Ez gara deus edota ez gara garena, etsairik gabe
Biba gorriac! / XIX. mendeko kontuak, Le Réveíl Basque astekariak onduak
Imanol Murua Uria
Pamiela (2025, Upaingo saila)
Sar hitza
Sar hitza terminoa liburu baten Sarreraren aldaera duzu –gure– iparraldean. Saio tipi-gotor hau Sarrera batez eta hamahiru atalez osatuta dago. Sarrerak balizko euskal malefizio oro deusezta lezake. Hots, ez dun-duk hamahiru. Heldu naiz berriz ere –heldu da, bada, iruzkingile nahasle hau– sorginkeriak hizpide. Barka. Bego hor.
Imanol Murua Uriaren Biba gorriac! saioa kazetaritza-kronika duzu. XIX. mendeko Le Réveíl Basque astekariak ondutako kontuak dakartza. Euskaraz landutako prentsa artikuluak. Le Réveil Basque euskarazko prentsaren aitzindari izan zen. Alta bada, saiogileak dioenez, euskarazko kazetaritzaren katebegi ahaztua dugu.
Abiaburuan: zenbait data datu eta kontu
Saioaren nondik norakoan paratzeko eta berean murgiltzeko –merezi dizu– hainbat data datu eta kontu: kazeta 1886-1894 urteetan publikatu zen. Astekari elebiduna. Laiko eta errepublikarra. Eskualduna aldizkariaren (1887-1944) garaikidea. Tira, pare bat urtez garaikidea. Eskualduna kazeta 58 urtez biziraun baitzen eta Le Réveile zortzi urtez bizi baino ez. Garai hartan, gure itsasoez harantz, bertze euskal astekari bat ere izan zen: California’ko Euskal Herria.
Le Réveilek Pauen izan zuen egoitza. Eskualdunaren egoitzaren herri edo hiri zehatzik ez dut hatzeman. Ipar Euskal Herriko kazeta izan zen arras, halarik ere. Giristinoa. Konfesionala. Ez dira garai hartako euskal aldizkari bakarrak, prefosta. Sarreran ontsa baino hobeto azaldua duzu hori. Egileak Iparraldeko aldizkarien berri eman ez ezik, Hegoaldekoenak ematen dizkigu eta.
Alabaina, oroz gainetik, aipatutako bi astekari horien arteko xextra sesio eta kalapiten berri dakarzkigu kazetari ikertzaileak. Xurien eta Gorrien arteko konfrontazioak ezagutu ditzakezu hartara. Garaiko politikarien arteko oldarraldiak. Honatx izen batzuk: Charles Floquet lehen ministroa. Gorria. Euskaraduna. Georges Boulanger. Xuria. Militarra. Populista. Henry Berdoly, bestalde. Euskaraduna. Boulangerren ildokoa.
Bref: horiek horrela izanik ere, –gure– hegoaldeko euskaldun gehienarentzat historia ezezaguna, ezagutu gabea.
Xuriak eta gorriak. Frantziako Iraultzaren karietara sortutako terminoak dituzu. Eskuindarrak eta ezkertiarrak izendatzeko eskualdun-on berezko terminologia. Duela 40-50 urte, anartean, bageneukan izen horiek entzutea euskaldunen ahotan, euskaldun on eta gaiztoen ahotan entzun ere. Merezi dizu ezagutzeak, benetan. Saio hau lagungarria duzu guztiz.
Abian jarrita, saioaren gaineko hainbat ekinbide
Erran nahi baitut, zer ekar dezakedan saioari ekiteko, berau irakurtzeari ekin diezaiozun. Nire buruaren inguruan itzuli-mitzuli dabilzkit hainbat kontu jakingarriak ekarri dizkizut: gogoa inarrosi eta ernarazi dizkidaten ekinbideak hala nola ekinaldiak. Honatx:
1. “Kazetaritza ogibide eta hedabideak gaitasun ekonomiko handiko sektoreak ari ziren testuinguru horretan egin zuen zortzi urte eta erdiko ibilbidea La Réveil Basque aldizkari xumeak”. Saiogilearen eleak dituzu. Egin kontu.
2. Eskualduna aldizkari xuria Le Réveil gorriaren erreakzioz jaio zen. Gizakion "akzio-erreakzioa" ekimena –naturala ote?– gizakion berealdiko ezaugarria dugu. Politikan hala nola gerran izan ere –bigarrena lehenaren jarraipena izaki–, eta ondorioz, komunikazioaren esparruan berebizikoa.
3. Komunikazioa dugu aro modernoko sistemen ezaugarria eta euren euskarri nagusietako bat. Frantziako Iraultzaz geroztik batez ere, eta bereberki. Gaur egungo komunikazioaren nondik norakoa entelegatzeko –komunikabideak ezagutzeko, alegia– euskaldunon historiaren barrenak arakatzea/ikertzea besterik ez dago. Saio eredu hau lekuko.
4. Konparazioenera, komunikabideak beharrean hedabideak bihurtu izanaren arrazoia kausitu dezakezu saio honetan. Elkar komunikatu edota informatu ordez, komunikabideak desinformazio-bitartekoak bihurtu izanaren arrazoiak. Bai, urrun joaki naiz. Alta bada, aburu horien zantzuak antzeman ditut.
5. Pentsa, prentsa tarteko, garai hartan euskalduna aintzat hartua –izan– zen. Euskaldunari euskaraz –eskuaraz– informatzearen beharra zegoen. Bistan da, boteretsuek edota bestelako eliteek euskalduna ulertzeko eta informatua izan zedin premiazkoa zuten euskara erabiltzea. Nahikari interesatua? Nahikeria? Bai. Alabaina…
6. Historia ezagutzea berealdikoa da, garena ezagutzeko. Jakina.
Egungo iparraldea –gurea– entelegatzeko –hegoaldeko euskaldunok berau ezagutu dezagun– ez da soilik eta engoitik beharrezkoa, XX. mendeko Lehen eta Bigarren gerlak ezagutzea. Ezinbesteko ezagutza horretan, harago joaki, areago arakatuz beraz, XIX. mendeko “kerik gabeko bolboraren usaina” ezagutzea gomendatzen dizuet. Saioan duzu adigarri.
7. Xuriak eta gorriak ezagutzea berebizikoa zaigu. Eskualdunak eta biarnesak ere bai. Eskualdunak biarnesak bezainbat direla “erakusten” saiatu dira –saiatu gara– historian. Alabaina, biarnesen estakuruz –biarnesek ez dute hobenik, ez haiek soilik bederen– euskaldungoak ez du berezko “departamendurik” izan egundo –baiki, administrazio politikorako bitarteko horretaz ari nauzu–.
Frantziar jakobinoak garaile jalgi dira betiere. Euren aurkako girondinoak ez dira "aski" izan, ez nonbait, ez eta eskualdunon aldekoak guztiz izan ere. Biarnesak eta eskualdunak, biak ala biak, menditarrak dira –montagnards; adiera politikaz ari naiz–, baina ez dute elkar ulertu edo elkar hartzerik izan. Ez dute jakin, naski. Aztertzeko moduko kontua. Gizakion edota norbanakoon aiurri hori, alegia.
8. Mundura etorri eta berau gurekin hasten dela uste izaten dugu pertsonok –uste dugu. Pentsatu gutxi, beraz–. Erran nahi baitut, “jakina izan da eskola batzuetan egiten zela zikinkeria franko”. Lerro durduzagarria. Hor ari dituzu, elkarri mokoka xurien nahiz gorrien aldeko aldizkari horiek.
François Bayrou lehen ministro ohia– ez aspaldikoa– heldu zait gogora, Paueko Bétharram ikastetxeko abusu sexualak eta pederastia kasuak tarteko. Historiako larderiak ez dira gurekin hasi, ez horixe.
9. Ortzaizeko erretorea –aita Agorreka– ezagutu nahi? Haren historia, alegia. Historiaren kontatzeko manera asko omen dago. Xuriek berea nola gorriek berea hala. Orduko hartan informatzeko maneraren munta nolakoa, gaur egungoa halakoa. Atal esanguratsua hori ere.
10. “Burdinazko dorre bat, hirurehun metro gora izanen dena”. Paris. Erakusketa Unibertsala. Eskualdunak ere tarteko, prefosta. Baita eskuara ere, bistan da. Informatzearen beharra. Iturriak eta berriak elkarren kontra paratuta aurkituko dituzu. Kontrastatuak, hots.
11. “Egun bakoitzeko lana zortzi orenetara gutitua izan dadin”. Bai, noski! Prefosta. Xuriak akort zeuden. Akort edo, hor nonbait. Gorriak nola ez! Erran gabe doa, edo joan behar luke. Kasu, haatik, gorriak ez dira hain gorri. Gorritsiak, naski.
12. XXI. mendera ailegatu ginen, baita emakumezko bertsolarien emana eta loria ezagutu ere. Hegoan nahiz Iparrean ezagutu ere. Alta bada, XIX.garrenean engoitik, Aña Etxegarai eta Mariana Hargain bertsolariak ari zituzun plazan kantari. Alajainko maitea! Hala jainkosa deabruak. Eta guk uste genuen…
13. “Euskarazko kazeta bat Los Angelesen…”. Hara, euskara AEBetara iritsi ez ezik, California’ko Euskal Herria aldizkaria bertan jaio zen, bertaratutako euskaldunek sortu zuten. Goytino eta Etxeberri ezagutu ditzakezu. Elkarri mokoka horiek ere. Bat xuria eta gorria izaki bertzea.
“Kazetaritzaren ikuspegitik azpimarratzekoa da kronika hau”, diosku saiogileak. Hainbat kroniken arteko bat. Euskaraz informatzeko gaitasunaren lekukoak.
Hamahiru atal-kronika dituzu, hamaika dituzu nireak ere
Saio honek iradokiak ez dira kopuru horretan akitzen ordea. Ez horixe. Frantziako Errepublikaren Marie-Francois-Sadi Canot presidentearen nondik norakoak ezagutuko dituzu. Bera akabatutako Sante Geronimo Caserio anarkista ere bai. Hala berean, errepublikarren gillotinaren zorroztasunak dardarizoren bat eragin diezazuke –hango eta hemengo aldaerak tarteko: urkamendia eta garrotea–. Bidenabar erranik: marrazkiak marrazki, irudiak irudi, potretak potret, liburuaren azaletik haste, poliki ilustratua duzu Biba gorriac! saiakera.
Hara, hamaika iradokizun gehiago ere paratu nitzake hemen, hala gorrien ildoko burutazioak nola xurien jiteko burutapenak. Aski, ordea. Azkeneko kontu bat, betiere.
Le Réveil Basquek 434 zenbaki eta 1.736 orrialde ondu zituen zortzi urtez. Erranak erran, historiatik heldu izaten zaigun informazioa zuzena delakoan, Le Réveil Basque delakoa Eskualdunaren sorreraren eragilea izan zen. Horra hor, hona hemen –nire– "akzio-erreakzioa" delakoaren iradokizunaren zioa.
Irudiz, Eskualdunaren sorrera Le Réveil Basqueri esker izan bide zen. Eskualduna aldizkaria oso zabaldua, biziro irakurria eta arrunt ezagutua izan zen eskualdunen artean.
I(ra)kaspena: ez gara deus edota ez gara garena, etsairik gabe.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: