Gauaren zaintzailea eta irudimen-ebaslea: bizitza izate sistemikoa bihurtu izanaren zergatiak ulertzeko nobela
Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno
Elkar, 2016
Literaturaz kanpo edo estra-literaturaz (I)
Ukabilak eta loreak, Hotz industriala eta Iragan aterbea kontaerak irakurrita neuzkan; dauzkat. Euren idazlea “aparta” begitandu zitzaidan, narratzaile bikaina. Alabaina, ez aintzakotzat hartua edo ez aski ezagutua. Publikoaren aldetik, diot. Izan ere, kritikaren aldetik aintzatetsia edo errekonozitua izan, badago. Kritikariek, bertute –eta laudorio– anitzen artean, haren ahulguneak ere seinalatu dituzte. Hala behar ere, ezta? Tira, nire inpresioak dituzu.
Hamar urte luze dira literaturaren plazara jalgi zela, Julen Belamuno izengoitiz plazaratua hain justu ere. Arestian erran legez, narrazioak leituak nizkion, Gaueko zaintzailea eleberria, ordea, ez. Hamar urte egin dut gibelera. Narratzaileak ez dit huts egin, ezta eleberrigileak ere. Ez horixe! Azal ditzadan zergatiak.
Deus aitzin, pare bat azalpen
Literaturaz kanpo ari naiz, anartean. Nobelaren sinopsia egin behar(ko) nizuke. Haren beraren gertaerak gertakizunak eta ezaugarriak xeheki azaldu. Irakurle zaren horrentzat lagungarriak direlakoan, betiere. Alta bada, hamar urte ez dira alferrik iragan, eta horiek guztiak sarrerako esteketan dituzu. Baita nobelari buruzko kritikarien iruzkinak izan ere: Armiarma-n. Beraz, aski. Soberazkoak lirateke nireak, ezta?
Nobelako istorioaren hainbat ezaugarri
Gaueko zaintzailea duzu nobelaren protagonista. Izenik ez duen pertsonaia. Edo bai? Pertsonaia horrenbesteraino sartu zait nire baitan, ezen eta, nago, hondarrean ez ote diodan izenen bat esleitu. Duda-mudan nauzu. Morroiak aluminio-fabrika bat zaintzen du gauez. Halarik ere, gaueko ez ezik, gauaren zaintzailea da. Gauaren zaintzaile eta irudimen-ebasle. Gaua da bere mundua, areago, bere erresuma. Gauaren jaun eta jabea da. Pribilegio hori aitarengandik jaso zuen, oinordetza moduko bat. Ez, ez… Bere aita ez zen lantegiaren jabea izan, ez horixe. Bera bezalakoa izan zen, morroi bat, langile arrunta. Langile xume eta fidela, horregatik. Halaxe duzu protagonista bera ere.
Aitaren nagusia –lantegiaren jabea– bat izan zen, eta semearen nagusia beste bat da. Jabe berria gaur egun. Honek ere oinordetzan jaso du jabegoa. Hots, aurreko nagusiaren semea da egungo jabea. Protagonistaren aitak iragan bateko langile leialen tasunak eduki zituen. Semeak harengandik jasotako balore horiek gorde eta landu ditu. Ordea, aitaren garaiko nagusiaren baloreak eta egungo nagusiaren baloreak –jabe berriarenak, haren semearenak– ez datoz bat, ezta urrik ere. Gauzak asko aldatu dira munduan, gauza asko aldatu ere bai. Erran nahi baitut, nobelaren aspaldizko horretako jendeen bizimoduak aspalditxoan aldatzen hasi ziren.
Baiki, gauza asko aldatu dira. Horrenbesterako aldatu, ezen eta istorio honetako pertsonaia nagusia –bertan hogeita zortzi urtez lan egin izan arren– ez dela enpresa horretan jubilatuko. Gaueko zaintzailearen istorioa, gure historia sozialaren agerbidea dukezu. Datu asko eta zehatzik eman barik, nobelaren "mundua" zein garaiko den imajinatu dezakezu irakurle –balizko edota hipotetiko– horrek. Alabaina, istorio nobelatua duzu eskuen artean. Hartara, idazleak –narratzaileak–, datu bakar batez zehaztu(ko) dizu hori bukaera aldean. Data –garaia– diru-datu batek argituko dizu.
Literaturaren engainua nola, halatsu literaturaren interpretatzaileona
Nobelaren gertakizunak eman nahi ez arren, nobelaren gertaerak ematen ari zatzaizkit –berboek berek traizionatu gaitzakete–, baita hainbat ezaugarri eman ere. Zaila zait hori saihestea, ageri denez. Hona gaiari atxikiriko zenbait ezaugarri gehiago:
Fabrikaren produkzioa hiru txandatan zertu egiten da. Aluminioa duzu langaia. Fabrikaren parean dagoen gasolindegian ere txandaka zertzen dute berea. Autobide bat dago euren parajean, bariante edo saihesbide deitu horietako bat. Bittor izeneko taberna bat ere badago ingurumarian, herriaren aldirian. Tren geltoki bat ere bai, harantzago. Gaur egun ere halatsu dela? Bai. Bai ote? Bai, baina bertan ez dago jadaneko iraganeko antzeko girorik. Edo ez zait hala iruditu, nobela irakurrita. Edo, neronek, ingurugiro horretako usaina eta adiera galdu ditut dagoeneko. Irakurri nobela eta erran nahi dudan horretaz, agian, batek daki, jabetuko zara. Ingurugiroa arras aldatu zen aspaldizkoan, aldatu da aspalditxo honetan.
Bakartasuna da nobelaren atmosferan gailentzen dena, hausnartzen dena. Bakartia izatea duzu zaintzaile protagonistaren jite berezia, haren hausnarketak halakoak dituzu ere bai: bakardadean zertutako gogoetak. Gauaren maitalea da. Gauak ematen dio zentzu bere lanari. Zentzua edo. Izan ere, lantegiaren bakartasunaren eta ordenuaren maitale obsesiboa ere bada. Ez dago bakarrik, ordea. Isiltasunean ez ezik, izartegian kausitu ohi ditu bizitzeko zentzua eta gogoa. Gogoa eta poza. Ez dut erranen pertsona tristea denik, alabaina… Demagun, bere bisaiaren
–nirea irudimenezko begirada baduzu halaber– iluntasunaren baitan alaitasun molde bat dagoela. Edo antzeman dezakegula.
Bakartasuna hizpide: oro har, egungo pertsonon bakardadea askoz handiago da, aspaldizko horretakoen bakardadea baino. Jendarteaz ari naiz, orobat.
Protagonista, demagun berriz ere, gizon “ikasi gabea” da. Oinarrizko ikasketak baino egin ez zituena. Haatik, pertsona “jantzia” duzu. Munduaren mapak eta planisferioak aztertzen iaioa, ondo baino hobeto ezagutzen du gaueko izartegia. Fabrikaren ezaugarriak bere nahietara eta beharretara egokitu ditu: baldosa zuri-beltzezko lauki erraldoia xake-taula bihurtu du, baita haren bitartez konstelazioaren edo izar-multzoen gainean ibiltzen ikasi ere. Ba ote jakintsuago izaterik?
Gaueko zaintzailea paseatzaile da. Fabrikaren barnean nola haren ingurumarian emandako pausoen hotsak sentituko dituzu haren jarraian. Fabrikaren nabeak zenbatuko dituzu, eta halletik pasatzean paseatzailea munduaren erdigunean dagoela –sentitzen dela– ohartuko zara. Baiki, haren ibilera geldoa antzemanen duzu, baita geldoa antzeman ere narrazioa, apika. Iragan den mundu baten –haren– ezaugarria, naski.
Istorioaren nondik norakoan
Zaintzaileak azken gaua emanen du lantegian, azken lan eguna. Nagusiak –nagusi berriak– hori aditzera eman dio morroiari goiz partean. Iragan urteetan bizi izandakoak bete(ko) ditu istorio lazgarri honen trama eta funtsa. Izan ere, nobela honen gakoa –irudimena, agian magia– gauaren zaintzaileak berregindako oroitzapenetan datza. Iraganeko bizialdien oroitzapenek eta bere errekreazioek zertzen dute giza-historiako istorio hau nobelatzea.
Etorkizun zalantzazkoak eta ziur gabeak ematen dizkiote nobelari tentsioa eta zioa.
Kontenplaziorako dohaina ez ezik, bere begiradaren irrika dela medio
–idazlearen merituak tarteko–, gaueko bakartasunari konpainia ekarri eta eman nahi dio zaintzaileak. Hartara, gaueko bakartasunaren osagarria izan litekeen laguna bilatu –nahi– du gasolindegian. Bilatu, baita aurkitu ere. Emeki-emeki, egonarriz eta tentu handiz.
Iraganeko pasadizoak dituzu horiek. Iraganeko kontuak orainekoak bihurtuak. Narrazioan iraganeko eta oraingo bizialdiak trabeskatzen dituzu eta.
Etorkizuna beste modu batez ikuskatzen lagundu(ko) dion esperientzia bizitzen hasia da “gure laguna”. Gizon bakartia den aldetik, gasolindegiko gaueko langileak, emakumezkoak –Leire Zubeldia du grazia–, harekin hasitako hartu-emanak bizitzaren errutina aldarazi liezaioke. Erran nahi baitut, “gaurik onena ezer gertatzen den eguna da” delakoa ez da inoren uste –edota gura– guztizkoa. Zaintzaileak egun perfektua ezer gertatzen ez den eguna dela prentsatu arren, gaueko bizitzak beste norabideak eskaini(ko) dizkio.
Protagonista bere etorkizunaz behar adina pentsatu ez izana, aitarengandik jasotako bizimoduari segida eman izana, istorioaren ildoan daude. Horrela uste dut. Baita horrela pentsatu ere. Ordea, istorioa nobela bihurtu izanaren gakoa –beharbada–, gaueko zaintzailearen aldaketan datza. Errutinazko bizimoldeari bertzelako tornui bat eman beharra sentitu du gaueko morroiak. Orain arte sentitu ez duen irrika.
Moraleja: isiltasunean eta bakartasunean bizitzen jakitea dohain bat duzu, baina, kontuz, ez betiere. Ez absolutura eramanda, bederen.
Ezaugarriak ezaugarri, tempoa dugu aipagarri
Espazioa eta denbora: gure bizitzako zioaren mugarriak. Espazioa edo ingurumaria kontuan hartu ditut arestian. Denbora hizpide dut orain. Nobelaren narrazioan tempoa berebiziko zio duzu. Iragan denbora eta oraingoa trabeskatzen dira berean. Gure –irakurleon– pentsamenduaren eta imajinazioaren bitartez nahastu ere bai. Beraz, horiek guztiak nobelaren nondik norakoaren eta bere transzendentziaren arabera ebatzi eta trenkatu(ko) dira.
Pultsu eta pultsio horietan datza literaturaren “magia”, bere dohainak. Gaueko zaintzaileak –haren narratzaileak– horiek erdietsi ditu. Interpretatzaile (h)onen gustu eta nahikarietarako funtsekoak. Berbarako, irakurle bati nobelaren narrazioa “motela” begitandu(ko) zaio, beste bati protagonistaren pentsamenduaren eta istorioaren diskurtsoaren artean isokroniaren bat edo bertze antzeman(go) ere bai.
Tempoak edota erritmoak hizpide: azpimarratzekoak dira nobelaren bi aldietako tempoak: zaintzaile-paseatzailearen edota pertsonaiaren beraren tempoa, eta, morroiak fabrika laga eta gasolindegiko neska-langilearengana doanean, harengana hurbiltzen hasten deneko tempoa. Istorioa thriller bihurtzen hasi(ko) da aldi horretaz gero. Hastapeneko tempoa motela da eta geroko tempoa berriz arina. Hausnarketak eta arnasketak azkarrago trebeskatzen dira harrezkero. Tira, nolabait edota hor nonbait.
Oharpen bat: literatura ez da idazlearen zeregin soila, literatura ez da soilik idazleak liburuan gauzatzen –zertzen– duena. Irakurleak osatzen du literatura eta are gehiago osatua izaten da interpretatzailearen –kritikaria edo iruzkingilea ere deitua– lanaren ostean. Bertzerik gabe, aintzat hartzeko oharra.
Gaueko zaintzailea, thriller ez ezik, nobela soziala da. Iragan bateko jendarte baten erretratu soziala –erretratu mugatua edo tamaina txikiko argazkia, bistan da–. Alabaina, garai bateko klase sozialen arteko harremanen gaineko erreflexio esanguratsua duzu, erreflexua edota isla ere bai. Zinez adierazgarria.
Lantegiaren nagusiaren eta zaintzailea izan zen aitaren arteko harremana eta euren seme bien artekoa ez da antzekoa, ezta hurrik eman ere. Klaseen arteko harremana(k) zeharo aldatu d(ir)a. Lantegiak edo jabego pribatuak zaintzeko teknologiek mundua aldatu izan ez ezik, gizabanakook aldatu gaituzte. Munduaren norabideak aiurria aldarazi digu mundutarroi, hots.
Aiten eta semeen artean badago izan, mundu-aldaketa bat. Nobela honen ezaugarrietako bat, ordea, zaintzaileak atxiki duen imajinazioa da. Irudimenak istorioan duen munta itzela duzu. Erran nezake, protagonistaren garaia 1968ko Parisko maiatzaren ondorengoa dela –idazlearen beraren garaia, irakurle-interpretatzaile honena ere bai–. Garai edota aldi hartan lema bat jalgi zen mundura: Irudimena boterera! (L'imagination au pouvoir/ La imaginacion al poder).
Craso error! Akats larria! Huts galanta! –nire aburuan, prefosta–. Izanez ere, irudimenak ez du boterea inoiz erdietsi(ko) –tira, hiperbole gaitza duzu berau–, ezta botereak irudimena landu(ko) –zertuko– ere.
Dena dela ere –denak direla ere–, literatura metaforaz metafora osatzen da, baita hiperbolaz hiperbola osatu ere. Bertzeak bertze, horiek ere.
Estiloaz besteko inpresioak
Inpresioak dituzu orain arteko horiek, aldez edo moldez, honat ekarriak. Gaueko zaintzailea nobelaren gaineko inpresio sorta bat, gauaren zaintzaileari buruzko nire irudimenezko kontu-sorta. Joan nadin amiñi bat harago, halaz ere. Areago arrazoinatu dezadan nobela ona jotzearen –izatearen– grazia. Nobela soziala dela erran dut. Badago, zio hori areago baieztatzen duen pasadizo bat. Gasolindegian gertatu(ko) da berau.
Oharra: thriller edota suspenseko nobela izateagatik ez dut pasartea –edota gasolindegiko pasadizo horiek berauek– hemen azaleratuko, ezta? Espoiler egin ez ezik, nobelaren grazia suntsituko nuke.
Nobela bikainaren izatearen grazia –nire abururako berriz ere, noski– nobelak amaiera aldera egin ahala –idazleak– zabaltzen dituen espektatiben ildoan dago. Istorioaren garapenak edota bilakabideak zabaltzen duten tentsioak berezko jitea ematen dio nobelari.
Zaintzailearen –urtetako– esperientziak bereizten ditu hotsak eta zaratak. Idazleak ere ongi baino hobeto bereizten ditu horiek ere bai. Interferentziak badaudela? Hain ziur! Idazketaz ari naizenez gero, honatx bertze aburu bat: paradoxikoa bada ere, nobela idatzi zuen garaian, idazleak ez zuen artean idazletzan aparteko esperientziarik. Beno, nola pentsa hala adierazi.
Badauzka nobelak hainbat tasun, haatik: lasaitasunarena, isiltasunarena, hustu-tasunarena, elkartasunarena. maitasunarena. Justutasunarena ere bai, apika.
Adi: badauzka nobelak, baita idazleak ere. Justutasunarena baina… Ezbaian ari nauzu. Ez naiz nobelaren justutasunaz hain justu ari –edo ez soilik–, norbanakoon justutasunaz baizik. Atx!
Hara, izan ere, dohain hori ez da pertsonon tasuna. Justua –zuzena– izatea ez da inoren erabateko ezaugarria, ez orobatekoa, ez norbanakoon tasuna izan, hain justu ere. Nobelak erremin halako bat utzi dit pentsamenduan, eta gorputzean ondorioz: protagonistari esleitu zaion –sistemari ongi doakion– atarramentua hain zuzen ere. Edota, hala berean, idazleak esleitu dion altaramendua ere bai.
Erran nahi baitut, nobelatik apur bat –edo askotxo– urrundu banaiz ere, honatx: herrien eskubideak –eta graziak– justuak dira. Langileriarenak ere bai. Emakumezkoenak baita ere, jakina, beren grazia eta eskubideak justuak izan ere, alegia. Haatik, zorigaitzez, norbanakook ez gara justuak. Ez dugu justuak izateko grazia edo dohaina.
Literaturaz kanpo edo estra-literaturaz (II)
Baliteke azaldu(ko) ditudan segidako hitz hauetan, inork edo norbaitek exagerazio moduko bat edo bertze antzematea. Badatoz eta badoaz, halarik ere: Julen Belamunoren Gaueko zaintzailea duina ez ezik, nobela bikaina begitandu zait. Alta bada, edota ordea: “Zer gertatzen da” euskal literaturaren munduan, idazle batzuen obrek merezi duten tornuia ez izateko? Tornuia edo rangoa. Hots, merezi duten kategoriara aupatuak ez izateko?
Agian, sistemaz hitz egin beharko genuke. Sistema literarioaz, alegia. Dena dela ere –denak direla ere–, hemen horretaz –iruzkin honen bitartez– berariaz eta propio jardun gabe ere, nobelaren beraren funtsa aintzat hartuz gero, bere muina ongi bereganatuz gero, nobela hau bera aski dugu –gure– bizitza “sistema” bihurtu izanaren arrazoia ulertzeko. Hots, nobelan kausitu ditzakegu gure bizitza izate edota "zertu" sistemikoa bihurrarazi izanaren zergatiak.
Hor nonbait hori ere!

Iruzkinak
Utzi iruzkina: