Ez nau harrapatu, ez nau xarmatu
Azalpen (dudazko) modura (I)
Pentsamendua lantzen duen Gaueko eztabaiak (Agustin Arrieta Urtizberea) saio honi buruzko sarrerako azalpen –moralki– dudakoak ditut, eta funtsari dagokionez dudazkoak. Dudazkoak, saiakera liburua izan arren, formaz, literatura moldean gauzatuta baitago neurri batean. Alegia, lau pertsonaiak –euren pentsamenduek– osatuta dago liburua. Egileak, liburu amaierako Argibideak delakoan dioenez, “filosofian tradizio loriatsua dauka elkarrizketa formatuak”. Ongi funtsatuta dago dioena. Nihaurk besterik ezin erran. Alabaina, ez naiz eroso sentitu irakurketan. Ez nau formatuak “harrapatu”. Eta, kasu, inolako trabarik gabe irakurri dut, aise demonio irakurri ere. Baina ez nau harrapatu, ez nau xarmatu.
Hainbat arrazoi (II)
Aitor dezadan, ez dut Agustin Arrieta Urtizberea filosofoa ezagutzen, ez dut bere obra irakurri. Beraz, tentuz ibil nadin. Nago ez ote naizen lohian sartzen ari, hots, harekiko nire ezezagutzak zirristatzeko proportzioak areagotzen dizkit. Izan ere, literatura lan bati buruzko “inpresioak” azaltzea –okertzeko gertu izan eta ganorazko deus erratetik urrun– “sinpleago” izan daiteke, pentsamendua lantzen duen lan bati buruz berriz, ez naiz ziur. Egin dezadan hala ere. Aitzina.
Azken aurreko funtsak (III)
Liburuaren funtsa eta forma azaldu aurretik, burutapen zenbait. Egileak, filosofoak, bere pentsamendua lau pertsonaiaren bitartez garatu eta azaldu du. Ez da lan makala, ez horixe. Izan ere, liburuaren bitartez egileak eskaintzen dituen gaiak ez dira bi, ez hiru ere. Andana da: zientzia, erlijioa, artea, balioak, genero bereizkeria, maitasuna edo zoriontasuna… “Besteak beste”, dio egileak. Arranopola! Eta ideia horiek lantzen dituztenak, ongi ulertu badut, gazteak dira. Demagun, 25-30 urte artekoak. Eskuen artean duguna saiakera da, baina fikzioa ere bada, neurri handi batean. Inpresio hori hartu dut.
Ariz ari, ohar hau badaezpada: liburua gauzatzeko bibliografia eta liburuaren inguruan egileak azaldu duen lagun zerrenda aintzat harturik, dardara batean nago. Taxuzko zer erranen dut nik, bada? “Kasu emazu, bridatu mingaina, lotu gogoa, iltzatu bihotza!”, agindu diot nire buruari.
Sinopsia, labur zurrean
Kongresu batean parte hartzen ari diren lau gazteen pentsamenduak dituzu irakurgai. Hitzaldiak egunez entzun ostean, euren gaueko solasaldiak dira emaitza. Hainbat abururen ariora sortutako saioa.
Balorazioa
Balorazio orokorrik baino, hainbat balorazio eginen dut. Baga: liburua egokia al da gaur egungo –mendebaldeko gizarte kapitalista liberalaren– diagnosi bat egiteko eta sistemak eta gizarteak dituzten “gabeziak” tratatzeko? Biga: “Gazte kuadrilla” honen bertuteak –subjektu bat-bedera aintzat harturik ere–, euren nolakotasunak, mugak eta akatsak tarteko direlarik, euren aburuak edota juzkuak “balekotzat” emateko modukoak al dira? Ez dakit. Eszeptiko nago. Balorazioa bi galderetan errenditu ditut. Horrek ez nau posizio onean jartzen. Beraz, onartu dezadan hartu dudan “arriskua”. Inork nire juzkua “burlazkoa” dela uste badu, bada, hala pentsa dezala. Hori tamala! Baina pentsamendua librea da. Edo halaxe izan behar du, ezta?
Nire nahikaria(k)
Nire gusturako, eta hau estranbotikoa izan daiteke –xelebrea, nabarmena, arraroa, bitxia…–, nire gusturako, lau gazte “burges” horien pentsamenduak –nire egiari zor– ez zaizkit interesatzen. Handi-handika diot. Aukeran honako lau gazte mota hauek nahiago nituzke mahai baten bueltan.
Bi eszenategietan agertuko ditut: lau gazteak mahats-biltze garaian ari dira. 8-12 ordu lanean jardun ondoren, afari osteko euren juzkuak ezagutu nahi nituzke. Bertze bat: lau gaztek, Zuberoko Larrain herrian ardi tropa hartu dute (2.000 ardi ingurukoa) eta aste biren bueltan Bardeak inguruan laga ostean, Tuterako ostatu batean hartu dute aste bateko atsedena. Euren Gaueko –edota Eguneko– eztabaiak saiakera gustura irakurriko nuke.
Nahikariok zailak ote diren gauzatzen pentsu dut. Hainbat galdera jalgi zait. Berriz ere, galderak. Liburuko lau gazte horiek pentsamendua garatu al dute? Hau da, saiogileak buruan –izan– dituen gai horien gainean taxuzko zerbait esateko gauza al dira? Ez dakit. Fikziozko eszenatoki baten aurrean gaudelakoan nago. Tira ni neu “nagoelakoan” nago. Izan ere, gogoeta fikziozkoak dira. Gaueko eztabaiak liburu honetako gazteen pentsamenduak ez zaizkit balizko mahats biltzaile edo artzain horienak baino gehiago interesatzen, ez zaizkit balekoagoak begitantzen. Alderantziz, beharbada. Ai ene! Lurralde lohitsuan sartu –ari– ote naizen inpresioa daukat.
Hipotesiak
Demagun nik aipatutako eszenategia gauzatzen dela. Alabaina, artzain edo mahats biltzaile horien juzkuak ez lirateke kongresu baten karietara bilduak izango. Hau da, besteak beste, ongi lo egin eta barra-barra edan ostean, ez lirateke liburuko gazte horien juzkuen adinekoak izango, ez eurenak bezain funtsezkoak, alegia. Izan ere –demagun Afrikatik edo Kaukaso aldetik heldu diren gazteak direla, euskaldunak ere izan daitezke, euskal herritarrak hots!–, hauek ez dira artean unibertsitatetik pasa, agian diot. Ez daude “behar bezala” ilustratua, ez dira “jantziak”, hots. Alta bada, mugak muga, zailtasunak zailtasun, euren pentsamenduak ez al dira europar gazte ilustratu aberats kume horienak bezain interesgarriak, eta jakina, eurenak bezain zilegiak?
Esplika dezadan nire burua
Mendebaldeak dituen “arazoak”, baldin baditu diot, batzurentzat –edo askorentzat– “arazorik” ez dago eta. Demokrazia liberala delakoaren eredu hau “lor daitekeen paradisua bakarra” baita eredu honen defendatzaileentzat. Harira: nire iritziz, sistema honen “arazoak edo gabeziak” ez dira pentsamendu soilaren bitartez “konpondu” ahal. Mendebaldarrok dugun ahalmen ekonomikoa eta bizimodua izanda –liburuko gazte horiek jendarte kontsumistaren paradigmaren isla dira– zer suerteko pentsamenduak “eragin dezake” gure eguneroko jardueran? Homus consumun diren gazte horien pentsamenduak nolatan eta zertan eragin dezake nolabaiteko “katastrofe” den mendebaldeko modus vivendi honetan? Ageri denez, galderak besterik ez zaizkit jalgitzen. Arrapostuak nekezago loratzen dira, bistan da.
Argipena
Baliteke lohian lerratu izan ezik, erratu izana. Erran nahi baitut, atera naizela liburu baten gainean egin behar den iruzkinaren markotik, harago joan naizela, eta baliteke “nire eszenategi honetarako” sortu dudan gidoi honek ez hanka ez bururik izatea! Baliteke.
Ondorioak
Liburuak nigan utzi dituen arrastoak azalduko ditut segidan. Zeregin honetan liburuaz harago joanen naiz, beraz, nire aburuak ez dira izanen une oro liburuaren gainekoak, ostera, liburua irakurri ahala ibili zaizkidan gogoetak eridenen dituzu. Liburuaren pasarte zenbaiten harian sortutako burutapenak dira.
Bidasoa aldeko (Irun-Hondarribia) Alardea hizpide: hasteko eta behin, nire ustez, alarde tradizionalaren aldeko pentsamendua ez da tokiko bizilagunen pentsamolde esklusiboa. Demagun, alarde horren “oroitzapena” Bidasoa eskualdean egiteaz beste Gipuzkoa osoan “sustraitu” zela azken mendeotan. Eraman dezagun harago, hau da, alarde mota hori Euskal Herri osoan gogoratzen dela. Hots, “fenomeno sozial hori” euskaldunon lurralde osoan errotuta dagoela.
Nago, azken hogei urte luze hauetan alardearen inguruan agertu diren jarrerak –portzentajetan ari naiz– berdin-berdinak edo antzekoak liratekeela nik aipatu geografia zabal horretan. Erran nahi baitut: Irun-hondarribiar “erretogrado/atzerakoi” horien jarrerak ez dira tokiko identitatearen ondorioa, eta berariaz, euren jitea baztertzailea ere ez. Alegia: “Zuek ez duzue honetaz taxuzko iritzirik, ez baituzue alardea bizi izan txikitatik” delako edo antzeko argudioaren aurrean, tokiko ez diren/garen herritarrek hartzen duten/dugun “zaplaztekoa” ez da esklusibitatearen paradigma. Zaplazteko hori jasan behar gabe,” atzerakoien” jarrera eramangarriagoa litzateke bihotza alarde mistoaren alde dagoenarentzat/garenontzat, noski. Baina, alarde tradizionalaren eta mistoaren arteko desberdintasuna berdin-berdin agertuko litzateke Gipuzkoan edo Euskal Herri osoan “ospatuko” balitz. “Oroituko” litzateke espresioa nahiago aukeran.
Erretogradoen kopurua, Bidasoko portzentajearen araberakoa litzateke. Nire uste zuloan, alardearen arazoa ez da “erlatibismo”-aren ildoan ulertzen edo gainditzen ahal, ez soilik bederen. Arazoa kulturala baita.
Oharra: liburuko gazte progre horien jarrerak –gai bakoitzaren aurrean jarrera ezberdinak eta aldakorrak dituztela– pentsamenduak besterik ez dira. Eguneroko bizitzan eta gai bakoitzean murgilduta zaudenean, parte-hartze zuzena hartuz ebazten da “benetan” eztabaidatzen –edo auzitan– den gaiari buruzko jarrera. Gainerakoa hutsala da. Tira, ez guztiz hutsala ere. Exageratu gabe, ados. Baina kontua ez da pentsamendua lantzea, edo ez soilik. Itauna berriz: ez bada bi mila urtetan aski garatu pentsamendua, milurteko berrian garatuko al da? Arazoa kulturala da.
Benazko, egiazko…
Berariaz edota azarera azaldu zait “benetan” delako hori. Gazte hauek –hainbat gairen eta egoeren aurrean egilearen pentsamenduak funtsean– egiaz ari denean, ni neu ez naute “betetzen” inola ere. Egia eta Jainkoarekin korapilatzen dira behin eta berriz. Inpresioa daukat ez dituztela erreala eta egia kontzeptuak bereizten. Hau da, eztabaida jainko eta zientziaren artean garatzen dute. Iraganeko egia –erlijioan funtsatua– eta egungo zientziaren egiaren arabera ari dira eztabaidan. Egiaz ari direnean, errealaz ari al dira? Errealitateaz jabetzea ote dute helburu? Hara, nire usterako, kongresuaren karietara bizitzen ari direna oporraldia da. Erreala horixe dela: oporretan daudela. Euren egoak ederto baino hobe dauzkate elikatuta, ondo lo eginak daude, primeran edan eta janak. Benazkoa hauxe da: kongresua dela tarte, hotela dela medio, euren gogoak ondo hanpatuta dituztela. Horixe egia!
Agoraz bi ele…
Agoraren eta plazaren ariora. Ez ditut ukatu ahal Argibideak delakoan egileak azaldutakoak, zuzenak direla izan ere. Alta bada, egin dezadan neronek ere historian barna. Har ditzagun aintzat Grezia zaharreko kontzeptu hauek: Isokrazia –boterearen partekatzea– isonomia –legearen aurrean berdintasuna– eta isegoria –agoran hitza hartzeko aukera–. Demokrazia delakoa gauzatzeko isegoria lantzea berealdikoa da, lehen biak gauzatuko badira. Haatik, herritarrok agora galdu dugu aspaldion. Agora Internet da egun. Lau gazte hauek –herriko– plazan al dira? Ez ote daude, bada, etxean eta interneten bapo bazkatuta? Zein da XXI. mendeko agora, internet ez bada? Kongresuak ere interneten bidez gauzatu daiteke. Gauzatu ohi dira. Arazoa kulturala da.
Zer da kultura? Horra galdera. Egungo pentsamenduaren arabera –gehien zabaldutako pentsamenduaren arabera–, “kultura” eta “jakintza” monomio bailiran bi gara. Hitz kidekoak dira. Hau da, “jakintza” maila altua duena –pare bat masters ditu, alegia– kultua da. Cool biziki cool! Unibertsitatetik pasa ez diren balizko artzain eta mahats biltzaile horiek ez dute kulturarik nonbait. Bego! Ez du gehiago sakonduko, gehiago ez lerratzeko.
Berdintasuna hizpide
Berdintasuna balore supremotzat jo da mendebaldeko jendarte moderno delako honetan. Edo bederen, aurrerazale gisa agertu ohi dutenek horrela darabilte “berdintasuna”. Gordin erranen dut: nik ez dut gizonaren eta emaztearen berdintasuna nahi, beraz, ez dut hori proposatzen. Nik “aukera berdinak” lema aldarrikatzen dut norberak nahi duen bezala izan dadin, bakoitzak nahi duena izateko.
Aipu higatu bat segidan, errekurritua. Nik ere horixe erabiliko dut. Marxek zioenez, hala omen, historia “tragedia” izaten –gauzatzen– hasten da, eta “fartsa” izaten bukatzen. Ados, denok txalo. Esaldia errekurritua izan arren, horixe bizi dugu modernia honetan. Kontua da, uste edo pentsatzen dugula besteak direla “fartsa” batean bizi. Gu ez, bistan da. Nork bere betaurrekoak!
“Kaka esplikatzen” ari ote naizen inpresioa daukat. Pare bat gauza amaitu aldera. Berriz diot enkax ere, baliteke azken gogoeta hau ez izatea liburuaren ondorio zuzena. Beraz, ulertu ezazu jendartearen eta gure euskal hiztunen gainean egina dela. (Gure) mintzairaz ari naiz. Euskarari buruz ari naiz. Euskaraz ari naizelakoan aritu ere. Adibide batzuk:
– Zer da “egun osoan zehar” ahapaldia? Adibidez: nik egun osoa pasa ahal dut “zehar etzanda”. Ados. Baina demagun, nor ari da “egun osoan zehar” lanean? Nor pasatzen da egunean zehar?
– “Berdin” eta “bera” hitzak hizpide. Euskaldun gehienek ez dituzte “berdin” eta “bera” hitzak bereizten, bereziki Hegoaldean. Adibidez: kamareroak zerbitzatu digu jin-tonik bat (liburuko gazteak gogoan). Gero beste lagun batzuk etorri dira gauden terrazara. Eskatu dute beren kontsumizioa haiek ere. Guretako batek –liburuko gazte horietako batek, demagun– hauxe dio: “Kontxo, gure kamarero berdinak zerbitzatu dizue. Kamarero bera izanda ere. Osterantzean, gerta daiteke kamarero bera ez izatea, izan ere, baliteke zerbitzatu digutenak pertsonak berak ez izatea, alegia, bikiak izatea. (Luzetsi naiz, sorry!).
– “Kriston” hitza, labur zurrean. Gaur egungo gazteentzat “kriston” horrekin superlatibo guztiak “berdinduta” daude. Gure ama zenak honela erran ohi zigun: “Kristorenak ikusiko dituzue”. Eta ostia, nik Kristo gurutzean (h)iltzaturik ikusten nuen, baita akojonatu ere. Gaur egungo gazteek, berbarako, honelakoak diote: “Kriston parranda bota dugu”. “Kriston ongi pasa dugu”. “Kriston gaizki pasa dugu”. “Kriston kakalarria harrapatu dut”…
Bref: mundu hau “kristo” bat eginda egon liteke. Dena dela ere, nik (gure) hizkuntza zinez kamustuta antzematen dut. Munduan nor izan nahian, gure kultura mastersez beteriko mundu hutsala egiten zait. Tira, nork bere jitea eta adiurrea.
Post scriptum: bai, badakit akademiak edo kanonak “kristoren” hitzak izen laguntzat hitz andana hau dakarrela: muy grande, tremendo, -a, impresionante, terrible, imponente, bestial; estupendo, -a, muy bueno, -a… Ulertu izen lagunak ere honela: très grand, -e; terrible, énorme, impressionnant, -e; excellent, -e; extraordinaire, dément, -e. Ederto! Baina, txo, gure historiaren zama osoa Jesukristo jaunari bizkarreratzea ere! Lar ezta? Sobera ere! Hau kristau kuadrilla!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: