Haize aireak

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2021-07-12 11:12

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1626081464374

Izaro

Limones en invierno

Autoprodukzioa

Limones en invierno negu gorrian eskuratu nuen. Berez gorria zena, are gorriagoa bilakatu zen koronabirusak inarrosirik. Izarok neguan lagundu zidan, bedatsean kitzikatu eta uda heldurik, hemen nauzue, loriatua, hamar limoiak helduta.

Uztailak hamahiru egun ditu gaur, artean, uzta nerabea da, heldugabea. Egunaren bisaiak negu antza hartu du, itsasoa petralduta dago eta mendian hodei hitsak gailendu dira. Itsasoaren zerumugan irudikatzen dut Izaro. Ordenagailu paretik jalgi eta aldian behin dantzan aritzera kitzikatzen nau.

Hamar limoiak zukutu aitzin, burutapen pare bat: penak eta zioak, loriak eta laudorioak. Etsipenen bat, loriaren kontrapuntu.

Aitzin-solasa

Bat: Izaro eta biok ez gara belaunaldi berekoak, begi-bistan dago. Kontu errepikatua bada ere, erran dezadan, nire alaba-semearen adinekoa da. Euren alboan ezagutu nuen Izaro musikaria. Euskaraz ez ezik, gaztelaniaz eta ingelesez abesten du. Modu naturalean abestu eta bere-bereak bailiran jarduten du hiru hizkuntzatan. Nire baitarako pentsu dut: “Garaiak aldatu dira. Horratx, Izaroren Euskal Herria, herri erreala. Guk irudikatu genuen Euskadi ameskeria ote zen?”.

Bi: barkatu irakurle, barka nazala Izarok ere. Musikan barrena sartu aitzin soziologia apur bat egin beharra neukan. Hori lotsa! Jakinik ere, musikaz jarduteko ez naizela prestatuta. Ez naiz iaioa hara, eta ausart jokatu ohi dut haatik. Barka berriz ere.

Hiru: sortzailea lanaren poderioz espresatzen da, edozein dela arte lana ere. Alabaina, dohaina bere-berezkoa denean, sortua aire berean antzematen da. Izarorenean agerikoa da, badu berezkotik, ondorioz, sortzen duena eraginkorra da. Erreala. Sorkuntzarako dohaindua da eta ahotsa du bere-berezkoa.

Hamar limoi

1. Invierno a la vista. Esku zartek inarrosten naute. Leihora begira nago eta leihotik begira ere. Udaldia da eta negua begi-bistan. Ahots samurrak dantzut aire hoztutan, elkar berotzen dute. Erritmoa aireari atxikita dago, bateriaren notek epeltzen dute nire gela. Kantariek nire oin hotzak konkistatu dituzte, “gatibu zoriontsua” nauzue. Oximorona. Eromena.

2. Aquí. Tragikoa duzu kanta, oroitzapenak, pertenentzia… Pianoaren notek eusten diote Izaroren kantaerari. Kontu kontaria eta ipuinlari ari duzu. Bertan jaio eta bertakoa izatearen harro, Izaro. Oparia.

3. Libre. Bizi bai, libre bizi ere. Begiradak, irribarreak… Karteletan egoteak ez dizu baina libre izaten uzten. Legedi berriak idazteko daude oraindik ere. Aginteak inposatzen dizkigun kartelak, horiexek gure kartzelak. Domaia. Kemena eta kuraia, kanta honen dohaina.

4. Paris. Plaza da askatasuna, dantza sueltoan aritzea, balsean. Paris da gure ametsa, baita ametsa galdua ere, amestu genuenontzat… Dantzan, Notre-Dameko plazan edota gure herriko hondartzan. Uxatu zalantzak. Orkestrak garamatza balantzan. Egin dezagun ele bizitzaz, zureaz eta nireaz. Goxo.

5. Mi canción para Elisa. Erroak. Sustraiak. Zoriontasunak izen propio dauka: Felicidad. Bizitza osoa, bizitza osoa, bizitza osoa… Kantaren erritmoa kapritxo bat da. Kanta intimoa. Zoriontasunari ikasi eta ikasi ez zionaren salatari. Bizitza osoa, bizia izaki. Hegoaldetar aireak…

6. Ihintza. Tristea. Goibela. Ekia amilduta, loreak uzkurtzen ari dira. Ahotsaren jokoa ez dago edonoren irismenean. Ihintza, ihintza… Pianoak gatibatu nau goizaldean, gitarrak gozatu perkusio erritmo kulunkarian. Ahotsa sublimea duzu: ihintza, ihintza… Gaur berandu zabiltza, bihar katuak goizean-goiz esna izanen dira, apika, agian. Ametsak.

7. You. Gela huts batean nauzu eta zu kantari. Ez zara bakarrik ari, kantari apartak dituzu zurearen laudagarri. You you you, he he he… Argia distiran hiltzen ari da. Zu zu zu eta ni ni ni. Uhainak. Isiltasuna. Nahikotxo… Aski!

8. Patinar sobre hielo. Hormaturik laga nauzu, izozturik nago. Hamaika bider entzunda ere, hoztuta segitzen dut. Pianoaren notek eta ahotsak atxikitzen naute bizirik:
“Mundu osoari esatea besterik ez dut nahi,
zuk ‘ez zenidala inoiz maite’
esan zidaten guzti horiei,
hotzak hil daitezen
hotzak hil daitezen”.

Izarori: eskerrik asko zauriak sendatzen laguntzeagatik.

9. Hainbeste. Izotzaren lasta iraganean laga eta hainbestean, maitatzen ikasten dut maitatzen. Bateriaren errepikakorretan, gitarraren notetan, biolinen kulunkan, baxuaren doitasunean. Jasotzen dudalako eman dezaket hainbeste. Gehiago eska al dezaket?

10. Oso blanco. Bizitza iraganaren oroitzapen zoragarria ei da. Nik ezin hainbeste erran, ez baieztatu ere. Hartza txuria ernegatuta daramat nire baitan, hartza haurtxo hura esnatzen zait aldian-aldian ene basoan. Izarori ikasi nahi diot errutinari irri egiten, saihetsetan haize airez estutzen nauena saihesten! Beldur naiz horregatik.

Gibel-solasa

Izaroren akordeak goxoak dira, are goxoagoa bere ahotsa. Limones en invierno haize airea da. Iraganaz, orainaz eta geroaz ari da, bizitzaz dihardu –zertaz bestela?–: iraganeko gogorapenak zoragarriak legez. Bere musika kirrinkaria eta leuna da, erritmo bizikoa eta motela aldika. Bere iragana eta nirea ez datoz bat, alta bada, bere kantek iraganeko nire beldurrak uxatzen lagundu didate. Zer gehiago eska dezaket?

P. S. Berbez gogaitu zaitzaket, bego honetantxe. Bihar, naski, "udako negu hau" behin uxatuta, akaso, bestelako berbak sortuko zaizkit. Doinuak ere beste gisa batez entzunen ditut eta berauek ondu dituzten musikarientzako hitz oparoagoak paratuko. Agian, oxala! Estimatua!


Utzi iruzkina: