Jendeon esangura literaturaren bide bihurgunetsuetan ernatzen baita

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2025-01-16 16:38

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1737044111624

Gloria

Nerea Ibarzabal Salegi

Susa, 2022

Hasierako platerkadak

Gloria eleberria larria da bere txikian. (Nerea Ibarzabal Salegi/Susa). Baiki, bere irakurketa “larria” izan zait. Angustia eragiten duen nobela baita. Berezko estutasun inplizitua du berarekin. Nobela psikologikoa da. Psikea ukitu dit arras. Nereak nire psikologia inarrosi du. Nobelaren berezkotasunean nire neurezkotasuna inplizitua baitago. Horratx arrazoiak. Adieraz ditzadan berauek:

1. Literaturaz ari garenez gero, lehenbiziko itauna: Obabakoak (Bernardo Atxaga) edota Sua nahi, Mr. Churchill? (Koldo Izagirre) liburuen narrazioak berdin mamitu ahal dituzte Asteasuko (bere eskualdekoak orobat) eta Pasaiako (bere eskualdekoak orobat) bizilagun-irakurleek eta eskualde horien batere arrastorik ez duten irakurleek?
Erantzuna berez doa, erran gabetanik.

2. Gloria nobelako Urretxun (Zumarraga, barne) eta bere eskualdean munduratu nintzen. Taberna Isabel zen. Errekondoan zegoen hura ere. Haren urek burdin-oxidoaren kolorea eramaten zuten. Adreilu-gorriko tximinia erraldoiek zerua gris kolorez tindatzen zuten. Esteban Orbegozo, S. A. zen eskualdeko lantegi nagusia. Izen bereko auzoan hazi eta hezi nintzen. Ninduten.

3. Isabeleko nagusia Belarreta zen. Fina bere alabetako bat. Tabernetako usaiako usainetan idi-usaina hausnartzen zen. Herri haien (Euskal Herriaren) idiosinkrasia aditzen zen barru hartan sartuz gero. Plazetan jokatzen ziren idi-apustuetarako "katedrala", hots. Barruko eta kaleko giroaren arteko kontrastasuna zeharo adierazgarria zen. Euskaldunen eta erdaldunen –bertakoen eta kanpokoen arteko– bitasun-jite bereizgarria eta nahasgarria.

4. Hamaseigarrenean aidanez eleberria (Anjel Lertxundi) bertan bihurtu zuten izen bereko filma. Bertze orduz biziriko herri baten errepresentazio zinematografikoa. Giza-lehiakortasunaren testigantza latza. Herri paradigmatiko honen lekukotasun krudela. Tradizioetako usaiei atxikirik modernotasunera bidean bilin-balan zihoan jendartea. Mitoek eta errituek ez ezik, erlijioak itota.   

5. Bestalde eta bidenabar: Isabel tabernatik hurbil zegoen harategi baten jabea (harakina bera) homosexuala zen: Maricón, gure nerabetasun garratz herabean adierazia. Nobelako Damianen PBA pub delakoaren izen erreala ahaztu zait. Jabearen izena ez: Julian. Galdera anitz daukat. Denak erantzutea ezinezkoa zait. Errate baterako, La Heladeria delakoa ortiztarrena ote zen. Tino guretzat. Golden diskoteka entzutetsua nobelako Paradis ote?

Sarrerako platerkada bakar batzuk dituzu horiek. Isabel tabernako (1970-1980 urteen garaikoa) txibierroen usainek erne bezain estututa atxiki naute irakurketan, baita Gloriak deskribatzen duen munduan barna arretatsu ibili ere.

Lehen platerkadako osagai zenbait

Nobelako protagonistak lopetegitarrak dira: Patxi, Bizenta, Ana, Rakel eta German. Lopetegi-Aitzondo senitartea, familia-adar biak aipaturik. Espainiako Soria probintziako familia-kideak berriz hauek: Migel eta Juan, aita-ama barne. Bi jendarte molde: tokikoa eta kanpokoa. Kontrasterako bi pasarte. Miguelen aitarena, batto: “Enpresa honek naziena dirudi”. Miguelek Rakeli errana, biga: “Sorian gosez bizi ginen, baina behintzat ez genuen ke zikinik jaten”.
    (Nobelako bigarren kapituluan gaude).

Elias, gizon heldua, Miguel nerabea bortxatzen saiatu da. Ordu hartan, bortxaketa saiakera legez ulertuko zen. Tira, hori ere, baldin eta tribunalak izan baleude. Oinarrizko giza-legea aplikatzerik ez zegoen, ordea. Estatu diktatorialaren menpeko epaitegiak izan baziren, noski. Francisco Franco jeneral-faxistaren diktadura zen jende-legea. Estatuaren bortizkeria gailentzen zen. Alabaina, jendarte arrunt patriarkalak bortxa babesten zuen arras, suerte guztietako bortxak "onartu" ere. Patxi eta Bizenta berauek bortizkeriaren babesleak izaki. Berauek ere "babesleak" dira. Jendartea haren adibideak dira, besterik ez. Inplizituki eta esplizituki.
    “Ana polita da, Rakel potoloa, bera marikoia”. Miguel, alegia. Hiru adjektibo adierazgarriak, guztion (h)istori(o)a ere baden nobela honen agergarriak.
   (Nobelako lehenbiziko kapitulan gaude).

Hogeita kapituluk osatzen dute Gloria nobela. Nire bizitzako kapituluak nahasi zaizkit nobelakoekin. Ana pertsonaiaren Super8 kamera nola, halaxe ibili dut nik nire “kamera” ere: nire gogoa eta begirada nobelako prolepsietan eta analepsietan kulunkatu dira. Elipsiek gogoa kamustu izan didate aldian-aldian. Nobelaren nondik norakoak –zuri, artean nobela irakurri ez duzun irakurle horri– azaltzea tronpagarria litzateke. Arras nahasgarria.

Bigarren platerkada: dastatzeko menua

Nobelako narratzailea dut hizpide. Haren gainean ari naiz. Nor da narratzailea? Ez da aise jakiten. Ez da agerikoa. Ez da esplizituki adierazia. Bistan da, inplizituki –niretzat– idazlea bera duzu. Literaturan deus ez da begi-bistakoa, ordea. Literatura artifizioa da. Errealitateaz jabetzen laguntzen digun jarduera. Errealitateaz desengainatzeko artefaktua.

Nera Ibarzabal Salegi jaio zenerako, Isabel taberna desegina zen, errea (1992 urtean). Ibarzabalek salegitarren bitartez kontatzen digu istorioa, eta bereziki amaren begietatik kontatu ere (nobelako Super8 kamera Anarena da). Haren aita Belarretak kontatutako (aitita Nerearentzat) pasadizoek ere lagundu diote, naski. Ez harenak bakarrik, noski. Bizenta amumarenak berebizikoak dira hala berean. Narratzailearen deskribapenak bisualak dira
–idazketa bisual sarkorra–, apartekoak, berealdikoak. Begiak ikusitakoa gogoak adierazita dago. Honakoa hau, kasu: “Puztutako esne-gainaren mintza zimurtu egin da, damututa bezala, lapiko barruan ezkutatu arte berriro”.

Gloriaren literaltasuna berainez espresatzen da. Berezko tasuna du idazleak, senitartekoek emana jakina. Fikziozko lopetegitarrek zein aitzondotarrek. Salegi-amutxastegitarrak errealak. Baita kanpotik etorritakoek emana ere. Amak Migueli errana, adibide: “Beraiek esango dizute hori, zuk bete esana”.

1. Nobelaren egitura eta trama hizpide. Dagoeneko spoiler larregi egin ote dudan nago. Ibil nadin tentuz beraz. Ez da samurra idazleak hartutako lana, ez eginiko saioa. Saioa idatzi dut. Ongi ulertu, arretaz hartu: Gloria, nobela duzu. Saio lan batek errealitatea esplizituki adierazten dizu, nobela batek, aldiz, inplizituki. Literaturak adieraziak iradokigarriak behar dira izan. Jakina, idazleak ez du beti ituan jotzen. Onenean, asmatu egiten du. Bizitzan entzundako istorioez ehuntzen du bere nobela. Idazleak historiatik erauzten duen istorioa ez da inoiz osatua izaten. Osatu ezinean, maiz maingu maki errena dabil horregatik. Idazlea nola, halatsu ibili naiz Gloria nobelan barrena. Halakoxetara eraman ohi nau literaturak.

2. Esplizituagoa izan nadin. Gloria izenburua Gloria Gaynor musikariaren mailegua duzu –ene uste zuloan–. I Will Survive kanta 1978koa da. Nobelako pasarte hau –Rakel eta Miguel tarteko– Esteban Orbegozo fabrikako langileen greba ospetsuaren garaian errekreatua da. Greba duin eta gogor hura 1970. urte aldean izan zen, ordea. Kantaren pasarte batek –ingelesez emana– ederto ilustratzen du istorioa –nik honela euskaraturik–: “Hasieran, beldur nintzen. Petrifikatua egoten nintzen. Zu nire ondoan izan gabe ezingo nuela bizi pentsatzen nuen. Mina nola egin zenidan hausnartu nuen gau luzetan. Sendo hazi nintzen, halaz ere. Eta ikasi nuen aurrera egiten”. Sano iradokigarria.

3. Nobelako gizartearen idiosinkrasiaz. Urola Garaiko eskualdearen identitatea ez da Gipuzkoako bertze eskualdetatik bereizgarria. Halarik ere, estatu baten (Espainiako Estatuarena) menpean ernalarazi izan diren soziologiak ez dira den-denak igualak. Urola Erdiko gizartea (Azpeitia-Azkoitia tarteko) eta Urola Garaiakoa ditut hizpide. Erran nahi baitut: Saralegi-amutxastegitarrak-lopetegitarrak-ariztondotarrak “arrotzak” ziren beren lurraldean. Modu exageratuan errana, ulertu aldera.

4. Rakel eta Miguelen arteko istorioa –sano iradokigarria, erran legez– biziki esanguratsua da. Garai hartako hetereotasunaren markoan homosexualitatea agertzen baitu. Homosexualitatea: izaera marjinatua eta espresio deitoratua. Elizaren eta Estatuaren menpeko prejuizioek azpiratuta. Nobelaren funts baitezpadakoak dituzu. Horiek horrela izan arren, bi pertsonaia hauek tokikoen (Rakel) eta kanpotarren (Miguel) arteko idiosinkrasiak batarazten dute, edo ez dute biak konfluitu dezaten eragozten. Hots, integrazioa posible izaten laguntzen dute. Nobelako jite hori hagitz lagungarria duzu –niri hala egin zait– herri honen askapenaren eta beregaintasunaren norabidean.

5. Norabide horretan, Ana da askatasunaren aldarri eta berme. Ana iheslaria da. Ameslaria. Nekeak neke, sufrikarioak sufrikario, ikastera emana da. Bizitzak esperimentatzera eramana. Gloriaren idazleak deskribatzen digun mundua zeharo itogarria da. Mendien gainetatik ikusten den itsasoa bere egin gura du Anak. Ez da Rakelek aitarengandik jaso ohi duen "zapalketa" bizitzeko jaioa. Ez horixe. Mendialdean hazi ostean, are ito-larriago zaio herri baten patu zapuztua jasan behar izatea. Gizarte-estu hari amore emanda, bere burua molde anker hartara "bizitzera eta hiltzera" kondenatzea baitzen. Ez du Bizenta amaren larruan ez larrian bizi gura.

6. Anak inguruabar haietatik ihes egitea lortzen du. Probintziako hiri nagusira badoa. Donostiara bizitzera joan da. Bera bezala beste batzuk ere hiriburuetara aldatu ziren hain ziur. Benidorm eta Tenerife ziren aldian behingo ihestokiak. Bi hiri ikonoak aipatu arren. Gaur egun ere halakoxeak andana izaki.

Postre edota desertarakoak

Gloria eta Isabel tabernetako menuaren arabera ari nauzu. Kartak askorako ematen du. Jateak plazera eman dezake, baita goragalea ere. Poliki hautatu eta jan behar izan dut horregatio. Hondarreko platertxoak begi-bistan ditut halere:

Dastatuak dastatu, eleberrian ageri diren Garcia Marquez, Rulfo eta Marx izenek gogoeta hauek iradoki dizkidate:

– Karl Marxen ideologiaren ildoan, narratzaileak jendarte justuago baten aldarria egiten ote duen nago.
– Gabriel Garcia Marquezen errealismo magikoaren zantzuak antzeman ditut nobelan.
– Juan Rulforen errealismoaren zantzuak ere kausitu ditut Urretxuko kanposantu hipotetikoan.

Cien años de soledad, El llano en llamas eta Pedro Paramo dastatu ostean, ez da hutsa Nerea Ibarzabal Salegiren saioa. Saio nobelistikoa. Ez dezala inork espresio hori gutxiesgarritzat jo edo halatsu hartu. Otoi eta arren!

Bestela eta bestera erranen dut: taxuko nobela honek ernaltzen du euskal literatura, baita bere bidea duindu ere. Jendeon errangura literaturaren bide bihurgunetsuetan ernatzen baita.

Ez dut Karl Maxen Das kapitala (Kapitala liburua) aipatu. Aurreko hiru liburuak ez bezala, ez baitut irakurria. Berandu ailegatu nintzen letren mundura. Berau irakurtzeko berant ote gaur egun ere? Edonola den ere, Gloria nobelako idiosinkrasiaren arrastoak legez, jatorrizko kapitalismoaren zantzuak aspaldian antzutu ziren. Mundu zeharo aldatuta heldu ginen XXI. mende honetara, eta berarekin halaxe goaz ere. Nekez. Eta nekez joan badoa ere literatura gaur egun. Izan ere, literatura ote gaur egungoa? Gloriak nire itauna duda-mudan ipini du, ordea. Ez da gutxi, to! To eta no, izan ere.

Gormant alaena!

Postrerako daukat ere liburuaren azala. Arrigurrik egina. Nor ote Arrigurri? Badu mira! Badu distira! Irudi bitxia. Irudi erreala ote? Magikoa bada, bederen. Literatura halaxe izaki. Enigma betiere. Gure enigmen argitzeko itaunen iradokitzaile. Oi literatura! Joxe Salegi Belarreta zenak zer erranen luke?


Utzi iruzkina: