Espekulatzeko istorioak, gure historia nola –euskaldunona–

Espekulatzeko istorioak, gure historia nola –euskaldunona– Begizolia | 2026-06-04 11:12

Espekulatzeko istorioak, gure historia nola –euskaldunona–

Espekulazioak

Arrate Egaña

Erein, 2025

Espekulazioak abiaburuan

Arrate Egañaren Espekulazioak narrazio-sortaren eraginpean nago; trantzean. Espekulatzen ari naiz, noski. Espekulatzen hasia dut jarduna –iruzkina–, ezinbestean: ispilu baten aurrean ikusten dut nire burua. Ispiluak gezurra diost: gorputzaren ezkerrekoa eskuinean ageri zait, eskuinekoa ezkerrera. Kasu! Egañak engainatu nau, to! To eta no!

Espekulatzen ari naiz, bistan duzu. Espekulazioak liburuaren gainean hausnartzen ari naiz, plano teorikoan baino ez. Hutsean teorikoa? Tira, unetxo batez, harago joanen naiz eta modu pragmatikoan jardunen dut. Alegia, liburuaren gaineko praxiari ekinen diot, liburuaren funtzionamenduaren inguruaz ariko naiz.

Berbarako, liburuaren aurkezpenean –literaturaz kanpo ari naiz, liburuaz haratago edo honatago–, idazleak hauxe dioela dio prentsak: “Idaztean gozatu egiten dut; horregatik, niretzat helburu garrantzitsua da irakurleek gustura irakurtzea”. Hala berean, kazetariak berak hauxe idatzi ere bai: “Barrua mugitzen dioten gaien gainean gogoetatzeko idazten ditu ipuinak Arrate Egañak”.
    Nire kasua hauxe: literaturak gozarazi baino barrua mugitzen dit. Nahasten dit, alegia.

Bi adierazpen horien artean kontraesanik ba ote dagoen? Bai. Ez. Baliteke. Kontuak kontu, Arrate Egañak engaina! Edo ni engainatu nau. Edo bere erranak interpretatu dituztenek engainatu naute. Ez dut Egaña estigmatizatu gura. Erran nahi baitut: sarritan, liburuari buruzko adierazpenek liburuaren beraren irakurketa baldintzatzen dute. Izugarria gero! Edo!

Hartara, liburuaren gainean erranak eta liburua hau irakurri eta berau interpretatu aurretik hausnarketatxo hau: errealitatea –literaturaren– ispiluan islatu beharra dago edota islatzen saiatu behar du idazleak. Ispiluak “gezurra” diosku. Alta bada, hala berean, fikziozko isla horrek “egia” erakuts diezaguke.

Arrate Egaña nola, halaxe ari naiz, espekulatzen. Omen, espekulatzaileak errentagarritasun handia lortzea espero du bere jardunetik. Kasurako. literaturarekiko engaiamendutik halaxe espero ere idazleak. Idazleak xede bat dauka: hartzen duen arriskua ordaindua izatea nahi du. Ez naiz horrenbestez, materialki ordaindua izateaz, baizik eta, gutxienez, espiritualki aintzat hartua izateaz.
    Halaxe edo halatsu ere, iruzkingile edota interpretatzaile honen xedea.

Ekin diezaiodan berriz ere –literaturaz kanpoko– praxiari, Arrate Egaña literatoaren emaitzei begiradatxo bat eman diet: hogeita hamar liburu inguru publikatu ditu dagoeneko, baita hainbat sari jaso ere. Eta? Inpresioa daukat, ez duela ez “kritika”-ren berebiziko arreta bereganatu, ez publikoarena ere. Nigandik hasita. Hara, espekulatzen ari naiz, espekulatzen segitzen dut. Bego horretan.

Zazpi narrazio zazpi ipuin

Zailtasunak izaten ditut ipuin-liburuak izendatzean. Hots, berarekin dakartzan narrazioak genero bakar batean sailkatzeko zailtasunak. Kasurako: liburu honetan ez ei dago mamurik. Pentsu dut “ez dagoela maitagarriak zakurra printze bihurtu duenik”. Eta, halarik ere, ez naiz horretaz ziur. Dena dela ere, narrazioak istorioak –legetxe– izendatu ohi ditut. Gure historiako istorioak dira niretzat. Noski, hainbat pasartetan fantasia agerikoa duzu istorioetan. Espekulazioak delako honetan fantasia izan baitago haietako batzuetan. Beraz? Ez dela aise berauek izendatzea.

Espekulazioak liburuaren zazpi narrazioak eguneroko istorioak dituzu. Hamalau izan ei zitezkeen, baina zazpi dira. Zazpi izateak badu bere zera –zera zerako zera–, magia gisako bat; eta jadanik erran legez, osagarri fantastikoak aurkituko dituzu beretan. Tira, ez denetan. Osagarri fantastikoek errealitatea eraldatzen dute hain justu ere. Ispiluek nola desitxuratu ere: errealitatea, alegia. Narraziook, oro har, iraganeko ferietako mirailak bezalakoak antzeman ditut, nolabait.

Ispilu edo mirail horiek askotarikoak dira. Ez dira anitz, ez dira hamaika, alegia. Zazpi dira. Ezberdinak dira, baina familia bateko haurrideak izan daitezke. Ezberdinak baina kidekoak. Funtsean, idazlearen beraren sortzearen ondorioa dira, haren sorkuntzaren isla(k). Luze joko litzaidake, istorio bakoitzaren protagonistak edo pertsonaiak hemen izendatzea. Anitz dira eta aldi berean diferenteak, zinez eta benaz. Beude anonimatuan. Alabaina, honatx zazpi istorioon isla edo argi-zipriztin batzuk:

1. Energia subrogatua. Istorioak nazka eta higuina sorraraziko dizkizu, baita goragalea eragin ere. Beno, beharbada ez. Edo agian, bai. Irakurle bakoitzak genero kuttun moduko bat baitarama bere baitan, baita harekin aise akomeatu ere. Subrogazioa sinesmenak transmititzeko modu bat da. Nork bere energia dauka, nork besteen energia subrogatzen du. Subrogazioaren alde materialaz ari zara pentsatzen, baina badauka ere bere alde espirituala. Dena dela ere, istorioa premisa batez irakurtzera gonbidatzen gaitu narratzaileak; hots, idazleak: balio edo zerbitzen ez duenak ez dezala poxelu egin.

2. Urangistak. Istorio luzeena duzu. Historia hagitz bitxia. Euskaldunak tarteko, urangatarrak. Urangistak edo. Ez da horren harrigarria ere. Euskaldunon historia zienez bitxia baita. Baita haren ondorioz sortzen diren istorioak ere. Istorioan kokatzeko, hona maxima bat, Benito Juarezena: “Borrokan segitu behar dugu ahal dugunarekin, ahal dugun arte”. Idealismoa. Utopismoa. Ez soilik hori. Distopikoa ere bada istorioa, edo badukezu izan. Batek daki. Nork bere zeinu eta sena.
    Kontu bat: pertsonaia batzuek ore beltz bat mastekatzen dute. Mexiko. Henry Kissinger. Chiapas. Aluzinatuko duzu.

3. Hiperakusia (Hiperakusia: zaratarekiko hipersentikortasunean agertzen den patologia da, molestia edo minarekin batera edo ez). Bitxia izenburua, bitxia ere istorioa. Biziki erreala, haatik. Hemen pertsonaiek beraiek aluzinatzen dute, ore beltzik murtxikatu gabe. Haatik, sustantzia bat edo bertze ez dute eskas, beti dago edo daukate zerekin aluzinatzea.
     Euskaldunak ere tartekoak dituzu istorioon. Izugarria dun duk duzu. Euskaldunok, antza, Mediterraniora hurbiltzen garenean gure jite delinkuentea deskubritzen bide dugu. Gure aurrekoek Amerika deskubritzen lagundu ez ezik, berau konkistatzen lagundu baitzuten. Euskaldunok ez ezik, gizabanakok –oro har eta orobat– ignorante hutsak gara, agidanez. 
    Istorio laburra. Zirt eta zart, istorioak zauritu zaitzake. Tira, ez da istorio ziztakari bakarra. Kasu eman!

4. Burbuilak. Laburra hau ere. Idazlea bere jatorrizko ingurumariaren aztarnen iradokitzaile ari zaigu. Hiriaren aldirietako baserrian kokatutako istorioa duzu. Landarbason barna, hor nonbait. Hiriak tira handia dauka alabaina, baita Sanjoanek ere, jakina. Badago, istorio guztiak edo ia-ia guztiak –buruz ari naiz– lotzen dituen gai bat: ez da ore beltza baitezpada. Alta bada, agidanez, burbuilak beharrezkoak dira –ditugu– biziko bagara. Burbuila sozial baten seme-alabak gara, nonbait. Ezinbestean edo. Edo.

5. Bosgarren bilera. Bosgarren istorioa duzu Espekulazioak izenburuko honetan. Espekulatzen ari naiz. Espekulatzen segitzen dut. Istorio honek nazka edo higuinik ez dizkizu emanen, apika. Edo bai. Laborria eraginen dizu, ordea. Badauka, antza, "magiko"-tik zerbait istorioak –eta liburuak oro har eta orobat–. Ez dizut zergatia adieraziko. Bizierosi dela eta, Betierosi dela ere, dena dela eta, pertsonaia batzuek bizia begi-truk zertzen dute. Arrunt istorio begitsua duzu. Idazlearen beraren adopziozko herriren bateko aztarnak kausitu ditzakezu istorioan. Istorio latza. Etorkizun latza! Halakorik merezi izateko –gizonezkook, bereziki– merituak egin ditugun seinale. Hala irudi behintzat 

6. Korrikalaria. Irringarria egin zait istorioa. Irringarria eta iraingarria halaber korrikalari protagonistaren jitea. Etorkizun latzaren adierazle. Datorkigunaren bestelako isla bat, nolabait ere. Baduzu aipu bat istorioaren hasieran. Oraingoan, aurrekoak ez bezala, euskaratua. Ez dizut ekarriko hona, luzeegia baita. Ipuin laburra duzu hau ere. Arras fite pasa zait. Laster. Zinez, pentsu dut, munduak ez du atarramenturik. Edo bai. Munduak bai, bai. Norbanakook agian ez! Apika hori ere. Gelditzea omen da gakoa: “Parate mundo que me bajo” erran ohi genuen gaztetan. Erran, horrela erran genuen noizbait. Jaistea zailago izan da. Izan zaigu, nonbait.

7. Las Eretas. Berbintzanan gaude, Nafarroan; baita Murgian izan ere. Araban ez Bizkaian. Ez nahastu, arren. Ez dizut protagonistaren edo protagonisten izenak salatuko, tentaturik nagoen arren. Trantzean segitzen dut. Espoiler bat: kazetari batek kontatua da istorioa. Batek edo bik kontatua ere. Beraz, egiarik ez. "Egia" erdiestea ezinezkoa baita. Hori ez da kazetarien hobena, noski. "Gezurra" badirudi ere, "egia" hori jakin badakizu, ezta?
     (H)istori(o)aren errealitatea desitxuratua antzemanen duzu oraingoan ere. Pentsa, tartean, santuak, santak, sorginak eta kontu nekrologikoak baitira izan. Santamane eta Sorioneku!, lekukoak. Nekrologia ez ezik, arkeologiaren aztarnak ere badabiltza ipuin-kontu honetan, edo hori sumatzen da, sumatzen duzu. Sumatu dut.
     Dena dela ere –badaezpada diotsut–, lurrean ongi inkaturik nauzue. Halaxe egon zaitez zu ere, irakurle! Honengatik edo hargatik errealitatean inkaturik izan ere. 

Sinopsi bat

Tira, gezurretan ari nauzu ni ere. Bihurtu zaitez, alta bada, liburu honen irakurle. Ezin dizut sinopsi zehatz bat ekarri zazpi istorio horien harian, ez zertu ez gauzatu ere. Ez zaitzala Asurmendik engaina! Asurmendi ez da Egaña horregatik ere. Alabaina, aburu bat eman diezazuket zazpi ipuin-kontu-narrazio horien ariora:

Espekulatzen dugunean errealitatea desitxuratzen ari gara. Ez naiz liburu honen idazleaz ari; ez soilik bistan da. Alabaina, Espekulazioak delako honen idazlea, Arrate Egaña, itxurazko –gezurrezko– kontuen bitartez errealitatea
–iraganekoa nola etorkizunekoa– islatzen edo adierazten saiatu da. Batzuetan lortu du eta beste batzuetan ez. 
    Izenburu bat bilatu aldera: gure historia nola –euskaldunona, alegia–, espekulatzeko istorioak.  

Apur edota amiñi bat gehiago ezagutu dut idazlea. Arrate Egaña ezagutzea besterik litzateke. Ez nadin engaina beraz –ez dezadan nire burua engaina; ostera eta berriz ere, martingala bera–. Bitxia egin zait, halere, Arrate Egañak literatura eta gidoigintza ikasketak egin izana –besteak beste, pentsu dut– eta biologiaz horren arduratua eta jantzia izatea. Liburua lekuko, diot.
    Hori idatzi dut eta “ergela haiz gero” erran diot nire buruari. Biologia biziaren zientzia den aldetik, idazlea biologiaz interesatzea gauza edota kontu logikoa dun duk duzu. Normala dela baieztatzen ez naiz ausartzen.

Post scriptum edo post sinopsia

Madarikatuak izan daitezen post guztiak. Scriptum hau psikotikoa bihurtu daiteke eta. Bihurtu dezaket, alajaina. Espekulatzen segi nezake horrengatik berarengatik: idazlearen estilo zuzenaz edota idatz tankera espekulatiboaz, kasu. Baita tratatzen lantzen eta jorratzen dituen gaiez ere. Gai normalak. Gure normaltasunaren barruan, normalak horiek ere. Arruntean arruntak. Espekulatiboak horiek ere. Espekulatzen ari naiz. Espekulatzen segitzen dut. Bego horretan, behingoz!


Utzi iruzkina: