Euskal literatura "bihurguneko nasan" trabatuta dago
Bihurguneko nasa
Uxue Apaolaza
Susa, 2021
Sar hitza
Berandu heldu naiz Bihurguneko nasara. Alta bada, literaturara iristeko ez da sekula berant. Bai, eiki, Euskadi Literatura Saria (2022) jaso duen liburu honetan “literatura dago”. Alabaina… Zer da, bada, literatura? Hona definizio bat: errealitatea interpretatzeko moldea. Modu fiktizioan, noski! Harago joanez, interpretazio hori molde arrazoitu eta hausle modu berritu batez gauzatzen denean, harago iristen da literatura, are handiagoa da literaturaren balioa. Liburuak kritika onak jaso ditu, beraz, Uxue Apaolaza idazle-narratzailearen aldeko laudorioak errepikatu gabe arituko naiz. Ordea, harago joan nahi dut, "beste molde bateko gogoetak" paratu nahi ditut hemen –eta horrek ez du liburuaren literaltasunaren balioa apaltzen, jakina–.
Liburuaren jiteaz
Bederatzi ipuinek osatzen dute Bihurguneko nasa. Lur da pertsonaia nagusia. Juan, Josetxo, Fer eta Esteban dira gaineratikoak. Hamar urteren ostean Madrilera itzuli dira, bertan bildu dira. Uxue Apaolaza –eta idazlea– apenas ezagututa ere, Lur haren alter ego da –nire ustea duzu–. Madril iraganeko bere hiria da, bere bizitzaren partea. Underground da Lurren mundua. Uxue Apaolaza hernaniarraren literatura lurrazpikoa da. Bihurguneko nasa euskal literaturaren eboluzioaren –euskaldunaren bilakabidearen– adierazle bizia da inondik ere.
Gibelera behakoa: euskal mundu imajinarioaz
Hona euskal literaturaren ezaugarrietako bat –XX. mendearen erdialdeaz geroztik–: bere bitartez eraiki izan den "mundu imajinarioa" da; eraikitako mundu horren balioa berebizikoa izan da. Berau gauzatzeko-eraikitzeko sortutako hizkuntza literarioaz ari naiz. Bestela erranda, 70eko hamarkadaz geroztiko idazle berriek Euskal Herria interpretatzeko asmatutako “literatura”k berealdiko eta berezko jitea izan du. Konparaziora: Obaba, Odieta, Basques’harbour, Kalaportu, Goiko kale… Kasuon –Bihurguneko nasaz ari naiz– narrazioak izanagatik, bederatzi kontakizunak “mundu” bakarraren isla dira. Salbuespen batekin, azken narrazioa, Bizkarrez izenekoa. Aurreko narrazioen osagarritasuna eta nolabaiteko amaiera da. Mundu hori erreala duzu. Madril da. Bihurgune nasan deskribatukoa, berriz, Uxue Apaolazaren Madril imajinarioa.
Euskal literaturaren hainbat idazleren mundu imajinarioaren tokiak aipatu ditut, haien deiturak aipatu barik, ezagunak. Bihurguneko nasaren Madril irudikatu dudanean, Apaolazaren eskutik ikusten nuela, euskal poeta baten Madrilekin oroitu naiz. Uda batez Madrilen poesia liburuaren egilearekin. Bitoriano Gandiagarekin, alegia. Hona 1977 aldean, Gandiagak elkarrizketa batean Madrilez zioena: “(…) Sospetxatzen ez nuen bezalako hiritzar bat. Ez nekien zer esaten zidan. Zerbait esaten zidan edo. Nik esaten nuen ‘inpresio hau nola islada nezake...’. Madrilek zerbait esaten zidan. Nik entzun egiten nion. Baina nik ere zerbait esan nahi nion Madrili”. Labur zurrean erranik, Gandiagari nola Apaolazari Madrilek “zerbait” esan dio. Alabaina, mende erdi baten ostean, Gandiagaren Madril hura eta Apaolazaren Madril hau lekutan daude elkarrengandik.
Aurreko disertazio hori zertara datorren? Bada, hauxe errateko: arestian aipatutako idazleen mundu literarioaren birsortzea eta Apaolazaren birsorkuntza literarioa lekutan daude elkarrengandik. Euskal literaturak esperimentatu duen bilakaera (metamorfosi suerte bat, naski) eskerga –izan– da. Gandiagaren belaunaldikoen munduak, eta hala berean Madrilek, berebiziko transformazioa esperimentatu baitute. Ezin bestela izan, noski. Mundua itzulinguruka dabilen izakari baita, gelditzen ez den errota.
Bihurguneko nasa-z burutazioak: nire buruaren penak eta zioak
Bihurguneko nasaz gogoeta nago. Hori baita iruzkin honen zio nagusia. Egunerokoaren jendarte baten hainbat ezaugarri antzeman ditzakegu berean: klase ertaina, txiroak, etorkinak, arrazismoa, xenofobia, lanaren prekarizazioa, alderdiak eta sindikatuak (M-15 gogoangarria tartean), matxismoa, feminismoa, homosexualitatea, heterosexualitatea… Bihurguneko nasa gaur egungo gizarte post-modernoaren erradiografia ezaguna da. Jendarte horretan, Lur euskalduna sujetu nagusia izaki. Uxue Apaolazak duela hamar urte bizi izan zuen Madril hiriaren erretratu soziologiko iradokigarria. Jendarte horretan sujetuak soziopatak dira. Pertsonaien erretratuak zirraragarriak. Adierazgarriak.
Ordea, ez da soilik kanpotik ikus dezakegun Madrilek “kolpatzen” gaituena –kolpatu-inarrosi nauena–. Ostera ere, Madril hori bizi dutenen “barne bizitza”k, bizitzaren esperientziak, bizitza berak “kolpatu-astindu” nau. Kolpatze-inarrosi-astintze horren meritua, bistan da, idazlearena da. Horixe literaturaren inpresioa, errealitatera hurbiltzen gaituen artifizioa. Narratzailearen trebetasuna, xarma suerte bat. Halarik ere, hori esanda ere, ez pentsa Apaolazak eskaintzen digun errealitatea erraz beraganatuko duzuenik. Ezta errealitatea hori lehen kolpean interpretatzea dagoenik. Ez horixe. Nik bi bider irakurrita daukat liburua, eta hirugarren irakurraldi batek narrazioen muinen sakonagora eraman nazakeela sumatzen dut. Sarritan, liburuen baten gaineko moldea honela deskribatu ohi dugu: narrazioa hainbat geruzek osatuta dago, tipularen erara. Kasuon, Bihurguneko nasa granada fruituarekin alderatuko nuke. Alez eta pinportez beteriko narrazioak dira. Gerrarako granada baten irudia begitandu zait narrazioak irakurtzean. Bonba bat.
Bihurguneko nasak bestelako gogoetak ere iradoki dizkit. Hala nola, euskal literaturaren corpusarena. Gogoetek galderak ekarri dizkidate. Hala nola: euskara, berez, beregain al da euskal literatura nazionalaren hizkuntza izateko? Obaba, Odieta, Basques’harbour, Kalaportu, Goiko kale… islatzen dituzten euskara eta Bihurguneko nasako euskara lekutan daude elkarrengandik. Baiki, horrela iruditzen zait. Hona diodanaren lekukotasuna: a tu bola. Baina rew. Invierte en anécdotas, siempre crecen. Te queda muy grande esta ciudad, prefieres sentirte pequeña en Madrid. Nopuedomásnopuedomás, vetejodervetejoder, joder, joder, joder…
Oharra: toki imajinariorik gabe, Pello Lizarralde edota Joan Mari Irigoienen literatura ere ereduak dira. Arestian aipatu dudan hizkuntza literario baten erakusbideak.
Leegins grisak jazten ditugun objektiboa gara. Stop! Target! Madrilen eta Londresen edota Tokion gaude. Luzetsi gabe: euskaldunaren erreferentzia nagusiak erdal munduarenak dira. Galdera: euskaldunok beregain al gara? Politikoki ez, bistan da. Kulturalki ere ez: euskaldunok lekutan gaude guregain izatetik.
Euskal literatura bihurguneko nasan trabatuta dago. Munduko –erdal– hiri baten Metroaren bihurgune nasan. Izan ere, euskal literaturaren zaleok –hegoaldekook, hots– Galdosen nobeletako pertsonaien idiosinkrasia daramagu gure baitan. Artean, egundo gauzatu ez dugun euskal idiosinkrasia umezurtz-etxe batean bizi da –Manoletinak narrazioan agertzen den pertsonaia galdostarra-ren harian ari nauzu–. Akordura heldu zaizkit –gure belaunaldikoen kasuan euskara ikasi aldera– irakurri genituen Txomin Agirreren Garoa eta Kresala nobelak. Duela mende bateko literatura kostunbristaren adierazleak. Nobela haien bitartez soilik –euskal mundu baten adierazle imajinarioak ziren– mundu modernoan ezin genuela euskaraz bizi somatzen genuen. Modernotasunaren osteko garaion, euskal literaturak urratu al du euskaldun modernoa gauzatzeko beharrezko den mundu literarioa? Galdera, ostera ere.
Literaturak –eta arteak orobat– erreferentziak behar ditu. Zein dira baina euskaldunon erreferentziak? Hona Bihurguneko nasako hainbat erreferentzia, zilegiak, noski: Aingeru urdina, Emil Jannings, Sepultura, Mrozek, Mansfield… Alcasser belaunaldikoak... 90eko hamarkadako Hernaniko sagardotegien garaiko nerabearenak… Tira, Kiss them for me (Musu emaiezu niregatik!). Film baten zeharkako aipamena duzu. Liburu hau gisa horretako erreferentziez osatuta dago. Erreferentzia horiek mundu baten adierazleak dira. Literatura gauzatzeko beharrezkoak diren bitartekoak-artifizioak.
Granada fruitua izan ez ezik, Bihurguneko nasari eskuko lehergailu bati bezala eutsi diot. Horixe duzu esperimentatu izan dudana. Euskal mundua zein neurrian zartatuta dagoen aditzera ematen digu liburuak –hain ziur ere, egundo ez da kohesionatua izan–. Hots, Bihurguneko nasa gaur egungo euskaldun izatearen adierazle itzela da.
Irten hitza
“(…) ‘Egun on’ euskaraz, eta nik ‘baita zuri ere’, eta barre egiten zuen [Gabrielek], eta nik 'ez dut ezer barregarririk esan', hori gaztelaniaz, eta barre gehiago”. Aurreko hori, Finkoa narrazioaren pasarte bat duzu. Nire adimen eta senaren arau, literaturan nola bizitza errealean euskalduna esperpento bat da. Euskaldunak ez du izaterik munduan, munduan leku-tokia hartzen lagundu beharko liokeen literatura frakasoa da. Gizakiak –ez euskalduna soilik, prefosta– hirian frakasatu du. Hiria –ziutatea, zibilizazioaren bihurgunea– giza-patuaren bizigune patetiko-neurastenikoa da XXI. mendean. Areago, euskal hiria-ziutatea konformatzera iritsi ez den euskaldunarentzat are patetikoagoa da bizitza. Lurrek dioenez, adibide bat da: “Madrilgo autobus geltokiko berritze lanak amaitzen dituztenean iritsiko zait etxera (etxea, erraz esaten dugu, ez?) itzultzeko ordua". Beste bat: “Bihar, lan elkarrizketa bat dut hitzarturik. Nire etorkizun euskalduna finantzatze aldera egindako gestio urriren emaitza bat”. Hots, euskaldunak ez dauka –Gabriel Arestik aldarrikatu zuen– etxerik. Madril ez da bere etxea, ezta Bilbo ere.
Bilbo, Madril edo Paris. Bihurguneko nasa izenburuak Madrilgo Metroko ohartarazpen bati erreferentzia egiten dio. Uxue Apaolazaren lekuan, adibide bat besterik ez da, irudika dezagun Itxaro Bordak Parisen gauzatutako narrazio sorta –edo nobela– bat irakurtzen ari garela. Hiriaren estetika Corte Sofia izan ordez –Madrilgo estiloa–, Estetic Valenciaga hauteman genezake Parisen. Finkoa narrazioan, berriz ere, hauxe irakurtzen dugu: "Sindikatukoek Vicente del Bosqueren tonuan hitz egiten zioten Mariari...". Demagun, berriz ere, Lur beharrean, Izar dela pertsonaia, Parisen oraingo honetan: "Sindikalistek Didier Deschamps-en tonuan ele egin zioten Maddiri..." irakur genezake ausaz. Hau da, euskaldunak ez du berezko estetikarik, ez du berezko estilorik, fikzioan ere ez dago halakorik. Literaturak ez du ere berezko euskal izaerarik sortu, edo ez du balizko erreferentziarik eskaini. Bide batez, Itxaro Borda aipatu dut berariaz –literatura nazionalaz ari naiz orain–: Hegoaldeko literatura irakurlea lekutan dago Itxaro Bordaren mundu imajinariotik. Besterik gabe, sinpleki erranik, euskal irakurlea –handi-handika harturik– ez da Bordaren euskarazko mundu imajinarioa –ezta erreala ere, naski– entelegatzera inolaz ere iritsi.
Bizkarrez
Bizkarrez duzu azken narrazioa. Lur eta Fer dira pertsonaiak, haur baten gurasoak. Lur da protagonista nagusia. Ama. Ez daude Madrilen. Edo bai? Auskalo. Ziur dena hauxe duzu: Interneten daude. Hots, Madrilen, Parisen edota Tokion-New Yorken daude aldi berean: “Nire kontzientzia Telecincoko tertulia arrosa bat da”, dio Lurrek. Argiago ezin adierazi. Kontzientzia “argia” izatea besterik da, alajaina: “Ez klase ertain, ez irakurle ez euskaldun, ez ez-emakume, ez tipa maja!”. Lur ugaztuna da. Eta gizakiak –emakumeak, kasu–, animalia-ugaztun izateko sena galdu du. Hedabideetako berrien titularrek orohar eta tertuliek orobat, gizakia eraldatu dute, lurbira osoa hartzen duen geruza mediatiko pean mugitzen diren androideak gara: “Zalantzarik gabe, bizi dugun garaiaren sintoma da ama hau”. Ama suerte hori, alegia. Dudarik gabe, Bihurguneko nasa liburua bizi dugun garaiaren sintoma argia da. Erran nahi baita, errealitatearen adierazlea da, literaturak eskaini behar duen errealitatearen interpretazio "aparta", ez ohikoa.
Euskal literatura bihurguneko nasan trabatuta dago. Euskal literatura nazionalik ez dago. Ene aburu honek ez du gutxiesten Bihurguneko nasa liburua. Enkaxka-porsiacaso diot. Aitzitik, literaturak status quo-a transgreditu behar du, literaturak mundua arrazionalizatzeko modua izan behar du. Literaturak –arteak– munduan eta hirian bizitzeko molde berriak proposatu behar dizkigu, mundu errealeko politikak –eta erlijioak; politikariak erlijioso nagusiak izaki– egiten uzten ez diguna egin dezagun. Literaturak libre izateko bideak-moldeak iradoki behar dizkigu. Bihurguneko nasa liburua irakurriz, giza patuaren ezina esperimentatu dut, eta giza-patu horretan –kasurako– euskaldunarena. Euskaldun izatearen ezina. Tira, nire iruzkin hau, Bihurguneko nasa liburuaren gainean egindako errealitatearen interpretazio bat besterik ez duzu, bistan da –bistan denez–.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: