Gertaera latz baten lekukotza: testigantzen erreka-latsa

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2023-09-10 10:37
1

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1694337823207

 Oso latza izan da

Xabier Mendiguren

Elkar, 2023

Liburuaz jardun aitzin

Uste baino lehenago eskuratu dut. Eguerdi aldean jaso eta siesta egin aurretik ekin diot irakurtzeari. Gauerdian bukatu dut, loak hartu aurretik. Bi irakurralditan akitu dut liburua. Idazleak idatzi duen trenpuaz, halatsu ekin diot: obsesioak harturik. Gure herriaren historia-berriarekiko obsesioak loa galarazten dit. Apenas egin dut lorik. Irakurraldiak 1981eko otsailaren gauak ekarri dizkit burura. “Otsoak ez du bere haragirik jaten”, dio erranairu zaharrak. Gizakiok halakoak ote? Literaturari esker, galderak ditut betiere.

Idazlearekikoak

Gure historia berriari buruzko kontakizunek "histeriko" jartzen naute. Literatura da, hor nonbait, herri honekiko obsesioak histerismo suerte hori leuntzen didana. Xabier Mendiguren idazlea arras iaioa da gure historiaren gaineko istorioak ehuntzen. Bestera erranik, beasaindarra istorio latzak leuntzen trebea da oso. Oso latza izan da, kronika-literarioa duzu. Kronika duzu lekukotasunen datu-bilketa objektiboa baita, eta literarioa ere bada, nobela baten gisara baitago idatzita.

Memoriak huts egin ez badit, Mendiguren garai batean deitua izan zen Tropeleko idazlea dugu. Alegia, ez da euskal literaturaren Parnasora aupatutako idazleen taldekoa. Haatik, zuhurtasuna duzu idazle honen doitasuna. Alegia, dakienaz idazten du, ondo baino hobeto doitzen du dakiena. Ez ditut bere liburu guztiak irakurri, baina horietako asko obsesioak kitzikatuta daudela uste dut, istorio hau ere herri honen historiaren harian ehundu du. Bere liburuek ez daramate literatura aratz zigilu-markarik, literatura-esparruko "liburu arinak" dituzu. Alta bada, "arinak" izanagatik, karga handia daramate euren barruan. Idazle hau editorea ere bada, beraz eta berez, bere "lan arinek" munta haundiko bagaje daramate. Lan hagitz objektiboak dira, sano zehatzak. Istorio honi ere, beharrezko hizkuntz-zama doia eman dio.

Fikzioari tarte doiak ematen dizkioten istorio errealak dira bereak. Horregatik edo, bere emaitza literatura anbibalentetzat jo daiteke. Erran nahi baitut: literaturak konta dezake egia-erreala gezurrak kontatuz ere. Kronika zehatzenak aldiz, inoiz ez du egia-erreala kontatzen. Edonola dela ere, Oso latza izan da kronika-literarioa delako hau gertaera latz baten lekukotza duzu, testigantzen erreka-latsa.

Erreka-latsean sartuta

Oso latza izan da istorioa historia bete-betea duzu alafede. Baiki, oso latza izan zen. Ez zen gertakari-latz bakarra izan. Haren aurretik –Itziarren semea Andoni Arrizabalaga Basterretxea, kasu– eta ondotik ere bai, hainbat istorio-errealak izan ziren: Mikel Zabaltza, Esteban Iruretagoiena, Gurutze Iantzi gogoan, bertzeak bertze.
    Giza-historia determinismo suerte batek gidatuta bide dago. Hala omen. Zenbat buru hainbat aburu. Historiaren istorio handiak gertatzen omen dira, astroak era une eta gune berezi batean lerrokatzen direnean. Omen idatzi dut. Giza-historia, funtsean, buruan eraikitako kontuek –ipuinek– osatzen dute. Hala omen da azken hori ere. Historian nola istorioetan hildakoek leku aparta izaten dute. Halaxe izan ere Joxe Arregirena: historiak istorio honen protagonista nagusia bihurtu du. Protagonista baina hilik dago. Istorio hau ere, beraz, idazle batek kontatua duzu ezinbestean. Ez da protagonista bakarra, haatik. Beste bi lagunek ere osatzen dute (H)istori(o)a.

Juan Kruz Unzurrunzaga eta Bixente Ameztoi dira beste bi protagonistak. Eurak gabe –eta Joxe Arregi etakide torturatu-hilaren bizitza kontatu gabe– ez litzateke kronika nobelatu hau gauzatuko. Unzurrunzaga eta Ameztoi, herri honen historia berriaren adierazle esanguratsuak dira inondik ere. Haatik, ez dira liburu hau posible egin duten bakarrak, lagun asko dira euren inguruan, inplikazio molde ezberdinetakoak. Horiek guztiak ez ezik jendartearen eremu ezberdinetako pertsonek osatzen dute Joxe Arregiren historia. Hau da: Jendartea edo Gizartea. Maiuskulaz idatzita. Jendartea: estatua-sistemaren menpekoa, baita haren osagarria ere badena. Gaur egunera etorrita, euskal jendartea-gizartea. Minuskulaz idatzita, agian hobe.
   Ohar-premisa bat: agian, Unzurrunzaga eta Ameztoi hilak egoteak historiaren lekukotasun hau horren egoki idazten lagundu dio idazleari. Agian, diot.

Psikologiatik, soziologiatik, politikatik

“Oso latza izan zen”. Horrela "errezatzen" du liburuaren azken lerroak. Eiki, oso latza izan zen. Eta izan da. Eta da. Berrogei urte luze joan dira Joxe Arregi torturatuta hil zutenetik. Garai hartan lelo bat bolo-bolo zebilen kaleetan: “Berrogei urte eta gero hau”. Leloak frankismo garaiko diktaduraren berrogeialdiri erreferentzia egiten zion. Bada, demokrazia aldiaren beste horrenbeste urte iragan ostean, lelo hau errepika genezake gaur egun ere. Berriz ere, berrogei urteren joanaldian, historiaren latzaren latzez, leloaren oihartzuna “izuen gordelekuetan barrena” isilduz joan zen astiro-astiro. Latza gero herri honen patua. Patua eta pathosa.

Liburuak baditu “politikatik, soziologiatik, psikologiatik…” eta badu ere umore ukitu bat edo bertze. Tragediek negargura sorrarazten dute ezinbestez, eta negar malkoak umore beltzez irensten ditugu halabeharrez. Joxe Arregiren historia arrunt tragikoa izan zen, bistan da. Arrazoitu gabeko pasioen erakusgarri, nire gardiz. Tragedia da Joxe Arregiren Maria Izagirrek bizi zuena. Tragedia ere Juan Paredes Manotasen Txiki-ren Antonia Maria amak ezagutu zuena, baita Angel Otaegiren amak jasan zuen kalbarioa ere.

Politikatik: “Ausartuenak, eskuzabalenak, astapotroenak”, halakoxetzat dauzka Mendigurenek Jose Arregiren profileko borrokalariak. Benerazioa ez ezik, mirespen eta begirune aparta die. Tira, ez idazleak soilik. Garai hartan, herri honen parte –haundi– batek halaxe izan zien etakideei. Alta bada, berrogei urte eta gero, ba al dago presondegietan dauden –Jose Arregiren profilekoak– 200 borrokalariekiko begirunerik? Tortura aplikatu zuen sistemak berak borrokalari horiekiko “mirespen eta begirune” izatea delitutzat jotzen ditu gaur egun. Halaxe “onartu” ere du, garai batean Herria omen zenak. Edo herri subiranoa izan nahi zuenak.

Soziologiatik: “Herriak eskatzen badu, nik nola ukatu?”. Joxeren amaren hitzak dituzu. Aste bat lehenago, ETAk Jose Maria Ryan ingeniaria hil zuen Lemoizko zentral nuklearraren afera tarteko. Aurreneko hilketan legez, bigarren honetan ere, hilketa salatzeko grebara deitu zuten alderdi politiko instituzional eta sindikatu guztiek. Berberak bide ziren. Herria omen. Baina nor da Herria? Zer eskatzen du Herriak? Zer egin du gero Herriak? Mendigurenek maiuskulaz idatzi du: Herria. Bi kasuetan herria omen zen. Herri bera ote? 
    Irakur itzazu bi gertakarien inguruan idazleak idatzitako testuak eta ezagutuko dituzu euren testuinguruak. “Testua” eta “testuingurua” halakoxe nahi nuke nireak ulertzea. Halaxe ulertu ditut neronek Mendigurenenak. Merezi dute idazlearen hitzek, baita Zizurkil herriak –bereziki eta zehazki– bizi eta pairatu zuen testuingurua ezagutzea. Izan ere, duela berrogei urteko testuinguru hark, gaur egun hogei urte inguru duenarentzat, zientzia fikzioa dirudi. Mendigurenen hitzak batere hanpatu gabe diotsuet. Orduko Herria delako hura gaur egungo herria bera ote? Minuskulaz idatzita hobe, nik uste.
   Ikaspen-oharra: historia behin eta berriz errepikatzen omen da. Erranairu horren iraunaldiak berea egin duelakoan nago. Areago, balizko herri honi gagozkiola, erranaren indarraldia ia-ia hustuta dago.

Psikologiatik: ez dakit Maria izena ere ote zuen Angel Otaegiren amak. Maria izen nagusia izan da gure kulturan. Zena zela ere, liburuaren azaleko Andrea Mantegnaren Kristo Hilak ederto ilustratzen du herri honen idiosinkrasia. Hots, jainko kristauaren ildoan eraiki izan den balizko herri honen imajinarioa. Liburuaren izenburuaren azpikoak ondo baino hobeto adierazten du erran nahi dudana: Joxeren pasioa, herioa eta berpiztea. Alegia, Kristoren ordez, Joxe paratu du idazleak. Kristoren eta Joxeren berpizteak, biak ala biak, metaforak dituzu, bistan da. Arrazoitu gabeko metaforak halarik ere.
   Ikaspena: helmugak latzak bihurtzen dira, herri subiranoa arrazoitu gabe eraiki gura duenarentzat.
   Oharra: psikologiak ordezkatu du iraganeko erlijioa. Garai bateko apaiza-mojak psikologoak bihurtu dira. Apaizak oroz gain, jendarte patriarkala izaki gurea. 

Nekeza da historiaren nondik norakoa bi lerrotan ekartzea, ezinezkoa. Halere, honatx nire ausardia: “Ausartuenak, eskuzabalenak, astapotroenak” deitu horiek gaizki ulertutako altruismo baten ‘biktimak’ izan dira”. Jakina, nik biktima deitu horietako batek “gu ez gara biktimak” erranen dit. Arrazoiz erran ere. Ez ditut gatazka honen ariora eragindako biktima-izaerak parekatzen inolaz ere. Ari naiz, balizko herri subirano baten psikologiaren, soziologiaren eta politikaren biktimak bihurtu direnei buruz. Zehatzago izan aldera: biktimak bihurtu ditugunei buruz.

Luzetsi gabe eta norabide-lema galdu barik

Oso latza izan da liburuak Mila gau eta bat gehiago-rako eman dezake. Bigarren liburu horren istorioetako osagai asko zientzia-fikziozkoak dira, ordea. Ez da uneon ardura digun Oso latza izan da liburuaren zioa. Mendigurenen liburuak herri honen pathosa ezagutzeko bidean paratzen gaitu. Nire abururako, irakurlearen obsesioak munta handia dauka –edo izan behar du– jakin-nahi horretan. Izan ere, literatura –kazetaritza kronikak ere bai– bizitzaren isla besterik ez da, edo hala behar du izan.

Historiaren bilakabidean, herri honetako aldian aldiko herritar anitzek jasan duten zorigaitza dela medio –zori gaitza inondik ere–, liburuak irakurlea paratu du torturaren fenomenoa ezagutzeko bidean. Hogei urte inguruko irakurlea bereberki. Garai hartan estatua-sistemak latz praktikatu zuen torturaren zioak ezagutzen lagundu liezaioke. Horien nondik norakoak –edo horietako zenbait behintzat– eman nitzake ezagutzera. Alabaina, argibideak eman baino ez ote nukeen bidea ilunduko?
   Oharra: galdera gisa paratu dut. Oso latza izan da liburuak galderak eurrez iradokiko dizkizu. Horiei guztiei erantzun moduko bat ematen badiezu, zorioneko zu. Zorionekoa zu, negarrezko haran-ibar honetan.

Off the record

Izaera “ofizial” gabeko hausnarketa amaitzeko: torturari buruz gogoetatua eta Oso latza izan da liburuaren irakurraldiak iradokia. Joseba Sarrionandia idazlearen –torturatua bera ere– bizipen eta berben ildoan paratuta.
    Asteasuko Joxe Arregi etakide izan zena gogoan, honela dio iurretarrak: “Ez da erraza tortura kontatzea. Intimitate bat da”. Joxe Arregi burkideari “esker”, tortura ere maitasuna legez gogoratu dezakegu. Hots, iruntzitara. Iraganeko kontua izan arren agertu dakiguke etorkizunean berriz ere. Baiki, oso latza –izan– da tortura. Eta are latzagoa, bere larruan bizi izan duenak bere baitan badarama berau kontatu gabe.
   Errenteriako Ion Arretxe zenaren A la sombra del nogal liburuak lagundu diezaguke torturaren fenomenoa ezagutzen. Honela dio iurretarrak: “Liburu horrek idazteko ofizioari dagokionez, benetakotasunaren kezka berpiztu dit. Ez duzunean bizi zerbait, fikzioaren bidez soluziona daiteke, literatura eginez. Bizi izan duzunean, zailagoa da: nola kontatu? Asmatzeko eskubidea kentzen diozunean zeure buruari, halako situazio larrien testigantza ematea oso zaila da. Kontaezina da. Lotsagarria ere bada eraren batean. Igual horregatik dago milaka torturaturen hain testigantza literario gutxi. Fikzio literarioa beharrezkoa eta ederra izanda ere, iruditzen zait literaturak –batez ere estereotipoz eta klitxez betetzen diren gaietan– Ionek dakarrena bezalako benetakotasunak behar dituela”.

  Joseba Sarrionandiaren aitortza eta azalpena aintzaz hartu ditugu. Eiki, bizitza latza da, bizitzea arriskutsua da. Ez da erraza tortura kontatzea. Intimitatea da. Norberaren bizimodu sexuala bezalakoa, are intimitate larriagoa izan ere. Hildakoek ez dute heriotza kontatzen, erakuskeria hutsa litzateke.

Azkenik

Nire ustea duzu, eta ustela ere izan daiteke. Uste ustela beraz. Ziur aski, uste delako hau ez da beti estatistikoki betetzen. Hauxe nire gogoeta: inoiz torturatua izateko zorian bazaude –zorigaiztoko zoria inolaz ere– eduki ezazu zer kontatua. Torturatzaileen nahia bete beharko baituzu. Dakizuna kontatzen badiezu edota kontatzen trebea bazara, itaunketa latzaren tunelaren barrena zaudela –izuen gordelekuetan barrena–, torturatzaileek espero-desio duten erantzuna asmatzen baduzu, heriotzatik salba zaitezke. Ezer gutxi baldin badakizu, herioak zurea egin du.

Baliteke nire gogoeta hori ustela izatea. Alabaina, Joxe Arregik bezala, Mikel Zabaltzak, Esteban Muruetagoienak edota Gurutze Iantzik torturatzaileen jakin gura betetzeko, gogobetetzeko, asebetetzeko… ezer gutxi zekiten. Ia-ia deusik ez zekitela erranen nuke.

Tortura sistematikoa ez ezik, sistemikoa ere bada. Ez da soilik modu sistematikoz aplikatzen den jarduera ankerra, bada ere sistemikoa. Hots, sistemikoa sistema-estatuaren osotasunari dagokion izaera duzu. Izan ere, aldez edo moldez, guztiok gara estatuaren-sistemaren parte. Hainbesteraino parte izan ere, hainbestetan, ezen eta estatuaren aurkako gure oldarraldia sistemaren beraren indartzailea bihurtzen dugula.


Utzi iruzkina: