Ez eduki ez izan! "versus" Egin ezazu! Izan zaitez!

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1601043447533 Begizolia | 2022-03-17 10:32

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1647510397655

Mandamentu hipermodernoak

(Egungo inertziak zalantzan jartzen)

Iñigo Martinez Peña

Elkar, 2021

Azalarekikoak

Azalean erreparaturik ondorioztatu dezakezu liburu honen nondik norakoa. Ordea, bere funtsa azaltzea konplikatuagoa duzu. Ez dut, haatik, liburua ez dela ongi azaldua erran nahi, edo gaizki idatzita dagoela. Ez horixe. Liburua ongi funtsatuta dago. Eta irakurri dudanez gero, lagunduko dizut berean sartzen irakurle hori.

Azalean erreparatuta hauxe: hitz bakoitzak eta guztiek badute funtsa. Halaxe behar da, ezta? Kasuon baina, azaleko hitzak askotxo dira, hala ere, denak beharrezkoak. Hauek dituzu lerroburuak: Mandamentu hipermodernoak. Egungo inertziak zalantzan jartzen. Ondorioa –eta nire juzkua–: gaur egungo jendartea azaltzeko hitz “asko behar” eta “erabiltzen” dugu. Zergatik? Bada, jendarte arrunt konplexuan bizi garelako, baita berbak sano maiztuta daudelako. Bueno, adierazi dudan hori hipotesi bat da. Bizi dugun garaia hipotesien aroa da.

Hipotesi aro hau apoteosikoa duzu. Apoteosikoa? Baiki. Hitz hori ausaz heldu zait, hauxe adierazteko: garai honetan hitz berak adiera bat dauka, adiera bi, hiru edota euren alderantzizkoa adierazi dezake. Hau da, berriz ere, historiaren “aro goren” batean bizi gaitezkeelakoan nago, edota historiaren "akaberan" bizi ere. Tira, horiek ere nire hipotesiak dituzu, besterik ez.

Azaletik barrura pasa aurretik, azalaren irudian errepara ezazu. “Errepara” hitzak bi adiera ditu gutxienez: “konpondu” eta “begiratu”. Azalaz nire inpresioa: ez zait batere gustatzen –adi, kontu, Iñaki Landaren lana hagitz ona eta egokia begitandu zait–, ez dut gustuko azalak –irudiak– islatzen duena. Berean azaltzen den pertsona ez dut laketgarri. Ez da aurriritzi bat. Arrazoia, hipotetikoa hau ere, pertsona hori gure jendartearen erretratua edo isla delako. Nork bere gustuak. Beste gisa batez begiraturik: egileak hori lortu du edota hori zuen helburu. Edo ez!

Barrukoarekikoak

Azalarekikoak luze joan zaizkit. Azalekoen arabera osatu nahi ditut barrukoak, luzetsi eta asperrarazi barik ordea. Ez kokildu irakurle. Liburua eserialdi pare batean irakurri dezakezu. Eserialdien denbora ezin dizut zehaztu ordea. Irakurle bakoitzak bere denbora behar baitu. Denbora funtsekoa da liburuan, egungo jendartea ulertzeko funtsezkoa baita. Nire aburuak geroko lagako ditut. Orain lerroburu nagusiko bi berbak hartuko ditugu aintzat. Mandamentu lehenik.

Gure izatea –Kristo garaitik XX. mende arteko izaera, XVIII. mendeko ilustrazioaren seme-alabak izanagatik ere– heziketa greko-kristauaren manatuaren ondorioa da. XXI. mendean berriz –Iñigo Martinez Peña filosofoaren ildoan ari naiz– 19 dira mandamentuak. Izan zitezkeen gehiago ere. Berbarako, kristauen apostoluak 12 izan beharrean, Jorge Oteizaren Arantzazuko frisoko 14 apostoluak diren legez. Saiogileak deskribatutako mandamentu berriek ederto baino hobeto deskribatzen dute egungo jendea eta gizartea. Horiek horrela, hona egungo mandamentuen funtsa ulertzeko hitz klabe batzuk: zenbaketa, neurketa, puskaketa, ezabaketa, mugikortasuna, denboratasuna, baikortasuna, indibidualismoa, kontsumismoa, seriotasuna, formakuntza, hilezkortasuna, kolektibotasuna, zoriontasuna, osasuna, sexualitatea, sorkuntza, itxura, psikologia, filosofia… Hori andana, ezta?

Zerrendako hitzak eta beren adieraziak mendebaldeko gizarte honen aurretiko aroetan ere izan dira. Kontua da, hitz horiek egungo mandamentuen osagaiak bihurturik, horiek nola “maneiatu”. Gaur egungo “gizartea” gai askotariko “entsalada” baita, eta hartara, aginduen atontzea ez da batere zeregin samurra. Ez naiz egilearen arabera egungo jendarteak bizi dituen aginduez ari, agindu –horien– pean bizi den gizarte honen izaeraz baizik. Labur zurrean: kontua da nola atondu “gizarte entsalada” hau. Egin ezazu! Izan zaitez! agindu pean osatuta baita.

Lerroburuko hipermodernoak bitan zatitu dugu: hiper eta modernoak. Modernotasunak askatasunaren bidea zabalduko zigun esparantzan –postmodernotasuna tarteko–, modernotasunaren osteko aro honetan gizaki berria izateko bidean galdu gara. Hiper izate nahiak galbidera eraman du gure bizitza –iritzia ematen ari naiz, berriz ere–. Jendarte honen ezaugarriak –izatea– antzinatik datoz, bistan da. Hatik, gaur egunera etorrita, giza historiako bilakaerak gizaki hiperaktiboak bihurtu gaitu. Homus economicus delakoa gizaki hiperaktiboa da –mundua den– hipermerkatuan.

Egungo inertziak zalantzan jartzen izenburuaren azpikoa egilearen nahikaritzat hartu dut. Proposamena da, alegia. Mandamentu hipermodernoak “kudeatzeko” lau berba horiek osatzen duten perpausa ulertzea eta geureganatzea baitezpadakoa iruditu zait.

Egungoa: egungoa ezin da “ulertu” gizateriak iraganean ezaugarritu duena geurea egin gabe, eta nekez “ulertuko dugu” ere gure burua geroan jarri gabe. “Oraina” edo presentea gain edo hiper baloratuta dago Martinez Peñaren aburuz. Ongi ulertu badiot, orainean dago gakoa. Bai horixe. Nire gardiz, berriz, oraina kontraesan bat da. Oraina, iraganaren eta etorkizunaren aurkako esanez beteta dago –iritzia ematen segitzen dut–.

Inertzia(k): inertzia da gizaki hipermodernoaren –pertsona modernoon– ezaugarrietako bat. Ez dakit nagusia den, baina bai arrunt erabakigarria. Inertziak denboraren erabilpenean barruan doaz. Bidenabar, hauxe erran beharra daukat: erabilpen hitzak bi adiera har dezake: positiboa eta negatiboa. Gauza bat erabiltzea, berez, positiboa da. Gauza bat “erabilia” izatea, negatibotzat hartu daiteke. Gure erabakiak hitzek determinatuta daude, eta gure bizimodua inertziek determinatuta ere.

Zalantzan: filosofiak filosofia, gogoetak gogoeta, ildoak ildo, ereduak eredu, kontraesanak kontraesan– bizitza zalantza-balantzan osatzen dugun esperientzia da. Zalantza galderaren bitartez jartzen da. Gure izatearen oinarrian galdera dago, bizitzaren nondik norakoa zalantzan jartzen eta determinatzen duena.

Jartzen: egunero jaiki eta jartzen gara, zutik jarri ere, nor izanen bagara.

“Orain eta hemen” duzu nire lemetako bat, batzuetan nagusia, eta horregatik kontraesankorra. Hona jarraian liburu hau irakurtzeko nire nahikariak edo mandatuak. Saiogilearen kasuan legez, hitz oste hau hitz aurre ere izan zitekeen:

1. Mendebaldeko egungo gizakiak –andrea eta gizona– Bibliako hamar mandamentuak bete ezinik, hamaika mandamentu “asmatu” behar izan ditu bizi beharrean. Liburu honetan dituzu horietako batzuk. Ezagutu itzazu! Agindu bat da. Bete, beraz, gure izatearen ezaugarri hori!

2. Agintzeko “boterea” hartu behar da. Bai iraganean eta bai orainean, gizakiok boterearen araberako izakiak gara. Uste dugunaren kontraesanean, gure boterearen araberakoa gara. Boterea baina, bi adieraren arabera “kudeatu” daiteke: menperatzailea eta askatzailea. Botere izatea aske izateko ahalmena da. Botere izan daiteke besteok menpe hartzeko gaitasuna. Izan ere, egileak liburuan ekarri legez: Ez gara gure baitakoak. Besteek osatzen gaituzte. Harremanen ondorioa gara.

3. Saiogilearen ildoan betiere, bere emanari esker hauxe gogoeta: gure garaia ulertzeko zailtasunak ditugu. Objetibotasuna ez da izan gizakion dohaina historian, hipermodernotasunak berriz, subjektibotasuna areagotu du.

4. Izendapen guztiek, berez, badute funtsa eta izatea, alabaina, iraganeko izendapen edo hitz horiek ez dute balio egungo marko berrian: markoa mundualizazioa eta globalizazioa baita. Aldatu da tamaina, handitu da espazioa, aldatu da denboraren “erabilpena”.

5. Gizakion pentsamendua eta kontzientzia “kamusten” omen doaz. Alta bada, horiek gabe nekez izanen gara orain arte izan garena, ez gara “pertsona” izango. Komunikabideen eta informazioaren araberako “jendartea” da gurea. Kontraesana irudi badu ere, norbanakoaren “ezagutza” oztopatzen duena. Norberaren burua ezagutu barik, nekez ezagutzen du bere izatea hurkoarekiko harremanetan.

6. Milurteko hainbat sinestetan –jainkoaren ideiaren araberakoa– oinarritutako zientziaren araberako sarea da gurea, jendartea “atontzen” duen sarea. Sarea beharrezkoa dugu ordea. Egungo gizakiaren izatea aldatuz eta berrituz doa. Hona ezaugarri berri bat: aske izan nahi dugu, baina arriskurik hartu gabe. Sare berri baten agindu berrien araberako gizakiak gara: Egin ezazu! Izan zaitez! Gizaki arrazoinatua garenez gero, historiaren bilakaerak Homus economicus izatera ekarri gintuelakoan ginen, alabaina, homus consumuns bihurtu gara.

7. (…)

Amaitu gabe, amaitu aldera: Iñigo Martinez Peña irakasle eta pentsalari kritikoaren ildoan ari naiz, haren eraginez, aldian aldiko nire pentsamenduak eta iritziak paratu ditut. Segi nezake! Bere lana pentsamendu askotarako ematen duen saioa baita. Pentsamendua baina, neurrian hartu eta gozatu behar dela uste dut. Pentsamendua berez askatzailea izan daiteke, baina gure buruaren menperatzailea izan ere.

Ezin dugu hiper ez super izan. Garaian garaiko aginduen eta lemen arabera osatzen dugu gure izatea, eta beraz, bizitza. Aroz aro, aldian-aldian, gailentzen diren agindu eta lemen arau. Norberaren aginduak izan edota osatzen dugun komunitatearena izan. Lemen bilakabide honetan, honako hau nire ekarpena: iraganean “sinetsi ezazu” izan zen lema edo agindua. Gero sinesteari laga eta “pentsatu ezazu” lehenetsi zen. Nolabait hori ere. Orain berriz, gaur egun, horiek beharrean lema hau egokia izan daiteke: “Ez eduki ez izan”. Noski, eduki gabe ezin izan, izan gabe ezin eduki. Alabaina, filosofia berri batek “neurria eta oreka” asmatu behar luke. Ba ote? Baliteke. Hona mandamentua, ez modernoa ez hiper, edo hala gura eta nahi bederen: bizi manatu gabe, ez zuk ez beste inork ere. Umorez eta amorez, amore eman gabe betiere.

Post Scriptum: idazteak berak zabaldu dit pentsamenduaren kutxa eta halaxe osatu dut idatzitakoa. Espero dut irakurle hori, liburu honen irakurle izaten lagundu izana. Zure arreta zeureganatzea duzu iruzkin honen xedea. Liburuak arreta merezi baitu.


Utzi iruzkina: