Duina eta egokia
Maixabel
Iciar Bollain
Maixabel Film, A.I.E.
Iciar Bollain zinegilearen Maixabel filma –Maixabel Lasa– dut hizpide. Filma ETAk hil zuen Juan Mari Jauregi politikariarengan funtsatuta dago. Haren emazte Maixabel –Blanca Portillok jokatua– du protagonista nagusia. Juan Mari Jauregi hil zuten etakideek berebiziko munta dute filmean, hala Ibon Etxezarretak –Luis Tosar– nola Luis Carrascok –Urko Olazabal–. Baita hildakoaren alaba Maria Jauregik ere –María Cerezuela–.
Filma hizpide izan eta zer esan? Askorako ematen du. Asko dut esateko. Behin eta hasteko, ETAren –ETAren historiaren aro baten– inguruan ikusi dudan filmik onena da, hala iruditu zait. Lehen aldizkoz, Espainiatik –nahiz munduko beste herrialde batetik– egindako film batean Euskal Herria ikusi dut, ETA subjektua delarik. Bestela erranik, Iciar Bollainek pantailara eraman duen Euskal Herriaren parte hori, historiaren zati hori, sinesgarria begitandu zait.
Zinematografiari dagokionez (I). Filmaren tempoa aparta da. Ikuslearen begirada finkoa mantentzen du, baita arreta ere –zinemagelako jendearen jaiduraren harian idazten ari naiz–. Sekuentzia batetik besterako aldaketa –muntatzailearen lan fina– zinez erreusituta dago. Suspensea neurrikoa da. Anbiguotasunik gabe. Kameraren begirada –zuzendariarena– pausatua eta irmoa da. Argitasuna berriz, bikaina. Basoa, hiria eta pertsonaien arteko sinbiosia… egokia! Musikaltasuna, ohartu gabekoa, tramari dagokiona. Fina.
Zinematografiari dagokionez (II). Aktorearen lana, ona, oso ona… bikaina. Aktore-zerrenda orokorraren roletan ari direnek ondo jokatu dute berena. Ziur aski, euskal herritarrak direlako edota euskal historia iragan berriaren ezaguleak direlako. Lau dira protagonista nagusiak. María Cerezuela, Urko Olazabal, Luis Tosar eta Blanca Portilloren interpretazioak bikainak dira. Bi aipamen: Urko Olazabalen lana –nire gustu eta usterako– Luis Tosarrena adinakoa da. Eta, oroz gain, Blanca Portillorena azpimarratuko nuke. Agian egokitu zaion rola dela eta, bere lana sublimea da.
Gaia dut hizpide. Hor dago koxka. Izan ere, ETA da gaia. Tira, ETAren historiaren aldi bat –aro bat–, ETAren historian une, aldi eta aro desberdinak izan dira, baita erakunde hainbat izan ere. Filmaren aldiko erakundearen inguruan ari gara ordea, eta halaxe juzkatu behar da berau ere. Historia bihurtutako istorioa zuzena iruditu zait, ongi eraikia, egokia. ETAko kide eta protagonista direnek –“damutu” delakoek– erranen dute nik baino hobeto noski. Funtsean, historiaren tratamenduarekin ados izanen ez diren –hipotesi batean ari naiz– bi sektore daude: batetik, balizko “gerra” horretan galdu dutenak eta hori ametitzeko gauza ez direnak. Tira, hauena oso esparru anbiguoa da. Teorian oso esparru zabala, praktikan eremu murritza. Jendartetik urrun daude dagoeneko, aspaldi egon ere. Bestetik, “gerra” honetan “irabazle” jalgi direnak daude. Enrique Rodriguez Galindoren akolitoak, artez eta zehatz erranik. Espainia sakrosantuaren ildokoak. Teorian bakar batzuk. Praktikan baina, elemenia bat, asko eta larregi alegia. Erran nahi baitut: euren askatasunaren eremua besarkatzeaz gain, besteena besarkatzen dutenak, itotzeraino “besarkatu” ere. Bertze hitzetan erranik: espainiar nazionalismoak balizko euskal nazionalismoa menpe hartzen du guztiz, eta hau bezalako film batek (ere) hori hala izan dadin laguntzen du.
Finitzeko edo hasteko. Gatazka odoltsu batek utzitako zauriak artatu aldera memoria landu behar da, ongi landu, artatu eta zertu ere. Ez da lan samurra. Omen, denborak zauriak sendatzen laguntzen du. Joanak joan, denbora alde dugu. Edo ez. Nola gerta hori ere. Izan ere, zauriak zornatu barik, sendatzeko tratamenduaren gainean ikasi behar baita. Ezer da bukatzen, bukatzea hastea baita.
Ikaspen bat, metafora gisara: literatura unibertsalean ezaguna da Tennessee Williamsen A Streetcar Named Desire (Desio izeneko tranbia, Xabier Payak euskaratua). Ospe handikoa da. Antzezlan bikaintzat joa, zinea ere bihurtua. Ez daukat funtsezko arrazoirik Maixabel eta Desio izeneko tranbia filmak lotzeko. Alta bada, bi filmeetako pertsonaiak gogoan ditudala desio hitza gailendu zait. Bi filmen harian eta bizitzaren ariora hauxe jalgi zait gogora: bizitza bidaia da. Bizitza gure desioek bultzatuta izan ez ezik, sarritan, gure desioek gidatzen gaituzte. Pertsona batzuk oinez doaz, desioak nolabait kontrolatuta. Beste batzuek, azkarrago joan beharrean, ibilgailuetan igo eta azkarrago joatea deliberatzen dute. Bigarrenen kasuan desioak bultzatutako tren baten abiaduran doaz. Eman dezagun, bigarren hauek tren batean –desio izeneko tranbia batean– igo direla, halabeharrez igo ere. Oinez doazenak poliki doaz. Tentu handiz. Begirada pausatua daramate. Oinez joan arren, bidaia bera ez da samurra, bizitza berez neketsua baita. Abiadura azkarrean joatea deliberatu dutenak, berriz, azkarregi doaz, trenaren gailuen kontrola galdu dute, baita euren sena eta begirada sarritan galdu ere.
Azkarrenek boterea erdiesten dute zenbaitetan. Desioaren menpeko bizitzaren –trenaren– kontrola izatea boteretsua izatea da. Boterea baina kontrolagaitza da.
Gogoeta xumea: non galdu zen galgen kontrola, non andeatu balaztak, ETA izeneko tranbiaren bilakabidean? Ziur aski, pentsu dut, hainbat euskal herritarren desio kontrolaezinetan.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: