Eleberri heteroklitoa: berezia, berritzailea, arraroa, ez ohikoa, arauz kanpokoa

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2025-11-15 11:33

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1763203132396

Enarak

Bernardo Atxaga

Pamiela

Sar hitza

Confuso nago. Eta ez naiz Konfuzio. Txiste txarra duzue, doike. Haatik, ez duzue ukatuko, literatura jardun konplexua da. Kontu nahasia. Enarak nobela nahaspilatsua da. Alabaina, berau interpretatu nahi dut. Ez dut behar
–ez naiz behartuta–, baina nahi dut. Behar + nahi, nahi + behar. Baitezpadako binomioa literaturan –fikzioan– eta bizitzan –errealitatean–. Enarak nobelaren partitura ez da samurra. Nobelaren partizioa ere, ez da azaltzen erraza, pertsonaia ugariren rol nahasiak direla eta. Hara, bego hor. Ez naiz –komunikazioan– gama altuko "izaki materialista". Arroan goiti abiatu naiz, Arroagoira. Aitzina.

I

Urtain boxeolariaren zamak –pertsonaiaren famak– ezin izan zion
Jose Manuel Ibar pertsonari eutsi

Enarak Inventarium 1

1. A. Enarak nobela hiru ataletan banatuta duzue. Trama Arroagoian zentratuta dago oroz gainetik. Madrilera joan-jinean garatzen da halaber; pentsamenduren bidez, ez modu materialean. Fernán Caballero kaleko pisuko sofan garatzen dira Jose Manuel Ibar Azpiazuren pentsamenduak + idealak + ametsak. Nobela Urtainen bizitzaren harian eta bizipenen ariora bilbatuta dago. Lehen ataleko eta nobelako lehen pertsonaia nagusia duzue Urtain; aspaldi hilda dagoen boxeolaria. Bigarren eta hirugarren ataletan margolari bat da + duzue + dugu protagonista nagusia: Pedro. Ez da aise pertsonaia hau identifikatzea. Bada, hala berean, pertsonaia gako bat nobelan: Guillermo El Tiroles. Nobelako tiranoa.

1. B. Pertsonaiak Arroagoian jardun dira oroz gainetik, eta bi leku nagusietan egon + ibili + ari ere: Guillermoren errotan eta bertako kanposantuan. Urtain bertan dago lurperatua. Kanposantua + zimiterioa + hilerria, nobela ulertzeko edo berarekin sintonizatu + sinkronizatu ahal izateko tokia duzue. Ez dago nobela honekin sintonizatzerik, nobelak dakartzan datuak + pasadizoak + bizipenak sinkronizatu gabe.

1. C. Lehen ataleko pertsonaiak gregoriak dira. Legionarioak. Semiyazzatarrak. Semiyazza nagusiaren morroiak: Azazel, Batrael, Uzariel... Azazeldarrak bezala ere kontsideratuak. Franki ere partidakoa da. Pertsonaien izen horiek hipokoristikoak dira. Nobelan asko dira holakoak. Pertsonaiak pertsonaia, Jaun izeneko idiarekin gertatuak munta handia du lehen kapitulu honetan. Zoritxarreko istorioa.

1. D. Lehen atal honetako kontakizuna Batraelek narratua da. Alta bada, haren hitzak Uzarielek antolatu + taxutu + bihurtu ditu testu. Uzariel izen hipokoristikoak badu munta handia nobelan. Hurrengo ataletan pertsonaia bera izanen baita narratzaile nagusia, testuen antolatzaile nagusia 

1. E. Bigarren atalean zaudete dagoeneko, 2017ko ekainaren 29an. Bi hamarraldi luze joan dira Urtain eraldatu zenetik. Urtain eraldatu + hil + suizidatu + bere buruaz beste egin zuenetik 25 urte, hor nonbait. Uzarielek, dena dela ere, eraldatu terminoa darabil. Pertsona + pertsonaia horiek izaki materialtzat jotzen baititu. Guillermo El Tiroles, arestian aipatu garai + data horretan eraldatuta zegoen ere. Urtain lurperatu zuten hilerri berean dago. Urtainen historia erreala apur bat ezagututa, Arroagoian lurperatu zutenez ohartzea amiñi bat bitxi egin zait. Arraroa.

1. F. Uzarielek Urtaini buruzko informea osatu behar du. Baita Guillermori buruzkoa ere. Atal honetan Frankik berebiziko tokia hartzen du. Aura izeneko pertsonia ere bai. Nolanahi den ere, Uzarielek darabilen terminologia aintzat hartzera, klaribidentzia handia behar da tramaren bilbean katramilatuta ez bukatzeko. Klaribidentzia hitz gakoa da, funtsezkoa, nobela ulertzeko. Trama: Guillermoren errota salgai dago. Guillermo istripuz hil zen, edo akabatua + kalitua izan ote zen argitzeak bihurtzen du nobela beltza. Berez den baino beltzagoa.

1. G. “Hasiera batean, azedia uxatzearren, hilketa bat izan zedin desiratzen nuen” idazten dizue + digu Uzarielek. Alegia, bere hitzetan hiltzaileak dira bizitzari bizitasuna ematen diotenak. Press izeneko morroi sakats jotzen du susmagarritzat Uzarielek. Semiyazza ofizialaren prezeptoen araberan aritzeko morroi alienatu da Uzariel. Misio batean sartuta daude. Bibliaren zantzuak antzeman ditzakegu + ditzakezue narrazioan. Berbarako, Saulo eta Pedro pertsonaiak, beste askoren artean, ezagutuko dituzue (h)istori(o)a garatu ahala.

1. H. Bizitzaren errepresentazioan jokatzen da + duzue + dugu gure izatea. Pertsonak nobela batean nola, halakoak gara bizitza errealean: pertsonaiak gara. Hortik pertsona izena. Hortik pertsonaia. Kontu inportante bat ikasi du Uzarielek: “Urtaini maskara handiegia suertatu zitzaion, zama handikoa pertsonaia zutik mantentzeko”. Urtain boxeolariaren zamak –pertsonaiaren famak– ezin izan zion Jose Manuel Ibar pertsonari eutsi. Ikaspena izan zen Uzarielentzat, ikaspen zaila izan ere. Zenbaitetan zama idatzi beharrean fama idaztea komeniko litzaiguke, naski. Alabaina, fama eta zama sinonimoak + kidekoak dira. Izaki materialen berebiziko ezaugarriak izaki termino biak.
   Espoiler: Jose Manuel Ibar Azpiazuren atarramentuak zauri sakona e(ra)gin zion Jose Irazu Garmendiari.

1. I. Hirugarren atala Pedro pertsonaia eta margolariaren eraldaketa kari hasten da. 2042ko irailaren 27an zaudete + gaude + daude. Errotaren inguruko aferak dira istorioaren ardatza edo narrazioa berau garatzeko aitzakia. Uzarielek Pedroren pentsamenduak ekarri dizkizue + dizkigu. Pedrorentzat Urtain izaki material zintzoa zen. Noski, denok ez zuten zintzoa zenik uste. Esate baterako, Guillermorentzat. Tiranorentzat. Alabaina, biak ala biak, ziurgabetasuna + zalantza + ezbaia sorrarazi zituzten mundutik joatean. Modu ezohikoan joan ziren eta.

1. J. Azken atalean pertsonaiak biderkatzen dira. Pedroren ehorzketara bildutako izaki materialen zerrenda luzea da, jite askotarikoa da, anitz dira pertsonak + pertsonaiak, asko dira maskarak. Luze joko lizueke horiek denak hemen irakurtzea. Bi edo hiru azpimarratuko ditut. Bat, Pepino. Beste bi Art eta Rat. Izen hipokoristikoak bi-biak ere. Haiekin amaitzen da nobela. Guillermoren iragana gogoratua da aldian-aldian + anartean. Pedroren gutunez osatuta dago bigarren atala. Aitormena izenekoa tarteko. Uzarielek gutunari post data (PD) bat jartzen dio. Kexu da Uzariel. Uzarielek errota bihurtutako museoan dauden margo lan-andanaren balorazioa egiten du. Haien gaineko aburuak ematen ditu. Artista horiek bere bizitzaren parte izan dira. Hurbil-hurbilekoak.

1. K. Artista horietako batzuek, edo horiek denak gabe ere, bere hurbilekoak –sentimenduz eta sen artistikoz hurbilekoak– Erlea aldizkari literarioaren ilustrazioak egin zituzten. Ekimen literario zapuztuta. Erlea aldizkariko arduradunak Pedrori idatzi gutuna ere badago + baduzue + badugu hirugarren atalean. Enarakumea hil da izeneko azpiatalarekin amaitzen da nobela. Nire uste zuloan, fikzioan Pedro margolaria da artista + sortzailea. Fikziozko pertsonaia, Uzariel, aldizkari horretako arduraduna da. Guztizko jauzia egin duzue + dugu mundu errealera. 

II

Azazeldarrak agoniara daramatzan azedia + angustia

Enarak Inventarium 2

2. A. Izana eta forma. Edukia eta nolakotasuna. Enarak nobelaren edukia edo funtsa aintzakotzat + kontutan hartu aitzin, bere idazkeran erreparatuko dizuet: idazmoldea euskal literaturaren berritze suerte bat begitandu zait. Idazmolde orijinala. Ez dago literaturarik, literatura berritzerik, orijinaltasunik gabe. Alabaina, nago orijinaltasun eskas + falta hori –konparazioenera, nobela honen ezaugarri berriak– ez ote den literaturak berak –literaltasun gero eta eskasagoa + ahulagoa dela eta– aitzina egiteko + bizirik segitzeko daukan ezintasunaren adierazle.

2. B. Azazelen ezaugarri bat da, beren mintzaldia + beren jarduna Up! batekin laguntzea –bat + bi + hirurekin–. Azaldeldarrenak oro har. Nork berea dauka: Fluf, fluf, fluf da beste bat. Zeinu onomatopeikoak dituzue horiek, mintzalarien jardueran presenteak nobela osoan. Kra, kra, kra duzue beste bat. Hots, onomatopeia horiek argazkiak egitean entzuten ditugun flash delakoen antzeko zeinu legetxe ulertu dezakezue + dezakegu. Onomatopeia horiek jite zinematografiko bat ematen diote nobelari. Izaki materialen mintzoa barik, izaki materialen flashak aditzen ditugu: flashka, flashka, flashka…

2. C. Nobelaren berezko doinuez bestera, nobelaren koloreak txit esanguratsuak dituzue. Koloreen gamak eta tonuak izen zientifikoaren bitartez adierazten ditu idazleak. Motor koipearen irisazioekin kolore gorriztak hartzen zituena, kasu: Pantone Red 0322. Mercedes-Benzaren atzeko argi gorriak Pantome Rubine Red tonukoak dira. Elemenia bat koloreren izen zientifikoak dituzue. Koloreak aditzera emateko modu orijinalaz bestera, usainen usaiazko marka merkantilistak ere adituko dituzue nobelan. Jendarte kontsumistaren laginak + lekukoak.

2. D. Koloreak kolore, auto eta motorren izen andanek ematen diote nobelari berezko kolorea, kolore berezia + arraroa. Enarak nobelaren izana batez ere “izaki materiala”-z osatua dagoela barneratu dut. Jendarte kontsumista + materialista bat adierazteko modu orijinala da jite hori. Nolakoa berebizikoa egin zait –eginen zaizue–, izan ere, narratzaileak menperatzen dituen kontsumo gamak askotarikoak + ugariak + maila-altukoak dira.

3. E. Pertsonaiak “izaki material” gisa aditzera ematea molde berezia da. Baita Arroagoiko pertsonaien ezaugarriak adierazteko moldea ere. Arroagoiko tenperatura hain baxua izatea harrigarria da + duzue: – 5, – 10, –20. Arrazoia, apika, hauxe: agintea duten aingeru militarrek berba egite dutenean, hotza isurtzen baitute hitzekin batera. Hala berean –agian + apika + akaso– tokian tokiko kontakizunak eragin dezake istorioaren tenperaturan. Kontalariak supituki Mont Ventoux mendira salto egin baitezake, pentsamenduaren bidez betiere. Mundua idealizatzeko modu bat gisan hartu daiteke + dezakezue + dezakegu. Adibide bat besterik ez da. Bidenabar, galdera: idazleak perpausak osatzeko darabilen + zeinuak zer adierazten du? Idazleek lengoaiaren koma, puntu, bi puntu, kakotx… eta bestelakoekin dituzten ezintasunak? Baliteke.

4. F. Hizkuntzaz edota lengoaiaz ari garenez gero, adierazgarria duzue ere latinaren irrupzioa narrazioan: item delakoak, kasu. Latina ez ezik, espainiera –cabrón + hijoputa + gilipollas– , frantsesa –s’il vous plaît + la vie est belle + rien que des conneries!–, ingelesa –hairdresser + lion style–. Euskal aingeruak mi-cuit gelditutako errebeldeak besterik ez dira + gara. Izan ere, konparazioenera, nola hobeto adierazi lameculos berba, halaxe idatzita ez bada? Ez da berdin kaka + merde + mierda idaztea. Urbi et orbi. Arroagoiko euskaldunak unibertsalak dira + gara, doike. Etorkinak barne. Albaniarrak barne. Narrazioaren saltoa + jauzia + saut tarteko Avignongo Palais des Papes delakoan egon gaitezke. Globalizazioaren ondorioa ote? Antzezleku honetan + horretan, nork bere maskara darama. Errepresentazioaren itemak dira maskarak. Batzuetan maskara handiegiak. Urtain eraldatu zuen maskara legetxe.

4. G. Pertsonaien araztasun gradua ehunenekoetan agertzen dira narrazioan. Hots, % zeinuaren bitartez. Berbarako, “Petriren aurpegian [Petri duzue, pertsonaia askoren artean, bertze bat] %90eko purutasuna zuen irribarre bat azaldu zen”. Izugarria da, hagitz kontrastagarria, ingurumari aratz batean, mendi poliberdeen gama eta kolore tonu aldakorrak. Hori dena, nobelaren inguruko nire doxa duzue. Platon filosofoari kasu egitera, betiere. Ordea, kasu eman ezazue iritzia + aburua + opinioa + doxa adierazten dugunean. Izan ere, horiek guztiak anti-doxa erraz bihurtzen direlako + baitira.

4. H. Bref: nabarmentzekoa da Uzarielen hitzen aniztasuna + joritasuna + berritasuna. Espoiler egiteko kuidadorik barik –espoiler hitza jator hitza bezain purua duzue: % 100 purutasuna. Azken kapituluetako batean, Erlea aldizkariaren sostengatzaile ekonomikoei –diru publikoaren administratzaileei– idatzitako gutuna irazutarra aurkitu duzue. Dagoeneko + honezkero, atxagatarrak + irazutarrak idaztean, leinu bereko izaki materialez ari naizenez jabetu izana espero dut Up!

III

Atxaga nahiz Irazu 

Enarak Inventarium 3

3. A. Enarak astindu d(it)udan bitartean –irakurri ez ezik, astindu + inarrosi behar baituzue nobela– autorearen beraren honelako liburu hauek jauzi egin zaizkit pentsamendura: Etiopia, Obabakoak, Gizona bere bakardadean, Desde el otro lado… Bernardo Atxagaren obrako liburu zenbait dituzue, lagin moduan ekarrita. Enarak bere obraren azken nobela izan omen + ei daiteke. Baliteke. Nolanahi den ere, idazlea osotara agertzen da nobela honetan. Atxaga nahiz Irazu, alegia.

3. B. Etiopian iragarri utopia ageriko da hemen. Areago, nobela distopikoa bihurtzen + bilakatzen da. Berean, bere obran baino are modu nabarmenagoaz, giza alienazioa eragiten duten ezaugarriak sano agerikoak dira: pertsonaien jite ezkorrak. Jendarte baten etorkizuneko irudikapen fiktizioa da nobela, eta funtsean + azken finean jendarte erreal baten isla. Euskal jendearen + jendartearen jitea ote da.  

3. C. Barnealdeko fikziozko Obaba beharrean, kostaldeko Arroagoia da nobelaren erdigunea. Madril hiriburuak baina toki nabarmena hartu du hala berean. Gizona bere bakardadean dago hemen. Carlos pertsonaiaren ildokoen + kordakoen seinaleak antzeman ditzakegu + ditzakezue. Katalunia ere presente dago: La nostra bellesima Beatriu gogoan. Baita Desde el otro lado nobelaren zantzuak eta seinaleak egon ere. Gure jitea –euskaldunona, alegia– autoritarismoaren paradigma da. Antiautoritarismoaren aurkako jardunean kontsolidatzen den autoritarismoa, naski.  

4. D. Atxagaren nahiz Irazuren iraganak zeharkatzen du nobela. Bien ala bien iraganek zeharkatzen dute idazlea, enarek + txoriek nobela osoa zehartzen duten legez. Atxaga izaki inmateriala eta Irazu izaki materiala elkarrekin daude hemen. Enarak eleberria izaki inmaterialen eta izaki materialen arteko komunikazio ahalegina da + duzue + dugu. Nire doxa duzue, noski + naski. Literatura ezinbesteko komunikazio-bidea dela –oro har, arte espresio guztiak– erreibindikatzen du idazleak. Alta bada, frustrazio moduko bat gailentzen da + zaio. Nobelari azedia kutsu fuerte + sarkorra bat aditzen zaio eta.

4. E. Nobela heteroklitoa da. Tonu heteroklitoan idatzita dago. Broma: – %45. Jakin-mina: – %15. Haserrea: –% 10. Kezka: %10. Deserotasuna: – %20. Enarak berezia da: desberdina + arraro + arauz edo ohiz kanpokoa. Oro har, berean errepresentatua dauden margolari andanaren berezitasunak ekarri nahi izan ditu idazleak. Sorkuntzaren aldarria egiten du. Baita berezko balore materialari garrantzia eman ere. Atxaga izaki inmateriala eta Irazu izaki materialaren artean deliberatzen da nobela. Bi hitzez ebatzirik: nobela barrokoa. 

4. F. Artea idealizatua izaten da. Artearen inguruan kiratsa aditzea txit normala da + duzue + dugu. Sortzailea(k) jendarteko anomalien ondorioa d(ir)a. Artearen edertasunari tufilloa itsatsi ohi izaten zaio. Artea –literatura tarte– artegileen beren egoen supiztailea da. Enaren hegoak nola sortzaileek euren egoak altxatu nahi izaten dituzte zeru goian. Arroa goian, kasuon. Enarak nobelako istorioa(k) zinez konbultsoa(k) d(it)uzue, pertsonaiak konbultsioak jota baitaude.

4. G. Enarak fenix hegazti moduko bat begitandu zait. Literaturaren agonia sumatu dut berean. Literatura beilan dago. Literatura kanposantuan dago. Eta euskal literatura areago. Haatik, fenix hegaztia legetxe, bere errautsetatik berpizten zen hegazti miragarria legetxe, bizirik segitzeko, literatura perfomance gisara atxiki nahi du idazle honek.

4. H. Nobelako ezaugarrietako bat azazeldarren hizkuntza mordoiloa da. Zirkunlokioak nabarmenak dira. Nobelako hainbat pasartetan oso ageriko da euskañola. Hizkuntza extrem batean idatzita dago nobela. Azazeldarren iraganeko une euforikoak aienatu dira, literaturak –komunikazio suerte bat– ez du denborarekin hobera egin. Uzariel azazeldarraren etsipena begi-bistakoa da: “Zergatik gustatzen zitzaizkion arrosak eta nenufarrak baino gehiago”. Ez da galdera. Alegia, arrosak eta nenufarrak azaloreak baino gehiago gustatzen zitzaizkion Pedrori. Adibide bat besterik ez da + duzue + dugu.

4. I. Ironia ere izugarria da nobelan: “Hik patua aipatzen duanean, zertaz ari haiz, zehazki? Laranjarekin jaten denaz?”. Nago, nire uste zuloan, euskara –geroz eta gehiago– Urtain hilobian dagoen bezala ote dagoen –baldin eta bere hautsak hilobian segitzen badu, noski–. Hots, euskararen hizkuntzaren magia eta baliagarritasuna Obabako kanposantuan + zimiterioan + hilerrian ehortzi zirela. Esanguratsua da, Atxagaren balizko azken nobela honek, kanposantuan + zimiterioan + hilerrian horren leku zabala eta sakona izatea. Leku nagusia. Euskararen hil kanpaiak entzun ditut Arroagoian. Agian, euskara fenix hegaztia + enarak bihurtzearen esperantzak bizi gaitu. Oxala! 

4. J. Etiopia utopia nola, Enarak nobelaren ironia agonikoa arnastu dut Arroagoian. Ahots zilarrezko bat aditu dut kanposantuan kantu-kantari. Giuseppe Ungarettiren poema honetako hitz hauxek abesten ditu + dizkizue + dizkigu: Alondrak bezala egarri hiltzea / espejismo batean // Edo galeperrak bezala / itsasoa iraganik / lehen zuhaixketan / jada ez duelako sentitzen / hegan egiteko gogoa // Baina ez negarrez bizitzea / jilgari itsu baten antzera.

4. K. Zer besterik ekar dezake guztizko utopia extrem batek jendarte distopiko bat ez bada? Nobelaren nolakoa nire interpretazioa ere halakoa. Nobela heteroklitoa duzue, heteroklitoa duzue ere nire interpretazioa.

 

***

Post Scriptum

Nobelaren inbentarioa eginik ere, den-dena inbentarioan sartu ezinik aritu naiz; aidanez + antza denez. 

Doxa gisako bat emanen dizuet amaitzeko.

Nago, Enarak nobela ez dela publiko zabalarentzat idatzia.

Nago, euskal literatura publiko zabalarentzat idatzia dela komunzki + normalki + jeneralki. Alboko beste literaturak ere bai, jakina.

Agian + apika + naski, tal vez, peut-être, Enarak saritua izanen da, hemen ez bada hor + bestela han. Baina ez da bere balore literarioa dela-eta saritua izanen. Bestela. Interes literarioengatik baino interes estra literarioengatik baizik.

Nire doxa eman dut. Busti naiz. Busti behar + nahi al dut? Hara, manda huevos + tiene narices + sapristi, nahi + behar gabe bustitzea ere Kra + Uf + Fluf!


Utzi iruzkina: