Epikaren paradigma
Lezo Urreiztieta: gudari de la utopía
Abiaburuan
Berriz ere, lagun batek –ia beti lagun berak– gomendatutako liburu bat dakart. Merezi duelakoan gomendatuta, eta merezi duenez, hona nire iruzkina. Dibulgazio lanetan ari ote naizen inpresioa daukat. Izanik ere, Kirmen Uribek Lezo, el mejor amigo Hitzaurrean eta Josu Martinezek El último viaje de Lezo Urrezitieta Sarreran paratuak irakurri ostean, zer gehiago erran? Biak ala biak dira onak. Josu Martinezen lana gaitza, apartekoa. Martin Ugaldek liburua eskuetan hartuko balu poztuko litzateke zinez.
Gudari baporean noa
Lezo Urreiztieta: gudari de la utopia liburua epikaren paradigma duzu. Areago, euskaldunon epikaren adibidea. Bikaina. Mendez mende ematen den “fenomeno” horietako bat. Fenomenoa da protagonista, phenomenoa ere liburuak helarazten digun (h)istori(o)a. Liburuak badu epikatik, erruz, badu etikatik eurrez ere, eta hala berean, badu bere estetika. Liburu apaina da gero! Nire hitzen estetikaren gainean, hobe Koldo Izagirreren poema/aipu hau. Apaingarria ez ezik, sano adierazgarria:
Baforeak datoz kaira
Mundu osotik Bizkaira
Zutitzen diren otzanek dute
edertzen gure kondaira.
Lirika apur bat
1/ Gudari baporearen uberan paratu naiz eta itsas uhain kirruak goldatu ditut bi ekitalditan.
2/ Erran nahi baitut: liburua bi eseraldietan “irentsi” dut, itsasoak Lezo Urreiztietaren Gudari baporea “irentsi” zuen legetxe.
3/ Mundu bat heldu zen Bizkaira eta Euskal Herria mundura zabaldu zen aspaldi jada. Lezo Urreiztieta kuraia eta gurarengatik balitz, Euskal Herria munduan legoke, aske eta burujabe.
4/ Antzina, behiala, “sinesmenek ozeanoak urratu zituzten”. Sinesmenek sarri itsutu gaituzte, baita mitoek ito ere. Alta bada…
5/ Nihaurk Lezo Urreiztieta ez dut “gudari”-tzat jotzen, inondik inora ere. Nire hustean –itsas uste zuloan betiere–, gudariak lubakian hil izaten dira. Lezo Urreiztieta itsas haizea da. Haize azkarra. Izate askea. Itsasoan nola lurrean, gudan jardun zuena, gudari izan gabe, alajainkoa.
P. S.: Sineslea izan edo sinesgabea. Eszeptikoa edota agnostikoa izanik ere, irakurri ezazu liburu hau. Merezi dizu! Sinistu iezadazu, otoi eta arren. Gezurrak egiak nola, biak ala biak gezur-egiak dira, zinez izan ere.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: