Errespetua ez ezik, begirunea
Erein, 2020
Argiantza nobelaren nondik norakoak 1982ko irailaren 19tik 24ra gertatzen dira. Protagonista nagusia Ramon Beitia da. Zinema-areto andanaren gerentea. Enpresa egoera larrian dago. Gerentea, eskualdez eskualde, herririk herri, beren azkenetan dauden aretoak bisitatzen ari da. Beitiaren txostenaren arabera ebatzi beharko du enpresak.
Jules Vernek Munduari bira 80 egunetan kontatu zigun. Bost egunetan mundu bat kontatu digu Pello Lizarraldek, 80 orrialderen bueltan kontatu ere. Argiantzak baina, abenturatik gutxi dauka. Zer izaten du argiak? Zeren antza? Zer Lizarralderen literaturak? Magia gisako bat, naski.
Orain 20 urte, Euskal Idazleen Elkartearen (EIE) eskutik Komatxo artean literatur saioa gidatu nuen lau-bost urtez. Idazle gonbidatuari ohiko galdera orokorra egiten nion hasmentan: “Zer iruditzen zaizu euskal literaturaren paisaia?”. Zenbat buru, hainbat aburu.
Argiantza-ren paisaia usaiako da Lizarralderen literaturan. “Idazleak beti liburu bera idazten duela” topikoari helduz, Lizarralderen kasuan berresten da. Zumarragako idazle iruindarra da ordea, paisaia beraren gainean eta inguruan, aldian aldiko bestelako kontakizuna erdiesten duena. Aburu hori nirea da, bistan da.
Komatxo artean aipatu dut. Pello Lizarralderen narrazioetan, koma eta puntu doiak eta doituta daude. Kakotxik apenas, edo batere ez. Marra luzerik nahi laburrik ere ez, eta parentesik ez dut bat bera ere akorduan. Hitz trabagarri gutxi. Bat hatzeman dut, bakarra, hasi eta berehala: “Tanta hotsa eta tanga baten jariorena…”. Tanga, to! Nire gabezia hori ere. Kolkora.
Argiantza-n –aurreko bederatzi narrioetan legez, pentsu dut– narratzaileak iradokitzen diguna askoz gehiago da kontatzen duena baino, aise gehiago ere. Beste metafora bat baliatuz, idazlearen istorioa liburu-tipularen lehendabiziko geruza baino ez da. Irakurlearen irudimenaren arau geruza daude, izan ere.
Argiantza lerroburua nola, liburua “ahula” da, “xumea”, “hauskorra”. Sargori nobela gogoan, zapa sentitu dut, Ramon Beitiaren izerdia sentitu ere ene kopetan. Eta kontakizuna duela 40 urte gertatua denez, garai hartako autoen haize-egokitua ganorazkoak ote ziren, pentsatu dut. Tira, gerente baten autoak agian bai.
Lizarralderen liburuen beste ezaugarri bat, eta badu munta honako honek ere: irakurtzen hasi eta apunteak hartu eta, azal eta kontrazalaren ondoan dauden orri txuriak nahiko eta sobera dituzu apunteak hartzeko, gainera ez duzu orri-markatzailearen beharrik. Liburua mehea denez, solapa edo azal-hegalekin ederki baino hobeto moldatzen zara. Huskeria dirudi, baina ohean irakurtzen baduzu, Lizarralderen liburuak osasun fisikoaren berme dira.
Eta aukera hori oso lagungarria da. Argiantzan –idazlearen ohiko jaidura– oso gutxitan, bakan, gainditu dut paragrafo bat behin berriro eta atzera ere irakurri gabe. Hain ondo eta zehatz idatziagatik, ezin lehen kolpean adierazi guztia neureganatu.
Euskal literaturaren paisaia askotarikoa da, bistan da. Ez naturari dagokienean soilik. Hots, generoek eta estiloek berezko paisaiak sorrarazten dituzte. Argiantza-ren paisaiako mendi, herri, herrixkak, itsasoa eta ibaiak, haranak eta koloreak… Lizarralderenak dira bete-betean. Aldi honetan nago, agian iraganeko liburuak ahantzita apika, itsasoa inoiz baino presenteagoa dagoela.
Lurralde zabaletan ibiliagatik, hainbat herri herrixka hiri eta plaza zapaldu ditugu Ramon Beitiarekin. Hainbat pertsonaiaren ahotsa aditu dugu. Behinola iradoki nion idazleari –barka ausardia eta harroa, Pello– lehen pertsonan gehiago mintzo zitekeen pertsonaia nagusia (protagonista edo) gorpuztea gustatuko litzaidakeela. Ramon Beitiarekin gozatu dut, bere larritasunean.
Pello Lizarraldek beti idazten du liburu bera, baina aldion, ene uste zulorako, bestelako liburu bat idatzi duelakoan nago.
Azkeneko apunte bi: baga, Argiantzak errespetua iradokitzen dit, errespetua transmititu dit, ez liburuak edo literatur mota honek soilik, istorioak errespetua sorrarazi dit, baita pertsonaien arteko harremanen jiteak errespetua sortu ere. Nola esan, iragan ez aspaldiko batean, jende kasta batek inprimitzen zigun errespetua. Jende kasta bai, kasta xumea izanagatik ere.
Biga, bere literaturaren lagin batto: espazioa da kontakizun baten ezaugarrietako bat, lurraldea kasu. Bada, Lizarraldek hitz batez ebatzi du Argiantzaren nondik norakoaren espazioa zein den: probintzia. Eta hitz horren arabera zein diren protagonistek zapaltzen dituzten lurraldeak.
Pello Lizarralderen literaturak errespetua ez ezik, begirunea sorrarazten dit.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: