Ohar andana euskal liberalismoaren ildoan

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2023-09-18 10:51

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1695027571645

El modelo neoliberal vasco

Adolfo Txiki Muñoz

Manu Robles-Arangiz Fundazioa

Sarrerako oharrak

Ezohiko iruzkina duzu, irakurri berri dudan liburua “ezohikoa” baita niretzat. Iruzkina ere halakoxea izanen ote den nago: ezohikoa. Liburu mardula duzu, datu ugari dakar –dokumentazio eskerga–, hausnarketa anitz eta burutapen iradokitzaileak. Ordea, egungo jendarte-kultura zirimolatsuan oharkabean pasa(ko) da. Jendarte bestelako batean –“osasuntsuagoa” batean, naski–, liburu hau Bestseller litzateke. Salduena izan gabe ere –kontsumo-merkatuan “produktu” atipikoa baita–, bere burua sistemaren “meneko” jotzen duen jende-multzo handi baten “eskuetatik” pasako litzateke.
   Oharra: komunzki, irakurlea liburura eramatea xede izaten dut eta bidenabar liburuaren gaineko hausnarketa labur bat eskaintzea. Munduko estatuen ekonomiak saretu dituen eredu neoliberalak korapilo franko ditu. Liburua hari-jori ugarik ehunduta dago. Neronek hari solte horietako batzuk josi ditut, nekez josi ere.

Hona liburuan aurkituko dituzun gaiak: Finantzazioa. Fiskalitatea edota Zergak. Aurrekontuak. Pribatua eta Publikoa. Osasungintza –COVID-19, tarteko–. Hezkuntza. Feminismoa. Aldaketa klimatikoa. Energia… Liburua sistema demokratikoaren zigilu peko gobernuen politikaz ari da: gobernurik gabeko Europari buruz. Europa osatzen duten estatuez –Espainiakoaz oroz gain–. Estatu gabeko gobernuez, kasurako, euskal herritarrok hautatuta gobernatzen gaituzten EAEko eta Nafarroako gobernantzaz ari duzu.
   Labur zurrean: “Estatua” osatzen/sostengatzen duen euskarri sistemikoak lantzen ditu. Gobernuen gainean ezarri diren botere supranazionalak aztertzen ditu halaber.

Europako Atzeraldi Handia eman zenez geroztik –2008ko krisialdi ekonomikoa deitua, herrialde garatuenei eragin diona–, Europako Banku Zentralak, Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Batzordeak osatutako hirukoteak –Troika delakoak– behartu zituen Europar Batasuneko herrialdeak Europako erabaki ekonomiko jakin batzuk hartzera, laguntza ekonomikoak jasotzearen truke.
   Oharra: herrialdeak estatuak dira oroz gain. Alabaina, egiari zor, estatu gabeko herrialdeen politika neurri ekonomiko horien eraginpean gauzatzen da. EAJ-PNV da hain ziur, estatu gabeko herrialde baten esponente nagusia eta estatu modernoaren egitura jasaten ari den deuseztapenaz gehien profitatzen dena.

Europar Batasunetik datozen funtsak enpresei iristen zaizkie, handi-handika. Enpresak dira ekonomiaren oinarria eta motorra. Tokiko gobernuek ekonomiaren “osasunaren” arabera egokitzen dute aurrekontuak arlo bakoitzean: osasuna eta hezkuntza dira jendartearen izatearen oinarria, babesgabetuenek babesa gehiago behar dute, baina estatuek gerrarako beharrak sustatzeari –Ukrainakoa uneon–, karrera espazialari, mundu globalizatua indartzeari lehentasuna ematen diete. Zibernetika da egungo botereen zutabe nagusietako bat: gobernuek komunikabideen esparruak kontrolatzen dituzte elite ekonomiko eta politikoen mesedetan.
    Adibidez: gobernuek mundu ekonomiko globalizatuaren zutabe den turismoa sustatzen dute bereziki. Aireko eta lurreko garraioa da ekonomiaren motoreetako bat, luxuzko hotelak eta etxeak biziarazteko azpiegitura erraldoiak berriz beste motorea.

Iragan mendean, mundu gerra handien aroan, Gerraren Ministerioak gidatzen/kontrolatzen zuen munduaren nora. XXI. mendean Justiziaren Ministerio da botere faktiko nagusietako bat: botere politikoa kudeatu behar dutenek libratu beharreko “koska” handiena. Hedabideen esparruaren kontrola berebizikoa da hala berean. Internetek eta teknologia berriek desegin dute iragan estatu modernoak zeukan komunikazioaren/propagandaren monopolioa. Komunikabideak informazioa botere ekonomikoaren mesedetan ari da. Alabaina, politikariak komunikazioaren esparruan moldatzen dira aldez edo moldez.

Euskal eredu neoliberala

I./ Adolfo Txiki Muñozen El modelo neoliberal vasco liburuak EAJ-PNVren jarduera politikoa du hizpide. Alderdi jeltzalearen praktika politikoa baloratzea du xede. Iritzi kritikoa dauka, bistan da. Bere iritziz, PNVren politika kaltegarria da klase sozial ahulentzat, babes eskasago duten sektoreentzat. PNVren praxia politiko neoliberala ondo baino hobeto kulunkatzen da kapitalismo globalizatu liberalaren zirimoletan, Espainiako Estatuaren politikan ederki egokituta dago, Europar Batasunaren (EB) jarduera liberalak babestua. Munduan nagusitu den liberalismo ekonomikoa eta EAJren idiosinkrasia bikote naturala duzu. Alabaina, EAJ ez da gaur egun EAEn (Euskadi ere deitua) eta Nafarroan garaitu den politika neoliberala sustatzen duen alderdi politiko bakarra. Berbarako, haren alternatiba politikoa, EH Bildu ezkertiarra ere modelo liberal ekonomikoaren bidean abiatu da politikan. Funtsean, IU-Podemos aukera politikoak egin duen bidea egitera kondenatuta bide dago EH Bildu.

II./ Ezker instituzionalak ez du politika neoliberala aldatzen ez alteratzen. Gobernuek jendarte antolatua baino, jendarte subordinatua nahi eta behar dute. PNVren kasuan, kontrol soziala obsesio bat da. Demokraziak jendartea normalizatzea du helburu. Normatik ateratzen dena, ordezkatzen duen alderditik at geratzen da. Adibiderako: alderdi politikoek ez dute beren gain hartzen korrupzioaren parte izatea, beren politika iluna izatea, nahiz eta zergapekoen diruaz profitatu eta euren beharretarako edota nahietarako erabili duten. Alderdi politikoek ez dute bere egiten justiziak kondenatutakoen erantzukizuna. Alegia, korrupzioaren ardura nagusia ez, baina, dagokien neurrian, alderdiek delituaren erantzuleak legez "agertu" behar lukete beren burua. 

III./ Liberal terminoak ez du berez gaitzesgarria izan behar. Aitzitik, pertsonok irrikatzen dugun askatasunaren adierazle duzu. Alabaina, liberal ezaugarria jarduera ekonomiaren –jarduera politikoaren funtsa– adierazle nagusia bilakatu zenez geroztik, gizakion egoismoa kontrolagaitza bihurtu da. Egoismoa gizakion jarrera naturaltzat hartua izan da. Antzinako erregimenetan jainkoak erregularizatua, Ilustrazioaren ondorengoan Estatuaren eskura pasa zena. Ideologien –eskuindarraren eta ezkertiarren– krisiaren ostean neoliberalismoa nagusitu da.

IV./ Egungo EAJ-PNVren izaera Europar Batasunaren sorkuntzari lotuta dago. II. Mundu Gerra suntsitzailearen ostean, hauxe iragarri zuten estatu-kideek: europar estatuen ekonomia batuta eta sendo batek bermatuko ditu bakea eta egonkortasuna. Europa 5 estatu izatetik 27 izatera pasa da berrogeita hamar urteotan. Europa ekonomikoa gauzatu ahala estatuak ahulduz joan dira. PNV ondo baino hobeto egokitu da europar eraikuntzan. 40 urtez indar hegemonikoa –izan– da estatu gabeko Euskadi delakoan. PNV ederto egokitu da nazio eraiki gabeko eta lurraldetasun politikorik finkatu gabeko estatu-egitasmoaren aitzakian.
    Aburu ausart bat: Hitlerren Alemania nazia II. Mundu Gerran garaile altxatu izan balitz, Europaren egungo konfigurazioa bestelakoa litzateke. Nazional-sozialismoa garaile litzateke. Jatorriz eskuindarra den EAJ-PNV, aldez edo moldez, egungo alderdi politiko hegemonikoa litzateke.

V./ Espainiako demokrazia aro honetan: PNV egokitu da eskuinarekin –Francoren oinordearekin, PPrekin–, egokitu da komunista eta sozialistekin –antikapitalista zirenekin, PSOE, IU eta Podemos-ekin– eta egokitzen ari da ere Hego Euskal Herrian ezkerra ordezkatzen duen EH Bildurekin. Bere izate konfesionala ez da eragozpenik izan, akonfesionala bihurtzeko. Aldi berean, demokrazia aro honetara helduta, merkatu-ekonomia erregularizatu behar zuten estatuaren zaintzaileak, inspirazio marxistakoak, neoliberalismoaren meneko bihurtu dira.

VI./ Neoliberalismo ekonomikoak (ia) alderdi guztiak homologatu ditu. PNV Estatuan ematen den politika bera gauzatzen ari da aldian aldiko alderdien alternantziarekin. Adibidez: Nafarroan, PNVren ordezkapen soziala ez da botere gunetan daukan agintearekin proportzionala. Alta bada, funtsean, egungo politika-ereduak PSNren eta PNVren praktika politiko liberal ekonomikoak bateratzen ditu. EH Bildu gauza bera egiten hasi da, VOX eskuin erreakzionarioa botere politikoen instantzietara ez dadin iritsi. PP-UPN –VOXen aldean– alderdi erreakzionario eskuindarrak izendatuak izatetik libre daude, antza. PNVk –EAEko elite ekonomikoen kudeatzailea–, egungo politikaren egonkortasuna bermatzen du Espainiako Estatuan.

Hainbat gogorapen iraganeko leloen ildoan

A./ “Hay dos clases: los ricos y los que lo quieren ser”. Iragan mendeko 70 hamarraldiko esaera duzu. Garaiko jeltzale batek erabilia orduko gazte erreboltarion buru asaldatuak otzandu aldera. Orduko pentsamolde "bihurri" hura egungo jarduera normala "bihurtu" da jendartean. 40 urteetan PNVk bere krisi eta kontraesan guztiak gainditu ditu –Eusko Alkartasuna sortu zenean, kasu–. Printzipioz EAk zirudien etorkizuneko alderdia; sozialdemokraziaren ildoan. Bada, ez horixe. Krisiak krisi, PNV sendotu zen, eta EA, aldiz, EH Bildun diluitu da. Alderdia krisi gorrian zen unean, PNV eta EA artean, zeinen alde egiteko asmoa zeukan galdetu zioten senatari jeltzale bati.
    Arrapostua: “Yo estaré con quien me asegure el cargo”.

B./ “Ea ea ea, ELA se cabrea, bien bien bien el PNV también”. Lelo hori sarri entzuten zen 80ko hamarkadan. ELA sindikatua, PNVren “transmisio uhala” bezala kontsideratuta zegoen ezkerraren ildoan borrokatzen zuten gazteen artean –baita orobat jendartean ere–. Marxismoak jota zeuden militante haiek ordea, sen militarrak elikatuta zeuden erabat. Ezker abertzaleko militanteek –gehiengoak– ez dute hausnartu –ez usaindu ere– zer den ideologia hori. Egiari zor, herritarren eskubide sozialak defendatzeko beharrezko den praxi politiko bat sustatzetik oso urrun izan da ezker abertzalea.

C. / “Yo no soy capaz de coger un arma, pero estoy dispuesto a pelar patatas para quien lo hace”. LABeko kargudun batek 80ko urteen aldean mitin batean errana. Horixe zen ezker abertzalearen ildoko sindikalista haren espiritua. Nago –LABeko kideekiko errespetuz eta euren lana batere gutxietsi gabe– pertsona hark ordezkatu zuen sindikalismoak marka itzela laga zuela ezker abertzalearen ildoko sindikalismoan. Herritarren eskubide sozialen funtsa, euskal nazionalismo muturrekoerradikala izatearekin nahasia– esponentea izan zen ETAren jardueran diluitu zen.
    Oharra: “ETA no es sino el esponente extremo del nacionalismo vasco”, ebatzi zuen garai hartako militante kritiko batek. Ziur aski, ETA fenomeno soziopolitikoa legez hartuta ez da ehunetik ehunean horrelakoa izan, erakunde armatua bezala ordea, bai.

D./“¿Jose Elorrieta? ¿El que quiere ser lehendakari?”. Esaldi hori Bilboko Errekalde kaleko PSE-EEren egoitzan entzun –behar– izan nuen. Belaunaldi sindikalista batek egin zuen lan gaitzaren ondorioz, ELA berritu bat ernatu zen jarduera sindikalistan. Indartzen hasia berri zen neoliberalismo ekonomiko baten aurrean, sindikatuak alderdi politikoen “transmisio uhal” gisan jardutera bideratuta/behartuta omen zeuden: CCOO=PC. UGT=PSOE. LAB=Ezker abertzalea. ELA=PNV.   
    Ordura arte PNVren “transmisio uhala” zena –Alderdiarekin lotura “uhala”– modu ageriko batez mozten ari zela adierazi nion elkarrizketatu nuenari. PSE-EEko kidearentzat –eta bizkaitar sozialistak deitutakoentzat oro har– Joxe Elorrietak politika egin nahi zuen sindikalista bat besterik ez zen: “Elorrieta quiere ser Lehendakari”.
    Oharra: aipatu lelo horiek gehienak gaztelaniaz erranak ziren. Gaztelaniaz bizi ginen eta.

E./ Ur uher haietatik egungo lohia. “Politikoa” jendarte baten antolaketari dagokion jarduera da. Bizitzan dena da politikoa: politikoa da maitasuna, politikoa da ekonomia, politikoa da osasuna… “Politika” besterik da ordea. Politika lau urtetan behin hautatzen ditugun ordezkariek egiten dutena da. Herritarrok politikarien jardunaren zirimolan ihalozkatzen gara, jarduera politikoak "betebehar arrotzak" bailiran. Politika gidatzen/gauzatzen dutenentzat betebehar politikoak –handi-handika erranik– herritarron arduretatik at daude. Hori aditzera eman zidaten PSOEko kide haiek. Noski, eurentzat, Joxe Elorrietak ez zuen politikoan eragin behar, politika eragozten zuen sindikalista bat zen.

Ohartxo gehiago liburu mardul honen hari oharkorren gainean

F./ Politika liberalak orokortu egin dira botere ekonomikoaren mesedetan. Ekonomiaren globalizazioak lagundu/behartu du neoliberalismoa Europar Batasunean finkatzen. Eskuina eta ezkerraren politika homologatu da. Identitate komunitarioak suntsitzen ari dira neoliberalismoaren bitartez. Badira hala ere erakunde alternatiboak. Ordea, erakunde hauen mugak/gabeziak neoliberalismoaren efikazia dela-eta azalarazten dira. PNVk ukatzen du klase sozialak direnik. Eta modu beligerante batez oldartzen zaie politika alternatibak defendatzen dituztenei.

G./ Neoliberalismoak aldian aldiko jendearen espiritua eta eliteen interesen arteko oreka erdiestea du xede. Erakunde alternatiboek –sindikatuak buruan– analisi sakona egin eta praxi zorrotz landu behar dute ezinbestez. Gaurko jendartearen egituraketa dela eta, zaila da alternatibak sozializatzea. Herritarrok ezezagutza eta ezjakintasuna handia dugu sistemaren ezaugarriei buruz. Lan-saio gotor hau, diodanaren etsenplu eskergarria duzu. Botereak egungo propagandaren makinaria ongi maneiatzen du. Iraganean ez bezala, politikariek ez dute euren jarduera politiko zitala disimulatzen, “egiatiak” dira. Hauxe transmititzen digute herritarroi: “Nire lekuan bazina, gauza bera egingo zenuke”. Egia ez da honezkero balore sendoa. Herritarrok gezurra politikagintzaren erroetan dagoela onartu dugu seguritatea eta ordenuaren beharrean. Dirua politikaren ondarea da.
    Politikariek berez demokraziaren mesedetan jardun behar dute. Horrela izan behar luke demokrazia sortu zenetik. Politikarien lan handienak, ordezkatzen dituzten herritarren eskubide sozialak ziurtatzera bideratua izan behar luke. Alabaina, sistemaren beraren konplexutasunak ez die beren jarduera errazten politikariei. Politika zeregin konplikatua da.
   Oharra: azken paragrafoa, politikarien faboretan idatzia.

H./ Europar Batasuna (EB) politika liberala sustatzeko diseinatuta dago. Europar estatuen gainbeheratzearen ondoren, Europar Estatua bilakatzeko bidean dago. Estatuaren funts nagusia ekonomiaren erregulartasuna finkatzea da. PNV ondo baino hobeto egokitu da europeismoan. Espainiako Estatuaren gainbeherakadaz baliatzen ari da. Energiaren garapenaren kontrolaren eta fiskalitatearen maneiuan trebea da oso.

I./ Ezker instituzionala ez da gauza eskuinaren jarduerari aurre egiteko. Besteak beste, eskuina antzinako erregimenaren indar faktiko eta ekonomikoei lotuta baitago berez. Ezker instituzionala ez da gauza, itxuraz eskuinekoa izateari utzi dion eskuin-instituzional liberalari aurre egiteko. Ezker instituzionala sozialismoaren baloreak sustatzeko jardueran, borrokatzen dituen balore kapitalisten sostengatzaile bilakatu da. Politika instituzionala eta jendarteko ekimen alternatiboen artean ez dago “transmisio uhalik”.

Gogoeta gehiago

1./ Demokrazia bukatzen da askatasuna bukatzen denean. Gaur egun, jendartearen grina ez da askatasuna, ordea, eskubide sozialak eta askatasuna erdiestea homologagarriak dira. Egungo politikaren porrota estatuaren porrota da. Estatua demokraziaren bermearen egitura izateko eraiki zen, haatik, gaur egun –Europaz ari gara– demokraziaren porrota islatzen du.

2./ Sobiet Errepublika Sozialisten Batasunean (SESB) eman zen iraultza ekonomiko handiena iragan mendean. Porrotean amaitu zen filosofia politiko-sozial ekonomikoa. Ideologia sozialistaren esperientzia bakarra. Alabaina, sistema sozialista hark eraikitako politika sozialek sistema kapitalista estatuaren ongi-izatea –sozialdemokraziaren gauzatzea– sustatzera behartu zuen. SESBren porrotaren ondorengoa da globalizazioa. Sistema kapitalistak pertsonen kontzientean zeuden egitasmo komunistak hondatu zituen. Jendeok edota herritarrok ez dugu tokian tokiko terminoetan pentsatzen, pentsamendua globalizatu da. Internet bidez gauzatzen da egungo norbanakoon pentsamendua. Zibernetika da egungo pertsonon izaera eraikitzeko berebizikoa lanabesa.

3./  Liberalismo ekonomikoak ezkerra eta eskuina homologatu ditu. Praktika neoliberala da euren izendatzaile bateragarria. Ezkerra ez da sozialismoaren sinonimoa. Ezkerra terminoa Frantziako Iraultzan jaio zen, baina funtsean, antzinako erregimenaren oligarkia eta monarkiaren aurrean klase burgesen defentsan ezarri zen. Egun, klase apaleko herritarren eta politika instituzionalaren artean ez dago ia loturarik. Europan, egungo ezker instituzionala sostengatzen duten sektoreak ez dira filosofia sozialistaren ildoan gauzatu. Ezkerra ez da sozialista.

4./ PSOE –izan– da Espainiako Estatuaren demokratizazioaren pieza klabea. Sozialismoaren bandera goratzen du, baina PSOE ez da eredu sozialistaren bultzatzailea. EAEra etorriz, eurek bultzatutako politika sozialak ez dira PNV neoliberal eta eskuindarraren politiketatik apenas bereizten. PNV da ekonomia liberalistaren eredua. Nolanahi den ere, direna direla ere, alderdi bi hauek, Hego Euskal Herriko jendartearen izaera hobekien “ordezkatzen/islatzen" dute. Hegoaldeko jendartea sistema ekonomiko liberalarentzako eremu egokia da oso. Jendarte hau kontsumismoaren sustatzaile aitzindaria da. Euskal Herriko Iparraldeko eta Hegoaldeko jendarteak alderatzea besterik ez dago.

5./ PNV harro da politikaren erdigunera lerratu izanaz. Antzinako balore moralei muzin egin barik –JEL: Jainkoa Eta Lege zarra– modernitatearen baloreak besarkatu ditu, balore liberalak bereak egiten. Artean, PSOEren izenean gobernatzen duen ezkerrak ez du estatuaren izate estruktural ekonomikoa modifikatu. Estatuaren batasuna indartu du halaber: Espainia. PNVren aburuz, “jeltzaleek inoiz ez dute Espainiaren politikan hainbeste eragin”. Hala ere, 40 urtez, Espainiako Konstituzioa ez da erreformatu ia-ia. Ez behintzat, Espainia eta Euskal Herria –eta Europa– eboluzionatu diren ildoan, ez eta tokian tokiko jendarteak eraldatuz joan diren heinean.

6./ Izquierda Unida-Podemosen bidea eginen du laster EH Bilduk. Podemos –fenomeno sozial modura lehenik eta behin– sortu zen neoliberalismo ekonomikoari aurre egingo zion alternatiba bezala. Bere gainbeheratzea begi-bistako da. Horrela izan da neurri batean, estatuaren demokratizazioaren lanean buru-belarri sartu baita. Jarduera politikoa –klase sozial apalen aldeko neurri politikoak– sustatu beharrean, “politika” landu “behar” izan du. Podemos, instituzioetan jokatzen den politikaren elikatzailea izan da. Ondoren, iraganeko espainiar ezkerreko indar (PSOEren) politikoaren ildoan ari da, handi-handika erranik.

7./ PSOEk, ezkerraren hegemonia izan du lau hamarkadetan, sozialista ez dena, eskuineko estatuaren botere sozial eta ekonomikoa egonkortu du. PSOEren lehentasuna espainiar aberria da. Aberriaren funtsa dirua da egun. Jendartearen aberria kontsumoa da. Patriotismoa eta kontsumismoa homologatu dira. Neoliberalismoaren funtsa dirua da, baita berau ordezkatzen duena ezkerreko alderdia denean ere. Aberriaren kontzeptu hori PNVk sinbolizatzen du hobekien Euskal Herrian. Euskal Herria izate politiko amorfoa da: iraganeko Euzkaldunen Aberria Euzkadi da lekuko. PNVk ondo baino hobeto egokitu du Euskal Herriaren lurraldetasun parte bat bere beharretara, Euskadi delakora alegia. Botere ekonomikoen aldeko bere zerbitzu politikoak prebenda ugari ematen dio. Nafarroan, PNVren oinarri soziala ez da egundo nabarmena izan, alta bada, alderdia botere politikoen esferan ongi kokatuta dago. PSNrekin uztarturik, ekonomia neoliberalaren alderdi sustatzailea izatetik at ikusten dute herritar gehienek. Hots, PP eta UPN ez bezala, ez da alderdi eskuindarra jendartearen gehiengoarentzat.
   Oharra: Europa zurian, ederto kamuflatutako alderdi urdina da EAJ-PNV. Areago, zuria eta berdea eta gorria ere izan daiteke, egoeraren arabera betiere. Alderdi jeltzalea, kameleoia da.

Ezkerraren hegemonia instituzionala

8./ EH Bilduren hegemoniak Hego Euskal Herriko ezkerraren aro berria ekarriko du. EH Bildu ezker abertzalearen legatua da handi-handika, baina EH Bilduren politika –kultura oldarkor baten jitekoa– sistemaren instituzionalizazio politikan sartuta, sistema kapitalista-liberal-ekonomikoaren “uhala” izatera pasako da. EH Bilduren helburua boterea da. Eta eginbide horretan boterearen kultura sustatzen du. Sistema kapitalista-liberal-ekonomikoak –eskuinaren euskarri politiko eta ekonomikoa– alderdiak eta sindikatuak errealitate konplexu batean elkarren aurka borrokatzera behartzen ditu. Hegoaldeko ezkerra soziala eta sindikala ez da sistemarekin horren kritikoa. Paradoxikoa dirudien arren, liburu honen egile Adolfo Txiki Muñozen hitzetan, ELA da gaur egun sistema neoliberalaren politika suntsitzaileen aurrean sindikatu eraginkorrena, zein eta PNVren "transmisio uhala" izan behar zuen sindikatua.

9./ Ezker instituzionalak onartu du neoliberalismo ekonomikoaren eredua. EH Bildu iritsiko da politikaren esferara, baina “botere politikoa” bezatuta daukan “botere ekonomikoa”-ren indar politiko “instituzionalizatua” bihurtuko da. Praxian, ideologia neoliberalaren ekonomiaren “uhala” bihurtuko da, edo bihurraraziko dute. Egungo sistema –PNV kudeatzaile ezinbestekoa izaki– ari da “zorua ondo ongarritzen”, EH Bilduk laster gobernatuko dituen partzela politiko-ekonomikoetan “bazkatu” dadin. Gaur egungo euskal jendarteak ez du langileriaren identitatea islatzen, inoiz horrela izan bazen, gaur ez dago halakorik. EH Bilduk ez du jarduera politikoa sustatzen, EH Bilduren jarduerak hegemonia emanen dion politika instituzionalizatua landu behar du ezinbestean. Eskuina oso pozik dago instituzionalizatutako ezkerraren jarduerarekin.

10./ EH Bilduk ez du sustatzen norbanakoaren kontzientzia. Iraganeko kultura politikoak –ezker abertzalea deitu "eufemismo" politikoak– kontzientzia libreak zapuztu izan ditu. EH Bildu botere ekonomikoaren zutabe diren instituzioetan egokitzen –erakundetzen, organizatzen– ikasten ari da. Egungo alternantziek ez dute alternatibarik. Estatuan izan den esperientzia (Podemos-Sumar) errepikatuko bide da Hegoaldean. Ezker instituzionalarentzat alternantzia da xedea, baina neoliberalismoak esparru komunitarioak apurtzen ditu. Anartean, instituzioez kanpo ari diren indar sozialak eta sindikalak ezker instituzionalizatuari "aitzi egiten" behartuta daude, jendartearen antolaketari eta borrokari ekiten dieten aldi berean.

Azkeneko oharrak

a) PSOE gobernura iritsi denean ezkerrak ez du sistemaren estruktura modifikatu. Batasuna indartu du: Espainia. PNVren aburuz, “jeltzaleek inoiz ez dute Espainiaren politikan hainbeste eragin”. Konstituzioaren erreforma kimera/engainua da. Hori egiteko aukera izan dutenean, ez dute egin. Europak bake soziala bermatzen du. Botereak hartzen dituen neurri murriztaileak teknikoak dira, ez politikoak. Estatuko negoziazio kolektiboaren monopolioa CCOO eta UGT sindikatuek dute.

b) Komunikazioa da gobernuek hobekien lantzen/zaintzen duten esparrua. Hauteskundeak irabazteko aurkeztu ohi duten programa politikoa ez dute inoiz betetzen, baina propaganda aparailuak estrategia komunikatiboa bete-betean asmatzen du hutsune hori zuritzen/betetzen. Demokrazia izan dadin, kontrabotereak beharrezkoak dira, horien artean sindikatuak. PNVrentzat kaltegarria da instituzioen aurkako borroka, borroka molde horrek ez bide du espiritu demokratikoa errespetatzen, aitzitik, egonkortasuna hausten du. Itxura batez, PNV ez da klaseko beste alderdien jitekoa, baina botere ekonomikoaren jabe diren enpresen "jabe" balitz bezala ari da politikan. Enpresen pribilegioak maskaratzen eta makilatzen ditu, zuritzen ditu. PNVrentzat errealitate sozial bakarra dago, berak eta botere ekonomikoek ordezkatzen dutena. Pentsamendu autonomoa sustatzen duten erakunde sozialak “legez kanpo” ezarri nahi ditu. Legea berea bailitzan. Jendartea subordinatuta nahi du. PNVren ustez, axioma bezala, egun ez dago arrazoirik jarduera eta praxi neoliberalari kontra egiteko. Bere “humanismo” historikoaren bandera altxatzen du hori kukutzeko, estaltzeko.

c) PNVk ukatzen du klaseak izatea. Garai bateko sistema oligarkiko agintarien modura. Itxura batez, egun ez dago oligarkiarik. Neoliberalismoak klase-izaera ezabatu du jendearen kontzientziatik. Prebendak eta kutunkeriak ordea, politikagintzaren eguneroko zereginak dira. PNV patronalen ildokoa da, ekonomia gutxiengo pribilegiatuaren alde kudeatzen duten nagusiekin bat egiten baitu. EAEko jendartearen gehiengo babesa duen alderdia da eta klase ekonomiko-elitistaren kudeatzailea.

d) PNVk eta sistema politikoa kontrolatzen duten instantziek alternantzia baten etorrera aurreikusten dute. Sistema prestatzen ari dira, PNV ari da ere horretan, egungo sistema neoliberalen balizko alternatiba baten izpi nimiñoena –funtsean, Espainia eta Europaren markoan ezinezkoa– lehenbailehen "itzal" dadin, gauzatu ez dadin. Badira zeregin horretan pentsamendu liberala sendotzen duten intelektualak, Alderdiaren "langileak". Ez dut izenik emanen, liburuan dituzu.

e) Demokraziaren sendotasuna kontsentsuan bermatu behar da. Ordea, jarduera politikoa abiatu orduko, politika instituzionalizatuak sektore ahulen aldarrikapenak bertan behera uztera gonbidatzen du "politika adostu" bat ezarri ahal izateko. Egungo sistema politiko demokratikoarentzat injustizia politikoak salatzen dituztenak adaptatu ezinak dira, antisozialak, sistemaren aurkakoak, etsai amorratuak… Noblezia/klase politikari berri bat sortu da elite ekonomiken nahierara egokituta. Anartean, demokrazia suerte honetan klase-plebeioa-berria sortu da: lau urtetan behin bozkatzera deitua, instituzioetan ordezkatzaileak izatea bermatzen dituena.

f) Eredu neoliberalaren iritziz, mundu “konplexu” honen aurrean gehiengo sozialak –klase plebeio berria– ez dauka gaitasunik erabakiak hartzeko. Ekonomialariak eta filosofoak –egungo politikarien pentsamenduaren elikatzaileak– nagusitasun intelektualaren ikurrak dira, egungo pentsamenduaren berme. "Europa bake sozialaren bermea da" delakoa, pentsalari neoliberalen lema da. Ezker instituzionalak ez ditu nonbait, filosofo instituzionalizatu horien pentsamendu politiko neoliberaletan kontraesanak "antzematen".

“Boutade” batzuk azkenik

Gure garaiko “erlijio nagusia” liberalismoa da. Liberalismoak gizabanakoon sentimendu subjektiboak “jainkotzen” ditu. Gure sentimenduak dira boterearen berme nagusiak. Sentsiblea nagusitu da. Sentsiblea inteligiblearen gainean dago. Morala ere sentsiblearen arabera eraikitzen, funtsatzen eta gauzatzen da. Merkataritzara etorrita, liberalismoak beti ematen dio “arrazoia” bezeroari. Adigarritasunik gabeko “arrazoia”.

“Ez zara preso sentitzen, zure hegaldi laburrek ez baitute zure kaiolako barroteen kontra jotzen”. Gure gazte garaiko erranairua duzu. Egungo gazteek hegaldiaren beharra sentitu(ko) dute inoiz, hain ziur ere. Kaiola izan badago. Alabaina, liberalismoak jendea urrezko barroteen barruan laketzeko bizimoduak egokitu ditu.

“Denok dugu jeltzale bat gure baitan”. Hots, aldian kontserbadorea, aldian akonfesionala, aldian atzerakoia aldian aurrerazalea, eta uneon, ekonomia kapitalista muturreko liberal zalea.

“Denok dugu sozialista bat gure baitan”. Adinarekin, espiritua ondu ahala, anarko-kapitalista bihurtzen dena. Aldian iraultzailea aldian erreakzionarioa. Uneon, bera ere, ekonomia kapitalista muturreko liberal zalea.

“Goizean esnatzean, ispiluan so egitean, kasu emak, Trumpen itxura hartzen ari haiz eta”, erraten diot nire buruari.


Utzi iruzkina: