Ederraren gogorraren haluzinagarria

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2021-07-07 10:45

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1625647821811

Bizitzak 

Koldo Alijostes Bordagarai

Pamiela, 2020

Sarrerakoa

Idazle ezagutua izatea berebizikoa da literaturaren paisaian agertzeko. Inpresio hori hartu dut Bizitzak liburu bikaina irakurri ostean. Koldo Alijostes izen-abizenak ez nituen ezagutzen, beraz, oharkabean pasa zitzaidakeen. Zorionez ez da horrela izan, eta pasaia ederra eman ahal dut liburuari esker. Bizitzak lekukotasun edota memoria historikoaren generoko liburua duzu. Koldo Alijostes Bordagarai amezketarrak bere senitartekoen bizitzak paratu ditu berean, kontakizunaren oinarrian aita eta ama izaki.

Zertzeladak

Liburuan barrena eman dudan pasaia ederra izan da, baita gogorra ere; ederra bezain gogorra. Euskal Herriaren paisaia –hein batean– ageri duzu berean, Gipuzkoakoa zehazkiago, eta nagusiki Tolosaldea erakusten du. Paisaian natura ageri da, baina giza izadia gailentzen da oroz gain. 1936ko gerra ostean hasita, Gregorio Alijoste Artieda eta Francisca Bordagarai Olaetxea zendu artean.

Lau belaunaldiren bizitza lekukotasunak dituzu, bizipen latzak hala nola alaiak. Liburuak badu berezko jitea: jende arruntaren bizitzaren lekuko izatea. Arrunta baina ez da gutxiesgarria, arrunta kasuon, bizitza horiek jende xume eta xehearenak izatea da. Horrek berealdiko nortasuna ematen dio liburuari. Zer da bada, bere-berezko izaera hori? Bada, konplexurik gabe kontatua izatea.

Bizitzak historia liburua da. Historia, omen, beti kontatzen dute garaileek. Ez da arras egia, galtzaileek ere kontatu ohi dute. Niretzat, irabazleek edo galtzaileek kontatzea bezain garrantzizkoa da, herri xeheak edo jende xumeek kontatua izatea da. Bizitzak lekuko.

Koldo Alijostesen belaunaldikoak garenontzat, are, bere familiaren taxua eta izateko manera ditugunontzat, bizitza horiek ezagunak ditugu nolabait. Horregatik, bizipen “ezagunak” izateagatik, are eta hunkigarriagoak dira. Egungo gazteentzat berriz, bizitzaren testigantza paregabeak.

Liburu bikaina da. Gogorra eta ederra hala berean. Bizitza legez funtsean. Kontakizuna Tolosaldean epizentroa izaki, iragan berrogeita hamar urteko Euskal Herriaren historia aurkituko duzu. Hori berez, ez da nobedaderik. Nobedadea da, kontalariak margotutako paisaia “interesatua” ez izatea. Ostera, deskribatu duen paisaia hagitz naturala izatea, paisaiaren beraren barrutik kontatua izatea. Eta guk, irakurleok, paisaia bere baitatik bizi ahal izatea.

Liburuan barrena noala, pasaia berezi honetan, paisaiako hainbat zertzelada gehiago nabarmendu nezake. Ez du merezi baina. Liburuan sartu eta zerorrek bilatu itzazu bizitzaren koloreak, bizitzaren amalgama.

Amaitu aitzin, bizitako une bat ekarri nahi dut. Ohitura dut, liburu bat baino gehiago irakurtzekoa aldi berean. Ipuin liburu bat tartekatu dut Bizitzak delako honekin. Bada, liburu honen lehen ataletan nengoela, une batez, Koldo Alijostes “idazlea”-k kontatua erreala edo fikzioa ote zen zalantzan –bizi– izan nuen. Ederraren gogorra hain da haluzinagarria.


Utzi iruzkina: