“Gu” orduko “hauek” ba al dugu euskal komunitatea osatzerik “lurraz beste”?

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2023-08-25 11:58

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1692957898230

Gu orduko hauek eta Lurraz beste

Garazi Arrula Ruiz

Txalaparta, 2017-2023

Hainbat azalpen sarrerako

Ez ohiko iruzkin baten atarian ari nauzu(e). Bi libururen gaineko aburuak idazteko zorian bainago. Zoriak harrapatuta nagoela sentitzen dut, patuak alegia. Menturak gatibu sumatzen dut burua. Ez dut zorionik ekarriko dudan ustea. Ez dut ere zertan izan.
    Garazi Arrula Ruizen Gu orduko hauek eta Lurraz beste ipuin liburuak irakurri berri ditut; elkarren segidan. Bigarrena lehenik, lehena bigarrenik. Iruzkinak berriz lehenetik idazten hasi ditut.
    Liburu biak zortzi ipuinek osatuta daude. Datu hutsa? Agian. Bi liburuek, berriz –hau literaturaz kanpoko datua duzu–, bosna iruzkin-kritika jaso dituzte. Horiek armiarma.eus literatura web gunean dituzu. Datu hutsala ote? Baliteke. Edo ez.
    Irakurle gisa ez-gauza sentitzen naiz, interpretatzaile lanetan zer erranik ez. Ez naiz beste kritikari-iruzkingileek liburuen gainean adierazten dituzten hitzak sentitzen –handi-handika harturik–, nahiz eta horietako batzuen aburu zenbait neure egin dezakedan. Erran nahi baitut, ez dut literatura besteek prozesatzen duten modu berean prozesatzen. Ez dut –ere– zertan egin behar.

Soako arin bat euskal literaturako belaunaldien gainean

Garazi Arrula Ruiz nire belaunaldikoen alaba-adinean dago. Euskal literaturaren Tropela deitu belaunaldiko “idazleen alaba” da, nolabait erranik. R. Saizarbitoria, A. Lertxundi, J. A. Arrieta, B. Atxaga, X. Lete, M. eta A. Lasa, J. Artze, A. Urretabizkaia, K. Izagirre, J.M. Irigoien, I. Borda, J. Sarrionandia… idazle-belaunaldi horren ostekoa Tropela izendatu zuten idazle batzuek. Tropela deitu idazle multzo hark degradazio moduko bat sentitu/pairatu zuen. Hor nonbait.

Iragan mende-erdialde aldean ernaldu zen “euskal idazle-sakratuen” aroa berealdikoa izan zen. Berpizkunde gisako baten adierazletzat joa izan da –edo baten batzuek horrelakotzat daukagu–. Erranen nuke, ausardiaz erranik ere, ez dela euskal literaturaren "loraldi hura" berriro izan. Hor nonbait hori ere. Belaunaldi berriak heldu ziren ondoren. Goi-graduko lehendabiziko belaunaldi hartako idazleen pareko idazle batzuk plazaratu ziren eta plazaratu izan dira, bistan da.

Luze joko lidake deskribatu dudanaren funtsa aditzera emateak. Haatik, labur zurrean adierazi beharrean, hauxek zioak: euskal literaturaren Parnasoa zapaldu zuten idazle haiek “gainbehera etorritako mundu baten aldia eta bizipenak” esperimentatu zituzten. Hala nola ideologien gainbehera ezagutu zuten, eta bi mundu gerraren –tarteko Espainiako gerra zibileko gizaldi baten seme-alabak izaki– ondorioak jasan zituztenen ondorengoak izan ziren. Inportanteena agian, hauxe: ezer gutxi zutenez –aspektu askotan– zerbait “berri” sortzeko xantza baliatu ahal izan zuten.

Gaurko jendartea eredu kapitalista liberal-globalizatuaren emaitza da –mendebaldetik eta mendebaldeaz ari nauzu(e)–. Baita halatsu izan ere egungo literaturaren sena eta jitea. Gizarte *liberal horren balore eta bizipen isla duzu berau. Areago, behiala ez bezala, egungo literaturak apenas eragiten du jendartean. Are aitzinago joan eta are eragin handiago izaten zuen literaturak gizartean. Gurean, euskal literaturaz ari naiz, apenas literaturarik izan ez duen herri bat izaki, euskal literatura garaikideak aipatu “loraldia” bizi izan zuen.

Gizaldiak iragan ahala, iragan dira ere belaunaldiak. Gaur gaurkoz, idazle belaunaldi berriek nekez ernaldu dezakete “loraldi” bat. Literatura jendartearen adierazlea da, ez gara "loraldian" bizi. Iragan berriko jendartekoak, arrazoiak arrazoi, begi-bistakoak nik uste, literatura bizitzeko, literaturaz bizitzeko –ez naiz diruaz soilik ari, noski– egokiagoak izan dira gaurko egungo jendartekoa baino. Argitu aldera: aurreko gizaldiak ez dira egungoak baino hobeagoak izan, ez balore ekonomikoei ez balore moralei gagozkiela ere.

*liberal hitzaren adierak hainbat kontrobertsia sorrarazten ditu, jakina.

Zortzi bider bi: hamasei "harribitxi" komunitate baten irudikari.

1. Gu orduko hauek

Gu orduko hauek ipuinak ematen dio liburuari izenburua. Pentsatu dut, ipuinak berak barnebiltzen duela liburuaren beraren funtsa. “Gu” euskal komunitatea duzu. Orduko “hauek” gu “gara” orain. Euskal komunitatea betiere. Kasuon, liburuan, idazlearen sorterriaren inguruko komunitatea. Komunitate hori, komunitate osoago/haundiago baten “periferia”-ren parte bat da. Estatu osatu gabeko komunitatea. Herri kontzientzia duena. Lurrari atxikia bizi –izan– den komunitatea. Lurrarekiko lotura/atxikimendua galtzen ari dena, haatik. Berez galtzen doana. Berariaz ere galtzen ari dena. Komunitate nagusia menderatzailearen nahimenaz galdu ere.
   Oharra: elkarren ondoan bizitzen egokitu behar diren askotariko komunitateek osatzen dute "mundua". Hala izan da historian, eta gaur egun, berriz ere, mundu honen izatasun arras adierazlea duzu. 
 
Garazi Arrula Ruizen ipuinen ezaugarrietako bat "etxea" da. Ipuinen pertsonaiak herri koskorrak osatu dituzten etxeetan bizitzetik, hirietan eraikitzen joan diren auzoetan/etxeetan bizitzera pasa –pasatzen ari– dira. Pertsonaia horiek osatutako komunitatea baina, sakabanaturik bizi da. Metafora bat erabili aldera: komunitate hori artxipelagoek osatuta dago. Idazle honen ezaugarria –ezaugarri nagusietako bat– komunitate horren hizkuntza “berria” da, euskara alegia. Bertze ezaugarri bat ere bada –bai idazle honen bai komunitate horrena–: militantismoa.

Ipuinaz ipuin, mosaiko bat

Ipuinaz ipuin, komunitate horren mosaiko bat osatu dut nire irudimenean.

Lagunero. Idazlearen haurtzaroa. Ikastolako bizipenak. Mitoez eraikitako/osatutako komunitatea.

Asteazkenak. Gaztetasuna. Nerabezaro berantiar baten aldia. Periferiako komunitatetik bizitzetik komunitate osoarekin lehen hartu-emanak izatera iragan den aldia. Politikaren eta literaturaren estreinako esperientziak. "Munduratzeak" dakarren ilusioen eta idealizazioen lehen zapuzketak.

Belar txarrak. Deserrotzea.

Abian. Funtsak funts, thriller film baterako kontakizun/narrazio aproposa.

Karakara. Parte eta akuilu garen eredu ekonomiko-neoliberala erretratatzen digun ipuin krudela.

Ederra eta piztia. Ipuin magikoa izan litekeen bakarra. Haatik, magia aspaldi itzaldu zen egungo jendartean, baita ondorioz ipuinetan ere. Protagonistak “etxe” bat behar du. Liberalismoaren ondorioz, libertatea/askatasuna “salerosketa” transakzio bat da.

Gu orduko hauek. Orduko haiek egungo gu gara, egungo hauek orduko gu. Ipuinak ez dit deus idilikorik transmititu. Ez dut ere zertan egin beharrik.

Labur bilduz: Gu orduko hauek ipuinak oro har eta Gu orduko hauek liburuak orobat komunitate baten errealitate ez idiliko baten islatzat hartu dut. Ez dit poetika idilikorik bereziki helarazi horregatik. Ez du zertan. Nolako komunitaterik halako loraldirik. Alabaina, apika, horretan datza liburu honen balioa. Hor nonbait hori ere. Edo!

Oharra: komunitatea hartu dut ipuinon ardatz, Tafalla herriko –idazlearen herriko– komunitateari nagokiola; Iruñeko –euskaraz bizi den– komunitatearekin lotura duena, bertzeak bertze. Alabaina, ipuinak 2014-2017 urtealdian Gasteizen idatzi zituen Garazi Arrula Ruizek.

2. Lurraz beste

Sarrerakoak

Gu ordu hauek liburuaren Lagunero lehen ipuina idatzi zuenetik, Lurraz beste-ko ipuinak idatzi artean, demagun, hamarraldi bat iragan duela idazlearen bizitzan. Ipuinen testuingurua ez da asko aldatu, gaiak ere ez. Aurreneko liburuan metaliteratura agerikoa bazen, oraingoan areago, are sendoagoa duzu. Literaturaren bagajea funtsekoa da idazlearen bizitzan. Agian, agian diot, idazlearen bizitza eta testuingurua ez dira hainbeste aldatu. Idazlea eta bere literatura jendartearen isla duzu –parte den jendartearena oro har, eta haren komunitatearena orobat–. Halaxe izan ere Garazi Arrula Ruiz idazlearen kasuan. Aldatu dena idazle-ofizioaren eskarmentua duzu. Kasuon, begi-bistakoa.

Ipuinaz ipuin, bigarren mosaikoa

Habitatak. Ipuin –edo nobela– baten lehen lerroak deskribatzen omen digu berau. Honatx honako honena: “Inork baino lehenago jakin zuen haren aitak mundua pikutara zihoala”. Mundu suerte baten gainbehera duzu ipuina. Are gehiago erranen dut, idazleak deskribatzen digun jendarte horretako komunitate idealista horren pertsonen/pertsonaien taxua umiliagarria da. Etxea da berriz ere, hastapenetik, liburu honen oinarria, ardatz eta funtsa. Iraganean, antzina, inoiz izan bazuen –edo izan ez bazuen–, bere(ezko) etxerik ez daukan komunitate horren isla duzu Habitatak ipuina.

Mendebala. Mendebaldekoak dira ipuinaren pertsonaiak, mendebala da halaber, mundu horretan –eta honetan, mundu errealean– habitatzen duen jendartea astintzen duen haizea. Haize hori mendebaldeko haize-liberala duzu. “Nor da gaur egun esklabo? Nor bere buruarena, autoesplotatu garenez” diotso Gemari bulego-lankide berriak. Finean eta funtsean, ipuinaren egileak erran ere. Narratzailea bera den heinean.

Andreak Nora ezagutu zuenekoa. Uxue. Andrea. Bilbo. Philadelphia. AEBetako hiri honetatik itzuli da Nora. Bilboko etxera. Mendebaldean bizitzen/mugitzen diren pertsonek/pertsonaiek –Berlinen edota Londresen gaindi– ez dute iraganik, alegia ez dute iragan laboralik, antza. Ezta behar ere, nonbait. Hazkurria berez etorri zaie eta. Berariaz emana. Jendarte/gizarte/sistema ekonomiko kapitalista liberalaren graziaz heldu dira mundu honetara. Paradoxikoa bada ere, “Norak ez zuen seniderik”.

Felicidad. Pare bat lerro ipuina definitu aldera. Baga: “Sare sozialen kulpaz denbora guztian zerbait gertatzen dela sinetsita bizi gara”. Biga: “Hain da erraza maite ez den jendearekin gozoa izatea” . Baita higa ere: “Hain da erraza maite ez denari barkatzea”.

Zu zara nagusia. Funtsa funts, ipuin honen jite bereizgarri nagusiena bere forma duzu. Kontakizunean aldia/denbora duzu funtsezkoa. Izurrite batek mundu osoa komunitate bakarra bihurtzen du. Ipuineko pertsonaiak hartara, komunitateko bakarrekoak partaideak bailiran bizi dira. Militantzia. Kartzela. Familia. Aro postmodernoaren isla duzu ipuina: komunitate osatu aldera –komunitatea berau osatu nahian– desegiten da senitartekoen harmonia.

Bataioa. Izena gogoratzen ez dudan pertsonaia nagusiak etxe ondoko igerilekua bezalakoa izan nahi zuen handitzean. Ziztuan handitu da horregatik. Amona hil zitzaionetik berarekin bizi da. Eva izena du pertsonaia honen ginekologoak. Birus batek hondora dezake bere bizitza. Halaxe ere gurea. Ipuinaren ikasbidea: “Adinak ez du inoiz [inor] bere jakintsu bihurtzen, zahartzaroak ere ez zuzentzen”.

Hau bukatzen denean. Alegia, pandemia edo COVID-19 delako “hura” bukatu ondorengo garaiaz ari zaigu ipuina; etxean pairatu genuen konfinamenduaz. Tokian tokiko komunitateak “mundu osoko komunitatea” bihurtu zituen birusaz ari duzu. Alta bada, paradoxa hau ere, mundua komunitate bakarrean bildua, komunitateko partaideak gero eta bakanduago bizi dira/gara. Internet, sare sozialak, telebistak, irratiak, ordenagailuak eta tabletak, sakelekoak... bana, nork berea, noranahiko eta nolanahiko bihurtu gara. Andreak Nora ezagutu zuenekoa ipuinaren protagonistaren kasuan bezala, munduak ez du nora, eta ipuina osatzen duten pertsonaiek ere ez dute norarik.
    Oharra –literaturan/metaliteraturan erreparatuta–: “Liburuan, guztiak dira emakumezkoak, pertsonaia nagusiak bai, behintzat…”, dio narratzaileak.

Azeri-ezkontza. “Hasieran, jainkoak zeru-lurrak egin zituen, lehorrari lur eman zion izen eta ur multzoari itsaso. Sei aktok/ekitaldik osatzen dute ipuina. Antzerki obra baterako ipuin-saioa duzu inondik ere. Gabriel Arestiren aipu bat duzu goiburu, poetari erreferentzia eginez nonbait. Galizia dago eszenen hondoan. Etxeak ere berealdiko munta du ipuin honetan: “Etxean bezala inon ez, dio Margak”.

Azkenik

Garazi Arrula Ruiz idazlearen itzultzaile ofizioari ekin diot. Arestiren aipua –gaztelaniazkoa baita– ekarri dut euskarara: “Etorriko dira. Alde eginen ote dute? Geratuko al dira, akaso? Ez ukatu lur-zoru zatiño bat ere, ezta euren habia ehuntzeko badarik ere”. Liburuaren izatasun-lagina du(ke)zu.

Interpretatzaile ofizioari ekitean zalantza gehiago daukat, beldurrak nago apur bat. Deus aitzin, kontu bat. Esker ona duzu liburuaren azken emana. Honela dio: “Milesker, bihotzez, Iratxe, Danele, Irati, Samara, Itziar, Uxue, Miren, Itziar, Ane eta Amaia, irakurketak konpartitzegatik. Segi dezagun elkarri ipuinak kontatzen”.
    Hagitz adierazgarria egin zait eskaintza, jasotzaileak denak emakumeak baitira. Abizenik gabe, bakoitza nor den irudikatu dut, hots, aurpegia jarri diet –hor nonbait– hauxe errateko: den-denak irakaskuntza-komunikazio-kazetaritza-literatura komunitateko partaideak dira. Endogamikoa egin zait irudia.

“Deus aitzin”-eko kontu ez hutsal horren ostean, hauxek:

Literatura –gure– munduaren eta bizitzaren adierazlea duzu. Fikzioaren bitartez adierazten du munduaren errealitatea –kasuon, idazle honen komunitatearena–. Idazleak narratzeko bere dohainak landu eta hobetu behar ditu etengabe –eta aldi oro– literatura ontzeko. Garazi Arrula Ruiz ekinbide horretan ari duzu(e).

Paternalismorik gabe orain. Garazi Arrula Ruiz euskal literaturaren Tropela deitu belaunaldiko “idazleen alaba” den aldetik diotsu(e)t, paternalismoarena. Alegia, bere komunitatearen sena, jite eta izatasuna deskribatzean are gehiago barneratzea “galdetzen” diot. Barneratzea edota komunitatearen idiosinkrasiaren izaera anitza gehiago agertzea, haren ekimenak azaltzea. Alegia, ez “auto-zentzuratzea”. Egungo eguneroko komunikaziorako bitartekoek –Internet, (*) sare sozialak, telebistak, irratiak, ordenagailuak eta tabletak, sakelekoak… – elkar komunikatzea galarazten digutenez gero, literatura da errealitatea –erreala– adierazteko/komunikatzeko lanabes sendo bakarra. Hor nonbait hori ere. Edo.
    Oharra (*): "Bere burua lurrean sarturik ezkutatzen duen ostrukaren" metafora baliagarria izan zaigu orain arte. Ostrukarena iraganeko ekintza duzu engoitik orain. Gaur egun, gure buruak "sare sozialen atzean" ezkutatzen dugunez gero.
  
Izan ere: “Nor da gaur egungo literaturaren lekaio? Nor bere buruarena, bere burua autoesplotatu egiten duenez gero”. Irudizko adierazpen batez erranik, idazle lekaioa idazle balakari/lausengari edota zuritzaile izan/bihurtu daiteke.

Ez naiz Garazi Arrula Ruiz idazleaz ari, prefosta. Enkaxka diot eta porsiacaso ere bai.

Azkenik (bis)

Galdera berriz ere: “Gu” orduko “hauek” ba al dugu euskal komunitatea osatzerik lurraz beste?

Liburu bien azalez bizpahiru ele: hagitz adierazgarriak dituzu biak. Zergatia adierazteak luze joko lidake. Zure irudimenaren kargu uzten dut irakurle.


Utzi iruzkina: