Ele(en) naroak lausotutako istorioak, naski
Erroen izerdia
Jone Bordatxo
Elkar, 2025
Hasmentan
Hainbat kontu, duda-muda eta galde hasmentan. Kontu bat –baiezpena–: literaturarik ez dago fikziorik gabe. Duda-muda bat –kontraesankorra–: Erroen izerdia honetako pertsonaiak fikziozkoak dira, bistan da. Alta bada, biziki errealak dira. Galde bat –jakingura–: hitzak eleak edota berbak nahiko al dira literatura egiteko?
Kontu bat, duda-muda bat eta galde bat. Kontrobertsiarako zioak hirurak. Paratu nitzake beste hainbeste. Norbanakook izaten ditugun ezbaien lagin modura hartu itzazu. Hots, adierazpen hauek berauek kontrobertsiak dituzu. Nire buruarekiko ezbaiak. Direnak direla ere, kontuak, duda-mudak eta galde horiek ez dira maximalistak. Nire maxima horiek ez dira absolutuak.
Kontuaz: fikziorik gabekoa izan arren, testu batean literatura suerte bat sumatu-antzeman-igarri dezakegu, baldin eta istorioek –ipuinek kasurako– estetika edo poetika bat erdiesten badute. Maxima hau hagitz eztabaidagarria da, halaz ere.
Duda-mudaz: fikziozko pertsonaiak biziki errealak izanagatik edo, nago,
berauek ez dituztela aditzera ematen –transmititzen– pertsonen idiosinkrasia, alegia, euren bizinahiak nahigabeak jakingurak kontraesanak… Eskas edo gabezia hori bizi izan dut Erroen izerdia irakurri bitartean. Oparotasunean eskasik? Narotasunean gabeziarik? Baiki, liburua hitzetan oparoa eta eleetan naroa baita.
Galdeaz: gu ez gara uste duguna, ez gara gure buruaz dugun ikuspegia, ez gara gutaz dugun aburua. Ez gara gure iritziz uste garena. Erran nahi baitut: gure hitzek ez gaituzte egiten, ez eta hitzek, berez, literatura egiten ere.
Literatura, besteak beste, idazleak eta irakurleak egiten dute. Irakurleak idazlearen lana –liburua– interpretatzen duenean sortzen da literatura. Jakina, ez idazlearen hitzek –hitz soilak– ez eta irakurlearen hitzek ere –hitz soilak– bermatzen dute literatura izatea, literatura izan dadin.
Alegia deus ez
Jone Bordatoren Erroen izerdia "ipuin" liburu hau interpretatu nahiez edota beharrez ari naiz, eta hasmentan delakoa idatzi ondoren hau pentsatu dut: alegia deus ez. Erran nahi baitut, literatura definitzen saiatu naiz eta deus esan ez banu bezala geratu naiz.
Izan ere, hastetik haste, liburua ipuin liburua izendatzeak erroak –erraiak ere bai– mugiarazi egin dizkit. Hiru ipuinez osatua duzu Erroen izerdia. Izenburuari amen egitera, hirurek dute lotura-hari-jite bat komunean. Zein ote? Pertsonaien erroak ote? Bai ote?
Baga
Ana duzu lehenengo istorioaren izenburua: Ana protagonistaren bikote-harremanaren hausturaren nondik norakoak kontatzen zaizkigu. Iragana gainditu beharra eta bizialdi berri baterako esperientzia kontatu ere bai. Esperimentatu izan dituen dolua, bakardadea eta bilakaera aditzera eman dizkigu narratzaileak.
Istorioa ipuin moldean hartzea kosta egin zait. Baga: ez baita laburra. Biga: narratzailearen begirada arras finkoa delako. Narratzaileak ez al luke amiñi bat gehiago istorioan inplikatu beharko? Galdea duzu. Higa: testua anbibalentea egin zait. Laga: pertsonaiak gutxi dira, egokia beraz, alta bada, ipuinaren zioa lerro bakarrekoa izan arren, bere egitura ez da argia.
Bertze gisa batez interpretatua: narratzaileak bikote-banaketaren osteko Anaren barne-esperientzia kontatzen digu. Literaturak ordea, pertsona-pertsonaiak bizi duenaz bertze, zer bizi duen baino nola bizi duen adierazi behar du, behar luke. Jakina –edo ikasi beharrekoa–, bikote baten hausturak eragiten dituen bizipenak adieraz gaitzak dira, gehienetan helarazi ezinak. Literaturak bikoteak bizitako uneak iradoki behar dizkigu. Iradoki, aditzera eman. Hitzak baina, berez, ez dira aski ez nahiko bizitakoa transmititzeko.
Biga
Ibilaldia duzu, berriz, bigarrengo istorioa. Lehen ipuinaren gainean idatzi dudana eztabaidatzea haizu dukezu, alabaina, bigarren honi buruz –ipuinaren izate duda-mudazkoa– eztabaidaezina begitantzen zait. Absolutismoan jausi gabe, betiere. Funtsean, Ibilaldia delako hau auzi identitarioaren gaineko esperientzia bat da. Izate literario baten bidez adierazi beharrean, arau filosofikoen ildoan gauzatua den istoriorik ote?
Ibilaldia mendi esperientziaren bideetan barna kontatu izanak ez du gizabanakoon nortasuna baiesten, pertsonon aiurria ez datza baitezpada naturaren erroetan. Euskalduntasuna mendietako erroetan dagoela aditzera ematea “gure” izatea eta nortasuna muga-araztea da.
Tira, hori nire juzgua bertzerik ez da, bistan da.
Areago, euskalduntasuna –herri edo nazio izaera baten baitan– bertze herrien kontrakarrean eraiki edo bermatu nahi izateak areago mugatzen du euskalduna. Subjektu euskalduna.
Noski, hori ere nire juzgua duzu.
Izenik gabeko protagonista euskaldunaren –ohargarria egin zait izenik gabeko pertsonaiaren gabetasuna– eta bidaide-solaskide andaluziar-espainiarraren arteko istorioa baino, aukeran, euskaldun izan nahi duen –eta horregatik euskalduna dena– eta euskaldun izan nahi ez duen –euskalduna izan arren– arteko istorio bat irakurri nahi(ko) nukeen.
Kontu adierazgarri bat: narratzaileak espainiarra eta euskalduna kontrakarrean paratzen ditu tai gabe. Alejandro izeneko andaluziarra izenik gabeko euskaldunari, bere herrian, “gure” herrian, norberaren zentzua pixka bat garatu beharraz mintzo zaio. Erran nahi baitut, narratzaileak –Jone Bordatok, araiz– euskal nortasunaren auzian bere aburua ematen du, molde autokritikoan eman ere.
Higa
Hirugarrengoa: Zapi beltzaren ezkutuan istorioa ipuin izan beharrean, ez ote zen egokiagoa istorioa berau nobela bihurtu izana? Galdea duzu. Hots, idazleak hobe izan zukeen, agian, istorioa nobela baten moldean izkiriatu izana.
Amaia eta Mirentxu dituzu istorio honetako protagonistak. Haur-nerabe garaiko bizipen latzen ildoan eraikitakoa. Familia bat osatzen duten pertsonen nortasunaren gainean gorpuztutako pertsonaiak dituzu gainerakoak. Lerro batean errana: giza-historia ezaugarritzen duen gizakion patologia bat duzu istorio honen ardatz eta muina.
Arestiko paragrafoetan adierazi dudana errepikatu beharrean –aldeak alde, ñabardurak ñabarduna–, hauxe gehituko dut ipuin honen ildoan. Istorio hau familia euskaldun tradizionalaren historiaren abarora ernatzen da. Euskal erroen izerdia izerditu edota transpiratzen da. Alabaina, istorioak amaiera zoriontsu bat iradokitzen digu. Happy end gisako bat.
Laga
Istorioak istorio, ipuinik ipuin, kontu bat, duda-muda bat eta galde bat finitu aldera:
– Kontua: irakurri ezazu liburua. “Gure” iparraldeko euskalduntasuna arnastuko duzu hartara. Nago, artean, anartean eta bizkitartean, literaturak bidaia luze ote duen egiteko oraindik ere, balizko Euskal Herri osoan “euskalduntasuna” errotuko bada eta euskaldunak bere burua eridenen edota edirenen badu.
– Duda-muda: merezi al du 2012, 2014 eta 2025ean idatzitako ipuin horiek liburu berean batzea?
– Galdea: Erroen izerdia liburuaren gabezia bere joritasuna da. Hitzetan oparoegia izatea. Hitzen eta eleen narotasunak ez ote ditu istoriook lausoak bihurtzen? Amiñi bat bihurtzen, naski.
Literaturaren ondorioz; literatura ondorioz
Literaturan arraposturik ez dago: literaturak ez ditu errealitateak –bizitza errealak– paratzen dizkigun galdeei arraposturik ematen. Literaturan amiñi bat asko izan daiteke. Literaturan asko nazka izan daiteke. Literaturan hitzek ez dute bizitza errealean duten esangura bera. Ez betiere, bederen. Hitzek adiera bakarra izan ez ezik, adiera anitz izan dezakete. Areago, literaturan, erraten ez diren hitzek erraten direnek baino gehiago adierazten dute sarritan maiz. Sarri eta usu adierazi ere.
Bego! Laga hor!

Iruzkinak
Utzi iruzkina: