Espainia, Europa eta gu, euskaldunok
Hendaian bizi den urretxuarra naiz, zumarragarra ere banaiz, baita hendaiarra ere nolabait. Gaur baina, Urretxutik abiatuko dut nire jarduna, Joxe Mari Iparragirre bardoa bidaide.
Bi mende bete dira Iparragirre jaio zela, eta hainbat ekitaldi izan dira haren omenez Euskal Herrian. Aldian aldi Urretxun izaten naiz. Irailean, udalak ikurrin erraldoi bat paratu du Gernikako Plazan. Udalerriaren gobernua EAJren eskutan dago egun –horrek ez du aparteko muntarik nire gogoetan–.
Dena dela ere, edozein dela abertzaletasuna, izugarria da sinboloekin dagoen grina! Espainolak eta frantsesak nola, halaxe ere euskaldunak. Nor baino nor..!
Sinbologiaren garrantzia gutxietsi gabe, beste kontuek ardura naute gaurkoan. Berriz ere, hainbat jende mintzatu da Iparragirre gogoan eta hizpide, hala kultur arizaleak nola politikariak. Bada, maila kultural-politiko eskasa antzeman dut zinez. Ez da oraingo kontua. Gure historiaz mintzatzean, ustez diskurtso jasoa izan beharko luketenek ezagutza-jakintza eskasa azaltzen dute, areago, beren tabuak eta konplexuak agertzen dituzte behin eta berriz.
Hots, Iparragirrek honela abestu zuen:
Hendaian nago txoraturikan
zabal-zabalik begiak.
Hara España, lur hoberikan
ez da Europa guzian…
Gero, España ordez Euskal Herria kantatu izan dugu herritarrok. Gure historiaren interpretazioa aldatzeak ez digu deus onik ekartzen euskaldunoi. Nik espero nuen bardoa sortu zeneko bi mendeurrenaren kariaz, Iparragirrez mintzatzean jarduera eskas hori apur bat hobetzea. Bada, ez, gure politikariek eta kultur egileek (zer espresio itsusia!, kultura “egingo” balitz bezala) ez dakite modu arrazional batean “Iparragirre esplikatzen”. Mitoak ez gaitzala ito, arren!
Ez dut Iparragirreren garaiko Espainiaz eta Euskal Herriaz ikastaldi bat emanen segidan. Oraingo garaia interpretatzen saiatuko naiz, historia pixka bat ulertarazten lagunduko dudalakoan.
Alegia, nire jatorrizko herrira joan eta herrikideak, abertzaleak edo, amorratuta aurkitzen ditut Espainiako bandera dagoelako Udaletxeko balkoian; Iparragirre Plazan hain zuzen ere. Horregatik ipini dute Gernikako Plazako ikurrina erraldoia, pentsatu dut.
Kontua hauxe: inor ez dago amorratuta, Udaletxeko balkoian bertan Europako bandera dagoelako. Espainiak ez dizkigu gure eskubideak aitortzen, ados. Europak bai? Galdetu katalanei.
Bai, badakit, gaiak askorako ematen du, politikoki alegia. Europa guk geuk onartu dugu demokratikoki, hor nonbait. Baina, hala izanik ere, ez gara Herrien Europan bizi. Europak ez digu burujabetasuna aitortzen euskaldunoi. Bego eztabaida hori oraingoan.
Kulturalki europarrak gara, antigoaleko Erroma eta Greziako kulturen eraginez besteak beste. Eta pentsu dut: guk Europa ikusten eta bizi dugu Iparragirrek Espainia ikusten/bizitzen zuen moduan. Garaiak garai, aldeak alde, eta historiaren bilakaera aintzat hartuta betiere.
Hots, egungo abertzaleok (terminoa zehazteko beste artikulu bat beharko nuke) europar izatea onartu dugu kulturalki lehenik, ekonomikoki gero eta orain politikoki.
Eta pentsatzen dut, bada, mende honen amaieran euskaldunok –espainiar edota frantziar izanda ere– ez ote garen oroz gain europarrak izanen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: