Emakumea ez da "bestetasun" erabatekoa, subjektua ere bada (ERANSKINAK)

Bigarren Sexua I eta II
Egitateak eta mitoak / Bizi izandako esperientzia
Simone de Beauvoir
Irene Arrarats Lizeaga (Itzultzailea)
ERANSKINAK (I)
Emakumea eta Bestea
Emakumea Bestea bihurtu dute modu konkretu batean: interes ekonomikoen mesederako, baita, orobat, ontologiko eta moraletarako ere; komeni arau. Subjektuari –emakumeari, kasuon– ezinbestekoa zaio bera mugatzen eta ukatzen duen Bestea: bere burua iristeko beharrezkoa dauka errealitate hori, bera ez den errealitate hori. Baina libertate hori arrotza da, zeinek “nire” libertatea berresten baitu; gatazkan hasten baita “nire”-arekin: Bestearekin. Horra kontzientzia dohakabearen tragedia: kontzientzia bakoitzak nahi du bere kabuz subjektu subirano gisa agertu.
Bakoitzak Bestea nahi du apalarazi, esklabotzara eraman, baina esklaboak, lanean eta beldurrean, esentzial sentitzen du bere burua, eta itzuli dialektiko batean ageri da inesentzial gisara. Bakoitzak bere burua eta Bestea; bere burua objektu eta subjektu gisa hartzen duenez gero.
Adiskidetasuna eta eskuzabaltasuna –libertatea onartzen baitugu– ez dira bertute errazak, horiexek dira gizonaren lorpenik behinena, haien bitartez aurkitzen du bere egia. Ordea, borroka beti hasi berri baten egia da. Borroka betiere abolitu baten egiak eskatzen du gizonak bere burua gainditu dezala une oro. Gizonak jarrera morala izatea erdiesteko, bere izateari uko egin beharra dauka, eta bere existentzia onartu. Gizonak baina, ez du gogokoa zailtasuna, beldur dio arriskuari. “Gogoaren des-sosegua” da, ezagutzen du garaipenaren truke ordaindu beharrekoa. Amets hori haragiztatua, horixe da emakumea. Hura da bitartekari desiratua. Emakumea kontzientzia bat da.
Kontzientziaren argitasunera goraturiko natura da emakumea, kontzientzia bat berez esanekoa. Ezein gizonak ez luke onartuko emakume izatea, baina denek nahi dute emakumeak egoterik munduan. Eskertu dezagun Jainkoa, berak sortu baitzuen emakumea: “Natura ona da, emakumea eman baitie gizonei”.
Emakumea, Beste gisa agerturik, izatearen osotasun gisa ageri da aldi berean. Hala ere, gizonarentzat emakumea ez da Bestea hezurmamitzen duen bakarra. Emakumeak ez du beti garrantzi bera izan historian.
Horiek horrela, halaz ere, okerra da emakumea esklaboarekin parekatzea, esklaboetan izan da, baina izan dira libreak ere. Emakumea esentzial sekula bihurtzen ez den insentzial gisa ageri zen, Beste absolutu bat gisa, erreprozitaterik gabe.
Herritarrak ez du aukerarik bere destino pribatuaz arduratzeko, Hiriak edo Estatuak irentsita izan dira. Espartan emakume grekoek baino goragoko kategoria bat zuten. Modernitatean berriz, Napoleon, Mussolini edota Hitlerren diktaduretan –estatu militarretan edo diktadura bigunetan– horiek Bestekoaren gurtza guztiak uxatu zituzten.
Mito guztien atzean subjektu bat dago, bere esperantzak eta beldurrak zer transzendente baterantz proiektatzen dituena. Gizonek asmatutako eta zertutako jainkoak adoratzen dituzte. Gizasemeek gizonezko figura apartak asmatu dituzte beren burua goraipatzeko. Zaila da mito bat deskribatzea: ez du onartzen ez harrapa dezaten ez muga dezaten; kontzientziei segika ibiltzen zaie.
Modernitate berantiarraren garaian, honatx beste perla bat, Kierkegaardek paratua, honelakoxea: “Hain da arrotza, hain nahasia, hain bihurria emakume izatea, ezen eta emakumea ez dela positiboa kontsideratzen, negatiboa baizik bere buruarentzat den horretan: gizonari ageri zaion bezalakoa da”.
Emakumea beti izan da Beste gisa definitua. Nahiz eta badiren Beste gehiago ere bai. Bestea Gaizkia da, baina, Ongiarentzat ezinbestekoa izanik, Ongiaren aldera itzultzen da. Hari esker oro dut eskura –pentsu du emakumeak–, baina, era berean, hark bereizten du Oro nigandik; infinituaren atea da, eta nire finitutasunaren neurria.
Emakumeak ez du inolako kontzeptu finkorik hezurmamitzen.
Bestea Natura gisa eta pareko gisa bilatzen du gizonak emakumearen baitan, baina naturak zapaldu egin du gizona. Naturatik sortu eta naturan hiltzen da gizona. Gizonak Naturan ditu sustraiak; animaliak eta landareak bezala sortu da. Bizitzak bi alderdi ditu gizonaren begietan: bizitza kontzientzia da, borondatea, transzendentzia, espiritua. Materia da, berriz: pasibotasuna, immanentzia, haragia.
Antzinako filosofoentzat, maskulinoa da printzipioz sortzailea. Emakumea lurra da, eta gizona, berriz, hazia. Emakumea ura da eta gizona sua. Gizona ama aratz eta kastoa dela pentsatzen tematzen da, ez da amodiozko jelosiaz tematzen, baizik eta uko egiten dion harentzat berarentzat gorputz bat onartzeari. Mutiko hori da gizona.
Ernatzea heriotzarekin lotu izan da beti, baina baita emankortasunarekin ere. Heroi hila piztu egiten da udaberri oro. Heriotzaren ur ilunak biziaren ur bilakatzea, heriotza eta haren besarkada hotza amaren magala izatea. Mitologian halaxe duzu.
Materia inorganikoa amaren sabela da. Bizitik askatzea, hain zuen, berriz egiazko izatea da, perfekzionatzea. Aitak bere existentzia singularra berretsi nahi du. Harro egon behar du bere “desberdintasun funtsezkoan”.
ERANSKINAK (II)
Duela mende bat eta orain
Gaur egun ere, emakumeak beldurra ematen dio gizonari –duela mende bateko emakumeaz ari gara–, norberaren kontingentziaren izua da, emakumearengan proiektatua. Gizarte primitiboetan askotan, haren sexua bera inozentea zen: zilegiak ziren mutikoen eta neskatoen arteko josteta erotikoak, haurtzaroan bertan hasita.
Hilekoaren aldia dator gero. Kutsadura bezala hartua jendartean. Odoljarioa zazpi egunez. Monstrua da emakumea. Haur eria eta hamabi bider lohia. Izarren eta mareen destinoa gidatzen duten indar kosmikoek gatibu dute emakumea, Kontua ez da odola, baizik nondik atera den, genitaletatik. Espermaren osagarritzat jotzen baita hilekoa.
Sualdi erotikoan, gizona haragiaren misterio amaigabean, gizona galtzen saiatzen da maitalea besarkatzen duenean. Gizonaren sexualitate normalak Ama eta Emaztea bereizten ditu. Eva Adamen laguna da. Gizonari emana zaio, hark goza eta ernal dezan, lurra gozatzen eta ernaltzen duen bezala.
Lurra lantzea bezalakoa da: goldatzea, landatzea, ereitea… Emakumea gizonaren harrapakina da, senarraren ondasuna. Gizona izuaren eta desiraren artean dabil. Erregimen patriarkaletan, gizona emaztearen nagusia da, eta piztietan edota elementu hezigabeetan beldurgarriak diren bertuteak dauzka. Horiek oso ezaugarri preziatuak dira, betiere, bezatzen jakin duen jabearentzat.
Gizonarentzat ez dago deus desiragarriagorik, beste ezein gizakiren jabetza izan gabeko norbait izatea baino. Konkista da absolutua. Emakumearen birjinitatea jainko bati eskaini ezean, deabruarekiko harremanaren seinalea da. Gizonak izar distiratsuak aurkitzen ditu emakumearengan: ilargi ameslaria, eguzkiaren argia, leizeen itzala. Alderantzira emana: emakumeak basaloreak dira, lorategietako arrosa harroak.
Animismo hori itsatsita dago gizonaren bihotzean. Marinelarentzat itsasoa emakume arriskutsua da, zitala, konkistatzen zaila baina maitatua. Konparazio horiek sublimazio sexual bat adierazten dute. Emakume guztiei ez zaie berdin-berdin ematen gizonaren eta emakumearen arteko bitartekaria izateko aukera. Gaztetasuna eta osasuna eskatzen zaizkio oroz gain emakumeari. Emakume maitatua ederra izatea da.
Edertasun femeninoaren ideala mudakorra da, exijentzia batzuk ez dira aldatzen, ordea. Emakumearen patua norbaitena izatea denez, haren gorputzak objektu baten ezaugarri geldoak eta pasiboak izan behar ditu. Gizonaren edertasuna, maskulinoa, ostera, gorputza eginkizun aktiboetara egokitzea da: indarra, arintasuna malgutasuna izatea. Transzendentzia baten adierazpidea da gizona.
Gizonak, emana baitzaio emakumea, eskatzen du haragia presente egotea emakumearengan, bere faktikotasun hutsean. Emakumearen lehenbiziko gezurra, lehenbiziko traizioa, biziarena berarena da: biziak bere zahardadearen eta heriotzaren hazia du bere baitan, nahiz eta arropa erakargarrienak jantzi.
Ama izateak higaturik, erakarmen erotikoa galtzen du. Antzua bada ere, urteen joana aski da haren xarma histeko. Amaren figura asaldagarri ageri da ostera ere: joan zaio emaztekiaren xarma. Emaztekia bera da harrapakin arriskutsua. Ezkondutakoan, senarrak ez dio maitasun-seinale publikorik egin behar, ez du ukitu behar. Sakrilegioa da.
Oharra: erlijioaren ildoan ari da Beauvoir eta gu haren arrastoan.
Ildorik ildo
Schopenhauer matxistaren ildoan berriz, hauexek: “Bere kontzientziak senarraren gizontasuna babesten du. Gizonak emakumeari dion izua, sexualitateari oro har dion izua dela eta datorkio, edo alderantziz, gizonaren dualtasunaren erakusgarritzat jotzen duenean”.
Subjektua den aldetik, gizonak mundua ezartzen du, ezartzen duen unibertsotik kanpo geraturik. Haren subiranoa bihurtzen da, haragi eta sexu gisa ikusten baitu bere burua, ez da gehiago kontzientzia autonomoa, ez da libertate gardena. Gizona konprometituta dago munduarekin, zeina objektu mugatua eta igarokorra baita.
Gizonak faloa goresten du transzendentzia eta giza-jarduera atzematen dituen heinean. Besteaz jabetzeko modu bat den heinean baino ez du harro onartzen bere sexualitatea. Emakumearengan objektibatzen da porrota, bere gorputzaren ondorioz gizonarentzat delako oro har, eta ez gizon jakin batentzat. Gizonak norbaiten jabe izan nahi zuen. Orain, norbaiten jabetza eskuraturik, bera da bere buruaren jabe bihurtu.
Besteaz jabetu nahi horretan, gizonak ezinbestekoa du bere burua bertan irautea. Jabetze ezinezkoaren porrotean, ordea, saiatzen da Bestea bihurtzen. Bestearekin bat egin nahian, ezin badu egin, orduan alienatu egiten da, galdu. Norberaren burua ere arrotz bihurtzen duen edabea hartzen du.
Amak hiltzera kondenatzen du semea bizia ematen dionean, maitaleak biziari uko egitera bultzatzen du gizona, eta lo guztiaren esku uztera bere burua. Gizonak emakumearengan maite eta gorroto duena –baita maitalearengan eta amarengan– aberezko bere destino irus finkoa da, hau da, existentziarako behar duen bizia, finitutasunera eta heriotzara kondenatzen duen bizi hori bera.
Emakumeak bere desira asebete ez duenez, izter artean lotzen du maitalea, eta hark sentitzen du nola pizten zaion, berriz ere, desira.
Emakumea erlijioan
Kristautasunak jantzi du emakumea, ostera ere, ospe beldurgarri batez: beste sexuarenganako izua da gizonarengan kontzientzia atsekabetuaren urradurak dituen moldeetako bat. Kristaua bere buruarengatik aparte dago, jatorriko bekatuaren ondorioz, gorputza arimaren etsai bihurtu da, haragiaren lotura guztiek makurrak dirudite. Emakumea deabruaren atea da.
Birjinaren sabelak itxirik iraun du. Onanismoak arrisku berak dakartza: askok uste du koitoan gizonari giharra eta buru argitasuna makaltzen zaizkiola. Sexu jardun guztietan Bestea dago, gehienetan emakumearena haren aurpegia.
Emakumearen magia guztiz otzandua dago familia patriarkaletan. Kristo Jainkoa da, baina emakume bat da gizaki guztien erregina: Ama Birjina. Ama gisa, emakumea beldurgarria zen, beraz, amatasunean antzaldatu eta menderatu behar da.
Mariari emazte tasuna ukatzen zaio, emakumea Ama modu aratzagoan goraipatu ahal izateko. Jainkoa da erregea bakarra. Emakumeak bide bakarra du: jainkoari men egitea eta makurtzea, haren nahia betez, gizonaren mendekoa izateko. Gizonak ez du emakume izan nahi, baina den oro bere baitan hartzearekin amesten du. Beraz, baita bera ez den bere baitan hartzearekin ere: amari dion gurtzan, haren ondasun arrotzez jabetzen ahalegintzen da. Atsegin zaio amaren besoak beti prest daudela bera hartzeko. Ama alde izatea komeni zaio gizarteari, amak semearen gainean duen eragina dela medio. Amak duen aura errespetuzkoak, Amak inguratzen dituen debekuek ito egiten dute etsaitasunezko higuina, zeina bere nahasian agertzen baita amak sortzen duen haragizko samurtasunarekin.
Amaginarrebaren mitoa, nazkak libre adierazteko moldea edo bitartekoa da.
Ezteietako errituen –bere– xarma magikoez gabetzen dutenez, senarraren mende dagoenez gero, ekonomiaren eta gizartearen partetik, “emazte zintzoa” da gizonaren altxor preziatuena. Emakumeari “nire erdia” esaten dio. “Ore biguna” da. Ekialdean: “Potxoloa”.
Material malguegiak ez du balio, moldaerraza delako, emakumearengan badago estatus guztiei ihes egiten dien zerbait. Horra, emakumearen baliorik behinena. Gizonak Natura giltzaperatu nahi du etxean. Horra kultura: gizonak egina. Inmanentziaren lurraldea gobernatzea nahi du. Gizona transzendentziarako emana.
Ama Birjina emankortasuna da, ihintza, bizi-iturria. Muina eta funtsa. Hark baretzen ditu desirak. Huraxe ematen diote gizonari gogobetegarria. Batzuetan, asaldagarria dirudi gizasemeek nahi dituzten eraikuntzen eta naturak duen kontingentziaren arteko distantzia horrek, baina onuragarria bihurtzen da. Emakumea gizonaren obra arriskuan jartzeko otzanegi izanik, hura aberastu eta haren lerro markatuegiak leundu baino ez ditu egiten.
Emakumea Beste misteriotsua da, zeina immanentzia sakona da eta transzendentziatik urrundua. Emakumeak musak dira, gizonaren jardun poetikoaren mamia. Inspiratzailea. Musak ez du berez deus sortzen, sibila zuhur bat da, nagusi baten mirabe bihurtzen dena otzan-otzan.
Ikaspena: horratx emakumea gizonaren arau. Emakumea balioen neurri gisa agertzen da aldi berean. Epaile pribilegiatua ere bada. Jainkozko eginkizun hori emakumeari eman zaio sarritan maiz.
ERANSKINAK (III)
Literaturaren ildoan
“Andrea eduki” esamoldeak bi adiera ditu: objektu eta epaile funtzioak ez daude bereizita. Emakumea pertsonaltzat hartzen denez geroztik, hura konkistatzeko ezinbestekoa da haren oniritzia. Printze urdina eta Loti ederraren irribarrea atsegin zaio. Heroismoa eta poesia sedukzio-bideak dira. Emakumeak harreman negatibo baten barnean bihurtzen du gizona idealtasunean produktiboa. Emakumea erreproduktiboa da.
“Emakumea, Infinitu faltsu eta egiarik gabeko Ideala denez, finitu-tasun eta erdipurdiko tasun gisa ageri da, eta aldi berean, gezur gisa”. (Hamlet).
Gizona enfant terrible bat besterik ez da, gizona, ordena kolektiboari mehatxu larririk egiten ez diona. Gizarteari ihes egiten badio, Emakumea, Naturaren eta Deabruaren aldera itzultzen da. Bere xarma libreki darabilen emakumea, abenturazalea da –vampa, femme fatal–. Arrisku horrexengatik da emakumea joko zirraragarria bat gizon abenturazalearentzat.
Askatasuna ezin da zatikatu: emakume librea, askotan, gizonaren kontra izango da libre. Dialektikak berak bihurtzen du objektu erotikoa, sorgin beltz, zerbitzari traidorea. Gizonak emakumeaz jabetuz gainditu nahi izan du gaizkia. Neurri batean lortu du, baina kristautasunak, erredentzioaren eta salbazioaren ideiak ekarriz, bere zentzua betea eman zion kondenazio hitzari. Bada, halaxe, ematxarrak bere esanahi guztia hartzen du emakume santuaren kontrakarrean.
Emakumearen konplexutasun horrek berak liluratu egiten du gizona: horra hor etxeko miraria, merke-merke ere xoratu dezakeena. Zer ote, aingeru ala deabru? Hona adibiderako pasarte bat: “Emakumeak kapritxoak izan behar ditu, esaten dio, autoritatez, gizon batek emakume zintzo bati”.
Gero, noski, “egiazko neska gaztea” galtzen ari denez gero, haren gurtza zaharkituxea geratzen da.
Psikologiaren ildoan
Mitoa, alderdidun mitoa. Zergatik hezurmamitzen da mito hori forma jakin batzuetan? Ez jakin. Dena dela ere, mito horrek zerikusia du konplexu guztiekin, obsesio guztiekin, psikosi guztiekin: Ediporen konplexua.
Haurrak zenbat eta bizkorrago eta bipilago ikusi bere burua subjektu gisa, orduan eta ez-erosoago zaio bere autonomia auzitan jartzen dion haragizko lotura hori. Ondorioz, ihes egiten die laztanei, lotsa moduko bat ematen dio amaren autoritateak, amak bere gainean dituen eskubideek, amaren presentziak berak batzuetan.
Gizonaren baitan, amarenganako jarrerak eragina izan du emaztearekiko eta matailekiko harremanetan, baina ez modu sinplean. Ama modu konkretuan, sentsualean desiratu duen nerabeak, beharbada, oro har, emakumea desiratu du harengan. Sexualitatea oso garrantzitsua da. Izaki femeninoengan bilatu ohi da emakumea gehienetan.
Emakumearen bidez eta emakumeak duen onenaren eta txarrenaren bitartez ikasten du gizonak zer den zoriona, zer sufrimendua, zer bizioa, zer bertutea, ikasten du guztia: ukoa, tirania eta haren bitartez ikasten du bere burua ezagutzen. Emakumea josteta eta abentura da, baina baita proba ere, emakumea gizonaren garaipena da, baita gainditutako porrotarena ere. Bigarren hori garratzagoa da, noski, emakumearen galeraren zorabioa baita, kondenaren lilura, heriotzaren lilura.
Gizonak ezin du ukatu egin nahi ez izatea, ezin dio bere amets guztiak batzen dituen ametsari uko egin, nahiz eta kondenatua izan errefusik krudelenetara. Emakumea Natura oparoaren eta gizonaren arteko bitartekari zuhurra da, eta aldi berean, Natura menderaezinaren tentazioa da, zuhurtzia guztiaren kontrakoa. Gizonak munduaren gainean egiten duen konkista eta haren porrota.
Gizonak ematuarengan proiektatzen ditu desiratzen duena eta beldurtzen duena, maite duena eta gorroto egiten duena. Gizonak espero du publiko eta epaile izango duela, bere izatean berretsiko duela bera. Emakumeak, ordea, auzitan jartzen du gizona bere ezaxolaz, bere trufaz eta irriez.
Zaila da horiek guztiak aditzera ematea, hain zuzen ere, gizonak bere burua osotoro bilatzen duelako emakumearengan, eta emakumea Oro delako. Baina, in-esentzialaren munduan baizik ez da Oro. Bestea da guztiz.
Historiaren ildoan; gizonezko pentsalarien harian
Mito femeninoaren harian ari gara, baita, beraz, mitoaz modu kolektiboan ere. Hainbat idazleren molde singular eta sinkretikooi behako bat emanen diegu:
Aristoteles eta Santo Tomasen erranetan, emakumea gizontasun-faltaz da emakume. Sexu ahulak badu bere tokia mundua, baina toki apala inondik ere, halarik ere, balioduna: gizonari ematen dion plazera.
Emakumea, abere emeez gozatzeko aurreiritzik gabekoak dira: gaixoak gaiztoak eta, sekula ere ez guztiz garbiak.
Berantago, Montherlantek –higuinaren ogiaren adierazle– eta Nietzschek ahulezia ikusi dute feministengan; Pitagorasen ildoan ikusi ere.
Heroismoak emakumea paratu zuen tronuan, eta bertatik, Tolstoiren iritziz: gizon ergelek eta doilorkeriak eman diote irudi ona emakumeari. Logika falta eta ezjakintasun egoskorra egotzi beharrean, emakumeek ez dute ezertxo ere gizonei emateko. Amaren rolaren irudia dute –horrelakoak dirudite– erlijioaren ispilu eta miraila.
Semeak gainditu egiten du ama, eta hala, ihes egiten dio. Semea engainatzea eragotzi diote amari, amak semearen premia baitu. Bere burua ez zaio aski. Izaki bizkarroia/parasitoa izaki. Maitalea ere, ama bezain kaltegarria da.
Beauvoirren ustez, Montherlantek femenino tasun betierekoaren mitoa hustu izan balu, zoriontzeko motiboak genituzke. Ordea, emakumea ukatzea ezinbestekoa da emakumeei laguntzeko, beren burua gizaki gisa ikus dezaten. Emakume mota bakarra onartzen du maitale gisa, hots, bera inola ere epaituko ez dutena, bere harrotasun beldurtia ukituko ez dutenak: emakume pasiboak eta begetalak.
Gizona baino gutxiago izatea, errukarria izatea ez da nahikoa. Emakumeen ahuleziarik apalenak nahikoa dira haren soberbia elikatzeko. Koexistentzia da bizitzako drama handiena. Maitasuna irrigarria da, mespretxagarria da, baina ez adiskidetasunaren erruz. Adiskidetasunak ez baitu errairik.
Lagun erosoen artean, errepikapena ematen dioten artean, berak hartzen du rol nagusia, berak janzten du ereinotz-koroa. Eta purpura. Ez etsaiek ez hark ordezkatzen bide dituen ideiek ez dute halako garrantzirik. Ez al da gatzgabea zoriona nahiago izatea mistika baino? Neska kaskarinen moralaz ari zaigu.
Oharra: Simone de Beauvoirren ildoan eta gogoetan ari gara, betiere.
Literaturaren ildoan segitzen dugu
D. H. Lawrence edo harrotasun falikoa aztergai: Montherlanteren beste muturrean dago. Emakumearen eta gizonaren harreman bereziak definitzea baino, bigarren horren ustez, Biziaren egian kokatzea da kontua. Gizon-bizimoduak gizontasunaren adierazgarri izan behar du oso-osoki. Emakumea ez da dibertitzeko gai, ez harrapakin, ez subjektu baten aurrean dagoen objektua, baizik polo bat. Emakumea ezinbestekoa da beste muturreko poloa existi dadin.
Napoleonek –konparazioenera– ez zuen hori ulertu, eta bere destinoan porrot egin zuen. Ez dago emakume bat irudikatzen duen estatua txikitxo hura baino ederragorik. Koitoa ez da anexio bat, ez bietako inoren errenditzea, baizik eta zoragarriro mamitzea bestearen bitartez.
Gizonarentzat emakumea Bestea da: berarekin hasten den bizitza sendo arrotz basa. Odola arimaren mamia da. Gizonaren odola ere emakumearen bi ibai dira, baina beti desberdinak eta ezin nahasizkoak. Faloa odolezko bolumena da, emakumearen odolezko hura beten duena. Gizonaren odolezko ibai indartsuak inguratu egiten du emakumearen odolezko ibai handian, sakon-sakonean.
D. H. Lawrencerentzat emakumea gizona bezain egiazkoa da, egiazko komunio bat lortu behar da gorputza baino askoz gehiago eskatzen dioten maitaleari. Animalia arrek hezurmamitzen dute Biziaren misterio asaldagarri indartsua. Emakumeek, berriz, haien sorginkeria sufritu baino ez dute egiten.
Pentsamendua eta ekintzak faloan dituzte sustraiak. Emakumeak falorik ez duenez, ez du eskubiderik ez baterako eta ez besterako. Gizonaren tokia bete dezake, baita bikain bete ere, baina egiarik gabeko joko bat da.
Lawrencek ez du inondik ere madarikatzen amatasuna, aitzitik, pozik dago haragia delako, onartzen du bere jaiotza, maite du ama. Horren leuko bere obra.
Lawrencek higuin ditu emakume modernoak, kontzientzia bat aldarrikatzen duten kreatura zeluloidezkoak, kautxuzko horiek. Ilargiak, emakumeen planetak, atzera egiten digu tira. Maitasun horrek hurbil du gorrotoa. Emakumeak sexualki bere buruaren kontzientzia hartzen duenean “guztiz modu hotzean jokatzen du bere bizitzan, borondate mekaniko baten aginduak betez”.
Emakumeak ikasi behar du borondatea menderatzen. Emakumea da beti, baina sekula ez bizitza. Uko egin behar dio maitasun pertsonalari.
Lawrenceren eleberriak, oroz gain, “emakumeentzako hezibidea” dira. Emakumeak gizona behar du bitartekari, gizona modu autonomoan makurtzen baita. Lawrenceren gizonezko pertsonaiak edo kondenatuak daude hasieratik edo jakinduriaren sekretuen jabe dira hasieratik. Hainbesteraino, non emakumea makurtu egin behar baitzaio haren jainkotasunari, nahiz eta gizona falo bat izan, eta ez buru bat. Beraz, haren aburuz, emakumea ez da gaizkia. Ona ere izan liteke, baina mendekoa betiere.
Paul Claudel eta jaunaren mirabea
Dudarik gabe, emakumea da bekatuaren jatorria, eta gizonak harengatik galdu du paradisua. Alta bada, galtzeko arriskurik ez balego, salbaziorik ez legoke. Askotan, emakumea ez da ilusio-emaile etsigarri bat baizik. Emakumea ezpata bat da bihotzean sartuta. Natura guztia laburbiltzen du: arrosa eta lirioa, izarra, fruitua. Txoria, haizea, ilargia, eguzkia, ur-zurrusta.
Maitasuna, bi pertsona librek elkarri ematen dioten onespena, hain ona iruditu zaio Jainkoari, ezen sakramentu bihurtu baitu. Azkenean, beste baten figuran, bakoitza Bestearengana iristen da, Bestearengana bere betetasunean, hau da, Jainkoarengana.
Hartara, bakoitzak bestearengan aurkitzen du lurreko bere bizitzaren zentzua, baita bizitza honen eskastasunaren testigantza ukaezina ere. Ikuspegi maskulinoa berresten dugu hartara: sexuetako bakoitza Bestea da sexu osagarriaren begietan, gizon-begietan emakumea ageri da askotan beste absolutu gisa. Emakumea Bestea bihurtuz mamitzen da subjektu gisa. Eta bere-buruarentzako horretan ageri da Bestea gisa. Destinoaren sustengua da emakumea. Dohaina da. Jabetzaren posibilitatea. Emakumeak ulertu egiten du jainkoa.
Esan izan ohi da, emakumeak lurrerako duen bokazioak ez diola ezertan kalterik egiten haren autonomia Naturaz gaindikoari. Baina, kontrara, autonomia onartzen dionean emakumeari, katolikoak pentsatzen du berak baduela eskubidea gizonen pribilegioak beren hartan uzteko mundu honetan. Hots, seme-alabei emana bizitzea, senarrari, etxeari, lurrei, Aberriari. Elizari emana.
ERANSKINAK (IV)
Emakumea, gizonezko poeten ildoan
André Breton edota poesia: beste baten maitasunak beti dakar maitasuna. Bretonentzat, ordea, beste mundua ez da zeru arrotz bat. Hemetxe bertan dago. Emakumea enigma da, eta horrek planteatzen ditu haren aurpegi askotarikoek, denak baturik, hauxe osatzen dutela: esfingearen azken haragiztatzea bistan jartzen digun izaki bakarra. Emakumea horregatik da errebelazioa. Sekretuaren irudi peto-petoa.
Emakumea poesia da. Sen hustean oinarritutako molde berezi bat, mirakulutik hurbilekoa betiere. Emakumeak amodioan mamitzen du bere burua eta amodioan da zinez heltzeko modukoa. Singularra denean, destino singular bat onartzen duenean.
Honatx Bretonen maxima pare bat: “Tokia eta formula aurkitzea nahasi egiten da arima batean eta gorputz batean egia edukitzearekin”. “Maite dugun emakumearen erretratuak ez du izan behar irribarre egiten diogun irudi bat bakarrik, galdekatzen dugun orakulu bat izan behar du”. Baina orakulu bat izateko, ezinbestekoa da emakumea bera ideia bat edo irudi bat baino gehiago izatea: “Mundu materialaren giltzarria”.
Gizarte-zirkunstantziek eragozten diote gizonari ondo aukeratzea, aukeratzeko askatasuna oztopatzen diotelako; egiaz eta benaz, emakume baten bila dabil hautatu oker horien bitartez. Emakume bakar hori, haragizkoa eta artifiziala aldi berean, naturala eta gizatiarra, sorginkeria batez jantzirik dago. Surrealistek maite dituzten objektu nahasgarrien sorginkeria batez jantzirik dago. Orduan, gizonak emakumearengandik hartzen du zentzua, beraz, den guztiak: “Hain zuzen ere, amodiorengatik batzen dira ezin gehiago, dena emanda, jo eta su, amodiogatik bakarrik. Esentzia eta esistentzia dira hor”.
Poeta ia-ia guztientzat, emakumeak natura hezurmamitzen du, baina Bretonen arabera, natura adierazi ez ezik, askatu egiten du. Edertasuna askoz gehiago da edertasuna baino: “Jakintzaren gau sakonarekin”.
Emakume bat eta gizon bat, zeinek denboraren hondarrean zu eta ni izan behar duten. Lerratuz eta lerratuz joanen dira bizitzaren azken mugetaraino eta bizitzaren ahanzturaraino: zehar-distiraz, atzera begiratu gabe. Emakumea da silabazio posible bakarra gizon guztientzat. Artean, emakumeak bere burua aurkitu behar du. Lehenik eta behin, baketzaile-eginkizuna bete behar du. Beraz, komeni da emakumearen alde egitea orain, bizitzan emakumeari bere egiazko balioa noiz itzuliko zain gauden honetan.
Bretonek emakume haurra hautatu du –dio Beauvoirrek–, ez beste emakume batekin kontrajartzeko, baizik –bere iritziz– haren baitan datzalako haren baitan bakarrik: Bestea. Bretonek poeta gisa begiratzen dio emakumeari, hau da, Bestea gisa.
Stendahal edo egiaren kutsu erromantikoa: “Gizona haurra izan denetik maite izan ditu emakumeak modu sentsualean. Haiengan proiektatu ditu nerabezaroko asmoak: emakume bat xarmanta, elkar adoratuko dugu, hark nire arima ezagutuko du”.
Haien maitasuna nahiago izan zuen zernahi adiskidetasun baino, eta haien adiskidetasuna gizonena baino. Emakumeen adiskide samur horrek ez du sinesten misterio femeninoan. “Femenino tasun betierekoen” idea pedante iruditzen zaio, barregarria.
Emakumeek erneago dute gogoa, gizonek, berriz, sendoagoa. Fintasun handiago ideietan, gizonek begiratzeko indar gehiago. Emakumeek nahiago dituzte emozioak, arrazoia baino. Gure usadio lauak dira kausa familiaren inolako kontuz arduratzen ez direnez gero.
Stendalentzat, antifeministentzat, emakume jantzi buruargiak munstro batzuk dira. Ez ohikoak. Hortik arazoa. Emakume guztiek kulturaz janzteko modua balute gizonek bezain modu naturalean, haiek bezain naturalki baliatuko lukete. Stendhal antifeminista da eta seriotasuna gorroto du: dirua, ohorea, maila, boterea. emakumeak panpinak… Emakumeek ideia paristar argalak dituzte, eta Stendhalek emakumeei hauxe eskatzen die: seriotasunaren tranpan harrapa ez ditzaten.
Ustez, garrantzitsuak diren gauzak eskura ez dituztenez, emakumeek arrisku gutxiago dute alienatzeko gizonak baino. Errazago zaie naturaltasuna atxikitzea, xalotasuna, eskuzabaltasuna… Horra emakume suerte bat: bizirik daude, badakite egiazko balioen iturburua ez dagoela kanpoko gauzetan, bihotzetan baizik. Horixe da bizi duten munduaren xarma: munduan egote hutsarekin.
Askatasun hutsa ez da nahikoa haiei xarma erromantikoa emateko: libertate puru bati estimuan antzematen zaio, baina ez emozioan. Emakumeari sentibera zaio bistako kutsu erromantikoa. Askatasunaren abentura orduantxe da zalantzatiena, urragarriena, zorrotzena.
Emakumezko pertsonaiak zenbat eta gatibatuago egon, orduan eta sinpatia handiagoa die Stendalek. Askatasuna bere tranpetan harrapaturik geratzen denean, bere burua engainatzen duenean, sakonkiago gizatiarra da, eta beraz, are maitagarriago Stendalen begietan.
Standalen pentsamoldea sintesi labur bat: zibilizazio hipokrita baten biktimek emakumea porrot bat dela sentitzen duten heinean, txit gogoko du ikustea nola haiek azerikeria eta fede txarra erabiltzen dituzten pasioaren eta zorionaren egia nagusitu dadin; sinisten dituzten gezurren gainetik jardunez.
Azpimarratzekoa da, Stendhal hain sakonki erromantikoa izaki eta hain deliberatuki antifeminista izatea.
Ikaspenak (I): fida liteke nor bere bihotzaz? Zein da maitasunaren eta giza promesen balioa? Sinestea eta maitatzea zer da, erokeria ala eskuzabaltasuna?
Galdera horiek bizitzaren zentzuari berari dagozkio, norberaren eta guztien biziaren zentzuari. Arrenkuraz onarturiko arrisku horrek ematen dio abentura heroiko baten kolorea haren istorioari.
Ikaspenak (II): emakumea ez da bestetasun erabatekoa, subjektua ere bada. Bidezkoa beharrezko eta baitezpadako da feministek emakumearen espiritu arrazionala aintzat hartzea. Aintzat hartu eta onartzea.
ERANSKINAK (V)
Emakumea eta mitoa
Mito kolektiboaren isla gailendu da. Idazle singular bakoitzak emakumea haragi gisa agerrarazi izan digu. Amaren sabelean sortu da gizasemearen haragia, eta maitalearen besoetan birsortu, hala emakumea naturarekin identifikatuta dago. Naturak hezurmamitzen du: piztia, odolezko ibarra, arrosa irekia, sirena; muino baten biribilgunea denez, humusa ematen dio gizonari, izerdia…
Emakumeak poesiaren gakoak izan ditzake. Immanentziara kondenatua. pasibotasunera, bakea ematen du, harmonia. Rol horiek arbuiatzen baditu, mantis religiosoa edo ogro gisako bat bihurtu daiteke. Edonola den ere, Beste pribilegiatua da betiere. Gizona transzendentea da, heroien zeruan. Emakumea, aldiz, lurrean zimeltzen da, haren oinetara makurtua. Faloan ezarri dute transzendentzia. Faloa, ordea, emakumeari esker bizi da, eta bere ahalmena immanentzia da. Beraz, Bestea ona eta beharrezkoa da.
Katolikoentzat, Jainkoa baino ez da transzendentea, Jainkoaren begietan, berdin-berdinak dira ekiten dion gizona eta hura zerbitzatzen duen emakumea. Nork bere kondizio mundutarra gainditu behar du. Emakumeari Bestea izatea nahiko zaio. Emakumea ideala da gizon bakoitzarentzat: Bestea zehatz-mehatz haragitzen duena, gizona bera ezagutarazteko gai dena. Emakumea definitzean, idazle bakoitzak bere etika orokorra definitzen du. Hori munta handikoa da, Bestearen alderdi guztiak osorik laburtzen baititu.
Mitoak literaturan
Emakumearen mitoak toki nabarmena du literaturan. Askotariko mito-motak daude. Emakumearen mitoa, giza kondizioaren alderdi aldaezin bat sublimatzen duenez, hau da, gizadia bi banako-kategoriatan “banatzen” duen “sekzioa” hori sublimatzen duenez, mito estatiko bat da.
Esperientzian atzemandako errealitate bat proiektatzen du, zeru platoniko batean edota esperientzian kontzeptualizatutako errealitate bat proiektatzen du. Idea transzendentearen eta egia absolutuaren jabea da. Emakumea formulatzea beste absolutua formulatzea da: erreziprozitaterik gabe, hura subjektu bat, pareko bat dela arbuiatuz, esperientziak besterik badio ere.
Feminitatearen ideia inkoherentzia bitxien inguruan dabil. Halaxe ibili ere emakumea. Emakume guztiek parte bat dute askotariko arketipo horietan. Arketipo bakoitzak emakumearen Egia bakarra gordetzen omen du. Gizonaren sentimenduak sofistenak dira betiere, hau da, emakumea ilehoria eta beltzarana izan zitekeela ulertzen ez zuten sofista haiena.
Gizarte patriarkalean emakume erakarmen erotikoa erabiliz gonbita egiteko mutil gazteei normala da, ondarea xahutu dezaten legearen barruan. Baita familia buruei ere bai: “Emakumeak gaiztoak dira”.
Bi printzipio kontrajarriak daude: baga, ez du errealitateak agintzen. Biga, gizarteak eta norbanakoak erabakitzen dute zer aukeratu garai bakoitzean. Kasu bakoitzean, beren beharren arabera gauzatzen dira. Alabaina, beren instituzioak eta balioak proiektatzen dituzte aukeratzen duten mitoan.
Mitologiaren eta altruismoaren ildoetan, gizonak inposatzen ditu bere nahiak, haren abnegazioaren eskubide absolutuak bermatzen zaizkio gizonari, eta izan-behar kategoriko bat inposatzen zaio emakumeari.
Emakumea: haragia. Haragia Gau eta Herio da esatea, Kosmosaren Edertasunak Handiena. Mitoaren onuragarritasuna. Pribilegio guztiak justifikatzen dizkio, baita pribilegioez abusatzea ere.
Gizonek ez diete emakumeei fisiologikoki dagozkien sufrimenduak eta kargak zertan arintzerik, ezen “Naturak emanak dira”. “Misterio” femeninoa da gizonen bihotzean sakonenik iltzaturikoa. Bihotz maitemindu batek ihes egiten die dezepzioei.
Emakumearen historia gizonezko pentsalari batzuen ildoan
Kierkegaarden beste aburu bat, berriz ere: enigma bizi baten aurrean, gizona bakarrik geratzen da. Amets esperantza eta beldurrekin, bere maitasunarekin, bere banitateekin. Mila bider hobea iruditu zitzaion jabetza positiboa emakumea baino. Misterioari esker, hortxe segitzen du harreman negatibo horrek. Nor bere buruarentzat baino ez da subjektua, nork bere burua baino ezin du hauteman bere immanentzian, ikuspegi horretatik Bestea beti da misterioa.
Gizonen begietan, nor-bere-buruarentzat horren iluntasuna nabariagoa da bestetasun femeninoan. Gizonen ikuspegitik absolutuak dira mundua pentsatzeko erabiltzen dituen kategoriak: ez daki erreziprozitatea zer den, beraz, gizonarentzat misterioa denez, emakumea misteriotzat hartzen du. Baina, misterio deitzen dugun hori ez da kontzientziaren bakardade subjektiboa, ez eta bizi organikoaren sekretua ere. Emakumeak lanak izango lituzkeen nor den erabakitzeko. Sufrimenduen munduan, erreala ez da bereizten alegiakotik.
Maitasunagatik onartzen du ematen zaion hori, ala interesagatik? Senarra maite du ala ezkontza?
Emakumeak ez du baliabiderik bere bihotza arakatzeko, aldartearen arabera, ikuspegia aldatuz joango zaio bere sentimenduei dagokionez. Emakumeak pribilegio ekonomikoak eta sozialak dituen kasu bakanetan, misterio irauli egiten da. Horrek erakusten du misterioa ez dagokiola sexu Horri, Besteari baino gehiago, ezpada egoera bati.
Emakume askorentzat transzendentziaren bideak itxita daude: ezer egiten ez dutenez, ez dute beren burua egiten ezer izateko. Galdetzen dute: zer izan gintezkeen horren orpotik: zer garen? Zer diren emakumeak? Alferrikakoa da galdera. Emakumeak bere figura objektiboa disimulatu ohi du, nahita. Gizonari gezurra esaten ikasten du nerabezarotik. Misterio femeninoa errealitate sakonagoa da, haatik. Pentsamendu mitikoak onartzen duen legez.
Beauvoirren arabera, literaturak huts egin du emakume “misteriotsuak” deskribatzean. Hala ageri da. Mitoa azaltzeko kontuan hartu behar da emakumea nola erabiltzen duen gizonak. Emakumearen mitoa luxu bat da. Mito gehienek sustraiak dituzte gizonak bere existentzia eta inguruko munduaz duen jarrera espontaneoan. Objektibotasun faltsuaren tranpetako bat da mitoa, seriotasuna erortzen den tranpa horietako bat.
Emakumea galtzen ari da. Non daude emakumeak? Gaur egungo emakumeak ez dira emakume. Emakumea gizakia dela onartzeak ez du pobretzen gizonaren esperientzia: bere inter-subjektibotasun guztiarekin ere, ez luke batere galduko aniztasuna, aberastasuna, intentsitatea.
Mitoak arbuiatzea ez da sexuen arteko harreman dramatiko oro suntsitzea. Emakume sexu galdu bat da, beraz, zaila zaie emakumeei onartzea norbanako autonomoaren kondizioa eta destino femeninoa. Hortik trakeskeriak.
Oharrak: berriz diotsuet, Simone de Beauvoirren pentsamenduaren ildoan aritu gara. Abantzu, duela mende bateko pentsamendua. Orduko emakumearen egoera eta gaurkoa bera ote? Berdina ote? Ez, ezta? Nik ezetz diot.
Bigarren galdera: emakumearekiko gaurko gizonaren egoera eta jarrera bera ote? Orduko gizonak eta gaurkoak berdinak ote? Berdinak al gara ordukoak eta gaurkoak? Gizonez ari naiz.
Azkenik edo
Karl Marxek iragarri zuenez, gizarte demokratikoetan ez dago tokirik Bestearentzat. Gaur egun gailendu edota ezarri den sistema demokratikoak berea egiteko bidean bide badago –alegia, amaitzeko zorian–, egungo sistemaren honen ondorengoan zein izanen da emakumearen tokia? Emakumearentzat tokirik izanen al da?
Bestalde, eta generoaren arteko borrokaz beste, emakumeak nahiz gizonak, Bestea delakoarekin elkarrekin bizitzeko –sistema partekatu bat eraikitzeko– gai izanen al dira?
Bada, agian, askatasunaren eta berdintasunaren ildoan, eskubideen berdintasunean baitan bizitzeko gai izanen dira. Oxala!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: