Espainiar naziorik ez dagoela! Hala ote?

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2024-07-24 19:37

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1721881496397

España postimperial: Ideologías del imperio restaurativo

Joseba Gabilondo

La Vorágine, cultura crítica

Sar-hitza: hainbat azalpen

A/ Izenburu luzeko saio hau irakurtzera gonbidatua izanik (España postimperial: ideologías del imperio restaurativo / Joseba Gabilondo), “kontuak ematera” heldu naiz. Saiakera gotorra duzu. Hamaika ataletan gauzatua, hamaika ale ildo eta ekai landu ditu egileak; eurrez egin ere. Lana erruz egin ohi du Joseba Gabilondo euskal iparramerikarrak –haren identitatea seinalatzeko lizentzia hartu dut–. Atal luze bat behar nuke "karistiar" leinuko urretxuar-errenteriar hau izendatzeko; identifikatzeko alegia –oreretarra izendatzen ez naiz menturatzen–. Ausart nadin halaz ere, –haren– Espainia inperialaren osteko ibilbidetan sartzen.

B/ La Vorágine editorialaren eskutik publikatua da, Otraes (in) surgentes sailean argitaratua. Saiakera honen kontzeptu gakoa da: La otredad. Hots, Bestetasuna. Bestea izateko –eta izatearen– kondizioa. Munduan egoteko baldintzaz ari da saiogilea.
   Nire aburua: Espainiako Estatua sujet anitzen gaineko subjektu nagusia da. Espainia subjektua da, menperatu dituen sujeten kontura, baita aldi berean eurek “lotuta” izanik ere.
   Oharra: liburuaren lehen atalera iritsi bidean, lurra sakon jorratzen hasi bitartean, badago mamia. Mamia dago, dagoenez.

C/ Joseba Gabilondoren begirada, diziplinarik gabekoa omen da. Halaxe dio haren editoreak. Begirada destokitua duzu. Hor nonbait. Nik, kontrakarrean jardun beharrez, diziplina anitzeko saiogile dela uste dut. Tira, diziplinatua behar da izan saio bakarrean hainbeste “zarta” jotzeko, samurrago erranik, horrenbeste hari eta oihal lotu-ehuntzeko. Izan ere, presbizia izateko adinean “gaudenok” begirada trokatua izatea osasuntsua izatearen seinalea iruditzen zait. Bejondeiola Joseba Gabilondori, beraz. Bestetasunaz (Otredad delakoaz) aritzeko, harian hari –subjektu eta sujet anitzen ariora–, bestearen baitan sartu behar da eta.

D/ Sartu gaitezen bada. Saio honetan badago zertan sartu, zertan sakatu, zertan lokaztu. Hamaika atalen jorran jardun aitzin, badago zer aitzinatzerik. Hona, jorraren hainbat aletik bereizia: Espainia modernoaren historia –sujet anitz artean, subjektu nagusia– parametro nazionalen barruan tratatua izan da. Huts egin duen ahalegina duzu –Gabilondoren berbetan ari gara–. Espainiaren izatea, normala, eskasa, ohiz kanpokoa, salbuespenezkoa edo kontrara ulertua izan da. Horiek guztiak, epiteto nagusi batez ezagutua da: Espainia “aparta/bikaina” da. Edonola den ere, Espainia, nazio-estatu legez ekarri izan da. Alta bada, zer litzateke estatu-nazional hau, paradigma nazional(ista) hau berau –Europa hegemonikotik inportatua–, okerra balitz? Horra, saiogile honek planteatzen duen dilema.

F/ Erran nahi baita: zer litzateke Espainia delakoa, nazioaren ikuspegitik definitua izan beharrean, inperioaren ikuspuntu saiatuaren eta iraunkorraren ildoan definitua dagoela “baieztatuko” balitz? Nazio espainiarra eratzeko ahaleginak baldintza postinperial hispaniarraren epifenomenoa baita. Gabilondok, saioaren hasieran galdera moduan pausatua, dilema “saio okerra” legez jotzen du saiakera amaitutakoan.

G/ Saiakerak bestelako begirada bat eskaini digu, bestetasunetik landua. Gabilondok iturri anitzetatik “ase” du bere egarria. Nik berak destilatutako uretatik edan dut, izate anitzen bestetasunean sartzeko. Nahimena behar da horretarako. Nahikundea ez da aski, nahikaria beharrezkoa da. Nahikeria gure izatearen nahia ere badela jakitun. Justu bestearen tasunean sartzen garenean, haren tasuna desegin ahala gure tasuna osatzen hasten da, eta alderantziz. Kontraesan modura ulertu ezazu, ikuspegi hau. Ez dago baina izaki osaturik, bestetasuna ulertu lehenik eta ondotik onartu barik. Bestetasunak “beste bat izateko baldintza” erran nahi du. Bestetasunak “beste bat edota bestea, bi pertsona desberdinen arteko antzekotasuna batzen ditu”.

Azalpen gehiago, artean sar-hitzan gaudela

H/ Liburuaren sarreran gaude artean. Atariko hainbat gai dastatu aldera, ohar batzuk: Espainiar inperioaren osteko heterogenotasunaz, populismoaz eta hiru errestaurazioz ari zaigu saiogilea. Inperialismoaren ostean diskurtso nominalista ezarri da. Izenak –inperioarena, besteak beste– aldatu ohi dira, baina errealitatea ez da horregatik aldatzen. Maxima baitezpadakoa iruditzen zait, gaiak lantzerakoan.
    Ikaspena: egungo estatu espainiarra sostengatzen duena –nazio espainiarra– inperioaren beraren errestaurazioak dira. Haren aldeko diskurtsoak eta aldarrikapenak, alegia.

I/ Joseba Gabilondoren gardiz, Espainiako Estatuaren egungo ordenu ekonomiko, politiko eta soziala inperioaren gainbeheratzearen eta haren kolonien galeraren ondorioa da. Galera ez da alferrik erabilitako hitza. Galerek islatzen baitituzte hobekien inperioaren osteko ideologiak bizi –eta jasan– behar dituen baldintzak. Espainia errestaurazioen etengabeko fantasia politikoa da. Betiere irekia. Irekia, hots, inperioaren gainbeheraren jatorrizko krisia errepikatzen da behin eta berriz, eta ideologia (b)errestauratzera irekita dago. XIX. mendetik XXI. enera heldu dena.
    Hori guztia ulertzeko azken mendeotako fenomeno sozial hauek ulertu eta aztertu behar ditugu: Espainiaren periferiako nazionalismoak, klase media prekarizatua, feminismoa eta LGTBI+ kolektiboen agertzea –euren goratzea–, besteak beste. Nire aburuz, espresio eta fenomeno sozial horiek baina –uraren metaforari eutsiz–, baldintza postinperial espainiarraren errestauratuaren barruan urtuak ikusten ditut, hots, espainiar nazionalismo eta populismoaren baitan mamituta. Subjektu nagusiaren menpeko sujetak dituzu.
    Bestetasuna da saioaren gakoa, nire nahikaria gure bestetasuna arakatzea izaki. Euskaldun izatearen kontzientziatik ari nauzu, hauxe baiesteko: gure izatea, euskal izatea, mendez mendeko inperialismoaren eraginez –ezarpenez, prefosta– osatuta dago. Baina guk ere espainiar nazionalismoa eta populismoa elikatzen ditugu, hark gu elikatzen gaituen heinean.

J/ Postinperialismoak galera historikoa hartzen du abiapuntuan, eta hartara, legitimitatea bere horretan funtsatzen. Ideologia inperialaren errestaurazioak bestea behar du, ideologia malenkoniatsua. Besteari egozten dio bere krisia eta galera. Beste hori sujet anitz dira eta subjektu horretan euskalduna eta Euskal Herria sartzen ditut. Ez da bakarra, bistan da, euskal sujet horretan hainbat sujet daude eta: euskal baserritarra eta euskal langilea –obreroak, biak ala biak–, euskal heterosexuala, euskal homosexuala, euskal feminista… Berauek konformatzen dituzten taldeak edota erakundeak barne. Euskal izaera malenkoniatsuari arreta ipini nahi diot.

K/ Saiogileren gardiz, inperioaren ideologia ez da soilik malenkoniatsua, histerikoa da. Ados. Bestearen ideologia eta izaera monopolizatzen ditu. Nik inperioaren izaera histeriko horretan “nazio histeriko” bat dagoela aditzera eman nahi dut. Gabilondok “espainiar nazioa ez da inoiz izan eta ez da izanen”, dio. Nik “ulertzen dut” bere tesiaren funtsa, baina nahikunde gisa hartzen dut. Hau da, bestetasunetik jalgitako jarrera duzu, bortxa jasan duenaren biktimaren azaletik egina. Areago, “ideologia” eta “intelektualismo”tik egiten duen analisia duzu. Termino bi horiek ez ditut gaitzesgarritzat jotzen horregatik.

L/ Ez dut ukatuko Gabilondoren tesia. Ederto asko arrazoitua. Hau da, espainiar nazionalismoa –de jure eta de facto– ideologia postinperialista faxista batean funtsatu izatea. “Bai, baina” diot nik, baina madarikatua. De jure: legeak aginduta, besteak ez onartua. De facto: izatez ez, baina funtsean bestearen “legea”-k egitez onartua. Erran nahi baitut, espainiar nazionalismoaren heterogeneotasuna ukaezinezkoa izan arren, bestetasunean “eraikita” dago, eta homogeneotasun suerte batean funtsatua. Ideologiek ez dute errealitatea ukatu behar. Ez lukete behar.
    Oharra: atalez atal, alez ale irakurritakoen osteko nire aburua adierazi dut. Sarrerako atalean nauzu(e) oraindik. Ez naiz sartuko egileak –luzetsi nahi gabe– taxuz eta zentzuz jorratzen dituen ildoetan, ez sakonean hots. Alta bada, hariaren ariora segitzeko, hona ildo historiko zenbaiten azalpena:

M/ Hirugarren errestaurazioa ulertzeko, terrorismoa eta immigrazioa (1978z geroztikoa) aztertu behar dira. Lehen fasean (1978-2011): 2008ko krisi ekonomiko mundiala da gakoa. Monarkiaren rola “ulertzea” ezinbestekoa. Baita Estatua sostengatzen duten eliteak eta korrupzioa ere –liburuan ederto agertuta–. Bigarren fasean daude (2011z geroztikoa): 15M delako fenomenoa. Ondorioz, Podemos alderdiaren sorrera. PSOE eta PPren bipartidismoaren “bukaera”. Trantsizio demokratiko hutsalaren adierazle. Badira ere beste espresio esanguratsuak: Ciudadanos (2006), UPyD (2007), Vox (2013). Podemos eta beraren krisiaren ondorengo Más Pais (2019). Hitz bitan: populismoaren irrupzioa. Horietan guztietan, alboan, atzean edota aurrean fenomeno hauek izan direlarik: Procés catala delakoa, ETAren amaiera –bere auto-desegitea–. Feminismoaren plazaratze “indartsua”. LGTBI+ kolektiboarena barne.

N/ Populismoa: historiaren kontatze inklusibo edo barneratzailea. Espainiako Estatuaren populismo garaikidea aztertzeko haren heterogeneotasun historiko-soziala aintzat hartu behar dugu. Alegia, terrorismoa, immigrazioa, feminismoa, euskal eta katalan arazoa kontuan hartu behar ditugu, ideologia errestauratibo postinperiala ezagutuko badugu. Gabilondoren tesia ezagutze horretan datza.
    Horretan datza baiki. Muina, berriz, sujet horiek pairatzen dituzten sufrikarioa, sumindura, etsipenean, desengainua, dezepzioa, baita euren harrotasunean ere hatzeman behar da. Botereak eta berau sostengatzen duten eliteek –herri heterogeneoaren izenean– “aberriaren batasuna” eta “nazio-herria” aldarrikatzeaz gain, berauek kontsolidatutzat jotzen dute. Horixe duzu, izan ere, populismoa. Horretantxe gauzatzen da berau. Bateratasun politikoa ematen du. Populismoa “oinarri” horretan hasten da eraikitzen, horixe du abiapuntu.
   Labur zurrean: saio honen sarreran luzetsi barik, hainbat zertzelada emanen ditut, lehen eta bigarren errestaurazioaren historiaren harian. Bi gertakari historiko ezaugarritzen dituzte aldi horiek: kolonien galera eta atlantikoaz harago praktikatu zen bortxa. Aburuak aburu –zeinu bateko zein besteko zenbait historialarienak barne–, egilearen ondorio bat: espainiar inperioa ezin da alderatu XIX. mendean zabaldu ziren Europako beste inperiorekin, bereziki britaniar inperioarekin. Bi errestaurazio aipatu ditugu, hirugarrena ere heldu zen, gure egunetara heldu ere: Espainiaren historia nazio-estatu egituratu eratu eta antolatu ezinaren erakusleihoa da. La España invertebradaz ari da saiogilea, ari naiz ni ere bai.
   Atal hau osatzeko eta amaitzeko ale batzuk: Gabilondok hirugarren errestaurazioan, inperioak Latinoamerikan egindako inbertsioak aztertu ditu. Besteak beste, hasieran aipatu espainiar nazioari egozten zaizkion “nazionalismo alderantzikatua” edota “nazionalismo histerikoa” delakoa aipatzen ditu berriz ere. Nazionalismo suerte horren kritikei aitzi egiteko, Espainia “nazio homogeneoa bertebratu”-tzat jotzen dutenek “inperiofobia”-ren sindromeak jota egotea egozten diete aipatutako fenomenoen sustatzaileei, hots, terrorismoa, immigrazioa, feminismoa eta periferiako nazionalismoaren sustatzaileei.
   Oharra: abezedarioaren N letrara iritsi gara. Artean, aitzinatzean, bi izenburu nagusi peko hamaika atal aztergai dugula. Ez dugu lantegi samurra alajaina. Ekin diezaiogun horregatik.

POSTINPERIO KULTURALA: ESPAINOLADA ETA NEOBARROKOA

Inperio osteko kultura hizpide, hiru film eta bi artistaren nondik norakoak aztertu ditu saiogileak –euren izenak geroxeago aipatuko ditugu–. Hauxe interesatzen zaigu (ber)azpimarratzea: ideologia postinperial espainiarrak bere barneko besteei aitzi egin behar die, barne horietan guztietan hainbat izaera daudelarik. Inperioak izaera horiek errefusatzen ditu, baina aldi berean bere egiten ditu, modu histerikoan. Espainiako historia eta Espainiako histeria elkarren parean garatu dira. Nik hauxe (ber)aurreratu nahi dut: euskaldunok bestetasun horren parte garenez gero, historia histeriko baten parte ere bagara. Auzia espainiar nazioari soilik dagokion ebatzi beharra dago. Garbi dagoena hauxe da: euskaldun naziorik ez dago. Are gutxiago nazio-estaturik.

Pare bat lerro gehiago sarrera honetan: balizko ideologia hispanikoa ez soilik bere territorioan, beste inperioen barruan ere garatu/sustraitu da. AEBetan, adibidez. Ideologiak egunero pairatzen dugu denok eta inperio izan diren nazio-estatu artean
–eta euren baitan– eragiten duen legez, eragiten dute ere nazioa izatera iritsi diren estatu askoetako herritarrengan. Iparramerikarrek zinemaren bitartez batez ere, ederto asko baliatu dute Espainiaren Urrezko aroa edota inperio honen Aro barrokoa. Translatio inperii da inperioaren jatorria izendatzeko modu bat. Star Wars edo Dune ditu izen propioak. Iparramerikar kultura barroko fantasmagoriko mehatxagarriaren agergarriak, kultura espainoladaren erromantiko sexualizatuan “errepikatu” dena: Carmen edota As bestas filmak lekuko.
   Oharra: gure belaunaldikok jasan genituen espainoladak ezaguturik, behin eta hasteko eta ikusi batez, As bestas delakoa nekez sartzen dugu zaku berean, ezta? As bestas delakoaz ez ezik, sei ataletan, lan sakon batean, saiogileak zinemagintzaz egiten duen introspekzioa estimagarria eta txalogarria da zinez. Joseba Gabilondo zinemazalea da zinez, zinefilo eruditua. Ez da koipea.

1. Ocho apellidos gallegos; espainoladaren historia berria eta psikosi nazionala. Saiogileak Ocho apellidos gallegos delakoan … –vascos, catalanes, andaluces, baita marroquies saga delakoan ere– erreparatu du As bestas aztertzean, betiere, azken hau film poliziakoa delarik –edo arte thrillerra– eta lehena, aldiz, komedia erromantikoa. As bestas urteko pelikula sarituena izan zen. Saiogileak labur zurrean jardun beharraz gaztigatzen digu, eta nik ere, areago laburrean emanen ditut aburuak. Beraz, zertzelada solte batzuen bidez manikeismoz aritzeko arriskua handia dela abisatuta zaude irakurle prestu hori.

Espainolada handitua/zabaldua As bestas eta Ocho apellidos gallegos delakoa lotzeko Prosper Mérimeen idazle frantsesaren Carmen (1845) eleberria hala nola Georges Bizet (1875) operarako bertsioa gogoratu behar dira. Hainbat ezaugarri: Ocho apellidos vascos delakoaren José andaluziarra da eta Carmen euskalduna. Carmen delakoa Carmenen trantsiziotik As bestas delakora honela gauzatzen da: euskaldun blonda begi urdindunaren eta Garcia “ijito” beltzaranaren arteko borroka. Argitu aldera: diferentzia etniko-nazionalak azpimarratzeko Carmen ez da garatzen frantses testu batean, diskurtso zinematografiko espainolaren bitartez baizik. Carmenen orientazio eta desira femenino erotikoa desagertzen da, frantses eta galegoen arteko talka maskulinoa bihurtuz.

As bestas filmaren Gabilondoren azterketa berebizikoa da, hauxe baieztatzeko: lehen espainoladaren eszenaratzeak, subjektu nazional espainolarena alegia, euskaldunak eta “ijitoak” pertsonaiak ez-espainiarrak biltzen ditu, subjektu nazional espainol hegemonikoarekiko lehen haustura emanez. Espainiako Estatua barne heterogenotasun postinperialean funtsatzen da, nazio legez artikulatzera iristen ez dena. Frantses eta britaniar inperioek “errepresentatzen” dute, nolabait, Espainia nazio bezala Europako gainerako estatu-nazioen aurrean.

As bestas filma frantses begiradaz baliatzea ez da kasualitatea. Aldi berean galiziar auzokideen begirada biolentoaz baliatzen baita. Begirada bikoitz hau istorioaren “begirada” kontrolatzeko modua da. Alta bada, Gabilondok dioenez, zuzendariak ez bide du ekintza eta begirada kontrolatzea lortzen. Filma porrota da zentzu horretan, begirada-espainiarra ez da garaile jalgitzen. Molde batez edo bestez, sagako gainerako filmetan ere identitate etniko-arraza-nazionalen rolak jokatzen dira. Ocho apellidos vascos delakoan, guri zuzenean zirika egiten diguna –ETA fenomenoaren biolentzia tarteko–, bortxa agertzen da komediaren bitartez, biolentziaren fenomenoa erridikulura eramanez, espresio urri kaskar txiki gisara errepresentatuta. Hiru espainolada mota: franko-orientalista, hispaniar-nazionala eta neoliberal-globala.

As bestasen errepresentatzen den espainolada mota, hauxe duzu: galiziar baserritar azpigaratuen atzeratuena. Espainolada franko-orientalistaren nazionalizatze eta barneratze prozesuaren azken espresio filmografikoa. Genealogia luze bateko jarraipena ezaugarri berri batekin, Espainia globalizazioan sartu ostean egina da. Herrietara zabaltze hau globalizazioak ezarritako zabaltze heterogeneo bati erantzuten dio, frankismo-nazionalaren errealitateaz harago –zezenak, flamenkoa eta hondartzak…– zabalduz. Alabaina, kontraesanak karakterizatzen gaitu –eta espainolak are nabarmenago kasurako–, espainiarren estatuak uko egiten baitio haren naziotik ezberdintzen den edozein aldarrikapenari, nazio, etnia, sexu edota genero ezberdin batez ari zaizkionean. Espainiar espainolada inperialista-orientalista gaur egungoaren jitea duzu, “globalizazioaren berritze honetan” gehituko nuke nik.
    Labur zurrean: espainolada neoliberal globalaren xede behinena Estatuan dauden beste espresio politikoak deuseztatzea da, bere izatea biolentoa eta erreakzionarioa da.

Errepresentazioen izate arras agerikoa. Errepresentazioaz ari gara, kasuon zinemaz. Errepikatzen dut: Gabilondok zinemaz, errepresentazioaz, egiten duen analisia berealdikoa duzu/dugu/dute. Zinez eskergarria. Eszenaz ari duzu, planoz eta kontra planoz, “begirada”-z arituz. Zinemaren funtsa –nire gusturako– begiradan baitatza. Naturari begiradan, istorioaren sujeten begiradan. Begirada, begirada truk. Begiradaz dihardu. Zinemazale bazara, saioa irakurri. Besterik barik, zinemaren “magia”-z jabetu aldera, begirada nor-europarraz alegia, iparreko begiradaz–. “Gotiko” izendapenaz ari zaigu ere saiogilea.
    Burutapena: saiogileak aztertu duen “begirada” eguzkiaren argia bezain itsugarria duzu. Hitz joko erraza eginez, itsusgarria bezala hartu daiteke. Erran nahi baitut, filmaren xedea kapitalismoa barbaro eta zibilizatua (ekologikoa) agertzea da. Biak ala biak aldi berean izaterik balego legez.

Zinemazalea naizen aldetik, zinemaren magiak harrapaturik,
–adibiderako, hasierako zaldiak-abere-basapiztien eszena paregabea– filmak gure begirada gatibatuz bestera gure “gogoa” ere gatibatzera eraman gaitzakeela aitortu behar dut. Horixe “zeluloidearen indarra”. Eszena horretan biolentzia eta barbaria kontrolatzea posible dela ageri duzu, istorioan bortxaren kontrola ez da protagonisten esku ordea, ez europarrek ez galiziarrek ez dute berau kontrolatzen behintzat.
   Tesia: Rodrigo Sorogoyen espainiar zinema zuzendariak begirada espainola maskulinoak “piztiak” bezatu ditzakeela iradokitzen digu –iradokitzen saiatzen da– film dramatiko honen bidez. As bestasek psikosi nazional espainolari erantzuten dio, erantzun nahi dio, espainoladaren eremu edota barrutik at kokatu guraz.

2. As bestas: gotiko galiziarra, fikzio disfuntzionala eta Bestearen gozamen biolentoa.

Herrialde azpigaratuari beldur: galiziar gotikoa

Literatura gotikoa narratiba klaustrofobikoa da (Joseba Gabilondo). Halaxe ageri ere As bestasen. Areago, genero honetan, “izuzko” generoan “monstrua”-ren bitartez gauzatzen dena, “paisaia”k eta “natura”k izugarriki eragiten digute, izurik ez ezik, izu-laborria eraginez. As bestas filma genero gotikoaren ezaugarriez osatuta dago. Galiziako baserri-landako errealitatearen kodifikazio gotikoak ederto asko betetzen ditu espainiar antsietatearen beharrak, baita hispaniar-galiarrenenak ere. Xan eta Lorenzoren errepresentazioek –pelikulako bi anaiak, pertsonaia protagonistak– azaltzen eta osatzen dute izugarrikeria, nork bere jitearekin, bigarrenak sakondu eta handitzen du lehenaren –piztiadunaren jitea– izaera. Animalien metaforen bitartez, galiziar hizkuntzaren metaforen bitartez, agerrarazten dute herri-azpi-humanoaren izaera. Herritar hauek sujetak dira. Herri sujeto baten sujetak. “Lotuak” diren herrien paradigma. Gotiko galiziarra delakoa, galiziar beltza-tik iradokia duzu, espainiar nazionalismoak kultura galiziarra baliaturik egina.
   Oharra: kapitulu honetako azpiatal honetan, saiogileak gotiko galiziarren egitura eta ezaugarriak zehaztu ostean, As bestasen analisi zinematografiko aparta egiten du. Hagitz gomendagarria.

Antigonaren simulazio patriarkala eta gotikoa

Olgaren presentziari garrantzia berebizikoa ematen dio saiogileak, Antoine protagonistaren bikotekidea, “haren alarguna bihurtuko dena”. Zuzendariak –saiogileak dioenez– Olga azaldu nahi izan digu Antigona baten gisara. Halatsu egin bide dute zinema kritikari ez askok. Olgaren “begirada” baina, menpeko “begirada”-tzat ekarria da saiakera honetan. Behin eta hasteko, esperimentatu(ko) duten esperientzia lazgarria Antoinen erabakiz, haren erabaki soilez izan(en) da. Ezin da, esaterako, Xan eta Lorenzoren burukoikeria eta Olgarena plano berean paratu. Hots, Olgaren balizko jarrera edo errepresentazio feminista izuzko generoari atxikita dago, espainiar audientziari biolentzia gotiko galiziarraren gozamenerako “ekoitzita”. Olga, pertsona(ia) harrapatuta dago, Espainiako ordenamenduaren menpe. Filmak Xan eta Lorenzo Anta anaien amaren bakardadea eta Olagarena erkatu nahi izan ditu. Hirurek bizi duten errealitatea bestelako da ordea.

Unibertsaltasunaren eta kalitatearen ideologia modernista

As bestaren errangura espainoladaren eta gotiko galiziarraren barruan kokatu behar da, kokatuta dago, baina bere esangura haratago joan da. Pentsa, 9 Goya sari irabazia ditu, nazioarte mailara eta haren testuingurura aupatua izan da. Hots, ohiko diskurtso hau gailendu da: film unibertsala da eta istorioa edozein leku batean gertagarria. Nazioartean haatik, ez dute ikusten/ulertzen filmaren oinarrian dagoen espainolada eta gotiko galiziarraren artikulazioa. Saiogileak ongi baino hobeto ematen digu aditzera artikulazioa. Literaturaren bidez aditzera eman ere, historikoki “ederki asko” garatua; aldeko nahiz aurkako jarrerak tarteko. Izanez ere, ez da oraingo kontua, modernismoaren kalitatea eta modernotasunaren defentsa egiten hasi zen europar inperialismoaren gorakada hasi zenean. Orduan hasi zen ere ezberdintzen/aldentzen langileriaren eta burgesiaren arteko proiektu politikoa. Lehena kalitate unibertsal modernotik at geratzen hasi zen, alegia, marjinalitatera behartu zuten.

Ocho apellidos… eta espainolada errestauratiboa

Ocho apellidos gallegos, Ocho apellidos vascos eta Ocho apellidos catalanes delakoen artean dauden berezitasunak dituzu azpiatal honetan. Badute hauxe komunean: espainiar nazioaren fantasia errestauratzea. Berezitasunak, bistan da, herri bakoitzaren idiosinkrasiaren ariora manifestatzen dira, nazio/herri bakoitzaren jiteak genero sexualean dituen berezitasunak aintzat hartuta. Ohikoak, topiko tipikoak. Bat matxistagoa da bestea baino, bat uzkurragoa eta zekenagoa besteak baino.
   Labur zurrean: espainolada ez da soilik genero kulturala eta bereziki zinematografikoa, baizik espainiar biolentziaren kronika latza. Heterogenotasun bestelakotuan gauzatua eta garatua. Funtsean eta finean, proiektu postinperialaren sortze ororen hutsaren eta porrotaren agerikoa. Espainolada errepresentazio biolentoa da, bestearen ukatzea eta jabetzea gauzatzea helburu duena, bere izate historiko diferentziala lantzen duena, berezko goxotasun bat eskuratzea xede izaki.
   Tesiaren funtsa agerian berriz ere: maniobra historiko hau, errepikatzearen poderioz, maniobra histerikoa bihurtu da eta egungo Espainiako Estatuaren aparatu postinperial errestauratiboaren erdigunean dago

3. Rosalia: arraza, bereganatzea eta diva atlantiarrak

Hirugarren errestaurazioaz ari zaigu saiogilea. Data mugarri dugu aro honetan: 2008. urtea. Globalizazioan postinperialista espainiarra 2008.az geroztik nabarmenduko da mundu mailan, eta berean, Rosalia musikaria (Rosalia Vila i Tobella) berealdiko sujeta duzu/dugu/dute. Bera omen da hirugarren errestaurazioa hobekien haragitzen duen artista. Sujet hauen gorpuztea nola gauzatzen den adierazi digu Gabilondok dagoeneko.

Rosalia sujetaren ezaugarri zenbait, ezberdin egiten dutena: haren obraren analisia kritikoak, hala nola haren ikuskizunek oso maniobra tarte gutxi/apala uzten bide dute. “Bere inguruko besteen kulturaz egiten duen bereganatzea ez da bidezkoa”, bistan da. Haatik, Rosalia kantari espainiarraz hori diotenak “espainiar subjektu naturalaren eta berezkoa”-ren “arerioak/etsaiak” bezala tratatuak dira. Gabilondok zinemaz egin duen azterketa esanguratsua bada, kantari honi buruzkoa ez doa haren atzetik. Nik zenbait zertzelada besterik ez ditut eman hemen, lan luze-sakon honen ildoetan segitzeko.

Lehen jabetzea: flamenkoa. Hau da, genero musikal historikoki subalternoa XVIII. mendeaz geroztik jabetua izan zen –Camarón gogoan, flamenko berriaren esponentea–. Zeinek jabetuta: eragile politikoek, turista erromantikoek, ipar europarrek, andaluziar lurgabeen señoritoek… Rosaliak– katalan herritarra– flamenkoaz jabetuaz batera, azentu erromani-andaluzia doitu du. Badira hala ere, bestelako eta beste musika espresio katalan, asturiar, euskaldunak… Horiek berezko potentzialtasuna gorde dute eta beste ezeinen espresioaz jabetu gabe espresatu dira. Ez dira, beraz, nazionalismo hegemoniko espainiarraren espresio bilakatu. Ez da Rosaliaren kasua. Kantari honek kultura espainiar hegemonikoaren espresioa izatea izan du xede.

Bigarren jabetzea: musika latina/latino-amerikarra. Jabetze hau kokatzeko Hollywooden espainiar parte-hartzea aintzat hartu behar dugu. Maskulinitate espainiarraren inguruan “eraikitzen” hasi zena. Banderas eta Barden sujet/aktoreek gorpuztu zuten subjektu hori –hurrengo ataletan ikusiko dugunez–. Atal honetan, Rosaliari gagozkio: bere feminitate espainiarra estatus zuri europarrari atxikirik
sujetoa eta lotua– heldu da. Musika latina eta latino-amerikarraren “mehatxuaren” aurrean, –Hollywoodeko établissement kolokan jar dezakeena–, Rosaliak “nazio-espainiarraren soinu-banda afektiboa” konposatu du. Publikoa asimilatzeko errazagoa, eta jakina, merkatuko mozkinen bermea ziurtatu duena. Sujeta objektua da, sujet-business bilakatu da, bilakarazi dute. Musikaren ardura lan kontu izatera iragan da, negozioa salerosketan datza. Horra, amerikar ametsa. Horrela gauzatzen da bestearen nahia. Besteak erabakitzen du, noski. Bestetasuna dugu berriz ere hizpide eta agerbide. Besteak erabakitzen duenez gero, kasurako, hasierako etxe diskografikoetako bere managerren edo asmo oneko laguntzaileek ezin dute geldiarazi bestearen industria musikal globala. Anaia Handia delakoaren mekanika.

Anaia Handia Rosaliaren beraren izate feministaz jabetzen da, jabetze feminista egiten du, feminismo naturala dena feminismo subalterno izatera pasatzen joanen dena. Balizko independentzia feminista ilusio bat baino ez da horrezkero, espainoladarekin harramantzen da astiro-astiro. Harremana ez da sinple-xumea, konplexua da oso. Jabetze hori ez da gauzatzen urraturik barik. Finean, besteak beste, Rosalia bilakatzen da “kultura apal flamenko/latina/latino-amerikarraren bertsio kultu-altua”. Rosaliak “jabetzearen jabetzea”-ren rola jokatu du, ondo baino hobeto jokatu ere.

4. Banderas: gorputz postimperial maskulinoa eta ispilu globalaren aldia

Rosaliaren espazio historiko eta soziala zedarritu ostean, Antonio Banderas aktorearen aldia dugu aztergai. Honen ofizio-lanbide-profesioaren berri eman gabe ere, arrunt ezaguna. Euskal herritarra balitz, Antton Ikurriñas litzateke. Txiste txarra duzu, hara. Bestetasunak –La Otredad– zeharo eraldatu gaitzakeela erran nahi dut. Banderas 1990 urtean iritsi zen Hollywoodera. Ikusi batez, Gabilondok bere azterketarako “aintzat” hartu izana logikoa dirudi, baina “ez zen horren begi-bistakoa”, dio saiogileak. Hartara, Banderas 1991-2001 delako aldian erreparatu du behin eta hasteko.

Globalizazioa, LGBTI+ Gerra Hotzaren amaiera… Hainbat eraldaketa eman zen munduan, eta Hollywoodek maskulinitatearen errepresentazioa birformulatu beharra zeukan, Latin lover berritu baten premia zeukan. Ordura arteko ereduak ez zuen funtzionatzen jagoitik. Egoera kritiko hartan, Banderasek maskulinitate latindarraren gorabeherak “metabolizatu” zituen, baita hegemonia estatubatuarren arazoak ondo baino hobeto “haragitu” ere.

Amerikar maskulinitatearen krisia eta buddy filma. Banderas eskumako maskulinitate post feministaren garaian heldu zen Hollywoodera, hau da, feminismoaren aurkako erreakzio-artikulatua indarrean zegoenean. Aktoreak “maskulinitate berria” agertu zuen, modaz pasatako eskuineko maskulinitateari zenbait ezaugarri berri erantsi zizkion, horietako batean pertsonaia “femeninoago bat”-en rola jokatu zuen. Hollywoodek gizon+femeninoa behar zuen. Buddy film poliziakoa da, zuri-afrikarra, txit onartua, herrikoia… Lethal Weapon/Arma letal (Mel Gibson eta Danny Glover) edota Pulp Fiction (John Travolta eta Samuel Jackson) dituzu Buddy film delakoaren ereduak. Antonio Banderasen lehen filma, ganorazko filma, Philadelphia da. Kolegen –adiskide-kideko horiek– filma izatetik hispaniar gay kideko film izatera pasa zen. Banderas izar izatera pasa zen, edo izar bidean sartu zen/genuen/zuten.

Maskulinitate gay eta Hollywood. Banderasek queer-gay eta latino-amerikarraren bektoreak errepresentatu zituen. Philadelphia eta gero, bi bektoreak, biak ala biak, bereiztea komenigarria dela dio saiogileak; Hollywoodi ere bereiztea komeni zaio, alegia. Banderas ez da gay –bizitza publikoan bederen–, eta aurrerantzean, ezein pertsonaia jokatzen duela, filmean berean, homosexualitatea ukatu beharrean aritzen da. Aldiz, homosexualak ziren aktoreak errazago hasi ziren euren rolak jokatzen. Horra, Hollywoodeko “ezkutuko” morala.

Maskulinitate hispaniarra, Hollywood horren agertzailea delarik. Banderas latindar sorta-gama ororen sujet eta jokalaria bihurtu zen: kubatarra, puertorricarra, baita mexikar, txiletar eta argentinarra ere. Hots, aktore nazional espainiarra izatetik aktore hispaniar postinperial izatera iragan zen, astiro-astiro eta sendo-sendo.

Maskulinitate hispaniar gay delakoaren arkeologia. Antonio Banderasek “ispilu globalaren aldian” jokatzen du daborduko, maskulinitate iparramerikarren aldi horren mirail globala bilakatzen da. Bestetasuna betetzen du. Ez da lehen hispaniarra izan bilakatze horretan. Garai berrietara ederto egokitua da halarik ere, Hollywooden gura, ase, premien “betetzailea” izaki. Horra Banderas.

Gabilondoren lana laburbiltzea, nire aldetiko manikeismo erreduzitzailea bihurtu daiteke. Banderasen aurretiko beste aktore latindarren aldean –elemenia artean, James E. Olmosen kasua baino ez dugu aipatuko–, insider eta outsider (barnekoa eta kanpokoa) izatearen “arazoa” gainditu zuen Banderasek. Aktore latindar honek “arraza eta etnia” delakoaren eguneroko dilema ezabatu zuen. Aktore hispaniarrak rol sorta anitz joka zezakeen, baita jokatu ere.

Mirail globalaren aldia eta maskulinitate gay hispaniar berriak. Buddy film genero delakoa, besteak beste, ez da aurrerantzean nazio mailan negoziatzen. Eskala globalean aztertu eta negoziatu beharra izan dute harrez gero. Zeregin hori ez da erraza ez samurra izan, bistan da. Aldi globalak jite eta ñabardura asko barne-biltzen baititu. Banderasek atzerritarraren rola jokatzen du betiere. Bestetasunak badarama bere baitan jite mehatxagarria. Maskulinitate nazia, arabiarra, frantziarra… agerikoak dira ispilu-mirail globalean. Identitatea eta Desira. Horra bestetasunaren ezaugarriak: bestetasunean friction/marruskadura suerte ororen seinale edota markak daude.

Marruskadura (frikzioa), fikzionatzea eta funtzionaltasuna. Banderasen fikzioa eta funtzionaltasuna berealdikoak izan ziren Hollywooden helburuak gauzatzeko. Iparramerikarren maskulinitatearen identifikazioa eta desira baltzuan doaz. Banderasen gorputzak “haragitze” oker egokitua gauzatu zuen. Identifikazio fiktizioaren eragina –desira suerte bat– berebizikoa izan zen, izate espainiar-europar-postinperial heterosexualaren rola gauzatzeko.

Antzinako zimena latin lover latindarra eta femme fatale erromantikoak. Luzetsi gabe –Gabilondori jarraikiz– Banderasek lortu zuena, Hollywoodek Banderasen bestetasunaren bitartez lortu zuena, ez da magiaz ez artez eta zanpez erdiesten. Modernitatearen ostean eta globalizazio aro berri honetara bitartean, historia bete-beteko “istorio-espainiar-iparramerikarren” osatuta zegoen. Arketipoak arketipo, Carmen da horietako bat. La femme fatale. Don Juan delakoaren figura tarteko, frankismo osteko Hirugarren Errestaurazioan Antonio Banderas duzu/dugu/dute. Don Juan berria. Bestetasun horren baitakoaz ari naiz. Gu ere, behar eta antsia eta desira horien parte gara. Maskulinitate iparramerikar distiratzaileak, gure artean edota gure baitan bizi den Antton Ikurriñas ere aise irentsiko eta barne-bilduko luke, halaxe egin ere Hollywoodek. Izan ere, gu guztiok, tira, gutiz gehienak, Hollywooden amets amerikarren umeak baikara.

5. Star Warsetik Dunera: neobarrokoa, translatio imperii eta dekadentzia postinperiala

Orain arte aztertutako fenomenoakOcho apellidos, As Bestas, Rosalia, Banderas– baliagarriak izan dira errestaurazio espainiar-latindar-globala post-inperioaren osteko aroan kokatzeko. Konstatazio bat: diskurtso post-inperial hispaniarrak konformatu du iparramerikar diskurtsoa halaber, bai testuetan bai gorputzetan. Diskurtso horietan ezin da ukatu begi-bistako hispaniar zantzua. Hots, badago izan diskurtso inperial iparramerikar bat hagitz hispaniarra dena. Noski, subjektu nagusiak ongi daki disimulatzen, edo saiatzen da bederen. Saiogileak, fenomeno honen espresio espezifikoari “neobarroko post-inperial iparramerikarra” izena jarri dio.

Westerns, Vietnam eta dekadentzia inperiala. XX. mendeko lehen bi herenetan Hollywood klasikoak western generoa baliatu zuen joera inperialista-espantsionistak errepresentatzeko. Inperialismo iparramerikarraren osteko teoria bat azaltzea du xede Gabilondok. AEBak garaile eta jendarme jalgi zen II. Mundu Gerraren ostean (1940-1944). Vietnamen, ordea, (1955-1975) galdu zuen. Porrot traumatikoa eragin zuena. Porrota areago nabarmendu zen, SESBren (Sobietar Batasuna) aurkako Gerra Hotza bitartean eman zelako.

Francis Coppolaren Apocallyse Now (1979) film aparta gerra haren agergarria duzu/dugu/dute. Inperioaren “gainbehera eta dekadentzia” hasi zen gauzatzen orduan, artikulatzen. Alta bada, edo hargatik, Hollywoodek diskurtso ezkorrari aitzi egin beharrez, anartean, G. Lucasen Star Wars filmaren bitartez hasi zen berridazten diskurtso inperial berria. Filma ez zen film soila, ez noski, bederatzi entrega edo sekuelek –sekuela da Hollywoodeko ezaugarri berebizikoa– osatzen dute Hollywood inperialistaren saga. Bakarra balitz, gaitzerdi.
   Labur luzean: Star Wars filmak Vietnamgo gerra etorkizuneko garai teknologiko aurreratu batean kokatu zuen. Fenomeno hau ongi ulertu aldera, Gabilondoren gaitzeko lana irakurri behar duzu. Gaitza, ele horrek gure iparraldean duen adieran ulertua. Adierak, afektuak eta afektuak dira Iparramerikako zinemaren ezaugarriak, Blockbuster izendatua. Efektu bereziak bezala ulertzen ditugunak. Generoak historia iparramerikar-inperiala modu alegoriko, irudimenezko eta garailez idaztea erraztu zuen. Neobarrokoa deitua. Paradoxiko bada ere, iparramerikarren diskurtso dekadenteak Pax americana epitetoa darama berarekin. Pax romana nola, halakoxea iparramerikarrena 1989-2001 urteetan. Diskurtsoak galdu du indarra noski. Alabaina, AEBak lehen potentzia ekonomikoa eta hegemonikoa izaten jarraitzen du. Funtsean, inperioaren egoera eta unea izendatzea ez da aise, hargatik edo, saiogileak post-inperiala izenpetura atxikitzen dio.

Star Wars: dekadentzia errestauratzaile alferrikako baten alegoria. Zinemazalea dugu saiogilea –zinemagintzan aditua erran dut–, Star Wars filmaren egituraz ari duzu –bera baino adituagoak direnen eskutik, bistan da–, hauxe errateko: filmaren narratiba narratiba herbertiarratik eratorria da. Frank Herberten Dune eleberrian inspiratua. Egitura errepikakorra funtsezkoa duzu film sorta bederatzi ataleko serie bat osatzeko. Azken entrega/sekuela, Azken Ordenu izenez ezagutua, bere indar suntsitzailearen agergarria omen da. Star Wars seriearen egitura narratiboa eta ikusgarria barrokoari dagokio, molde horri atxikia, bere izate post-inperial errestauratzailearen agergarria. Ordenu hori, hauxe paradoxa, subjektu iparramerikarraren alegoria da. Ordenu inperialaren aurkako garaitzen da beti, hots, inperio gaiztoaren aurka gailentzen da behin eta berriz; bere jite errepublikarra edota demokratikoa agerrarazi aldera. Jite horiek guztiak gutxi bailiran, ez dago beste sujet historiko anti-inperialista izaterik. Hau da, ez dago Vietnam, Kuba, Nikaragua, Irak, Afganistan…. Ikaragarria da: “AEBak da, inperiala ez den inperio bakarra”. Arranopola. Izate hori, izateko mugimendu hori, kontraesankorra da, bistan denez, alabaina mugimendu ideologiko zeharo arrakastatsua duzu.

Inperio gaiztoa. Protagonista iparramerikar hegemonikoa… Dune: Make America Great again. Translatio imperii fantasmagorikoa. Barroko argi-iluna… Gabilondok jorratzen dituen atalen lerroburuak dituzu, baitezpadakoak subjektu iparramerikarraren osaketa eta funtzioa ulertzeko. Betiere, inperioaren gainbeheratze legez ulertu beharrekoak. Queer cósmico delakoak porrotan duen eragina eta uzten duen arrastoa aztertzen ditu: maskulinitatearen dekadentzia. Bi eletan paraturik: maskulinitate zuria. Agiantza bat egiten du etengabe: subjektu zuri maskulino batek errestauratuko du etorkizuneko ordenu inperiala.

Etorkizuneko neobarrokoa: iragana dena dela ere, etorkizunak ezin du izate neobarrokoa estali, ez dago hobeto aurkezterik. Dune eleberriak diktadura galaktiko gisako bat deskribatzen du. Dune filmak, berriz, buruzagiaren gorputz zuriaren bitartez, errestaurazioa ezarri nahi du, alegia, saiatzen da hala izan dadin. Errestaurazio hori
–Gabilondoren aburuz– ezinezkoa da, ordea. Hau da, barroko hispaniar inperiala, blockbuster-raren birformulazio neo-barrokoa berriaren ildoan, Dune eleberriaren erara “sortutako” zientzia fikzioa da. AEBak –anartean hegemonia zuri eta heterosexualaren sustatzailea– bere iragana modu fantasmagoriko batez errepresentatzen du. Erran nahi baita, postinperialismo estatubatuarrak oraina nahi du errestauratu, haren dekadentzia antsietatez jota “bizi” duelako. Horren zioz eta xedez, diskurtso inperial-hispaniarra mobilizatzen du Make America Brat Again delakoa errestauratzeko. Jakin badakien arren, ongixko jakin ere, bere etorkizuna ez dela ez zuri ez inperiala izanen, baizik eta hispaniarra, afroamerikarra, asiar amerikarra, heterosexuala eta queerra… Bertzeak bertze.

Post-inperio politikoa: populismo eta heterogenotasuna

Logika errestauratiboak arteetan –literatura, opera, antzerkia eta zineman bereziki– izan duen eragina ezagutu ostean, saiogileak politikara hurbiltze zabala eta sakona egin ditu saioaren bigarren partean. Bi data gogoratu ditugu: 1975eko urtea –frankismotik demokraziara aldaketa– eta 2008ko krisi ekonomikoa. Jet society delakoak ematen digu aditzera garaion izaera, baita izen-abizenak eman ere: Belén Esteban eta Pablo Iglesias. Adibiderakoak. Bi dira. Abizenik barik, hor dugu ere Ibex 35. Bere izenak jendarte horren jitea ematen digu ezagutzera. Jende goapoaren garaia da. Data bat eta bertze: 15M. Eliteak. Bipartidismoa haustera heldu zen Podemos alderdia. Eliteak eta kastak. Feminismoa ere, bistan da, berealdiko agerpena du aro horretan. Berrikiago, 2019 aldean Vox alderdiaren kontsolidazioa. Populismo autoritarioaren esponentea. Saiogileak “politika ezkorra” gisa definitu du politika populista. Teoria post marxistaren kritika baten beharra azpimarratzen du: hots, utopiarik gabeko politika pentsatu behar da: aurrerapen eta etorkizun hobea erdiesteko. Zerumugan ageri diren krisi ekologiko eta heterogenotasun sozial eta politika begi-bistatik galdu gabe, bistan da. Monarkia, arrazismoa eta immigrazioa ere, aztertuak dituzu.
   Oharra: hainbat pasartetan –saiogilearen iritziarekin batera– ari naiz, bai orain arte, baita aurrerantzean ere. Ñabardurak daude, noski. Nireak. Saiogileak ez du zertan ados izan behar. Saiakera gotor honen interpretazioa irakurtzen ari zara.

6. Populismo eraginkorra: Iglesias, Esteban, melodrama politikoa eta jende goapoa.

Populismoa: Iglesias, Podemos (2014-2023). Bera dugu –izan zen– politikaren molde hertsian garai hartako figura/celebrity politiko gorena, Belen Esteban ere celebrity izaki, bere buruari “herriaren printzesa” izena eman ziona. Bi hitzetan: populismo afektiboa delakoak arima ematen dio gorputz politikoari. Karakteristika berealdiko bat: populismo suerte hau ezkerretik eskuinera aldatzen da (Podemosetik Vox-era) zuzen eta artez. Biak ala biak, ezaugarriak ezaugarri, hamarkadetako bipartidismoari (PSOE eta PP) jarkitakoak erreakzioak dira. Badira beste kontu asko tartean, Podemosen inguruan emandako hausturak. Iñigoren Más Pais alderdia tarteko. Cuidadanos eta Albert Rivera, bestalde. ETAren amaiera aroa eta Procés delakoa tarteko.

Podemos alderdiak (15 M fenomenoaren engendroa) Espainia postinperialaren osteko benetako izaera erakutsi digu, populismo afektibo eta eraginkorraren benetako izaera ezkutatu duena. Belén Estaban eta Pablo Iglesiasen arteko “lotura” niretzat ezezaguna izan da, handi-handika. Saiakera hau irakurtzean jabetu naiz hobeto. Belén Esteban, antza denez, boz-gailu moduko bat izan zen, garaia haietan telebista bidez zabaldu zena, Sálvame saioaren bidez, besteak beste. Talk show garaia izan zen. Fort Apache, Gran Hermano... (Estebanek irabazi zuen reality show hura).

Bi celebrity/figura hauek, Iglesias eta Esteban, profil baxukoak, jatorriko ezezagunekoak neurri batean, ez ziren elite historikoen seme-abalak. Ikusi eta pentsamendu soil batez, kosta egiten zaigu ustea/sinestea fenomeno hauek planifikatuta daudela. Hots, fenomeno meteorologikoak, demagun, naturalak diren aldetik, planifikatuta daudela sinestea zaila egiten zaigu. Alabaina, postmodernia garai hartan gertatu zena –fenomeno politikoa– ulertzea errazagoa da gaur egun bizi eta esperimentatu dugun jendartea ezagutu ostean. Algoritmoen eta adimen artifizialaren araberako eraikitako jendarteaz ari naiz. Gure gizarteak, neurri gero eta handiago batean jada, “zientzia”-ren bitartekoen arabera funtzionatzen du eta.

Ikuspegi queer-feminista batetik begiratzea ere komeni zaigu. Izan ere, –saiogileak dioenez–, Esteban-Iglesiasek definitu zuten espazioak “zientzia politikoek” definitu zutenak baino zentzu gehiago hartu zuten. Zientzia politikoek ez zuten, ez dute errealitatea definitzeko ahalmenik. Ondorio bat, nirea: populismoaren ariora sortarazi pentsamenduak giza-osteak gatibatzen ditu. Politikagintza molde kognitibo eta faktiko baten bitartez gauzatzen da. Modernitatean ere halaxe izan(go) zen, postmodernitatean drama soziala kalera eta plazara atera zen. “Bitartekoak” guztiontzako ezagunak dira gaur egun, denok horien parte baikara neurri batean. Baliabidea irudiaren indarra duzu/dugu/dute. Internetez ari naiz, indar-net-ez.

Politika melodramatiko suerte hau, diktadura frankistaren ostean, Hirugarren Errestaurazioan ordenu hegemonikoaren alboan “sortu” zuten, gauzatu zen. Iraganean ere egundo bizi gabeko energia ezagutu zuen errestaurazioak. Orain berri, Podemos eta Iglesias boterearen kudeaketan aritu zireneko garaiaz ari gara. Boterea politika kudeatzeko botoen bidez lortzen den “botere” horretaz ari gara. Botere –politiko?– horren gainean dauden “botereez” jardutea beste baterako laga(ko) ditugu. Alta bada, botereez eta hierarkiez ari zaigu Gabilondo, ez botere ekonomikoez oraingoan, baizik eta botere-afektuen teoriez. Ez dakit historian, iragan bizpahiru mendeen historian nola gauzatu den botere-afektu delakoa. Gaur egun, politika arrazoibideaz gauzatu beharrean, pasioaren bidez gauzatzen dela dakit.
   Oharra: atal hau interesgarria da oso sentimenduaren politika nola gauzatzen den ezagutzeko.

Lider edota buruzagi populista: objekzio partziala, sublimazioa eta erabateko politika-soziala. Laclau eta Zizek (ez dut zuzen idatzi, azken honen izena idazteko azentuak ez daude nire teklatuan) pentsalarien iturrietatik edaten du Gabilondok. Nik berriz, bere iturritik, Urretxuko Irimora bideko Lizarriturritik, hor nonbaitetik. Literatura apur/amiñi bat egin dut, pentsamendua goxatu aldera. Afektuez ari da, ari gara, liderren afektuez, aparatuenaz –alderdi politikoen afektuez–, baita makinenez, bertzeak bertze. Arestian errana jada, aro hura gaur egun bixi dugun aro likido baten hasmenta izan zen. Tira, Laclau ez ezik, Lacan edota Bauman pentsalariak ere aintzat hartu behar ditugu, antza. Badakizu(e), psikologia eta lengoaia, modernitate likidoa. Globalizazioaz ari gara, eta kontsumismoaz bistan da. Lehenaren “zioa” edota “funtsa” bigarren honetan datza eta.
    Oharra: gidoitik atera naiz, konstatazio bat egin aldera, baita geroko balizko gogoeta baterako lerro bat paratzeko: ideologien aroa joan da. Ideologia baten eramaile garela ukatu ezin gabe, “eramaile” idatzi dut berariaz, “jabe” idatzi beharrean. Ideologia baten “jabe” idatzi nahi izatera ere, ezin ideologia baten jabe garela erran. Iragan berriko ideologikoek “errealitatea” behatzeko ahalmena akabatu baitute/digute.

Jende goapoa, jet society… Horietaz ari ginen, eiki. Jende eta jendarte hori Trantsizioa deitu garaitik heldu zen poliki-poliki, PSOEren garaipenaz geroztik. Dirua azkar irabazten den estatua zen espainiarra. Europar Komunitatean sartuta. Europak Espainiako Estatuaren finantzazio moldeak aldarazi zituen. Bestelako jendarte modu bat sortu zen, “engendratu” idaztea hobe nonbait. Dena dela ere, la jet society, la jet set, los beautiful people delakoek badute berezko izendapena: La gente goapa. “Kultura” deitu esparruan Almodovar zinegilea duzu –adibide bat duzu–, goapoa izan gabe. Ekonomia esparruan Mario Conde bat. Goapo agertu zaitezke edo zaitzakete. Edertasunaren kanona, sosak adierazten/zedarritzen baitu. “Kultura” hitzak paratu dut kakotx artean. Hara, ekonomia “ere” kultura da. Gure kultura ederto maneiatzen duten sistemek/elitek/agintariek ondo baino hobeto jakin dute, jendarte baten kulturaren espresioak –askotariko arte suerteak– herriaren kulturatik bereizten.

Telebistako jende ospetsua: queer politika afektiboez ari zaigu Gabilondo. Aipatu kultura horren karietara, zinegilea, bankaria… –adibideak betiere–, bihotzeko pertsonaiak bilakatu ziren. Reality-talk-shows horiek ziren eta dira arrats eta gaueko herritar telebista-ikusleen magma. Gizarte baterako osagaien mamia gorpuztu zen, ikus-entzunezkoek berau elikatzeko maná berria eskaini zuten. Erlijioa ez da egundo ahitu, politika da egungo erlijioa. Bibliaren funtzioa telebistak bete zuen eta betetzen du. Besteak beste, jakina, harrezkero sortu genituen/zituzten sare sozialek mundua eraldu dute, munduko sujet nagusiak gu izaki.

Hegemonia, sublimazio politikoa eta neoliberalismoa. Nomenklatura berriak dituzu, jendarte bat gorpuzteko, jendearen gogoa elikatzeko molde berriak. Horiek ez dira ulertzen kontsumoa ulertu gabe. “Garapen” garai honetan langileriaren –langile klasea, hots– burua elikatzeko sistemak asmatu duen moldea duzu: kontsumismoa. Komunismoaren mantra beharrean, kontsumismoa heldu zen, modu isil eta gorde batean hasieran, eta gero, emeki eta astiro, agerian, ariaren arian, gure kulturaren oinarria bihurtzeraino: Barones eta ladrones delakoak kidekoak dira. Tira, langile klaseak ere baroi izan nahi du, ohoin izateko lotsarik galdu du. Izan ere, inor gutxik sinesten du Bibliaren aginduetan.

Progresista eta populista. Kontua da "aurrera" egitea. “Kontserbatzea” iraganeko joera duzu. 15M delako mugimendua beharrezkoa izan zela? Sistemaren mekanismoak, jainkoarenak legez, ezin asmatukoak dira. Jende goapo baten ordenu neoliberala nagusitu zen: Podemos. Alderdiaren nomenklatura ez da hutsala, ez horixe. Izenak lema hau darama berekin “Osotasuna erdietsi dezakegu”. Osotasuna erdiesterik ez dagoela hain ulergaitza al da? Bada, bai! Boterea lortzeak, edonor dela kudeatzailea, ez al du “osotasun” berau funtsean, sistema-egitura hierarkia baten gisara funtzionatzea ekartzen? Populismoak (kulturala?) estatu postinperial heterogeneoaren beharrei erantzuten die, “osotasun inperial” gisara eratua. Fikzio eta frikzio fundazionaletara “itzuli gara”. Horietara itzultzeko espainoladaren jatorrizkoan oinarritu dira espainolada berriak. Hau da, Joseba Gabilondorentzat As bestas filma espainolada da. Hori erranik, dena erran dugu, edo ia-ia dena. Deus ez da eta, absoluturik! Absolutu bakarra jainkoa duzu, eta bera ez da existitzen. Euskara jatorrean: ez dago jainko izaterik!

7. Populismo bada: Hegel, Bartzelonako matxinadak eta neo-mediebalismoa. Populismo afektiboa aztertu du/dugu, objektu partzialen politika melo-dramatikoaren bitartez. Segidan, populismo autoritarioa zer den aztertuko dugu, aztertzen digu saiogileak. Vox alderdiaren zama eta zantzua begi-bistan ditugu, agerikoa da. Populismo autoritarioa COVID19 delako garaian “agertu” zen, aldi narrats-sarrats hartan eszenifikatu zen. Populismo autoritarioa deitu diogu, baina autoritarismo basa epitetoa primeran lotzen zaio. Noiz eta nola agertu zen berau? Bada, sinpleki, populismo afektiboaren ondoan, haren porrotaren ondoren. Haren liderren eta buruzagien frakasoen ostean. Nire interpretazioan, aditzera eman nahi dudanaren ildoan, Bestetasuna delakoa ageri da/zait beti. Erran nahi baitut: ez dago Vox “sortzerik” Podemos “sortu” barik, tarteko Ciudadanos alderdia ahaztu gabe –hori bai fenomenoa, fenomeno “naturala” beharrean, artifiziala zeharo–. Jendartea berau osatzen duten “fenomeno sozialak” baltzuan konformatzen dira, euren izaera “bestetasuna” bete ahala osatzen da.

Atalak eskaintzen dituen ildoak ondo sakonak dituzu eta hariak oso dira emankorrak. Gabilondok hainbat fenomeno aztertzen ditu, horien artean, 2019ko errebolta bartzelonarra deitua. Berau organizatze ezkorra izan omen zen, basakeria, buruzagirik gabekoa. Hau da, anabasa eta istiluetan izaten direnean garatzerik ez dagoen eztabaida intelektual antzu bat “loratzen” da. “Engendro” bat nire berbetan. Hegel idatzi dugu lehen lerroan. Zizek-ek dioenez, Hegeli jarrikiz –haiei jarraikiz idatzi du Gabilondok eta nik azken honi–, Hegelek populismo basak goiko talaia moral batera aupatu nahi du bere izaera; –“arima eder” bezala izendatua saiogileak–.

Ez zait aise gaia gehiago garatzea, ez daukat laburrean eta ganoraz gehiago esateko. Bortxaren gaia interesatzen zait. Historiaren bilakabidean, inperioek eta nazio-estatu zapaltzailek erabili duten bortxaren deskribapena eta “erabilpena” aztertzeak arreta berpizten dit. Hau da, hainbatek bortxa ona eta bortxa txarra dagoela pentsatzen baitute, baita beste hainbatek halaxe balira bezala jokatu ere. Bortxa berez –nire aburua duzu– gaiztoa duzu: txarra, kaltegarria denontzat, praktikatzen nahiz jasaten duenarentzat, edonork darabilela ere. Edozein dela helburua ere. Izugarria iruditzen zaizkit bortxaren praktikaz egiten den erabilpena eta manikeismoa. Eta are onartezinagoa, estatu bat eraikitzeko bortxa erabiliz, estatua eraikitzea lortu dutenen bortxa kritikatzeaz batera, berena salbuesten dutenen parafernalia. Parafernalia da –egiaren jabe uste diren askori ez zaio gustatuko–, Nelson Mandelaren figura erabiliz, terroristatzat joak direnean, hura hizpidera ekartzea, hauxe esateko: “Nelson Mandela terroristatzat joa izan zen, Estatuko buruzagia izatera iritsi zuen bitartean. Ondoren, terrorista izendapena baliogabetu zuten!”. Horixe manikeismoa! Are doilorragoa, haien helburuak ezin lorturik, euren porrota ezin argudiatzerik, ezin onarturik, historian erabilitako biolentziak “garaipenen” arabera juzkatzen dituztelarik.
    Oharra: ez dut urrutira joan behar hori adierazteko, bertatik bertara ari nauzu. Barka nazala Gabilondok, baita balizko irakurle horrek, ildoen harietan ari, liburu honen gidoitik atera bainaiz. Nork bere desenkusa izaten du, nik nirea: interpretazioak libreak dira eta libertatea mugarik gabekoa. Edo izan behar luke.

Populismo basaren sujeta. Sujet horren bila ari duzu saiogilea, baita aurkitu ere, bidaide asko tarteko. Bidaide eta gogaide ez dira denak kidekoak, ordea. Ezta zertan izan ere! Alegia, ez dago pertsonen arteko erabateko gogaidetasunik. Gogaide izatea baino garrantzizkoago da, elkarrekiko jardutea, kontrakarrean aritzea, gogoa elikatzea eta pentsamendua erne atxikitzea, “espiritua” biziarazte aldera. Beraz, hurbildu zaitez liburura. Atal honetan ildo hauetan barrena ariko zara:

    – Lehenbiziko ezeztapen-basa: lehen ukapena, ordenu hegeliar hegemoniko eta unibertsalean aurkituko duzu. Edgar Illas eta Xavier Ruberten eskutik procés catala delakoa Bartzelona eta Madril metropoli kapitalisten arteko gatazka ere badela ikasiko duzu. Antza, gatazka berau ezin da konpondu egungo errestaurazio estatal post-inperialaren markoan.

Interesatzen zait arazo katalanaren funtsa azpimarratzea: arazo ekonomikoa baita. Izan ere, aldi berean edota bide nabarrean arazo ekonomikoa “nazio arazo” batez jantzita baitago. Mozorrotua. Izugarria da –berriz ere izua–, alde bateko nazioaren (katalana) eta besteko nazio-espainiarraren arteko (konstituitua, eratua) gatazkaren zioa “arazo identitario” soila balitz bezala “agertzen eta jokatzen” baita. Bai zera! Ekonomia da nazioa gorpuzteko funts eta gaia. Espainiar nazio-izaera konstituituta, ekonomian konstatatuta dago. Bi nazioen arteko elkarrekiko bestetasunean “engendratua”.
    Bref: zer gara bada "herritar xumeok"? Bada, eliteek inarrositako txotxongiloak, koitadu alaenak.

    – Bigarren ukapen basa: buruzagitza eta ezkerreko jabea. Jabea neoliberala duzu. Liberala bai, libertatearen ikurra eta autoritarioa aldi berean. Jabea izan daiteke ezkerrekoa, izan daiteke Thatcher moduko bat, izan daiteke Trump. Bai horixe! Begira dezagun gure burua ispiluan egunero esnatu ostean. Izan ere, badaiteke, baliteke, gero eta euren antza gehiago izatea. Denok daramagu “askatzaile” bat gure baitan. Espiritu eskaseko “arima” erratu bat. Koitadu gaizto alaenak.

    – Hirugarren ukazioa: giza historian gauzatua. Etorkizuneko populismoa izate mediebalean sustraituta dago. Erdi Aroko “urrezko” garaiaren ostean, modernotasunaren sorrerak “engendratu” zuena. Latente dago giza izaeran. Gure kondizioa, giza kondizioa, gaur egun ere, neo-mediebala da. Aro horren ondorengoak gara. Antzinako erregimenetatik ateratzean, argia ikusi nahian, subjektu hori “espiritu” berri baten xerka abiatu zen. Anartean, oraindik ere, ilunpean dabilena. Heterogenoa da haatik. Noski, heterogenotasun hori beti duzu subjektiboa. Alegia, bestetasunean gauzatua betiere.

8. Populismo autoritarioa: Vox, kultura zonbi, banpiro-subiranotasuna eta drag historikoa

Populismo basa-afektibotik populismo autoritariora. Aurreratu bezala, populismoa ezkerretik eskuinera aldatu den fenomenoa dugu. Erran gabe doa, berez adierazia: Jet society izendatze berak eskuineko populismoa aditzera ematen digu. Segidan, eskumako populismoaren ezaugarriak aditzera ematen digu saiogileak. Izenak izen, populismo molde horiek aldatuz joan dira, zabalduz eta handituz betiere. Gabilondok horretaz idatzi zuenez gero, urte gutxiren ostean emandako konstatazioa da.

Traumaren osteko aitorpena, ekinez bururatzen da. Hirugarren Errestaurazioa. Populismo suerte honen liderra Santiago Abascal dugu. Euskal herritarra. Andaluziar itxurakoa. Arabiar jitekoa, beraz. Bere itxuran, baita bere izaeran ere, bestetasuna agerikoa da. Espainiaren Hirugarren Errestaurazioa gauzatzera heldu zen/da Vox. Izenak izen –PPrekin moldatu ezinean uneon– ezinbesteko pieza dugu Vox. Izenak izen, hor dugu Se Acabó la Fiesta (SALF) alderdi berria, Alvise Pérezek lideratua. Ciudadanos eta UPyD alderdien militante izana. Bide batez, UPyD gogoan, ezin ahantzi Rosa Diez. Euskal herritarra, PSOE, PSE-EEkoa izana. Areago, Eusko Jaurlaritzaren Turismo sailburua izan zen. EAJ-PNVren Jose Antonio Ardanza lehendakariaren eskutik.
    Oharra: zer gehiago erantsi? Bestetasuna hizpide berriz ere, hauxe gogoratu aldera: Bestetasunak “beste bat izateko baldintza” erran nahi du. Bestetasunak “beste bat edota bestea, bi pertsona desberdinen arteko antzekotasuna batzen ditu”. Beren antza azaltzeko adjektiboa duzu, alegia.

Santiago Abascal: Reconquistaren ikurra, espainiarrek galdutakoaren adierazle. Espainia inperialaren ocaso-aren trauma eta malura eraman ezinaren eusle. Gainbeherari aitzi egiten dion napoleontxoa. Frantziako Estatuan ere, badago Reconquête alderdia, Eric Zemmour buru duelarik. Badute antza, to eta no! Ez ideologian soilik. Fisikoki ere bai. Nolabait erranik. Tira, ez direla preseski blonda edota teutoi jitekoak. Atalean, arazo katalanaren eta Vox alderdiaren arteko “lotura” aipatzen du Gabilondok. Zein neurrian elikatu du lehenak bigarrena. Liburura jo eta jakinen duzu. Gabilondoren ikusmoldea, ez duzu nire ikuspegitik kanpo, bistan da. Hirugarren Errestaurazioa gauzatzeko ezinak –bide demokratiko aratzaren bidez– Vox frankista biziarazi du. Kontuak kontu, bada bat konstatatu beharrekoa: Vox fenomenoa, populismo basatia eta autoritarioa, ez zaio Espainiari soilik atxikitzen, globala da. Niri, berriz, interesatzen zait gaur egungo euskal herritarren izaera populista agerraraztea. EH-Bildu ere populismo suerte batez “elikatua” baita.

Vox fenomenoaren egia: subiranotasuna galtze eta fantasia politiko legez ulertua. Lacan eta Zizek. Traumak gora eta traumak behera. Nondik heldu da Vox-en egia? Bada, nondik heldu den baino, egia hori kontraesankorra dela esan ohi dugu. Baina, ba al dago kontraesankorra ez den egiarik? Galderak galdera, interpretatzeaz batera iritzia ematen ari naiz. Subiranotasunak, galtzapenak, fantasiak… Mendebaldeko pentsamendua erlijioaren egian sustraituta dago –oraingoz munduko estatu boteretsuen ariora, AEBak buru-buruan– eta horrela segitzen du handi-handika. Oraindik ere “egia” delakotik “erreala” delakora bidea gauzatu gabe daukagu. Pentsamendu suerte hori “errealaz” ari denean, “errealitatea”-ri begiratzen dioenean, arras sekularizatu gabeko ideologiari atxikitzen zaio. Gaur egun, ideologia suerte orok “psikoanalisi”ra deribatu duelarik.

XIX. eta XX. garren mendeko ideologien porrotak. Badaezpada, batzuk izendatuko ditut: nazionalismoa eta komunismoa. Kapitalismoaren porrotaren menturaz, haren aurkako jardunbidean, ekologismoaren eta feminismoaren funtsa ere ezagutu dezakezu liburu saioaren bitartez. Brotxa lodiz ari nauzu. Onartzen dut. Berriz ere, Gabilondoren ildotik eta gidoitik aldendu naiz. Modernotasun-garaiaren osteko modernia-arora iritsi gara. Nire motzean, ez dago mendebaldeko fenomeno populista aztertzerik eta ulertzerik, iragan mendeko pentsamendu eta pentsalarien ideologia frakasatu dutela “onartu” barik. Ideologia horiek, balizko “egia” bat idealizatu zuten, betiere “errealitatea”-ri uko eginez. Gaur egungo “izate populista” utopiez elikatutako ideologiaz gorpuztuta dago. Dela ezkerreko dela eskuineko populismoa. Biek ala biek, elkar elikatu eta gorpuzten dutenak.

Brotxa lodiz ari naiz, baiki. Alabaina, ezin saiogileak aztertzen dituen espresio sozial-politikoen ildoak aipatu gabe laga.

    – Elite neoliberal espainiarrak: Vox-ek frankismoaren globalizazio neoliberala ordezkatzen du. Ados.

    – Elite globalak: ekonomiaz berriz ere. Troika europarraz beste (FMI delakoa, Europar Komisioa, Europako Banku Zentrala), kreditu agentziak aipatzen ditu saiogileak. Ordenu neoliberal europarraren lekuko. Berria ote? Antza, aristokrazia global hau ez da horren berria, berria izanagatik ere. Hau da, “demokrazia” honen jatorriak garai mediebalean du jatorria. Erdi Arotik etorritako egungo kultura politikoak –kultura globalizatua, orduan globalizazioaren jite hartu zuena– sustrai sakonak ditu. XVIII., XIX. eta XX. mendeko ideologiak –marxismoak buruan buru, bere adar guztiak ondoan dituela, anarkismoa barne– ez dute “pertsona berria” ernarazi. Pertsona berri bat sortzeko nahimena… nahikunde eta nahikeria bihurtu dira, ideologiak funtsean erlijioak bihurtu baitira. Alegia, kristau-katolikoek Paradisu Zerutiarra proposatu zuten eta marxistek Paradisu Lurtarra eraikitzea –berriz ere gidoitik atera naiz–.

   – Arrazoi autoritarioa: neomediebalismoa, errestaurazio inperiala eta soberania banpiroa. Egiak eta kontraesanak. Non hasten dira Vox-en kontraesanak? Bada, gureak hasten diren une eta aldi berean. Diferentzia batez, euskaldunak izan, katalanak izan, proletarioak izan –barka, Europan jaiotako proletariorik ez dago, proletarioak Kaukasotik, Asiatik, Afrikatik heldu dira, batzuk pateratan heldu ere– feministak izan, queer izan… Izan ere, bada, historiaren bilakabidean, pertsona bakoitza, nork bere nortasun, izate, identitate, genero bateko izatearekin edo bestearekin jaiotzea “egokitu” zaio. Zein da pertsona horien artean aldea? Bada, zirkunstantzien/testuinguruaren araberako aldea/diferentzia. Besterik ez. Tira, besterik ez, ere ez. Absoluturik ez dago eta. Ezta Hegelen “espiritu” absolutista ere. Errealitateari begiratzean, “materialismoa”-k berak begiradatik at uzten duena. Contradiction in terminis.
   Oharra: ez naiz historiak berriak eman dituen materialismo suerte/mota guztien –historiko, filosofiko, dialektiko…– doktrinak ezagutzeko gauza. Dena dela ere, hona erreflexio –agian astun samar– bat:

Ideologiak ideologia, hona materialismoaren definizio bat: “Mundu-ikuskera, pentsamendua eta bere adierazpideak materiaren eta denboran duen bilakaeraren adierazpenak besterik ez dira. Haren arabera materiala beste errealitaterik ez dago”.
    Honatx beste definizio bat: “Materialismoa doktrina metafisikoa da. Materia lehen mailakoa da eta kontzientzia horren egoera antolatu baten ondorioz existitzen da. Horrek aldaketa kualitatiboa eragiten du”.
    Materialismoaren hainbat definizioren artean, materialismoa filosofikoa azpimarratu nahi dut: “Materiala bakarrik existitzen da. Gure kontzientzia edozein dela ere, materiari eragiten dioten prozesu objektiboetatik eratorritako fenomenoa da”.
    Nire aburua: materialismoa doktrina metafisikoa den aldetik, errealitatetik at edota urrun paratzen da. Espiritualtasunak bezala, norbanakoaren kontzientzia askatasunean sustatu beharrean, kontzientzia zapuzten du.

Burnout, zonbiak, bizitza-moldea, etengabeko mobilizatzea. Sinplifikatzen ari naiz, kontziente naiz horretaz. Gabilondok Vox-en temarekin jarraitzen du, eta nik deman. Besteak beste, izua aipatzen du. Prekarizazioari izua edo beldurra. Zoriontasuna eta bertze. Ez naiz sartuko bizitza mataza bihurtzen duten harietan. Baina beldurra aipaturik, hona gaurko gizakia edo pertsona karakterizatzen dituen hiru ezaugarri: beldurra, gezurra eta errua. Edozein dugula ideologia, ezein klase, nazio edota generoren partaide garela, beldurrak kokiltzen gaitu gizakiok. Hala berean, gezurrak biziarazten du pertsona. Hau da, errealitatean ezin bizirik, gezurraren bidez ekiten diogu bizitzeari.
    Hara, eta errua? Errua da, edozein erlijioaren –elizak tarteko– edota ideologiaren eraginez –Stalin eta Hitler gogoan– gure kontzientzia inarrosten duena. Izan ere, mendebaldeko elite politiko-ekonomikoek herritar xumeei egozten dizkiete sistema demokratikoaren erruak. Aro globalizatu inperial honetan pertsona “esklabo/preso” ezarri du. Noski, badira “esklabo-preso” izanda ere, libreak “sentitzen” direnak. Sentimenduak, hara!

Imajinazio postinperial historiko drag. Luzerako kontua. Kontu eta arazoa. Imajinazioa aipatua, gure iruditeria edota irudimenezko jitea. Espainoladas, western delakoa, zonbiak eta mordor suerte guztiak, drag delakoak barne, funtsean, errekonkisten adierazleak dira. Jendearen eta jendartearen adierazleak. Mundu globalizatuan bateratuak. Hollywoodeko umeak gara. Espainiara etorrita, areago ume mendekoagoak. Iparramerikarrek Hollywood bakarra “nozitzen” dute, eta gainerakook “hura” eta tokian tokiko “hauek” pairatu ere. Hegoaldeko euskaldunok espainolada nozituak eta “engendratuak” gara eta. Gabilondok dioenez, “jabe autoritario baten desira progresista ez aitortuaren umeak gara”. Produktu bat finean. Jabe bat gabe –jainko bat– bizitzari zentzu eman ezinik bizi gara.

Izate autoritarioaren kritika: kontraesanak eta legitimotasuna. Populismo afektiboak lider politiko ororen diskurtso ukatzen du, aldiz, populismo autoritarioak lider –jabe– baten politika baiesten du. Logika zonbi subirano baten logika batez subirania banpiro bat legitimatzen du, drag historiko errestauratibo eta postinperial baten bidez. Formula kantiarraren (Emmanuel Kant gogoan) bidez ari zaigu Gabilondo. Izate edo arrazoi autoritarioari kritika eginez, jabetzen gara zio autoritarioak heriotzaren logika sustatzen duena, heriotze bio-politikoa ekarriko duena, heriotze fisikoa eta soziala. Populismo autoritarioak gero eta gehiago sakonduz gero, bere drag historiko postinperialean, bere izatea are eta hilagoa izanen da. Egungo izate prekario zonbiari heldu beharrean, sujetatu beharrean, atxiki aldera, sujet histerikoa “engendratzen” du. Subiranotasun post demokratiko eta autoritarioaren sujeta bilakaraziz.

Gabilondoren tesiaren sintesiaren aurrean, nire burutapena: Espainia postkoloniala edo postinperiala al da? Saiogile honen hitzetan Espainiak daukan arazoa Ilustraziotik heldu da. Aroz aro eraldatuz joan da, baina artean konpondu gabe dago. Espainiako Estatuaren egungo soberania aparatu postinperial errestauratiboan eta bere logika histerikoan datza. Bere tesiaren aurrean, nire burutapena: Ados. Espainia, subjektua, hilik egon daiteke. Subjektu jabe horrek herriak eta herritarrak sakrifikatu ditu berea osotzeko. Subjektu horrek are “sujeto”-ago edo “lotua”-ago bihurtu du egungo pertsona. Ados. Nola askatzen da sujet hori, ordea?
   Oharra: teoria asko idatzi publikatu dira, baita kritika asko idatzi ere. Halaxe egin berak ere, corpus kritikoak aintzat harturik betiere.

9. Kritika postkolonialaren arazoak. Postkolonialismoari buruzko kritikak ez dira preseski gailentzen, alderantziz, eskasak dira. Hona bitxikeria bat: morriña kolonizatzearen jite moduko bat da. Hala berean, Espainiako Estatuen periferiako nazioak galera kolonialen fetitxe ideologiak bezala hartu izan dira –termino marxistetan erabiliak, fetitxe ideologiko horiek, alegia. “Hispanitatea” terminoak kultura latindar amerikarrak metropoliaren menpe ezarri ditu. Euskalduna, katalandarra, asturiarra, galiziar edota andaluziar kulturek “sujetu postkolonial metropolitanoa”-ren rola jokatu dute, historikoki metropoliaren barnekoa edota nazionala izan arren. Hots, kultura horiek postkolonialak bezala ekarriak dira, baina ez historikoki postkolonialak gisara ulertuta.

Espainiako Estatuaren historia berraztertu beharra dago. Halaxe dio Gabilondok. Berak gaurdainoko aroak aztertzen ditu, baita galdera hau egin ere: “Arazo postkolonialari buruz mintza gaitezke, Espainiako Estatu penintsularrari gagozkionean?”. Berak eszenatoki guztiak behatzen ditu, ordea, ez omen dute beraren historiaren konplexutasuna ulertzen laguntzen. Irtenbide gabeko bideetatik garamatzate. Kontuak kontu, berak hauxe aditzera ematen digu: Espainiaren ikuspegi postkoloniala ez da historikoki zuzena.

Kritika deskolonialaren arazoak. Kritikari anitzek aztertu dute deskolonialismoaren gaia. Horietako askok paradigma postkolonialaren euren kritika latindar amerikarren gaia, Latinoamerikan aspaldi sarrarazi zituzten ideia eta arazoei buruzko eztabaida sustatu dute. Eztabaida zabaldu eta gaia trakestu dute, nonbait. Nominalismo teoriko baten bitartez, kontzeptuen corpus eta ideia teorikoak garatu ahala (deskolonizatzea, abiapuntua zeron jarrita, aldakortasuna…) epistemologia berri bat sortzea izan dute helburu. Hau da, nominalismo teoriko akademiko honek bere legitimazioa eta birsortze akademiko gisako bat bilatu du.
    Hauxe ikaspena: azterketa horiek guztiek Espainiako Estatua birpentsatzeko bete-beteko modua duzu. Gabilondok dioenez –liburuan sakonki eta zabalki– kritikak, arazoak, eta gaiaren beraren mugak aintzat hartu gabe gaia manera mekaniko eta automatiko batez landua eta aztertu besterik ez da egin.

Kritika postinperial baten aldera. Saiogileak jada errana badigu ere, honatx berriz: Inperio britaniarra ez bezala, Inperialismo espainiarrak ez du historikoki bere lurralde penintsularretan menperatze hegemonikoa ezartzeko pertsuasio teoriko moduko bat, hots, estatu metropolitarrean. Aitzitik, menderakuntza ezartzeko bortxa erabili du, hegemonia sortu gabe. Hartara, inperio espainiarraren kasuan, bere botere egitura, itxuraz koloniala ageri bada, metropolitarra ere bada, izan liteke. Gabilondok, oso zehatz, “hertsadura ez hegemonikoa” horren “funtsa” ematen du ezagutzera. Beraz, Espainiako historia inperial eta postinperialak koloniaren eta metropoliaren artean bereizkuntza bat egin behar du, egin behar luke. Bere hitzetan, botere ezartzeko menderakuntzako teknikak eta praktika berberak ezarri baititu Atlantikoaren bi aldeetan.

Foucault eta Deleuze eta bertze. Gabilondo hainbat filosoforen terminologiez baliatzen da, “menderakuntzarako dispositiboak eta aparailuak” halakoxeak izan direla baiesteko. Ni, gezurrari zor eta egiaren beldur, ez naiz gauza teoriko marxista horien terminologiekin eta pentsamenduekin bat egiteko. Baina, berdin dio. Ontsalaz, Gabilondoren tesiaren alde egin beharko nuke. Ez dut uste hori dela inportanteena, halaz ere. Ni ere, nolabait, Gabilondoren terminologiaz eta pentsamoldeaz baliatzen naiz, kontrobertsia sorrarazteko, eztabaida sustatzeko, dialektikaren bidez helezina den errealitatera iristeko. Historiaren kontakizuna errealitate orotik urrun dagoelakoan bainago.

Bestela erranik, bost axola zait –Vox axola bazait ere– “Espainia destino batua duen nazio unibertsala ote den”. Garrantzizkoa izanagatik, hor nonbait. Nazio Espainolaren existentzia egunero bizi dut nire larruan, baita Frantziako nazioaren existentzia ere bai. Espainiarena errepresioaren bitartez gauzatu izana, Frantziarena opresioaren bitartez gauzatua ere –Iraultza delakoaren bitartez egina, besteak beste–.

Iparraldeko euskalduntasuna urtu bazen/bada nazio frantziarrean, halaxe ere bizi dut Hegoaldeko euskalduntasuna. Hots, nazio espainiarrean urtua. Diluitua. Jakina, historiaren gorabeheren arabera gauzatua. Ipar eta hegoaldeko euskaldunaren idiosinkrasiak etnia bateko ezaugarri, aiurri eta seta gordetzen ditu –beno, ez naiz antropologoa–, baina historikoki nazio estatu biren menpe “garatu” izana da, bi hiritar moldeko euskaldunak “sorrarazi” ditu, erran dezagun, “engendratu” dituela.

“Nunca habrá nación española/Ez da sekula espainiar naziorik izanen” dio Gabilondok. Ederto. Adierazpen ideologiko ongi funtsatua izan daiteke. Hendaian bizi naiz. Irunera joaten naizenean nazio espainiarrekin topo egiten du tanpez. Hondarribiarra joanda ere, berdin. Hara, batzuetan, zanpateko handiagoa hartzen dut Hondarribian. Hendaian, berriz, frantziar nazionalismoarekin ez dut talka egiten. Nazionalismo horren magman murgildurik bizi bainaiz. Euskal nazionalismoa non dago bada? Bada, ghettoan egon ere.

Postinperialismoa globalizazioaren osteko garaian. Espainiako Estatuaren kondizio postinperiala ez da anakronikoa. Ez dut nik kontrakoa erranen. Ez da erregimen politiko zahar baten biziraupen hutsa da, edota nahitaezkoa. Gabilondok dioenez, garaikidea da, gaur-gaurkoa, pertsona gutxiri dagokio, batez ere, historialari akademiko eta kultura kritikariei dagokie. Horiei guztiei esker edota euren bitartez, egungo sistema demokratikoa elite frankista baten jarraipena da, elite berriago batzuekin elkartu eta konformatua: hau da, botere egitura hori, aparatu postinperial errestauratiboa da.

Historialariak eta historiagileak. Lehenbizikoek historiaren “gertaerak” eta “egiak” kontatzen omen dituzte. Bai ote? Bigarrenek historia egiten dute/dugu. Nago baina, gero eta historialari gehiago dagoela eta gero eta historiagile gutxiago. Kapitalismoa dela, globalizazioa dela, neoliberalismoa dela… Honezkero historia ez da, batez ere, erlijioaren, filosofiaren edota literaturaren laguntzaz gauzatzen. Geroz eta gehiago, Googlen betaurrekoetatik behatzen dugu mundua –euren atzean gordeta–: Whatsappez, Facebookez, Twitterrez… Idealismoek –erlijioek eta filosofiek– errealitateari bizkarra eman bazioten, mundu globalizatuan “errealitatea” zer den –jakin nahi– izatetik urrun bizi gara. Literatura, askatasunerako konstruktu baitezpadakoa, noraezean hiltzen ari da.

Espainia dekolonial-postkoloniala ote? Bai, dio Gabilondok. Hobe da, halere, “estatu espainiar postinperiala” gisa deskribatzea. Nago, jendeari –gehiengo oso zabal bati– bost axola zaizkiola izendapen horiek. Nazio espainiarrean bizi da eta. Horietako asko nazio euskaldunean bizi den ustetan. Ideologiek, jendearen arrazionalizatzeko ahalmena lantzen lagundu beharrean, erregimen zaharreko erlijioek bezala, ideologiek “nor izatera” iritsi ez den ilusio baten “engendroa” sorrarazi dute. Beldurrez sorrarazia.

10. Etorkizun errestauraezina: Felipe VI, Afrika eta Antropozenoa

Erregea eta sujetu afrikarra. Bi bide dira postinperio errestauratiboaren izaera, modu muturreko batez adierazia: berau presiditzen duen monarkia batetik, eta azken koloniak eta afrikar protektoratuak bestetik. Anartean, botere harreman baten bidez gauzatzen dena. Monarkia, goi-goiko instituzioa, hiritartasun ororen kontra definitu eta ezarri da. Errealitate afrikar postkoloniala, latindar amerikarraren aldean, kolonia gisa kontsolidatu zen. Frankismo garaian liberatua izan zen kolonia izatetik, ez arrazismo instituzional eta sistemikotik libre, haatik.

Vox bezalako indar politiko bat joko politikora jalgi izanak Espainiako Estatuaren izate erreakzionario eta autoritarioa agerrarazi du. Erdi Aroko hispaniarrean izan zen arrazismoa bizirik dago. Izateko molde hori, jardun molde hori, Espainiako Konstituzioaren kanpo dago. Teorian. Praktikan, adibiderako, sujetu afrikarra “bortxatu” daiteke. Aipatu aroan izan zen “judutar” eta “mairu” arteko oposizioaren antzeko bat gertatzen da gaur egun, subjektu hispaniar eta sujet mairu artean. Bere horretan, ez dirudi arazo bat, baina bai, arazo handia duzu, izan ere, kapitalismo berantiar amorratuak ez du bi subjektu/sujet hauen arteko etorkizun ez “oparoa” ez lasaia ekarriko. Adituek diotenez, penintsula iberiarra (Espainiako Estatua, subjektu politikoa) Sahara basamortuaren parte bilakatuko da klimari dagokionez. Subjektu espainolarentzako geroa ez da samurra. Hirugarren Errestaurazioa ezarri bidean, gurdiaren erroberetan sartutako hesola moduko bat duzu fenomeno historiko sozial politiko geografiko hori.

Azken bi Felipeak: Borboi etxea, katechon erreala eta gozotasun erabatekoa. Borboien dinastia ezagutzeko atala. Bere izate frantziarra. Diktadura frankistaren osteko demokraziaren salbaguardako instituzio “paregabea”. Paregabea, postinperio hispaniarra errestauratzeko pieza ezinbestekoa. Hots, Felipe VI. konkista inperial ez demokratikoaren ondorioa da. Ez da heterogenotasunaren ordezkaria Katalunia, Euskal Herria edota Galiziako arazo nazionalen aurrean. Adibiderako hau ere, Katechon monarkikoa, kristautasuna izan zen bezala, inperio erromatarraren batasunaren moduko bat duzu –atala irakurriz gero, jabetuko zara berau denaz–. Historia hispaniar heterogenoari aitzi egiten dio, geldiarazten du berau, eta modu postinperialista –eta nazionalista– batez Espainia errestauratzen du, edo hala nahi du. Bidenabar erranik, mairuen eskubideak “bortxatu” daitezke, baina erregearen “bortxaezintasuna” estatus berezia eta berebizikoa duzu/dugu/ dute. Modu demokratiko batez betiere. Ironikoa, absurdua, sarkastikoa… Zer besterik da eliteen jarduera politikoa? Sistema demokratikoaren izenean jarduteak berealdiko argudioak ematen dizkie ordea. Sistema totalitarioaren etikapean agertzetik salbu.

Sujet afrikarra: Penintsularen desertifikazioa, migrazio ipar afrikarra eta errestauratzea… Etorkizun zinez zail heldu da/zaigu. Sujet afrikarra, ordenu postinperial espainiarrak besterentzen duena –otrifikatzen eta besterentzen duena– historiako esplotazioaren legatua da. Iraganetik subjektu hispaniarrari lotua heldu den legatua ote? Ez, berarekin ekarri du. Bestetasunaren osagaia duzu, aldian aringarria aldian zama. Oraingoz, geroko zalantzakor baten aurrean, sujet migrariaren bizi-eskubideak, tokian tokiko administrazio afrikarren eta bertako administrazio espainiarren arteko egokitzapen arabera ebazten dira. Subjektu postinperial hispaniarra errestauratzeko
–periferiako sujet nazionalistak, feministak, LGTBI+ eta beste sujeten erresistentziarekin batera– bere gurdiaren erroberetan “hesola” gogorra dauka Espainiako Estatuak. “Espainia apurtzear dago”, delakoa espainiar nazionalismo histerikoaren oihua aditzen dugu oraindik ere.

11. Apokalipsia: pandemia etorkizun global-bateratua.

Espainiako Estatuaren etorzkizun errestauratiboa errealitate globalean. Gabilondok apokalipsiaren deiadarrak entzuten ditu. Tronpeten joen karrankariek ezin dute sorgortu elite antidemokratikoaren arau historikoa, izan ere, herri heterogeneoaren aurkakoa da. Itxurazko jite demokratikoaz mozorroturik, oldarkorra da arras. Jarrera intrantsigente horren aurrean, saiogileak ekintza global politiko bati buruzko ikastaroa proposatzen digu, betiere, partikulartasuna eta lokalizazioa aintzat hartutik. COVID19 delakoa medio bizi izan genuen esperientzia –bukatu ez dena– baliatu du Gabilondok tesia borobiltzeko. Jarduera politiko “berezi” moduko bat proposatzen du, jite apokaliptikoa duena, betiere, apokalipsia denaren definizio ez-histerikotik at.

Apokalipsia, bio-politika eta estatuaren ordezkatzea: kolera garaiko prekarizazioa. Premisa bat: koronabirusa ezin da fenomeno natural biologikotzat hartu. Gabilondorentzat, birusak zonbiak dira. Hartara, COVID19 delakoa esperimentu edo saio errotikotzat jotzen du. Epidemia horri aitzi egiteko modu bakarra eta masiboa, 2008ko krisi neoliberalei aurre egiteko zabaldu ziren matxinada herrikoien antzekoak sustatu behar dira. Horrela ekin ezean, logika kapitalista neoliberal, globalista eta heteropatriarkala gero eta higatuagoak beste “krisi” bat eraginen du. Mende honen erdialdean gerta liteke.
    Apokalipsiak “errebelazioa” adierazi nahi du. Zientziak ez omen du dilema moduko hauentzako erantzunik, dio Gabilondok. Filosofia lehenesten du berak.
    Abisua: ur sakonetan sartzen ari naiz. Nik filosofia aurretik, literatura lehenesten dut. Literaturari ematen diot garrantzia, semantikari, hitzen esanahiari. Nago, joan deneko bizpahiru mendeen ondoren, filosofiak ez duela hizkuntza behar adina aztertu eta sakondu. Erran nahi baitut, konparazione, Apokalipsiak “errebelazioa” adierazi nahi du. Hau da, errebelazioak vela delakoa birjartzea adierazten du, gure hizkuntzan argizaria. Errebelazioaz gehiago jakin aldera, Biblian sakondu ezazu, irakurle horrek. Hona perla bat: “Jainkoak historian gizakia salbatu duen auto-komunikazioa, eliz fedean jasotzen da”. Nago, erlijioaren ostean, filosofiak ere humanitatea salbatu nahi izan duela. Beraz, ez duela bestelako jite bateko izakia osatzen lagundu.
   Bref: Gabilondoren aburuz, zientziak ez du “erantzunik” egungo munduan jalgitzen diren arazoak bideratzen laguntzeko. Bada, ez dut uste filosofiak erantzun gehiago duenik, edo hobeagorik.

   Azkenik

Agamben, Nancy, Villacañas: salbuespenezko estatua, krisi ebolutiboa eta zibilizazioa. Filosofoak, pentsalariak… Gobernu autoritario komunistak eta liberalak. Eta abar eta abar. Ederto zegok/n! Ez da ironia. Horiek, konparazioenera, Giorgio Agambenen tesien aurka omen daude. Sinplifikatzen ari naiz. Ez ditut ezagutzen filosofo horren pentsamendua eta lana. Ignorantea naiz. Hain ziur ere, Nancy eta Villacañas ere, behar-beharrezkoak izan(en) dira, beraz, euren obrak ezagutzea primerakoa begitantzen zait. Izan ere, horien eta beste askoren obrak ezagutzeke, Joseba Gabilondoren lan oparo honek ere ez luke izaterik izango. Hala nola estatuaren ordezkatzea eta prekarizazioaz jakitea. 2008ko matxinadei buruz eta krisia des-historiarizatzearen beharraz ikastea. Krisi ekologikoari eta apokalipsiaren politikari aurre egiteaz gainera, euren alternatibak bilatzea, eta ikastea. Eta abar eta abar. Horiek aztertu eta haietatik ikasi ezjakintasunetik jalgitzeko, ignonantziatik hots.

Ignorante edo ez jakina izaki/naiz. Ez ergela horregatik. Jaiotzez gara ignoranteak, ergela berriz –ergeltasuna– egin egiten da. Ezjakintasuna, jaio eta betirako daramagu gurekin. Alegia, haurtzaroko inozentzia behin galduz gero, sekula santan galduko ez dugun ignorantzia/ezjakintasuna da gure izatearen paradigma. Gero eta gehiago jakin ahala ezer gutxi dakigunez jabetzeko.

Harrotu gabe, kasu! Deabruak anpara nazala. Joseba Gabilondori errespetuz eta esker onez ari nauzu. Ez da ironia, are gutxiago sarkasmoa. Liburu honen bitartez ikasi dudana itzela eta izarigabea baita. Benaz ari naiz. “Kontuak ematera” heldu naizela idatzi dut testu honen hasmentan. Arestiko berbak errepikatuz, amaitu nahi dut: “Zientziak ez omen du munduan dauden dilema moduko hauentzako erantzunik”. Halatsu dio Gabilondok. Dilema horiek saiakera oparo honetan dituzu. Saiogileak filosofia lehenesten du dilema horiek argitzeko. Argitzeko edo haiekin bizitzen ikasteko, gehitu nahi du nik. Horiek konpontzeko modurik ez baitago. Nire jite errealistaren ondorioa duzu aburu hori. Anartean, erlijioaren eta filosofiaren aldean, literatura hobesten dut.

Literaturarik literatura, Gabriel Aresti gogoan –jainkotu eta mitifikatu barik bera ere– hona haren poema baten pasartea:

“Munduko gauza guztiak gastatzen dira;
gastatzen da osasuna,
maitasuna, desioa,
bizioa,
gutizia,
bizia.
Eta errazen gastatzen da
munduko gauzarik iraunkorrena
gogorrena…
dirua.

Alegia, berriz ere errana: literatura lehenesten dut, literatura interpretatzeko "zientzia" moduko bat landu behar dugula. Jakitun ere, literatura bizitzen ikasteko/laguntzeko bitarteko bat besterik ez dela, bizitza argi(ago)tzen laguntzen ahal diguna. Bai ote? Literatura ere nola ulertzen eta interpretatzen dugun, ezta?

Azkenaren hondarra

Gizona –Gabriel Arestik zerabilen terminoa erabiliz– izate miserable da.

“Dirurik ez dagoen egunean ez da gizonik erosiko”.

Ez gizonik ez emakumerik ez izate queerrik!

 

* * *

Aurreko testu hori ez da Joseba Gabilondoren tesiaren antitesia. Izatekotan, tesiaren interpretazio osagarri izatea nahi dut. Segidan, berriz, testuaren ildoan, interpretazio horren sintesi bat duzu:

ESPAINIAR NAZIORIK EZ DELA IZANEN? IZAN BADA, ORDEA (I)

España postimperial: ideologías del imperio restaurativo saiakera (Joseba Gabilondo) hizpide ari naiz. Espainia modernoaren historia parametro nazionalen barruan tratatua izan da. Huts egin duen ahalegina/saioa da –Gabilondoren hitzetatik ari naiz–. Espainiaren izatea, normala, eskasa, ohiz kanpokoa, salbuespenezkoa edo kontrara ulertua izan da. Epiteto nagusi batez ezagutua da: “Aparta”. Edonola den ere, Espainia, nazio-estatua legez ekarria izan da. Alta bada, zer litzateke estatu-nazional hau, paradigma nazional(ista) hau berau okerra balitz? –Europa hegemonikotik inportatua hala berean–. Horra saiogileak planteatzen duen dilema.

Zer litzateke Espainia delakoa, nazioaren ikuspegitik definitua izan beharrean, inperioaren ikuspuntu saiatuaren eta iraunkorraren ildoan definitua dagoela “baieztatuko” balitz? Izan ere, nazio espainiarra eratzeko saioa baldintza postinperial hispaniarraren epifenomenoa da. Gabilondok –saioaren hasieran galdera moduan pausatua– dilema hau “saio oker”tzat jotzen du saiakera amaitutakoan.

La Vorágine editorialaren eskutik publikatua da liburua. Otraes (in) surgentes sailean argitaratua. Saiakerak begirada berezia eskaini digu, bestetasunetik egina. Hauxe duzu kontzeptu gakoa: La otredad. Hots, Bestetasuna. Bestea izateko –eta izatearen– kondizioa. Munduan pertsona egoteko baldintzaz ari da saiogilea.
  Nire ikuspegia: Espainiako Estatua sujet anitzen gaineko subjektua da. Espainia subjektua nagusia da, menperatu dituen sujeten kontura eta eurek “lotuta” dago aldi berean. Hots, Espainia subjektu anitzez osatuta dago, gehienak sujetaksujetoak eta lotuak– izaki. Premisa: bestetasunean subjektu nagusia eta menpeko sujet anitz sartu ohi dira.

Gabilondok iturri anitzetatik ase du bere egarria. Nik berak destilatutako uretatik edan dut, izate anitzen bestetasunean sartzeko. Nahimena behar da horretarako. Nahikundea ez da aski, nahikaria beharrezkoa. Nahikeria gure izatearen nahia ere badela jakitun. Justu bestearen tasunean sartzen garenean, gure tasuna desegin ahala haren tasuna osatzen hasten da, eta alderantziz –kontraesan modura ulertu ezazu, ikuspegi hori–. Ez dago, ordea, izaki osaturik bestetasuna ulertu lehenik eta ondotik onartu barik. Bestetasunak “beste bat izateko baldintza” erran nahi du. Bestetasunak bi pertsona desberdinen arteko antzekotasuna batzen ditu.

Espainiar inperioaren osteko heterogenotasunaz, populismoaz eta hiru errestaurazioz ari zaigu saiogilea. Inperialismoaren ostean diskurtso nominalista ezarri da. Izenak –inperioarenak, besteak beste– aldatu ohi dira, baina errealitatea ez da horregatik aldatzen. Maxima baitezpadakoa zait, gaiak lantzerakoan.
    Ikuspena/ikaspena: egungo estatu espainiarra sostengatzen duena –nazio espainiarra– inperioaren beraren errestaurazioak dira. Haren aldeko diskurtsoak eta aldarrikapenak.

Espainiako Estatuaren egungo ordenu ekonomiko, politiko eta soziala inperioaren gainbeheratzearen eta haren kolonien galeraren ondorioa da. Galerek islatzen dituzte hobekien inperioaren osteko ideologiak bizi –eta jasan– behar dituen baldintzak. Espainia errestaurazio etengabeko fantasia politikoa da. Betiere irekia. Irekia: inperioaren gainbeheraren jatorrizko krisia errepikatzen da behin eta berriz, eta ideologia (b)errestauratzera irekita dago.

Hori guztia ulertzeko azken mendeotako fenomeno sozial hauek aztertu behar dira: Espainiaren periferiako nazionalismoak, klase media prekarizatua, feminismoa eta LGTBI+ kolektiboen agertzea –euren goratzea–, besteak beste. Nik espresio eta fenomeno sozial horiek baina –uraren metaforari eutsiz–, baldintza postinperial espainiarraren errestauratuaren barruan urtuak ikusten ditut, hots, espainiar nazionalismoaren eta populismoaren baitan mamituta. Subjektu nagusiaren menpeko sujetak dituzu.

Bestetasuna da saioaren gakoa, nire nahikaria gure bestetasuna arakatzea. Euskaldun izatearen kontzientziatik ari nauzu, hauxe baiesteko: gure izatea, euskal izatea, mendez mendeko inperialismoaren eraginez –ezarpenez, prefosta– osatuta dago. Alabaina, euskaldunok ere espainiar nazionalismoa eta populismoa elikatzen ditugu, hark gu elikatzen gaituen heinean.

Postinperialismoak galera historikoa hartzen du abiapuntuan, eta hartara, legitimitatea bere horretan funtsatzen. Ideologia inperialaren errestaurazioak bestea behar du: ideologia malenkoniatsua. Besteari egozten dizkio krisia eta galera. Beste hori sujet anitz dira eta subjektu horretan euskalduna –eta Euskal Herria– sartzen ditut. Sujet horiek heterogeneoak dira, bistan da, euskal subjektu horretan hainbat sujet baitira: euskal baserritarra, euskal langilea –obreroak, biak ala biak–, euskal heterosexuala, euskal homosexuala, euskal feminista… Berauek konformatzen dituzten herriko taldeak edota erakundeak barne. Euskal izaera malenkoniatsuari arreta ipini –nahi– diot.

Saiogileren gardiz, inperioaren ideologia malenkoniatsua eta histerikoa da. Ados. Bestearen ideologia eta izaera monopolizatzen ditu. Inperioaren izaera histeriko horretan “nazio histeriko” bat dago. Ados. Gabilondok “espainiar nazioa ez da inoiz izan eta ez da izanen”, dio. Ez naiz –guztiz– ados. Nik “ulertzen dut” bere tesiaren funtsa, baina nahikunde gisa hartzen dut. Hau da, bestetasunetik jalgitako jarrera duzu, bortxa jasan duen biktimaren azaletik egina. Areago, “ideologia” eta “intelektualismo”tik egiten duen analisia duzu. Termino bi horiek ez ditut gaitzesgarritzat jotzen horregatik.

Ez dut ukatuko Gabilondoren tesia. Hau da, espainiar nazionalismoa –de jure eta de facto– ideologia postinperialista faxista batean funtsatua izatea. “Bai, baina”. “Baina” madarikatua, hor betiere. Hona Espainiaren legitimitatearen funtsa. De jure: legeak aginduta, besteak printzipioz ez onartua. De facto: izatez ez, baina funtsean bestearen legea egitez onartua. Erran nahi baitut, espainiar nazionalismoaren heterogeneotasuna ukaezinezkoa izan arren, bestetasunean “eraikita” dago, homogeneotasun suerte batean funtsatua.
    Ideologiek ez dute errealitatea ukatu behar. Ez lukete behar.

    ERLIJIOAREN ETA FILOSOFIAREN ALDEAN, HOBE LITERATURA (II)

Joseba Gabilondoren España postimperial: ideologías del imperio restaurativo saiakeraren ariora, konstatazio bat: XIX. eta XX. mendeko ideologien porrotak. Nazionalismoarena eta komunismoarena, bertzeak bertze. Kapitalismoaren aurkako jardunbidean, ekologismoaren eta feminismoaren jardunak aintzat hartu behar dira, eta modu bereziaz populismoarena.

Ez dago mendebaldeko fenomeno populista aztertzerik eta ulertzerik, iragan mendeko ideologiek frakasatu dutela onartu barik. Ideologia horiek, balizko “egia” idealizatu zuten, betiere “errealitatea”-ri uko eginez. Gaur egungo “izate populista” utopiek elikatutako ideologiez gorpuztuta dago. Dela ezkerreko dela eskuineko populismoa. Biek ala biek elkar elikatzen eta gorpuzten dute.

Espainia postkoloniala edo postinperiala al da? Saiogile honen hitzetan Espainiak daukan arazoa Ilustraziotik heldu da. Aroz aro eraldatuz joan da, baina artean konpondu gabe dago. Espainiako Estatuaren egungo soberania aparatu postinperial errestauratiboan eta bere logika histerikoan datza. Bere tesiaren aurrean, nire burutazioa: Ados. Espainia, subjektua, hilik egon daiteke. Subjektu nagusi horrek herriak eta herritarrak sakrifikatu ditu berea osatzeko. Subjektu horrek are “sujeto”-ago edo “lotua”-ago bihurtu du pertsona. Ados. Nola askatzen da sujet hori, ordea?

Espainiako Estatuaren historia berraztertu beharra dago, dio Gabilondok. Gaurdainoko aroak aztertu ditu. Eszenatoki guztiak miatu ditu, eta ez bide dute beraren historiaren konplexutasuna ulertzen laguntzen. Hauxe galdera: “Arazo postkolonialari buruz mintza gaitezke, Espainiako Estatu penintsularrari gagozkionean?”. Ez. Irtenbide gabeko bideetatik garamatzate eta hau aditzera eman: “Espainiaren ikuspegi postkoloniala ez da historikoki zuzena”.

Filosofo eta pentsalari askoren terminologiez baliatzen da –marxistak gehienak– “menderakuntzarako dispositiboak eta aparailuak” halakoxeak izan direla baiesteko. Ni, gezurrari zor eta “egia”-ren beldur, ez naiz gauza teoriko marxista horien terminologiekin eta pentsamenduekin bat egiteko. Tira, berdin dio. Ontsalaz, Gabilondoren tesiaren alde egin beharko nuke. Ni ere Gabilondoren terminologiaz eta pentsamoldeaz baliatzen naiz, kontrobertsia sorrarazteko, dialektikaren bidez eztabaida sustatzeko, helezina den errealitatera iristeko, historiaren kontakizun oro errealitate orotik urrun dagoela pentsatzen baitut.

Historialariak eta historiagileak. Lehenbizikoek historiaren “gertaerak” eta “egiak” kontatzen omen dituzte. Bai ote? Bigarrenek historia egiten dute/dugu. Nago baina, gero eta historialari gehiago dagoela eta gero eta historiagile gutxiago. Kapitalismoa dela, globalizazioa dela, neoliberalismoa dela… Honezkero historia ez da erlijioaren, filosofiaren edota literaturaren laguntzaz gauzatzen. Geroz eta gehiago, Googlen betaurrekoetatik behatzen dugu mundua –euren atzean kukututa–: Whatsappez, Facebookez, Twitterrez… Idealismoek –erlijioek eta filosofiek– errealitateari bizkarra eman bazioten, mundu globalizatuan “errealitatea” zer den –jakin-nahi– izatetik urrun bizi gara. Anartean, adibiderako, literatura hiltzen ari da, askatasunerako konstruktu baitezpadakoa.

Espainia dekolonial-postkoloniala ote? Bai, dio Gabilondok. Hobe da, halere, “estatu espainiar postinperiala” gisa deskribatzea. Nolanahi den ere, nago, jendeari –gehiengo oso zabal bati– bost axola zaizkiola izendapen horiek. Nazio espainiarrean bizi da eta. Horietako asko nazio euskaldunean bizi den ustetan. Ideologiek, jendearen arrazionalizatzeko ahalmena lantzen lagundu beharrean, erregimen zaharreko erlijioek bezala, ideologiek pertsona “nor izatera” iritsi ez den ilusio baten “engendroa” sorrarazi dute. Beldurrez sorrarazia.

Hona pertsona karakterizatzen dituen hiru ezaugarri: beldurra, gezurra eta errua. Edozein dugula ideologia, ezein klase, nazio edota generoren partaide garela, beldurrak kokiltzen gaitu. Gezurrak biziarazten du pertsona. Errealitatean ezin bizirik, gezurraren bidez ekiten diogu bizitzeari. Hara, eta errua? Errua da, edozein erlijioren –elizak tarteko– edota ideologiaren eraginez –Stalin eta Hitler gogoan– gure kontzientzia inarrosten duena. Pentsa, mendebaldeko elite politiko-ekonomikoek “herritar xumeei” egozten dizkiete sistema demokratikoaren erruak. Aro globalizatu inperial honetan pertsona “esklabo/preso” ezarri dute. Noski, badira “esklabo-preso” izanda ere, libreak “sentitzen” direnak. Sentimenduak, hara!

“Ez da sekula espainiar naziorik izanen” dio Gabilondok. Ederto. Adierazpen ideologiko ongi funtsatua izan daiteke. Tira, Hendaian bizi naiz, eta nazio espainiarraren existentzia bizi dut egunero, baita Frantziako nazioaren existentzia ere. Iparraldeko euskalduntasuna urtu bazen nazio frantziarrean, halaxe ere bizi dut Hegoaldeko euskalduntasuna. Hots, nazio espainiarrean urtua. Diluitua. Ipar eta hegoaldeko euskaldunaren idiosinkrasiak etnia baten ezaugarri, aiurri eta seta gordetzen ditu –bon, ez naiz antropologoa–, baina historikoki nazio-estatu biren menpe “hazi eta hezi” izan da. Bi hiritar moldeko –nagusiak aipatu arren– euskaldunak “sorrarazi” ditu: “Engendratu”.

Mendebaldeko pentsamendua kristau-erlijioaren “egia”n sustraitu zen eta halatsu segitzen du egungo ideologien bitartez. Oraindik ere “egia” delakotik “erreala” delakorako bidea egin gabe daukagu. Pentsamendu suerte hori “errealaz” ari denean –errealitateari begiratzen dioenean– guztiz sekularizatu gabeko ideologiari atxikitzen zaio. Egun, ideologia suerte orok “psikoanalisi”ra deribatu du. “Zientziak ez dauka munduko dilema hauentzako erantzunik”. Saiogile honek filosofia lehenesten du dilema horiek argitzerakoan. Argitzeko eta haiekin bizitzen ikasteko, gehitzen dut nik, dilema horiek konpontzeko modurik ez dagoenez kontziente izaki. Gabilondoren ustez, zientziak ez du “erantzunik” munduko arazoak bideratzen laguntzeko. Bada, ez dut ikusten filosofiak erantzun gehiago duenik, edo hobeagorik. Erlijioaren eta filosofiaren aldean, hobe literatura. Literatura interpretatzea “zientzia” modura hartzen dut.

 


Utzi iruzkina: