Etorkizuna erorkizun –ez beste–
Poema liburu bat –irakurtzeko jarraibideak–
Angel Erro
Erein, 2022
Iruzkin hau irakurtzen ari zara –milesker euskal liburugintzaren eta liburu honen poetaren partetik–. Artean liburua ez duzu irakurri, naski. Lasai, ez dago presarik. Haatik, ez da ere biharretik biharrera luzatzea komeni. Zatoz nirekin! Poema liburu bat –irakurtzeko jarraibideak– delako honen iruzkin hau jarraitu besterik ez duzu. Angel Erro poetak Irakurtzeko buruzko teoriak, Desengainuaren teoria edota Iraizkinaren teoria –teoria horiek guztiak–, poesia bihurtu ditu. Eta sinekdokea egiten digu –barkatu irakurle, esaldia gaizki egina duzu, bizitzak aldian itsusten dit euskara–. Alegia, "ondokoaz ordezkatzen" ari zaigu poeta. Ez beste, edo bai.
Eskuen artean duzun iruzkin hau, poema liburu horri buruz ari duzu. Beraz, hemengo berben dentsitatea, liburuaren araberakoa izan daiteke. Bere irakurketa ez da zeregin zaila, ezta adituentzako ez beste ere horregatik. Prefosta, denbora hartu behar duzu, alai, poesiak hitza aldian geldiarazten baitu. Angel Erro poetarenean, aldia/denbora “amaikorra eta materiagabea” bilakatzen duzu, denbora biderkatu ahala desaktibatzen da. Hori baina, gertatzen da zuk irakurtzen baduzu.
Poema liburu bat –poema liburu hau–, Blas de Otero eta Angela Figuera ditu aita-ama pontekoak, eta Gil de Biedmarengana eramanen zaitu, baita beste poeta askorengana ere, iruzkin honi tonoa hartuz gero jakina. Liburu honetan poetaren ama haurra zen –bizitzaren hasieran, betiere–, eta hil artean –ama hil artean– haurra ari zaio itxaroten. Poeta ari zaio amari esaten, lasai –alai nahi–, ezagutzen dut etorkizuna, poeten artean hezitako poeta nauzu eta. Azken hori, batez ere azken hori, iruzkingile honen interpretazioa duzu.
Iruzkin honen hitzaurrea bizitzaren azken tabernan heldu zait –ordu zalantzatia–. (Angel Erro) poetak gaztigatu bezala –inor ez da poetaren zigorraz libro– Heriotzaren aitzinsolas hits bat gara. Alegia deus ez! Deus jainkoa izaki, deusik ez beste gara. (...) Hitz egin dezadan poetaz behingoz: poeta honen grazia, besteak beste, Grezian dukezu. Eta Erroman. Klasikoen maitalea duzu –barka Erro, lerro lelo hori jalgi zait berriz ere–. Erroman eta horregatik, batek daki, Iruñean. “Hara, iruzkingile iraizkinaren teoriaren jarraitzaile horrek –erran dit aingeru gaiztoak atoan– eta Gasteizen eta Madrilen eta...".
Oharra: Angel Erro poeta, poeta garaikideekin ere oheratzen da.
Ama duzu poeta honen poemen bigarren pertsona. Baina ez besterik ez. Aita ere bada, eta arreba. Eta gelakidea. Eta... Poema liburu honen gaineko iruzkin honek “ez dizu esan oraindik ez dakizun hori”. Ez amore eman, hortaz. “Ez orain etsi inoiz helduko ez diozunari”. Eten bat egin. Hartu hatsa. “Edertasuna jantzi bat da. Ohean kendu beharra”. Nire gaztigua: poeta eta maitea ohean topatuko dituzu sarri. Singularreko bigarren pertsona maitalea betiere.
Bizitza oinazearen bariazioak. Ama, aita eta Silvia –irakurgai orain–. Ez horiek soilik, ez horiek besterik ez. Oda olinpikoak ere badira poetaren bizitzan, hainbat oda dituzu Poema liburu bat-ean. Ez dizkizut halere, gerretako –bizitza gerra-jokoa duzu– garaipenak esleituko –kontalari eta kontulari alferra nauzu–. Hau ez beste saririk onartu behar duzu. Literatura unibertsalaren historia oso singlea duzu: idazten da ez hiltzeko eta porrot edertua uzteko. Bakarrik-bakarrik horretarako, eta gehienetan bakar-bakarrik. Besterik ez, edo ez beste.
Etorkizuna “erorkizun” da. Ez beste. Edo ba al da besterik? Naturak bere araua ezarri du: ama hil, semea bizi –aita ere bai–. Bizitza lege. Orok bere bidea egiten du. Ibaiek eta –Gasteizetik Iruñerako– autobusek ere bai. Artean “gurasoek heriotzatik babesten gaituzte, beren gorputzekin estaltzen”. Hor dago poeta. Hor dago ama. Hor duzu aita. Eta zu, irakurle hori, eta ni, iruzkin iraizkin egile hau. Eta poeta bera. Batez ere, poeta. Eta hainbat gauza ere bai. Eta joan direnak. Joan diren guztiak. Horixe baita lege. Horiexek dituzu Poema liburu bat-ean. Ez beste. Edo bai? Baduzu besterik, bai. Bizitza bera bizitzeko molde bat, besteak beste.
Post Scriptum (I)
Post scriptumak astunak izaten dira sarritan. Laudorioak laidoak bilakatzen baitira usu maiz.
Behiala, Angel Erroren zutabe bati kateaz –Katebegian idazten nuen garaian/aldian– lotuta egoten nintzen hilean behin. Zutabea orrialde osoko harri Argia puska zen. Aldian behin horrela erraten nion zutabegile-poetari: “Segitzen duzu poesia idazten, ezta?”. Bere mintzo erlats xumea aditzen nion –telefonoz beste aldean–: “Bai, bai…”.
Besteak beste, niretzat, Erro poeta –kontu errekurrentea hau ere– hauxe esan zuena zen eta da: “Dena esana dago, baina ez nik”.
Poema liburu bat heldu zait Angel –heldu eta sartu–. Aingeru onarena nola hala Aingeru gaiztoarena.
Zuri ere, iruzkin honen irakurle horri, halaxe heltzea eta sartzea desio.
Anartean, zer bururatu eta nire heteronimoak idatzitako poema hau zuri helaraztea: Ez beste.
Ez beste
Aspaldian
Argia urratzen zenuen
aldian-aldian.
Eta ni, argi haren errainuak
lehena dastatzen izaten nintzen.
Amarekiko zordun sentitzen zintudan,
ni, orain, zurekiko zordun sentitzen naizen legez.
“Ez utzi poesia idazteari” esaten nizun.
Ez kexa, ez didazu huts egin, ez defraudatu ere!
Ez beste...
Michael Dorpe
Post scriptum (II)
“Liburuek ezikusia egiten digute eta bere argia ixten dute gure gainean!
Irakurle lagun hori, epitafio hau azkenik:
Heriotzaren aitzinsolas hits bat gara.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: