Euskal nazionalismoa, lekuko emakume laidotu baten harian

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1601043447533 Begizolia | 2021-11-23 10:55

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1637662010254

Nikole bijotzekua

Edorta Jimenez

Elkar (Lekuko)

 

Edorta Jimenezen saio hau Lekuko sailekoa duzu, lekukotasun-saio zinez esanguratsua. Nikolasa Atxikallende duzu protagonista, ez nagusia ordea. Izan ere, haren lehendabiziko senarra Sabino Arana Goiri izan baitzen; funtsean, protagonista nagusia. Menturako naiz erraten: Sabino Arana –izan– da Euskal Herriko historia berriaren politikari eraginkorrena. “Euskaldunon aberria Euskadi da” lemaren aldarrikatzailea, bera izaki ere euskal ikur zabalduen sortzailea: Ikurrinarena, hots. Haren ideologiaren aldekoak izan, haren kontrakoak izan, “baskoak” eta “maketoak” izatearen kontrobertsiak tarteko, bera da iragan mendeko euskal jendartea inarrosi zuen politikari nagusia. Horiek horrela, nor da ordea, saio honi Nikole bijotzekua izenburua ematen dion Nikolasa Atxikallende?

Nikolasa Atxikallende bada nor euskal historian, Sabino Aranaren emaztea izan baitzen. Halaxe izan zen, eta halakoa izan ezean, segur aski, ez zen pasako historiara. Alta bada, historiara pasa izanda ere, inork gutxik daki nor izan zen, eta haren izena aditua dugunok ere ezer gutxi dakigu hari buruz. Egiari zor, zorionez, Nikole bijotzekua saioa irakurri ostean askoz gehiago dakigu Nikolasa Atxikallenderi buruz, baita Sabino Aranari buruz ere. Engoitik orain, saioa eskuetan, euskal nazionalismoari buruz dakiguna osatzeko berealdiko aukera eman digu lan honek. Nihaurk bederen, Sabino Aranaren etsaiek eta haren jarraitzaileek berek Nikole Atxikallenderen kontra sorrarazi zituzten etsaigoak aletu ahal izan ditut eta euskal nazionalismoaren historia hobeto ezagutu.

Saio gisara ekarri dut liburu gotor hau. Egiari zor hau ere, lekukotasunez beteriko liburu honek literaturaren grazia dakargu berarekin. Egileak euskal nazionalismoaren sorrera garaiko historia aztertu du, molde bereziz ikerturik. Bere berezitasunak azaldu ditu, izan ere, Sabino Aranaren nazionalismoa garatu ahala, haren ezintasunak ederto deskribatu ditu, baita berau bultzatu zutenen gabeziak deskribatu eta bereizi ere. Zentzu horretan da saioa esanguratsua. Alabaina, badauka aldi berean nobelaren grazia, hots, suspense narratiboa. Egilearen alter egoari errita egiten dion ahotsa berebizikoa da. Liburuan kontatzen dena historia hitsa da, idazlearen kontaerak ematen dio berezko kolorerik. Historiaren gorabeherak ironiaz kontatzeak egiten du gozagarri irakurketa. Nikole bijotzekua saioaren euskarrietako bat horixe izaki.

Saio historiko doi nobelatu honetako paisaia berebiziko da. Kontakizun nagusia Urdaibain gauzatzen baita, Bilbora joan-etorri batzuren artean; Atxikallenderen familiaren Abina ingurumaritik Aranatarren Albiako ingurumarira bitartean, alegia. Nikolasa Atxikallenderen historia nork konta zezakeen, begirada Mundakatik Sukarrietara luza dezakeenak baino? Idazlearen begirada bertatik bertakoa izaki, mende luze bateko joan-jineko “bidaia” egin du Edorta Jimenezek. Irudimenak ondutako bidaia da, artxibo lanetatik jasotako begiradek lagundurik. Zeregin horretan, euskal nazionalismoan aditu Joseba Agirreazkuenagaren laguntza jaso du mundakarrak. Agirreazkuenagaren Azken berbaldia, azken pieza, liburuaren osagarria delarik.

Nikole bijotzekua gure historiaren lekukoa da, emakume laidotu baten inguruko lekukotasuna. Sabino Arana senarrak jasan zuen jazarpenaren biktima izan zen Nikolasa Atxikallende. Nikolek 1936ko Gerra zibilean kartzela pairatu zuen. Etsai ideologikoen aldetik ez zitekeen besterik espero, alabaina, ideologia hurbileko zirenek –alderdikideek, naski– egin zioten min gehien. Eta laido eta min horren eraginak iragan mendearen amaiera arte iraun du, gaur arte iraun ere. Ondorioz, euskal nazionalismoa ere laidotu du orobat. Jarduera hori konstantea da gizakion jokamoldean. Alabaina, sarritan, historiaren ezagutza nebulosa batean geratu izaten da. Horixe duzu Nikolasa Atxikallenderen kasua, norbanakoen interesek eta ezjakintasunak gaitzitutako historia, historia iraindua.

Nikole bijotzekua liburua historia argitzera heldu da. Euskaldunon memoria oroimin lausoa da. Gerran nahiz politikan galtzaileak are galtzaileagoak izaten dira –euskaldunon artean, badira irabazleak– historiaren gainean zabaltzen –historian eraikitzen– diren gezurrak eta zitalkeriak direla medio. Nikolasa Atxikallenderen historia laidotua izan da, eta ondorioz, euskal nazionalismoaren historia bera laidotua ere. Liburua historiaren pasarte haiek ehundu eta jositako “nobela” den aldetik, ez dut deus errebelatu nahi –ez dut spoilerrik egingo, gaur egun hain modakoa den espresioa erabilita–.

Liburura hurbiltzeko zantzu batzuk eman ditut, ordea, bestelako graziak ere baditu liburuak. Idazleak 2020ko martxoaren 14aren biharamunean idazten hasten du –COVID-19ren etsai publikoaren erasoa iragarriz batera– eta maiatzaren 1ean amaitzen. 1918ko Gripe izurria aintzat hartzen du I. piezan, eta Absente! izeneko XLVI. piezarekin amaitu. Denbora errekor batean, Sabino Aranak sortu zueneko nazionalismoaren egungo izaeraren eta ezaugarrien berri ematen digu maisuki.

Amaitu aldera, errebelaziorik egin barik, liburua Edorta Jimenezek sinatua izan arren, liburu hau ezin da Edorta Jimenez Ormaetxea Txakur andaluzaren begiradarik gabe ulertu eta barneratu. Erran nahi baitut, Sabino Aranaren Bizkaia –eta haren garaia– ezagutu barik, maketo izatearen nondik norakoak ezagutu barik, nekez ulertu daiteke egungo Euskal Herria. Nikole bijotzekua poliedrikoa da benaz. Izaera poliedriko horrek ertz eta hortz zorrotzak eskaintzen dizkigu. Horiek guztiak ongi josi izana da liburuaren dohain nagusia. Idazlearen gako orratzak egiten du saioa irakurgarria eta erakargarria.

Literatura lan honek historia gertatu berria ezagutzeko ematen digun aukerez baliaturik –iruzkingilearen zereginetik desbideratua hain ziur ere–, “errebelazio” moduko bat eginen dut azkenik: egungo Euskal Herriaren idiosinkrasia ezin da ulertu, ez ezagutu ere, euskal lurraldeetan isuri diren izerdi eta odolen usainak apur bat aditu barik; izerdia eta odola bertan edo kanpoan jaiotakorenak izanagatik ere. Erran nahi baitut, “baskoek” eta “maketoek” elkarri egindako minen arrastoa usaindu ezik, euskal lurraldeak gaur egun habitatzen ditugunok elkar aditu ezean –egunez egun hego hemisferiotik iristen ari direnak barne–, Euskal Herriak ez du izaterik.


Utzi iruzkina: