Gerra hotsik gabeko arrasto odoltsuak

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2020-12-07 11:17

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1607337066142

Ene herri txikia

Gaël Faye (Petit Pays)

Itzulpena: Irati Bereau Baleztena

Igela, 2019

 Gerra hotsik gabeko arrasto odoltsuak

Gerrak deklaratu eta muturreko egoera odoltsu batera iristen direnean, atzera egiterik ez denean, bai inplikatuek bai berau modu pasiboan hari begira daudenek galdera egiten dute. Gerra krudela piztarazi duen arrazoia oso sakona eta munta handikoa behar duela izan pentsatzen dugu.

Gabrielek (Gaël Faye idazlea) galdera asko zituen eta bere aitak honela azaldu zion gerraren zioa:

– Tutsien eta hutuen arteko gerra zergatik da, lurralde bera ez dutelako?

– Ez, ez da horregatik, herri bera dute.

– Orduan… hizkuntza bera ez dutelako?

– Ez, hizkuntza bera dute.

– Orduan, ez dute jainko bera?

– Bai, jainko bera dute.

– Orduan… zergatik egin diote gerra elkarri?

– Sudur bera ez dutelako.

Ruandan genozidioa izan zen 1994. urtean. Bi etniako partaideek elkarren kontra egin zuten odola burrustan isuriz. Milaka izan ziren hildakoak, matxete kolpe soilez hilak –su-armak apenas erabili gabe–. Tutsi eta hutuen arteko sarraskiak marka berezia da giza historiako orrialdeetan. Funtsean, tutsien genozidioa izan zen. Inork ez zuen uste XX. mendean halakorik gerta zitekeenik.

Ruandako genozidioa munduan zeuden beste gatazken artean oharkabean pasako zen, tutsiek bereziki eragindako triskantza hain “ikusgarria” izan ez balitz. Matxetez xehatutako guztiak ez ziren hil, baina telebistek zabaltzen zituzten giza orbainek eta zauriek gogoa urratu ziguten, gerra haren erraiak eguneroko jangaiak mikaztu zizkiguten.

Ene herri txikia nobela gertakari lazgarri lekuko aparta da, Gaël Fayek idatzia. Ruandar-frantziarra da. Musikari eta idazlea. 1982an jaio zen, Bujumburan, Burundiko hiriburuan. 2015etik Kiligan bizi da, Ruandako hiriburuan. 2018an argitaratu zuen Petit Pays nobela. Irati Bereau Baleztenaren itzulpenari esker Ene herri txikia bihurtua.

Afrikari buruzko edozein liburu batek berebiziko arreta eskatzen du, berean kontatzen dena ongi kokatzeko. Esaterako, Gabriel, idazle eta protagonista, Burundiko Bujumburan hiriburukoa da, baina aita, Michel, Jurako frantses kumea, Afrikara halabeharrez zerbitzu zibila egitera joandakoa. Ama, berriz, Yvonne, ruandarra, errefuxiatua da han. Familien zuhaitz genealogikoek askotariko abarrak dituzte, eta kasu honetan, Gabrielen nerabezaroko gazte kuadrilla halakoxe duzu ere: jatorri askotarikoa.

Nobela honetako protagonistak, Gabrielen familiako kideak, aita eta ama, Ana arreba, osaba eta izebak dira, baina bereziki, nobela nerabe kuadrilla baten inguruan osatzen da. Gaby edo Gabriel, Pacifique, Prothé, Gino, Jeanne, Francis, Donatie… Gazte hauek Ruandan bizi dira, baina Europako kulturak “trenpatuta” bizi dira, musika dela, zinema dela eta…

Hala berean, mendebaldeko kulturak kolonizatutako pertsonak dira, europar kulturaren identitatea daramate, eta aldi beran, antzinako kultura edo hainbat kulturen arrasto sakona. Pertsona edo pertsonaia hauek berezko nortasuna batekin bizi dira, bereziak dira, eta bakoitzak berezko marka dauka. Nobelako pertsonaiak lekuko.

Nerabezaroan hormonak dantzan jartzen diren garaian, zoriona gailentzen da. Nerabe haiek, nerabe guztiak legez, ilusioz beterik zeuden. Alta bada, nerabeak bere sekretua gorde ohi du. Nork bere ametsak izaten ditu eta lotsaz edo berekoitasunez ez ditu ondokoarekin partekatzen.

Nerabezaroan bizi dugun testuinguruaren arabera ikasten dugu bizitzen, harremanak lantzen. Irakurri nobela, ez zara damutuko. Europarron testuinguruaren eta kultura anitzen aldean, Ruandako istorio honenak argibide asko eskainiko dizu. Francis nerabea, ausarta eta lotsagabea, mesfidantzak sorrarazten ditu nerabe kuadrillan. Honela dio Gabrielek:

“Damutu nintzen Francisez gaitz pentsatu izanaz. Gu bezalakoa zen, ni bezalakoa: haur bat baino ez, ahal zuena egiten zuen beste erremediorik uzten ez zion mundu batean”.

Zaila zait nobela hau deskribatzea, Ruanda gerra latza ondo baino hobeto kontatzen duena. Beraz, Gaël Fayeren lerro esanguratsu zenbait ekarriko ditut hona azkenik, nobelara hurbiltzeko lagungarriak direlakoan:

“Ruandan, gauzak hark, gerra ez zen gauza hark, hiru hilabete luze iraun zuen. Ez naiz gogoratzen zer egin genuen hilabete haietan. Ez naiz gogoratzen ez eskolaz, ez lagunez, ezta eguneroko biziaz ere. Etxean, laurak elkarrekin ginen berriz ere, baina zulo handi batek irentsi gintuen bai gu bai gure memoria”.


Utzi iruzkina: