Ezin ora munduaren nora, ezin ora denbora

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2023-03-11 11:51

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1678533143823

gu gabe ere

Itziar Ugarte Irizar

Susa, 2021

Literaturaren generoen hibridazioaz, hasmentan

Munduaren jarduerak generotan sailkatu genituen, baita literaturaren generoak sortu/asmatu ere: nobela, ipuina, antzerkia, poesia… Saioa/entsegua ez da literatura –horrela erran ohi dugu, behintzat–. Nahiz eta entsegu askotan “literatura” egon, badago. Entsegua ez da literatura halarik ere, literatura fikzioaren kanon/parametroetan gauzatzen baita. Alabaina, nork ebazten ditu kanonak eta parametroak? Literatura eta fikzioa hitz kidekoak dira. Teorian, noski. Praktikan ez da hain bista-bistakoa, edo ez arras. Izanez ere, hainbatetan, hainbat entseguetan literatura gehiago “arnasten” dugu literatura gisa ekartzen dugun hainbat lanetan baino. Konstatazio bat: literatura hibridatu da. Genero batean hainbat genero nahas daiteke; nahasten dira usu. Munduko espresioen, jardueren eta pertsonen hibridazioa eman den ahala, halatsu eman ere literaturarena. Funtsean, literatura mundu errealaren paraleloan manifestatzen den espresioa da. Ebazpena: literatura fikzioa da, handi-handika.

Sarrerako ostean

Gu gabe ere, poesia liburua duzu. Generoa beraz, zehaztuta dago. Alabaina, nire elasturian (eleon marmarrean) hauxe ari du(zu): literatura funtsean fikzioa da, baina poesia fikzio al da? Poesia guztiak fikzioak al dira? Kasurako, zein neurrian da fikzio Gu gabe ere?
     Galdera hauek pausatu –gura– izan ditut liburuaren gainean jardun aitzin. Erran gabe doa, baina errana: ez diet galdera horiei arraposturik emanen. Literatura galderak pausatzeko ei da. Erantzunak berriz, airean dabiltza, haizeak daramatzan hostoak legez. Gogoa gorago igoz gero, literaturan erantzunak zeruko hodeietan hautematen ditugu. Edo antzeman daitezke.
     Oharra: literatura gauzatu dadin, “idazlea”, “liburua”, “irakurlea” eta “interpretea” behar dira. Gu gabe ere, literatura “bihur” dadin interpretearen lana egiteko zorian nauzue.

Gu gabe ere

Gu gabe ere liburuaren idazlea Itziar Ugarte Irizar oñatiarra da. Hemen ez dago alter ego-rik. Bera da. Irakurri/arnastu/hausnartu batez ez dago fikziorik. Ez dago fikziorik, alta, badago literaturarik. Konparazionera, ez da/dugu apenas antzematen Fernando Pessoaren poeta “fingidorea”. Edo, egotekotan neurri apalean dago edo legoke.
    Liburua –eta beraz, poemak– hainbat bektorek zeharkatzen dute/dituzte. Poesiak badu ere jite matematiko bat, badu bere logika. Ugarte Irizarren poemak irudi bektorialak zeharkatuta daude. Ez poema guztiak. Ordea, liburua, Gu gabe ere-ren poesia, osotasunean harturik, horrela begitandu zait. Demagun, bektore horiek urratzen dutela poesia, zenbaitetan hautsi ere. Urratu, egunak urratu ohi duen legez, halatsu poesiak argia urratu ere.  
    Izenda ditzadan bektore horietako batzuk: poetaren familiaren historia, bere herriaren historia, politikaren historia, idazlearen historia, pertsonaren historia, bere maitasun esperientziaren historia... Kontu bat, garrantzizkoa, munduaren historia –berarentzat eta edonorentzat– izugarri luzea da, bere historia berriz, aldean, arras laburra. Hau da, poeta historiara –berera barne– iritsi berria da. Historia interpretatzen hasi berria da.
    Oharra: norbanakoon hiru maitasun jiteak agerikoak dira bere poesian: Eros, Philia eta Agape. Hirugarren hau, familiarekikoa, gurasoekikoa oroz gain, sano agerikoa da. Philia eta Eros delakoak esperimentatzen ari da, bete-betean.  
    Kasu egin diezaiogun bektore politikoari –tira, dena da politika–: Itziar Ugarte Irizar ETAren aro sozio-politiko-kultural-bortitzaren osteko nerabe-gaztea ageri da liburuan. Poeta gisa manifestatu den aldetik, bere poesia postETAkoa da. Bektore horrek nabarmenkiro zeharkatzen du liburua. Ez da bakarra, erran legez. Alabaina, 1936ko gerratik mende honetara bitartean iraun duen bektorea funtsezkoa da lan honetan. Poesia-urratze hagitz esanguratsua. Literaturaren mundura heldu berria den belaunaldi baten taxuzko espresiotzat hartu dut Ugarte Irizarren poesia.

Arantzazurik gabeko Oñate (Gu gabe ere)

Bektoreak bektore, literatura zeharkatzen duen bektoreetako bat, paisaiari dagokio. Poeta, jaiotzez, “menditarra” da. Poesia honen paisaia/ingurumaria menditik itsasora doa, menditik itsasoraino jaisten den poeta. Liburuaren lehen poema, Itsaso aurrean ama da. Sano esanguratsua. Ingurumaria plaza eta kaleak dira. Oñatez  harantzago doaz baina, Euskal Herrian barrena baita munduan barrena ere: Madril, Bartzelona, Buenos Aires –hiriak lekuak izan ez ezik, poetaren gogo-aldarteak dira–. Dena dela ere, hauxe duzu esanguratsuena: bere poematan ez dago Arantzazurik. Jainkoa hitza ere ez dago. Espiritualtasuna badago, noski, baina ez, bidenabar erranik, haren aitona-amonen espiritu kristaua. Neurri batean edo bestean, gaur arte poetaren gurasoengan iraun duen espiritua. Espiritu hori amatatu da. Edo poeta honengan bederen. Jainkorik gabeko jendarteko poeta da/dugu. Modernitatean menosten joan den jainkoa. Postmodernitatean hila dagoeneko. Alta bada, epiteto zehatz gabeko jendarte jainko-kristauaren ostean beste jainko suerte batzuk “berpiztu” dira/ditugu. Ez dakit erraten/zehazten, zein jainko-modu dagoen Gu gabe ere liburuan.
   Oharra: Mendebaldeaz ari naiz. XVII. mendera arte erlijio monoteisten Jainkoa nagusi zen. Harrezkero Estatua den Jainkoa nagusi –izan– da. Postmodernitatearen ostean, gaur egun, Estatuaren gaineko Jainkoa dago: estatuen gaindiko botere-guneak eta zibernetikaren bitartez nagusitzen ari den mundu birtuala.   

Espiritualtasuna 

Halarik ere, Gu gabe ere delakoan zein jainko-modu dagoen aurkitu aldera ari naiz. “Ez gara gure baitakoak” esapidea gogoratu zait. Joxe Migel Barandiaranen aipua duzu. Noren baitakoak gara, ordea? Anartean, galdera horri ere erantzun gabe nago, zaila baita erantzuten, zinez izan ere. Joseba Sarrionandia poetaren izen bereko entsegu-liburu baten lerro hauek aldatu ditut hona, nire/gure burua lagundu aldera: “Humanoa bere baitakoa ez den animalia da, bere baitako ez izatearen kontzientzia osoa duena, eta horregatik ari da bere baitan bila desasoseguz eta kultur ondoezean barrena”. Gu gabe ere izeneko poema irakurrita, hauxe: “…gu gabe ere gure gorputzek badute(la) elkarren berri”, diosku poetak. Espiritualtasun-modu bat heldu zait. Espiritualtasun lurtarra. Sarrionandiari segida emanez, hauxe: “Ez dugu betirako etxerik, ez dugu sosegurik, eta horrela gabiltza munduan, osasunik gabeko mundu honetako zurubi luzeetan gora era behera…”. Halatsu ibili naiz Ugarte Irizarren –poesiaren– baitan. Denbora egiten ari(tu) naiz neroni ere. Postmodernotasunaren izatea dukezu, postmodernitatean denbora egiten baitugu. Horra gure izatearen aiurria. Jite bat. “Ezin ora munduaren nora, ezin ora denbora” bizi gara. Azken lerro hau nirea duzu.

Argazkiak, irudiak, leihoak, zuloak...

Argazkiak, irudiak, leihoak eta zuloak… (zulo ilunak, hilen zuloak) dituzu poema liburu honetan, aipatu bektoreen euskarriak, irudi bektorialak. Poesian berebizikoak dira irudiak, literaturaren irudimen adierazgarriak. Ama eta aita ditu euskarri poetak. Joan ziren/diren aitona-amonak ere bai. Hurbileko senideak barne, bi izeba lekuko: “…lekuko gorde baten kera dut”, diosku poetak. Lekuko dira ere lagunak, bikotekidea(k), genero zehatz gabeko maitea. Poeta maitatua behar duen lekuan dago, daukan denbora bakarrean. Poetak (honek ere) amets egiten du, inon ez den denbora batean. Denbora barik, denbora egiten du, denboraren lekukoa izan nahiz. Zenbaitetan, hurkoa gertuegia izan barik, poetak –poeta honek– badaki, hurbilekoarena bezain bestekoa izaten dela urrutikoaren jendetasuna. Distantzia hartzen/neurtzen antolatzen da jendartea, neurritsu antolatuko bada. Hala berean, eta bestalde, poetak “idazteaz hitz egitea” baino idatzi beharra bilatzen du “irudia hitzetara itzuli ezin dela” jakitun. Poetak (honek ere) idazten du eta gero ezabatu: horra poetaren barne-lehia. Idazteari leialtasunean emana. Hizki handien garaien ondoren heldu da poeta –poeta hau bereziki–. Haren hitzen argitze-urratzea berealdikoa da. 

Armagabetze egunaren biharamuneko titularretan…

“… garai hau ez da beti izan zitekeena”. Jose Luis Otamendi poetaren uberan “orain den-dena beste norabait doa(la)” jakitun gara. Izan zirenei esker ikasten dugu. Itoizko solidarioei esker, kasu. Hain ziur ere, ekintzaile haiek eta taxu antzeko beste ekintzaileek izan zuten elkartasun eskasaren adierazle da poeta: “Garai hau ez da izan zitekeena”. Bestalde, aurreko garaien norabide berean, hauxe: “Ba gure aita guardia zibila da” idatzi du poetak Oporrak poeman. Poemaren azken lerro baten barrenean segitzen dut neronek, ausnar eta ausart. Ostera ere, “ez dut mundua nondik ora. Ezin ora nabil egungo denbora” ari naiz idazten. Irudi hau begitandu zait segidan. Poema ere izan liteke, irudimenezkoa:

Frankismoa: Jose Angel Iribar Kortajarena/ Zarautz, 1943/ Atezaina. Beltzez jantzita/ Txopoa. Makatza/ Txuri-gorrien kapitaina/ Franco diktadorearen eskutik hartu du Generalisimoaren Kopa.
Trantsizioa: diktaduratik demokraziara/ Iribar, Herri Batasuneko ikonoa, Atotxa zaharrean/ Artean, legez kanpoko ikurrina eskuetan / Txuri-urdinen Kortabarria kapitaina lagun/.
Demokrazia kontsolidatua: Athleticeko atezain nagusiaren aita guardia zibila da. Ama ertzaina/. Stop. Hots, garai hau ez da izan zitekeena.
    Oharra: liburu honen interpretazio honetan "poema neurasteniko” hau sortu zait. Ez dut jakin egungo denbora-aldia bestera adierazten.

Askotariko bektorek zeharkatzen dute Gu gabe ere. Bektoreez beste, bektoreen artean, maitasuna adierazteko berezko modua duzu, berbarako, (69 o.) Intxaurrak zuritzen maitasun adierazteko modua antzemanen duzu. Maitatzeak poeman maitasuna mamu gisara idoro dezakezu, naski. Poetak “dena berdin ez dela frogatzen duten pertsonak” maite ditu. Poeta soziala ere bada: “…denen alde paratzen naiz/ aukera dudanero/ eguneroko joan isilean/ inoren alboan eseri barik/”. Gabriel Aresti poetaren garaia joan zen, aspaldi joan ere. Gure ingurumaria aldatu da, poeta(k) ere zeharo. Poetak betiere egiatiak, halere. Aresti nahiz Ugarte. Apirilaren 8a poemaren ostean Mamuak poema dator. Iraganean izan ziren mamuen espektroak nagusitu dira “gure” munduan. Mamuak parrastaka heldu dira. Berbarako: mamuak ere hitzak izan ditzakezu. Alabaina, mamuak mamu, hitzak hitz, hitzen gogoak bizi du poeta: haren eskuak kaierak-hormak oharrez betetzen segitzeko kemenak bizi du. Etorkizunaren jagole duzu poeta, itxarotea kondena-modua badarik ere: “Nola liteke/ dena irabazteko izan/ eta dena galtzeko beldur”.

Liburuaren azaleko argazkia aipagai azkenik: “Hona zenaren eta denaren arteko argazkia”. “Belar txarrak hazita/ negutegiaren horma kurbatuetan/ landareen ontzi zulatuak/ Lur idorrean saiheska/ (…) Negutegiko aulkia poemaz ari naiz. Etorriko ez direnei gordetako lekua da aulkia. Paz y Victoria, Maripaz eta Maribi (poetaren izeba Bikiak). Mamuak ote? Espektroak ote? Gu gabe ere, haiek gabe ere, munduan gaude. “Garai hau ez d(el)a izan zitekeena” jakitun, halarik ere.
   Oharra: Arantzazurik ez dago liburuan, Jainkorik ere ez. Heriorekikoak presente daude arras, maitasunarekikoak bezain beste: Hildakoen eguna, Atzo urte bete  ("Zurea izan nuen agurraren lehen lezioa..."), Ate osteko zorroa... : "zer ez nukeen albo batera utziko/ hormara begira egin eta horren bare lotaratzera heltzeagatik". Galera poemaren irakurraldiaren osteko aburua: betiko loan amiltzeaz ari da poeta. "betiko izua da: antzu hori". Ezereza suerte bat, existentzia antzu hori.

Post-Scriptum: lekutik at, denboraz lekora (aukerako atala, ez duzu zertan irakurri).

Liburuaren poetikaz, poemen eraginak paratua, azkenik

Gu gabe ere irakurri bitartean –bi bider, hiru bider… – arnasa joan zait tarteka. Pentsamenduak nagusitu ohi zaizkit irakurraldietan. Poemak kontzientzia ernatzea gura izaten dut. Poema bakoitzaren espirituaz jabetu nahi izaten dut, eta nire elasturia uxatu. Poemak (ni) argitzea behar dut. Poema bakoitza zeharkatzen duen argia ikusi. Kari horretara, arnasketa landu beharra daukat. Poema bakoitza irakurtzeak eskatzen duen arnasketa geldia egokitu. Arnasketa goxo-goxo kontrolatuz, ingurumariaz jabetuz, gorputzaren kontzientzia hartuz, kontzientzia landuz, gorputza sentituz...

Unean une, noraezean murgildurik nabilela, pentsamenduek larriki zauriturik, “munduaren nora ezin ora” ibili nabilen arren, mundua ez dela arbuiagarria sentitu beharra daukat. Bizitza ez dela porrota. Poema eta errealitatea nahastea normala dela. Poemetan ezin sartu edo poematik ezin atera ari banaiz ere, gelditu behar dut une batez, burua epaitu gabe, arnasa hartu eta irakurketara berretorri. Nire baitara etorriz/bilduz. Une hori sentitzeko aukera da poesia. Kontzientzia hautemateko aukera. Bizitzeko grazia.

Poeta (ere) herrari dabilela ulertu/onartu behar dut. Hartara, irakurketan huts egitea ohikoa dela, ez dela porrota, bizitza porrota ez den nola. Pentsamenduak eta emozioak hagitz baitira azkarrak. Poemen "huts-uneak" opariak dira. Nire espirituaren funtzionamendua dago zalantzan. Poemek errealitate bat islatzen didate, baina poemak ez dira errealak. Edo bai. Edo errealak dira, baina ez beti. Galderak berriz ere: poesia literatura al da? Fikzioa, hots? Edo bestela? Pentsamenduek tronpatzen bainaute sarri, eta emozioek ere bai. Sentimenduek gainditzen naute sarritan, eta poemak benetakoak balira bezala erreakzionatzen dut, eta horrek sufriarazten nau. Halaz ere, poemak –pentsamendu eta emozioen sortzaileak– kontzientziaren praktikan laguntzen didate. Poemak orduan, haizeak daramatzan hostoen gaindi, zeruan doazen hodeiak dira.
   Oharra: espiritualtasun suerte-une bat duzu azken-une hau.


Utzi iruzkina: