ZOROA

Genero xerka
Jon Artano Izeta kazetari-erreportariaren Juana leitu berri nago. Inpresio eztabaidagarriak jaso ditut. "Eztabaidagarri" berbak, kasuon, ez nau arras asetzen, ez du adierazi nahi dudana adierazten. Hara, inpresio kontrabertsiatuak eta kontrabertituak idoki-arazi dizkit liburuak. Polemikoak, naski. Baina, ez manera ezkorrean. Aitzitik, generoari dagokionez sailkatzea zaila zaidan liburu honek aztoratu nau. Hor nonbait eta nolabait.
Nire nahierako –literaturaz ari naiz–, ez da nahikoa liburu batek zu aztoratzea. Aztoratzeaz edo liluratzeaz bertze, berberak transmititzen dituen emozioak tarteko, liburuak zer ikasia eman behar dizu. Juana historia-saioa, memoria-entsegua eta kazetaritza-erreportajea duzu. Zernahi ematen dizu ikasteko. Hara, sailkatu beharrean, liburuaren beraren balorazioa egin dut. Kito!
Ez nago bakean, ordea. Juana saiakeratzat jo dezakezu. Literaturaz ari naizela erran dut baina. Alegia, izendapenik izendapen, parametroak parametro, saiakera-liburua "ezin da" literaturatzat jo. Ados. Ados edo. Halandaze ere, hainbat unetan, zenbait pasartetan, nobela bat bailitzan irakurri dut Juana. Intriga sorrarazi dit. Ez da thriller bat, ados! Baina, joder Juana! Alua Juana! (barka, arrunkeria!) ederto sufriarazi nauzu.
Generoa finkatu ostean, liburu kokatu behar
Generoa finkaturik –ezbaia, polemika sorrarazi dezakeena–, finkatu dezadan nondik nora doan Jon Artano Izeta intrepidoaren Juana delakoa. Bai, eiki, idazle gisara ekarri ez dudan liburu-egilea izendatzeko adjektibo parrasta dugu euskaraz: ausart, beldurgabe, izukaitz, ikaragaitz; adoretsu, bipil, bihoztun… Egilea baina, Hego Amerikan barrena dabilkizu liburu hau zertu ahal izateko; Kolonbian bereziki, bereber samar. Intrepidoa lehenetsi dut hartara.
Intrepidoa behar baita, Kolonbian sartzeko. Tira, Bogotako hotel bateko balkoi batetik ari denari ausarta deitzea larregi begitantzen zait. Bistan da. Kontua da, kontua jarduera-ekintza duzu kasuon. Hots, kontua hoteletik irten eta Termalesera joatea da. Baita harago ere, Nuquíra, Chocóra edota Tribugara. Nora? Sartu liburuan. Aurrerapen gisara, hauxe: paradisura.
2022ko Tene Mujika beka irabazi zuen proiektuak Anderik ande izena zuen. Handik Juana hau. JUANA. Maiuskulaz. Horrela dago idatzita azalean. Azala hizpide, hauxe esateko: liburua eskuratu nuenean, aspalditxoan, Jan Brueghelen “Gaztea”, Paradisua izeneko margoak ez ninduen liluratu. Ea, ei, liluragarria izan daiteke. Ordea, ez nuen barruan irudikatzen nuenarekin lotzen, edo ez nuen lortzen. Edo ez nuen espero nezakeenarekin bat egiten. Zer espero nuen, baina? Ez dakit. Ez nekien. Ez nuen jakiterik, hor nonbait. Hitz batez erranik: nahasita nengoen. Liburuari behako bat eman nion, eta, zalantza-balantza, apalategira pasa zen. Liburu pila handitzera pasa zen. Bertze bat.
Zerri guztiei ailegatzen zaie beren San Martin –ez naiz ziur erranairu egokia aukeratu izanaz–. Nik leitzea espero izan ohi dudan liburu guztiei ez zaie San Martin eguna ailegatzen. Oraingoan baina, augurioa edota presagioa bete eginen dut. Lasai, ez dut Juana akabatzeko enbeiarik. Aitzitik, pozik nago. Hagitz kontent. Juanaren historiak, Juanaren arrastoan ibilitako Jon Artano Izetak lekukotasun asko ekarri baitit, baita bizimodu bat eta bizimolde franko erakutsi ere. Irakurtzea norberaren izana –izanaren ezagutza– zabaltzeko eta handitzeko jarduera-ekintza delako. Tira, bueno, ekintza eta jarduera direlakoan nago.
Liburua finkatu bidean, kokaren paradisura arribatu ezinean
Kokarik koka, kokatu guran ari nauzu, Jon Artano Izetak Juana Perea Plataren arrastoan eginiko bidea ez baita bi eletan adierazterik, ez irudikatzerik ez plasmatzerik ere. Ez naiz gauza, marica. Ez espero beraz, irakurle balizko hori, liburuaren gaineko ezelako sinopsirik. Gainera, errana dut jadaneko, liburu hau ez da literatura. Alabaina, to eta no, lilura zaitzake. Hots, baditu zu zeu –liburu honen irakurle potentziala zaren hori– liluratzeko hainbat arrazoi:
– Juana Perea Plata euskal kontsul baten biloba duzu. Ha hor. Gutxi iruditzen?
– Andres Perea Gallaga aitita, Jose Antonio Agirre lehendakariaren albokoa izan zen. Euzko Jaurlaritzako politikari karguduna. Bilbo erortzear zela, honako berbak erran zizkion Agirrek Pereari: “Perea, hau galdu dugu”.
– Lehen atalaren ildoan –1936ko gerrari buruzko kontuez ari dena– sano “aberastuko” zara. Andres Perea Gallaga eta Perpetua Sasiain Aberasturi familia ezagutuko duzu.
– Ana Maria Represto duzu historia honetako lekukotasunen emaile berezia. Idazlea. Bilobentzat ari duzu. Léopold Galy ezagutuko duzu, bertzeak bertze.
– Kazetari-berri-biltzaileak ere badu meritu parte bat. Puska bat. Izan ere, bigarren plano batean ari da. Erreportari onen gisara, basoan kukutua.
Bigarren partean zaude jada. Irudi bat. Beso bat. Tatuaje bat: Forgive. Ez dizut gehiago salatuko. Ez naiz sapa ez sapo. Ez dut gura, bedaio. Forgive hitzak funtsa handia du istorio bilakatu zaidan historia honetan. Termales, Nuqui, Chocó… Thrillerra abian duzu: Entierro Chocoanoa. Nekropsia.
Hirugarren partean, Baratze bat kausitu duzu: Karibe. Munduan barrena ibiliren zara, handiz goiti eta beheiti: Panama-New Hampshire. Afganistan. Irudi sorta bat lagungarri. (H)istori(o)a hauxe legetxe: zuri-beltzezkoa zein kolorezkoa. Imajinatu dudan eleberri-liburu honen errealitatean kokatzen gaituzten argazkiak dituzu. Ederrak. Edertasunean edertasun: Juana.
Dagoeneko, Ana Mariaren testigantzez batera, Juanaren neba Iñakirenak heldu zaizkizu. Sentimenduak hanpatu zaizkizuke. Ez dira solaskide bakarrak, noski. Horiek dira kontalari nagusiak, alta. Berri-emailea, berriz, taigan kukutua ari duzu beti, kontalari isila. Paradisura bidean kamuflatua. Narratzaile nerabea –herabea beharbada–, ausarten jokoan ari duzu.
Ur gardena edan daiteke errekatik “paradisu” honetan, baina… Esaldia liburukoa duzu. Arestian aipatu paradisuaz ari zaizu, baina… Baina-rik ez balego, ez genuke paradisuaren beharrik. Datu bat, datu batto bat, liburua saiakera periodistikoa baita izan: “Bi egunez behin hiltzen dute lider sozial bat Kolonbian”. Datu parrastada duzu liburuan.
“Gure” kazetari intrepidoa baina, ez da tentela alajaina. Turista sardakoa da. Oihanean ez ezik, uretan, arrain sardakoa bihurtzen da. Beharrik, to! Eta no! Jokoan dena ez baita jolasa. Bertze solaskide bat du alboan dagoeneko: Margaux. Paristarra. Ez da tentela bera ere.
Partez parte, laugarrenean aidanez. Edo hor nonbait
Lehen gaua. Ur gardenak, ur uherrak. Carlos Tuneu du berba-kide eta berba-bide kazetariak. Surflaria. Argentinarra. Ederra. Juana ederra nola. Arkitektoa. Juana nola. Juana bere bizitzaren arkitektoa baita izan. Bakarra. Emakumea. Zer marra pasatu zuen Juanak? –esaldia hau ere liburukoa duzu–. Zer gertatu zitzaion Juanari? Galdera nirea da, baina ez dizut arrapostuaren arrastoan bideratuko. Irakurri eleberri-saiakera-suerte hau. Juana nola? Juana eroa. Berraquera "gaitza" pairatzen edota nozitzen zuena.
Morpho Helenor. Izen propioa duzu. Ez da gizaki batena, ez emakume batena ere. Tximeleta bat duzu. Mitxoletak eta pinpilinpauxak direla ez direla, Vladimir Nabokov idazlea sartu da historian. Lolita nobelaren egilea. Bertzeak bertze hori ere. Metaliteratura pixka bat jarraian eta tartean. Pixka bat es mucho, kasuon. Horregatik “saiakera” honen eleberri kutsuarena.
Inork inoiz –agian, Jon Artano Izeta berak– historia hau oinarrian, istorio bihurtuko balu, eleberriaren azalerako proposamen bat: ZOROA titulua duela, Juanak Morpho Helenor masailean duen argazki ederraz taxutzea.
Juana eroa. Juana noblea. Juana bihotz onekoa. Aktibista. Adjektibo hori ez dut liburuan atzeman. Wikipedian irakurri dut. Alegia, aktibista denari "ezin" zaizkio dohainak bertzerik esleitu. Hitz baldarra gero, esleitu hori. Ez leitu hori.
Bea Coronado eta Carlos sartu dira igande-domeka batean –horren argipena, hitz horren esanahia liburuan–. Carlos eta Bea bikotea duzu. Alaiaren gurasoak.
Aktibistaren definizioan hitz posible bat: Eroa. Noblea. Bihotz handikoa. Baina, baina… Baina madarikatua. Bihotza nolakoa egoa halakoa. Juanaren egoa, hainbatetan hegaldarazten zuena. Una vasca incorrejible. Esaldia nirea da. Zentzakaitza. Zuzendu ezina! Ez naiz luzetsiko. Intriga apur bat kenduko nioke Jon Artano Izeta idazlearen jardunari. To, hara, badu bere idatz-moldeak berezko jite bat.
Hainbat pista paradisura bidean: AGG presente. Isil-isilik hobe. Azkena. Azkenean gordean zeuzkanak edirenen dituzu. Eriden ezean, ediren. Idoro, naski. Idoroko zara. Paradisuan, hor nonbait. Hogeita pare bat pauso egin eta Juana Maria Luisa Sofia Perea aurkituko duzu. Goitizen parrasta bat ezagutu duzu harenganako bidean: Mulo, Mono, Tigre... bertzeak bertze. Historia honetako protagonistak dituzu ere, horiek ere bai. Morroi ankerrak. Haatik, eurak barik, historia honek ez luke izaterik.
Zoro zoriontsua idatzi omen zuen Dianak. Juanaren koinatak. Daveren arreba ote? Dave, Juanaren senarra. Ez dakit arreba ote den. Hainbat bikote edota senar izan baitzituen Juanak. Seme-alabarik ez, ordea. Ez zuela umerik erditu, erran nahi dut.
“Hilobiaren ondoan bidezidor bat dago, oin baten zabalerakoa. Mendebaldera, Pazifikora, ematen duela iragartzen duen itsasoaren urrumak”. Esaldia ez da nirea, Jon Artano Izeta idazlearena duzu. Prefosta. Bistan da, bistan denez.
Post Scriptum
Merezi al du iruzkin honek gehigarririk? Horixe ohiko nire galdera. Merezi dut halakorik? Aitzina bada, edonola izanik ere!
Juana delakoak liburu sorta batean pilaturik pasa du urte luze bat. Datorren urri aldean bi urte beteko ditu. Anartean, ume bat duzu. Itxuraz eta uste batez, artean, ezezaguna. Arrunki ezezaguna. Nire irudiko, noski.
Juanaren egilea, Jon –Artano gabe, ezezaguna zait Jon– behinola ezagutu nuen. Tira, ezagutu edo. Hor nonbait. Bidean bide, kazetari lanbidean gurutzatu ginen aldi labur batez. Hogei urte luze joan dira harrezkero.
Kazetari intrepido lotsagabe bat. Barka nire harroa: ni nolakoa, hura halakoa. Tipo ausart bat Artano hori. Lotsagabea. Ez horregatik, ozar edo harroa. Morroi mutiri bat –gure ipar-ekialdearen adieran–, elearen zentzu duinenean.
Bada, hara, Kolonbian erreportari aritu izan zenaren luma-ahots hura, luma-ahots hegalari finkoa bihurtu da azken urteotan. Gazte pijo haren berezko jaidura airez aire dabil –lurrean ere horregatik– gaur egun ere.
Sanfermin egunaren biharamunean, aita zenaren Lizarraldea eskualdera bidean harrapatu ninduen haren ahots espezialak. Espezial? Espazial?
Ozeano Bareako uhainak nola, EIko uhinak hala, pentsatu nuen. Hor nonbait hori ere!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: