Espainolak eta euskaldunak; eta frantsesak

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2025-10-16 11:19

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1760606861204

Espainolak eta euskaldunak

Joxe Azurmendi 

Elkar, 1992

Sarrerakoak

Espainolak eta euskaldunak saio-liburua ez da berria; (Joxe Azurmendi; 1941-2025). Lehen edizioa 1976ko da, bigarrena 1992koa. Urte asko dira irakurri nuela, bigarrena noski. Ez ongi irakurria, hain ziur ere. Berrirakurri dut. Nire irakurraldiak zer hobetua –izanen– du. Joxe Azurmendi berriki zendu izanak ez nau bere saiakera honetara ekarri berriz ere. Ez da zioa izan. Aspaldiko asmoa –eta beharra– neukan. Gogoa zabuka ari zait, aldaroka. Saiogilea "pentsamendu-maisu" izan dut. Joxe Azurmendi, berriz –taxuz ezagutu barik ere– zilipurdika ari zait ene baitan. Obra eta obra-egilearen dilema berriz ere. Alegia, bidez bide, garai batean sasitan ibili nintzenez gero –geroago hartu-eman apurrak tarteko–, harekilako urratu batzuk daramatzat gogoan eta bihotzean. Baita pentsamenduetan ere. Luze joko lidake urratu horien nondik norakoak aletzeak, eta aletuta ere kontrobertsia antzuak baino ez nituzke sortuko. Beude horiek. Bego Joxe Azurmendi gure artean.

Jende-olde guztiek behar dituzte beren intelektualak. Joxe Azurmendi joan den hirurogei urteko gure herri-sektore bateko intelektuala izan da. Izendatze hori ez du berak egin. Intelektualek, eskuarki, ez dute hori horrela izatea hautatzen. Intelektualak jendarte-sektore batek hautatzen ditu, eta azken bultan, funtsean, olde-sektario baten ikono eta ikurra bihurtzen dira. Ez da –modu lauso batez– aipatu dudan herri honetako sektore horren intelektual bakarra. Joseba Sarrionandia ere halakoxekoa izan da. Bera ere, ez da egiatasun-kredentzial horren hobenduna izan. Zertara dator hau guztia?
    Honatx: euskal arazoa delakoaren bidean jalgitzen diren bide nabarreko zioak eta penak dituzu aipatutako guztia horretan –baliteke horiek nireak baino ez izatea–. Zio eta pena horiek giza gatazketako bide bihurrietan lauso edota gandutsu agertzen eta desagertzen eta geratzen dira. Bueno, hori ere argitzeak luze joko lidake. Bego, beraz.
    Ohar 1: herri honetako jende-olde sektario horren gehiengoak ez du Azurmendi irakurri, ezta Sarrionandia ere. Edo ez gutxieneko aditasunez eta taxuz, bederen. Nire ustea duzu, jakina.
    Ohar 2: Gehiengoa idatzi dut, jende-olde sektario horrek lortu nahi dituen helburuak lortzeko herriaren gehiengoa behar baitu. Demokraziak arau, betiere, jakina.

Sarrerako paragrafo horiek bi izan ez ezik, hiru eta lau eta bost izan litezke. Balio bezate –nahasmenduak sortzeke–, irakurleak jakin dezan nire burua non dagoen liburuaren gaineko nire iruzkin luze hau irakurri aitzin. Bestera erranik, Joxe Azurmendik behin eta berriro aipatu ohi zuen Claudio Sanchez-Albornoz espainiarraren esaldi hau ekarri dut abiatzeko: Los vascos sois españoles sin romanizar. Pentsamendu molde hori orain dela mende bateko propaganda moduko lema izan zen. Espainolen ipuina, nolabait ere. Mende bat igaro ondoren, hauxe nirea: Los vascos seguimos siendo gente des-euskaldunizadas.
    Alabaina, gizaldi baten ostean, euskaldunok erromanizatuak izan ez ezik, anglosaxoiak –estatubatuar-amerikarrak– bilakatu gara. Tira, bilakatzen ari gara. Ez gu bakarrik, prefosta, baina gu ere bai. Eta jite horrek areago birrintzen du euskalduntasuna.
    Oharra: Espainolak eta euskaldunak izeneko obra honek Espainolak eta euskaldunak; eta frantsesak titulua eraman lezake, nik uste. Saiakera izan ez ezik, euskaldunon historiaz ari den liburu honetan, frantsesek ere berealdiko lekua baitaukate gure historian eta berebiziko arrastoa utzi baitute gure baitan. Egileak eta editoreak –titulu berau ipintzean– izan zituzten mugen eta konbenientzien ondoriozko izenburua izan(go) ote zen.

Espainolak eta euskaldunak

Espainolak eta euskaldunak saiakera gogoeta ari(tu) naiz. Joxe Azurmendik legez, neronek ere euskaldunentzat idazten dut. Ordea, nor da euskalduna XXI. mendean? XX. mendera arte, euskalduna euskaraduna zen. Historian, ideologiak ideologia, beren burua espainol edo frantsestzat jo izan arren, euskaradunek ez dute euskaldun izatea ukatu. Egun, euskaldun askok, euskaradunak izan arren, ez du bere burua euskalduntzat jotzen. Alegia, mende baten joanean, euskaldunon idiosinkrasia nabarmen aldatu da. Euskaradun jende askok ez du euskaldun izan nahi. Hau da, euskararen jabe izateak ez du euskalduna egiten. Edo ez bederen, XX. mendera arteko euskalduna egin zuen moldez.

Euskaldunak lekua badauka munduan, baina ez berezko lekurik. Behiala izan zen euskalduna ez da berriz izango. Ez dut hura euskaldun oso-osokoa zela erran nahi, ezta egungoa baino oso-osokoagoa ere. Egungoaren aldean, bestelakoa zen. Hura iraungi ahala bere izatea deuseztatuz joan zen, eta haren ondoren, euskaldun-suerte berri bat heldu da. Tira, hura ez zen beregaina, ezta egungoa ere halakoxea izan.

Erdi Aroaz geroztik, mendez mende, espainolak eta frantsesak gure baitan
–gure lurraldean, pentsamenduan, gogoan, bihotzean– sartu ziren, baita geure idiosinkrasia aldarazi ere. XXI. mendera iritsita, euskaldunok erdaldunen baitan “sartu” gara nolabait, baina ez gara gauza izan euren idiosinkrasian amiñi bat eragiteko. Erdi Aroa ekarri dut hizpidera, batetik, euskaldunon bilakaeran berealdiko aroa izan baitzen –Azurmendiren ildoan betiere–, eta ekarri ere, gaur egun Erdi Aroaren antzeko aro-suerte bat bizitzen ari garelako mundu osoan.
    Aro postmoderno gisara ekarria den aro hau, oro har, mundutarron idiosinkrasiaren –mendebaldekoentzat bereziki– guztiz eraldatzailea bilakatu da, eta berebat, euskaldunontzat aro eraldatzailea izan ez ezik, suntsitzailea erabat. Aroak aro –erlijioaren mirabeak garen aldetik–, historiaren amaierara garamatzan aroa heldu bide da, aro apokaliptiko gisara deskribatua zenbaitek, edota zenbaitetan.
    Baiezpen hori burutapenapena– ez ezik, bada ere burutazioazioa–. Hau da, euskaldunok –euskal apologistek, kasurako– bertze herri edota nazioetako jendeen izari edo kategoria bera erdietsiko uste genuelakoan jardun dugu iragan mendean. Euskaldun soil-soila izatea ukatu izan gaituztenen izari bera edota izaera berdina erdietsita, berezko estatua izanen genuelakoan munduan. Euskaldunon batasuna erdietsirik, Euskal Estatu Batua izaki.

Espainolak frantsesak eta euskaldunak

Frantsesak sartu behar izan ditut nire jardueran. Erdi Aroaz geroztik, aroak aro, modernitatearen aroa heldu zen. Modernitateak urrats berri bat posibilitatu zuen demokraziaren bidean. Hots, sistema oligarkikoaren eta totalitarismoaren aurkako jardunean, jendarte justuago baten aldeko bidean, herriaren moduko botere bat gauzatuko zela espero zen, espero izan dugu euskaldunok giza-historian. Frantsesek XVIII. mendean burutu zuten iraultzaren ariora, herri gutxituek ere berentzako demokrazia lantzeko aukera izango zutela pentsatu zen, edo horrela pentsatu
–nahi– izan genuen euskaldunok nonbait. Ostera ere, iraultza moderno haren ondoriozko gaur egungo demokraziak ez zuen euskal demokraziarako bidea posibilitatu, aitzitik, delako demokraziak berak euskalduna suntsitzera bidean ezarri zuen.

Espainolek eta frantsesek kontrakarrean jardun dute historian. Elkarren aurka eraiki diren inperioak izan dira. Biak ala biak, inperioaren zabal-bideetan eraikitako nazioak diren aldetik –de facto lehenik eta de jure ondoren, eratutako estatu biak ala biak ere– idiosinkrasia suerte-nahaspila batez osatuta daude. Jite eta izate ezberdinez osatuta halaber, eta haatik ere. Euskaldunok, espainolak erromanizatu ahala erromanizatu ginen barbaroak izan omen ginen. Espainolaren aurkako jardunean, berriz ere, euskaldunari barbaro izaera hori atxiki zaio, ordea
–atxiki ziguten edo atxiki dugu–. Alabaina, euskaldunon espainolen parteko partaideak bilakatu ginen. Ausarkeriaz, hauxe erranen dut: egungo euskaldun suntsitua espainolen graziak jota dago, espainiar jiteak jota dago, baina bizirik. Aldiz, frantses demokrazia-sofistikatuaren ondoriozko euskalduna dagoeneko amaituta dago. Gaur egun, munduan garatu den demokraziarengatik balitz ez litzateke euskaldunik izango, ezta euskaldun-barbaroaren ondorengoa ere.

Espainolen eta frantsesen historiaren ariora, euskaldunok ez dugu kulturatik izan. Kulturarik izan ezean, ez dago herririk. Nahiz eta izendapenean berean País edo Pays izan. Herria, alegia. Herririk izan, izan da eta badago. Kulturarik izan ote den zailagoa da baiestea. Eta ez, kulturarik izan ez dugulako, euskaldunok –herri zanpatu eta asimilatu guztiek legez– kulturaren kontzeptua osagai okerrez osatu dugulako baizik, kulturaren kontzepzioaren beraren kontzeptu okerrez osatu garelako. Kultura –kontzeptua– norbanakoari berezko irizpen kritikoa garatzeko aukera ematen dion ezagutza-multzoa da. Euskaldunak irizpide hori garatzeko lanabesak edota baliabideak izan ditu, eta berez, berezko eta nolabaiteko kultura garatu izan du. Euskaldunak kulturarik izan badu: izan edo ez izan, horixe kontua. Alta bada, ageri denez, inguratu izan gaituzten kulturen aldean, izatea ez da aski. Ez da aski izan. Izan ahal izateko, beregaina izateko, kultura oso-osoko baten izatea zarela auto-konfiantza garatu behar duzu. Ordea, euskaldunak ez du bere izatea oso-osoa garatzeko konfiantzarik ukan.

Asmakizunek eta gezurrek osatu zuten euskalduna beste orduz; espainiarrenak noski. Ez genuen historiarik izan. Ba al dago izaterik, historiarik gabe? Kulturarik gabe, hots, kultibatu gabe ba al dago izaterik? Zibilizaziorik ez genuen izan, nonbait. Horretan, zorigaitzez, espainiarrei zein frantziarrei arrazoia eman diegu. Gurezko herritartasun izanagatik, ez ginen gure hiritartasunaren jabe bilakatzeko gai izan. Euskaldunok ez ginen osatu norabide eta zentzu politikoan.

Norbanakoon mitoak eta istorioak. Iragan milurtekoetako norbanakook
–gizakiok, emakume nahiz gizonok– erlijiotako mitoek osatu dituzte. Erdi Aroaz geroztik, berriz ere, historiaren gaineko istorioek formatu dute euren aiurria. Historiari buruzko kontakizuna, istorioez osatutako daude. Istoriook, berriz, historiako bilakabidean gailendu direnek kontatu dute: boteretsuek, indartsuek. Irabazleek, hitz batez. Zentzu, ildo eta norabide horretan eraiki izan da norbanakoen nazio kontzientzia. Herri kontzientzia izan arren, garaileen kontzientziaren aldean kontzientzia ahula izan du euskaldunak, bere-berezko nazioa garatzeko kontzientzia eskasa. 

Euskaldunak burujaberik gabe, burugabea izan da. Giza-aberea den aldetik, burugabeak bar-bar dio, animaliak legez. Euskaldunak txoriburua deitu dio izaki suerte horri. Kultura baten jabe izan arren, hots, ezaguera eta jakintza handiko pertsonak izan arren –norbanakook kultura anitzez konformatuta gaude–, pertsona edo norbanako hori arrazoinamendu eskasekoa izan daiteke: txoriburua, alegia. Pasioen eta emozioen menpeko buruarina. Herriak, nazioak eta estatuak –baita inperioak ere– baldintza eta betekizun horien harian eraiki dira.

Euskaldunok gurezko estaturik eta nazio ezagutu gabeak izaki, herri izatearen kontzientzia soilarekin iritsi gara XXI. mendera. Inperioak desegiten joan dira, estatuak desegiten hasi dira, eta inperio molde berri bat garatu da: globalizazioa edota mundializazioa. Estatuak burtsa-merkatuen akolito berriak dira. Merkatu libreko ekonomiak estatuen barneko balizko demokraziak suntsitu ditu dagoeneko; norbanakoen nazio-jitea izate lauso bat da balore-merkatuan. Herri edo nazio izaera galbidean doa, munduaren ekonomia maneiatzen duten globalizazioaren nagusien merkatu beltzean.

Euskaldunak

Eta zer gara euskaldunok gaur egun? Hasteko, zer ginen euskaldunok iragan mende erdialdean –Azurmendik aipatzen duen euskaldunaren garaian– eta zer gara XXI. mendeko lehen laurdenean? Hau da, zer gara euskaldunok azken borroka armatua eta azken borroka ideologiak libratu ostean? Behiala baino independenteagoak al gara politikoki? Bai, erranen nuke. Baiki, zatituta gauden arren, independenteagoak gara. Kulturalki hobeto al gaude? Ez. Nolanahi den ere, egoera politikoa eta kultural horien nolakotasunak zehazpen eta argipen asko behar ditu, jakina.
     Edonolakoak garen ere, kulturalki erromanizatu gabeak izatetik, espainolduak eta frantsestuak izan ostean, inperialismo berriak asimilatuta izatera pasa gara, globalizazioaren kulturaren menpekoak gara. Ez gara bakarrak, bistan da. Euskaldunok baina, ez dugu honezkero “etsai" bat. Etsai zehatz bat. Euskaldunak ez daki –euskaldun barbarook ez dakigu– etsairik gabeko izakirik izaten, izaki bat eraikitzen, ez daki bere burua osatzen erreboltatu gabe. Areriorik gabeko nortasun beregain baten jabe izaten, alegia. Aro modernoko azken demokrazia aldian ez du jakin izan, eta globalizazioak suntsitzear dagoen demokraziaren –uhin teknologikoen– uharretan gaitza zaio nabigatzea.

Hizkuntzarik –literatura hizkuntzarik– ez duten herriek ez dute kulturarik. Hizkuntza literarioa izatera iritsi ez diren herriek –XX. mendera arte, euskaldunon literatura hizkuntza elizkoien artean garatu zen– euren kultura zapaldua bihurtu dute aldarrikapen. Euskal apologistek aro modernoan gauzatu ezin zuten hizkuntzarik gabeko kultura aldarrikapena bihurtu zuten XX. mendean. Non dago euskara XXI. mendean? Non euskalduna?
    Aro postmodernoan arazoa ez da euskara, euskaraz bizi baikara hein batean. Arazoa euskalduna da, bere buruan fedea galdu ostean, ez baitu euskararen konfiantza bere egin, ez da euskararen fio. Izan ahal izateko ez baitu euskararen beharrik. Are gutxiago, izan ahal izateko euskararen “beharra” sustatu behar badu. Euskal Herriak ez du kultura sendorik, berezko kultura bermatuko zukeen hizkuntzak ez baitu garatu gutxieneko literatura tasunik. Euskararen lurraldeko lurra, lur ahula da.
    Egungo hizkuntz garaileen mintzodunek –baita hainbat euskaradunek– ez dute euskara mespretxatzen, ez dute euskalduna bera gutxiesten, gutxiesten dute euskararen beraren ahultasuna. Engoitik Euskal Herrian sakon sustraitutako beste bi hizkuntzen ondoan –gaztelania eta frantsesaren alboan– egungo globalizazioa-inperioa bihurtu den ingeles hizkuntzaren aldean, hizkuntz-ahultzat dute euskara. Behiala legez, euskara gauza bat da etxean, besterik da munduan. Mundua kaleetan eta plazetan egon da XX. mendera arte, XXI. mendeaz geroztik, Internet da mundua, oroz gainetik.

Euskalduna basatia izatea, funtsean eta finean mito bat da, noski. Euskalduna izan bada, kristaua izan baita. Euskaldun fededun delakoa mendez mende lortutako esleipena da. Are, ondoko herrietako izaeran baino sakonago atxikitua. Botere politikorik gabeko herritar soila izateak –estatuaren jabego izan gabea, hiritartasunik gabekoa– areago sinestuna bihurrarazi du. Lurreko botereen –estatu arrotzen– menpeko paria bilakatua izan da. Iraganean, estatuek eta erlijioek bat egin zuten, eta hala sortu ere nazio berriak, Espainia nola Frantzia. Nazio politikoa sortzeko funtsezkoa izaki. Adibiderako, Israelgo Estatua lekuko.

Euskaldunak eta espainolak izeneko obra gaitz honetan –gaitz hitzak dituen adiera guztiak harturik– aintzat hartzeko ikusmolde bat dago, eta da: saiogilea Euskal Herriaz ari denean Euskadiz ari dela –pentsa, duela mende erdiko saiakera dela–. Aintzat hartu eta azpimarratzeko zioa. Erdi Aroaz, Errenazimentuz, Erromantizismoz, Ilustrazioaz edota oro har eta erabat Aro Modernoaz ari denean, Sabino Aranaren izendapena jeltzalearen aurretiko nahiz ondoko Euskal Herriari atxikitzen dio Joxe Azurmendik. Erran nahi baita, iragan gizaldiaz geroztik, Euskal Herria izatetik Euskadi izatera bidean paratzen ditu euskaldunak. Estaturik gabeko
–izaera juridiko-politiko ezagutu gabea– euskal herriak jendarte politiko bat osatzeko bidean ikusi zituen zegamarrak –ikusi nahi zuen, alajaina–. Berriz ere, egitasmo politiko horren balantzea bilana edo balorazioa egiteko orduan, egungo orduan alegia, Euskadiren egitasmoa ez da euskaldunon –euskal herrietako euskaldunon– kontzientzian. Euskal jendarteak –euskal jendarte anitz dago, baina ez da askotarikoa– ez du izaera-politiko-sozial-juridikoa bakuna inolaz ere, soil-soila alegia, bere-berezkoa, beregainekoa.

Ordea, batasuna kontzeptu mitologikoari atxikirik, batasuna –Euskal Estatua– kontzeptu patologiko bihurtu da, bihurtu dute apologistek. ETA fenomenoaren aroak berretsi eta ber finkatu du izaera hori. Iragan mende erdialdean, euskal fenomeno sozial bortitza berriz ere jalgi zenean, euskal arazoa espainiarren arazoa zen funtsean. Arazoa espainiarrena edo euskaldunona ote den ebatzi aldera, hona argibide bat: euskal arazoa historikoki espainiarren izaera totalitaristaren ondorioz azaleratu da. Paradoxikoa bada ere, izaera totalitaristek mantendu dute bizirik euskal arazoa. Azkeneko euskal gatazka armatua euskal arazoaren adierazle hagitz krudela izaki. Finean, euskal arazoa euskaldunona bihurriarazi baita, baitute. Anartean, aitzitik, Frantziako Estatu demokratikoak aspaldi otzandu eta asimilatu zuen euskalduna. Euskal arazoa ez da frantziarrena egundo izan, ez Frantziaren menpeko euskaldunentzat izan ere.

Euskalduna demokrazia modernoak asimilatu izan da, baita totalitarismoak bere egin du aldi berean. Mendez mendeko sistema totalitaristen ideologiek manera nabarmenez eragin dute euskaldunon izaeran. Ez gara bakarrak, noski. Inor ez da libratzen menperatzen duen ideologiaren eraginaz. Areago, ideologia totalitarista horien aurka gero eta gehiago borrokatu eta euren izaera areago gehiago inpregnatu izan da borrokalariengan. Are, euskaldun erreboltariek praktikatu duten borroka efizientea izan beharrean, ondorio in-efizienteak ekarri ditu. Espainiarren
–Espainiako Estatuaren aldian-aldiko botereen– aurkako borrokan –estatu totalitarista izatetik estatu demokratikoa bilakatze bidean– espainiarrek demokrazia suerte honen moldea txertatu dute euskal herritarrengan. Euskal herritarren izaera-anitzaren ideia hau gailendu da: jendarte honetan izaera guztiak zilegiak dira, euskal jendartea jende anitzez osatuta dago. Alabaina, euskal herritarra izan daiteke euskalduna izan gabe. Espainola ez bezala, euskalduna izate askotarikoa izan ez ezik, jendarte anitzaren izaera guztien jabe da. 
    Euskalduna espainiar-tasunean edota frantziar-tasunean bizi da, zenbait kasutan bietan ere bai, aldiz, espainolek eta frantsesek beren tasunean baino ez. Horra gaur egungo demokraziaren lege-zigilua; zilegitasuna. Areago, frantsesak nahiz espainolak ingeles-tasunean bizitzen hasi dira euskalduntasunean bizi beharrik gabe, alafede.

Paradoxak paradoxa, enegarren demokrazia suerte delako horrek, deitu dezagun demokrazia postmodernoak, euskalduna bihurrarazi du "norbanako demokratikoena". De facto demokratikoena, ez de jure, ordea. Euskalduna, euskalduntasun izaera, paradoxikoa ez ezik, zinez paradigmatikoa da. Euskalduna askotariko izaeraz osatua izan arren, ez da subjektua. Ez da subjektu nagusia. Nagusitasuna beharrean –subjektu nagusia izatea pentsa ezinezkoa da egun– euskalduna subjektu printzipalena dela pentsa genezake. Bai zera. Ez horixe! Euskara objektua da euskararen jabe ez denarentzat. Artean, euskaldunak euskara bere gogora erabil dezake, baina berezko ekintza-ahalmenik ez duen gauzakia da euskara. Ondorioz, euskalduna ez da subjektua, ez da subjektu aktiboa alegia. Izatekotan subjektu erreaktiboa da. Euskaldunak ez dauka izaterik demokrazia modernoan. Erran dezagun bestera: ez dauka izaterik totalitarismoan funtsaturiko demokrazian.

Euskaldunak –euskalduntasunarentzat, alegia– ba al dauka etorkizunik? Hau da, mundializazioan eta globalizazioan hondoratzen ari diren estatu totalitaristen ondorengo garaian, demokrazia liberal postmodernoen ondorengo sisteman, euskalduna subjektu printzipala izan al daiteke? Nekez. Ezinezkoa erranen nuke. Euskara zilegia da euskal jendartean. Euskarak baina, aspaldi utzi zion haizu izateari.  

Mitoak eta erlijioak eta ideologiak

Milurtekoetako erlijioen handikeriak jasan eta gero –judaismo, islamismo eta kristianismo, zein baino zein handiagoak; kristau-katolikoa nagusi izaki mendebaldean– ideologien handinahiak hartu zituen euren leku zabal eta inportantea: dela nazionalismoak, dela komunismoak, dela faszismoak, dela liberalismoak, dela anarkismoak… Funtsean, erlijioen sekularizazioa bizitu ahala ezarri izan da ideologien fundamentalismoa.
    Joxe Azurmendiren ildoan –Espainolak eta Euskaldunak saiakeraren harian–, Errenazimentuan hasten dira ernatzen ideologia horiek guztiak, aldian-aldian loratu ere bai. Mendebaldeko inperioen zabaldu ahala kontsolidatu ziren estatuak. Anartean, mundua hankapean hartu zuten inperialismo homogenoak, aldeak alde, eta aldi berean, euren kontrakarrean garatu eta zabaldu ziren. Estatu horiek alabaina, erlijioaren erreformen eta kontrarreformen ariora ezarri ziren. Errate baterako, Frantziako Estatua iraultza burgesaren ondorioz kontsolidatu zen, demokrazia liberala ekarri eta bermatu duena.

Frantzia dela, Espainia dela, Italia dela, Alemania edota Britania Handia dela –zein bere ordenuan eta izaera anitz tarteko–, horiek kontsolidatu diren bitartean, euskaldunok –Aro Erdiaren ondorenean erran nahi dut– segitzen dugu jatorrizko nobleziarekin gora eta behera, noblezia etxeari atxikia delarik. Izugarria da
–Azurmendik dioenez– Errenazimentutik Gabril Arestirenganaino euskaldunon inspirazioa Etxea izatea. Nire aitaren etxea poema lekuko. Metafora horrek euskaldunon mundu noblea adierazi du, gure jatorriaren eta leinuaren adierazlea. Nobletasun hori baina ez da monarken etxeetan ematen, ez da jende printzipalenak, ez erregerenak ez markesen ez kondeenak. Horiek ez dute herri lauaren noblezia
–euskaldunon baserrietako nobleziak– berentzat nahi. Monarken askazia “jatorren ospe magiko” bati lotzen zaio.

Inperioen zabalkundearen ildoan kontsolidatu ziren monarkiak. Horietako batzuk indarrean dira oraindik ere. Frantziako monarkia, ordea, despotismo muturreko bateraino joana, erori zen, edo amore eman zuen filosofia berrien ildoan gorpuztuz joan ziren ideologien menera. Frantziako Iraultzaren ondorioz heldu zen estatu modernoen aroa eta hauen ezarpena. Inperialismoa erori ahala, kontsolidatu eta eratu zen Ameriketako Estatu Batuetako demokrazia, kapitalismoa liberalaren ildoko demokrazia liberala. XX. mendean, I. eta II. munduko gerra handiak tarteko, demokrazia nagusia eta eredua bihurtu dena. Inperialismoak erori arren, inperialismoa lagundu zuen Erlijio Katolikoa
–Vatikanoak– oraindik ere boterearen paradigma da. Britania Handiko monarkia, gaur egun inperialismoaren ondorengoa, hainbat estatuen botereen arartekoa da, hala Kanadan nola Afrikako hainbat estatuetan izan ere.

Aro modernoaren abiaburuan, Espainia munduan dago eta Espainian Gaztela kontsolidatu ere. Erresuma modernoak, estatuak hots, monastegietan egosi, produzitu eta ekoiztu dira. Erlijio katolikoak islamismo eta judaismoaren akolitoak inperioaren latitudetatik espultsatzen dituen bitartean, bere baitako nazio naturalak
–Nafarroako, Leongoa edota Aragoiko erresumetako– nazio modernoaren ernamuinak arrunki andeatzen ditu, baita osatzeko posibilitateak zeharo deskonposatu ere. Erdi Aroaz geroztik Gaztelako monarken Espainiaren aroa hasten da gauzatzen, Espainia da gainontzeko erresumen gainetik inposatzen dena. Hiru ezaugarri hauek ditu berarekin –ez dira bere-berezkoak horregatik– mendebaldeko historiaren bilakaeran gorpuztuz joan diren ezaugarriak: aiherra edota gorrotoa, kultur harrokeria eta misio baten kontzientzia.

Aiherra, kultur harrokeria eta misio baten kontzientzia. Horra nazionalismoaren hiru ezaugarri behinenak. Horiek baina, ez dira Erdi Aroaz ernatu diren muinak, muin horiek Bizantzio hirian ere –Greziako demokrazia garaitik– ernatu ziren, baita bistan da, herri barbaroen izatearen muinak izan ere. Alta, bada, Espainia izan zen –omen eta izan bide zen– berau garatzen lehena. Inperialismo horretan nazio espainola gauzatzen parte hartu zuten gaineratiko nazio-naturalen semeek, batez ere semeek. Salbuespenak salbuespen, alabek ez zuten arrasto berezirik laga bederen. Ez bada, goi mailako instantzietan, monarkiarenean edo elizarenean.

Espainiar inperioaren kontsolidazioa eman zen, espainiar zibilizazioaren mitoaren ondorioz. Espainiar jitea arrazista da arras, ez ditu bere egiten beste erlijioak, ez eta beste hizkuntzak ere. Ez dago bereizkuntzarik euren jopuen artean, ez berezitasunik, “arrotzak” gorrotagarriak dira, diferenteak –judutarrak nola moroak–. Odol bereziko kastatzat jotzen du bere leinua edota askazia. Odol garbikoa. Beste kulturako mintzairak ez dira kultura, bere kultura harrokeria baten agertzailea da, eta beraz, historiako misio baten karguduna. Espainia kultura garaia eta aparteko baten oinordekoa da. Horren guztiaren jabe. Paregabeko herria. Funtsean baina, horien guztien engendroa da, eta engendro guztiak legez monstrua.

Gutxiengoak zapaldu ahala “barbaroak” desagertuz omen doaz. Minoriek ez omen dute arrazoia gutxi direlako. Ados. Alta bada, izan ahal izateko, are eta abagune gutxiago sortzen dira minoriek arrazoiz jardun beharrean idealismo soilean aritzen badira. Pasioak lehenik eta emozioak ondoren, euskaldunok elkarri ukatu diogun konfiantza gabeko fededunak izan gara. Espainiarren totalitarismoak bezatu ezinezko barbaroak. Antigoalean bar-bar mintzo zirenak, bar-bar aroetako barbaroak.

Espainiartasuna arraza garbi batez gauzatu omen zen. Paradoxikoa izan ez ezik enigmatikoa bada ere, espainiarren arraza. Penintsulatik kanporatutako moroak eta judutarrak tarteko, penintsulako bestelako nazio naturalak menpeko, espainiar arraza garbia jainkoak emaniko dohaina da. Ez dira inozoak horregatik, odol-garbitasuna herri xehetik gora paratu diren “klaseenak” dira. Batailen poderioz eta konkisten bitartez “odol gaiztoko” guztiak garbitu dituzte, eta “espainiar jatorrak” “odol garbikoak” bihurtu. “Arraza-garbia-molde” hori ez da estatu modernoen sortze garaian edota ondoren ahitzen, XIX. eta XX. mendetan, Alemania nazia eta Espainia ultra-katoliko-frankista arrazaren gainean sustengatzen dira. Joan den mende erdialdean jaiotakoek El día de la raza ospatzen genuen eskolan, osparazi gintuzten, alegia.
    Urtero, urriaren 12an, 1492an, Cristobal Colón genovarraren espedizioa Guanahaní uharte amerikarrera iritsi zela gogorarazten ziguten. Ostera ere, alabaina, arrazistak euskaldunok omen ginen, Sabino Arana euskal arrazistaren graziaz izan ere.

Lehenik ebanjelizatu gintuzten, zibilizatu ostean, eta espainiarrak –eta frantziarrak– bihurrarazi akaberan. Horiek baina ezin dira gauzatu “hizkuntza baliozko” baten bitartez ez bada. Izan hizkuntza kristaua ezarriz –Hable ciristiano delakoa entzun izan dugu XX. mendearen bukaera arte– izan “hizkuntza baliogabeen” gaineko ezarritako estatu laikoaren bitartez. Frantziako estatu jakobinoa lekuko. Ahaztu gabe, konparazioenera, jakobinoak garaile atera baziren ere, jakobinoen kontrakarreko girondarrek bestelako errepublika bat zutela xede. Edonola den ere, izaera arrotz elizkoiek zein laikoek asimilatu izan gaituzte euskaldunok. Ilustrazioak ez zuen bestelako izaterik izan. XVIII. mendean Europan ernatu zen. Absolutismo ilustratuaren hazia ernamuin iraunkorra izan da. Despotismo ilustratua delakoak “Dena herriarentzat, ezer ez herriaren bidez” gobernu mota bideratu zuen. Gobernantza molde horrek bideratu zuen edo ekarri zuen Frantziako Iraultza ospetsua. Alta bada, bi gizaldi iragan ostean, Frantziako Estatu jakobinoaren ondorengoak antza gehiago du gobernamendu despota batekin, demokrazia kontsideratua denarekin baino. Hots, demokrazian funtsatua diren egungo estatu europarrak –jatorrizko frantziarra barne–, “Dena egiten da herriaren bidez, baina herria inoiz baino deskonposatuagoa izaki, herria arbuiatua eta doilortuta baitago”.

Euskaldunok nazio natural bateko seme-alabak gara. Gurezko nazio-leinu bateko herritarrak. Patria eta Patrie handi biren alboko aberri zaleak, gurezko aberri baten menturazaleak. Estatu sortu gabeak –albokoak izan ez ezik, estatu izaera despota gure barneraino sartu digutenak– estatu etsaien aurkako borroka latzetan estatu horien iraupena –neuri handi batean– bermatu dugunok.
    Globalizazioak –berau zabaldu duen merkataritzaren bitartez– estatuen deskonposaketa eragin ahala, nazionalismo supremazisten gainbehera gero eta errealagoa da. Ideologia merkantilistak patrien aldeko soldaduen abertzaletasuna eraldatu du erabat. Aro modernoaren osteko izaera postmodernoko norbanakoek ez dute aberririk ez naziorik. Mundializazioak eta merkataritza globalak behialako norbanakoaren ideia ilustratuak eta erromantikoak akabatu dituzte. Nazioaren beraren ideia –eta izaera ere poliki-poliki– transformatu da guztiz. Erdi Aroa izan omen zen aro ilunaren ostean, Errenazimentuak eta Ilustrazioak ekarri zituzten argiak –apurrak– lausotzen hasi dira, izendapen zehatzik ez daukan XXI. mendeko aro berri honetan. Zer espero daiteke aro berrian, ez nazio eratu solido bat ez estatu konfiguratu gabeko euskaldunengandik?

Euskaldunok historia-bazterreko herria gara. Estatu eraikitzea eta nazioa osatzea galarazi dizkiguten beraien kredoak eta epitetoak geure egin ditugu: basatiak gara, entendimentuz motzak eta gogorrak. Olentzeroren modukoak, inozo samarrak. Ipar eta Hegoko Ameriketako lautadetan inperialistek deskubritutako indioak baino lehen ezagutu zituzten tokiko indioak gara. Tribu askok osatutako tribua. Ez horregatik tribu bakarra. Bai, ordea, barbaroa. XX. mendera arte guztiz asimilatu gabe iraun duena. Gu ez gara herri konkistatzailea izan. Ados. Alta bada, guk, euskaldunok herri konkistatzaileak lagundu ditugu itsasoz harantzago indioak inperioaren agindupean makurrarazten. Gure lurraldearen txirotasunak “mertzenario” handienak izatera behartu gintuen. Ez gara horrela izatera behartutako herri-jopu bakarra izan. Ez gara horregatik, horren inozo eta barbaro, inperialistek beraiek bazekiten hori. Euskaldunen artean ere, noski, herri xehea eta nobleak baitzeuden. Alabaina, sua kitzikatua izaten den nola kitzikatzen da herriaren fedea. Herriaren fedea halaxe kitzikatu zuten nobleek.
     Herri xehearen hizkuntza baliatu zuten, herri jopuaren beraren mespretxua biziarazten, euskararen berarena, alafede. Hizkuntzarik –literatura hizkuntzarik– ez duten herriek ez dute kulturarik. Hizkuntza literarioa izatera iritsi ez diren herriek
–XX. mendera arte, euskaldunon literatura hizkuntza elizkoien artean garatu zen– euren kultura zapaldua bihurtu dute aldarrikapen. Aro modernoan gauzatu izan ez zen hizkuntzarik gabeko kultura, kultura aldarrikapena bihurtu zuten XX. mendean euskal apologistek. Non dago euskara XXI. mendean? Non euskalduna?
    Aro postmodernoan arazoa ez da euskara, euskara bizi baitugu hein batean. Arazoa euskalduna da, bere buruan fedea galdu ostean, ez baitu euskararen konfiantza bere egin, ez da euskararen fio. Izan ahal izateko ez baitu euskararen beharrik. Are gutxiago izan ahal izateko euskararen “beharra” sustatu behar baitu. Euskal Herriak ez du kulturarik, berezko kultura bermatuko zukeen hizkuntzak ez baitu garatu gutxieneko literatura tasunik. Euskararen lurraldeko lurra, lur ahula da. Egungo hizkuntz garaileen mintzodunek –baita hainbat euskaradunek– ez dute euskara mespretxatzen, ez dute euskalduna bera gutxiesten, gutxiesten dute euskararen beraren ahultasuna. Engoitik Euskal Herrian sakon sustraitutako beste bi hizkuntzen ondoan –gaztelania eta frantsesaren alboan– egungo globalizazioa-inperioa bihurtu den ingeles hizkuntzaren aldean, hizkuntz-ahula baitute. Behiala legez, euskara gauza bat da etxean, besterik da munduan. Mundua kaleetan eta plazetan egon da XX. mendera arte, XXI. mendeaz geroztik, Internet da mundua, oroz gainetik. Internet eta bere aldaerak, bere aldareak eta bitartekoak izan ere.

Historiaren bazterrean geratu izana, historiaren beraren bilakabidearen ondorioa da, halaxe izan ere euskaldunok. Honez gero, ez gaude bazterrean, historia digitalaren barruan gaude gu ere. Euskaldunak erdaldunekin nabigatzen ari gara betiere, berriz ere, alabaina, euskalduna erdaratua izan da, gaztelaniaz bertzeko hizkuntza guztiak erdarak ere badirela abantzu ohartu gabe. Bai ote?

Euskaldunak eta erdaldunak elkarrekikoak ote? Emeak eta harrak nola, hala ote gizonak eta emakumeak ere. Euskaldunon historia guduek josita daude, euskaldunak gudariak izan gara erdaldunen mesedetan. Ez dugu inoiz gure arteko batasuna izan, ezta guduetara baturik joan ere. Guda edota gerretara ez ezik, lan bila joaten zirenean, Gaztelara konparazioenera, euskaldunek ez omen zuten herritasunik agertzen, talde-tasuna baizik. Taldeko izakiak izan ginen eta kuadrillakoak gerora izan ere. Obretan luze eta hitzetan labur. Erdaraz moldatu ezinean, arlote modura formatua izan da euskalduna. Erdaraz egin ordez euskaraz ari baziren, euskara tartaila egiten zuten. Euskaldunaren izanaren lekuko eta baitakoak izan ziren Unamunok nola Barojak euskararen ondorengo erdara sufritu zuten, gaztelarren mofa eta iraina jasan ere. Ez baitzuten erdaraz taxuz egiten, gizon ilustratuak izanda ere. Cervantesek ere leku egin zion bere obran. Axularrek ebatzi zuen alabaina: ez da euskararen falta, euskaldunarena baizik. Ororen buru, euskaldun xeheak berezko kultura osatu gabe, euskal nobleak barregarriak geratu ziren. Euskal noblezia ez baitzen gaztelar nobleziaren taxu berekoa sekula izan.

Apologistak versus euskal idazleak binomioa aipatzeak merezi du. Axularren garaia aintzat harturik, baziren orduan hamaika idazle egungo Hegoaldean, baita idazle parrasta ere Iparraldean. Idazle eskolak ere baziren, Donibane Lohizuneko kluba delakoa, konparazioenera. Sarako eskolakoaren hurrengoak. Izenik izen, Bernat Etxepare edota Arnaud Oihenart gogoratzea ez da soberazkoa ere. Esteban de Garibay eta Manuel Larramendi aipatzea haizu den legez. Ordea, elkarrekiko estima baino, euskararen izanaz harro beharrean, euskarazko fenomeno kulturala sustatu beharrean, bestelako fenomeno bat loratu zen: apologismoa.
   Apologistak: euskal kulturak behar zuen euskal idazlaritza landu beharrean, euskalduntasuna erdaraz goratzen zuen fenomeno kulturala indartua. Noblezia, hizkuntza dotorea (hots, kultura), historia heroikoa… horra hor apologisten gaiak. Apologistek antzinatasuna eta garbitasuna esleitzen dizkiote hizkuntzari, euskarari alegia. Altabada, orduan bezala gaur egun ere, iragan mende erdian, apologistak ez dira taxuz euskaraz arduratu, eta are gutxiago euskaraz.
    Adibiderako, Etxeparek ez du aipatzen euskararen antzinatasuna, euskara inprimatuta ikusteak harrotzen du. Idazleek euskal kontzientzia bati erantzun zioten, apologisten aldean bestelako kontzientzia bat agertu zuten. Euskal idazleok, ordukoak eta gaur egungoak, Euskal Herriaren dependentziaren kontzienteak dira, euskarak duen dependentziaz ere. Apologistek, gaur egun apologistek behialakoen modura ere, euskaldun guztien batasun kontzientzia sustatzen dute, euskal kontzientziaren ahultasunaz ohartu gabe nonbait. Orduan, apologista gehienak hegoaldetarrak ziren, eta gaur egun ere, halakoak dira ere.
    Konstatazio bat: Hegoaldeko literatura euskal apologisten bitarteko diruari esker bizirik da egun. Iparraldean berriz, ez dago euskal literatura diruztatzen duen apologistarik. 

Hizkuntzak nazionalismoen mesedetan. Estatuak eratu ahala hizkuntzak nazionalismoaren mesedetara edo euren helburuen ariora garatuz joan dira. Egokituz joan direnez, dudaren bat edo bertze sorrarazi ditu. Nazio estatuak sortu ziren eta haien nazio supremazisten abarora nagusitu ziren. Bistan da, estaturik gabeko nazioek ez dute gauza bera egin ahal izan. Estaturik gabeko herrien hizkuntzak ostrazismora pasa baitziren.
    Ostrazismoa ez da aliritzira haututako hitza, aitzitik, antzinako atenastarren artean, ostrazismoa desterru politikoa zen. Hiritarrak erantzukizun edo eginkizun politiko edo sozialetatik urrunduak, politikatik at jarriak ziren. Hizkuntz gutxituak hala geratu ziren, halaxe euskara geratu ere. Aintzat hartu behar da Atenaseko sistema politikoari ematen zitzaion izena eta taxua: demokrazia. Erran nahi baita, demokrazian pertsonak ere ostrazismora igorriak ziren.
    Demokrazia sistema norbaiten edo zerbaiten defentsari guztizkoa legez ekarria izan da. Historian ezarri izan diren beste sistemen aldean, sistema txarrenen artean, herritarrei –hiritarrei– txarren gutxien sorrarazten diena. Lema eta funts hori, funtsaz funts, errepikatzearen errepikatzeaz, errepikatzearen poderioz –demokrazian sustraitu diren botereak ez dira makalak–, demokrazia fundamentalismo molde batean moldatu da.
     XXI. mendera ailegatuta, historia eta historian gailendu diren sistema politikoak –hala nola antigoaleko Greziako demokrazia– presentismotik aztertu eta interpretatzen dira gaur egun ere. Erran nahi baita, gaur egungo jendartearen baloreak iraganeko gizarte hartan proiektatzen dira eta horren arabera juzkatzen dira iraganeko sistema politikoaren balioak. Horrela egiten dute gaur egungo demokraziaren fundamentalistek nahiz egungo demokrazia sistemaren aurka daudenek.
     Hizkuntzari gagozkionez gero, euskarari gure kasuan, egungo espainiar edo frantziar demokrazien fundamentalistek –Espainiako kasuan, baita egungo sistema demokratikoaren kontrakoek– iraganean, euren estatu-nazioa eratzean espainol hizkuntza herritar orori ezarri beharraz konbentzitu zuten, baita espaineraren ezagutza ez zutenak konbentzitu ere. Bazeuden gaztelaniaren aurretik zeuden bertze bi hizkuntza, hala greziera nola latina. Hizkuntza-nazioaren beharrak ekarri bide zuen Estatuaren beharra ere. Ordu hartan, espainiera eta frantsesa gailendu ziren aipatu latina eta greziera. Espainiar literato guztiek ebatzi zutenez, espainiera greziera eta latinaren gainetik zeuden, eta halaxe ezarri zuten.
     Greziera eta latina ezagutzaren hizkuntza nagusiak bilakatu zuten estatu nazioak gailendu ziren arte, hizkuntza nazioak bihurtu ziren arte. Euskal Herrian hizkuntza nazioak bertako herri hizkuntzen aldean –linguas vernaculus– garatu izan dira, eta gaur egun, ingelesa zabaldu eta ezarri da tokian tokiko estatu hizkuntzen gainean. Latina eta greziera ezagueraren hizkuntzak izan ziren eta gaur egun ingelesa merkataritzaren hizkuntza nagusia bilakatu(ko) da laster batean. Merkataritza globala estatu nazioari gailentzen ari zaio, merkataritza-zuzenbidea gailendu zaio zuzenbide-zibilari. Egungo estatu-nazio-ereduak –estatu modernoaren sorrerarekin ezarri ziren nazionalismo supremazisten eredua–, berea egin du. Latina eta greziera erori ziren bezala, transmisio hizkuntza –lingua vehicular– biziak izatetik hizkuntza hilak izatera pasa ziren legez, ari dira erortzen –Europan hasteko– Estatu Nazioetako hizkuntzak ere. Gaur egun ingelesa da balio duen hizkuntza.
     Latina eta grezierak amore eman zuten legez, amore ematen hasi dira iragan hurbilean gailendu ziren estatu nazioen hizkuntzak ere. Bien bitartean, espainiera eta frantsesa hizkuntza nagusien artean bizi izan da euskara. Euskara XX. mendera arte, transmisio hizkuntza –mugak muga– izan zen, baina XX. mendeaz geroztik, XXI. mende honetan transmisio hizkuntza izateari amore eman –behar– izan dio ezinbestez.
    Euskara inoiz baino hizkuntza kultuagoa da, gaur egungo espainiera eta frantsesaren gradura iritsi da, filosofia, literatura edota zientzietan jarduteko baliagarria. Euskara baina ez da transmisio hizkuntza jada, espainiera eta frantsesa diren modukoa. Ingelesak espainiera eta frantsesa ostrazismora igortzeko ahalmena erdietsi duenez geroztik, euskara berez dago ostrazismoan.
    Latina-greziera hizkuntzak frantsesean eta espainieran hondoratu ziren legez, hondoratzen ari dira frantsesa-espainiera ingelesenean ere. Estatu-nazioen babesa eta zaintza izan arren, hondoratze horretako parte dira. Euskal Herria estatu propiorik gabekoak, euskara nazio hizkuntza izatera iritsi gabeak, ba al du etorkizunik? Gaur egungo apologistak, euskara hizkuntza gabetuak –ez hizkuntza transmisioaren gabetuak soilik–, baita egunero nagusiki darabilten –espainiera eta frantses– hizkuntzek asimilatuta, euskal nazio estatua sor daitekeen ustearekin bizi dira.
    Menderik mende euskara eta euskalduna zanpatu eta zapaldu dituen estatu-nazio horiek desantolatze bidean dauden mende honetan –globalizazioa eta mundializazioa bultzatzen dituen merkataritzak ostrazismoan engoitik paratu dituenean– euskal apologistek gainbehera etorri datorren estatu-nazio-eredua proposatzen dute.
    Finean eta funtsean, herri eta nazio zapalduen aldeko apologistek nazio-estatu horiek erabili duten indar politikoa egin nahi dute bere. Euskal Herriak ez du egundo hegemonia politikoa erdietsi. Erdietsi ahal izan zuen garaian aukera hori galdu zuen. Estatuen eta inperioen legeen pean ezin izan zuen nazio-hizkuntza “egokitu” eta merkataritza inperial berriaren garaion ez da “egokitu” ere.
    Nola egokitu behar da euskara garai berri honetan? Ba al dago euskalduna subjektu politikoa izatea? Euskarak erdietsi al du –Etxeparek lehenik eta Axularrek gero proposatutako– hizkuntza sendotasuna eta bertze ororen gainera aupatzeko ahalmenik? 

Jauntxoak eta jauntxoen ideologiak 

Herrien lehen ideologiak antzinako mitologiak izan ziren. Mitologia haietatik heldu ziren erlijioak. Gizakiok zerutik lurrera jaitsaraziko ideologiak. Mitoak mito, euskal historia ere mitoen gainean eraiki zen. Ez zukeen bertze herrien bestelakoa izan. Tubal omen da lehena, gero Aitor etorri zen. Legendak dioenez, euskara Adamen hizkuntza izan zen. Euskaldunok ere paradisuan bizi izan ginen, jainkoak handik espultsatu gintuen arte. Gainerako herriak legetxe, noski.
   Mitoak mito, zergatik sortu eta zertarako ziren argitu beharra ikusi zuen Joxe Azurmendik. Mitoek funtzio bat bete izan dute historian. Kontua da, mito horien funtzioa nola erabili izan den gero, zertan bilakatu den. Hots, mendez mende, aroz aro, Aurre Historia. Antzin Aroa, Erdi Aroa, Aro Modernoa, Aro Garaikidea… zer bilakatu ote da mitoa gure egunotan. Herri guztiek izan dituzte beren apologistak, baita Euskal Herriak ere. Apologistek ziotenez, euskaldunon odola, odol-garbitasun ororen iturburua mendi goietan zegoen. Zergatik? Gure mendiok ez erromatarrek ez barbaroek ez arabeek konkistatu ez zituztelako. Inork ez. Mendiko herriak odol “nahastegabekoa” da. Garbi-garbia. Noblea. Hots, errege-erregeen garaiak heldu aitzin, euskalduna nobletasun jatorrizkoaren jabe izan da. Horretatik noble eta jatorra terminoak. Horregatik edo, noble eta jatorra kidekoak izatea.
    Euskaldunek –apologistek diotenez, jakina– buru egin zieten erromatarrei, bereziki erromatarren aurkako batailei garrantzia handiena emanez. Erromari aitzi egiteak berebiziko garrantzia ukan du euskaldunen izaera gerlaria goraipatzeko. Ez dezagun historia sinplifikatu, ondoko bertze herriek ere buru egin zioten Erromari. Alabaina, euskaldunek bere-berezko hizkuntza daukate, inguruko bertze hizkuntza latinoetatik ezberdina.
    Euskara, odol-garbiko euskaldunaren hizkuntza da. Hizkuntza zaharra den aldetik, nahasgabea, hizkuntza garbia izan ere. Esaterako, espainera –artean gaztelania zela zehaztea hobe, espainolek ere historia beren nahieran interpretatzen baitute– erromatarrek mendean hartutako hizkuntza izan zen, jatorrizko zena galdu ahala erromatarren hizkuntza latino-grezierarekin nahasi zen.
    Aroz aroko apologistek dohain apartak ikusi izan dizkiote euskarari. Ez dira bakarrak izan. XVII. mendean, beste nazio batzuek ere halaxe egin zuten. Alemaniarrek, kasu. Alemaniera greziera eta latina bezain zaharra edo antzinakoa zela zioten, baita zuzenagoa ere. Zuzenbide germaniarra, alegia. Literaturan ere, alemaniarrek ez zuten zertan ahalketu, zeren lotsarik izan.
    Zuzenbidea dela eta, euskaldunek foruetan ikusi izan dituzte beren eskubideak iragan mende berrietan. Literaturan ere, apologisten burutapenen laguntzaz, alemaniarren ildoan, alemaniarrek Erdi Aroan izan zituzten poetak nola, euskaldunek beren bertsolariak izan zituzten ere bai. Hots, bertsolaritza euskara bezain antzinakoa omen da delakoa, aurrehistoriatik gure egunetara iritsi izanaren jardunaren konstatazioa da. Euskaldun bertsolariak zirela aurrehistorian? Izan behar zuten. Beraz, baziren.
    Euskaldunok –odol garbikoak, beraz arrazistak izaki, jatorrizko herri bateko seme-alabok, nazio natural batekoak– gerrako geure balentziek eta hizkuntza ederraren mitoek bizi izan gaituzte –XXI. mendera arte, erran nahi dut–. Alegia, gaur egun ez bezala, nazio natural bateko kide eta odol garbikoa izatea ongi baino hobeto ikusia zen orduan. Horiek ematen zioten berezko munta herri bati, baita esangura politikoa eman ere.
    Kultura baten jabe izateak eskubide gehiago aitortzen dizkizu. Kultura gehiago duten herriek, kultura zaharrago duten herriek, haren hegemonia sutsuak legitimatzen du. Euskaldunek ere, bistan da, ez zuten kulturarik gabekoak agertu nahi. Euskara zahar eta jatorra zuten. Izan zuten, izan bazuten. Baita mitoen laguntzaz izate hori elikatu ere.

Erdi Aroaren ostean, hasten dira aldaketak. Euskara hizkuntza menditarra zen. Erromatarrek menperatu gabeko herri baten adierazle. Ipuin zaharrek indarra hartu zuten, euskara menditar barbaroen hizkuntza da, ez da latino-grezieraren oinorde. Espainolentzat hala nola frantsesentzat, beren hizkuntzak daude grezieraren pare, latinaren dohainak berezkoak ere izaki. Geroago, alemaniarren nazismoa elikatuko zuen teoria heldu zen. Alemanak ez bide ziren, frantsesak eta ingelesak bezala, herri nahasia, alemanek jatorrizko herriaren izaera bere egin zuten. Nazismoaren kontzeptua garatzen hasten da, nazio supremazista ernaltzen ere.
    Joxe Azurmendiren ildoan, ele hauxek: apologistek ipuina eta mitoetan errotutako ideologia landu eta zabaldu izan dute. Gaur egungo apologistek, ezinbestean, izaera hori normaltzat jotzen dute. Orduan norma zena, norma bihurtu izan dute aroz aro, mendez mende. Hala berean, ideologia hori garaian garaiko klase nagusien ideologia bihurtu zen ere. Apologistek historiaren mitifikazioa gauzatuz batera, zuzenbidearen teoria landu zuten, baita boterearen teoria babestu ere. Apologistak nagusien zerbitzariak izan dira antzina, baita halakoxeak izan gaur ere. Gaur egungo jauntxoen jopuak izaki ere.
    Klase nagusien ideologia, garaian garaiko ideologia nagusia da. Ideologia hori euskal jende xehearena ere bada. Nor baliatzen da nortaz? Horixe kontua. Esaterako, eta hizkuntzara itzuliz, euskararengatik hainbeste harrotzen ziren jauntxoek deus gutxi egin zuten euskara kultura-hizkuntza bihurtzeko. Axularrek ziokeenez, euskaldunek, oro har eta oroz gain, ez dakite euskara nola eskriba eta nola leitu ere. Jarrera horretan, euskarari buruzko jarrera horretan apologistak nabarmentzen dira berriz ere. Euskara, horientzat, nobleen titulu bat da, jatorriaren zigilu bat da. Ez ordea, elkar komunikatzeko bitarteko bizia.
    Orduan hasten da transmisio hizkuntza izan behar zen euskara –euskararen dohainak landu eta garatu beharrean–, galbidetan sartzen. Orduko jauntxoekin hasita, gaurko jauntxo modernoetara bitarte (XX. mendeaz ari da Azurmendi), jauntxoek, garaian gairako euskal nagusiek, euskara ohoratzen dute, baina erdaraz jardun dira funtsean. Ez dute euskara lantzen, ezta saiatu ere. Euskarak berei zerbitzatu behar die, baina ez berek euskarari zerbitzurik eman.
   Geroko historia ezaguna da: euskara ostrazismora pasa zen euskal familietan. Erdara hasten da euskaldunon harreman hizkuntza izaten, euskarak ez du transmisiorako hizkuntza balio harrezkero. Eliteko euskaldunon kultura hizkuntza bezala geratu da, eta halaxe bihurtu erlijiosoen kultura hizkuntza soila legez. Goiko klaseek ez zuten euskara interesekoa, intereseko hizkuntza erdara baitzen. Usadiozko hizkuntza erdara bihurtu ahala, euskara zabarrarazi zuten. Garai modernoan, Bizkaiko Juntetxean, berbarako, euskal jauntxoek, elkar harturik, jende xumea eta herri xehea gobernutik bazter laga zituzten.
    Euskal foro demokratikoak berek ere, ez dute euskal demokrazia moduko bat ezartzeko lekurik izan. Alabaina, herriaren iraultza gisako bat eman zen jauntxoen kontra. Nekazariena bereziki, baita hirietako ofizio eta lanbideetako langileena ere, hainbat letratu eta kleriko ere barne zirelarik. Iraultza hala ere, ez bide zen soilik euskararengatik bakarrik inoiz izan. Euskaldunon historian ez da hizkuntzaren aldeko gerrarik izan. Laborariren zergaz edota petxaz izan ziren erreboltak nagusiki.
   Egiari zor, apologistek euskara zeruraino aupatzen zuten, baina kultura arazo ez balego legez aritu ziren. Euskara idaztea erraza zela zioten, hizkuntza garbia izan ere. Haatik, Agur Maria otoitz egiteko baino ez zuten erabiltzen. Halabeharrez hori ere. Idatz litezkeen guztia, Agur Mariaz harago sekula ez.

Klase galdua herri saldua

Erdi Aroan gaude. Ur uherrak jaisten ziren eta gaur egungoak halakoxeak izan ere. Jauntxoek, klase galdua izatera iritsiko zen hura, nobleek, goiko klaseek, zerbitzu kaxkarra egin zioten herri xeheari. Jauntxoek, klase nagusiak ziren aldetik, beren klase interesak Espainian edota Indietan bermatzen zituzten. Interesak interes, herri xehearentzat etekin meheak izaki betiere.
    Testuinguru hartan euskararekiko jarrera koherente eta duina ez zen izan inoiz, ez inola ere. Orobat, herri kulturarekiko ezin jarrera emankorra izan, kulturarekiko klase xuhurrak ziren inondik ere. Euskal historian barrena, euskal literaturaren historialariak izan dira hori azpimarratu dutenak. Areago, diotenez, kultur gauzetarako xuhurkeria batetik zela, eta bestetik, lukurreria, Erregearekiko eskuzabaltasunarekin kontrastatu ziren aldi berean. Noski, ordainetan, Erregearen armen babesa ziurtatuta zeukaten jauntxoek.
    Apologismoa zen eta da leialtasun horren ideologia. Bere erara, morroi ideologia bat. Erregearen morroi izateko ohorearen ideologia. Baita beren burua irringarria uzteraino. Esteban de Garibay batek Felipe II. erregearen odola euskal odola zela argudiatu zuen, izan ere, euskal odola gaztelau odola (odol godoa) baino jatorrago eta nobleagoa zenez gero, Felipe II. erregea euskal jatorrizkoa zen.
     Espainiaren handitasunak espainoltasunaren harrokeria erantsi die euskal jauntxoei. Iberiako lehen hizkuntza euskara zela erranik, espainolen konformitatearekin, Penintsulako jatorrizko hizkuntza bakarra euskara erran izatearekin ederto batean sentitzen ziren euskal nobleak. Orduko ur haietan gauzatzen hasi zen Gorteko ideologia. Hots, Espainiaren Batasun Naturala delakoa. Batasun Natural suerte horrek ekarri zuen jabego naturala. Baita Nafarroa Koro Batasunean sartu ere. Albako Dukearen armadaren laguntzaz, bistan da.
    Teoria basko-iberista indartu zen. Arnaud Oihenartek ez zuen halakorik onartu, prefosta. Eta geroago, mendeaz harago, Sabino Arana Goirik ere ez. Jauntxoek, ordea, eta euren zaleak, basko-iberisten teoria eta izendapena bere egin zituzten. Euskaldunek gainera asko eman izan diote Espainiari, baita asko eman ere Indietako enpresetan.
    Ideiak ideia, ideiak eboluzionatzen joan dira, denbora diferentetan ideiek ez dute betetzen funtzio bera, bistan da. Hitz berdinak edota kontu berdinak ez dira berak, kontzeptuak aldatzen baitoaz. Karlistaden eta Foruen auziak gertatu ziren, eta gizartean bertze identitate bat gauzatu da, baita euskaldunon identitate krisia azaleratu ere. XIX. mendeko krisia Erdi Arotik errenka datorren identitate arazo hori errepikatu da: hitzetan berdina da baina kontzeptuen eboluzioa tarteko.
    Mendez mende, euskaldunon historia alderrai ibili da, ergel baten antzera, dingili-dongolo. Euskalduna, euskaraduna, euskaraz bizi zena, bere munduan baino ez zen euskalduna. Ideologia jauntxo errenazentista XIX. mendera iritsi zen, biziki eraginkorra izaki ideologian, aro eginkorraren ideologia, eta noren eskuetan erori zen euskara eta literato probintzianoen eskuetan erori ere. Metropoliek –administrazioaren, komunikazio bidearen, politikaren eta kulturaren gunea– probintzien esanahia lehenik eta haren funtsa apurra degradatu zuten.
    Jauntxoen eskolak nagusitu ziren, hiriburuetan hain zuzen ere. Euzkotarrak heldu ziren. Zortzi deitura bitxiak dituzte eta harro ibili ere. Agur esaten dakite, baita hori erabili ere. Ez dute agur hitzaz harago besterik ikasi, halarik ere. Ordurako jada, euskaldunak etxea utzi eta munduan erdaldun abiatu zen. Errege nahien morroi handia, euskaldun morroia tipia izanik betiere. Jauntxoen mirabe. Unamunok erran zuenez, euskaldunek nagusitu behar zuten, beren etxea utziz, txokoa utziz ere, utziz hizkuntza kaxkarra eta Espainian nagusitu, alafede.
    Euskalduna ez da bere buruaren jabe, baina erdaldunen euren buru izatera iritsi nahi izan du. Lehengo euskal jauntxoek euskara eta euskal kultura saldu zituzten, Espainian jauntxo izateko. Geroago, euren hurrengoek Foruak saldu zituzten. Gero sozialismoa sortu zen –siglak sigla, ideologia bat legetxe hartu dezagun hemen–. Behialako nobleziaren ostean, demokrazia liberalaren eta fede katoliko garbiaren kasuan bezala, Euskal Herria (Bilbo) espainiar sozialismoaren sehaska bihurtu zuten. Felipe II. erregeak euskal odola zuen eta sozialistek euskal genoma izan ere. Hor nonbait. Espainiarren ipuinak ez dira klaseak arau bereizten, edo sailkatzen.
    Euskal sozialismoak ere, aurreko apologisten gisara, euskal sozialismo izatearekin nahiko ez, eta Espainiakoa behar zuen. Sozialistek alegia, aurreko karlistek nola liberalek hala jauntxoek egin zuten bezala, laurehun urtez, lau mendez egin bezala, Espainiari begira, hark egin bidearen ildoan egin dute berea. Gizaldiaz gizaldi, testuingurua aldatuz joan ziren, klaseak ere, baita politika egiteko moldeak, baina jokabideak ez. Euskal Herriari atxikiriko politika sozialak gauzatzeko jokamoldeak ez dira egundo landu, ez saiatu ere. Gurean ez da tokiko historia landu, izan ere, euskal partikulartasunean biziz gero, ez dago unibertsaltasuna erdiesteko modurik. Euskaldunok ondoko herrien politika nahiari begira arituz bihurtu gara unibertsalak. Espainolak eta euskaldunak ditugu hizpide, euskaldunek beti egin dute, espainolek gura zutena.
    Aitzina egin ahala, antza denez, lau gizaldi behar izan ditugu euskaldunok garenaz ohartzeko. XXI. mendera iritsita, euskaldun izatearen kontzientzia hartu dugula erran genezake, baina garenaren kontziente ote garen, zalantzan ipiniko nuke. Gure burua arrunt jipoitu barik, garena akabatzera iritsi gabe, hauxe ene itauna: ez al gara garenaren etsai nagusiak gu geu bilakatu ote?

Euskaldunok, bertzeak bertze, gurezko modernotasun bat, geure buruaren berritze gabeko izakariak gara. Estatu propiorik gabeko nazio natural zahar bat. Beste herrialdek –ez denak, jakina, euskaldunok ez gara molde horretako izakari bakarrak– Erdi Arotik Aro Modernora egin izan duten bidea, egin gabeak gara. Eta euskaldun garen aldetik, euskara modernizatu gabe aitzina egin dugun izakariak.
    Euskaldunok barbaroak izan ei gara historiaren bilakabidean, alta bada, gure kulturaren sehaskan kultura grekoa dago. Grekoak berauek, haiek ere, barbaroak izan bide ziren. Lehenengo barbaroak, alegia. Haiek sortu omen zuten barbaroen klixea eta beraiek desegin ere. Mendekua barbaroen aiurrian dago, ezta ez dago antza grekoen jainkoak baina mendeku zaleagorik, mendekatzaileagorik. Hots, Greziaren inguruan irudikatutako demokrazian ez dago deus miragarririk. Mirariak jainkoen kontu harrigarriak dira, paradisua konkistatzeko edo hartara iristeko kontu akuilagarriak. Bidean bide, latinak gaina hartu zion grezierari, Erromaren eta kristautasunaren bidean, mundura zabaltze bidean. Hasieran ez, greziera zen Erroman nagusi, baina probintzietan latina administraziorako hizkuntza bihurtu zen, Armadaren eta Elizaren betebeharren bitartez.
    Herri apala eta xehea kristautasunaren ildoan sartu da, latina hizkuntz eredua bilakaturik. Mendebaldea Erdi Aroan egin da latinoa, arras latinoa. Modernitateko Errenazimentura iritsitakoan, latina, mendez mende, gramatikari dagokionez landua, administraziorako teknikoki egokitua, kulturaren eta zientziaren hizkuntza unibertsala bihurtu zen. Hizkuntza zorroztu zuten, aizkoraren metafora betetzen duena: aizkora egokiena mozten duena duzu. Itxurak edota formak ez du hainbeste axola.  
    Horiek horrelakoak dira, Europa sakabanatzen hasten den arte. Europan erregeak ez ziren gutxi, herriak anitz ziren ere. Hizkuntza batasuna zartatu zen. Latina alegia. Europa biltzen zuen batasun politikoa, filosofikoa, baita erlijiosoa ere puskatu ziren, baita batasun linguistikoa ere, latinarena alegia. Batasun handia puskatu ostean, estatu modernoak sortzen dira, eta haietan literatura nazionalak sortu eta loratu ere bai. Mundu berri baten sorrera. Erakundeak antolatzeko eta administrazioen antolakunde berri bat. Nazio hizkuntzak eta nazio literaturak kontzientzia sozial eta politiko berriaren oinarri berebizikoak izan ziren. Oinarri tinkoa.
    Estatu modernoen sorrera aurrerapauso izugarria izan da historian. Alabaina, estatu modernoen garaira iristeko, inperioen garaia gainditu behar izan zen, eta inperioen eraispena gauzatzen barbaroen inbasioek lagundu zuten. Latina hizkuntza unibertsala landua zenean, gaztelania, frantsesa edota ingelesa hizkuntza txikiak ziren, funtsean, arloteak. Estatu modernoen sorrerek literatura nazionalen sorrera erraztu eta posibilitatu zuten. Kosta ahala kosta, berbarako, latina unibertsitateetatik kendu zuten eta nazio hizkuntza berriak gauza zitezen ateak ireki.
    Euskaldunek ez dute hori horrela izan dela edo horrela behar izan zela ulertzeko adimen berezirik ukan, antza denez. Euskaldunok baina, azken mendeotan nagusitu izan diren estatu-nazio-hizkuntzen gradura euskara igo nahi izatea
–euskal administrazioa, euskal prentsa edota euskal literatura zertu nahia– erokeriatzat jo izan da. Espainol eta frantsesentzat garaiz kanpo geratu den eginkizuna, distopia moduko bat. Erokeria. Erdaldunarentzat, bistan da.
    Hizkuntzaren arazoa historian barrena izan da. Euskaldunok pairatzen dugun hizkuntz diskriminazioa latente izan da mendebaldeko historiaren bilakaeran. Gaur egun, ostera ere, inperio globalaren ezarpenarekin errepikatzen ari dena. Greziera eta latina antigoalean, gaztelania edo espainola Erdi Aroan, frantsesarekin batera Errenazimentuan, gaur egun ingelesa da administraziorako hizkuntza, hizkuntza tekniko egokia, transmisiorako hizkuntza berebizikoa, berealdikoa. Hau da, aldian-aldian, egokitu izan ohi den hizkuntzaren eredua.

Humanismoaren bideetan

Hainbat humanismo mota izan dira historian. Gu humanismo errenazentistaren bidean ari gara: XV. mendeko mugimendu intelektuala da. Mundu klasikoan eta erlijioan gutxiago eta gizakiarengan gehiago zentratzen diren ikasketekiko interes berria sortzen duena. Joxe Azurmendik dioenez, euskaldunok gure humanismotxoa izan genuen, erran nahi baita, literatura nazional bat edukitzeko parada, posibilitate gisako bat. Hor nonbait.
    Greziarrek egin zutena egin omen zuten gure literatoek ere bai. Joanes Etxeberri Sarakoak konparazioenera. Eta geroago, gure garaian ere –orain dela mende luze batean baino ez–, Nikolas Ormaetxeak Orixe eta Manuel Lekuonak greziera landu zuten. Greziarren eta euskaldunen arteko paralelotasun bat izan bide zen –paralerro moduko bat dio Azurmendik–; nahiz eta Garibayren kordakoek grezieraren haria moztu nahi izan zuten. Greziera-euskara edo latina-euskara, horiek ziren esploratu beharreko hizkuntzen harriak eta hariak. Europako nazio guztiek nork bere hizkuntzaren dohainak eta loriak azaldu beharrean ziharduten. Konplexu handiak omen ziren, baita konplexuz betetako euskaldunak euren ildoan ere. Hots, grezieraren aldean lehenik, latinaren aldean gero, euskaldunak herabeti eta uzkur aritu ziren. Ez euskaldunak bakarrik. Ez zen gaitz berezkorik. Berezkotasuna izan da, euskaldunoi ez zaigula pasa konplexua. Antza denez, besteei bai nonbait.
   Barbaroek hizkuntza guztiak landu izan dituzte, baita bere egin ere. Alabaina, landugabeko hizkuntzak izan dira beraientzat. Euskaldunok, kasu. Espainolak ez ordea, haien ustetan, espainola bezalakorik ez da munduan izan, grezieraren beraren aurretik zegoen hura heldu zenerako. Euskal apologistek ere, espainiarren ildoan, haiek ziotena errepikatu bide zuten. Ideia ergelak bere egin zituzten, baina artean, euskarari behar zuen tornuia eman gabe.
    Latinaren kasuan, bai Orixek bai Axularrek ahaleginak egin zituzten testu latinoen itzulpenetan. Eliz gizonak ziren aldetik ez zen harritzekoa, ezta da gaurko egunetik so eginda ere. Gure historialariek diotenez, Luis Villasante tarteko, harrokeria moduko bat erakutsi zuten biek ala biek. Nahiz eta gaurdanik ikusita, Axularrek bere trebezia erakutsi nahi baino, euskararen ahalmena erakutsi nahi izan zuen. Gaur egun, jakina dugunez, arazoa ez da euskararena. Euskararen eremua murritza izan dela baizik. Euskal humanismoa Elizaren bideetan landua izan da. Elizak gainera tradizio humanista ondo baino hobeto landu zuen. Baina, kontua hauxe: erlijioaren bizitza eta gizarte zibileko bizitza Europan bereizten hasi zirenean, Elizaren bidea baino ez zegoen gurean. Bide hori landu zutenek, euskara ez zela besteak baino gutxiago erakutsi zuten, Axular buru.
    Gizarte zibilean, bi korronte ari ziren: apologistak eta euskal idazleak. Giro berdintsuetan, eta ideologia berdin baten ildoan ibili ere. Hor nonbait. Orduan, gaur egun bezalaxe, ideologia funtsean berdin batez jardun arren, jokabideak ez ziren horren berdinak. Hots, gizartean bi sail-jokamolde edota planteamendu bi ageri dira. Funtsean, biak ala biak dira idazle taldeak, baina euskaraz diharduten idazleek kultura-ildoaren aukera hartzen dute, aldiz, apologistek ildo politikoa. Idazleek etxekoa, apologistek kanpo alderako ildoa. Lerro bakar batean: biek ala biek, ideologia-ildo berak izanda ere, balio sozial eta praktiko arrunt ezberdinak agertu dituzte. Geroago Azkoitiako Zalduntxoek eta Manuel Larramendiren ildokoek erakutsi zituzten diferentziak, hor nonbait. Erran nahi baita, Euskal Herrian ez dira soilik bi joerak izan, Elizarena batetik, euskaltzalea bestetik, burgesiarena, alegia, Madrilera edota Parisera begira ari ziren nobleen edo jauntxoena.
    Humanistarik humanista, Arnaud Oihenart zuberotarra dugu horietako bat: jurista, politikoa, historiagilea, latinaren ildoan letretan, poeta. Laikoa. Bestelakoan XVII. mendetik XX. mendera, beti ageri izan dira euskal humanistarik euskal literaturan. Humanistek literaturaren ildoan bide egin izan nahi zuten, lurraldean egon nahi zuten, baina funtsean Elizaren ildotik garatu zen euskal literatura.

Eliza eta euskaltasuna

Elizaren euskaltasuna nolakoa zen baina? Jauntxoek Gorte aldera egin zuten beren aukera, beraz, erdararen alde izan zen. Anartean, herri literatura errefrauak eta bertsolaritza da. Aurreko garaietatik heldu den literatura, erlijiosoa, eliztarrek egina noski. Katoliko ortodoxo da, ia-ia dena. Alabaina, euskaltzale bakarra Eliza izan dela mito bat omen da. Elizaren gehiengoa, boteretsuen eliza, jauntxoen ildoan ez ezik, haien organ ibili dira. Alabaina, herri xehea tarteko, euskararen alde egitea besterik ez zuen boteretsuen Elizak, herritar xumeengana iritsiko bazen. Guztiarekin ere, Eliza ez da “salbu”, klase nagusiek, jauntxoek, euskararekin izan zuten jarrera doilorra lagundu izanaz.
    Kontua hauxe: historiaren bilakabidean Elizaren aurkako jarrera handitu eta indartu da. Eta euskal literaturaren gabeziak berari eragotzi izana indartu ere bai. Alegia, iragan mendean euskal literaturaren parte handia apaiz eta fraideen eskutik egin zenez gero, lotsa moduko bat gailendu zen, eta lotsaren ondorioa euskal literaturaren aurkako oldar moduko bat sorrarazi ere bai. Hau da, Eliza ituan jarrita, euskal literatura joa izan da. Kontuak kontu, euskal literaturak Elizako euskal literatoak onartu barik, euskal idazle laikoek ez zituzten beren inguruan aliatuak bilatu inolaz ere. Kaltetua nor? Euskal literatura, betiere. Elizaren arazoak eta literaturaren arazoak, bereizi ordez, zaku berean sartu dira. Kaltetua zein izan den? Euskal literaturaren bilakabidea gure historiaren ildoan. Azurmendiren esanetan, Elizaren ildoan aritu ziren apezek ez zioten euskal literaturari behar zuen tornuia eman. Baina zer neurri eman zuten eliztarrak ez ziren gainerakoek?

Errenazimentuak ez zuen gurean garatzerik izan. Euskal errenazimentua ez zen izan gurea. Izan ere, euskal literaturak ez zuen behar zuen tornuia ukan, euskarazko literaturak ez zuen behar zuen zaldirik ukan ere. Jauntxoen zaldiak, zaldunek, etxetik kanpora egiten zuten bide. Kontua hauxe, berriz ere: euskal literaturarik egon denik inork gutxik sinesten du. Euskaltzale irmoek arakatu dutenean zur eta lur geratu izan dira. Euskaltzale berriak sortu direnean, aho bete hortz geratu bide dira. Hauxe baietsi izan dute: literatura herrikoa, ahozkoa esentzian, joria eta askotarikoa, beste edozein herri baten neurrikoa da. Kultuzko literatura berandu heldu da, eskasa da, eta ez kalitate handikoa orobat.
    Hala izanik ere, jendarteak –bere zabaltasunean– euskara bere egin izan du, baita laudatu ere, eta goratu ere bai. Alabaina, euskara goratu baino, kultura goratu du. Euskara ez da era berean landua izan. Euskararen alorrean euskaldunaren zabarkeria begi-bistakoa izan da eta da. Hauxe erraten ausartzen naiz: kultura da literaturarik ez duten herrien aldarri nagusia. Hau da, gurea, funtsean, literaturarik izan ez duen kultura izaki. Eta literatura sendorik ezean, kulturaren apologia egiten da etengabean. Euskal Herrian kultura goraipatzeko joera handia dago, euskaldunon kulturaren aldarrikatzaile nagusiak apologistak izan dira, eta dira gaur egun ere. Apologistek euskarazko kultura landu beharrean, kultura osatu bat bagenu bezala jokatu izan dute, eta halaxe jokatzen duten gaur egun ere bai.
   Iragan mende erdi luzean, euskal nazioaren harroinak ondoko bertze nazioen oinarriak bagenitu legez jardun dute apologistek. Ostera ere, Euskal Herriaren historian urratu izan den barbaroen bidea nagusitu da XXI. mendera arte.
  Berpizkundeko euskal humanistak euskal idazleak izan dira, apologistak berriz, ipuinen jario liluragarriez aprobetxatu direnak. Botereari arrimatuak betiere, lapak bezala aginte arrotzari itsatsita.

Erdi Arotik gure egunetara bitartean, Euskal Herria, euskal jendartea, erdibiturik aritu da. Nobleen eta jauntxoen ildoko ondorengo apologistek eta Errenazimentuko humanisten arteko tirabirek noraezean doan jendarte bat konformatu dute. Euskal literatura gauzatu ez izana arazoaren muina izanik ere, euskal literaturak ez luke arazoa gainditzeko zio soila izan behar. Euskal arazoa da jendartearen eta euskal kulturaren –gaur egungo kultura zentzu zabalean ulerturik– arteko ezkontzarik ez egotea. Izan ere, behiala, kultura arazo hori klase nagusietan eman bazen ere, herri xehean ez zen eman.
    Euskaldunon jitea, nobleen ildoan nonbait, hauxe dukegu: egiten duguna ohorez egiten dugu. Erran nahi baita, sufritzekoak sufritu behar badira, bada, sufritu eta pairatu, penatzekoak penatu, espirituan oinazeak eta gorputza zauriak eraman behar badira, eraman, bai horixe, egonarriz eta irmotasunez. Sendo betiere.
   Euskaldunok ez genuen Erdi Arotik aurrera egin bertze herri edo nazio naturalek egin zuten bera. Ez ginen euskal errenazimentu moduko bat gauzatu, ez genuen kultura moderno bat sortu, baina euskal jendarte berri bat ere ez. Euskal literaturarik ezean, euskal kultura moduko bat gauzatu dugu. Euskal kultura horretan klaseek ez dute lekurik hartu izan, ordea. Euskararen zentzua dugu eskas, hizkuntzarena alegia. Ildo errenazentistaren norabidean ibili barik, ez dugu kulturaren zentzua behar bezala garatu, sortu, ezta bizitzarena berarena ere.
    Euskal errenazimentu humanistan ibili beharrean, espainiarren errenazimentuaren ildoan hazi eta hezi gara. Euskal Herriko klase nagusiak, nobleenak, jauntxorenak, kulturalki beste nazioen ildoan aritu dira, beren nahia besteen materialez arduraturik. Jauntxo klase horren “humanismoa” bere klase interesen ildoan eta zerbitzuan zabaldu da. Espainiarren zerbitzuan, espainiar humanismo batez jantzi ziren. Herri xehea ere, espainiar humanista jantziaren arabera jantzi egin da ere. Zabarki jantziagatik, arlotea bilakatu ere.

Euskal Herri zahar hartatik egungo Euskadi berria. Garai berria izan zen ere Joxe Azurmendiri bizitzea tokatu zitzaiona –Espainolak eta euskaldunak hizpide betiere–. Trabarik traba, euskal gizarteak bazuen bere izatearen kontzientzia, berezko kultura baten kontzientzia, baita kontzientzia politikoa ere. Jakina, gero, kontzientzia horren mailak eta moduak izan dira. Euskaldunen arteko aldeak ere nabarmenak izan dira, kontzientzia ezberdin mailak baitira izan. Euskararen kontzientzia hizpide, apologistek eta euskarazko idazleek arras modu ezberdinean landu dute euskararen auzia, baita euskaraz ezberdin bururatu ere.
   Batzuentzako –apologistentzako– euskal herriaren bereizgarria da euskara, bestentzako –euskal idazleentzako– kontzientzia herrigile izateko kontzientzia behar da. Kontzientziak baina, ez du herri-zeinu soila izan behar, nork bere kontzientzia denaren kontziente izan behar du. Euskal Herria egiteko dago. Euskalduna egiteko dago. Euskaldun oso-osokoa egitea independentea izatea da, beregain izatea. Iragan mende erdi horretan, XXI. mendean, barbaroen astindua tarteko, Euskal Herri independentearen kontzientzia bizirik egon da. Herria berpiztu zen. Berpizkunde moduko bat izan zen. Ordea, XXI. mende honetara iritsita, euskal independentea edo beregain izatearen ahaltasuna apaldu da tanpez.
    Euskaldunek –Euskadi deitu komunitatekoaz ari naiz– foruen ildoko independentzia gisako bat ametitu zuten lehen, eta egun, espainiarren Konstituzioaren ildoko autonomia begietsi dute. Eta, kasu, baliteke, euskalduna “salbatzeko” modu bakarra izatea.
    Euskaldunek iraganean euskaltasun kontzientzia izan omen zuten. Alabaina, antza, euskaldun izatearen kontzientzia bazuten ere, ez ziren batasunean ezin aritzearen galbidearen kontzienteak. Euskaldun izateko –pertsona orobat– ez da nahikoa "kontzientzia" izatea, garenaren "kontziente" izatea ere baitezpadakoa da.
    Lau mende edo gizaldi behar izan ditugu euskaldunok garenaz ohartzeko. XXI. mendera iritsita, euskaldun izatearen kontzientzia hartu dugula erran genezake, baina garenaz kontziente izatera iritsi ez. Berriz diot: ez al gara garenaren arerio nagusiak gu geu bilakatu ote? 

Probintziak direla eta

Euskaldunok zapi probintzietan sakabanatuta gaude. Antolatuta gaudela esan ahal izango bagenu, Euskal Herria bestelako marko politiko bat dela erran genezake. Erromatarrek ezarri zuten probintziak herrialdeak izendatzeko manera. Geroago, Nafarroako Erresuma izan arren, funtsean, Nafarroa probintzia bihurtu zen. Nafarroako konkista eta gero erresuma estatusa galdurik, gainerako lurraldeen kontsiderazioa eman izan zitzaion. Baita euskaldunek hala eman ere. Erresuma baten abarora egotetik, lurraldeak euren artean are deslotuagoak bizitzera pasa ziren. Nazio natural bat, “arraza” bat, zena zela ere, ez zen kohesionatu inondik ere.
    XX. mendera iritsi zen Euskal Herri hura, eta nazio bateratuago bat eratu bidean, Espainiako Gerra zibelean murgildu zen, murgilarazi zuten. Handik aterata, Berpizkunde moduko bat bizi izan zen Euskal Herrian. Euskara batua sortu zen. Gipuzkeraz osatua batez ere. XXI. mendera iritsita, euskara al da euskaldunon kultura hizkuntza? Euskal literaturak
–euskal idazleek– sortu al dute Euskal Herri osorako kultura bat sortu eta eratzeko hizkuntzarik?
    XXI. mendera iritsita, hiru lurralde nagusietan eratutako Euskal Herriak baditu euskara eta kultura hizkuntza garatzeko bitartekoak. Baina Berpizkunde hartatik gaur egunera etorrita, literaturak ezin izan dio eman Euskal Herriari kultura hizkuntza bat, funtsean, kultura batasun bat bilatzen baita oroz gainetik. Euskal Herriaren apologistak euskal idazleen aitzinetik ibili dira berriz ere. Apologistek Estatua aldarrikatzen dute ozenki. Nago, ez ote duten gurdia jartzen idien aurretik.
    Iraganean, esate baterako, Homerok eman omen zion Greziari batasun kontzientzia bat, hizkuntzaren bitartez eman ere, halaxe eman ere Dantek Italiari. Cervantesek ere Espainiari, besteak beste. Euskaldunek ere iraganean euskaltasun kontzientzia izan omen zuten. Alabaina, antza, euskalduna izatearen kontzientzia bazuten, baina ez ziren batasunean ezin aritzearen kontzienteak. Euskaldun izateko –pertsona orobat– ez da nahikoa "kontzientzia" izatea, garenaren "kontziente" izatea ere baitezpadakoa da.

Euskal Herritik Euskadira. Bitxia da. Arraroa. Joxe Azurmendi –duela berrogeita hamar urte luzeko Azurmendi hura– Euskadiz ari da. Euskadi deitzen dio Euskal Herri osoari. Norbaitek pentsatuko du tokiz kanpo ari dela, zentzurik gabeko jarduna dela berea. Baina, hara, kontrasterako, Pierre Bordazarre zuberotarrak, Etxahun Iruri izengoitiz ezagutua, Ama Euskadi kanta delakoan, garaitsu hartan, Euskadi kontzeptuak urratu zuen bidea dugu lekuko: Ama egün xiberotar bat, düzü zure zerbütxari, nahiz zuri bestimenta bat paregabeko merezi, artzain batek eskentzen deizü, Ori bortüan da bizi, egün oroz goguan zütü, oi, gaixo Ama Euskadi. 
   Nafarroarik gabe, errenazimentu humanistarik gabe, kultura nazionalik gabe, eta hala izanik ere, Euskal Herriko probintzia txikienean, une batez, Euskal Herri batu bat irudikatu zen: Euskadi. Etxahun Irurirentzat Euskadi horretan ez dago kontzeptu politikorik, nazio kontzeptua ere ez dut uste ikusten edo bizi duenik. Etxahun Iruriren eleetan euskara kultura hizkuntza dago presente. Joxe Azurmendiren pentsamendu eta saiakera liburu honi "euskarak kultura hizkuntzaren izan beharra"-ren suma hartu diot neronek. Hots, gure kulturak euskara behar du bere muinean. Horren apologia egin ezean, euskal kururak berea egin du.
   Euskal Herria izatearen kontzientzia edota euskal existentziaren kontzientzia gauza bat da, eta besterik da, euskaldun izatearen kontzientzia. Erdi Aroaz geroztik, Errenazimentu Aroan, erreforma eta kontrarreformak ezagutu ditugu, eklesiastikoak lehenik eta haietan euskal apaiz ilustratuak izan bide ziren, alabaina, ilustrazioa gaztelaniaren abaroan garatu zen.
   Euskal Herria eskola gabeko herri izan da. Berezko kultura hizkuntza eratzera iritsi ez dena. Sanchez Albornozen pentsamenduaren ildoan hasi gara, Ortega eta Gasset filosofoa tarteko, biak ala biak, Espainia moderno irredentistaren bozeramaileak. Irredentismo terminoak bi zentzu ditu, osagarriak izan daitezkeenak:
    – Nazio edo estatu baten lurraldea ondoko herrialde baten lurraldeekin handitu nahi denean, lurralde horiek nazio beraren partetzat jotzen dira.
    – Lurralde bat, bere jatorri nazionala dela eta, berea ez den estatu batekin bat egitea nahi denean, kasu horretan "jatorrizko aberri”-ra itzuli nahi dela esan ohi da. Mota horretako mugimenduak nazionalistak bezala definitu ohi dira.

Euskaldunok tesitura horretan aurkitzen gara. Edo, hain ziur ere, XX. mendean, orduan ere, testuinguru horretan geunden, ari ginen oraindik ere. Espainiaren ideologia, aldi bakoitzeko ideologia, ideologia finkatu eta garatu gabeko Euskadiren ideologiaren gainetik ezarri zen eta dago. Berbarako, iragan mendetako espainol sozialismoa euskal sozialismoaren gainetik ezarri zen. Euskal sozialismo espainola garatu zen. Euskal sozialismo espainolaren ildoan, ondo baino hobeto azaldu zen euskaldunon aiurria edo izaera. Erran nahi baitut, euskaldunok "molestatu" egiten dugu Espainian. Eta horren lotsa edo beldurra, gainera, erdaraz adierazten dugu. Euskalduna beti behartuta "sentitzen" da erdaraz adieraztera. “Euskalduna lotsa da euskaldun izateaz”. Azkeneko esaldia ez da nirea, Joxe Azurmendirena duzu.

“Zer egin?”, itaundu zuen Joxe Azurmendik orain mende erdi. Eta hasteko, historiaren problemei soako bat ematen die berak. Funtsean, hauxe esateko: euskaldunok aurrera goaz, bagabiltza. Alta bada, arazo larregi antzematen du bidean. Arazoak: behin eta hasteko, ideologietan. Ideologiez zertaz osatzen dira, bada? Bada, usteez, itxaropenez jomuga eta xedeez. Eta galdetzen du, gizona ez ote da abere gaixo bat? –orduko gizona, gizakia edota pertsona gaur egun–. Eta galdetzen dut nik: balio izan al diote ideologiek euskaldunari iragan berri gizaldi horretan? 
    Kontuak kontu, arazoa, bertze bat: euskaldunok ez dugu euskal historia ezagutzen. Berriz ere, galdera, nirea: harrezkeroko gaur egunean ere bai? Alta bada, ordura arte ez bezala, azken mende erdi horretan non ikasirik izan dugu, izan du euskaldunak; edota euskal herritar moldeko guztiek.  
    Ikaspena: Euskal Herriak iragan txarra izan zuen, hobea behar zuen. Alabaina, euskaldunek pentsatzen dute historian hobeto egon garela gaur egun baino. Edota horrela pentsatzen dutenak “abertzaleak” dira. Anartean, euskal literatura moduko bat bideratzeko berpizkundea bizi izan dugu, baina, funtsean, apologistak buruan buru betiere, apologisten ideologia erdaraz heldu da.
    Behinola, apologista horietako batek, ezkerreko abertzaletasunaren buruzagiaren aiurria honela trenkatu zuen: “Erdaraz asko irabazten du”. Erdaraz erran zuen: "En castellano gana mucho”. Ez zuen espainieraz irabazten zuela erran. Gaztelaniari espainiera deitzea ez baita egokia, ez zuzena. Historia traditzea duzu, nonbait.
   Historiaren arazoak hartu ditugu hizpide –Azurmendiren eskutik betiere–. Historia axola al zaigu? Bai. Apologistei bereziki. Eurek interes politikoengatik begiratzen baitiote historiari. Presentismo historikoa agertu zaigu berriz ere. Hau da, euskaldunok iragana pentsatu izan dugu gaur egungo pentsaeratik, pentsaera modernotik edo. Historialariek eta irakasleek, baita politikariek ere pentsaera horretatik egiten diote aurre arazoari. Presentismo historikoa hezkuntza eta jendartean presente izan da, eta dago. Batzuek, abertzaleek, historia loriaz beteta ikusten dute. Besteek, demagun azken mende erdiko “sozialistek”, miseria baino ez dute ikusten Euskal Herriaren historian.
    Arazoak arazo, kontuak kontu, euskalduna izatea zaila zen duela mendi erdi bat, eta zaila da gaur egun ere. Izan ere, euskaldun izateak merezi al du gaur egun? Galdera erretorikoa duzu. Hona erantzuna: euskaldunok merezi eta pena lotu izan ditugu orain gutxi arte. Azkeneko hamarkadotan, merezi izateko ez zen pena behar. Merezi dugulako gara. Puntu. Euskaldun izateak ez digu zertan pena merezi behar. Orain galdera hauxe dukegu: euskaldun izateak loria merezi al du? Bai, prefosta. Alabaina, gaur gaurkoz, euskalduna izateak ez du loriarik azaleratzen, ez du loriarik eskaintzen.
   XXI. mendean, modu sano nabarmen batez, zoriontasuna gainditu zaio askatasunari. Loria edota zoriontasuna dira gaur egungo ideologia garailearen xedea. Egungo ideologien xede nagusia –ideologia guztiek bermatzen dituzte egungo sistema politiko nagusi guztiak– zoriontasuna da. Pertsonon xedea ez da askatasuna, zoriontasuna baizik. Euskaldun izateak gaur egun –soil-soilik euskaldun izateak– ez du inolako zoriontasun suerte bermatzen. Euskaldun izateko askatasunaren balioak ezereztatu dira jagoitik orain. Gaur egungo askatasunaren baloreak merkataritzaren baloreak dira.
    Gaur egun euskaldun izateak "merezi" du, baldin eta munduko merkatu finantzarien baloreak bere egiteko balio badu. Euskalduna ez da gauza izan orain arte, ez da gauza izan euskaldun soila izatearekin izateko, euskalduna ez da askietsi izan euskaldun izatearekin. Izateko molde hori, euskal jauntxo eta nobleen bitartez gauzatu da mendez mende. Iragan mendera arte, Madril eta Parisko jauntxoen espiritu unibertsalen baitan izan da euskalduna, euren zerbitzuan izan ere.
    Madril eta Parisko espiritu unibertsal delakoa espiritu mundial eta globala bihurtzen ari da, merkatu finantzarien ideologia nagusiaren eskutik. Duela mende batera arte, Euskal Herriak ez bide zuen zenaren ardura edo erantzukizuna, izan zenaren errua alegia. Gaur egun, Euskal Herria den bezalakoa da. Ez iraganean baino txarragoa ez hobeagoa. Euskal Herria den bezalakoa ikusteko izate helduak al gara euskaldunok?

Nork bere zoroa bizi ei du. Euskaldunok geurea. Alegia, euskaldun soil-soila izan nahi izatea zorotzat jotzen dute euskaldun izan arren, euskaldun soil-soila izan nahi ez dutenek. Jakitun dira halaz ere, euren euskalduntasunak ez duela irauterik. Euskaldun izatea eta euskaldun irautea sinonimo bihurtu dira historiaren bilakaeran. Azurmendiren bidean, euskaldunon bilakaera giza-abereen paradigmaren isla da. Geurez erdietsi ez dugun izari edo dimentsio bat eman izan digu historiak. Edo, bestera ere, guk geuk fikzio moduko bat egin dugu gure historiaz.
    Gure historia sinboloz eta ohorez osatu dugu eta halaxe ekarri ere iragan mendera arte. Nostalgiak ekarri gaitu gaur egunera, baita auto-engainua ere. Iragan mende erdialde horretan, gure mitoak akabatu behar genituen, mitoak ez gintzakeen ito. Ez genituen akabatu, nik uste. Euskaldunok nazio bat behar izan du izan ahal izateko, besteek behar izan duten legez, eta besteek bezala bere mitoak atxiki izan ditu. Alabaina, gurea ez da handitasuna izan. Gutxi baikara. Gurea izan ahal izateko askatasuna izan da bide-urratzailearen zioa. Gurea ez da handitasuna, txikiak baikara. Alta bada, euskaldunok ez dugu ikasi bizitzen txikitasunean.

Espainolak eta euskaldunak. Frantsesak eta euskaldunak ere bai. Haiek kultura handi bateko partaideak dira. Gu kultura txikia gara. Ez txikia bakarrik, urratua, puskatua. Euskal kultura, kultura-kate-kateaturik da. Herrigintza uztera beharturik, identifikatuko duen kultura osatu baten alde ari da euskalduna. Kulturgintza horretan, euskararen aurka ari dena ere sartzen da. Nolabait erranik hori ere. Izan ere, euskararen aurka egon gabe, hobe dela berau abandonatzea pentsatzen duen euskaldun asko dago. Ez da euskararen etsaia, baina ez dio zentzurik ikusten euskaraz bizitzeari. Euskarari guztizko zentzurik hartzen ez diotenek euskarari zentzua eman nahi dioten borrokalariak –euskara borrokan bizi dugunok– arerio bihurrarazi ditzakete, aise bihurtu ere. Eta bigarren horiek, halaz ere, eta aldi berean, euskal apologistak dituzte arerio. Abertzaleak berak, alegia.
    Euskararen aldekoek, euskaltzaleek, ez dute nahikoa indar euskarazko kultura sendotzeko eta euskalduna, euskaldun soil-soila bizi daitekeela gaineratikoek bere egin dezaten.
    “Eskubide adina obligazioz egiten da Estatua”, diosku Joxe Azurmendik. Gure kasuan, estatua minuskulaz, ez baita Espainiako Estatua edota Frantziako Estatua besterik. Horiek eginak baitira. Nik erranen nuke, egina baitziren. Izan ere, duela berrogeita hamar urte: nork bere moneta zeukan. Orain ez. Orain Europaren barruan daude. Eta moneta euroa da. Moneta bakarra eta guztiona. Orduan ere, nork bere armada zeukan, gaur egun ere bai. Alabaina, NATOren barruan edo hura osatzen duten estatu ahaldunen interesen menpe daude edonola ere. Estatuek beregaintasuna galdu dute. Europako estatuek helburu bateratu bakarra dute: finantzen merkatu globalean lehiatu ahal izatea. Besteak beste, Txinako eredu ekonomiko emergentearen aurka lehiatzera behartuta dago Europa, baita nola ez, mende luze batean munduko hegemonia ekonomikoa bere egin duen AEBen aurka.
    Euskal apologistentzako, XXI. mendea Euskal Estatua eratu daitekeela uste dutenentzako, herrien eskubideak aldarrikapen sutsuen bitartez mantentzen dituztenak, herritarren obligazioak atzendu dituzte. Euskal Herria nazio naturala izan da. Euskal Herritik Euskadira bidea urratzean, nazio arazoa espainiarren eta frantziarren arazo beharrean, nazio arazoa euskaldunona bihurtu da. Bihurtu dute. Bihurtu dugu.
    Euskal Herri beregaina eraikitzeko jardun dutenek estatu baten xedetan, nazioa sustatu izan dute baina herrigintza sustatzetik urrun. Euskal kulturgintza atzo eta egungo estatuen kultura hegemonikoaren galbahetik iragazten da. Duela mende erdi bat iragarri genuen Berpizkundeak euskararen errenazimentu gisako bat zuen helburu. Orain, euskararen berpizkundea baino, apika, euskarazko berpizkunde batena behar zela jabetu gara. Hor nonbait edo.  
    Gaurgero, euskalduna izan izanen da, baina ez da egundo izan den euskalduna izango. Euskaldunak segitzen du bere burua bilatzen. Baina, iraganeko euskaldun-eredua ez zaio balio dagoeneko. Euskaldun berri bat sortzeko, berriz, XXI. mendeak ekarri dituen goibeheretan moldatu beharko du berriz ere. Jauntxoen handitasuna ezereztu beharko du eta euskaldun xehearen txikitasunean akomeatu. Hor nonbait hori ere. 

***

OHARRA: segidan, testu nagusu horretatik ateratako entresaka handiak.  

EUSKALDUNAK EZ DAUKA IZATERIK
TOTALITARISMOAN FUNTSATURIKO DEMOKRAZAIAN (I)

Espainolak eta euskaldunak saiakera gogoeta ari(tu) naiz. Joxe Azurmendik legez, neronek ere euskaldunentzat idazten dut. Ordea, nor da euskalduna XXI. mendean? XX. mendera arte, euskalduna euskaraduna zen. Historian, ideologiak ideologia, beren burua espainol edo frantsestzat jo izan arren, euskaradunek ez dute euskaldun izatea ukatu. Egun, euskaldun askok, euskaradunak izan arren, ez du bere burua euskalduntzat jotzen. Alegia, mende baten joanean, euskaldunon idiosinkrasia nabarmen aldatu da. Euskaradun jende askok ez du euskaldun izan nahi. Hau da, euskararen jabe izateak ez du euskalduna egiten. Edo ez bederen, XX. mendera arteko euskalduna egin zuen moldean.

Euskaldunak lekua badauka munduan, baina ez berezko lekurik. Behiala izan zen euskalduna ez da berriz izango. Ez dut hura euskaldun oso-osokoa zela erran nahi, ezta egungoa baino oso-osokoagoa. Egungoaren aldean, bestelakoa zen. Hura iraungi ahala bere izatea deuseztatuz joan zen, eta haren ondoren, euskaldun-suerte berri bat heldu da. Hura ez zen beregaina, ezta egungoa ere ez.

Erdi Aroaz geroztik, mendez mende, espainolak eta frantsesak gure baitan –gure lurraldean, pentsamenduan, gogoan, bihotzean– sartu ziren, baita geure idiosinkrasia aldarazi ere. XXI. mendera iritsita, euskaldunok erdaldunen baitan “sartu” gara nolabait, baina ez gara gauza izan euren idiosinkrasian amiñi bat eragiteko. Erdi Aroa ekarri dut hizpidera, batetik, euskaldunon bilakaeran berealdiko aroa izan baitzen –Azurmendiren harian betiere–, eta ekarri ere, gaur egun Erdi Aroaren antzeko aro-suerte bat bizitzen ari garelako mundu osoan.
    Aro postmoderno gisara ekarria den aro hau, oro har, mundutarron idiosinkrasiaren –mendebaldekoentzat bereziki– guztiz eraldatzailea bilakatu da, eta berebat, euskaldunontzat aro eraldatzailea izan ez ezik, suntsitzailea da erabat. Aroak aro –erlijioaren mirabeak garen aldetik–, historiaren amaierara garamatzan aroa heldu bide da, aro apokaliptiko gisara deskribatua.
     Baiezpen hori burutapenapena– ez ezik, bada ere burutazioazioa–. Hau da, euskaldunok –euskal apologistek, kasurako– bertze herri edota nazioetako jendeen izari edo kategoria bera erdietsiko uste genuelakoan jardun dugu iragan mendean. Euskaldun soil-soila izatea ukatu izan gaituztenen izari bera edota izaera berdina erdietsita, berezko estatua izanen genuelakoan munduan. Euskaldunon batasuna erdietsirik, Euskal Estatu Batua izaki.

Ordea, batasuna kontzeptu mitologikoari atxikirik, batasuna –Euskal Estatua– kontzeptu patologiko bihurtu da, bihurtu dute apologistek. ETA fenomenoaren aroak berretsi eta ber finkatu du izaera hori. Iragan mende erdialdean, euskal fenomeno sozial bortitza berriz ere jalgi zenean, euskal arazoa espainiarren arazoa zen funtsean. Arazoa espainiarrena edo euskaldunona ote den ebatzi aldera, hona argibide bat: euskal arazoa historikoki espainiarren izaera totalitaristaren ondorioz azaleratu da. Paradoxikoa bada ere, izaera totalitaristek mantendu dute bizirik euskal arazoa. Azkeneko euskal gatazka armatua euskal arazoaren adierazle hagitz krudela izaki. Finean, euskal arazoa euskaldunona bihurriarazi baita; baitute, baitugu. Anartean, aitzitik, Frantziako Estatu demokratikoak aspaldi otzandu eta asimilatu zuen euskalduna. Euskal arazoa ez da frantziarrena egundo izan, ez Frantziaren menpeko euskaldunentzat halakoa izan ere.

Euskalduna demokrazia modernoak asimilatua izan da, baita totalitarismoak bere egina du aldi berean. Mendez mendeko sistema totalitaristen ideologiek manera nabarmenez eragin dute euskaldunon izaeran. Ez gara bakarrak, noski. Inor ez da libratzen menperatzen duen ideologiaren eraginaz. Areago, ideologia totalitarista horien aurka gero eta gehiago borrokatu eta euren izaera areago inpregnatu izan da borrokalariengan. Are, euskaldun erreboltariek praktikatu duten borroka efizientea izan beharrean, ondorio in-efizienteak ekarri ditu. Espainiarren –Espainiako Estatuaren aldian-aldiko botereen– aurkako borrokan –estatu totalitarista izatetik estatu demokratikoa bilakatze bidean– espainiarrek demokrazia suerte honen moldea txertatu dute euskal herritarrengan. Euskal herritarren izaera-anitzaren ideia hau gailendu da: jendarte honetan izaera guztiak zilegiak dira, euskal jendartea jende anitzez osatuta dago. Alabaina, euskal herritarra izan daiteke euskalduna izan gabe. Espainola ez bezala, euskaldunaren izaera askotarikoa da, euskalduna jendarte anitzaren izaera guztien jabe da.
    Euskalduna espainiar-tasunean edota frantziar-tasunean bizi da, zenbait kasutan bietan ere bai, aldiz, espainolek eta frantsesek beren tasunean baino ez. Horra gaur egungo demokraziaren lege-zigilua; zilegitasuna. Areago, frantsesak nahiz espainolak ingeles-tasunean bizitzen hasi dira euskalduntasunean bizi beharrik gabe, alafede.

Paradoxak paradoxa, demokrazia postmodernoak euskalduna bihurrarazi du norbanako demokratikoena. De facto demokratikoena, ez de jure, ordea. Euskalduntasun izaera, paradoxikoa ez ezik, zinez paradigmatikoa da. Euskalduna askotariko izaeraz osatua izan arren, ez da subjektua. Ez da subjektu nagusia. Nagusitasuna beharrean euskalduna subjektu printzipalena izatea pentsa genezake. Bai zera. Ez horixe! Euskara objektua da euskara eduki ez duenarentzat. Artean, euskaldunak euskara bere gogora erabil dezake, baina berezko ekintza-ahalmenik ez duen gauzakia izaki. Ondorioz edo, euskalduna ez da subjektua, ez da subjektu aktiboa. Izatekotan subjektu erreaktiboa da.

Euskaldunak ez dauka izaterik demokrazia modernoan. Beraz, erran dezagun, totalitarismoan funtsaturiko demokrazian. Euskaldunak –euskalduntasunarentzat, alegia– ba al dauka etorkizunik? Hau da, mundializazioan eta globalizazioan hondoratzen ari diren estatu totalitaristen ondorengo garaian, demokrazia liberal postmodernoen ondorengo sisteman, euskalduna subjektu printzipala izan al daiteke? Nekez. Ezinezkoa erranen nuke. Euskara zilegia da euskal jendartean. Euskarak baina, aspaldi utzi egin zion haizu izateari.

***

NAZIO IZAERA GUZTIZ TRANSFORMATU DA XX. MENDEAN (II)

Milurtekoetako erlijioen handikeriak jasan eta gero –judaismo, islamismo eta kristianismo, zein baino zein handiagoak; kristau-katolikoa nagusi izaki mendebaldean– ideologien handinahiak hartu zituen euren leku zabal eta inportantea: dela nazionalismoak, dela komunismoak, dela faszismoak, dela liberalismoak, dela anarkismoak… Funtsean, erlijioen sekularizazioa bizitu ahala ezarri izan da ideologien fundamentalismoa.

Joxe Azurmendiren ildoanEspainolak eta Euskaldunak saiakeraren harian–, Errenazimentuan hasten dira ernatzen ideologia horiek guztiak, aldian-aldian loratu ere bai. Mendebaldeko inperioen zabaldu ahala kontsolidatu ziren estatuak. Anartean, mundua hankapean hartu zuten inperialismo homogenoak, aldeak alde, eta aldi berean, euren kontrakarrean garatu eta zabaldu ziren. Estatu horiek alabaina, erlijioaren erreformen eta kontrarreformen ariora ezarri ziren. Errate baterako, Frantziako Estatua iraultza burgesaren ondorioz kontsolidatu zen, demokrazia liberala ekarri eta bermatu duena.

Euskaldunok nazio natural bateko seme-alabak gara. Gurezko nazio-leinu bateko herritarrak. Patria eta Patrie handi biren alboko aberri zaleak, gurezko aberri baten menturazaleak. Estatu sortu gabeak –albokoak izan ez ezik, estatu izaera despota gure barneraino sartu digutenak–, estatu etsaien aurkako borroka latzetan estatu horien iraupena –neurri batean– bermatu dugunok.
    Globalizazioak –berau zabaldu duen merkataritzaren bitartez– estatuen deskonposaketa eragin ahala, nazionalismo supremazisten gainbehera gero eta errealagoa da. Ideologia merkantilistak patrien aldeko soldaduen abertzaletasuna eraldatu du erabat. Aro modernoaren osteko izaera postmodernoko norbanakoek ez dute aberririk ez naziorik. Mundializazioak eta merkataritza globalak behialako norbanakoaren ideia ilustratuak eta erromantikoak akabatu dituzte. Nazio izaera transformatu da guztiz. Erdi Aroa izan omen zen aro ilunaren ostean, Errenazimenduak eta Ilustrazioak ekarri zituzten argi apurrak lausotzen hasi dira, izendapen zehatzik ez daukan XXI. mendeko aro berri honetan. Zer espero daiteke aro berrian, ez nazio eratu solido bat ez estatuturik konfiguratu gabeko euskaldunengandik?

Apologistak versus euskal idazleak binomioa aipatzeak merezi du. Axularren garaia aintzat harturik, baziren orduan hamaika idazle egungo Hegoaldean, baita idazle parrasta ere Iparraldean. Idazle eskolak ere baziren, Donibane Lohizuneko klub delakoa, konparazioenera. Sarako eskolakoaren hurrengoak. Izenik izen, Bernat Etxepare edota Arnaud Oihenart gogoratzea ez da soberazkoa ere. Esteban de Garibay eta Manuel Larramendi aipatzea haizu den legez. Ordea, elkarrekiko estimua baino, euskararen izanaz harro beharrean, euskarazko fenomeno kulturala sustatu beharrean, bestelako fenomeno bat loratu zen: apologismoa.
    Apologismoa: euskal kulturak behar zuen euskarazko idazlaritza landu beharrean, euskalduntasuna erdaraz goratu zuen fenomeno kulturala indartua izan zen. Noblezia, historia heroikoa, hizkuntzaren dotorezia… Hots, kultura. Horra hor apologisten gaiak. Apologistek antzinatasuna eta garbitasuna esleitu zizkioten hizkuntzari, euskarari alegia. Alta bada, orduan bezala gaur egun ere, iragan mende erdian, apologistak ez dira taxuz euskaraz arduratu, eta are gutxiago euskaraz.
    Adibiderako, Etxeparek ez zuen aipatzen euskararen antzinatasuna, euskara inprimatuta ikusteak harrotu zuen. Idazleek euskal kontzientzia bati erantzun zioten, apologisten aldean bestelako kontzientzia bat agertu zuten. Euskal idazleak, ordukoak eta gaur egungoak, Euskal Herriaren dependentziaren kontzienteak dira, euskarak duen dependentziaz ere. Apologistek, aldiz, gaur egungo apologistek behialakoen modura ere, euskaldun guztien batasun kontzientzia sustatzen dute, euskaltasun kontzientziaren ahultasunaz ohartu gabe nonbait. Orduan, apologista gehienak hegoaldetarrak ziren, eta gaur egun halakoak dira ere.
    Konstatazio bat: Hegoaldeko literatura euskal apologisten bitarteko diruari esker bizi da egun. Iparraldean, berriz, ez dago euskal literatura diruztatzen duen apologistarik.

Hizkuntzaren arazoa historian barrena errepikatu izan da. Euskaldunok pairatzen dugun hizkuntz diskriminazioa latente izan da historiaren bilakaeran. Gaur egun ere, inperio globalaren ezarpenarekin errepikatzen ari da. Greziera eta latina antigoalean, gaztelania edo espainola Erdi Aroan, frantsesarekin batera Errenazimentuan izan zen antzera, gaur egun ingelesa da bizitza administratzeko hizkuntza, hizkuntza tekniko egokiena, transmisiorako hizkuntza berebizikoa, berealdikoa. Hau da, aroak aro, egokitu izan ohi den hizkuntzaren eredua.
    Alabaina, ingelesa kultura hizkuntza al da? Bestela galdeturik: zein kultura hizkuntza da ingelesa? Ingelesa nagusiki, mendebaldarrontzat, kultura-hizkuntza hollywoodianoa da.
    Hala izanik ere, jendarteak –bere zabaltasunean– euskara bere egin izan du, baita laudatu eta goratu ere bai. Alabaina, euskara goratu baino, kultura goratu du. Euskara ez da era berean landua izan. Euskararen alorrean euskaldunaren zabarkeria begi-bistakoa izan da, eta da. Hauxe erraten ausartzen naiz: kultura da literaturarik ez duten herrien aldarri nagusia. Gurea funtsean, literaturarik izan ez duen kultura baita. Eta literatura sendorik ezean, kulturaren apologia egiten da etengabean. Euskal Herrian kultura goraipatzeko joera handia dago, euskaldunon kulturaren aldarrikatzaile nagusiak apologistak izan dira, eta dira gaur egun ere. Apologistek euskarazko kultura landu beharrean, kultura osatu bat bagenu bezala jokatu izan dute, eta halaxe jokatzen dute gaur egun ere bai.
    Iragan mende erdi luzean, euskal nazioaren harroinak ondoko bertze nazioen oinarriak bagenitu legez jardun dute apologistek. Ostera ere, Euskal Herriaren historian urratu izan den barbaroen bidea izan da XXI. mendera artekoa.            Berpizkundeko humanistak euskal idazleak izan dira, apologistak berriz, ipuinen jario liluragarriez aprobetxatu zirenak. Botereari arrimatuak betiere, lapak bezala aginte arrotzari itsatsita.

***

“EUSKALDUNA LOTSA DA EUSKALDUN IZATEAZ” (III)

Gutxiengoak zapaldu ahala “barbaroak” desagertuz omen doaz. Minoriek ez omen dute arrazoia gutxi direlako. Ados. Alta bada, izan ahal izateko, are eta abagune gutxiago sortzen dira minoriak arrazoiz jardun beharrean idealismo soilean aritzen badira. Pasioak lehenik eta emozioak ondoren, euskaldunok elkarri ukatu dioten konfiantza gabeko fededunak izan gara. Espainiarren totalitarismoak bezatu ezinezko barbaroak. Antigoalean bar-bar mintzo zirenak, bar-bar aroetako barbaroak.

Euskal Herri zahar hartatik egungo Euskadi berria. Garai berria izan zen ere Joxe Azurmendiri bizitzea tokatu zitzaiona –Espainolak eta euskaldunak idatzi zuenekoa–. Trabarik traba, euskal gizarteak bazuen bere izatearen kontzientzia, berezko kultura baten kontzientzia, baita kontzientzia politikoa ere nolabait. Jakina, gero, kontzientzia horren mailak eta moduak izan dira. Euskaldunen arteko aldeak ere nabarmenak, kontzientzia ezberdin mailak baitira izan. Euskararen kontzientzia hizpide, apologistek eta idazleek arras modu ezberdinean landu dute euskararen auzia, baita euskara bururatu ere.
    Batzuentzako –apologistentzako– euskal herriaren bereizgarria da euskara, bestentzako –euskal idazleentzako– herrigile izateko kontzientzia da euskara. Kontzientziak baina, ez du herri-zeinu soila izan behar, nork bere kontzientzia denaren kontziente izan behar du. Euskal Herria egiteko dago. Euskalduna egiteko dago. Euskaldun oso-osokoa egitea independentea izatea da, beregain izatea. Iragan mende erdi honetan, barbaroen astindua tarteko, Euskal Herri independentearen kontzientzia bizirik egon da. Herria berpiztu zen. Berpizkunde moduko bat izan zen. Ordea, XXI. mende honetara iritsita, euskal independentea edo beregain izateko ahaltasuna apaldu da tanpez.
   Euskaldunek –Euskadi deitu komunitatekoaz ari naiz– foruen ildoko independentzia gisako bat ametitu zuten lehen, eta egun, espainiarren Konstituzioaren ildoko autonomia begietsi dute. Eta, kasu, baliteke, euskalduna “salbatzeko” modu bakarra izatea ere.
    Euskaldunek iraganean euskaltasun kontzientzia izan omen zuten. Alabaina, antza, euskaldun izatearen kontzientzia bazuten ere, ez ziren batasunean ezin aritzearen kontzienteak izan. Euskaldun izateko –pertsona orobat– ez da nahikoa "kontzientzia" izatea, garenaren "kontziente" izatea ere baitezpadakoa da.
    Lau gizaldi behar izan ditugu euskaldunok garenaz ohartzeko. XXI. mendera iritsita, euskaldun izatearen kontzientzia hartu dugula erran genezake, baina garenaz kontziente izatera iritsi ez. Ez al gara garenaren arerio nagusiak gu geu bilakatu ote?

Zer gara euskaldunok gaur egun? Hasteko, zer ginen euskaldunok iragan mende erdialdean –Azurmendik hizpide duen euskaldunaren garaian– eta zer gara XXI. mendeko lehen laurdenean? Hau da, zer gara euskaldunok azken borroka armatua eta azken borroka ideologiak libratu ostean? Behiala baino independenteagoak al gara politikoki? Bai. Baiki, zatituta gauden arren, independenteagoak gara. Kulturari gagozkiola hobeto al gaude? Ez. Nolanahi den ere, egoera politikoa eta kultural horien nolakotasunak zehazpen eta argipen asko behar ditu, jakina. 
    Edonolakoak garen ere, kulturalki erromanizatu gabeak izatetik, espainolduak eta frantsestuak izan ostean, inperialismo berriak asimilatuta izatera pasa gara, globalizazioaren kulturaren menpekoak gara. Ez gara bakarrak, bistan da. Euskaldunok baina ez dugu honezkero “etsai” bat. Etsai zehatz bat. Euskaldunak ez daki –euskaldun barbarook ez dakigu– etsairik gabeko izaki izaten, izaki bat eraikitzen, ez daki bere burua osatzen erreboltatu gabe, alegia, areriorik gabeko nortasun beregain baten jabe izaten. Aro modernoko azken demokrazia aldian ez du jakin izan eta globalizazioak suntsitzear dagoen demokraziaren –uhin teknologikoen– uharretan gaitza zaio nabigatzea.

Hizkuntzarik –literatura hizkuntzarik– gabeko herriek ez dute kulturarik. Hizkuntza literarioa izatera iritsi ez diren herriek euren kultura zapaldua bihurtu dute aldarrikapen. Euskal apologistek aro modernoan gauzatu ezin izan zuten hizkuntzarik gabeko kultura, kultura aldarrikapena bihurtu zuten XX. mendean. Non dago euskara XXI. mendean? Non gaude euskaldunok?
    Aro postmodernoan arazoa ez da euskara, euskaraz bizi baikara hein batean. Arazoa euskalduna da, bere buruan fedea galdu ostean, ez baitu euskara konfiantzazko hizkuntza bere egin, ez da euskararen fio. Euskaldun izan ahal izateko ez baitago euskararen beharrik. Are gutxiago, izan ahal izateko euskararen “beharra” sustatu behar badu. Euskal Herriak ez du kultura sendorik, berezko kultura bermatuko zukeen hizkuntzak ez baitu garatu gutxieneko literatura tasunik. Euskarazko kulturaren lurraldeko lurra, lur ahula da.
    Egungo hizkuntza nagusien mintzodunek –baita hainbat euskaradunek– ez dute euskara mespretxatzen, ez dute euskalduna bera gutxiesten, gutxiesten dute euskararen beraren ahultasuna. Engoitik Euskal Herrian sakon sustraitutako beste bi hizkuntzen ondoan –gaztelania eta frantsesaren alboan– egungo globalizazioa-inperioa bihurtu den ingeles hizkuntzaren aldean, hizkuntz-ahultzat dute euskara. Behiala legez, euskara gauza bat da etxean, besterik da munduan. Mundua kaleetan eta plazetan egon da XX. mendera arte, XXI. mendeaz geroztik, internet da mundua, oroz gainetik.
    Euskaldunok tesitura horretan aurkitzen gara. Espainiaren ideologia, aro bakoitzeko ideologia, ideologia finkatu eta garatu gabeko Euskadiren ideologiaren gainetik dago. Berbarako, iragan mendeko espainol sozialismoa euskal sozialismoaren gainetik ezarri zen. Euskal sozialismo espainola garatu zen. Euskal sozialismo espainolaren ildoan, ondo baino hobeto azaldu zen euskaldunon aiurria edo izaera.
     “Euskalduna lotsa da euskaldun izateaz”. Esaldi hori Joxe Azurmendirena duzu. Duela berrogeita hamar urtekoa, alabaina. Erran nahi baitut, euskaldunok gaur egun ere "molestatu" egiten ditugu espainiarrak. Eta horren lotsa edo beldurra, gainera, erdaraz adierazten dugu. Euskalduna beti behartuta "sentitzen" da erdaraz adieraztera.


Utzi iruzkina: