Fantasiazko errealitate batean oinarritua, ez errealitatean
Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo
Txalaparta
Lehen partea
Prologoa
Independentziaren dekalogoa irakurri dut eta haren gainean jarduteko izu-ikara daukat. Lagun artean erranik: akojonatuta nago. Ez nago ziur liburuari buruzko interpretazio inpartzial –guztiz inpartziala–, zuzen eta ganorazko bat egiteaz. Ez dut uste hori egiteko gauza naizenik. Erreseina/iruzkin laburren bat egiteko ere ez. Kritika eginen al diot? Taxuzko kritika bat egiteko saiakera bat behar da. Ez da tokia, ez da modua. Ez naiz gauza, berriz diot. Tira, errespetuz eta miraz errana, ez naiz Joseba Gabilondo. Literatura saiogilea, diot. Erreala ez dut ezagutzen eta.
Liburuari buruzko aipu bat segidan, egilearena: “Hau ez da utopia liburu bat, hau ez da distopia liburu bat. Euskal Herriaren etorkizunerako errealitate alternatiboak dira hamar ipuin hauek”. Aipuak liburuaz taxuzko deus errateko lagundu beharrean, nahastu nau. Izan ere, distopiari gagozkiola, nire honako hau: giza alienazioa eragiten duten ezaugarri negatiboak dituen etorkizuneko gizarte baten irudikapen fiktizioa begitandu zait liburua. Izanen ditu ezaugarri positiboak, naski, eta nik antzeman ez. Edo ez liburuak merezi dituen bezainbestekoak.
Ez dela utopia? Bada, neroni, berriz, liburua proiektu, doktrina edo sistema ideal baten aldeko egitasmoa iruditu zait. Zeharka-meharka giza ongiaren aldeko ezaugarriak dituen etorkizuneko gizarte baten irudikapen fiktizioa da. Nire uste zuloan, Independentziaren dekalogoa fikziozko irudikapen bat da. Alabaina, hauxe kontua edota "baina": liburuko narrazioak pentsamenduaren ildoan oinarrituta daude. Pentsamendu horiek fantasiazko errealitate batean eraikita daude, ez errealitatean.
Errealitatea ez dago iraganean, errealitatea ez dago etorkizunean. Errealitatea orain eta hemen dago. Gaur egunean. Errealitatea idem erreala, alegia. Literaturaren ezaugarri funtsezkoetako bat fikzioa da, noski. Ezinbestekoa. Baitezpadakoa. Literatura pentsamenduaz haratago eta honatago dago. Literaturak poetika bat behar du. Nik ez dut ez fikziorik ez poetikarik aurkitu liburuan. Termino zorrotz eta absolututan erranik, hori ere. Halaxe hartu, otoi eta arren.
Errealismo alternatiboaren ildoan
Joseba Gabilondoren hamar euskal etorkizun iragartzen duten hamar ipuin hauen aurretik errealismo alternatiboaz idatzi du liburuan. Sarreran edo prologoan. Errealismo alternatibo delako hori Literatura errealistaren ordezkoa bezala ekarri digu. Izendapen berean, bere lan honetan, azpigenero honako hauek sartu ditu: errealismoa magikoa, zientzia fikzioa, fantasia, detektibe literatura, erreportajea, alegoria, erromantzea, melodrama… Bai horixe! Ez dut horiek guztiak –azpigenero horiek guztiak– liburuan daudenik ukatzen. Alabaina, hori anabasa!
Ipuinok Totum revolutumak egin zaizkit. Batzuk bertzetzuk baino gehiago betiere. Baina, funtsean, liburuaren irakurketa nahasia egin zait, zorrozki interpretatua: kaotikoa. Errealismoaren alternatiba ote? Elizak baditu bere doktoreak, literaturak ere bereak. Ni baina, nonbait, ez naiz kapera batean sartzeko jaidurarik –ezta ahalmenik ere–. Nork bere pathosa. Ez nuke sorrarazi nahiko liburuari buruzko nire iruzkin edo interpretazio honek efektu emozional eta grinatsuak irakurle posiblearengan. Ez iruzkin honen balizko irakurle horrengan ere, ez eta liburuaren irakurlearengan ere, prefosta. Ez da zeregin eta jaidura berria. Horretan saiatu ohi naiz iruzkingile lanean.
Niretzat, irakurle eta interpretari honentzat, Joseba Gabilondoren Independentziaren dekalogoa delakoa ideia nahaste pila –totum revolutum– bat da. Irakurketaren lehen ondorioa hauxe: idazlearen bitarteko narratzailearen prosa ez da behar bezain argia, ez da laua. Bere prosa ez da hitz laua. Hara, tira, ez zaidala iruditu orain arte landu den euskarazko prosaren alternatiboa. Agian, baliteke, irakurle-interpretatzaile honek idazlearen baliabide literarioen izaera ulertu ez izana, ezta narrazio hauen helburua ere. Ez nadin absolutismoan erori halaz ere. Berriz diot. Motza naizen aldetik absolutura jokatzea ere! Hamalau halakoa!
Saiogileak dioenez, errealismo alternatiboaren lehen ondorioa edo efektua –eta afektua– irribarrea eragitea da, baita batzuetan algara ere. Bada, nire afektu osoz adierazia, niri ez dit ez bata ez bertzea eragin. Ez dut ondo pasa. Beno, literatura ondo pasatze-soila bada, malo. Gabilondok dionez, euskal literatura “tristea, latza eta grisa” da, salbuespenak salbuespen. Euskal errealitatea halakoxe duzu, nonbait. “Benetako literatura serioa baita, definizioz”, dio berak. Bego.
Literatura –nire aburu motzean– ez da seriotzat edo alaia gisa legetxe hartu behar. Narratzailearen seriotasuna edo alaitasunaz harago, literatura bere pertsonaien idiosinkrasiaz harago, literaturak errealitatea argitu behar digu. Errealitatea ulertzen lagundu behar digu. Errealitatearen korapiloak laxatzeko balio behar du, bizitzaz desengainatzeko; engainuak ezagutzeko, bertzeak bertze. Erran nahi baitut: bizitzak ezagutzera ematen dizkigun engainuak deskubritzeko. Errealitatearen gainean norbanakook paratzen edo asmatzen ditugun gezur geruzak karrakatzeko.
Domaia da, baina “euskal independentzia nola lortu, eta lortutakoan zer itxura izango duen esplizituki eta politikoki esploratzea helburu duen” dekalogo honek ez dit, bada, deus argitu, berriz diot, nahasi nau. Eta, enkaxka eta porsiacaso, diot: ni ERE independentzia-zalea naiz. Demagun, egunen batean –mende baten barru edo, errealista izan aldera– Euskal Estatu Independentea lortzen dugula. Demagun, arrazoiak arrazoi, estatu horren izaera edo jokaera ez dudala guztizkoa. Bada, bai, aukera-maukera, printzipioz –nire– nazio-identitatea babestuko duen estatu horren alde eginen dut, ezta? Tira, nire jardun hau fikzioa izan ezik, fantasiazkoa duzue. Argitu aldera, berriz ere: iruzkin honen balizko irakurle iraultzaile horiei ari natzaie. Ari natzaizue.
Joseba Gabilondo ipuinlariak dioenez, pentsamenduaz harago, ekintza politikoak literaturaren irudimena eskatzen du. Politikan geroa pentsatzeak literaturaren laguntza eskatzen du. Ados. Egiazko irudimenaz ari zaigu, nonbait. Egiazkoa? Zein egiaz ari da, baina? Marxen egiaz? Komunismoaren egiaz? Kapitalista liberalen egiaz? Idealista horien guztien egiaz? Horien idealismoaren egiaz? Literaturak, behin eta hasteko, erlijio, filosofia eta politika suerte guztien egiaren aurka egin behar du.
Joseba Gabilondo literatur zaleak, idazleak, betekizun mesianiko bat hartu du bere gain. Hamar euskal etorkizun delako hauek Hamar Aginduak delakoaren lege erlijiosoaren –kristautasunaren eta judaismoaren ildoko– moral sorta bat begitandu zaizkit. Etorkizuneko lege politikoak irudikatzera gonbidatzen gaitu nonbait. Nahita ere, berak bestela nahi izan arren, ezin izan du hori saihestu. Nahiz eta zeregin hori hautu ironikotzat jo duen. Bejondeiola!
Azken aipu bat, Joseba Gabilondorena berarena: “… Euskal ezkerrarekin eskuinarekin baino askozaz kritikoagoa naiz ipuinotan, (…) zinez sinesten dudalako bertatik bakarrik sortuko dela Euskal Herri burujabe baten aukera”.
Aipu horrek irribarre gehiago sorrarazi dit, liburuko pasarte irringarrienak baino. Aitortu behar baitut, liburuak barre irritsuren bat edo bertze sorrarazi didala. Ez nadin hipokrita izan. Barka nazala ipuinlariak. Barka dezala nire moztasuna. Zertan da liburu hau kritikoa euskal ezkerrarekin? Portzierto, euskal ezkerra nomenklaturan zein sartzen da? Zein daude? Zein ez? Izendapen lausoa begitandu zait. Ezker abertzaleaz ari zaigu? Zein ezker abertzaleaz? Etorkizuneko Ernai-renaz? GKS delakoarenaz? Tira, futurologia egiten ari naiz. Baina politikaz ari garenez gero, horra nire aburua: ez Ernaik ez GKSk eginen dute Euskal Herria independente.
Aldiz, eskuin nomenklaturaren barruan dagoen indar politikoa argiago dago: EAJ edo Jeltzaleak. Jaun eta jabe. Eta batuagoak betiere. Horiek ere, jakina, ez dute beren Euskadi independente eginen. Nola dakidan hori? Nola dakite berauek?
Hara, Herri Batasuna delako hura gogoratu zait. Hobe barre egitea. Egin ezazu barre irakurle horrek, honezkero ez baitu balio negar egiteak.
Independentziaren dekalogoaren idazlea kritikoa da, baita existitzen ez den errealitate batetik kritikoa izan ere. Blade Runner 2049 antzeko bat eskaini digu zientzia-fikziozko hamar euskal ipuin hauetan. Egiari zor, egin duen lana taxutzeko berebiziko gaitasuna behar da. Joseba Gabilondoren erakutsia itzela da. Eta diodan honetan ez dago isekarik ez desairerik. Irakurle lagun hori, liburua irakurtzera gonbidatzen zaitut. Vangelis, Hans Zimer eta Benjamin Wallfisch musikarien doinuei, gure txistu eta danborra, dultzaina eta atabala, trikitia eta panderoa, baita txalapartaren doinuak erantsi besterik ez dituzu. Baita, jakina, euskal rock, jaz, blues, baita funk musikaren doinuak ere. Animatu eta ekin!
Bigarren partea
Honetantxe amaitu nezake, erreseina bat baino harago joan den idazki luze hau –amaitu behar nuke–. Alta bada, inor iruzkingile tematsua bada, horixe ni neu irakurle lagun hori. Aitormen bat: dudarik gabe, iruzkin honen irakurle ziur bakarra liburuaren egilea daukat. Duda barik ere, hauxe: nire iruzkinak balio duena baina aise gehiago balio du bere liburuak. Serioski ari naiz. Errespetuz diot. Beraz, literatur zale hori, iruzkinak irakurtzen dituen horietako bat bazara, menturatu zaitez bigarren parte honetan sartzen. Sartu zaitez denboraren makinan, iraganera eta etorkizunera bidaiatuko duzu. Hamar bidaia dituzu zain.
1. Azken thule. Repsoleko Joseba Jon Dimas zuzendaria duzu lehen narrazio honen protagonista nagusia. Etorkizuneko Euskadi Buru Batzarraren berri izanen duzu eta euskal oasian murgilduko zara. Euskal erdiaren, eta bertze bi zatien eboluzioak ezagutuko dituzu. Azken thule zer den? Irakurri ba!
2. Idazle mutuaren bi iraultzak. Euskaldunen iraultza ezagutzeko parada duzu oraingoan, ez galdu. Ramón Sarribarria bergararra duzu eragile. Ez joan liburuaren bila liburu-dendara, noski. Etorkizuneko pieza bat duzu. Iraganeko Ulises moduko bat etorkizunean. Beraz, ezin jeltzale izan. Ipuin honetan iraganeko etakideen berreraikitze bat kausituko duzu. Euskaldun ele bakarra izan ezean, euskal mutua. El vasco mudo. Elebakarra izan arren, euskal etorkizuna erdaraz dator. Escritor mudo. Iraganeko hainbat euskal idazleen askaziak ezagutzeko parada duzu. Euskaldunok eta moroak zuhaitz genealogiko beraren adarrak bilakatuko gara, nonbait. Ez dakit ondo ulertu dudan, ez konprenitu ez entelegatu ere. Etorkizunak ez digu un buen futuro vasco auguratzen. C'est la vie mon ami! C'est notre vie, la vie des basques. Quelle mentalité. Wat mentality.
Oharra: hizkuntz aniztasun hau liburuaren ildoan dago, beraz, euskaldunon etorkizunaren ildoan.
3. Asesinatos de filólogos vascos. 2051. urtean zaude, gaude. El Paísek argitara emandako El misterio de los asesinatos de filólogos vascos artikulua duzu ipuinaren ardatz. VII ataletan errenditua. Maddi Ariztimuño duzu protagonista eta istorioaren narratzailea. Kazetaria nonbait. Dena dela ere, premisa bat: ez espero literaturarik, ez filologoen ez kazetarien aldetik. Joseba Larraga filologoa dela, Joakin Gorostegi filologoa dela ere, euren hizkera egunkarierazkoa duzu, euren ingurumarian ernatzen den lengoaia, alegia. Trama badaezpadakoa duzu. Hildakoak. Erailak edota hilak daude. Pozoituak. Istorioa nork narratzen duen arabera erailak edo hilak, noski. Polonio-21Oa, horixe benenoa. Aranzadi ere partidakoa duzu. Aranzadi Zientzia Elkarteaz ari natzaizu. Zientzia-fikzio post-apokaliptikoa ziurtatua duzu narrazio honetan. Alajainkoa!
4. Soluzio azkena (Die endlösung). Hannah Arendten aipu batez hasten da ipuina. Istorio misterioa. Judutarrak partidakoak dituzu, beraz. VOXekoen Gaztela berria. Iparreko indio tropikalak. Etorkizuneko baskoberriak, beraz. Berotze globala. Donald Trump. Donald tarteko izaki, makurra patua. Espainia hustuta. Francisco Abascar. Hiller-Mathaus proiektua: konzentrazio esparruak. Abiadura Gutxiko Trena (AGT). "Gure" Napoleon berria hauxe: Francisco Cortés Espinosa de los Monteros. Rota eta Morón de la Fronterako bonba atomikoak. Euskal genozidioa. Kriptoeuskaldunak ezagutuko dituzu. Iraganeko Inkisizioaren garaietan legez, ezkutuko euskaldunen aurkako salaketak. Cortés delakoa duzu inkisidorea. Erruaren sukarra, iparreko cromlecha. Etorkizunean Oteiza gogoan eta presente betiere. Picasso ere bai. Guernica edo Gernika? Goyaren Valle de los Caidos hartatik 2075era arte. Kruzada okzidentekoa ez da amaitu. Franco presente. Arriba España! Alegia, deus ez.
5. Ferrante, chatpgt, orbis tertuis. Jorge Oteiza partidakoa bada, Koldo Mitxelena ezin falta. Josebe Gabilondoren Babel ondotik: euskal literatura analogo eta birtualaren historia bat duzu tramaren ardatz. Joseba Gabilondoren Babel aurretik: euskal literaturen historia bat abiapuntu harturik. Narratzailearen gardiz, Joseberenak Josebarena lotsagarri uzten du. Aldekoa kritikaria tartekoa izaki. EHA-2035 lerroburuan, literaturaren bilakaera berriaz ari zaizu egilea.
Bidaian segitzen dugu. Ithakara bidea Wikipedian aurkitu dezakezu. Euskal idazleen bidaiak aurkituko dituzu, idazle parrastarena: 21 irakurle-idazle eta Maria Zozaia. Independentziaren dekalogo eleberriaren izena egokia ote den aztertua da. Norbaitek Desiraren demak izenburu sublimea proposatu du –proposatua baino sublimeagoa, nonbait–. Bidaiak. Odisea suerte bat: sailak EHB-2051, EHT-2056, Orbis tertius-2060 atalak barne-biltzen ditu, Amaierako gogoeta eta guzti.
Bidean bide, Desiren demak akuilaturik, Game of desires theme parks, 1001 eleberri artifizial edota Eleberriaren ugaltze gida aurkituko dituzu. Tumatxa hi! To eta no! EAEko eta Nafarroako lehendakariak partidakoak dituzu ere bai, Euskal Hirigune Elkargokoak barne. Euskal eleberri guztiak irakurri dituzte. Copyrigtarekin arazoak dituzte ordea. Maria Zozaia nor den ez baitakite. Babel ondotik delakoaren ondoren zer gertatuko den jakin nahi izatera, hortxe, ipuin horretan kausitu dezakezu. Aladeabrüa!
6. Bere gorentasunari gutuna inperioaren futuroaz. Luzetsi barik. Iruzkin honen balizko irakurle batek hemen segitzen badu, ez dezadan nardatu. Elkano bidaiariak idatzi zuen eskutitzik luzeena aurkitu duzu. Ez da osoa, baina bai interesgarriena. “Elkano heroi unibertsal ala inperialista odolkoi” ote zen dago ezbaian. Joxe Azurmendi filosofoak ez du Elkanoren eskutitz hau aipatzen bere Euskal Pentsamenduaren Historia maisulanean. Domaia.
7. Euskadi úbers alles. Narratzaileak alemanieraz ere jarduten du. Joseba Gabilondoren eskutiko narratzailea, bistan da. Pays Basque avant tout. Euskaraz ez dakit adierazten. Euskal Alderdi Sozialistaren buru Arantxa Otegi Urkullu andere txit gorena agertzen da ipuin honetan. Senide abertzaleen leinu nahasketak independentzia ekar lezake. Hor nonbait! Tira, nire burutapen pedante bat duzu. Gurrutxaga inspektoreak gaztigatu gaitu: “Euskadik behar zaitu!”. 40 urte eta gero hau eta gero hori. Alegia, prest al gaude odol guztia aberriaren alde emateko? Guztia, ei! Bestela ez du balio. Dena ala ezer ez! Euskal Herriaren geroa ziurtatuta dago, Gora Euskadika lemapean. Lema den tokian tema badago, dema ez da faltako. Irakurri, irakurri!
8. Heart of Basque darknees (Pintxo thriller). Euskaldunok Ilunpeen bihotzean bidaiatzen dugu, literatura bidaiak egiten ditugunean batez ere. Erran nahi baita: sentsibleak inteligiblea aiseki gainditzen du. Dena dela ere, pintxoak janez alegeratzen gara. Ipuin thriller honetako narratzailea Eli Zigorraga duzu. Berriako kazetaria: The New York Times dela, Freury-Mérogis presondegia dela, Hugo Boss tarteko –Wikipedian so egin ezazue zer edo nor den–, Silece of the Lambs filma hizpide. Horratx! Suspense! Garanty! PIKUTARA: euskal historia garaikidea irauli zuten gertakarien kronika. Zer gehiago eskatu dezakegu, ezta? Espiritu iraultzailea atxikiko baduzu, horra hor libelo subertsiboa. Ez dizut detailerik emango, zigorra larregia izan liteke eta. Bi ataletan emana duzu. Ekin ala Bego! Dena ala Ezer ez!
9. Teleberri 2065-12-21 (Anti-sumisioa) Arnaldo Otegiren aipu batekin hasten da bederatzigarren ipuina. Alajinkoa, ostera ere. Deabrü alua! Zakil halakoa! Honela errezatzen du Otegik, erdaraz, noski: “Éste es un país que podría ser la Dinamarca del Cantábrico, y no lo es porque dependemos de gobiernos y estados que no nos dejan”.
Telebistako pantailaren aurrean zaude. ETBkoan, prefosta. Egunkariera estilozko narratiba nolakoa teleberriera halakoa. Halakoxea duzu euskaldunok lortu dugun euskara magnifikoa. Super super magnifikoa. Zertarako literaturaren lengoaia, teleberriera eta egunkariera idazmoldea behin erdietsi ostean. Atx, bai, badakit: arazoa ez da euskararen auzia. “Todo todo todo –den den dena– depende de los que nos oprimen”. Gaiztoak dira gero. Arras gaiztoak. Deabrü arrunt gaiztoak. Gu, berriz, euskal ezkerra nahiz eskuineko baskoberriak gara, txit txit txit jatorrak eta garbiak! Irakurri, irakurri! SCOOPa: Teletabarrako aurkezleak Olatz Abadi izena du.
10. NeoDonostia, Vudu (euskofurutismorantz). Ipuinaz ipuin, hamargarrenera heldu gara. Ez da txantxa Euskadiko martxa. NeoDonostira iritsi gara, ETO delakoa ezagutuko duzu. Mari ere bai. Etxegarai-Txibite-Ortuzar batetik Patxilopez bestetik, Urkullu tarteko, Iñigo alegia. Zer gehiago eskatu dezakegu? Meta-korporazioko kide txinatarrak, lingua frankan Dàgöngsi jatorrizko hitzez izendatuak dituzu. Narratzailea bi Dàgöngsi-ren arteko borrokan harrapatuta dago. Ipuinean barrena abiatzeko nahikoa eta sobera duzu. Egunez egun joan beharra daukagu, partidaz partida.
Beti dago soberakinaren bat edo bertze. Tira, ezin akitu. Pista eta xendra berri batzuetan barrena eramanen zaitut, bene-benetan amaitzeko: Baionako plataforma. Giza harategia. Vincenzo. AEKren agintea, ETOko langileak, Sky eta Xia… Baskoberriak alegia. Baskoberriz belschak. Temu20 tartean dabil. Adimen artifizialak arau sortutako ciborg bat duzu Temu20 delako hori nonbait. Hara, Sortu eta Ciborg oximorona begitandu zait. Flshdrive autonomoa, ETA eta Vudua. Batailaren hirugarren egunean zaude, tira, gaude. Hackerrak partida borrokatu honetan tartekoak izaki. Mari matrizea, Apaizemea, Back to Basauri-Montefuerte, Gugeugain.
Heriotza eta gero (bostgarren egunean jada). Beste Contarinia. Denboraren korapilatze-kuantikoaren abantailak. Nekane. Ihesa. Tortura.
Zazpigarren eguna heldu da. Xiak eta Skykek mezu bakar bat jaso dute beren neuro-sistemako ziberposta kontuan: “Misioa amaituta. Banator etxera. Maite zaituztet. Doechhii, zuen vudu sorgin basko berria”.
Allah Jinkoa! Por Dios! Por la patria y el Rey.
Hirugarren partea
Epilogoa
Azken parte honetara iritsi bazara, bejondeizula. Biaje ona izan duzun seinale. Ez hartu ene eleak satira gisara. Ironia pixka bat izan daiteke nire iruzkinean, alabaina, egon ziur, idazlearekiko errespetuz eta estimuz ari nauzu. Ahalmen itzela duela erran dut arestian, ez da trufa. Hamar euskal etorkizun horiek gauzatzeko azaldu dituen baliabideak berealdikoak iruditzen zaizkit. Iraganeko euskal politikagintza, euskalgintza eta literaturgintzako erreferentzia elemenia ekarri digu, hainbat eta hainbat gertakari historiko barne. Eta batez ere, etorkizuneko gertakizunak. Beraietan subjektuak izanen diren pertsonaiak asmatu eta taxutu ditu –pertsonaia andana-parrasta exotiko eta extrabaganteak, ezin bertzelakoak–. Egiari zor, egia erran –nire parteko egia, jakina– hainbat pasartek irriño bat edo bertze i(ra)doki dizkidate. Tira, aitortu dizut hori arestian jada.
Prologoan idatzi dudana errepikatzeko arriskuarekin, pare bat kontu gehiago akitzeko. Orain egiatan, benazko egian: Joseba Gabilondoren proposamena ideologiaren ildoan gauzatuta dago. Literatura ordea ez da ideologiarekin ezkontzen, edo ez du ezkondu behar. Literatura ez da ezkontzen erlijioarekin, ez filosofiarekin ez politikarekin. Ez da ezein doktrina motarekin ezkondu behar, ez eta ezein dogmarekin bat egin behar ere. Aitzitik, literaturak sisteman ezarria den lengoaiarekin puskatu eta hautsi behar du, sisteman ezarriak diren ezarpenekin, inposizio molde guztiak barne. Amen!

Iruzkinak
Utzi iruzkina: