Erdietsi ezinaren Euskal Herriko historiaren lagina

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2026-01-02 12:37

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1767356033907

Urte urdin ihesak

Jesus Mari Olaizola Txiliku

Elkar, 2025

Hasmentan

Urte berriaren hasmentanostegunez– idazten hasia naiz, Jesus Mari Olaizola Txilikuren Urte urdin ihesak nobelaren karietara. Joan berri den urtearen azken astelehenean irakurtzen hasia, ortziralean edo argitara eman asmoz. Nobela dut eskuetan, genero bakoitzak badauzka bere berezitasunak. Honek berezkoak ditu, bai horixe!

Zarautzen gaude. Joan zeneko XX. mendearen laurdena igaro da. Xabier Lizardi poeta zarauztarraren –sortzez, Jose Maria Agirre Egaña) Biotz begietan poema liburuaren “…Nork lekuskez, ikusi, urte urdin igesak” pasartetik hartu du Txiliku zarauztarrak Urte urdin ihesak delako honen izenburua.  

Pasarte hori, Biotzean min dut poematik erauzia da. Lizardi poetak bere amona zenaren ehortz eguna kari idatzia
–hala uste, bedaio–. Erauzia idatzi dut, berariaz, bihotz-minez idatzi ere bai. Nobelak tristura ez ezik, malenkonia dezente eragin dit. Ez hori bakarrik, jakina. Datozen hitz hauek ere erauzi dizkit eta.

Kokapena eta toki-izenak

Nobelaren lekua –kokapena– eman dut ezagutzera dagoeneko. Behin eta hasteko, nobelaren lan topografiko-literarioa azpimarratu nahi dizut: Masustegi, Erreustaenea, Sahatseta, Aierdimusu, Mugaratz ezagutuko dituzu, besteak beste; geografia horretako toki-izenak. Halaz ere, nobelaren lur-zabalera Saturraran edota Donostiaraino iristen da, beste lekuren beste artean, horiek ere.

Egonlekuak dira nobelaren berebiziko euskarriak, pertsonaiak fisikoki bertan egon edota imajinazioaren bitartez egon. Lan topografiko-literario aparta begitandu zait. Mapa geografiko seinalatu baten gainean ehundurikoa. Istorioen nolakotasuna eta berauek josteko moldea dira nobela bereizgarri, adierazgarri eta seinalagarri egiten dutena. 14 atal edo ehunez osatutako eta jositako nobela-jantzia duzu. Idazlearen bizitzaren nondik norakoaren ariora ehunduta. Idazle bera sortu aurretiko istorioek osatzen dute nobela, baita idazlearen bizitzaren arabera ari den narratzailearen kontakizunek.

Urte urdin ihesak nobelaren pertsonaia zentrala eta tronkala, narratzailearen –istorioen kontalaria– ama duzu. Amaren ahotan baina, ehun urte bizi izandako amaren bizikide askoren hitzak eta pasadizoak aletuko dituzu. Horixek berak ematen dio nobelari berezko sena, baita zentzu berezia eman ere. Erran nezake halaber, idazleak orain arte istorio kontatzeko modua –ipuinlari errekonozitua– esperimentatu eta ezagutu izan duela. Oraingoan, berriz, nobela bat gauzatzeko modua erdietsi duela. Ipuinetako pertsonaien –izakien edota gizakion– antologia egitetik harago joan da eta pertsonaia nobelatuen ontologia gauzatu du. Nobelako pertsonaien –norbanakoen– ezaugarriak sano ongi deskribatuta daude.

Irudimenari zabalik

Nobelaren tasunak anitz dira. Bi aipatu aldera, nagusiak naski: tokien garrantzia eta gertakarien oroitzapena. "Oroimenen topografia suerte bat" sortu izana aitortu zaio zarauztarrari. Urte urdin ihesak nobelak norbanakoon izaeraren ildoko hainbat irudipen iradoki dizkit. Honatx: oroimenak oroi, toki-izenak toki, bizitza oroipen eta kontu suerte-sorta baten zorte gisako bat dugu. Zortea zorizko kontua izaten da. Zortearen aldagaiak ditugu, halaber: zorte ona edota zorte txarra. Zorte-kolpeak ere osatzen dute pertsonon zoria. Bizitzea aukeratzea da, etengabeko aukeraketa. Irudi luke, bizitza zozketa batean suertatzen dela. 

Irudi luke idatzi dut. Ez inpentsan. Txilikuk ehundutako nobela honetan irudimenaren garrantzia baitezpadakoa izan zait. Irudimena gakoa da literaturan. Irudimenak baina, oroitzapena traditzen du. Nobelako leku-izen asko desagertu dira dagoeneko. Iraganeko baserriak dituzu horien artean. Izenak izana egiten du. Denboraren iraganak alabaina, izana huts eta izena hauts bihurtzen ditu. Iragan izan zenaren gainean eraikitako irudiek osatzen dituzte nobelako istoriook.

Idazleak istorioen gainean edo ariora kontatzen du historia. Irakurleok historiaren interpretazioaren eta imajinarioaren arabera eraikitzen ditugu istorioak. Fikziozko historia izanagatik, mundutxo horren historia ahalbait eta egiazkoen izan dadin saiatzen da idazlea. Fikzioa –literaturaren funtseko ezaugarria– errealaren ifrentzua da. Idazlea duzu errealitatearen ifrentzua ehuntzen eta taxutzen duena.

Txiliku idazleak jakin izan du, jakin izan duenez, pasadizo, gertaera eta pasarte errealak fikziora ekartzen. Bere ama da, oroz gainetik, pasarte erreal guzti horien e(ra)karlea, eta bera, idazlea, narratzailearen bitartez, nobelaren bideratzailea. Alabaina, dena ez dela kontagarria ikasi dio amari. Badirela kontatu ezin diren kontuak. Idazlearentzako, haatik, dakienari uko egitea etsitze latza izaten da. Nobelaren narratzaileak –amaren semeak– ez du betiere amak gomendatuari men egiten, halere. Idazleak, amarekiko errespetua galdu gabe, amaren hitza traizionatu gabe –edo amiñi bat tradituz– errealak izan ziren gertaerak kontatu nahi ditu kosta ahala kosta.

Historiaren istorioak

Historia fikzioaren bidez kontatzen denean, hots, literatura egiten denean, historiaren egia –denok bilatzen dugun egia delako hori– lengoaia dela medio erakusten duen doitasunaren araberako egia gauzatzen du idazleak. Txilikuren Urte urdin ihesak nobelaren dohainetako bat –bertze dohainen artean– horixe bera da. Hau da, bera jaio aurretiko Zarautz izan zena –Zarautz eta bere ingurumaria– agertzen digu amaren begien eta hitzen bitartez, baita jaio eta kozkortu ahala, berak ezagututako Gipuzkoaren parte baten idiosinkrasia deskribatu ere.

Deskribatzeaz haratago, Txilikuk iragan mende osoko jendarte baten idiosinkrasia ematen digu aditzera. Baserri munduko izaera, hala nola kalekoa. Euskaldunon bilakaeraren bi izaera horien kontrastasuna; baserritarraren eta kaletarraren artekoa. XXI. mendera ekarrita, nobelako pertsonaien istorioak –pertsonak bizitza errealean– fabula bateko pertsonaiak izatea irudi liezaguke, alabaina, fabulazkoak izan arren, pertsonaiok errealak izatetik sano hurbil ote direlakoan nago. Irakurle norberak ebazten du –zehazten du– zer diren gertakizun bene-benetakoak zein erdi-benetakoak, zein gezurrezkoak izan ere. Narratzailearen idazteko artea gezurra egia gisa azaltzea baita. Baita ilusioak egiazkoak bailiran kontatzea.  

Txiliku –baserri edota leku-izena bera ere– ipuinlari izatetik nobelista izateko emandako urratsa begi-bistakoa da. Haatik, nobela honen egokitzapena ez datza soilik nobelaren tramaren bilbean. Bilbe egokia izateaz gainera, istorioak josteko beharrezko den trebetasunaz gainera, hizkuntzaren beraren doitasuna aintzat hartu behar da. Nobela honek berezko estetika dauka. Fikziorik gabe ez dago literaturarik, eta literaturarik ez dago ere berezko estetikarik gabe.

Antigoalean, adituek diotenez, poetika zeritzoten gaur egun estetika esaten diogunari. Nobela honen dohainetako bat berezko bere poetika da. Berariaz poesia idatzi gabe, poesia suerte-molde bat antzeman zaio idazlearen prosari. Idaztearen idaztez, idaztearen poderioz, lortzen du bere prosa, prosa laua izatea. Eskuarki, kritikariok edo, beti aurkitzen dizkiegu idazlearen narrazioei akatsak edo eskasiak. Haren lanaren arakatzearen poderioz, bilatzearen bilatzez, nobelari trama handiago baten falta egotziko diogu. Hau ez bada, hori. Hori ez bada hura.

Istoriok irudimenean

Zabal diezaiogun gure imajinazioari tarte zabal bat: desira diezaiogun Txiliku idazleari bere ama adina urte bizi dadila, artean, nobela sorta oparo bat idatz dezan. Eskarmentuaren eskarmentuaz taxutuko lukeen hurrengo nobela-moldea imajinatzen dut. Haatik, ez dezadan laudatu imajinazioak iradokia. Izan ere, agian, akaso diot, balizko nobela horrek soiltasuna galdu bailezake. Erran nahi baitut, sarritan maiz, borondate handiko eta sakoneko ustezko literatura taxutu nahian idazleek hitz lauaren egokitasuna gatzen dute eta.

Txilikuk prosa adeitsua dauka, irakurlea txunditu nahi ez duen hitz laua. Larre motzean ondutako hizkuntzaren apaindura darabil. Apaindura doi-doikoa. Bere amaren mintzamoldearen jatorriari atxikitako idatz-tankera duzu berea. Amaren garaikideek kontatzeko zuten abileziaren ildoan gauzatua, amak kontatzeko duen grinaren eitekoa. Hala berean, idazteko molde horren bidez, irakurleari bide-irekiak lagatzen dizkio errealaren eta fikzioaren arteko mugetan mugitu dadin. Bidez bide, irakurle norberak bidezidorrak zabal ditzan.

Literaturak lagundu behar digu oroimena aktibatzen. XXI. mende honetan, literatura –euskal literatura, kasu–, XX. mendean gertatu izan zenaren lekukoa izan dadila nahi dugu. Urte urdin ihesak nobela erdietsi ezinaren Euskal Herriko historiaren lagina duzu –gure Iparraldeko erdietsi elearen zentzuan ari nauzue–. Euskal Herriaren geografiaren erdialdean kokatua duzu nobela. Geografia hori ez da mapa hutsala, ez horixe!

Pertsonen intimitatea kausituko duzu geografia horretan. Lurreko arrakalak hala nola pertsonon arrakalak antzemanen dituzu. Familiako kideen artean sorturiko pitzadurak, hausturak eta desadostasunak. Gerrateek pertsonon aiurrian zabaltzen dituzten zauri sendaezinak. Pertsonen jokamoldea eraldatzen duen gosetea. Erlijioaren bitartez barneratutako sinesmen gaitzak. Historiaren bilakabidean pobreen eta aberatsen artean ezarritako lege in-justuak; ez-justuak. Idealismoak. Hau da, ideiak absolutura daramatzaten idealismoak. Haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa eta zahartzaroaren gainean hausnartzen lagunduko dizu, baita giza-eboluzioa aintzat harturik, garaian garaiko norbanakoen bizi-esperientzien eta eskarmentuen arteko kontratasunak eridenen dituzu ere.

Literaturak pertsonok izaki ebolutiboak garela lagundu behar digu ulertzen. Ez dago izaterik eraldatu gabe. Ama eta semearen arteko dialektikan eraikitako nobela honek aise erdiesten du notable kalifikazioa. Nire uste zuloan, irakurleok igoarazi dezakegu nobela notable izatetik sobresaliente izatera. Hala nola, baita notable izatetik aprobado nota izatera. Izanik ere, literaturaren egokiera ez datza soilik idazlearen doitasunean, irakurlearen erdiespenean datza baita ere. 
    Urte urdin ihesak nobelaren tasunez jabetzea irakurleok ditugun literatura-dohainetan datza. 


Utzi iruzkina: