Euskaldunaren izate ezinezkoaren adierazgarri
Hainbat lerro, irakurketaren norabidean
1. Liburuaren nondik norakoa ezagutzeko, irakur ezazu kontrazaleko deskribapena.
2. Azalak eman dezakeena baino harago doa liburuaren funtsa, tira, ikusi batez irudi lezakeenaz harago.
3. Juan Luis Zabala txirrindularitza zalea duzu. Pentsa zenezake txirrindularitzaren edo zikloturisten inguruko “istorio sotil” bat dela. Bada, ez. Harago doa, aise joan ere.
4. ETA fenomeno soziopolitiko armatuaren "hausnarketa" hagitz estimagarria duzu. Euskal gatazkaren auzia kausa kasua arazoa ulertzeko lagungarria.
5. Nobela gomendagarria begitandu zait, bai egungo neraberentzat, hala adineko pertsonentzat nola tarteko belaunaldientzat barne.
6. Liburua, nobela hau, bere txikitasunean “handia” duzu.
7. Literatura den aldetik –egiaz honatago eta gezurraz haratago, hor nonbait– “herri” honek iragan mendi erdi luzean esperimentatu izan duen –edo jadaneko izan zuen– “sukarra” sendatzeko baltsamo moduko bat da. Sendatu nahi duenarentzako betiere, noski.
Gomendio bat edo bertze
Liburuaren atarikoan eta hiru atalen atarian hainbat idazleren aipuak edo epigrafeak irakur ditzakezu, baita epilogo laburrean sartu aitzinekoak ere. Irakurri itzazu patxadaz. Esanguratsuak dira hagitz. Une batez “ulergaitzak” izan dakizkizuke. Guztiz ulergarriak, erran nahi dut. Liburuetako aipuak euren testuinguruan ulertu behar baitira.
Lehen lau aipuen egileek, euskaldunak direnez gero, euskaldunak diren aldetik, izan dute “euskal gatazka” deituarekin inblolukrazio moduko bat. Kasuren batean edo bestean, parte-hartze edo konpromiso moduko bat ere bai.
Lau aipuek zer pentsatua ematen dute. Aipuak baina, erran bezala, usaian testuinguruz kanpo interpretatu ohi ditugu. Lehen atalaren aipua, luzea izan arren, zaila izan zait “ulertzea”. Alabaina, atalaren une batera iritsita ulertu ahal izan dut. Beste hirurek ere, hain ziur ere, nobelan pasarteren batean edo bestean funtsa hartzen dute.
Nobelaren egituraz
1. ERRIETA duzu lehen atalaren izenburua. Atal honek nobelaren erdia hartzen du. Sarrerako aipua (Ramon Saizarbitoriarena) ama eta seme baten arteko errieta bati buruzkoa duzu. Latza gero pasartea!
2. MESEDEA, bigarrena. Abantzu bertze erdia hartzen du atalak. Bi aipu dituzu atarian. Sergei Netxáiev iraultzaile errusiarrarena, bat. Mugimendu nihilista eta anarkistekin inbolukratua. “Iraultzaren garaipena” duzu bere leitmotiva. Motibo nagusia eta bakarra. Bestea, Dolores González Katarain Yoyes-ena. Aipuak
–epigrafeak– bere belaunaldikoek bizi izan zuten “sukarra” ematen du aditzera.
Zer erran? Bada, hauxe: "iraultza" jendartearen "sukarra" bat dela.
3. SUSMOA. Atala laburra da oso. Bi aipu: Jon Alonsorena, bat. Historiaz ari zaigu. Hots, batzuek historiagileak dira edo gara, bertze batzuk historialariak. Historia egiten dutenek, komunzki, biziki sufritu egiten dute. Latz sufritu ere. Bertzeak historia kontatzeko jaioak dira edo gara.
Natalia Ginzburgen aipua duzu bigarrena. Heziketaz ari zaigu. Behin hazi eta gero, heziketaren orbaina garbitzen ematen dugu bizitza. Heziketaren grina gaiztoak, “espirituak” bere hitzetan, purgatu beharraz ari zaigu idazlea. Hor nonbait.
Epilogoaren atarian bi aipu
Jose Maria Iparragirre urretxuar bardoarena, bat. Azkoitiko herri-kanta baten bi lerrokoa, bigarrena. Euskalduna Euskal Herrian eta Munduan moldatu nahiaren –eta beharraren– eta ezinaren testigantzak begitandu zaizkit: euskalduna kontrakarrean. Oldartu beharrez, bizirik iraunen badu. Munduaren kontrakarrean edo. Euskalduna munduan kokatu ezinean. Bere aiurri eta jite oldarkorraren eta otzanduaren adierazleak.
Alabaina, eta aldi berean, nire ikusmolde hori kontraesankorra izan badaiteke ere, aipu esperantzagarriak legez hartu ditut.
Nobelaren barna joateko hainbat kontzeptu
Nobelaren funtsaz aritu nahi dut, ahalaz, modu sotil batez. Nolabait erranik hori ere. Hartaz, hainbat pista eman nahi dizut nobelan kokatzeko. “Euskal gatazka” deituaren izate dikotomikoaren –oldarkor eta otzan– ildoan joan zaitezen.
1. Urrarrieta eta Atekaitz. Nobelako auzoen izenak dira. Beren etimologia ez da hutsala.
2. Agiña eta Agerre: protagonisten baserrien izenak.
3. Josu eta Pello: bi baserri horietako semeak. Etakidea bata. Iheslaria. ETAren aurkakoa bestea. Baina, "etakide" ere izan zitekeena. Potentzialki, erran nahi dut.
4. Mari Karmen eta Josu: ama eta semea. Agiñatarrak. ETAzaleak biak ala biak.
5. Pello eta Ane: agerretarrak. Aita eta alaba. Kulpamari eta Marikulpa. Alaba, iheslaria. Urrarrietatik “ihes” joan dena. Sorterria laga zuena, ikasketen bidean. Ez haatik, Josu iheslariaren jaiduraren ildoan "ihes egina".
6. Mari Karmen eta Izaskun: ama eta alaba. Josu etakidearen ama eta arreba.
7. Ane eta Lucho: Lucho bikote kolonbiarra, atzerritarra. Bikote atzerritarra. Bi atzerritar Suedian.
Nobelaren literatura tasunaz
Nobela batek tentsioa behar du, generoari dagokion thriller xarmatuaren ildoan. Agerrek atezuan atxikiko zaitu. Izan ere, badauka, bere txikian tentsioari eusteko une tirabiratsu doi-doi horiek. Kasurako, euskaldunon arteko harremanetan jalgitzen diren une larri eta estu horiek antzemanen dituzu. Oso esanguratsuak eta pizgarriak idazlearen narratzeko trebetasuna dela medio.
Juan Luis Zabalaren idazmoldea zuzena da. Bere kontakizunak –fikziozkoak, beraz– ez dira fantasiazkoak. Nire inpresioa duzu, noski. Metaforak ere arrunt gutxi izaten dira bere istorioetan, edo agian, ausartuko nintzateke erraten, nekez aurkituko duzu halakorik. Euskal literaturan hizkera argirik bada –beste idazle batzuk ere egon badaude argiak, jakina–, bere hizkera zehatza duzu hasi eta buka.
Nobelaren funtsaz
Agerre nobelako pertsonaien izate emozionalak ikaragarriak dira. Mari Karmen, kasurako, euskaldunon jite emozionalaren muturreko kasu patologikoa dugu. Ane –Pelloren alaba– beste muturrean dago. Bestelako jitea duzu berea, zorionez. Zorionez edo. Nire aburua duzu. Besterik ez. Izate horiek osatzen dute nobela. Nobelako euskal pertsonaiez bertzera, bestelako pertsonaiak ere badaude. Euskaldun ez diren pertsonaiak. Pertsonen izaerak kontrastatu ahal izateko baitezpadakoak.
Agerre ausarta begitandu zait. Pello euskaldunaren estereotipo bat duzu. Haatik, askotxo dira Pello bezalakoak.
Tira, izan dira. Pello joan badoan belaunaldi baten arketipoa da. Josu da bestea. Pelloren txikitako laguna. Josu ere, euskaldunaren estereotipoa eta arketipoa duzu. Iraganekoa hori ere. Galdera: izate horiek agertuko al dira berriz ere? Euskal Herriak eta munduak hartu duten norabidea aintzat hartzera, zaila iruditzen zait. Beno, nork daki hori ere.
Nobela ausarta dela diot. Ausardi horren adierazlea Ane pertsonaia duzu. Ez alferrik, ez hutsalean, kriminologo izate bidean dago Ane. Agerrek euskal kasua –arazo auzia gatazka– aditzera emateaz gain, kontzientziaren bidean jartzeaz harago, kriminologiaren galbahetik iragazten saiatzen da. Ekimen literarioa estimagarria iruditzen zait termino euskal arazoa horietan tratu nahi izatea. Ane duzu narratzailea eta nobelaren euskarri nagusia. Kriminologia ikasketak egiten ari dena.
Izan ere, nire aburuan betiere, euskal arazoa” delakoa arreta handiz behatu ezean, xehe-xehe aztertu ezean, ez dago euskaldunaren idiosinkrasia ezagutzerik, ez eta ezagutarazterik ere. Hots, pertsona edo komunitate bat bereizten dituen ezaugarriak, izaerak, ideiak eta jarrerak sakonki ezagutu ezean, etorkizun zaila du subjetu horrek. Nobelak izugarri laguntzen du bilatze horretan. Ane duzu euskalduntasunaren arketipo berria. Hor nonbait hori ere. Nire nahikaria, naski.
Badaukat, halaz ere, zehaztu beharreko kontu edo puntu bat. Nobelako protagonista nagusiak, Pello et Josu, 1958an jaioak dira. ETA fenomeno sozio-politiko-kultural-langile-armatua jaio zen urtekoak. Fenomeno bortitza. Hasieran espero ez zen bortizkeriaren egile eta eragile. ETAri buruzko adjektibazio hori funtsezkoa zait, ETA osatu duten erakundeak ezagutu eta bereiziko baditugu. Baita beren idiosinkrasia ezagutuko baditugu ere.
Horrexegatik edo, nobela politikaren planora ekarriz –stricto sensu–, hona aintzat hartzeko kontu bat, kontu garrantzitsua:
Pello eta Josu, Urrarrieta eta Atekaitz auzoko Agerre eta Agiña baserrietako semeak, biak ala biak etakide potentzialen izaeraren eta idiosinkrasiaren ereduak dituzu. Alabaina, eredu estereotipatu sozial hori, arketipo horiek
–izan ziren haiek, honezkero– Euskal Herri osora zabaldu izan ziren Euskal Herri osorako "eredu baliagarriak" izan balira legetxe.
Hots, amestutako Euskal Herria ez dira Urrarrieta eta Atekaitz, bistan da. Ez horiek soilik, alegia. Ordea, halaxe idealizatu izan zen Euskal Herria. ETA fenomenoa, fenomeno soziala, fenomeno kulturala, fenomeno politikoa eta fenomeno armatua legez ulertzeko funtsekoa da "idealizazio" hori. Hartara, Euskal Herriaren izatea gisa horretako engendro legez ulertu eta onartu egin dugu.
Gogorra da diodana, onartezina izan daiteke askorentzat. Bereziki, Mari Karmen, Izaskun eta Josuren ildoan eta jitean ibili izan direnentzat. Izugarri sufritu duten pertsonak dira, bistan da. Baita, euren kontrakarrean jardun dutenentzat jasangaitza izan ere. Funtsean, euskaldunak euskaldunaren kontrakarrean jardun du historian barrena. Ñabardunak ñabardura, horixe duzu Agerrek ekarri didana. Euskalduntasunaren bitasuna.
Nobela euskaldunaren bizitzaren izate dikotomikoaren adierazlea duzu. Alta bada, neronek, idazlearen keinu adierazgarri edota esperantzagarri gisara ulertua, izenburua Agerre duzu. Izan liteke Agiña eta Agerre. Izan liteke Agerre eta Agiña. Idazleak Agerre ipini dio. Ez da hautu hutsala.
Irakaspen gisara edo, hauxek
1. Euskaldunon izate esentziala eta existentziala kontrakarrean borrokatzen da. Jakina, bertze ezein norbanakok legez, euskaldunak askatasunaren beharra dauka. Bere izate esentzialari eutsi behar dio hartakotz. Alabaina, bere norabidearen jabe izateko subjektu existentzialaren jabe izan behar du. Bitasun horretan dihardu euskaldunak. Idealismoan borrokatzen den subjektua da duzu dugu euskalduna. Nor izanen bada, bitasun horretan, oreka erdietsi behar duena.
2. Oharkabean edo ohartuta, aipu-egileen izenak aipatu ditut, baina ez guztiak. Hiru “laga” ditut bidean. Nobelaren atariko hiru aipuen egileak hauxek dituzu: Joxe Azurmendi, Xabier Lete eta Joseba Sarrionandia.
Zaila zait esan nahi dudana adieraztea. Aipuak aipu, pentsalaririk pentsalari, nire aburuan, herri honetako “intelligentsia”-k ez du herri honek behar zuen tornuia eman. Tira, ostera esanda ere; herriak du behar duen "intelligentsia" erdietsi. Errespetu osoz errana. Ez kontuan hartu soilik, aipatu izen horiek. Arren eta otoi!
Zer besterik nahi duzue esatea? Agerre nobela kari edo hizpide, euskaldunaren izatea ezinezkoa begitantzen zait. Berezko kontzientzia duen izate libre horren jabe izatea behar duena, baina gauzatu ezinean bizi dena, borrokatzen dena.
Bueno beno bon well, izate libre "izatearen kontzientziarik" ba al dago gaur egungo Munduan?
Ez gaitezen immolatu, beraz!

Iruzkinak
Utzi iruzkina: