Gazte ero horiek: ordukoek ez zuten ezer irabazi eta gaurkoek dena utzi diote galtzeari

Gazte ero horiek:  ordukoek ez zuten ezer irabazi eta gaurkoek dena utzi diote galtzeari Begizolia | 2026-07-24 20:17

Gazte ero horiek:  ordukoek ez zuten ezer irabazi eta gaurkoek dena utzi diote galtzeari

Garondoan

Gorka Bereziartua

Alberdania (Narrazioa)

Sar hitza laburra

Garondoan nobela Gorka Bereziartua (Hernani, 1984) eleberrigilearen lehen lan literarioa duzu. Beno, ez da guztiz horrela, stricto sensu erranik ulertu ezazu. Kazetari zaildua, kazetari iaioa, kazetari ohia. Zertan diharduen egun, bada? Ez jakin. Unibertsitatean, naski. Pentsamenduan murgilduta betiere. Hernaniar hondarribitartua duzu gaur egun. Hor nonbait.

Nobelaren gaineko premisa zenbait

1. Liburu onek –liburu interesgarriek– bigarren irakurketa behar dute. Liburu (h)onek irakurketa bat baino gehiago eskatzen du, baita irakurle (h)onek behar ere.

2. Garondoan nobelak 300 orrialde bildu ditu eta beste hainbeste batu lezake. Berean dagoenaz besteko atal gehiago gehitu lezake idazleak –bost atalez osatuta dago–, hala nola, hainbat pertsonaiaren izaera osatuagoa eskaini ere bai.

3. Alabaina, gaur egun, euskal gatazkaren gaineko 300 orrialdeko eleberri bat
–idaztea– ez da azaren azpiko orria. Topiko batez erranik: Garondoan ez da gauerdiko ahuntzaren eztula. Ez horixe!

4. Nobelako hainbat pertsonaiak, bizitza –eta bizia– arriskuan jartzen dute: bereak, beren lagun eta senideenak, baita, eta batez ere, euren etsaienak.

5. Western baten esaldi bat desitxuratuz, hauxe iradoki dit nobelak: “Bizitzan batzuek pistola darabilte eta beste batzuek idazten dute”. Hainbat iradokizun artean, batto.

Sinopsi labur bat

Bartzelona. Idazle donostiar bat. Lehenbiziko nobela argitaratu du:
Despestar. Arrakastatsua. Inbidia moduko bat sorrarazi du bere inguruan. Kontua: topikoa hau ere, idazle baten arrakastaren errebalida –literaturan finkatzea– bigarren nobelarekin lortzen da. Ordea, izen gabeko idazle
hori noraezean dabil –nobelan izengabea, erran nahi dut–. Ideia sendoak falta zaizkio, ideia eskasetan barrundatzen da. Horiek horrela, endemas, anartean, ETAk bere aita hil egiten du. Donostiara itzuli da, halabeharrez. “Aita hil dutenak” ikasle garaiko lagunen artean daude edota leudeke. Hiltzaileak bide dira. Hala omen. Donostiara itzuli ez ezik, iraganera ere itzuli da idazle donostiarra, Institutuko eta Unibertsitateko garaira. Bien bitartean –literaturan denbora zehazgabea ez ezik, maiz, kontu zehazgaitza da–, bigarren nobela idazten hasi da, nobela bat idazten ari dela ohartu barik. Hor nonbait. Alex eta Alizia dira Garondoan nobelako pertsonaia nagusiak. Haatik, pertsonaia anitz dira nobelan. Anitz eta askotarikoak. Hala berean, nobelaren kontalariak/narratzaileak deskribagaitzak dira, baita pertsonaiak ere.

Formari buruz

Nobela honen forma –eduki antzeman gaitz bati eusten diona– ez duzu samurra. Konparazioenera, bere kontakizuna ez da lineala. Are, nobelaren kontalaria ez da bakarra. Areago, zenbait unetan nor den jakitea kostatuko zaizu. Edonola den ere, formari dagokionean nobela originala da. Originaltasuna funtsezko ezaugarria duzu literaturan, literatura izanen bada, baita berau baloratzeko unean baitezpadakoa.

Honatx formari antza hartzeko/emateko lerro zenbait. Kasu, ordea! Nobela baten “forma”-ren gainean jarduteak –egiten ari naizena– nobelaren beraren edukia lanbrotu dezake, nahastu alegia. Originaltasunak baditu bere arriskuak. Erran nahi baitut: literaturan, sarritan, formak berak desitxuratzen du edukia. Idazleak pertsonaien identitatea bere osotasunean ezin zerturik, euren nortasuna guztiz ezin osatuz, idazleak bere burua nobelaren forman “babesten” du ezinbestean.

Alex dugu protagonista. Pertsonaia osatuena. Fikziozko pertsonaia bat fikzioaren beraren baitan. Izan ere, baliteke Alex inoiz existitu ez izana. Bartzelonatik bueltan heldu den idazleak sortua dukezu, baita Alex bera Despertar liburuaren egilea ilusio "hinoptiko" bat izatea. Nolanahi ere den, artean, idatzi gabe dagoen Garondoan nobelaren egilea –edota kontalaria– izan daiteke, Alex bera izan ere, alegia. Alta bada, hori ere ez da garbi, ez da argi.
     Alizia etakidea duzu beste pertsonaia bat, nagusia hau ere. Alizia pertsonaia osatugabea(agoa) da Alexen aldean. Alexen bikotea da Alizia. Bikote afektiboa.

Garondoan Gorka Bereziartuaren nobela da, eta neurri batean –itxura batean ere bai– autobiografikoa ere: Hernani, Donostia, Bartzelona eta Bilbo, nobelaren hala nola idazlearen biografian daude. Printza bat: Alexi aitari hil diote. Bereziartuak Aitari dedikatu dio nobela. Alex Gorka izan daiteke. Gorka Alex izan daiteke. Ez Alex erabatekoa. Bistan da. Ez horixe! Bristada literario bat joan zait. Edo bristada literario gisara entelegatu ezazu. Formaz ari gara, formal izateari uko egin barik. 

Garondoan nobelaren gibelean, bere eraikuntzan –literatura artefaktua bada, Garondoan berebiziko artefaktua– badira aspektu seinalagarriak. Bat, nobelaren beraren estiloa. Gainera, nobelan ez dago estilo –idatz tankera– bakarra. Hainbat idatz molde zertu ditu eleberrigileak. Nire uste eta gusturako, lehen eta azken zatiak –bost zatik osatzen dute Garondoan; errana dut jada– ezberdinak dira besteen aldean. Ez da zehatz-mehatz horrela ere, batez ere, bosten artean hirugarrena besteetatik nabariki desberdintzen dela erran nahi dut.

Idazleak –Alexek/Gorkak– hirugarren ataleko pasarte askotan iragan geroaldia edota ahalezko geroa idatz-moldea darabiltza eurrez. Ez naiz horrenbeste idazlearen idazketa manera horren egokitasuna baloratzen ari, ez kritikatzen ere. Ostera, idazleak (Gorka Bereziartuak) Alex protagonista –gure– imajinazioan dagokeen pertsonaia bat izan daitekeela baieztatzeko manera dukezu. Hipnosia suerte bat. (Gure) kontzientziaren egoera berezia.

Nobelaren idazketan aldiak eta aldiak daudela nabaritu dut. Demagun
–demagun betiere–, hasierako eta bukaerako atalen artean hamar urteko aldia dagoela. Bertze gisa batez ikusita, hauxe: Garondoan artefaktua bozetoz osatuta dago, zirriborroz bertze alde. Dena dela ere, gehienak edota funtsezkoak nobelan daude. Tira, batek daki, nireak susmoak besterik ez dira. Baliteke bozetoren bat edo bertze liburutik kanpo geratu izana. Literaturak zer pentsa eman behar digu, baldin literatura izanen bada.

Idazlerengana amiñi bat gehiago hurbilduko naiz, eta atrebentzia apur batez hauxe gehituko: kazetari lanetan ezagutu dudanez gero, nobelan kazetaritza-idazketaren kutsu saihetsezin bat nabarituko ote zen/nuen nengoen. Espero nuena baino askoz gutxiago antzeman dut. Arestian erran bezala, nobelaren prosa ez da bera nobela osoan. Nire gustuko, literatura ona hitz lauz idazten da. Hara memelokeria. Erran nahi dut, hitzen lautasuna berealdikoa zaidala literaturan. Hori baina, ez duzu aise erdiesten. Garondoan eleberrian badaude literatura-pasarte ederrak. Pentsamenduaren ildoan zertuak, berezko estetika transmititzen dutenak. Ez naiz ausartzen esaten, pasarte ugari horiek berezko poetika bat helarazten dutenik. Ez ote? Bai, naski.

Nobela bat ona edo egokia izan daiteke, bere estetika edota poetika apartekoak ez badira ere. Nobela onaren ezaugarriak bestelako osagaiez osatuta daude eta: gaia, trama, egitura, tentsioa… Horiek guztiak ondo uztartzea duzu gakoa. Gorka Bereziartuaren dohainetako bat, barrokismoa da. Barrokismo suerte bat. Berea. Narratzeko bere moldeak sotiltasuna eta oreka hausten ditu.

Literatura gure bizitza islatzeko jarduera suerte bat da, jarduera horrek baina ezin du errealitatea osotasunean gauzatu. Alegia, aldian-aldiko pasarteek osatzen dute nobela, baita ez dauden –balizko– pasarteek ere.
Idazleak, halaber –bere estiloaren ariora–, elipsien bitarteko pasarte asko irakurlearen irakurketaren arau utzi ohi du. Nobela honen kasua hori denentz, irakurleak berak ebatzi behar(ko) du.

Gorka Bereziartua idazlearentzat iniziazio-nobela izan daiteke Garondoan. Baliteke. Ez, ordea, irakurlearentzat. Nire uste zuloan, betiere. Ustezko iniziazio-nobela honek estrata malkar estuetan barrena garamatza, korapilo gordiar asko uste ditu lasatu gabe. Areago, estrata horrek “izuen gordelekuetan barrena” eramaten gaitu. Ez gaitezke beldurtu horregatik. Garondoan-ek mundu lanbrotsu bat deskribatu izanagatik, nobela errealista duzu. Ez da nobela beltz hutsal edo tentela.

Edukiari buruz

Garondoan saiakera bat balitz, gisa honetara planteatuko nuke –plantea nezake– berau: Zer dut “Garondoan”en alde? eta Zer dut “Garondoan”en kontra? Ez da kasua, ordea. Zaila dugu nobela bat epaitzea/baloratzea ongiak eta gaizkiak arau. Idazleak, kasuon, euskal gatazkaren auzian murgildurik, balore moralez harago jardun du, manikeismo posibleetan ez erotzeko nonbait. Nonbait edo.

Neronek, ordea, moral molde batez ekin behar diot nobelari berau juzgatzean –morala aldez edo moldez, zeharka-meharka dabilkigu eta–. Ekimen hau ez da inolaz ere, idazlearen lanaren kontrako nire aldetiko "estetika eta etika jardun" moduko bat. Ez horixe! “Juzgatzea” aipatu dut, alabaina, nire helburu nagusia nobela interpretatzea da. Interpretazioa nobela baten gaineko komentarioez osatua izaten da, iruzkin moduko bat gauzatu aldera.

Nobelaren hasierako lehen paragrafoak hizpide

Lehenbiziko paragrafo labur horiek ederto batean adierazten dute nobelaren arrazoia eta funtsa:

1. “Garaipenaren eguna berdin bizitzen dute irabazle guztiek. Derrota berriz, galtzailetako bakoitzak bere modura bizi du”.
     – Ez nator bat, ez guztiz bat. Normala ere bada, ezta? Bat ez etortzea, alegia. Irabazle guztiek ez dute berdin bizitzen “garaipena”, denek ez dutelako “garaipena” berdin sufritzen. Galtzailetako bakoitzak modu ezberdinez bizi duela, erran gabe doa.

2. “Kontatu beharko dut hau dena –euskal gatazkaz ari da narratzailea– dagoeneko jende gehiegiri inporta ez zaion arren”.
     – Aitormen latza, baina zintzoa. Gainera, kontalariaren aitormena baino, idazlearen beraren aitormena begitandu zait. Izan ere, hori onartu gabe nobela zinez txar bat idatziko luke eleberrigileak. Nobelako pertsonaia nagusien ildoan idatzi ere, fenomeno sozial-politiko armatua zertu duten azken belaunaldiko kideen ildoan, etakideen idealismo hutsalaren ildoan.

3. “Hogeita zazpi urte neuzkan eta ez nuen inor hil. Ezagutzen nuen gauza bera esan ezin zezakeen jendea”. 
   
    – Nobelaren grazia –nobela honetan bizitzen dena desgrazia den arren– zertan datza? Zein da bere euskarri nagusia? Thriller nobela bat ongi garatua izatea? Trama ongixko zertua izatea? Hizkuntza doitua izatea? Bada ez. Ez horiek bakarrik. Nire aburuan, betiere. Izan ere, arestian erran bezala nobela lanbrotsua da.

    – Nobela honen oinarrian idazlearen esperientzia dago, euskal gatazka deitu fenomeno sozio-politikoari buruzko  nolabaiteko "eskarmentua". Zeharka-meharka, zuzen edo artez, aldez edo moldez, Gorka Bereziartua "gatazkan" bizi izana baita. Joxe Azurmendiren Oraingo gazte eroak saiakerako belaunaldikoa da.
      Amaiera aldean bueltatuko naiz liburu horretara. Niretzat, saiakera hori funtsezkoa baita nobela hau “ulertu aldera”. Ulertzeko diot. Ez baitut “ontzat” jotzen saiakera horrek euskal gatazkari buruz ematen dituen ikuspegia edota interpretazio moldea.

4. “Orduan ez nion garratzi handirik ematen”, dio azken paragrafoak.

"Zergatik?" galdetu dio narratzaileari bere izatearen ifrentzuak edota barne ahotsak.

Oharra: Zergatia nobelan daukazue.

Adin batean, gazte garaian, mundura esnatu berri diren belaunaldi berriko partaideek, mundua beraiekin hasten dela pentsatzen dute. Pentsatzen badute, gaitzerdi. Uste dute. Sinisten dute. Belaunaldiz belaunaldi –euskal gatazkaz edota kausaz ari gara– osatuz joan diren doktrinen ildoan ikasi dute “pentsatzen” heldu berri gazte horiek. Areago, ez doktrina bakar baten ildoan. Ez, ez. Azkeneko belaunaldiko gazteek aurreneko belaunaldikoen doktrina inarrosi eta astindu ahala osatzen dute berea, beren doktrina, beren hausnarketa are ortodoxoagoa bihurtuz, baita euren jarduerak are gogorragoak eta krudelagoak bilakatuz ere.

Garondoan nobelako pertsonaiak, ETA fenomenoaren azkeneko belaunaldiko etakideak dira. Millennials deituak, 1980ko eta 1990eko hasieren artean jaioak; ETAren azken belaunaldia. ETAren lehenengo belaunaldikoak, berriz, 1946-1964ko urteetakoak –izan– ditugu: Boomerrak deituak. Lehenengo gazte eroak, ero haiek, eta Azkenengo gazte eroak direlako hauen arteko aldea, alde generazionala da.
    Oharra: lehenengoen eta azkenengoen ekintzen “egokitasuna” dena dela ere, jendarteak berak determinatzen du herrikide horien erotasunaren eta heroitasunaren tasuna. Bortxaren tasunaz ez daukat deus erran beharrik. Tira, irakurle norberak erran dezan berea.

Gatazketan garaileak eta galtzaileak izaten dira. Ordea, bi aldeetan garaileagoak eta galtzaileagoak daude, alde bakoitzeko hierarkiaren araberakoak betiere. Nobela honetako galtzaileen artean, Inaxio Jauregi dago –bere familia barne, prefosta–, ETAk hiltzen duen enpresaria. Alexen aita. Aita eta semea bi bandoetako partaideak izanagatik ere, biak ala biak galtzaileak dira.

“Irabazleak” eta “galtzaileak” edo “lehenbizikoak” eta “azkenengoak”. Horratx terminologia doktrinarioak. Doktrinen terminologiak berebizikoak dira gerrak eta gatazkak elikatzeko. Omen, irabazleek kontatzen dute historia
–gertaerak, alegia–; benetako historia beren ustetan. Galtzaileek, berriz, berea taxuz kontatu ezinean, irabazleen kontakizuna –errelato delakoa– gezurrezkoa dela diote. Funtsean, baina, nire aburuz, gatazketatik edota gerretatik bizirik ateratzen direnek kontatzen dute historia: superbibienteek; bizirauleek, alegia.

Alex da biziraule horietako bat. Historian –istorioan, fikzioa den aldetik– bizirik jarraitzen duen pertsonetako bat, Garondoan nobela idatzi izana posible egin duena. Erran nahi baitut: bizirik jarraitzen dutenek kontatzen dute historia. Historia –eta istorio koherenteak– kontatu izaten dute berau gehien sufritu izan dutenek, bizi guztirako erredimituak izateko kondenatuta daudenak.

Alex pertsonaiaz beste edota batera, Alizia dago. Ez dut espoiler eginen,
uste dut klaru dagoela dagoeneko nor den istorio honetan Alizia. Lagundu aldera: Alizia etakidea nobelaren azalean ageri da, ageri zaigu. Bisaiarik ez duen pertsonaia –liburuaren azalak ongi ilustratzen du izate hori, ongi ilustratzen duenez–. Etakide hiltzailearen aurpegia ezezaguna da, alegia. Hiltzailea pertsona bakarra izanagatik,
hilketaren alde dauden guztiak bera direla adierazteko modu bat izan liteke –nire burutazioa duzu–.

Kasuon, nobela honetan, bi aldeetan, demagun –demagun betiere, iruzkin hau fikziozkoa baita– gu ETAren aldekook, gure torturatzaileei –gure hiltzaileei– bisaia jartzeko gauza –izan– gara. Aitzitik, ostera, artean, ez gara gauza izan gure buruari bisaia jartzeko. Hots, gure izate hiltzaileari aurpegia jartzeko. Ironiaz bada ere, eta bakartu sarkasmoa, hori aurpegihandia! Etsaiek erran lezaketenez, que cara dura(s)!

Nobelaren bosgarren (V) atalaren barrena

Hariak hari, Jorge Oteizak ere badu tokia nobelan. Oteiza pertsona eta pertsonaia bereiztea arrunt zaila
izaki –irakurri ezazu pasarte hori, hagitz interesgarria da–. Haatik, inork Zer dugun Oteizaren alde edota Zer dugun Oteizaren kontra saiakera idatziko balu, lan erraldoia eginagatik ere, harekiko aldekotasuna eta kontrakotasuna erraz antzean antzeman litzake.

Horietako batto emanen dut aditzera, “kontrakotasuna” kasurako: Jorge Oteiza da euskaltasunari dagokionez,  euskal jakintsuen –elitearen pentsamendua– pentsamenduaren eredu behinena. Beno, izan liteke. Oteizak euskal arimaren interpretazio estetikoa egin zuen –saiatu zen–, euskaldunon arimaren lengoaia ezagutu gabe. Areago, gainera, lengoaia hori bera esplikatzen saiatu zen, eta erridikulu galanta egin zuen. Nire gardiz, aspektu hori arras garrantzitsua da euskal tragedia ezagutu aldera, euskaldunon arteko gatazka bortitza delakoa entelegatu aldera.

Hariak hari, metaforak metafora, nobelaren gaineko hausnarketa itxi aldera, euskal gatazkari buruzko tesi bat gauzatzeko gaia eman nahi dut: Mikel Lasa poetaren Dana eta Nada delakoa ekarri nahi dut zirkulua osatu aldera.  Dana eta Nada delako bitasunak "ederto" batez adierazten du gizakion aiurria, baita gure kasuan, euskaldunon kausa, auzi tragikoa eta dramatikoa. Tesirako izenburua: Euskal metafisikaren paradigma.
      Euskara ulerterrazago batez errana: "Dena ala ezer ez". Horixe euskaldunon paradigma.

Nobela honetan badago zer interpretatua. Nork bere modura eginen dut, nik nirera. Berbarako, izenik gabeko idazleak Despertar nobelari esker lortu du behin-behineko arrakasta –errana dut jada–. Garondoan-en, azkenengo etakideen ponentzia –idatzita– dago: Lanbroa izenburukoa. Idazleak –Alex Jauregik edota Gorka Bereziartuak idatzia– euskal gatazkaren ordenari kritika eta gogaitasun politiko baterako oharrak dituzu. Ez dut ponentzia ezbaian ipiniko hemen, bistan da. Ez da tokia. Erratea ere! Bego hor.

Despertar nobela buruan, HBko Iratzar ponentzia heldu zait akordura. Literaturaren magia, hor nonbait. Baita kontrakarrean garaile atera zen Oldartzen ponentzia ere. Sufrimenduaren sozializazioa indarrean jartzea ahalbidetu zuen ponentzia. Ur haietatik lohi hauek! Belaunaldi etengabe eroak, hots.

Alexek –Gorkak ere, beraz. Nork bere neurrian eta taxuaz– honela diosku:
    – Gaur ez dugu ezer irabazi, Gaur dena galtzeari utzi diogu.

Alex bere izatearen ifrentzuarekin ari da hizketan, bere antonimoarekin, bere kontzientziarekin, naski.

– “Norbaitek ulertuko zuela espero zenuen”, erran dio barne ahotsak Alexi.
– “Ezta hori ere. Baina zerbait esan beharra neukan. Zerbait sinplea, zuzena, iradokitzailea".
– “Egiazkoa? (Balizko kontzientziak diotso)

Zure historia. Gure historia. Alexen historia. Gorkaren historia. Gure historia berria idatzi dute Aliziaren istorioaren idazleek. Garondoan, kasu. Kasu era berean: Garondoan askok idatzia da. Alex eta Gorkaz beste, erran nahi dut. Idazten ez duen Aliziak ere idazten du Garondoan

Aliziaren inguruan bi hitz, ia-ia ez baitut deus erran berari buruz. Nobelak ez du sakontzen bere nortasunean.
Alta bada, nobelak haren izatearen gaineko arrasto fin bat laga dit: Alizia da nerabe-gazte garaian bullying jasandako andrea, pertsona, etakidea kasurako. Pistola sakatzen/desarratzen duen etakide marjinatua. Zenbat halako ETAren historian!

Badago Alexen nahiz Gorkaren kontzientzian kulunkatzen den izaki donge bat: gure erraietan iraulkatzen den izakari bat. Txerriak edo astoak lohian ihalozkatzen diren bezala, zenbaitetan, halaxe ihauskatzen gara humanook ere gure miserietan. Eta. Ere. ETA.

– “Saia zaitez zehatzagoa izaten, Mikel”, erran dit nire kontzientziak.

Nobelako azkenengo lerroetan Dinosauroak heldu zaizkio Alexi gogora. Augusto Monterroso idazlearen
El Dinosaurio ipuin labur-laburra hizpide dauka Garondoan nobelaren idazleak –Gorkarekin eskuz esku idatzia–:

Honelaxe ari duzu narratzailea, bere kontzientziarekin ari, naski:

– “Monterroso gezurretan ari zen, hori da esan nahi dudana. Esnatu zenean, dinosauroa jada ez zegoen han”.
– Beharrezkoa al da, beharrezkoa al zait Monterrosoren ipuina nire modura azaltzea?
– “Ez dut nahi”.
– Ez dago zure esku, berak egingo du.
– “Ez dut nahi benetan”.
– Beste zerbait probatu beharko zenuke.
– “Nahi duzuna. Esan, zer”.
– Liburu bat idatzi zenezake.
– “Ez dakit gauza izango naizen”.

Literatura dugu gure bizitza interpretatzeko baliabidea. Munduan gertatzen zaiguna, alegia. Irakurle bakoitzak
El Dinosaurio ipuin laburraren interpretazioa egina izanen du, naski. Hauxe nirea:

Dinosauroa “errealitatea” da. Lotara joan zara, lo luze eta sakona egin duzu, amets ugari egin ere. Zure ilusioak, zure nahiak, zure nahikariak eta nahikeriak “bizi” izan dituzu ametsetan. Haatik, esnatzean, “dinosauroa-errealitatea” hortxe bertan duzu. Zegoen toki berea. Errealitatea halakoxea da. Errealitatea da, dagoena. Komunzki errealitatea latza da. Errealitatea latza da, berez. Norbanakook ezin dugu errealitatea aldarazi gure idealismo hutsen bitartez. Eta abar, eta abar, eta abar…

Ez, ez, neroni ez naiz Garondoan idazteko gauza, baina iruzkin hau idazteko gauza izan naiz. Atx, ez dut oraindik bukatu. Arestian aipatu bezala, Joxe Azurmendiren Oraingo gazte eroak saiakeraren gainean zenbait kontu errateko baitaukat. Tentuz handiz erran beharrekoak.

Garondoan irakurtzen baduzu, irakurri ere Oraingo gazte eroak; Jose Azurmendiren saiakera. Biziki lagungarria izanen zaizu Garondoan ulertzeko. Errana dut jada oixtian, errana dut aldi berean ez dudala Azurmendik euskal gatazkari buruz errandakoa –eta bizitakoa– ontzat ematen.

“Une honetaz gero, ‘kontrobertsiak’ besterik ez dituzu sorrarazi” iruzkin honen balizko irakurleen artean”, mintzo zait kontzientzia.

Itauna hauxe: prest al gaude hurkoaren aburuak aditu ahal izateko, bai eta euskaldunok elkar errespetatzeko? Zehatzago erranik: euskal gatazka deritzanaren subjektuak izan garenon pentsamolde guztiak errespetatzeko?

Orain gazte eroak saiakeraren azken atala (XV) honela amaitzen da:

– “Politikak gezurra ziok/n, adimena!” (Desengainuarekin hasten omen da Ilustrazioa).

Bai zera! "Desengainua" Errenazimenduarekin hasita zegoen. Errenazimentu ondorengo Barroko aldian jada, kontsolidatuta zegoen desengainua.

Gu geu, XXI. mende honen hastapenean –oraindik ere– bizirik garenok, Ilustrazioaren eta Erromantizismoaren ondorengoak eta ondorio gara. Demokrazia kapitalista totalitarista liberal honen pairatzaileak edo sustatzaileak. Gogozko edo gogoz kontrako sistema horren eusleak. Nola gerta hori ere.

Ilustrazioak desengainatu al gaitu? Bai? Bai zera!

– Dena den –diosku Azurmendik–, berriz ere, egia da asko ez ditugula ulertzen, baina (zenbatgarren puntua?): mila koloretako, ‘‘gazteak harritzekoak datoz?’’ berriro…

Milurteko berriaren atarian horrelaxe gaztigatu gintuen Joxe Azurmendi pentsalariak: ‘‘Gazteak harritzekoak datoz?”. Eta heldu ziren gazte berri eroak.

Gorka Bereziartuak Garondoan nobelan deskribatzen dizkigun gazteak, apika. Eroak? Zoroak? Zentzunak? Burutsuak?

Azurmendiren saiakeraren XIV. atalaren azken hitzak ez ditut aipatu. Honela diosku filosofo zegamarrak:
“Ez dugu ezer ikasi”.

Hori ere erran beharra neukan, noski. Baiki, historia, filosofia edota literatura bera interpretatzen ari naiz, eta hain ziur mal-interpretatzen ere bai. Zenbatgarren puntua, jada?

Post Scriptum

Egundainoko post scriptum madarikatuena idaztear nago, idazteko zorian. Zorian? Noren zorionerako?
“Ea gizona. Aurrera bolie!”.

Joxe Azurmendik iragarri izan zituen gazte eroak, belaunaldiz belaunaldi errepikatu izan ziren/diren gazteak, enegarrenez munduratuak, enegarrenez zanpatuak irainduak eta laidoztatuak, gazte horiek beraiek Unibertsitateko ikasgelan baino ikusi ez zituelakoan nago, edo pasilloetan baino ez zituela gurutzatu –esateko manera bat da, ulertu dezakezu halere–.

Joxe Azurmendik baina –Unibertsitateko irakasle denek bezala– bere gela parean “zuhaitz erraldoi bat zeukan”, basoa ikusten uzten ez zion arbola potoloa. Areago, bera –eta bera bezala gainerakoak– ez zen jaisten eta joaten basoan barrena, basoa bera zeharkatzera. Ez naiz hasiko orain esplikatzen basoko “izuen gordelekuetan barrena” joatea zein krudela den, jakina.

Baita zein nekeza den norberak bizi duena –edo bizi uste duena– azaltzea. “Ea, gizona. Aurrera bolie!”.

Garondoan nobela irakurtzean, ezin izan dut disoziatu Alizia etakideak hiltzen duen Inaxio Jauregi enpresaria
–espoilerra fini da guztiz– eta ETAk hil zuen Joxe Mari Korta enpresaria bera. Ezin fikzioa eta errealitatea disoziatu eta bereizi, alegia. Eta? ETA?

Bada hauxe: nik neuk –“kontuz oroitzapenekin, kasu emaiok memoriari”– honelako hitzak entzun nituen publikoki Joxe Azurmendiren ahotik, ETAren aldiari buruz lehen aldikoz –masomenos; nire ahalean interpretatuak:

– Joxe Mari Kortaren hilketa ETAren iraganaren eta geroaren arteko mugarri baitezpadakoa da.

Horixe hedabideetatik jaso nuena, nik entzun nuena. Badakigu aspaldian jakin ere, hedabideek ez dutela ongi komunikatzen. Gezurra sakatzen dute, nik barne.

Kontua hauxe, hauxe ere bai: zein hilketa bitarte hasi zen –hasi beharra zegoen– ETAren iraganaren eta geroaren arteko mugarria finkatzen?

Bat ipiniko dut –izan badira mugarri anitz gure historian–: ETAk Rolando kafetegian 1974ko irailaren 13an Madrilgo Correo kalean bonbaz eginiko atentatua. Atentatuaren ondorioz 13 pertsona hil ziren. Zaurituak 70 baino gehiago izan ziren. Hots, "gertaera" hura ere mugarria izan zitekeen.

Egileak garai hartako euskal gazte booomerrak izan ziren. Gazte ero haiek: ordukoek ez zuten ezer irabazi eta oraingoek dena utzi diote galtzeari.

Ordu haiek edota gaurko hauek.

Horiek.

Horietan guztietan Guk izanikan ere.


Utzi iruzkina: