Euskaldunok fikziozko errealitatean bizi gara

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2022-01-17 07:55

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1642402848555

Totelak

Fermin Etxegoien

Erein, 2021 (Narratiba)

Totelak nobela hibridoak zer esana eman du dagoeneko. Hibridoa da, nobela bateko saio erabatekoa den aldetik. Nobela batean “denetarik” sartu omen daiteke, alajaina, hala sartu du ere Fermin Etxegoienek saiakera nobelatu honetan. Errealari zor, den-denetarik ez du sartu egileak, baina adi, adi-adi irakurri ezazu, une zenbaitetan jasoko duzun “informazioa” alimalekoa baita. Datuak eta datak buruan sartuko zaizkizu burrustan.

Sarrerako gaztigu horren ostean, hona sinopsia: labur zurrean. Lau dira protagonistak. Bidaiari bikote bat. St. Moritz aldean dabilena. Txet eta Marga dira, berriz, protagonista nagusiak. Honen semea Ganixek eta Txeten iloba Martinek ere bere munta dute eleberrian. Bereziki Ganixek. Totela baita. Horra hor izenburuaren zioa: mintzoaren ezina. Ordokikadreta da berriz (Ruper Ordorika katedraren inguruan gauzatzen da “trama”) nobelari zentzua ematen diona, nobelaren nondik norakoa bideratzen duena. Azkenik, Joseba pertsonaia, Txeten laguna, bera barik nobela bestelakoa litzateke.

Lehen bikotea bidaiariak dira, baita gainerako protagonistak halaxe dira nolabait ere. Hartaz, bidaia liburua da eskuetan duzuna. Bidaia baina, ez da samurra ez nolanahikoa, ez jauna, ez anderea. Hainbat dira gertaeren kokaguneak, hala Suitza (St. Moritz) hola Euskal Herria (Bilbo, erdigunea). Santander, Madril, New York, Londres eta Paris. Izan ere, nobelaren pertsonaiak munduan ibilki dira.

Munduak mundu, nobelaren espazioak eta denborak izarigabeak dira, eta horregatik lekuak benetakoak; aldiak berriz anitz eta askotarikoak. Espazioetan barrena nola ibiliko zara ere denboran joan-jinean. Zentzu eta norabide horretan, prestatu zaitez “anabasa” batean bidaia egiteko; ez betiere, baina bai pasarte askotan. Tira, nobela denez gero, haizu da hala izatea. Zilegia.

Irakurlea bidaia-arazteko modu bat musika eta literaturan barnean eramatea da, halaxe egiten du nobelagileak: musikaren eta literaturaren gainean erruz aritzen baita. Pentsa, nobelagilearen alter egoa presentea dago eta. Fermin Etxegoien idazlea, alegia. Ezinezkoa zait diskoen tituluak eta musikarien izenak ematea, parrasta baitira. Iragan mende erdiko pop eta rock and rolaren izen nagusiak dira. Deskubritu itzazu zerorrek, zerrenda amaigabea da. Literaturaz, nobelako hasierako batto aurreratzen dizut, obra anitz artean, Tomas Mannen Mendi Magikoa.

Euskal literaturaren gaineko digresio andana aurkituko duzu, euskal musikari buruz ez gutxiago. Alabaina, nobelagilearen beraren –narratzailearen– belaunaldikoen musikaren gainean ekarria “ikaragarria” da. Ez da kontu berria egilearen literaturan. Literatura eta musika izaten dira bere liburuen ardatza. Ez bakarrak ordea, hizkuntzalaritzak eta euskarak bere lanetan berealdiko lekua baitute izan. Neurona eta zeurona saioa gogoan. Euskaldunok euskararekin dugu “auzia” edota “desgrazia” presentea da bere lanetan, baita honetan izan ere.

“Euskalduna da… bere aukera linguistikoen gainetik bizitzen saiatzen dena”, irakurri dugu liburuan. Funtsean, musika eta literatura tarteko, fikziozko eta benetako pertsonaiak tarteko, “euskaldunok fikziozko errealitatean bizi garela” berrestera dator Totelak nobela.

Pertsona(ia)ren arteko kontrakarreko jarrera pila dituzu irakurgai. Konparazione, Azkuek eta Unamunok euskara-katedraren inguruan protagonizatu zuten “bihurgune” historikoaz jabetuko zara. Oteiza eta Txillida dituzu halaber, euskal bitasunaren erakusgarri. Paul MacCartney eta John Lennon, arrotzen artekoan. Liburuko bitasunaren perla batzuk baino ez dira. Pertsona errealen arteko “talken” pasadizoak asko dira, bai euskaldunen artean bai edozein erdaldun eta arrotzaren artekoetan… Galdera jalgitzen da baina, nor da euskalduna? Ez ote da euskaldun bera, arrotza bere buruarentzat?

“Lotsarrotasuna” da Etxegoienek –edota liburuaren narratzaileak –euskaldunaren definizio baterako proposamena. Euskaldun akonplexatua adierari gehitzeko modukoa: lotsarrotasuna.

Nobelaren gaineko balorazio zenbait azkenik. Nire jarduna osatu aldera, agian, irakurle hori, zuretzat akuilagarriak:

Ruper Ordorika kantariaren eta Ordorikatedra balizkoaren bitartez euskaldunok munduan garena azaldu du nobelagileak. Interesgarria litzateke Ruper Ordorikak berak horretaz pentsatzen duena ezagutzea.

Txet eta Marga pertsonaiak euskaldun prototipoaren isla dira, neurri batean behintzat. Euskalduntasunak maitasuna ernatzen du, baina, “kanpoko kulturek” –geureak ere diren kulturak, noski– gure izatetik eta nortasunetik aise kanporatzen gaituzte. Nobelan, begi-bistakoa.

Fermin Etxegoien “un petardo recalcitrante” iruditzen zaiola dio gizon bidariak. Nago, liburuko Etxegoien pertsona halakoa iruditzen zaiola Etxegoien nobelagileari. Erran nahi baitut, nobelan darabilen hizkuntza, euskara literarioa, euskaldun egoskor baten isla dela, pertsona setati baten proposamena.

Izan ere, zein da euskal literaturaren hizkuntza “eredua”, Narrazioak, Obabakoak, Larrepetit obretakoak? Totelak nobelako “euskara zatarra” ote?

– Euskaldunok fikziozko mundu bat behar dugu eguneroko errealitatean euskaldun osoa eta geure-gaina izanen bagara. Izanez ere, “gure inkontziente kolektibo linguistikoa oso erdalduna da eta erdaraz edozein erregistro onartzen dugu, euskaraz ez bezala, non ia edozerk kanporatzen gaituen narraziotik”.

Gustuak gustu, musikan nola literaturan, zer behar du egungo euskaldunak bere narrazioan izan ahal izateko? Nor gara gu? Zer gara gu? Totelak irakurri, galdera horiei erantzuten lagunduko dizu, naski.


Utzi iruzkina: