Gizona eta emakumea berdinak al gara? (I. PARTEA)

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2025-05-26 14:43

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1748264172958

Bigarren Sexua I eta II

Egitateak eta mitoak / Bizi izandako esperientzia)

Simone de Beauvoir

Irene Arrarats Lizeaga (Itzultzailea)

Sar hitza I

Simone de Beauvoirren Bigarren sexua (I eta II) liburu gotorra dut eskuen artean. Bi liburukietan emana: Egitateak eta mitoak / Bizi izandako esperientzia (Elkar/Jakin). Irakurri dut lehen liburukia, baita bigarrenean barrena sartu ere. Azpimarrak egin ditut, ohartxoren bat edo bertze hartu ere bai. Bigarrena akitu gabe, idazten hasia naiz.
    Bi helburuz abiatu nintzen irakurketan: egileak proposatutako feminismoaz janztea, baita feminismoari buruzko nire ikuspegia “zabaltzea” ere. Besterik da, jendartean “zabaltzea”. Egiari zor, biluzik nago diziplina honen aurrean. Areago, feminismoa mugimendu politiko soziala ekonomiko kultural eta akademiko den aldetik, umezurtz.
    Feminismoak gizarte-harremanak aldatzeko, pertsonen arteko berdintasuna lortzeko eta emakumeen aurkako edozein diskriminazio eta indarkeria-mota ezabatzeko kontzientzia eta baldintzak sortzea du helburu. Horiek horrela abiatu naiz, batez ere Bigarren Sexua liburua aintzat harturik, batez ere, obra itzel hori kontuan hartuz.
    Alabaina, aldian-aldian edota hala berean, feminismoaren beste ildoren batzuetatik bestelako ikuspegi batzuk aintzat hartu eta tartekatu(ko) ditut; nire aburu zenbait tarteko.

Sar hitza II

Gizona naizen aldetik, nire aurriritziak eta prejuizioak dauzkat feminismoaren diziplinaren aurrean –diziplina legez ekartzea haizu delakoan–. Nire adina kontuan hartuta, belaunaldi batekoen heziketa eta bizipen moldeen zantzuak arrastatzen ditut, hain ziur ere.
    Arian ari, kontu bat: giza-historian, hizkuntzaren garapenak hitzaren beraren murrizketa ekarri duenez gero, emakumearen eta gizonaren arteko berdintasunaz hitz egiten dugunean, berdintasun hitzak “kirrinka” egiten dit. Hauxe jalgi ohi zaidan galdera: gizona eta emakumea berdinak al gara?
    Simone de Beauvoirrek emakumearen eta gizonaren berdintasuna aldarrikatu zuen. Nik, berriz, emakumeen eta gizonen aldeko eskubideen berdintasuna lehenesten dut; hobesten dut. Niretzat, estatuaren eta jendartearen araberako eskubide berberak dagozkie biei ala biei. Sinplekeria izan daiteke. Tira, horraino iristen naiz.
    Beauvoirrek feminismo existentzialista proposatu zuen, baita argudiatu eta arrazoitu ere. Ez da, ordea, feminismoaren ildo edo proposamen bakarra historian. Zertaz hitz egiten dugu feminismoaz ari garenean? Zein feminismoaz? Gaia, niretzat behintzat, konplexua da.
    Izanez ere, feminismoan badira bertze ildo batzuk ere bai: hala feminismo libertarioa nola intersekzionala edota diferentziala. Bertzeak bertze, pentsu dut. Feminismoaz jardutea ez da samurra. Nire asmoa ez da ildo horiek aztertzea eta kontrastatzea. Entsegu baterako lana litzateke.
    Bigarren sexua irakurri ostean, haren uberan nabigatu nahi dut. Feminismo existentzialean pulunpatuko naiz eta zipriztin bat edo bertze paperean paratuko
–tira, BEGIZOLIA deritzan blog honetan hartu(ko) dute leku–.
    Eskertza: bihoakio Irene Arrarats Lizeagari nire zorion amultsuena obra gotor hau euskarara ekarri izanagatik, hain ederki ekarririk.

Datu zenbait abiaburuan

Bigarren sexua Jacques Bost-i eskainia da. Aita protestante baten seme, Simone de Beauvoirren laguna. Konfidente edo. Simoneren aitona, amaren aldetik, bankaria zen; goi-burgesiako kide. Bankuak porrot egin zuen I. Mundu Gerraren ostean. Familiak auzo aberats batetik auzo pobre batera aldatu behar izan zuen. Simonek eta haren Hélène ahizpak gogor lan egin behar izan zuten bizitzan aurrera egiteko. Simonek idazle izan nahi zuen, baita lortu ere. Hélène margolari-artista izan –bilakatu– zen.
    Jean Paul Sartre idazlea baitezpadakoa izan zen Simone de Beauvoirren bizitzan. Berebizikoa bizitzan eta bere ideologian. J. P. Sartreren existentzialismoari atxiki zitzaion. Filosofo horren arabera, existentzia esentziaren aurretikoa da. Labur-zurrean: existentzialismoa esentzialismoaren aurkia da. Determinismoaren ukatzailea.
    Hauxe egin zait deigarri: Beauvoirrek Sartreren existentzialismoa besarkatu zuen, haren ildoan landu zuen feminismo existentzialista. Alta bada, bere bizitzan agerikoa da determinismo suerte bat. Nire ikuspegia duzu.
    Baruch Spinozaren determinismoaren ildoan, neroni pertsonok kausa batzuen ondorio ere garelakoan nago, nahiz eta kausa horiek ezagutu ez. Beauvoirren kasuan, ezagutu zuen kausa batek determinatu zuen bere bizitza: aitonaren porrot ekonomikoak. Bigarren sexuaren idazlea goi-burgesian hezia eta bizitakoa izan balitz obra hau –bere obra osoa– idatzi ahalko zuen? Feminismo existentzialistaren diziplina garatuko zukeen, Sartre bikotekide izan gabe?
    Badago ere, Beauvoirren existentzialismoari dagokionean aipatu nahi dudan kontu bat. Beauvoirrek –Sartre pentsalariaren ildoan, ateoak biak ala biak– jainkoarenganako gizonaren transzendentzia eta emakumearen immanentzia kontrastatzen ditu. Bitxi egin zait, ezen eta Spinozaren pentsamenduan jainko immanenteak tokia baitu ukan.

Premisa zenbait

Bigarren sexua liburuan badira errepikatzen diren hainbat premisa. Premisa denak gizonezkoenak dira. Pentsalari eta filosofoenak batez ere.
   Gizonon izatearen –eta haren ezaugarri– gisa, hona balio dakizkigun bi “perla” hauek:
   Pitagorasek honela dio: “Printzipioak printzipio, gizonezkoen printzipioak onak dira, emakumeenak berriz, txarrak”.   
   Gizon den-denek ez dute horrela pentsatu izan, liburuan ageri denez.
   François Poulain de la Barre filosofo feministak hauxe zioen: “Gizonezkoek emakumeei buruz idatzi duten guztia susmagarria da, epaile eta parte baitira”.
   XXI. mendean gaude eta komeni da gogoratzea: Bigarren sexua 1947 aldean idatzia izan zen. Laster mende bat beteko da argitaratu zela. Egileak “feminismoaz idatzi nahi dut, arazorik ba al dago?” itaundu zuen. Gaur egun, galdera errepikatzen da: “Ba al dago arazorik?”. “Bai, badago!”. Emakumearen eskubideez ari naiz, prefosta. Haatik, emakumeei eta gizonoi premisa hau aditzera eman nahi diet: ez ditzagun emakumearen eskubideak eta emakumearen askapena nahasi. Zer dela-eta?
   Bada, gaur egun ere, oraindik ere, emakumezkoen eskubideak ez dira gizonezkoen pare, ezta gutxiago ere. Zorionez, borroka feministari esker eskubideen eremuan asko aurreratu da. Bestelakoa da, ene ustetan, askatasunari gagozkiola. Emakumearen askatasuna murritzagoa da gizonarena baino, bistan da. Alabaina, gizona ez da aske ere. Askatasuna eta berdintasuna bereizi beharreko bi balore begitantzen zaizkit.
   Lehenik eta behin, zer da emakume bat? Beste orduz, honako erantzun doilor honekin erantzuna izan zen: umetoki bat. Feminitatea arriskuan izan da historian barrena. Horregatik, feministen lema hau indartu izana: izan zaitez emakume! Bestera erranik: bihurtu zaitez emakume! Hots, emakumea feminitatearen esentzia gisakotzat hartua izan zen. Batez ere, erlijioek halaxe jo dute. “Zientzia” suerte horren arabera, emakumea egoera batek eragindako bigarren mailako erreakzioa izan zen. Erlijioa zientzia izatetik at dago, alta bada, erlijiosoek zientzia bailitzan erabili –izan– dute.
    Garaiak joan garaiak jin, argien nahiz erromantizismoko garaietan filosofiak garatu baziren ere, zientzia horiek ere, giza-historiaren bilakabidearen ildoan –giza-aurreiritziak tarteko– emakumea atzeratuta ibili eta heldu zen XX. mendera. Modern Woman garaia ezagutu zuen, baina emakumeak sexu galdu bat izaten jarraitu zuen. Gaurkoa ere halakoxea al da? Mende bat eta gero, halakoxea?
    Erran eta eman dezagun, gurea modernitatearen osteko garaia dela.

Postmodernitatean barrena

Emakumeak emearen funtzioaren araberakoa jarraitu du izaten. Halakoxetzat daukagu emakumea. Feminismoaren betierekotasunaren harian eta ariora, oraindik ere “zer da emakume bat?” galdera gailentzen da. Gizona zer den ez da inoiz galdetu izan. Tira, gaur egun, itxura batez, hasi dugu galdera planteatzen. Beauvoirrek, galdera egin aitzin, hauxe zioen: emakumea naiz. Kito. Horixe errealitatea. Subjektibotasun oro albo batera laga zuen, berau deuseztatuz. Gizonok eskubide guztia izan dugu betidanik, dena izateko. Emakumeak ez. Zer dela eta? Bada, antzinako pentsamendu(ar)en ildotik heldu garelako garena izatera. Emakumeak obulutegia dauka.
    Gizonok, agidanez, ez dugu aintzat hartu nahi izan barrabilak –eta guruinak– ditugula. Batez ere, barrabilak. Gizonarenak avec les cuilles eginak dira, con dos cojones/avec les cuilles.
    Bidenabar, kontu bat: Beauvoirrek avec les cuilles idatzi zuen. Alegia, gizona avec les cuilles egina zegoela. Guk, euskaldunok, zein espresio erabili beharko genuke? Euskaraz –bi erdaren espresioetan–, honela adierazi behar “bide” ditugu con dos cojones/avec les cuilles espresioak: nahitaez, halabeharrez, ezinbestean, ezinbestez…
    Esanguratsua da, ezta? Horra noraino iritsi den euskara. Tira, noraino iritsi garen euskaldunok. Alboko erdaraz espresatzen gara, erdaldunen hizkuntzaz adierazten dugu gure maskulinitatea.
    Filosofoak filosofo, erlijiosoak izan ateoak izan, honatx euren burutapen zenbait:
    – Emea eme da, tasun zenbait eskas baitu (Aristoteles).
    – Emakumearen izaerak akats natural bat dauka (Santo Tomas).
    Bref: emakumea gizon huts egina da, ezusteko bat da. Izaki erlatiboa.

    Gizona subjektua da, absolutua. Emakumea, berriz, Bestea da. Bestea Beauvoirren jardunean hitz gakoa da. Dioenez, emakumea Bestearen kategoria da. Gizarte primitiboetan eta mitologia zaharrenetan ez zen Norberaren eta Bestearen dualtasuna ageri: ez horrelakorik, behintzat. Hastapen batean, Norberaren eta Bestearen kategoria-bereizketa ez zegokion sexuen banaketari. Ez mendebaldeko filosofietan ez ekialdekoetan ere.
   Geroko filosofiek –gizonezko filosofoek oroz gain– bereizketa ezarri zuten. Geroago. Ongiaren eta gaizkiaren artean ez bide dago bereizirik inolako elementu femenino agerikoa.
    Inolako talderik ez du bere burua Norbera gisa definitzen, berehala Bestea aurrean jarri gabe. Herri txiki batekoentzat, bere herrixkakoak ez diren guztiak, “besteak” dira. Areago, susmagarriak dira. Atzerritarrak dira. Antisemitikoarentzat, juduak “besteak” dira. Arrazista estatubatuarrentzat besteak “beltzak” dira. Kolonentzat: indigenak.
    Claude Lévi-Strauss filosofo-antropologo garaikidearen arabera, –Beauvoirren garaikidea– Naturaren egoeratik Kulturaren egoeraren pausoan dago gakoa. Eman zen pauso hori gizonaren gaitasunaren araberakoa da, harreman biologikoak oposizio-sistema moduan pentsatzeko gaitasunaren araberakoa. Dualtasuna txandakatu zen oposizioan eta simetrian.
    Orduan eta gaur egun –XXI. mendearen laurdena betea–, gizartearen errealitatea deskribatzerakoan berau konformatzen duten datuak, datu horiek berehalakoak dira. Horiek dira datu funtsezkoak. Ez dira, funtsean, azaldu beharreko fenomenoak –edo ez dira behar bezain besterako aintzat hartuak–. Alabaina, fenomeno horiek ezin dira ulertu, baldin eta elkartasunean eta adiskidetasunean oinarritutako Mitsein delakoan oinarrituta pentsatzen ez bada. Mitsein kontzeptua Être-avec da. Hots, izatea da Bestearekin izatea.
    Halaxe edo halatsu izanagatik, kontzientzian oinarritutako etsaitasun bat jalgi ohi da: gaineratikoen kontzientziarekiko etsaitasuna. Subjektuak kontrakarrean bakarrik agertzen du bere burua. Esentzial gisara berretsi nahi du bere burua, bestea in-esentzial bihurtuz, objektu bihurtuz.
    Ezein subjekturik ez du bere burua in-esentzialtzat hartzen, hasieran eta bere kabuz, behintzat. Bestea ez da Norbera definitzen duena, bere burua Bestea gisa definitzen duena. Hartara, emakumeek zergatik ez dute auzitan jartzen gizonen subiranotasuna? Horra galdera. Nondik datorkio emakumeari sumisio hori?
    Bestea ikuspuntu arrotza da. Norberak jotzen du bere burua Bestetzat, bere burua Norbera gisa agertzen duenean. Bestea Norbera izateko itzulbidea egin ez dadin, ezinbestekoa da Besteak men egitea.

Gutxiengoak eta gehiengoak: nagusitasunaren arrazoia?

Kategoria batek lortu du Bestea menpe jartzea. Gizonak ez dira inoiz kopuruz nagusiak izan. Emakumeak ez dira gutxiengoa izan. Ez da emakumearen kasua soilik. Komenigarria da esklaboen eta proletarioen kasua aintzat hartzea. Nagusitasuna, kopurutan ulerturik, ez da balekoa gizonaren nagusitasuna baiesteko.
    Emakumeen jarduera astintze sinboliko bat besterik ez da –izan–. Emakumeek gizonek eman nahi izan dietena baino ez dute irabazi, ez dute ezer hartu: errezibitu egin dute. Sexu bereizketa, izan ere, funtsezko batasuna bat da, zeinaren bi erdiak ekarri atxikiak baitira: ezinezkoa da gizartea sexuka zatitzea.
   Nagusia eta esklaboa, horiek biak ere elkarri lotuak daude, elkarren premia ekonomiko batek lotuak, premia horrek ez du esklaboa askatzen, ez du uzten posibilitatzen askatzea. Emakumea beti izan da gizonaren esklaboa, edo gutxienez, haren jopua. Emakumeen lege-egoera ez da gizonaren egoera bera. Eskuarki, askoz okerragoa –izan– da. Gizonek dute boterea eta gainera prestigioa.
   Gizonek subjektu legez agertzeko duten nahikaria agerikoa da –nahikari etikoa da hori–. Norbanako guztiengan badago askatasunetik ihes egin eta “gauza” bihurtzeko tentazioa, baina bidea ezinago okerra da: pasiboa baita, alienatua, galdua. Subjektua, ondorioz, borondate-arrotzen preso geratzen da, bere transzendentziatik erauzia, balio guztiaz gabetua.
   Bide erraza izan da, antza: bide horrek itzuri egin izan die, zinez eta benaz, existentzia onartuaren larriminari eta tentsioari. Emakumea Bestea bihurtzen duen gizonak konplizitate sakonak aurkituko ditu harengan. Hala, emakumeak ez du bere burua subjektu gisa aldarrikatu, ez baitu horretarako baliabiderik ukan.
    Hauxe bide da emakumearen ezaugarri nagusia: Bestea da osotasun baten barrenean, eta osotasun horretan bi osagaiek elkarren beharra daukate.

Nola hasi zen historia hau guztia?

Dualtasun guztiek gatazka sorrarazten dute, beraz, sexuen dualtasunak ere bai. Bietako batek lortzen badu nagusitasuna, berau absolututzat hartzen edo jotzen da. Gizonak hasieratik irabazi zuen lehia edo gatazka hori, nonbait. Emakumeek ere irabazi zezaketen. Edo, behinik behin, gerta zitekeen borrokan alde batera makurtu gabe geratzea.
    Zergatik ez zen egoera aldatzeko aukera gizonen esku izan? Zergatik hasi zen iragan mendean aukera hori aldatzen? Zergatik hasi da oraintsu modu eraginkorrean aldatzen? Ona al da aldatzen hasi izana? Horiek beraiekin ekarriko al dute jendarteak berdintasunean parte-hartzea, gizonek eta emakumeek berdintasuna partekatzea alegia?
    Nik neronek, berriro diot, terminologia zehaztu aldera, emakumeen eta gizonen eskubideen berdintasuna partekatzea idatziko nuke. Idazten dut.
    Galderak ez dira berriak. Erantzunak ere eman zakizkieke. Ugari. Baina emakumea Bestea izateak berak auzitan jartzen ditu gizonek inoiz emandako justifikazio guztiak. Justifikazioak gizonen interesen zerbitzuan eman baitira. Errana dugu jada: gizonek emakumeei buruz idatzi duten guztia susmagarria da, gizonak aldi berean epaile eta partaide izan baitira.
    Legeak egin eta bildu dituztenek, gizonak izaki, mesede egin diote beren sexuari. Legelariek printzipioak bihurtu dituzte legeak. Feminismoaren gaietan filosofoek eta santuek honelaxe ebatzi dute: emakumea piztia bat da. Emakumea ez da irmoa ez orekatua.
    Haatik, emakumeak ez dabiltza oker munduko arauei uko egiten dietenean, gizonak eginak baitira emakumeak aintzat hartu gabe. Bai baina… Ez. Antzina ere, XVIII. mendean, emakumeari ez zioten onartu aldezle izatea. Ez zitzaion objektibotasunez alde-auziari ekin, baita halaxe egin ere zuten gizon demokrata
–ustezko– batzuek. XIX. mendean, industria-iraultzaren ondorioz, emakumeak produkzio-lanetan parte hartu zuen, eta aldarrikapen feministak arlo teorikoetatik atera ziren. Beren argudioak oinarri ekonomikoez jantzi zituzten. Alabaina, aurkariak, oldarkorragoak bihurtu zitzaizkien emakumeei.
    Nire kautan ari naiz, Beauvoiren pentsamenduaren proposamen-ildoan betiere. Emakumearen emantzipazioa edo zapalkuntza edota sindromea eta euskaldunona alderatzen ausartu(ko) naiz, eta aldeak alde, baita parekatu ere: emakumeek bezala, euskaldunek ez dute bere osotasunean federik, ez dute konfiantzarik, ez dute uste Subjektu direnik. Objektu dira.
    Horraino I. PARTEA: liburua osatzen duten hainbat atalen harian segituko dugu aurrerantzean. Horiek ematen dizkiote zentzu eta funtsa. Anartean, baina, bi eranskin gehituko dizkiot lehen parte honi: Feminismo diferentzialista (1.) eta Ondorioak-Galderak (2.).

1. Feminismo diferentzialista

Feminismo diferentzialista emakumearen berezko ezaugarriak nabarmendu egiten dituen feminismoaren ildoa da. Diferentzialismoaren arabera, emakumeek
–itxurazko genero-berdintasunaren helburuaren alde– gizonen balioak eta gizarte rolak bereganatu izan dituzte –eta gaitzetsi, noski–. Haatik, ildo horrelakoen iritzian, emakumeak gizonaren boterearen aurka bere esentzia eta jite diferentea sustatu behar ditu.
   Feminismo existentzialistaren arabera, emakumeak determinatzen du bere esentzia. Feminismo diferentzialistak, emakumearen printzipioetatik abiaturik, natur femeninoa izan badela dio. Feminismoaren ildo honek dioenez, badaude atributu femenino-artekoak.
   Feminista diferentzialistek euren printzipioen ber balorazioaren alde militatzen dute espazio sozialean. Diotenez, ez da soilik emakumezkoen eta gizonezkoen artean diferentziak daudela, batez ere –eta hau bide da inportanteena– diferentzia horiek ez dira ordenu sozialean ematen bakarrik, baizik eta eraikuntza sozial-kulturalaren izaerakoak direla. Areago, bi generoen arteko diferentzia horiek biologikoak direla diote; fisiologikoak eta hormonalak, baita psikologikoak ere. Hots, euren ustetan, gorputzaren bizitzak determinatzen du espirituaren bizitza. Horiek guztiek emakumearen portaerak determinatzen dituzte, joera psikologikoaren ondorioz.
    Feminista diferentzialistak atributu maskulinoen eta femeninoen arteko hierarkizazioaren kontra egiten du. Atributu horiek balore ezberdinak ezartzen dituelako. Natura femeninoa natura maskulinoa baino gutxiago dela errefusatzen du, noski. Ez du baiezpen hori onartzen, ez onartu ere pertsonen mailak baloreen gainetik jartzearen ideia.
    Gizabanakoa maila edo kategoria horien menpe izatea eta horien arabera balore ezberdinak sostengatzea errefusatzen du guztiz. Balore hierarkizazio suerte hori salatzen du. Baloreen berdintasuna aldarrikatzen du eta horien alde borrokatu.
    Feminista diferentzialistentzat hierarkizazio-sistema arazoa handia da: emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak badaude, noski, baina horiek horrela, feminitasunaren balorea errefusatzen dutenak horretaz baliatzen dira. Horrela jokatzen dutenek emakumezkoen atributuak deuseztatu nahi dituzte, balore horiek gizonezkoen atributuen barnean desegin nahian ari dira.
    Feminitasuna aldarrikatuz, hauxe euren galdera: gizonezkoen berdinak izan nahian, emakumeek beren izateari uko egin behar izatea ez al da maskulinitatearen baloreen menpe geratzea?
    Gizonekiko berdintasunean emakumearen desbalorizazioa garatu izan da. Feminismo diferentzialista urrun dago Beauvoirrek defenditutako feminismo existentzialistatik. Oposizioan dago, nolabait.

Ondorioak/Galderak

Gizabanakoak ez badu esentziarik, bere esentzia askatasuna bada, zeinaren bidez bere proiektu existentziala eraikitzen duen, orduan, galdetzen ahal dugu: zer bilakatu daiteke askatasun suerte horrek ez badu inolako oztoporik topatzen? Gure askatasunak ez badu erantzunik, hots?
    Gizabanakoa bere independentzia-proiektua eta bere emantzipazioaren aldeko borrokan –gizartearen fatalitateen ariora edo kontrakarrean– erreakzioan aritzen da, bere bizitzako egoera bati erantzuten dio, eta determinazio delakoari uko eginez, errebelatzen da.
    Zer ginateke, ez bagenu bidean etsai bat aurkituko? Horra askatasunaren paradoxa. Gizabanakoak gainditzeko kontrario bat behar du beti.
    Zer da gizabanakoon askatasuna? Nola gauzatzen da, ez bada beste baten kontrakarrean? Zer ginateke gizabanakoen arteko lehian mugarik ez balego? Zer litzateke gizabanako librearen destinoa, konkistatzeko deusik ez balego? 
   Ez dago mugarik gabeko askatasunik. Oztopoak izateak ematen dio balorea askatasunari.
 


Utzi iruzkina: