Erran ezin direnak

Erran ezin direnak Begizolia | 2026-06-26 06:57

Erran ezin direnak

Café Mokka

Jabier Muguruza

Alberdania (Narrazioa)

Ahamen bat hasmentan

Jabier Muguruzaren Café Mokka nobela irakurri berri dut, eta abian naiz, ahamen literario bat egin aldera. Ahamen (mokadu) eleak badu ere bigarren adiera bat: ezer ez. Hots, idatziko dudanaz “ahamenik ez dakit” abiaburuan. Tira, errateko manera bat da. Horixe literaturaren mentura eta desbentura: hitzekin jardun borrokatua. Hitzak burutik paperera eraman nahia eta ezina. Uneon, ideiak buruan dabilzkit borborka, eta gainera, eta en plus, “interferentziak” ditut.

Beharrak egiten du liburua –literatura–; idazlearen beharrak eta nahiak. Ondoren, irakurleak eta interpretatzaileak (iruzkingile edota kritikaria) osatzen dute literatura. Funtsean, irakurtzea idazlearekin solastatzea da. Bigarren ekimen hau gabe ez dago literaturarik. Interferentziak ditudala erran dut, hauxe duzu interferentzien eragilea: ez da interpretatzen dudan Jabier Muguruzaren lehen lan literarioa. Café Mokka honen aurretiko Hilen logika ezkutua narrazio liburua iruzkindu nuen bere garaian. Zorigaitzez baina, idazleak berak testua zentsura zuen/zidan, arrazoiak arrazoi zentsuratu ere. Bereak, noski.
    Oharra: itzuliko naiz kontu edo auzi horretara. Beno, apika. Akaso. Bego hor, oraingoz.

Mokadu bat Mokkan

Behin eta hasteko, nire aitortza: idazle guztiek merezi dute errespetua, baita euren liburuek pena eta loria merezi ere. Hala berean, idazlearen lanaren gainean dihardugunon “zeregina”-k ere begirunea merezi du, prefosta. Kontua betikoa duzu: zer da idazlearekiko errespetua? Edo nolakoa izan behar du errespetuak? Noraino iristen da –irits daiteke– iruzkingilearen askatasuna. Zein da elkarrekiko “errespetua” eta noraino doan –joan daiteke– elkarren arteko jardun “askea”.

Behin eta aitzina jarraitzeko: entsegu nobelatu honekiko nire errespetua. Aitzina egin aitzin, zuri irakurle potentzial horri nire gomendioa: irakur ezazu liburua. Merezi du eta. Merezi du pena, baita loria merezi ere. Literatura, bizitza nola, penaz eta loriaz osatzen da eta.

Labur zurrean, nobelaren nondik norakoari buruzko aholku eta zertzelada labur zenbait:
– Erosi liburua. Eskuratu alegia. Ordea, erosia bada, hobe idazlearentzat, baita argitaletxearentzat ere.
– Irakurtzen hasi aitzin, liburuaren kontra-azalera jo. Bertan aurkituko duzu liburuan murgiltzeko behar dituzun “gakoak”. Gakoak edota pistak.
– Bidenabar, azaletik beretik hasita, barneko marrazkiak barne, aintzat hartu Lorena Martinez Oronozen ilustrazioak. Irudiok Mokka kafetegian zure burua kokatzen lagunduko dizute.
– Marra horien xalotasuna liburuaren testuen soiltasunarekin bat datoz.
– Adi: xalotasuna eta soiltasuna ez dira literatura izendatzeko adierazle gaitzesgarriak, ezta jarraian idatziko ditudan hitzak ere.
– Inork hitzok irakurrita kontrako ustea badu, hor konpon. Konfunditua dago. Nire ustez, noski. Badaezpada errana.
– Azkenik, liburuaren arrastoan sartzeko lerro labur hauek: Alberto da nobelako protagonista. Mokkako kamareroa eta nagusia. Musikari profesional ohia.

Nobela irakurri ostean: gogoetak aburuak hausnarketak 

Café Mokka liburua entsegu-nobela edota nobela filosofikoa ote den, Ramon Saizarbitoriak aipatzen du: liburuaren hitzaurregileak. Bi izendapen horiek, biak ala biak, antzekoak dira. Alabaina, literaturaren genero zehaztea gero eta zailagoa da. Erran dezagun bada: literaturan, geroz eta gehiago, genero hibridoa gailendu da. Hor hasten dira liburuak sailkatzeko komediak.

Honatx, maxima bat literaturarenean –nirea, noski–: irakurle norberak
–liburuaren interpretatzaile bakoitzak– literatura definitzen duen araberako “kritika” egiten du. Kritika, interpretazio edo iruzkina. Termino horietako bakoitzak berezko izari eta izaera dauzka.

Saizarbitoriak dioenez, nobela honi –zein generokoa den albo batera laga, oraingoz– “Elkarrizketen zera dario”. Beraz, batez ere, filosofikotzat jo dezakegu. Kontua hauxe: omen –ez naiz aditua, kasu–, Platonek poetak Errepublikatik kanporatu nahi izan zuen. Garai hartan, poetak literatoak ziren, literatura egileak. Beraz… Beraz, zer? Nork bere juzgua egin dezan.

Filosofia dela eta, entsegu-nobela delako iritzia aintzat harturik. Entsegua dela eta, Michel de Montaigneren Essais obra (Entseguak) du hizpide Saizarbitoriak: “Fede oneko liburua duzu hau, irakurle,” diosku hitzaurregileak, Montaigne parafraseatuz. Hartara ere, Alberto protagonistaren ariora, nobelaren dialektikaren adieran, dialektika bitartez jardunen dut neronek ere. Saiakerak saiakera, saiatuko naiz. Entseatuko dut, bederen.

“Fede oneko” delakoa hizpide: zergatik fedeaz ari garenean, “fede” hitzari “ona” ala “txarra” adjektiboa esleitzen diogu? Fedea, berez, erlijioaren araberako sinesmena da. Ez da zertan txarra ez ona. Fedea, fedea da. Baduzu, edo ez duzu. Deus aitzin, ohar bat: mendebaldean, Europan, Euskal Herrian, fededunak ala fedegabeak izan, sakro edo laiko, “ongia” eta “gaikia”-ren arabera ebazten dugu gure morala. Gutxitan joaten gara “ongia”-z eta “gaizkia”-z haratago. Tira, edo gutxitan gatoz ere honatago.

“Arazoak” ditut hizkuntzarekin. Adibiderako, berriki lagun bati eskerrak emateko hauxe idatzi diot: “Esker oneko hitzak” baino ez ditut zuretzat. Segidan “oneko” delakoa ezabatu dut. Izan ere, eskerreko hitzek ez lukete “ona edo txarra”-ren beharrik izan. Ezta? Alegia, ez dago kualitate hori atxiki beharrik. Beno, nik aitzi egiten diot erabiltzeari, edo saiatzen naiz. Eta zer? Beno, nork bere juzgua egin dezan.

Fede oneko ekintza –juridikoki– egiteak erran nahi du,
hala dago “estipulatua”, komunitate baten arau-sistema arautzen duten eskakizun moral eta etikoen arabera jardutea. Hortxe dago kontua, edo auzia, eta da: idazleek idazten dutenean –Jabier Muguruzaren kasuan, agerikoa– beste idazleren eta pentsalarien ariora eta (h)arieran dihardute. Kontua da, pentsalari horien guztien “komunitatea” –euren pentsamendua– eta gure “komunitatea” ez direla berak. Pentsalari horien juzguak, behin eta hasteko, iraganekoak dira, berez juzguak iragan bateko bertze testuingurua –espazio– batean emanak dira –eman izan zireneko bertze garaikoak dira –bertze denborakoak–.

Alegia, Alberto protagonista eta bere lagunek, musikaz, literaturaz, depresioaz, suizidioaz, maitasunaz, polimaitasunaz, euskaraz, sexuaz edota generoaz… dihardute –alegia, deus ez–. Halatsu dihardugu denok ere, gutxi-asko, bizitzan edota egunerokoan, alegia. Mokkako “lagunak” pentsatzen laguntzen dieten hainbat filosofo-psikologo-psikiatra baita idazle-musikarien ildoan ari dira, alde eta kontra, aldez edo moldez. Tesia, nirea: ene uste zuloan ez dago pentsamendu objektibo gauzatzerik. Ez modu horretara behintzat.

Demagun, berbarako hau ere: literatura –sticto sensu hartuta– egiten denean, pentsamendu horiek guztiek “iragaziak” izaten dira, edo behar dute izan. Iragaziak? Bai, fikzioaren bitartez iragaziak, hots, betiere, zalantza-balantzan jarrita. Fikzioak –ez gezurra ez egia– "errealitatea" xerkatzen du. Literaturak berez jartzen du duda-mudan hitzaren balioa, hitzaren “benetasuna”. Filosofiak ez. Psikologiak ere ez. Badaezpada, berriz diot: ez dut Albertoren pentsaera ezdeustzat ekarri nahi, ezta gutxiagorik ere. Ez eta haren lagunenak ere. Café Mokka nobela den aldetik, fikzioak bere munta eta tokia baititu berarekin.

Bertze gisa bateko burutazioak

Jabier Muguruzak liburuaren eskertza –esker ona– egin die Ramon Saizarbitoria idazleari, Lierni Irizar psikoanalistari eta Garazi Muguruza psikologoari. Hirurak psikologiarekin lotura duten pertsonak dira. Idazleak soziologiarekin lotura gehiago izan duen arren, bere obra ezagututa, psikologiari “atxikia” dela erran nezake. Tira, diot.

Liburuak bere Epilogoa dauka. Gomendioa: hori bukaeran irakurri ezazu. Horretarako dira eta, epilogoak. Bitxikeria hauxe: Epilogoa Albertok idatzia da, baina Jabier Muguruzak sinatua. Horratx. Eta zer?

Zer? Bada, hona nire juzgua: ez dudala hori horrela izateko arrazoia antzeman. Tira, edo bai, antz moduko bat eman diot. Alberto Jabierren alter ego da. Bai. Baina, beno, hori neurri batean, ezta? Alegia, Alberto ez da Jabier. Alabaina, Albertoren baitan badago Jabier bat edo bertze. Bai, ezta? Alberto nobelaren narratzailea den aldetik, ezinbestean. Are, are, aizu. Aski! Hori buruhauste, hau buru-nahaste. Gogamenaren kaka-nahaste.

Are, are... Emeki-emeki, ez du zertan horrela izan behar –nobela batean, diot–, nik, ordea, ezin bestelakotzat hartu du aspektu edo alderdi hori nobela honetan. Ez dut uste, Jabier Muguruza  idazleak hori ukatzen duenik. Epilogoaren sinadura berea dela kontuan hartuta, horixe dut buruan, horixe dabilkit gogoan, horiekin ari naiz idazten.

Harira eta mamira: nobela honek gehiago du saiakeratik, literaturatik baino. Nobela klase asko dira: abentura, beltz, arrosa, historikoa… Hau ez da halakoa. Demagun, filosofia-nobelaz bertze, psikologia-nobela izendatu dezakegula. Behar-behartuta bada ere, horra nire izendapena.
    Psikologia hizpide, ezinbertzean, Sigmund Freud aipatu behar –eta bere eskolako jarraitzaileak, Foucault edota Lacan… Zizek, bestalde–. Freuden aburuak oso presente dira liburuan, bertze anitzekoen artean, noski. Berriz diot, ez naiz aditua. Esaterako, ez dakit Zizek, Freuden eskolakoa ote den. Berdin dio. Kasurako diot.

Alberto eta bere “lagunak” ez dira pentsalari horien ariora ari soilik, bistan da. Berbarako, Julio Villar mendizale pentsalari xumearenak ere ageri dira. Baita hainbat literatura egilearenak ere bai. Baita musikarienak ere, erran legez. “Gureak” eta "kanpokoak". Sigmund Freud aintzat hartu nahian ari naizela, desbideratu naiz. Harira, hau duzu hitza, hitz giltzarria: inkontzientea. Liburuan sarritan maiz ageri dena. Inkontziente hitza hizpide hartu behar dudala kontziente izaki, hau bertigoa!

Ez dakit norbanakook non dugun inkontzientea. Tira, nik ez dakit zehazki nirea non dudan. Kontzientzia bai. Areago, gainera, euskaldunok arazo bat dugu, consciencia eta kontzientzia hitz bakar eta berberarekin izendatzen dugu, ebazten dugu. Consciencia, omen, gizakiok errealitatea hautemateko eta bertan geure burua ezagutzeko dugun gaitasuna da. Kontzientzia, aldiz, “ondo” eta “gaizki” dagoenaren ezagutza morala da. Gure buruarengan dugun konfiantzan eta gure inguruan jarduteko dugun gaitasunaren ezagutzan oinarrituta.

Consciencia eta kontzientzia terminoak ez dira trukagarriak testuinguru guztietan. Zentzu moralean, “ongia eta gaizkia bereizteko gaitasuna” bezala, kontzientzia hitza soilik erabiltzen dugu. Berbarako, esaldi hau: “Epaileen parean nengoela, nire kontzientzia izan zen nire kontrako juzgu ankerrena…”.

Alegia, kontzientzia bat daukagu, baina ez gara horretaz beti kontziente. Nik kontzientzia eta kontziente izan-en arteko tirabira moduko bat bizi dut. Adibide bat besterik ez da. Ez da beti horrela izaten. Aldian-aldian gogora jalgitzen zaidan auzia duzu. Eta zer?

Bada, arian ari, hauxe: Freudek idatzitakoak ipuinak dira –nire motzean, diot; Freud eraisten saiatzea ere–. Fikziozko testuak dira, alegia. Pentsalaritzat ekarria izan arren –haren akolitoak, barne– ipuinlaria da. Sinestunek edota kristauek Biblia bezala hartu dugula nonbait, halakoak –omen– ez garenok bere doktrina. Berbarako, ostera ere: omen, Moisesek Itsas Gorriko urak bitan banandu zituen. Haatik, historia ez da istorioa –kristauentzat, diot–. Ez, ez, ez, historia sakratua da. Eta Moisesen ekintza bene-benetakoa. Eta zer?

Bada, norabide berean –zentzuan erran behar al dut?–, hauxe: zer dira Freuden analisiak eta psikoanalisiak? Bada, fikziozko usteak. Hara, inkontzientea ez da erreala. Alta bada, fedegabeek edota ateoek –errateko modu bat da– ez dute Espiritu Santuan edota Hirutasun Santuan sinesten, baina Freuden "inkontzientea"-n bai? Berriz ere, gauza bera gogoratu behar dut: ez naiz aditua. Alabaina, nago Ilustrazioak engainatuta bizi garela eta Erromantizismoak liluraturik. Eta ildo horietan barrena, iragan mendeko pentsalari marxista psikoanalista horiek zoratuta. Bai, zera. Eta zer? Bada, nork bere juzgua atera dezala.

Nork bere aiurria, nirea motza, eta da: inkontzientearen interpretazioa nahiarekin lotzen dut nik ere, desirarekin, bestera erranik. Ostera, liburuetatik baino, bizipenetatik ikasia. Adibiderako, hauxe esperientzia: “Aita, nahi gabe egin dut”, alabak errana. “Bai, gertatzen zaigu, lasai”. Berriz ere, alaba ez bada, oraingoan semeak: “Aita, nahi gabe egin dut”. Arrapostua: “Lasai, baina, hurrengoan ‘nahia’ jarri zereginean. Ados?”. Arrapostua: “Bai”. Alegia, eginbeharrekoak “nahi gabe” egiten ditugu askotan. Nahikaria jarriz gero, gainditu dezakegu nahigabea. Hots, nahikundea ez da aski, nahikeria, berriz, kontraproduzentea. Nahikaria behar dugu, baita nahimena ere.

Eta zer? Bada, hauxe: seme-alabak koskortzen eta heltzen direnean, jendartearen ildoan eta sistemaren heziketa dela medio, “inkontzientea” termino hasten dute erabiltzen. Nahia nahikeria bihurtzen dute –dugu– sarritan, nahikaria gutxitan. Nahimena ahula izaki nonbait. Eta hara non, “inkontzientea” terminoa gailentzen den. Inkontzientea edo nahikundea. Gure gura ahula, alegia.
   Oharra: inkontzientearen sekulakoa –el no va más– "inkontziente kolektiboa" delakoa duzu. Arranopola. 

Gure arbasoen edo antzinakoen “nahia” delakoaren beharrean, ipuinlari berri horiek “inkontzientea” asmatu zuten. Desira delakoari buruzko rollo edo kalamatrika hori. Desira: nahi dugun zerbaitekiko mugimendu afektiboa. Afektuak eta des-afektuak. Beude hor.

Horratx, irakurketaren ariora, Café Mokka nobela-psikologikoak iradokiak. Tira, nire ustezko nobela-psikologikoak. Desirak egiten gaitu. Desirak baina, zentzuz eta artez bideratu ezean ustelak bilakatzen omen dira. Psikologoek diote; pentsu dut. 

Literaturaren ildoko burutazioak jarraian 

Liburu bat entsegua bada, ez da literatura. Fikzioak bereizten du saiakera eta, kasuon, nobela. Café Mokka entsegu-nobela dela erran dugu, hibridoa. Nola –nahi– den ere, literatura arnasten da berean. Jabier Muguruzaren liburuak irakurri ditudan neurrian, idazle honek narratzen “ikasi” duela erran nezake. Bere prosa edo hizlaua "hobetu" duela, alegia.

Literaturaz ari naizela, bi pertsonaiaren inguruan bi hitz, Jon eta Auroraren inguruan: Jon izan liteke, gutxi-asko, gutxi goiti-beheiti, denok izan nahi duguna. Pertsona naturalak. Errepresentazioan aritzen ohi gara, ezinbestean –Jon ere bai–. Alabaina, berak maskara gutxiago darama, erabili ohi du. Auroraz, berriz, zer erran?: eruditua da. Denok halaxe izan nahi dugu. Guzti-guztiok.

Bestelako kontu bat nahi dut azpimarratu, ordea: Aurora da, izan daiteke, Albertok bilatzen duen pertsona, desiratzen duen bikotekidea. Ordea, badago hori gauzatzea zailtzen dion aspektu bat: identitatea. Hau da, Aurora ez da “euskalduna”, ez da euskal munduan mugitzen. Azpimarratu nahi dut alderdi hori, ezen eta, idazleak, inplizituki erranik edo kontatu gabe, pertsonon identitatean nazio edo herri-identitateak daukan munta ondo baino hobeto ematen baitu aditzera. Horratx literaturaren grazia. Adibide bat besterik ez duzu. Identitatearena nola, nobelan literaturaren bidez giza-kondizioari esleitzen zaizkion hainbat aspektu eta gai daude. “Askatasuna” delakoa, kasu.

Bestalde, baina ildo beretsuan

Uste dut uste, begi-bistakoa da –niretzat noski–, Alberto –Jabier Muguruzaren alter ego– hobeto espresatzen da gaztelaniaz euskaraz baino. Idaztean, behintzat. Albertori “lagun” batek, Rafak, itzultzeko pasa dizkion testuen maila literarioa eta testuen egokitasuna erran nahi dudanaren adibideak dira. Albertok ez daki gaztelaniaz horrela idazten, Jabier Muguruzak bai.
   Bref: Muguruzak euskaraz horrela idatziko balu, narratuko balu, bere literaturaren tornuia bestelakoa litzateke. Eta Zer? Bada, nork bere juzgua egin dezan.

Den-denak ezin loreak izan, eta diodanaren adibide bi emanen dut –ez dira asko, inondik inora ere–; ez gutxiesgarriak ere: “Lagun musikari batzuk ere gelditzen zaizkit” edota “mugitua sentitu naiz goizean goizetik” esaldiek kirrika egin didate. Besterik gabe. Otoi eta arren, ez xerkatu nire izatearen alde deabruzkoa.

Esan ezin direnak

“Esan ezin direnak” abagunera iritsi naiz. “Erran ezin direnak” Albertoren ideia obsesiboa da. Jon lagunak iradoki ohi dizkio halakoak –Jon laguna duela nik diot–, Albertok ez du “lagun”-tzat hartzen, ezta Aurora ere. Alberto bere zolitasun eta sotiltasunean pertsona obsesiboa da. Argirik eman aldera: ez dut Aurora psikoanalistaren rola hartu nahi, ez horixe. Baina, irakurle bakoitzak eginen du bere juzgua liburua irakurriz gero. Artean, honatx Auroraren hitz-sorta-pasarte bat:
“Badakizu, psikoanalistok eta askatasuna… Inkontzientean sinesten dugunok, ezin erabateko askatasunean sinistu”.
    Bi kontu: Freud “erlijio-sinestuna” al zen? Galdetzen dut, ei! Ez dakit. Psikoanalistok, hitzak berak dioenez, listoak dira gero. Besteok baino listoagoak, nonbait. Antza denez, diot. Antza denez edo.

Honatx Albertoren aitortza: “Normalean esan ezin diren gauzak zentzu handirik gabe eta lasai antzera esanda hemen aditu ahala izatea da nire lanak eskaintzen didan opari estimatuenetako bat da”. Bejondeiola Albertori. Jabier Muguruzak, agian, egunen batean aurkituko du Albertok kausitu duena. Hots, musika laga ostean, lanbide sotil edo xume bat aurkitzea. Bide berean, nahimena lantzeari ekinez, bere nortasuna osatua aldera segitzea. Askatasunaren bila betiere.

Pertsonaien lanbideak hizpide: Café Mokkan sartzen diren bezeroak askotarikoak dira. Baina, finean eta funtsean, mintzo direnak klase batekoak dira; jendarte-maila batekoak alegia. Luzetsi gabe, nobela, aspektu horretan, klasista da. Ez aztoratu, ez ernegatu. Kritikari ekuanimea –zintzoa, hots– izaten entseatzen naiz. erran nahi baitut: nobelak ondo baino hobeto islatzen du "gure jendartea". Zer gara gu? Burges txiki batzuk besterik ez. Tira, exageratzen ari naiz? Bestelakoa ere bagara. Bai, bai. Eta zer? Bada horixe.

Honatx Albertoren bertze nahi edo desira bat: “Atmosfera mistiko-espiritual-sasijakintsua ez dut oso gustuko izaten” –enkax ere, esaldia irakurri bere testuinguruan–. Nork dauka atmosfera horren nahirik, desirarik? Zer ari da Jabier Muguruzaren bitarteko Alberto pertsonaia barrundatzen? Zer? Zuk zeuk asmatu erran nahi dudana. Zuk zeuk sumatu, bederen.

Alberto idealista da, utopikoa ere naski. Ez dago idealismorik gabeko utopiarik. Café Mokka hitza nagusituko den espazioa izatea nahi du Albertok, baita Jabier Muguruzak ere.

Askatasuna hizpideAskatasuna, inprobisazioa atala tartekoa dela eta– hauxe heldu zait gogora: musika inprobisatu daiteke –interesgarriak oso, musikaren inguruko hausnarketak– askatasuna ez da inprobisatzen, ordea. Albertorentzat –zein Jabierrentzat– balore ezinbestekotzat du(t)elako, askatasunari buruzko definizio bat emanen dut, asko dira –bat baino gehiago eman nezake–, honatx batto: “Askatasuna da besteek egiten uzten digutena”.

Askatasuna hitzaren segidan/alboan “errespetu” hitza heldu ohi da. Izan ere, “norberaren askatasuna bukatzen da hurkoarena hasten den unean”. Bertze definizio bat. Eztabaidagarria, zuzena ote denentz. Auskalo. Zuzena edo.
   Errespetua, hurkoarekilako arreta eta begirunea da, latinezko respectusetik eratorria: “Atzera begiratzeko ekintza” da.
   Café Mokka irakurtzen ari nintzela/naizela, ezin begirada –edo gogoa kendu– Hilen logika ezkutua liburuari buruz idatzi nuen testutik. Testua, iruzkina, interpretazioa, kritika edo dena delakoa. Ezinbertzean, kritika “zentsuratu zapuztu” hark utzi zidan erremina. Erremina eta herrimina.

Nork bere heziketa dauka, nork bere mugak ditu. Nik nireak. Baliteke, askatasunaren defentsan aritu nahi honetan –nire askatasunaren defentsan, bistan da–, nire mugen –limiteen– alde egitea.

Albertoren lagunen gogoeten arioan ari naiz ni ere. Albertoren lagunaren –Maddi– aburua izan daitezke hitz hauek: "Uste dugunaren kontra, ez dago basati onik. Gizakion oinarrizkoa agresibitatea da, pultsioa, eta ez zibilizazioa".   
   Interpelatua ikusi dut nire burua. “Sentitu” idatzi behar al dut? Eta? Eta zer? “Berdin dio motel”, adierazi dit aingeru onak.
    Lasai, lasai! Ez duzu zertan “aingeru ona” adierazi behar. Aingeru errana, aski. Bertzea “deabrua” duzu. Duzu eta dugu.

Café Mokka-ren helburuekin bat nator. Café Mokka nobelari nire begirune osoa, beraz. Beno, handi-handika hori ere. Alegia, Albertoren asmoekin bat eginik, haren eta haren lagunen artean kafetegian hizpide diren gaiez jarduteko gertu nago. Gero, errespetua dago –hitzaren adiera ez da bakarra, ordea, nork bere gurakoa erabil ohi du–, errespetua ez da inolaz ere idazlearekiko benerazioa, ez eta bere lanari men egitea ere.

“Hara, baina nora iritsi nahi duzu?”, itaundu didate nire izatearen barneko aingeruak eta deabruak. Berriz ere, liburu honen idazleak “kritika literarioa” egitea exijituko dizu. Ondo dago. Baina –baina madarikatua–, nik, artean, nork bere literaturaren definizio bat duela mantenduko dut. Nork berea. Eta, behin eta hasteko, liburu bati buruzko “kritikari” baten “kritika” –iruzkingile edota interpretatzaile izaki– idazlearekin solastatzean datzala, berritzen dut.

“Kritika literarioaz” ari garenean, zertaz ari gara? Literaturaren gaineko jakintza oparo baten jabe izateaz eta hori erakusteaz? Jakintza oparorik gabeko iruzkingileak ez du eskubiderik “kritika” edo dena delakoa egiteko? Kasurako, baliteke nire jakituria nahikoa ez izatea. Eruditua ez izatea, hots eta alors. Eta baliteke ere, “inkontzientea” non dudan ez dakidanez gero, mingaina bridatu “behar” izatea. Edota nire burua horretara “behartua” behar izatea. Zentsuratua izatea, alegia. 
   Oharra: zentsurari buruz hurrengo batean idatziko dut. Eta, naski, arian ari, literatura eta “kritika literarioa” niretzat zer diren aditzera emanen ere. Saiatuko naiz. Entseatuko dut.

Bueno, beno, bon, wells, literatura irakurtzen segitu nahi dut. Baita Café Mokka bezalako entsegu-nobelak irakurri nahi ere. Nahiak nahi, gurak gura, nire desirakegoaren putzak– bezatzen ikasten segituko dut. Omen, desira horiek inkontzientean integratuta daude eta. Hor nonbait. Hor nonbait, antza. Antza denez, hori ere.

Post Scriptum

Aurreko horiek dituzu Café Mokka irakurri ahala eta leitu ostean jalgi zaizkidan "........"-ak. Ez diot esaldiari "adjektiborik" ipini, nire burua ez nahasteko, kaka gehiago ez nahasteko, ezta balizko irakurlearen gogoa zapuzteko ere.
    Haatik, bihar etzi edota etzidamu idatziko banu, bestelako testu bat onduko nuke, ondu nezake. Bestelakoa baina ez arrunt diferente ere, alafede. Osatuagoa edota hobetua, apika. Hor nonbait.

    Atx! Aipatzea ahantzi nahi ez dudan kontu eta lema bat: “Biba Letu!”. Zer? Bada, hori, letu edo leitu nobela, arraio. Joder, alegia.  


Utzi iruzkina: