Egiten-egiten egiten da libertatea
Esne berriketan
Uxue Alberdi / Begoña Durruty
Elkar, 2025
Sarrerakoak
“Hitzaren poza da, denboraren hatsa, jendearen beroa”… esaldi hori errezatzen du Hitzaurreak; bertzeak bertze, jakina. Esne-berriketa zer den ederto ikasi dut edota ikasi dugu, Uxue Alberdik eta Begoña Durrutyk atondu liburu honi esker. Ez, to! Bai, no! Bai horixe! Emakumeen arteko mintzoari deitu izan zaio esne-berriketa. Horratx letania-parrasta! Batzuetan tristeak bestetan alegerak –edota umore onekoak–. O tempo o more!
Eskuarki, lanaren egileen izenak –idazlea eta marrazkigilea, kasu– guttitan agertzen dira liburuaren azalean biak batera eta elkarren ondoan. Irudigilearen lanak idazlearenak baino munta apalagoa ote duelako? Agian. Beharbada. Edo. Ez da lan honen kasua, bistan da, bistan denez. Nola deskribatu Begoña Durrutyren lana? Nola baloratu? Lan fina begitandu zait. Trazu fin bakarreko marrazketak ditugu bereak. Fin-fina zinez. Idazlearen lanaren idazketa landu eta zorrotzaren hariaren harikoa.
57 kontalariren ahozkoak bildu, eta orotara, belarriz jasotako 77 istorio apailatu dituzte paperean. Kontakizun parrasta. Bilduma oparoa, benaz. Istorioak omen eta ei dira. Alta bada, ene gardiz, benetako historiak dira. Gure
–euskaldunon– aiurriaren parte. Emakumezkoenak, doike. Euskal geografia osoaren parte izan ere: mendebaldetik ekialderakoak, hegotik iparralderainokoak.
Historiako istorio hauen kontalarien izen-abizenak aurkitu ditugu liburuaren amaieran. Eta, hain ziur ere, irakurri ahala, zuri ere istorio horien antzeko bat edo bertze ailegatu zaizu akordura. Hara, esker anitz eta eskerrik asko istorio horien guztien ekarle eta protagonistei. Zinez eta benaz. Den-denak emakumezkoak.
Bertze orduz, sutondo eta supazterreko alfer-kalaka edota txepel-hizketa deitzen ei zitzaien istorioak ditugu. Ganorabako jarduna ote? Bai zera! Ez horixe! Egion/k irakurtzeari, egiozu leitzeari. Zuztar askoren sustantzia dastatuko duzu segidan. Eseri zaitez atoan, jarri trankil-trankil eta aitzina egin.
Sarrerakoen ostekoak
I
Joan badoan mundu baten erretratu fina dugu Esne berriketan delakoa. Animalien mundua ezagutzetik animaliak garela ahanztera igaro bide gara belaunaldi gutxiren ostean. Kabalak gobernatzetik, ganadu gobernatua izatera pasa gara. Baiki, gordinki ari nauzue. Liburua hostokatu ahala, halako eta bestelako burutapenak izan ditut. Bonbilla gorriak itzali ziren eta 36 geltoki iragan ostean mundu batetik bertzera igaro gara milurteko berrian. Matematikak ez dira zirenak, kontuak ez dira berdin koadratzen alegia. Serio ari naiz. Benaz. Zer nahi duzue erratea? Hara, zenbaitetan malenkoniatsu paratu naute istorio lazgarriok.
San Pelaio egun batez, mundua Zuloa izaki, Besoetan hiltzen ziren mundu-zulo honetara ailegatutako ume asko. Kiloa egiten zuten batzuek, kilo doi-doia. Gerezi hezurrak zulotik nola halaxe munduratu ei ginen. Aldrebes samar nonbait, arrunt aldrebesa izaki mundua. Garai hartan, VHS pornografikoek merezi zuten beren tornuia. Ez galdetu inori nork, baina Preguntek Don Nikolas apaizak egiten omen zituen, konfesonarioan egin ere. Goma usaina zer zen? Hura beroa. Veda ume zen garaiko istorioa.
II
Demokrazia heldu omen zen. Heldu, izatera sekulan heldu ez bada ere. Emakumeei preguntau bestela. Pozaren tranbian barre suelto egiten zuten –edo hala egiten zuen Begok behinik behin–. Guardasola erabili zuten euritan ibiltzeko. Arantxa, lekuko. Baikortasunaren bandera altxatu zuten gailen. Andre bandera horietako bat: Maria Jesus. Zenbat lore. Martiñaaaaaa! Kontrarioa. Hainbat kontrario beharrean, bakarra. Horixe bera eta bakarra bere baitan; Begoñaren baitan, alafede. Hainbat Lo kanta. Obabatxue, obabatxue… Entenditu behar zuenak entenditu ei zuen. Xoko Fidela aunitz!
III
Antxooooa! Antxoooooa! Itziar izan zen azkena Zarautzen antxoa goraka saltzen. Andadios! Sofia Loren mantalduna, Lola Flores getariarra! Arrainduna ibiltariak izaki orduko andreak. Gatzetan gordeak, emakumeak kontrabandistak. Aranetaren motorra Hendaiatik Hondarribira. Parabola handiak eta ederrenak emakumearenak. Elizabeth I. Erregina izena zuenak arrantzale izan nahi zuena. Txotxua zer zen ikasi zuen, bere-berea izanagatik ere.
IV
Behinola, Oihartzuna aditu zen Bizkaiko herri txiki batean. Bertako mutil batek umedun laga zuen herriko neska bat. Zenbat halako! Baserri pobre batean bi ahizpa desigual eta bi anaia mutil bereko. Asto txikia istorioa irakurri behar duzue ezinbertzean. Nork bere Destinua: gizonek, andreek eta abereek. Mila Elordik Isiltasunaren zerrenda egin zuen. Andreak denak. Zazpi emakumezko, alajaina! Neskamearen ipuina irudi, ipuinak benetako istorioak izanik ordea: Ahizpak, Lotsarena, Alkimia… Gaurko munduraino, Artzaina eta ilargia… Trenen memoria-n heldu diren istorioak.
Parabola paradoxikoa: emakume anitz –gizonok psikologoak izaki, bistan da– burutik eginda omen zeuden. Lesbianak ziren, ordea. Beren berezko burutik eginak, jakina. Jakina behar zen, baina isildua.
V
Ama lepoan. Lepoan hartu eta segi aurrera, ama! Ama beti geurea! Errea eta luma. Negute beltz-a batean hil zen Franco diktadorea. Franco franko bizirik geratu ziren, alabaina. Bestea Garbiñe zen. Bertzea ere ahizpa bikia zela jakin zuen. Andre handia izaki jadaneko ikasi ere. Jakin zuenerako, alegia. Bixik. Maite Bilboko Indautxuko komisaldegian bizirik zegoela jakin ei zuen. Nola jakin: “Bixik na”, zioen oihuka. Urak daroana, urak dakar. Baionako barraraino eramana. Aña istorio kontalaria. Hazitarako utzia. Plazida Intxaustiren istorioa, historiako pasarte ia amaigabea. Ia-ia, ez arras amaitua. Hura ere azken bultan joan baitzen. Hil arte, bizi hura ere. Zuri-beltz. Juan eta Juanita. Biko istorioak. Aiako ama Oinez joan zen. Amonduta ordurako ote?
VI
Alegrantziak hil zuen, antza. Alegrianeko etxean hil ere. Karlista zen getariarra. Otanoko labea-n jardun zuen Isabelek gaztetan, jatetxe dotore batean. La abuela deitzen zioten patroi(n)ari. Iruñean omen. Ispilutxo, ispilutxo… Fidel eta Mari Glori. Lezamakoak izan behar nonbait. Ulisako toalla lakarrak. Galtzaileek badute protagonismo izaterik! Izateko dretxorik, no! Izeko Rosa lekuko. Zuriak eta gorriak gure historiaren protagonistak horiek ere. Muñoa eta Ganuza senitartekoak: Bizitza estraperloan. Gerlen paradoxak, gerren paradigmak. Historiak Soka luzea dauka, alajainkoa.
VII
Argako Erregina. Remigia Etxarren Aranguren, 1853an jaioa Iruñean. Mademoiselle Agustini artista-izenarekin ezaguna. Irakurri… irakur ezan/ezak. Euskaldun honek munduan barrena zabaldu zuen bere burua. Nola bukatu zuen baina? Trapuak. Domadorea. Tratua, Jainkoaren kartera. La gizona. Behin eta bueltan… Hara hor! Horiek istorioak! Horiexek geure historiaren lekukotasunak. Honatx protagonistak: Bienvenida Emazabel. Josefa Berroeta. Pakita bera. Mari Fruizkoa. Fina, zinez fina. Engraxi bipila. Historiak istorio anitz laga dizkigu, errana dugu jada.
Tristura zoria bihurtua: Balioa. Haragiaren prezioa. Apelliduarena. Amorrain amorratuak. Autoestopistak. Ur bedeinkatua. Zeruko eskobillak... Andre andana gehiagoren deiturak ditugu segidan. Honatx nire konfesio sintzeroa: estreinako istorioek malenkoniatsu pararazi naute eta barrez lehertzen ari naiz akaberan, suelto antzean. Hau zoria! Hori plazera.
VIII
Alargunaren autoa. Hego haizea. Laian. Ya que mate. Kea. Sua eta Muxua. Fosforozko andrea. Horratx istorio gehiago. Historiaren hitz eta ele, emakumezkoen mintzo ausart! Horratx jainkosak! Egiten-egiten egiten da libertadea.
Gehigarri edota ekarpen gisara
Gaurko munduraino iritsi gara, irakurle lagun hori, soka luzeko historian barrena ibilita. Nola buka ez dakidala, lotsa apur batez, nire ekarria egin nahi dut. Hala nahi, hala gura ere. Hor nonbait. Honatx:
El Estate y la Tenedera eta Luzebidea
Saltus nola Ager aldeetan daukat jatorria, jatorria eta zoria. Lizarra aldera bueltatzeko zoria izan nuen behinola, helduaroan jada. Deierri eskualdeko gure aita-amen edota aitona-amonen gaineko hainbat pasadizo bildu nuen. Honatx, uda garaiko arratsalde luzeetan, etxeko haurrek “traba” egiten zutelarik gure antzinakoek zerabilten “estratagema”.
– Ale, venga, ve a casa del tío y la tía y diles que te den el Estate y la Tenedera–, esan ohi zieten etxeko seme edo alabari. Osaba-osaben etxean jada, osabak ez bazuen izebak, trepeta bitxiena eskuetan zuela zera ziotson chiquillo-ari:
– Toma, ten! Estate hay un rato jugando, majico.
Harrez geroztik, denboran puskaz geroago, Sakanako Lizarraga herrian ikasi nuen, haren euskarazko aldaera. Aldaera eta bizipena. Izeba, ama, eta bi lehengusinak esne-berriketan ari ziren. Lehengusinek euren ama eta nirearen gogo lausotuak biziarazi zituzten, baita nire kuriositatea piztu ere, nire pozerako.
– Ama, akordatzen zarie, gure aita zenak nola esaten zigun?
– “Zer?” izebak.
– “Ba, hori. Zoazte osaba Cesareoren etxera eta Luzebidea emateko esan”.
– “A, bai, bai” izebak. “Akordatuko ez naiz ba!”. “Osaba agertzen zen ate aldera. Aitaren mandatua egin eta jolasten geratzen ginen. Handik puska batera osaba agertzen zen eta…”
– Zoazte etxera, zoazte poliki. Esan aitari Luzebidea neuk e(ra)mango diotela geroago–.
– Eta zuk ama, gogoratzen al duzu?, neronek.
– “Bai, hala esaten ziguten ere zuen aitona-amonek. Jesus, Maria eta Joxe! Haiek garaiak!”.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: