Erudizioaren mintzoa

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1601043447533 Begizolia | 2021-12-12 11:44
1

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1639306648483

Iridioaren mintzoa

Kepa Altonaga

Pamiela, 2021

Literatura –fikziozko mundua– bizitza errealaren “paraleloa” da, alegia, bizitza eta literatura paraleloan doaz gure munduan. Literaturaz ari garenean, generoak genero, bi genero jarri ohi ditugu auzitan: saioa eta poesia. Poesia, literaturaren esentzia izanagatik, leku esklusiboan paratu izaten dugu. Saioa, berriz, esentzia eskasa dela eta, apartaturik laga ohi dugu zenbaitetan.

Saioa, saiakera edo entsegua, hiru izen asmo bererako: pentsamendua edo gogoeta eragiteko ahalegina. Handi-handika erranik hori ere. Kepa Altonaga saiakera-idazlea da. Saiolari nahiz saiogile. Izan ere, idazlearen estiloak dauden legez, saio-idazlearen estilo askotarikoak daude. Estiloak baina egiten du idazlea bere-berezkoa. Kepa Altonaga idazle berezkoa duzu. Gogoeta neurrira ekartzen duen estiloduna.

Iridioaren mintzoa (Meteoritoa eta dinosauroen akabantza) hizpide, behin eta hasteko, aburu bat: liburuaren izenburuak berak harrapatu behar zaitu. Artean ez bazaitu harrapatu, lasai, laga burua harrapatzen. Literatura eta zientzia maite badituzu, une batez munduan heldu lekurik barik bazaude, Iridioaren mintzoa bizitzeari eusteko lagungarria izan dakizuke. Ekiok/n! Ekin iezaiozu!

Kepa Altonagaren liburuen ezaugarrietako bat duzu: erudizioa. Ez zaitez kikildu horregatik, ausartu betiere. Meteoritoa eta dinosauroen akabantza-k saiogilearen jakinduriari aipu egiten dio, hots egiten dio. Iridioaren mintzoa-k, berriz, pentsamenduaren esentziari. Altonagak, handi-handika erranik, Lurra izaten du aztergai, zuzen edo zeharka. Halatsu ere saio honetan, lurraren fenomenologia eta lurtarren ontologia dituzu lanaren ardatz.

Zazpi atalez osatutako Iridioaren mintzoa-ren lehenak Enara batek, ez hamarrek du lerroburu. Saiolariak Jean Etxepare Bidegorri –Aldudeko Medikua– du bidaide oraingoan ere, bidaide ez ezik, gogaide. Kontrakarrean, berriz, Piarres Lafitte kalonjea. Alabaina, Lafittek bizitza zuen mintzagai, gogoeta, Etxeparek berriz, bizia. Halaxe ukan ere Kepa Altonagak. Biologoa den aldetik, Altonagaren liburuen leitmotiva “biziaren jatorria” da.

“Bizitza da bizi garen artean bizi duguna”. Esaldia Kepa Altonagarena duzu. Orijinala ote den... Zer da baina munduan orijinala? Ba al dago orijinalik? Orijinala da bakoitzak bizitzari zukutzen dion bizia, bizitzari iradokitzen diona. Kasuon, Altonaga saio-idazleaz ari garenez gero, Iridioaren mintzoa metafora duzu bizitzaren bizia. Xalbadorri Odolaren mintzoa isuri nola, Lurrari dario Iridioaren mintzoa.

Hiroshimako hegazkinlaria, Irudia mintzo, Oroitzea itzultzeko gogoa da, Dinosauroa Lastategian, Ika-mika mikatza, Maite dugu orok Zumaia. Horiexek Iridioaren mintzoa (Meteoritoa eta dinosauroen akabantza) liburua osatzen duten gainerako sei atalak. Lerroburuek iragarri legez, atal guztien lerroak oso elokuenteak dira, denak izan ere. Ez dezadan inor tronpatu haatik, saiogile honen eleak hagitz adierazgarriak izan arren, ele ederren elokuentziak trabatuko zaitu lantzean behin.

Atalez atal, itzela da bizitzaren –lurraren– gainean liburuak eskaitzen digun bizia. Bizitza eguneroko deskubrimendu bizia baita. Liburuak iradoki didan guztia iruzkin honetan paratu gura izatea ezinezkoa zait. Sintesia egitea zaila izaki, egiari zor, zaila zait liburuak iradoki didan “bizitzaren bizia” orobat zuri –irakurle posible horri– iradokitzea.

Bi berba liburu honetako pertsonen gainean –hainbatetan, egileak pertsonaiak gisa ekarriak–: iridioa mintzo da, besteak beste, eta batez ere Luis eta Walter Alvarez fisikari eta geologo aita-semei esker. Ez dira bakarrak, inolaz ere. Berealdiko aipamena merezi dute halaber Suzuko Tamura eta Hiromi Yoshida japoniar euskaldunek. Izan ere, anitz dira euskaldun erudituak. Altonagaren lanari esker, iraganean euskaldunen erudizioaren berri dakigu. Jakitun horien artean, jakina, eliza kristauari atxikiak daude. Baita, halaber eta horregatik, euskaldun ortodoxoak izan ezik, heterodoxoak izan ere. Euskal ortodoxiaren eta heterodoxiaren arteko kontrobertsiak ezagutzeko parada ematen dizkigu Kepa Altonaga heterodoxoak berriz ere.

Zientzia dibulgatzailea izan ezik, euskal izaeraren eta kulturaren aztertzailea da saiakera honen egilea. Txorierrin hegaldatu eta Bilbon kabia eginiko saio-txori hau igarle ere bada. “Zer litzateke Euskal Herria, Bilbo Txorierri balitz?” edota “Zer litzateke Euskal Herria, euskaldunek Xalbador bertsolaria lain ezagutuko balute Jean Etxepare Medikua”, galdetu diot nire buruari inpentsan. Hitz joko errazak eginez, horren ospe handia hartu duen "oroimena"-ri men eginez, honatx irakaspena: Zumaia denok maite dugu eta dinosauroak lastategian daude. Euren gaineko eta inguruko juzkuek ika-mika mikatzak iradokitzen dizkigute. Oroitzea itzultzeko gogoa da.


Utzi iruzkina: