Deusik erran gabe ezin bizi, ordea

Deusik erran gabe ezin bizi, ordea Begizolia | 2026-07-07 10:08

Deusik erran gabe ezin bizi, ordea

No digas nada

Patrick Radden Keefe

Reservoir Books

Ataltxo zenbait sarreran 

1. Patrick Radden Keeferen No digas nada liburua mardula da.
Say Nothing, jatorrizko hizkuntzan. Ipar Irlandako gatazkari buruzko (The troubles) saiakera. Ikerketa-kazetaritza liburua izanagatik, nobela jitea hartzen duen historia-liburua duzu halaber. Ipar Irlandako azken 50 urteetako historia garaikidea jasotzen du. Iragan bi mendeetako ipar irlandarren gatazka ematen digu ezagutzera, haatik.

2. Lagun batek gomendatutako liburua duzu. Haren bisitan, gure jardunean,
ezinbestean, euskal gatazka jalgi zen solasaldira –gure gauza; la cosa nostra–. Fenomeno erreboltari armatuak hizpide  –erakunde-talde insurgenteak–, botere-sistemak edota kontrakarreko estatuek talde armatuetan sarrarazi izaten dituzten infiltratuen eragina eta infiltratu berauek –agente infiltratu-bikoitzak batzuetan– jokatzen duten rola izan genituen mintzagai.

3. Euskal gatazkaz ari ginen, hartaz, erraza izan zen Ipar Irlandara jauzi egitea: “Ostiral Santuko Hitzarmenaren ostean, IRAko boluntario bat hil zuten”, erran nion lagunari. Dennis Donaldson zen hildakoa, tiroz akabatua. Sinn Féin-eko kidea, Gerry Adamsen konfiantzazko pertsona. IRAko boluntarioa. Tira, Donaldsonen kasua bakarra –bakarra edo– izan bailitzan jardun nuen lagunarekin. IRAk garbitutako salatari-txibatoa bakarra? Bai zera! Ez to! Ez horixe. Baiki, irakurtzeak ilustratzen gaitu. Halaxe liburu honek, maisukiro erakutsi ere. 

4. Donaldsonen hilketa erreibindikatu gabeko ekintza izan zen, noski. Baina, hara, hilketa hura, iceberg baten punta baino ez zen, The Troubles delakoan jite horretako hilketa anitz izan ziren eta. Liburua irakurri ostean, Ipar Irlandako gatazka armatuari buruzko ideia osotuago bat egin dut. Bai horixe. Ideia osotuagoa eta ikaspena izugarria. Izugarrizko esperientzia izan zait berau irakurri izana. Ipar Irlandako historia berria ikaragarria eta lazgarria baita izan.

5. Itaunak gailentzen dira: nolakoak dira insurgenteak eta zer –eta zein dira– erreboltari berauek instrumentalizatutako botereak, hots, matxinatuak erabiltzen eta manipulatzen dituzten estatuak? Estatuak eta berauek konformatzen dituzten estamentu boteretsu guztiak, alegia. Zer garen edota nolakoak bilakatzen garen norbanakook? Hala jainko maitea! Fededuna edota fedegabea izaki ere. Horratx liburu hau. Ipar Irlandako gatazkaren testigantza latza. Ideologia guztien gainetik eta azpitik degeneratzen den gizabanakoaren lekukoa, norbanako gaixo alaenarena.

6. Baten batek pentsa dezake: zer dela eta “jainko maitea?”. Irakurri liburua, amiñi edo apur bat gehiago ikasiko duzu katolikoen eta protestanteen arteko herrari buruz. Guk geuk, nago, euskaldunok, "gure" gatazkari buruz ez dakigula asko, ez dugula aski-nahiko ikasi. Ez dugu, anartean, ikaspen funtsezkorik egin. Aldeak alde –Ipar Irlandaren eta Euskal Herriaren arteko aldeaz ari nauzu–, irakurri liburu hau, "gure" gatazkaren gainean dakizuna aise osatuko duzu. Ideia osatuago bat eginen duzu gure gauzaz; gure kontuez.  

7. Liburura hurbiltzeko zertzelada batzuk emanen dizkizut segidan. Zirriborro gisako zenbait lerro. Nire motzean egin ditudan ikaspen batzuk, konklusio batzuk. Ondorio osatu gabeak, naski. Denbora joan ahala ontzen/heltzen joanen diren bizipenak/ikaspenak, nolabait erranda.

Ez deusik erran

Ez deusik erran! Deusik erran gabe ezin bizi, ordea. Liburuaren izenburu-azpikoa hauxe duzu: Ipar Irlandako memoria eta krimenaren historia erreal bat. Prest egon gintezke –prest al gaude?– Euskal Herriko gatazka armatu garaikidea kontatuko lukeen liburu baten izenburua halakoa balitz –halakoxea– berau onartzeko? Bai? Ez? Bai. Ez. Bada hasi prestatzen, to!

Hona maxima bat, lema edota dibisa: “Gerra guztiak bi bider libratzen dira, lehena bataila zelaian eta bigarrena oroitzapenean”. Hots, gatazkaren kontakizuna nolakoa historia halakoa. Bistan da, bistan denez, egiazko kontakizuna egitea helburu izan arren, ezein kontakizun ez da “objektiboa”. Ez gara historia erreala ezagutzera inoiz iristen, inoiz ere ez.

Gatazka –armatuaren eta odoltsuaren– ostean, berau kontatzeari ekiten ohi zaio. Alde bakoitzak berea, erakunde bakoitzak berea, pertsona bakoitzak berea, noski. Kontakizunaren batailan trenkatu ohi da historia, historian gertatua. Premisa eta dibisa bat: gerra zelaian indartsuenak –azkarrenak– irabazten du, baita haren ostean irabazi ere. Hots, komunikazioaren esparruan irabazteak gatazkaren –edo gerraren– garaipena osatzen eta bermatzen du.

Baten batek inoiz pentsatu badu, galtzaileak zelaiaren alde batean daudela eta
irabazleak bestean, oker dago –nire uste zuloan, jakina–. Galtzaileak bi aldeetan daude. Galtzaileen artean, batzuk galtzaileagoak dira besteak baino, hain ziur hori ere. Zaila duzu hori neurtzen, jakina. Hala berean, irabazleen artean ere halaxe edo halatsu izaten da. Irabazleen artean ere badaude irabazleagoak. Botere-guneen eskalan non zauden/dauden, bada horren arabera ere “irabazpenak”.

Kontua hauxe: nork kontrolatzen du gatazkaren kontaketa. Liburu honetan aise atzemanen duzu hori. Liburuaren prologoan ageri duzu, Altxorraren Gela lerroburuko hitzaurrean. Altxor hori Boston College kanpusean dago –bai, bai, Iparramerikan edota Estatu Batuetan dago–, John J. Burns izeneko liburutegian. Horra, gatazka ezagutzeko giltzarrietako bat. Kontua, berriz ere, hauxe: nork dauka liburutegiaren gakoa?

Patrick Radden Keeferen No digas nada liburua giltzarria da gatazka hau hobeto entelegatzeko. Hartaz, liburua inguratu eta berean murgildu zaitez. Arestian erran bezala, nobela bat bailitzan irakurriko duzu. Baina, kasu eman, kontatua erreala izanagatik –tira, erreala kontatzeak dituen muga guztiekin–, Ipar Irlandako gatazkaren errealitatea liburu honen bitartez ezagutzeak "errealitateak fikzioa" gainditzen duela baieztatuko dizu beste behin ere; baita errealitateak "gure" guztizko imajinazioa gainditzen duela berretsi ere.

Liburuaren ikaspena: “Errealitatea” eta “fikzioa”-ren arteko ekuazioa biziki agerikoa da liburuan. Errealitateak fikzioa gainditu izaten duela adierazi dut arestian. Horixe liburua irakurri ostean bizi dudan inpresioa, horixe i(ra)doki didana, horixe ondorioa eta ikaspena. Ipar Irlandako gatazkaren inguruan inoiz imajina nezakeen guztia txiki-txikia egin zait. Zuri ere halaxe egingo zaizu. Usteak ustel betiere. Hildakoen ustela, gorpuen ustela, ustezko zulo sakonetan izaten da betiko.

Luzetsi nahi barik

Liburuak eragin didan zirrara kontuan harturik, haren gainean eman nezaken zertzeladak ugari dira. Ez zaitut aspertu nahi horregatik. Ikerketa-kazetaritza lan erraldoia duzu liburu hau. Historia liburua. Nobela bezala irakurtzeko modukoa. Horregatik, liburuko pertsona bakar batzuen izen-abizenak paratuko dizkizut segidan:

Jean McConville: IRAk bahitua eta akabatua. Ingelesen "menpekoa" eta eurentzako informatzailea. Txibato-salataria. Ustezkoa? Benetakoa? Gatazka ororen guztizko ustelkeria kasua. Hamar seme-alaben ama. Alarguna.

Dolours Price: bereak dira liburuko azalaren begiak. Historia –eta istorio hau– ulertzeko pertsona baitezpadakoa. Emakumea. Dolores, alegia. Nekane edo. Izenak izana dauka. Izenak berak ematen du zer pentsa, ezta?

Marian Price: Doloursen ahizpa. Luzetsi barik, bera ere aintzat hartzekoa.

Gerry Adams: historia ulertzeko pertsona eta pertsonaia klabea. Sinn Féineko burua. IRAko kide boluntarioa izan zela ukatu eta ukatzen duena. Bizitzaren filma nolakoa bere rola halakoa. Demagun –demagun diot– gurean, Arnaldo Otegi dela bere “homonimoa”. Aspektu horretan askoz hobeto gaude “gu”, “”haiek” baino. Bai horixe!

Brendan Hughes: IRAko kide boluntarioa. Gerry Adamsen laguna, gazte garaiko lagun-mina. Berezko nortasun-agiriaren jabe. Gerry Adams, galtzaileen arteko "irabazlea" baduzu –demagun hori ere–, Brendan Hughes, berriz, bando berekoa, galtzailea duzu, erabateko galtzaile. Galtzaile peto-petoa.

Lau protagonisteren izenak eman ditut; bost Marianekin. Bertze hamarren bat eman nitzake, baita hamaika eman ere. Lagin moduko izen-abizenak dituzu. Izen-abizen gakoak, giltzarriak. Gatazka ulertzeko eta azaltzeko pertsona klabeak ez ezik, norbanakoa zer garen ikasteko “ereduak”.

Ikaspenak ikaspen, ikaspen artean honako hauxe: pertsonok zein pertsonaia mota bilakatzen garen azaltzen digu liburuak, bikainki azaldu ere. Sistemak edota sistemek zer-nolakoak bilakarazten gaituzten konturatu gaitezen liburu aparta. Bizitza errealean –fikziotik at– pertsonaiak ere izaten baikara, edota bihurtzen gaituzte eta. Izan ere, "gure" izatearen “kontrola” ez da "gurea".

"Kontrol" hitza itsusia da, itsusia zaigu. Ez dugu kontrolatuak izatea gustuko. Ez gaude “kontrolatuta” bizi garela onartzeko prest, ezta ez garela ere gure buruaren jabe. Idealismoak itsututa bizi garenez ohartzeko ezgauza gara.

Liburuari segimendua egiteko eta bizitzaren funtsa entelegatzeko azken lerroak

Bizitzari zentzurik emateko, kasu honetan gatazka odoltsu baten arioan bizitakoari zentzurik eman ahal izateko, bilatzen dugun “egia”-k honako ezaugarri hauek behar ditu: aratz, gardena eta autentikoa izatea.
   Oharra: “Egia” bilatzen dugun “erreala” duzu. Hitz laiko batez adierazia.

Bilatze horretan, honatx The Troubles delako gaztakaren ezaugarri bat: giza sakrifizioa. Ikaragarria. Gerraren lubakietan izaten diren alde batekoen zein bestekoen sakrifizioa. Sufrikario latza, lazgarria. Giza kondizioari esleitzen zaion ezaugarria. Tamalezko ezaugarria.

Egiaren ordua: horixe liburuaren une gorena. Bizitzako egiek bat egiten dute heriotzako orduan. Horratx! Irakurri liburua. Ez zara damutuko. Edo bai?

Hiru itaun eta lema bat, finitu alderat

– Zer litzateke bizitza esperimentaziorik gabe, eskarmenturik gabe?

– Bizirik gabeko bizitzak merezi ote?

– Irakurri gabe bizitzerik ba ote? Bai, jakina. Alabaina, irakurritako bizitza hainbat hobe!

Post Scriptum

Idazkian non kokatu jakin ez dudan gai bat: hizkuntzarena. Gaelikoa, kasu. Hizkuntza gaelikoak oro har eta orobat. Ipar Irlandakoa izan ez ezik, Irlanda osokoa; Galesko eta Eskoziako hizkuntza(k).

Say Nothing gaztelaniaz irakurri dut, ezinbestean: No digas nada. Euskal Herrian tankera horretako liburu bat idatziko balitz, euskarazkoa izatea nahi nuke bere jatorrian. Say Nothing / No digas nada liburuak apenas aipatzen du gaelikoa, ezta aintzat hartu ere. Eman dit zer pentsatua.

Ba al du zentzurik horrenbeste odol isurarazteak, hainbeste gizabanako hiltzeak, artean, tokiko norbanakoen lengoaia bizirik atxikitzeko gauza ez bagara?
     Oharra: ohar madarikatua, baina egin beharrekoa, enkas egin ere: gaelikoarekiko ardura ez da Patrick Radden Keeferen idazlearena. Ez du zertan. Ganorabakokeria, kasuon, iparrirlandarrena da.


Utzi iruzkina: