inondik inora, ados egongo zarete, euskararen prosaren eta auziaren muinera iritsi garela. Ganoso-ganoso ariko zarete.
    Jose Ignazio Arana dugu sujet nagusia atalean. Heliozentrismoa dela, geozentrismoa dela –astronomiaz ari gara–, pisuzko berbak dituzue horiek guztiak gero. Auziak auzi, estratolektoak estratolekto, kontuok euskarenak betiere, noski, Luziano Bonaparterengandik espero genuena berretsi digu Kepa Altonagak: “Euskarari amodio guztia izanagatik, ez zeukan euskara literario baten plasmatzeko propositurik”. Horra!
     Arana Azkoitian jaio zen. San Ignazio de Loyola tarteko –errateko molde bat duzue–. Intxauspe, Abadia, Duvosin, Arbelbide eta Vinson ditu garaikideak. Jakintsua eta ilustrea duzue Arana. Garaiko euskararen auzian garaile suertatua, nonbait. Suertatua, bai. Suerte kontua baita euskararen auzia. Ibon Sarasolaren konklusioa: “Ez zegoen euskararen alorrean beste hautabiderik!”. Horra hori ere, eta Villasante ez dator bat. Ez zen bat etorri. Hilda dago eta. Aita Manuel Larramendi jakintsua partidakoa da, eta haren jaidura munta handikoa. Villasanteri Aranaren euskara larramenditarra desluzitua begitandu zitzaion. Zena zela ere, aitortu beharrik ez dago, euskara konfesonarioetan ebazten eta profesatzen zen.
    Atalak askorako ematen du. Behinola erran gisara, asco ere eman dezake. Argitu aldera: euskararen auziak, diot, asco eman dezake, askorako ematen baitu. Entsegu duin honek askorako ematen du, ez asco

5. Baina, oro xehe ote gara Euskal Herrian? Horixe bera! Orixe eta Lizardi eta Lauaxeta! Arranopola. Euskararen auzia, euskararen prosaren auzia, ez duzue ahuntzaren gauerdiko eztula nonbait. Hondar lerro hori ez duzue hagitz originala, bistan da, bistakoa denez. Beno, euskararen historian eta honen auzietan, Oñati eta Oña berealdikoak dituzue. Gebara Jauna tarteko. Oñatiko Unibertsitatea. Oñako Monastegia. Eta Loiola. Jesus lagundikoa. Errana dugu daborduko eta jagoitikoz erranen ere.
    Halandaze, patrizioak nor izan diren ageri-agerian duzue, baita plebeioak ere. The Oña connection. Nikolas Ormaetxea, Orixe bera. Jokin Zaitegi eta Andima Ibiganabeitia… Alajinkoa! Jainkoa non patrizioak han. Liburuaren azalean dituzue hirurak. Alaj(a)inkoa! Alegia deus ez. Lokuzio hori antzinaxeago erabili dut, to! Horiexek, bertzeak bertze betiere, izan ere, elemenia duzue euskararen partidan arituak.
    Patxi Altuna, jada zendua, eta Bernardo Atxaga, partidakoa dituzu biak ala biak. Eta Mirande, Jon. Pisu-pisutsuak denak. Pisuzkoak. Auzia: poetika berria. Zelan? Zer lan! Polemika mingarria inolaz ere. Lauaxetaren Bide berrijak to! To eta no! Larreko tarteko. Fermin. Irigaraitarren leinukoa. Aitzol eta bertze. Eta Lourdes Otegi, gaur egunera etorri aldera, emakume bat behingoz aipatzeko. Eta Lizardi, jakina!

6. Balizko esentziek eraikitako tabua. Aipatu dut atal hau zeharka arestian. Iruñeko Larranoa ikastetxea. Udako Euskal Unibertsitatea. Historiarik historia, sanferminetan poliziaren tiro batek hil zuen Geman Rodriguez ere partidakoa duzue. Bide batez eta bidenabar, doi-doia aipatua. Ez baita gaia. Alabaina, euskararen auzian, zeharka-meharka, euskaldunon historian "euskal gatazka" agertzen da baitezpada. Agertzen? Euskaldunon historian "euskal gatazka"-z batera –edo bertzera– "euskararen auzia" baitago inplizituki. Bertzenaz, zertaz ari gara?
    Plazido Muxika sujet nagusia da eta duzue atalean. Nagusia edo. Kepa Altonaga saiogilea, pisuak pisu –round & round–, groggy kausitu duzue. Areago, KO erabat. Ezen eta hizkuntzalari ez ezik, biologoa –agertzen!?– baita pelean esplizituki. Charles Darwin tarteko eta bitarteko, alegia.
    Plazido Muxikak, plazidoki, evolucionismoaren euskal ordainetan Darbinkeri berba sartu zuen bere hiztegi dontsu hartan, plazido betiere. Darwinkeria dela, ez dela... Horra saltsa. Eta Jose Miguel Barandiaran zentzuzko gizona Plazidoaren alde. Noski jakina eta prefosta. Nola, bada, jainkoa ukatu! Hala jainkoa, alajainkoa, behin eta berriz ere. Atal honetan ad nauseam murgilduko zarete euskararen auziaren harian eta ariora. Luis Villasante ez ezik, bertze Luis handi bat duzue ibiltari eta ibil-kide: Luis Mitxelena. Belaunaldiz belaunaldi aberasten gara, baita ilustratu ere belaunaldi batetik bertzera. Purismoa dela, purismoa ez dela... Garbizaletasuna ote? Horra saltsa! Lodia gero, euskararen auziarena. Horixe entsalada! Tomate gorria, letxuga berdea eta tipula zuria; Sabino Arana lagun. Eta entsalada gustukoa ez baduzue, horra tutti-frutia. Txillardegi egon baitago ere, partidakoa baita izan, noski; eta Gabriel Aresti, prefosta. Antigoaleko Axular inolaz ere partidakoa izaki. Bertzeak bertze.
    Natur zientziak. Biologia… Liburuak. Neologismoak. UZEIk 25 urte bete zituenekoa. Joseba Intxausti partidakoa izaki. Yakin zena Jakin bihurtu zenekoa. Joxe Azurmendi, berriki zendua. Paulo Agirrebaltzategi bizirik dagoena. Amen. Hemen eta orain, eta gero segida ezinbertzean. Eusko Gogoa. Karmele Artetxe tarteko. Emakumezko bat gehiago partidan.
    Bref: geozentrismoaren sasoira arte joan gabe, Orixe integrista (osozale, ufa!) eta antieboluzionista amorratu batekin topo egin zuen Kepa Altonagak.
    De facto eta de jure. Euskal gatazka nolakoa, euskararen auzia halakoa. Hor nonbait hori ere. Aldian-aldian. Aldiak aldi, lege-aldeak eta aurkako-legeak legetxe. Horixe gure historia. Erran nahi baitut, atzoko eta gaurko euskararen aurkiez ifrentzuez eta binperrez ari garela Kepa Altonagaren eskutik. Euskaldunon (h)istori(o)ak.
    Back to Leizarraga. Back to Back! Anjel Lertxundi ere, nola ez, sartu da azkenik partidan. Itzuliz usu begiak liburua tarteko; Anaforen anfora kapituluaren bidez. Purismoa eta garbizaletasuna hizpide. Sujet eta gaia, euskara. 
    Honatx, auziak Altonagari iradokia: “Purismo erremanentea bainoago, baldintzamendu estetikoa dei genezakeena da, norberak berariaz hautatua, eta ez atmosfera jakin batek oharkabean kutsatua, purismo erremanentea bezala”.

Ez, ez, ez… Edo, bai, bai, bai… Seigarren atalak badakartza bertze kapitulutxo batzuk berarekin. Segi aitzina, bada. Seber Altuna kausituko duzue bidez bide, Ibon Sarasolaren aburuak tarteko. Altubeko malda. Galdegaia aditzaren aurretik. Hori zigorra! Severo baita Zigor! Malda aldapa aldats eta patarra. Cuesta escabrosa da duzu duzue dugu inondik nora ere euskarazko prosarena. 

Kontuak kontu, kontzeptuak kontzeptu, Luis Villasante eta Virginia Woofl
Gela bat norberarena– eta Mariasun Landa tartekoak direla hauek ere, partidakoak hots, hona saiogilearen esentzia: “Purismo erremanentearen kontra immunizatu behar gara. Areago, purismo erremanentea ezereztu beharrean gaude”. Eta abar, eta abar, eta abar. 

Malgré tout. Malgré tous et toutes. Cependant, mais, néanmoins, toutefois… Malgré Luis Luziano Bonaparte eta haren partidakoak… Halandaze ere... Luzetsi naiz, Luis anitz tartekoak izaki. Halarik eta halandaze ere, presagio ona deritzot Patrizioak eta plebeioak saioa irakurri izanari. Saio honek, naski, baita prefosta ere, gure prosaren emergentzia azkartuko baitu.
    Bai noski! Bai Orixe! Hala desio. Badut esperantzarik nik ere.

P. S. Kepa Altonagak "Algorta, 2024ko uztailean" izkiriaturik ageri da –dago, sinpleki erranik– saioaren amaieran.
    Hara! Hara eta tira! Auziak auzi, kontuak kontu, zer da urte bat euskararen joan-jinean, edota euskararen prosaren auzian, ezta? Edo, zer da urte bat euskararen zorian? Bai, ezta?


Utzi iruzkina: