Doctor deseo talde rock ero hori: desioen kitzikagarri!

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2020-10-06 19:31
1

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1602006794765

Doctor deseo

Maketoen iraultza

Baga Biga, 2019

Topikoa duzu, baina badok/badon hamahiru. Hamahiru kantak osatzen dute Maketoen iraultza. Ederra diskoa, euskarriaz ari naiz. Diseinatzaile, argazkilari eta enparauek ederto hornitutako lana. Josu Larrinaga eta Igor Ahedoren testuak, paregabeak.

– Eta kanten musikaz eta testuez zer? Zer diok Doctor deseo taldeaz?–zirikatu dit arima beltzak.

Sarrerako berba bi, labur zurrean, topikoak hauek ere: pandemiak ezereztu du apur bat bere zabalpena nolabait, baita bere sona ere. Beharbada… diot. Ez da “zapuztutako” kultur emari bakarra edozelan ere.

Kanten berbaz: egokiak, esanguratsuak, adierazgarriak. Marta Ortizenak gehienak. Edorta Jimenez, Sonia Gonzalez eta Unai Iturriagarenak halaber; Xabier Lete eta Lauaxeta klasikoenak barne. Diskoa ederto funtsatuta dago, ezbairik barik.

Musikaz: ez naiz Doctor deseo taldearen jarraitzaile eta zale izan, haren musika ez zait guztizkoa. Hots, ez zait hainbat kantaren alde sinfoniko elektronikoa laket, aire psikodeliko gisako hori… Barka nire harroa. Berbarako, Pink Floyden Wish You Were Here diskoak gogogabetu ninduen eta The Walle-k hondarazi . Barka berriz ere: Doctor deseo ez da horren hobenduna; bere kantek ez naute “molestatzen”.

Agian, nostalgikoa baino ez naiz, nahiago ditut Nola ez duzun inoiz ulertu… edota Eta moxua hil atsekabez kantak. Lauaxeta-ren berbez eginiko kantak kantitu nau, baita Francis eta Sorkun bikotearen arteko sinbiosian nire burua kausitu ere. Edozelan ere, talde bilbotarren kantak ongi landuta dituzu. Zinez eta benaz!

Naski, Doctor deseo-aren benetakoa erdibideko talde rok eroa da, autentikoena. Behinola ikusi eta entzun nuen zuzenean, Francis eszenatokiko zutabetan goiti-beheiti zebilela… Urretxuko Gernikako Plazan eman zuten kontzertuan etxean bezala aritu ziren, gogotik jo zuten. Gozatu nuen.

Pasadizo hau azkenik: kontzertu amaieran, eskola garaiko ikaskide bat hurbildu zitzaidan, 40 urte luze iragan dira orduz gero.

Joder Asurmendi, aspaldikoa!

– Bai horixe!

– Ikusi al dituzu “gure herriko abertzaleak” eszenatoki aurrean, adurra zeriela ibili dira saltoka eta kantuan!

Airean harrapatu nuen maketo-aren ironia!

Xabier Leteren Ni naiz kantak –Francisen ahotsean, prefosta– lagundu zidan etxera bidean!


Utzi iruzkina: