Errenazimentua ezbaian, euskara kili-kolo, eta literatura: izateko menturan
LAZARRAGA. Ernazimentua Euskaraz
Pruden Gartzia
Pamiela (2005, Upaingo saila)
Aitzinsolas I
Aurki beteko da urte bat Nazio izaera guztiz transformatu da XX. mendean artikulua idatzi nuela. Errenazimentua aipatu nuen berean. “Gure” Errenazimentuaz ezer gutxi nekienez jabetu nintzen. XV. eta XVI. mendera “itzuli beharra” iltzatu zitzaidan kaskezurrean.
Udaldiaren eta udazkenaren arteko aro mudakor honetan, Pruden Gartziaren LAZARRAGA. Ernazimentua Euskaraz irakurtzeari ekin izan diot. Erdi Aroaren eta Aro Modernoaren arteko zubia izan zen Errenazimentu aroaz apur bat gehiago ikasi aldera.
Zur eta lur “geratu” naiz. Berriz ere “gertatu” zait. Hau da, irakurri berri dudan liburu-saioa, irakurria ez ezik, beste orduz iruzkindu nuenez konturatu naiz. Seko ahaztuta nengoen. Ez neukan gogoan berau irakurri izana eta are gutxiago saioa bera iruzkindu nuela. "Errenazimentu" berbari egotzi diot “gertatua”.
“Gertatua” ez da “akatsa”. Ez dago akatsik ez hobenik. Ez hobenik ez errurik. “Errua” eta “azertua” antonimoak izanagatik, osagarriak dira sarritan. Azartzen direnak –gure mendebaldearen adieran– ausartak dira. Ausartek, ostera ere, usu asmatzen dute. Historia asmatzen dugun nola asmatzen dugu bizitzen. Bizitzan batzuetan asmatzen dugu eta sarritan okertzen.
Sintesia
Errenazimentua XV. eta XVI. mendeen artean Europan garatu zen mugimendu kultural, artistiko eta zientifikoa izan zen. Antzinate Klasikoko (Grezia eta Erroma) balioak eta kultura berreskuratzeko nahikaria zabaldu izan zen "gure" kontinentean. Norbanakoa unibertsoaren eta pentsamenduaren zentro nagusia –Antropozentrismoa– izatera heldu zen, Erdi Aroko teozentrismoa (Jainkoa zentro gisara) alde batera "geratu" zen nolabait.
Gizakiaren adimena, arrazoinamendua eta giza-gaitasunak goresten zituen mugimendu intelektuala zabaldu zen aro hartan. Dogma erlijiosoen aurrean, behaketa, esperimentazioa eta kritika zientifikoa bultzatu ziren, arrazoia eta zientziari leku nagusia emanez.
Aroak aro, euskaldunok –hegoaldeko euskaldunok bereberki– ez genuen nonbait Errenazimentu aroan esperimentatu zena bizi izan. XXI. mendera etorrita, aldiz, ezusteko handia “gertatu” zen. Ezusteko itzela! Borja Aginagaldek [Joan Perez] Lazarragaren eskuizkribua aurkitzeak euskal mintzodunak inarrosi zituen. Hots, duela hogeita bost urte eztanda izugarria bizi izan zen euskal letren ingurugiroan. Hots, euskaldunon alfabetatzeari dagokion zereginean, eta batez ere, euskal literaturaren eta euskal idazleen munduan. Betiere, kontuan harturik, euskarazko literaturaren mintegiak txiroak edota murritzak direla bere-berez.
Pruden Gartzia saiogileak eztanda hura oihartzun bihurtu zuen LAZARRAGA. Ernazimentua Euskaraz saioaren bitartez. Funtsean eta finean, gai konplexuak, akademikoak edota zientifikoak jende “ez horren jantzien” eskuetan paratu zituen, baita euskal letren "zirrikituak eta desadostasunak" ageriago paratu ere.
Aro aldakorrek daramaten bidea
Hogei urte luze joan dira harrezkero. Gomendio bat: nik idatzi nuen iruzkina baino Ibon Egañaren Literaturatik historiara izenburukoa irakur ezazue. Merezi du-eta. Nire gomendioa: ordu hartan sortu berri, haur edota nerabe zinetenei egina dago. Baita, hala berean, gaur egungo euskal letren pasioa bizi duzuenei egina nolabait ere.
Bidean bide, bidez bide, milurteko berrira sartzeaz batera, munduak “jasan” izan duen eraldaketak “laborria” sorrarazten du. Letren bidean –eta bideez– ari garenez gero, apunte bat: literatura historiara bide egiteko bitartekotzat hartu ez ezik, literatura norbanakoon “historia” kontatzeko ezinbestekokotzat izan dugu iraganean. Alta bada, literatura ezinbestekotzat al da –ahal dugu– historia eta bizitza kontatzeko gaur egun?
Historiaren eta bizitzaren bidean goazela, literatura zeregin ezinbestekotzat al da gaur egungo munduan? Areago, gurera etorriaz, euskal letren mintegietan errenazimenturik pizkunderik edota berpizkunderik izan ote zen duda-mudan jarri izan zenean? Munduko literaturen etorkizuna –literatura hispanikoa horien artean eta aurrealdean– kili-kolokan delarik, euskal literaturak ba al du atarramenturik?
Hogeita bost urte eta gero hau
LAZARRAGA. Ernazimentua Euskaraz saioak lagundu gaitu euskal letren historia ezagutzen, lagundu gaituenez. Apur bat baino gehiago lagundu ere. Edo biziki lagundu, naski! Zer edo zer ekarri al digu, ordea? Hots, niri ekarri eta zuei zerbait berririk eskaintzeko lain? Euskal letren bidean hasi eta menturatu nahi duzuen hasi berriei, alegia.
Beno, saio honek galderak paratu nola, halaxe eginen dut nihaurk ere. Galderak betiere.
Aitzinsolas II
Galderak zalantzen agergarriak omen dira. Iradokizunak berriz, galdera berrien zalantzen pizgarri. Euskal letren pizkunderik izan ez ezik, berpizkunde gisako bat izanen den desioz, honatx hainbat iradokizun:
Araba oi Araba!
I. Atala: bitxia edota deigarria egin zait Pruden Gartziak Araba lurraldearekiko agertu etsipena. Zazpigarren alaba ere deitua euskalduntasunaz bipildua ageri baita saioan. Nire uste zuloan, euskararen historia izan dena izanda, garaitsu hartan –XX. mendearen azken laurdenean– Arabako euskaltasunaren eraldaketa ohargarria bizi izan baikenuen. Aldaketak aldaketa, Hegoaldeko herrialdeetan ezagutu genuen* eraldaketa nabariena.
(*): "Genuen" beharrean "nuen" idatzi behar nuke, apika.
Eraldaketa hura euskalduntasuna berpizteko ez zela aski izango iragarri ote zigun saiogileak? Egungo garai etsitu honetatik begiraturik otu zaidan galdera duzue. Izan ere, euskara filologiaz harago eremuetan landu ezean, akademizismoaz harago joan ezean, duela berrogeita hamar urte euskal literaturaren eremuan eman zen pizkundeari eutsi eta jarraipenik eman ezean, gaur egungo bide malkartsuetan euskalduntasunak berea egingo zuela iragarri ote zigun?
Bon, ahaleginak ahalegin, euskarak berea egin(en) ote du? Bidez bide goazela, euskararen osasunaz galdezka betiere.
Larrea Burgos baino hobea, Toledoren kidea
II. atala: Larrea duzue Joan Perez Lazarragaren herria. Larrean dorre dotore bat izaki. Euskal jauntxo baten etxea. Ilustrazio garaia artean iritsi eta bizi barik, euskaraz ilustratua bizi izan zen euskaldun baten agergarri. Errenazimentu suerte bat bizi izanaren lekukoa dugu Joan Perez Lazarraga. Euskaldunontzako grazia suerte bat, alegia.
Burgos beharrean, garai hartako Toledo izan gura zuen Lazarragak. Euskara eta gaztelania ez direla maila berekoak jakitun izaki ere. Ez zirela orduan maila berekoak, ezta gaur egun ere. Historiaren zirrikituak apur eta amiñi bat gehiago ezagutu ostean, orduko apologistak –Esteban Garibai, bat berbarako– gaurko politikariak direla jakitun gara. Baita iragan berrogeita hamar urtetako “Euskal Pizkundea”-k ez duela klase politiko euskaldunik sorrarazi ikasi ere.
Lazarraga, Garibai eta Leizarraga euskararen hiru bideak Ernazimenduan
III. atala. Lazarragaren eskuizkribuaren aurkikuntza berantiarra izan arren, euskararen barne-historia hankaz gora jarri zuen nonbait. Ordea, Koldo Mitxelenak euskal literaturaren gainean idatzi zuena –Pruden Gartziak Mitxelenaren paradigma deitua– argitu al da azken hogeita bost urteotan? Galderak betiere.
Iparraldeko Errenazimentua edo Pizkundea ukaezinaren aldean, aldi berean, Hegoaldean apologistak jalgi eta nagusitu ziren. Aldiak aldi, aldeak alde, egungo politikariak ez al dira orduko apologistak*?
(*) Euskal apologistak.
Lazarraga eta Cervantes
IV. atala: atal hau duzue interesgarriena, niretzat noski. Lazarragak eta Cervantesek elkar ezagutu zutenekoa. Saiogileak elkar ezagutu zuteneko posibilitatea pasioz aztertzen baitu. Elkar ezagutu zutenaz haratago edo honatago
–horrela izan zenentz ezagutzeko saiogileak senperrenak egin zituen–, niretzat ohargarriena hauxe duzue:
– Behin eta hasteko, Espainiako literaturaren Urrezko Aroa horren “arrotza” izatea euskaldunontzat. Zergatik Siglo de Oro delakoa, gaztelaniazko kultura, arte eta, batez ere, literaturaren loraldi handieneko garaia, horren ezezaguna
–izan– den Euskal Herrian? Zergatik ez da gehiago landu euskal irakaskuntzan edota ez da aintzat hartu mintegi literarioetan? Galderak ostera ere.
– Errenazimentuak (XVI. mendea) oreka eta berrikuntza metrikoa ezaugarritu bide zituen hizkuntzaren jardueran, hots, literaturan.
– Barrokoak, berriz (XVII. mendea), bide konplexuagoak, ezkorragoak eta kontzeptualagoak jorratu bide zituen. Euskal apologistek, antza, ez zuten aintzakotzat hartu, ez Espainiako Errenazimentua ezta Europakoa ere.
– Ilustrazioa eta Erromantizismoa aroak heldu ziren gero. Europako kulturaren, pentsamenduaren eta artearen azken bi aro nagusiak. XVIII. eta XIX. mendeetan elkarren segidan "gertatu" ziren, mundua ikusteko modu guztiz desberdinak proposatu zituzten biek ala biek. Ilustrazioak arrazoimena eta zientzia jarri zituen erdigunean. Erromantizismoak, berriz, sentimenduak eta banakako askatasuna aldarrikatu bide zituen, aurrekoaren arrazionalismo zurrunari kontra eginez.
Ondorioz edo, hauxek
Ondorio hauetara iritsi nauzue. Ondorioak nireak izaki, bista da. Ikaspen eta ondorio hauek azartuak izan ez ezik, ausartak eta atrebituak dituzue. Erran nahi baitut. "Euskaldunok ilustratu gabeko erromantikoak ote gara". "Ote" idatzi dut. Agian, naski. Ondoriozko suerte halako bat, nolabait.
Izan ere, artean, nago geure Errenazimentuaren eskas herren goazela bidean bide. Literatura sendo baten herren
bizi –eta ari– gara. Kultura sendo egonkor bat ezarri nahian, anartean, gurezko literatura sortu gabe.
Horra kultura! Kultura, hitz panpox bihurtu hori. Kultura apologisten hitz makulu duzue, apologistak herrenak baitira, izan ere. Gaur egungo apologistak, politikariak izaki, izan ere. Politikariek hitzetan herren egin ez ezik, ekintzetan herren maki mainguak baitira, izan ere.
Post scriptum hitsa ostera ere
Pruden Gartziaren LAZARRAGA. Ernazimentua Euskaraz saioa hizpide egindako iruzkina brotxakada moduko bat begitandu zait. Baliteke udaldiaren eta udazkenaren arteko aro mudakor honek gogamena astindu eta nahastu izana. Baita, bidean bide noala, ura nire errotara ekarri gura izana ere.
Izanez ere, irail honetan argitaratutako azken PISA txostenak atzerakada nabarmena eta emaitza historiko kaskarrak utzi bide ditu Hego Euskal Herrian; batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Politikariek emaitzak krisi pedagogiko global baten barruan kokatzen badituzte ere, datuek kezka handia eragin dute hezkuntza komunitatean.
Nafarroako datuak kaskarrak badira ere, EAEko datuek beherakada historikoa markatu omen dute. EAE delakoa hezkuntzan gastu handiena egiten duen (Espainiako) erkidegoetako bat baita, izan ere.
Zientziak eta matematikak alde batera, honatx literaturarako funtsezkoa den irakurmen-jarduerak eman duena:
– Hamabost urteko euskal ikasleen irakurmenak hondoa jo du. 419 puntu behera egin bide dute. Duela zortzi urte baino 72 puntu gutxiago eman ere. Espainiako Estatuan soilik Ceuta eta Melilla probintziek gainditzen dituzte datuak.
– Pisa dela, Bolonia dela... –Errenazimentuaren sehaskak, hor nonbait–, bitxia egin zait, bitxia egin zaidanez, finean eta funtsean, "gure" hizkuntzaren –eta ondorioz literaturaren– osasunaren datuak zein latitudeetatik heldu izaten zaizkigun ohartzea. Bitxia, hala berean, Ceuta eta Melilla probintzien ondoan Hego Euskal Herria agertu izana. Globalizazioak irentsitako herrialdea gara, alajainetan.
– Dirua balitz politikagintzaren bermea, norbanakoon “jakintza” sekulakoa litzateke. Dirua ordez merkatua irakur ezazue. Merkatuak gobernatzen baikaitu, ez tokian tokiko gobernuek. Tira, ez eta munduko gobernu nagusiek ere.
Errenazimentuak ez bezala, globalizazioak irentsitako herrialdeak gara gaur egungo mundukoak; Euskal Herria barne-barnean. Ama maitea! Alajainkoa!

Iruzkinak
Utzi iruzkina: