Greziak aspaldi galdu zuen bere grazia

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2022-07-11 16:07

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1657549089429

Haragi hosto

Juan Ramon Makuso

Bale Zuria

Sarrerarako

Nondik heldu Haragi hostoari? Heldu diot –heldu ere aspaldion– hirugarren aldiz. Aldiak galduak ditut, egiari zor! Egia poetaren aiurria! Egia poetaren aurria! Egia eleen ihaurria. Egia horiek poesian betiere. Hitz joko merkea nirea. Barka nazazu poeta. Zure berben uberan jitoan doan marinela nauzu eta: “Ez da erraza, hitzak oso tranpatiak baitira, eta sentipenek ez baitute, sarri, hitzen inguruan ezertxo ere ulertzen”. Anartean marinel naufragoa ez naizenez gero, segi dezadan abantean.

“Bai, mundu guztiak dakien bezala, gogoeta eta ura betiko daude lotuta”. Moby Dicken uberan noakizu. Herman Melville erromantikoaren ababorrera. Ababorrean diot, albo-alboan joateko ez bainaiz iaioa. Istriborrean ere nekez joan naiteke. Hots, ez naiz erromantiko-sinbolisten abarora jaioa nonbait. Erran nahi baitut, ez naiz Baudelaire, Rimbaud, Mallarmé edota Verlaine poeten batelean bogatzeko sortua. Antzu samarra nauzu molde honetako poesiarekiko.

Ahab kapitainaren balea zuriaren bilaketa obsesiboa banu poesiarekiko sikiera. Agian, beharbada –pentsu dut– beste gisa batez gozatuko nuke haragi hosto honen bizigarriaz, gozatu nola sufritu ere bai metafora horren ariora. Hainbat aldiz hainbat bider, “begiratu dut barrura, eta ezin kanpoko bizitza ekarri nire onuran”.

Mugak muga

Behin eta hasteko, filosofoa izan nahi nuke, eta filosofiaren ildoan bilakatu Mallarmé! Hartara, Juan Ramon Makusoren poesiara aiseago arribatuko bainintzake. “Denbora oro da irredimiblea” (T. S. Eliot). Bai horixe! Nago baina, “Hadeseko amets ibiltariak eta Lethe ibaiaren urak” ez datozela bat gaur egungo jendeen asmoekin, ez eta garai honetako pertsonen irrikarekin ere. Baina ni... Eta ni “ezjakina naiz”. Eta naski, Herioren irribarreak ibaietako uren amildegira narama. Eta baliteke nire ametsak ere ibiltariak izatea. Alabaina…

Mundua ez da egundo mundu bakarra izan. Gaur egun alabaina, alajaina, gure burua kondenatu dugu mundu bakarrean bizitzera. Gure “mundua” –anphora gisara ulertua– mila pusketan apurtu zen joan den aspaldian, eta mila zatitan sakabanatuta, ezin da jagoitikoz irudikatu. Poeta hori: “Oinazea hari batean bildu” dezakegu, baina jostorratzaren begiak ez ditu eleak iragazten uzten. Hautsi da anphora! –lema errekurritua lelo antzua nirea–. Balio al du jagoitik metaforak? Bertze honako hau ere, berbarako: poeten eleak jostorratz-ontzian nola datoz migrariak barkuan, Afrikatik Europara etorri ere. Hegoaldetik ihesi datozen ameslariek –balizko amets gauzale bakarrak– bitakora kaierik gabe nabigatzen dute ozeanoan. Nabigazio-egunkaria behar dute, haatik, XXI. mendeko poeten ontziko liburuek ez dute balio jagoitikoz, ez dute balio mundu naufrago honetan, ez marinel erratuentzat, ezta marinelik gabeko honelako munduarentzat ere.

Haragi hostoren poesia sentitu, sentitzen dut. Elikagai sendoa izan liteke, baina “ez dakit” betetzen nauen. Burmuina berotzen dit, aire fin bat da, baina ez da besarkada "tinko" bat. Ez nau tinkatzen, ez nau estutzen. Ez dago tinkaldirik. Haragi hosto metafora molde antzua egiten zait. Antzina erabilitako figurak, metaforak, hautsi dira, nola anphorak hautsi ere. Greziak aspaldi galdu zuen bere grazia. Irudi erreala eta irudi irrealaren arteko antzekotasunak ez du izaterik engoitik jada. Metaforak metafora, gaur egun, demagun, gure “hortzak” errealak dira, “urrezkoak” berriz irudikatuak. Euren antzekotasunaren dirdirak ez nau liluratzen horregatik. Behialako “perla” haiek egungo "ele higatuak" dira, ez naute limurtzen haatik!

“Odolak ura garbitzen duen heinean” –ulertu dezadan gogoetak zauria-mina sendatzen duen heinean– urak ikuzi behar luke odola halabeharrean. Malkoek baina –nire– iragana ezkutatzen dute, eta hitzek –ezta poetaren hitzek ere– ez dute gertatu zena argitzen engoitik jada. Iragana ez zait ahaztu, baina gogoak gertatua ahantzi nahi du alajainkoa!

Behialako basamortuak nola itsasoak ez dira egungoak. Egungo gure indeterminazioak –ulertu dezagun poetaren/poeton indeterminazioak– ez du “izatearen justizia” determinatzeko ahalmenik. Hitzek eleek berbek –gure izatearen mintzoek– ez naute asetzen, erran nahi baitut asketzen. Poesia sinbolista (h)onen hitzek lotuta naramate. Gure izatearen mintzoak imintzioak baino ez dira engoitik jada.

“Agurrak ez nau betetzen”. Itsasoan barrena jitoan noa, ez nuke naufrago itoa izan gura. Haragi hosto sorta suerte hau aletu izan arren, baso mamitsuan barrena ibili izanagatik, poeta (h)onena ibili ostean ere, basoak ez dit zuhaitzik ikusten uzten, zuhaitzen sarriak argia galarazten dit-eta. Jakin ezazu poeta amultsu hori: greziarren pentsamenduaren albora nabigatu edota ibili arren, metaforek ez naute gatibatzen jada. Egungo eleen –behialako perlen– distirak itsusten nau! Ai, ene ustea sendoa balitz! Hainbat hobe! Baina edo Eta... “ez dakit!”.

Post scriptum 1: iruzkin hau uztailaren 11n idatzita dago. Iruñeako entzierroa abiatu aitzin hasi dut berau izkiriatzen, amaitu berriz entzierroa berau ikusi ostean. Korrikalariek zezenekiko duten obsesioa eta Ahab kapitainak Moby Dickekiko zuen obsesioa, antzeko obsesioak begitandu zaizkit. Oi poesia! Oi poeta hori: Cebada Gago ganadutegiko zezenek jauzi didaten oilo pikorren azkuraren aldean poesia sinbolista honek sentiarazi didana zantzu-seinale nimiño bat besterik ez duzu. Antza, biziki urrun nauzu poeta sinbolistengandik, urrun eta antzu izan ere!

Post scriptum 2: bizitzaren bizia unean uneko sentimena da. Unean une berpizten den pasartea da. Uste dut, uneon badakit jakin, –ene– mugak muga, Haragi hostoren mami sarria berriz ere dastatutakoan, beste gisa batez digeritu dezakedala. Agian. Beharbada. Bihar, etzi edo etzidamu dastatuko dut ostera ere. Ez baitaramat ene baitan dastatu izanaren damu erabatekoa.


Utzi iruzkina: