Gorriak bizitzeko jaio ginen eta engoitik –hamaika ikusita– munduak azpiratuta gaude

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2025-02-20 17:02

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1740068518865

Euri gorriaren azpian

Asier Serrano

Erein, 2024

Poesia dela, ipuina dela, nobela dela… Zein ote genero gaitzago? Har itzazu aintzat gaitz berbaren bi adiera: zaila eta kartsua. Asier Serranoren Euri gorriaren azpian eleberria (Erein) nekeza eta sutsua begitandu zait. Begietatik sartzen den nobela duzu, irudien elemenia izugarria izan ez ezik, trinko eta bete-betea da idazlearen idazmoldea. Idazlearen irudimenak gainezka egiten dizu.

Zinematografikoaren moldekoa duzu nobela. Road movie suerte bat. Mad max film-sagako batean "ibili legetxe" jardun dut irakurtzen aldian-aldian. Zintzo izan aldera, film horietako batekin aski eta sobera daukat. Ez da laketzen nauen zinema-generoa. Naski, baliteke, eleberri honen euri usu sarriak azpiratu eta film horien paisaiara katapultatu izana.

“Zerura begiratu, irakurle”. Halaxe errezatzen du istorio honetako lehen esaldiak. Feedbacka duzu idazlea eta irakurlea lotzen dituen soka –edo ezaugarrietako bat–. Ezaugarri bat besterik ez. Metaliteratura da artefaktu-ibilkor honen gurpiletako batto. Gurpilak ez eze, ibilgailu batean gasolioa edota olioa nola, hitzak, esaldiak eta paragrafoak ongi doituak ezinbesteko lubrifikatzaileak dituzu eleberri batean.

Berbarako, literatura-aipuak nobela-artefaktu honen berealdiko lubrifikatzaileak edota bizigarriak dituzu. Idazlea alabaina tranposoa da, iruzurgile gisako bat –ez naiz Asier Serrano idazleari buruz soilik eta espreski–. Idazleak bere istorioan txirikordatzen dituen bertze idazleen aipuen artean kamuflatzen du bere burua. Zorgile da nolabait. Hari horri edota honi zor zaio. Ezaugarriak ezaugarri, nobela honen arkitektura, artefaktua duzu zinez.

Zinezko artefaktua duzu. Bi adieratan ulertu ezazu zinezkoa. Zinezkoa duzu, eta horregatik edo, (nire) ustezko idazle gorri honek Genesira jotzen du. Maiuskulaz, hots. Gorriaren konnotazio ideologikoak eta linguistikoak hartu itzazu aintzat. Genesira, alegia, hezi zeneko erlijioaren Bibliaren Genesira itzuli da, itzulikatu ere bai. Liburua osatzen duten atalek kristauen eta judutarren Jainkoak Moisesi ezagutarazi zizkion Hamar Mandamentu edo Aginduen sorta legez ulertu dezakegu.

Aginduak ez dira baina hamarretara mugatzen. Neronek gehiago zenbatu ditut. Eleberrigileak ez digu liburuaren kapituluen zenbatekoa aditzera ematen. Ez hatsarrean ez akaberan. Ez dago halako atalik ez bestelakorik ere. Izanez ere
–neronek bederik–, Euri gorriaren azpian delakoa euri usu zuri sarri beltzen zirimoletan bizi izan dut.

Pertsonaiak euri jasa artean begitandu zaizkit. Euria eta harea nahasitako paisaia gorria zerumuga beltzean funditurik irakurri dut istorioa. Bi dira protagonista nagusiak: gizonezkoa bata eta emakumezkoa bertzea. Idazle ohi bat, bigarrena. Nobelaren garaia zedarritu eta adierazi aldera, hauxe: hogeita bat urte iragan ostean elkartu dira sujeta biak. Ihesaldiaren edo dena delako itzuliaren ostean, zazpi urte iraun zuen kolpe militar bat eta hemezortzi urteko demokrazia izan dira.

Sinopsi motz moduko horrek –irakurle-interpretatzaile naizen araberakoa– bere munta dauka nobelaren traman. Esajeratu barik haatik. Izan ere –hurrengo ahapaldi hau aburu bat besterik ez duzu–, estatu libre bat ez da sekula adin-nagusitasunera iristen, ez du estadio hori inoiz erdiesten. Arrazoia? “Estatu librea” eufemismoa baita, eta oximorona ere bai. Erran nahi baitut: antigoaleko erregimen erlijiosoen menpeko estatu ahalguztidunen antzera, egungo estatuetan askatasunaren kontratuak gizaki akastuen neurrira gauzatzen dira.

Pertsonaiak pertsonaia, honatx bi: Adane eta Eve. Ez zoratu izenekin. Pertsonaien izen eta izanen harian aritzea eta eurak harilkatzea ez baita samurra. Nobeletan erran nahi dut. Edo ez niretzat bedaio. Nork bere mugak. Izan ere, bidaia honetako pertsonaienean sakoneko begirada barneratuz gero, erraz antzean lerra zaitezke nobelaren ertzetara, baita haietan beheiti amildu ere.

Pertsonaiak egolatrak dira. Bistan da, egorik gabeko pertsonarik ez dago, ezta egorik gabeko pertsonaiak eraikitzerik ere. Kontuan hartu, idazlearen egoak nekez sortu ditzake ego bariko pertsonaiak. Eleberrigileak, eleberriko antzerki-atalaren errepresentazioaren bidez giza-koldarron bertuteetako bat oroitarazten digu: ahanztura.

Denbora borragoma itzela baita. Itzela delako. Itzelak itzel, itzalak itzal, hitzak hitz, eleak ele, berbak berba, semantikaren logikari heltzea funtsekoa izanagatik, senaren deiari kasu egitea ezinbestekoa ei da. Hala diosku istorio honek. Bertzeak bertze. Bertze askok bertze.

Ezaugarririk ezaugarri, hiria duzu istorio siniestro honen euskarri nagusia. Ezkerreko istorioak siniestroak ei dira berez. Asmoak onberak izanik ere, istorio zoritxarrekoak dituzu, hau da, hiritarren asmoen akabatzeko modukoak. Ilusionisten klubak zerutiarrak edota lurtarrak izanagatik, munduko lohikeriak irentsi egiten du gizakion arima. Arima gorria izanagatik ere.

Aginduak agindu, honatx nire gomendioetako bat –nobelako aginduak izan baino gomendioak dituzulakoan–: bidez bideko istorioen ebasle izateri uko egin behar diogu. Batzuek poemak idazten baitituzte eta bestetzuk eleberriak legetxe bizi ditugulako. Edo bestenaz ere: poemak eta eleberriak nahasten ditugulako.

Hara, inpentsan, gure literaturaren bidean funtsezkoa den Etiopia saio poetiko nobelistikoaren Piolet pertsonaia gogoratu zait. Honatx haren ezaugarri bat: ziutateko hiritarra zen –barkatu pleonasmoa–. Poeta zinez ausart gure Piolet. Iheslaria hura ere. Etiopia delakoa Kain. Abel izenburuko testu narrazio ipuinarekin hasten da. Adam eta Evaren ondorengoak. Gogoratu aldera dixit.
      Piolet poeta izan zen bere ondoez poetikoaren berri eman ziona Estatuko jeneralari:
      “Gerrateek ez dute arrosa konprenitzen…”.
      Eta abar eta abar eta abar...
      Arrosa gorria ote zen? Zuria zenentz?
     “Erantzuna ez da hain zaila".
     Zergatia beste galdera honekin konpreni daiteke:
     "Nork soporta dezake poeta afizionatu bat egun bakar batez ere?”.
    
     Oharrak:
     Etiopia liburuan Piolet poeta bertzeren baten istorio bat ere badago. Berean, emazteak poeta akabatzen du, Oskar lagunaren laguntzaz.
     Asier Serranoren Euri gorriaren azpian nobelaren eta Bernardo Atxagaren Etiopiaren topatze hau zoriari zor zaio. Ez bertzerik xerkatu, arren!

Nobelarekiko niri aburu eta ikusmira zenbait

Ikusmira ez ezik ikusmina ere sorrarazi dit eleberriak. Nola gauzatu baina hiri horretako euri gorriari buruzko (nire ) interpretazioa? Aste honetako astelehen urdina –otsailak 17 zituela– joan zait, aspaldi joan ere. Eleberria irakurria nuen ordurako. Alta, ez nintzen beraren gainean jarduteko gai, ez deus ohoragarria izkiriatzeko gauza ere. Ez ohoratzeko ez deitoratzeko.

Bigarrenekoz jausi naiz euri gorriaren azpira. Berriro ere irakurtzen ari naiz. Ez dut inor hil nahi. Idazle-poeta-eleberrigile hau hiltzeko nahikeriarik ez daukat. “Ekintza lizunik ez, otoi”, gaztigatu dit (nire) egoak. Zerua idazle ilusionisten santutegia duzu, baita infernua ere. Zerua infernuaren ifrentzua dukezu, zuria eta beltzaren nahasketa.
    Epitafioa: "Gorriak ikusteko jaio ginen eta engoitik orain –hamaika bizirik– munduak azpiratuta gaude".

Paragrafo honen aurretikoan, ikusmirak ikusmin gorria sortarazten duela aditzera eman nahi izan dizut. Nobelaren irakurlearekin ari naiz. Hau da, iruzkin honen irakurle balizko irakurle zaren horrekin. Alta bada, hori ere ez da osotara hartu behar. Itaun hauxe inposatzen zaigu: “Literaturak babestu ahal gaitu ekaitzetik”.
    Arrapostua: “Ez. Ez betiere”.

Eleberrigileak Falansterioa ezagutzera eman digu nobelan. Bertze askok bertze, hori ere. François Marie Charles Fourierren nondik norakoak ezagutzera gonbidatzen gaitu –nolabait– Asier Serranok. Fourier sozialista utopiko frantziarra izan zen. Gainerako jakingurak eta jakinminak, zure gurarien araberakoak izan bitez.

Ez dut spoilerrik egin gura. Haatik, hauxe aitortu behar dut: anglizismoak gorrotagarriak zaizkit. Eta, halaz ere, gorrotoa jasaten jakitea maitasun molde bat duzu.

Nobelaren gaineko aitorpen pare bat gehiago, amaitu aldera.

Iruzkin hau, nobela hau nola, irudi metafora alegoria sinbologiaz beteta dago. Iruzkin zorigaitzezko hau –zorizkoa eta gaitzezkoa hala berean–, nobelako hirian, basamortuan eta estatu malapartatu moduko horretan ibili ostean jausi ohi den euri gorriak kutsatuta idaztearen ondorioa dukezu.
     Penitentzia egiteko prest nauzu: barkatu nire penak eta burutapenak. Barkatu nire buru-kolpeak. Barkatu sesto  errazak edota txiste friboloak!
     Amen!


Utzi iruzkina: