Desberdintasunean berdintasuna (II. PARTEA)

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2025-05-27 07:47

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1748326119840

Bigarren Sexua I eta II

Egitateak eta mitoak / Bizi izandako esperientzia

Simone de Beauvoir

Irene Arrarats Lizeaga (Itzultzailea)

Desberdintasunean berdintasuna

Eskubideez ari al gara? Pertsonez? Arra ar baita eta emea eme. Beltzak, juduak… Emakumearenak eta beltzarenak antzekoak dira, eskubideak alegia. Aldeak alde, bai batzuk eta bai bestetzuk paternalismotik askatzen hasi ziren duela mende bat luze bat.
    Beauvoirrek Hegelen galdera hau aztertu zuen: “Zer esan nahi du izan hitzak?”.
    Feminista paristarraren ustez, izan balio substantzial gisa ekarri zuen Hegelek; fede txarrez ekarri ere.
    Izan izatea da funtsean. Azken batean, bilakatu ondoren izatea da, ageri den modu horretan egina izatea.  
    Emakumeak baina, gehiengoa izanik ere, kontraesana irudi badu ere, talde moduan, gutxiago izan dira gizonak baino.
    Emakumearen emantzipazioa arriskutsua izan da. Emakumeak askatasun gisa berretsi du bere burua gizonaren aurrean. Gizonik erdipurdikoenak ere, emakumeen aldean Jainkotzat baitauka bere burua. Gizonek emakumeen buruaren hezitzailetzat jo izan dute, halaber. Hau da, emakume argiena ere hezi nahi izan dute. Gutxitasun-konplexua dutenei, heziera oneko tonu batez aritzen zatzaizkie gizonak.
    Gizonek, horietako askok, gizonen berdinak direla esaten dute fede onez, emakumeak gizonen berdinak direla eta ez dutela zer aldarrikaturik, eta "aldi berean" –alderantziz diote–, emakumeak behin ere ez direla izango gizonaren berdinak, ezin baitute izan. Puntu!
    Emakumeen auzia antzua da. Antzua edo. Gizonen harrokeriak “liskar” bihurtu du auzia. Liskarretan dabilenak ez du ondo arrazoitzen. Hortik kontraesana. Hortik dialektikaren okerra nonbait. Hegelentzat, edo haren ustetan, “historia dialektika bateratu gisa berreraiki daiteke”.
    Beauvoir ez dator bat, agidanez.
    Historiaren pasarte hau heldu zaigu akordura, Adam eta Eva gogoan: Adam zirriborroa izan zen eta Jainkoak Eva sortu zuenean, lortu zuen gizakia bere perfekzio osoan gauzatzea.
    Beauvoirrek nola planteatu du auzia? Bada, honela: emakumeak epaile eta partaideak izaten. Emakumeek gizonek baino era intimoagoan ezagutzen dute feminitatea. Mundu femeninoa, alegia.

Zoriontasuna hizpide eta auzi

Lantegian edo etxean da zoriontsuagoa emakumea? Zoriontasun hitza zer den ez dakigu, argi eta garbi, ez zehatz-mehatz. Transzendentzia immanentzian jausten denean, existentzia degradatu egiten da, halako “bere baitako bat” bihurturik. Askatasuna, berriz, faktikotasuna bihurtzen da. Subjektuak onartua baldin bada, erortze hori huts moral bat da. Besteak eragindako bada, frustrazioa eragiten du, edota zapalkuntza baten tankera hartzen du: bata zein bestea gaitz absolutuak izaki.
   Nola osa dezake gizaki batek bere burua? Kondizio femeninoa nola egokitu? Emakumeak destino fisiologiko, psikologiko edo ekonomiko jakin bat al dauka? Horra galdera sorta, oso aintzat hartzekoa. Horrexetatik abiatu behar da. Eta, bide batez, emakumearen eta euskaldunon auzia kontrastatuz, hauxe nire galderak: nola aurkitu desberdintasunean berdintasuna? Nola aurkitu independentea izatea independentzian? Nola aurkitu independentzia euskaldunon kasuan?

Emakumearen destinoa, gizonaren arau

Zer da emakumea? Umetoki bat. Obulutegi bat. Eme bat da. Emeak epiteto bat dirudi. Epitetoak iraingarriak izaki. Arra ez da epiteto bat, ez. Matxo delakoa ere ez, naski.
    Egia da, emakumea emea da –euskaraz, emakumea, umea eta emea hitzez osatua da. Hala ote?–. Zer da emea animalien erreinuan? Antza, emakumea eme-mota singularra da. Kontuak kontu, zergatik bereizi espezieak bi sexutan? Zentzurik al du bereizteak?
   Bereizketa hori ez da unibertsala. Naturan ugaltzeak ez omen dauka zerikusirik sexualitatearekin. Banakoetan, arrak eta emeak bereiztea, beraz, egitate erreduziezin eta kontingente gisa ageri bide da.
   Filosofia gehienek ordea, onartutzat jo dute bereizketa, alabaina eta horregatik, bereizketaren zergatiak aztertzeko asmorik gabe.
   Platon, Aristoteles, Santo Tomas edota Hegelek, bertzeak bertze, ez zuten zergati horiek aztertu. Adibide baterako: Hegelen aburuz –edota harentzat– sexualitatea bitarteko bat izaki, subjektua genero gisa mamitzen da sexualitatearen bitartez.
   Beauvoir ez dator bat, noski. Silogismotzat jotzen ditu gizonezko filosofo horien
–ar horien– arrazoibideak edo argudioak. Harentzat ugalketa izan zitekeen asexuala. Hegeli jarrera oker hau egozten dio: esanahia arrazoi bihurtu nahi izaten du beti.
   Maurice Merleau Ponty filosofo garaikidera etorriaz, haren ustez, existentziak ez du ustekabeko ezaugarririk, ez du forma moldatzen, ez dio izateari edukirik ematen. Existentziak ez du pertsona onartzen egitate hutsa bezala, existentzia egitatea onartzeko bitarteko den mugimendua da.
   Jean Paul Sastrek –Izatea eta ezereza liburuan– Martin Heideggerren “giza errealitatea heriotzara kondenatuta dago bere finitutasuna dela kausa” baieztapenari kontra egiten dio. Gizona hilkorra baita. Espeziaren iraupenak ez dakar ezinbestean sexu-diferentziazioa.
   Sexu baten eta bestearen rolen irudikoa, gizartearen mitoen ispilu hutsa da. Aitak ez bide zuen inolako zerikusirik haurren sorkundean. Aristotelesen ustea zen, hazia eta hilekoa batzean sortzen zela fetua. Hipokratesek bi hazi-mota bereizi zituen, bat ahula edo femeninoa, bestea indartsua, maskulinoa.
   Aristotelesen harian, Hegelentzat bi sexuak ezberdinak “izan behar” zuten. Bata pasiboa da. Bestea aktiboa. A prioriko doktrina guztiak aztertu eta emearen errealitate konkretua ez dela aztertua izan erakutsi digu Beauvoirrek.
   Bizitzaren eta kontzientziaren arteko harremanari buruz ezer erabaki gabe, egitate bizidun guztiek transzendentzia bat adierazten dute. Funtzio guztiek proiekturen bat elikatzen dute. Horra Beauvoirren deskribapenen atzean dagoena.

Ikuspegi biologikoa

Ugalketa gametoen arabera definitzen dira –orain mende bat, alegia–. Espezien arabera gameto arrak edo gameto emeak determinatzen omen bide dute sexua. Gameto arrek eta emeek bat egiten dute arrautzan: bateraturik, desegiten dira osoki.
    Ikuspen hori okerra da, Beauvoirren berbetan: obuluak gameto arra irentsi beharrez beretzen duen ikuspegia okerra da. Garaipen bat bezala ikustea akatsa da, alegia, arrak zelula emearen erreserbak anexionatzen dituela ustea.
    Erdi Aroko filosofia ez zen egokitu ongi Aro modernoan. Sinbolismoa gailendu bide zen. Zorroztasun pitin batez aztertuz gero, hauxe ageri da: obuluaren eta emakumearen artean alde handia dago.
    Sexu-harremana ezin da murriztu bi gametoen harremanetara. Organismo emea bere osotasunean aztertu beharra daukagu. Inter sexualitate-kasuak adibidetzat harturik: ugariak dira animalietan eta gizakietan; tximeletetan eta oskoldunetan…
    Estatistikek honela diote: arra eta emea bi tipo osagarriak dira. Beren funtzioei begiratuz gero, haien singulartasuna atzemateko bietan erreparatu behar dugu. Emearen nozioaren definizio egokia eta orokorra egitea, zaila da arras. Obulu eramailea dela esatea ez da aski, ez eta arra espermatozoide-eramailea dela baieztatzea. Organismoa gonadekin duen harremana txit aldakorra baita. Ostera, gametoen diferentziazioak ez du eragin zuzenik organismoan, bere osoan. Obulu gehienak ez dira ernaltzen sekula.
    Gonadak: ernalketa-zelulak sortzen dituzten organoak dira.

Animalien munduari behako bat

Espezie bakunetan organismoa apenas da ugaltze-aparatu bat baino gehiago. Obulua izaten da nagusi. Hau da, emea. Zeinaren ororen gainetik obulua baitago biziaren errepikapenei emana. Alta, emea abdomen hutsa da (so egin gorputz aparatuan) eta ikaragarrizko obulazio baten lanak guztiz irensten dio existentziari. Egiaz eta benaz, arrak eta emeak apenas jo daitezkeen banakotzat. Osotasun bat osatzen dute.
    Arraren nagusigoa koitoaren jarreran bertan adierazten da. Ia-ia animalia gehienetan, arra emearen gainean dago. Erabiltzen duen organoa tresna bat da. Organo femeninoa, aldiz, ontzi geldo besterik ez da operazio horretan. Arrak hazia jartzen du eta emeak jaso. Emeak pairatu egiten du koitoa. Penetrazioa, alienazioa.
    Ugaztun arraren eta emearen arteko funtsezko aldea hauxe dugu: espermatozoidearen transzendentzia arrotz bihurtzen zaio arrari, gorputzetik bereiztean. Arrak banakotasuna gainditzen duenean, banakotasunera biltzen da berriz ere. Zenbat eta gehiago agertu emea banako bereizia gisa, orduan eta indar gehiagoz berresten da biziaren segida.
    Darwinen arabera, emeak onartu egiten du aurkezten zaion arra, bereziki aukeratu gabe. Arraren destinoa oso bestelakoa da: bereizi egiten da eta bere burua berresten du bere buruaz harago jotzen duenean.
    Beauvoirrek Hegeli arrazoia ematen dio puntu honetan: arra elementu subjektibotzat jotzen du, eta emea espeziean kaltetua. Arrak, ugaldu aitzin, espeziea iraunarazteko ekintza hartzen du berea. Koitoa ariketa bizkorra da. Ez dio bizitasunik kentzen arrari. Arrak ez du aita-sena agertzen. Abandonatu ohi du emea sarritan.
   Arrak –izen berezia eta bereizia– autonomiaren aldera egiten duen ahalegina arrakastatsua da. Arra handiagoa da komunzki. Sendoago, zaluagoa, ausartago. Bizitza independenteagoa du, jarduera funsgabeagoak emeak baino: konkistatzaileagoa da, larderiatsuagoa. Arrak agintzen du animalia-sozietatetan.
   Gizakion naturari gagozkiola –animalien kasuan ez bezala– hori guztia ez dago guztiz argi arrarengan eta emearengan, arra eta emea ez baitira beti argi bereizten. Bi operazio horietan –irautea eta sortzea, biak ala biak ere aktiboak–, ez da egiten bilakaeraren sintesia. Organismoen banakotasuna gehiago sendotzen denean, sexuen oposizioa ez da leuntzen, aitzitik baizik.
   Arrak gero eta bide-mota gehiago aurkitzen ditu beretu dituen indarrak erabiltzeko, emeak gero eta gehiago sentitzen du bere esklabotasuna. Emakumea da emerik indibidualizatuena, baita ahulena ere. Modu dramatikoan bizi du bere patua, eta horrek bereizten du sakonkien arrarengandik.
   Emakumeak alienazio sakona sentitzen du arraultza ernaldua umetokira jaitsi eta garatuz doanean. Egia da, haurdunaldia fenomeno normala da, ez da kaltegarria amarentzat. Osasunez ongi izan ezkero, onuragarria da amarentzat. Ordea, aldi eta hala berean, haurdunaldia lan neketsua da, ez dio onura indibiduala ekartzen amari, sakrifizio latzak baizik. Erditzea bera da arriskutsua. Menopausia bestalde.
   Emakumearen ezaugarria espeziaren mende egotea da. Emakumea da sakonki alienatua. Emakumea luzeago bizi izaten da, baina maizago gaixotzen. Balio sozial begi-bistako batetik aztertu eta ikusia, bizitzaren aldi askotan ez da bere buruaren jabe.
    Datu biologikoak oso garrantzizkoak dira. Alta bada, ez dira nahiko sexuen hierarkia definitzeko. Emakumearen destinoa aldaezina da, ageri denez. Hots –eta honek berebiziko garrantzia dauka Beauvoirren ildoko azterketa honetan–, hau da, datu biologikoek ez dute azaltzen zergatik emakumea den Bestea. Ez dute betiko kondenatzen mendeko rol horretan egotera. Ez luke zertan kondenatu behar, alegia.

Ikuspegi psikoanalitikoa

Psikoanalisiak mesede egin dio psikofisiologiari. Jakintsuek deskribaturiko gorputz objektua ez da modu zehatzean existitzen. Obuluaren egiturak ez du islarik haren egoeran, aldiz, garrantzi biologiko handirik gabeko organoa da klitoria. Klitoria funtsezkoa zaio emakumeari.
   Emakumea ez du Naturak definitzen: emakumeak berak definitzen du bere burua, Natura bere erara ekarriz, bere afektibitatera. Psikoanalisia zalantzan jartzerik ba ote? Erlijio guztiek legez –kristautasunak marxismoak legez–, psikoanalisiak malgutasun bat erakusten du kontzeptu zurrunen azpitik. Doktrinari hitzez hitz heltzen badiogu, psikoanalisiak zure espiritua ez duzula ezagutzen erranen dizu. Aldiz, espiritua onartzen baduzu, psikoanalistak hitzez hitzekoan giltzapetu nahiko zaitu.
   Doktrinak ez du garrantzirik: psikoanalisia metodo bat da, baina metodoaren arrakastak sendotu egiten du doktrina zalea bere fedean.
   Adibidez, heretikoak badaude izan, beraz, psikoanalistak dira psikoanalisiaren etsairik makurrenak.

Sintesi moduko bat egin aldera

Gizadia aldatuz doa. Abantzu mende bat joan da Beauvoirrek Bigarren sexua idatzi zuenetik. Mundua aldatuz doa, eta gure jendartea arras aldatu da, arrunt asko zeharo... Anartean, gizonak eta emakumeak bi tipo ezberdintzat hartzen dira. Badaude ukaezineko emaitzak eta ondorioak: emaitzek berdintasunera garamatzate.
   Bidez bide, giza espezieko emea eta arra konparatzeko, ezinbestekoa da giza-ikuspegi batetik aritzea. Gizonaren definizioa: aldez aurretik zehaztu gabeko izaki bat da, bere burua egiten duena, hain zuzen ere, den bezalakoa.
   Alabaina, aburuak aburu, gizona ez da espezie natural bat. Ideia historiko bat da. Emakumea ez da errealitate finko bat, baizik eta bilakaera etengabe bat. Bilakaera horretan behar omen dugu alderatu eta konparatu gizonarekin. Bilakaera horretan definitu behar ditugu haren posibilitateak, emakumearenak alegia.
   Haren gaitasunez mintzatzean, den horretan murriztu nahi izaten dute emakumea. Arestian aipatu filosofoek diotenez –Sartre, Heidegger, Merleau-Pontyren ikuspegiak, Simone de Beauvoirenak tarteko– gorputza ez da gauza bat, ez da egoera bat. Munduan dugun heldulekua da gure proiektuaren zirriborroa. Emakumea ahulagoa da gizona baino. Ahultasun horri egongaiztasuna gehitzen zaio. Kontrol falta, hauskortasuna.
   Datuak datu, horiek ezin ukatuzkoak dira, baina berez ez dute ezer esan nahi. Honatx maxima bat: biologia zientzia abstraktua da, gorputza existentziaren bitartez definituz ikuspegi bat onartzen dugunez gero. Gizonak mundua atzemateko asmorik ez balu, gauzei heltzeko ideiak berak ez luke batere zentzurik.
   Gizonak mundua atzemateko duen moduan ezin neurtu daitekeen bezala, abstraktuan ezin neurtu daiteke nolako zama den emakumearentzat ugaltze funtzioa.
   Produkzio-indarren eta erreprodukzio-indarren arteko oreka aldatuz doa giza-historiaren garai ekonomiko batetik bestera, eta indar horiek baldintzatzen dute arrek eta emeek umeekin duten harremana, baita elkarrekin dutena ere.
   Gizarteak ez dira espezieak: gizartean, espeziea existentzia gisa mamitzen da. Gizarteak bere burua transzenditzen du mundurantz eta etorkizunerantz. Haren ohiturak ez dira biologiatik segituak izaten, banakoak ez dira sekula utziak beren naturaren mende. Beraz, biologiaren datuak argitzeko, aintzat hartu beharko dugu ingurune ontologiko, ekonomiko, sozial eta psikologikoa.
   Arras garrantzizkoa da emakumea espeziearekin lotzen duen esklabotasuna, baita emakumearen gaitasun indibidualaren mugak ere, emakumearen gorputza elementu funtsezkoa da, munduan duen egoeraren elementu ezinbestekoa. Funtsezko galdera: emakumea zergatik da Bestea? Biologia ez da nahikoa aztertua izan zentzu edo norabide horretan, biologoak ez omen dira kezkatu horretaz. Oraintsu arte, bederen.
   Sintesiak sintesi, tesi eta antitesi artean, honatx, kontu baitezpadakoa: historiaren joanean Naturan nolako antza edo tankera eman zaion emakumeari jakin behar dugu, ikasi behar dugu. Kontua da jakitea gizadiak zer bilakarazi duen gizaki-emea.

Filosofiak filosofia, filosofoak filosofo, hona aburu zenbait

“Sexualitateak existentziaren hedadura bera du”. Sexuala eta genitala bereizten direnean, sexualitatearen nozioa lausotu egiten da. Energia bereizia den aldetik, libidoa gizontasunezko indar bat da. Orgasmoa, beste hainbeste. Libidoaren funtsa maskulinoa da etengabe, eta modu berean betiere, gizonarengan nahiz emakumearengan agertu.
    Sigmund Freud tarteko, Beauvoirren aburua: hasieran libidoa berdin garatzen da bi sexuetan, haurrek aho-aro bat daukate, gero uzki-aro bat, azkenean fase genitalera heldu dira, eta orduan bereizten dira bi sexuak elkarrengandik. Gero dator aldaketa. Zakila izanen da aurrerantzean organo erotiko nagusia.
    Emakumeak ere bere libidoa objektibatu behar du –nartzisismoaren bitartez– gizonaren aldera, alabaina, prozesua konplexuagoa da. Klitoria utzita plazer baginalera igaro behar baitu.
    Ediporen-konplexutik sortzen da kastrazio-konplexua. Horrela sortzen da superegoa. Aita maitatuz haren antza izan nahi bailuke, eta alderantzira, atsekabe horrek sendotu egiten du maitasun hori.
    Areriotasuna sentitzen du amarenganako, ezinikusia. Elektraren konplexua ez da Ediporena bezain gardena. Lehenbiziko finkapena amarekiko izan denez gero, aita den aldetik, aitak berak gaitzesten du maitasun horren objektua. Debekuek indar gehiago dute neskatorentzat, seme-lehiakidearen kasuan baino. Semearen izate frigidoa ager daiteke; arra frigido izan daiteke edota homosexualitatera jo dezake.
    Emakumea, berriz, gizon mutilatua sentitzen da. Mutilarentzat, zakila, esperientzia bizia da. Harro sentiarazten duena. Elektraren konplexuaren nozioa arrunt lausoa da. Aita ez du libido femeninoak jainkotzen.
    Aitaren subiranotasuna gizarte-egitate bat da. Freudek horretan huts egin zuen Beauvoirren ustez: hark dioenez ezin da jakin zer autoritateak erabaki duen. Ostera, sistema bat ezin da nahikoa izan baldin sexualitate soilean oinarritzen badu giza bizitzaren garapena.
    Sigmund Freudi kontrario bat jalgi zitzaion: Alfred Adler, Vienan jaioa. Honen ustez, gizona zenbait helbururen bila dabil. Gizabanako bakoitzak botere-nahi bat du. Baina, gutxiagotasun-konplexu bat dauka, halaber. Neskatoak ez du faloaren inbidiarik mutilei onartutako pribilegioen sinbolo gisa baino. Aitak familian duen tokiak, gizonen nagusitasun unibertsalak, hezkuntzak, guztiak berresten dio nagusitasun maskulinoaren ideia. Emakumea zatiturik dago bere buruaren kontra, gizona baino askoz sakonkiago eta zatituago.
    Adler eta Freuden arteko kontrakotasunak agertu ziren hartara: Adlerrek kausalitate psikikoaren ideiaren ildoan, determinismoa onartzen du. Freudek ez. Aita subiranoari dion maitasunak bultzatzen du ama, maitatuarengan edo senarrarengan aurkitu nahi du maitasuna. Larrimin guztietan desira bat dago.

Irakaspenak irakaspen

Honatx ondorio positibo bat, aintzat hartzekoa. Gizabanakook tematzen gara historia singular bat ikuspegi psikoanalista batez deskribatzen. Haatik, superegoak barneratuak ditu tirania arbitrario batetik datozen aginduak eta debekuak. Moralean oinarrituz, morala sexualitatearentzat kontu arrotza izango balitz bezala. Ordea, horiek joera instintiboak dira, bi errealitate horiek heterogenoak dira.
    Freudek ipuin bitxiak asmatu omen zituen. Beharra zituen horretarako. Sexualitatea garrantzizkoa da giza-bizitzan. Bidean bide, hona irudi bat: neska lotsatuarena. Zer dela eta? Pixa kokoriko egiteagatik. Zer da lotsa, ordea? Sexualitatea ez da hartu behar egitate erreduziezintzat. Izatedunak badu “izatearen bilatze bat” originalagoa. Sexualitatea haren arlo bat baino ez da.
    J. P. Sartreren izatea eta ezereza delakoaren ildoan: lanek, gerrek, jokoek, arteek definitzen dituzte munduan egoteko erak. Psikoanalisiak, psikologo bortitzenen eskutik “determinismoaren” eta “inkontziente kolektiboaren” izenean, hautuaren nozio hori baztertzen du.
    Inkontzienteak irudi eginak ematen dizkio gizonari, sinbolismo unibertsal suerte bat, horrek esplikatzen du nola sortzen diren ametsen, hutsegiteen, eldarnioen, alegorien eta giza patuen analogiak.
    Hain zuzen ere, askatasunaz mintzatzeak esplikatzen du ezina onartzea. Askatasunak berarekin ekarriko lituzkeen parekotasun aztoragarri horiek.

Anatomia hizpide

Anatomia, horra hor patua. Gorputza, horra hor orokortasuna. Sinboloa ez zaigu agertzen inkontziente misteriotsu batek landuriko alegoria gisa: adiera baten ulermena da, objektu adierazlearen analogo baten bitartez egina. Adierak modu berberean agertzen dira gizabanako asko eta askoren baitan, bat-bera baita izatedun guztien egoera existentziala, eta bat-bera orobat, aurre egin behar dioten faktikotasuna. Sinboloa ez da zerutik eroria, ez lurpe sakonetik ernatua: giza-errealitateak sortua da, hizkuntza bezalaxe. Errealitate hori Mitsein eta bereizketa da aldi berean.
    Gogoratu: Mitsein kontzeptua Être-avec da. Hots, izatea da Bestearekin izatea.
    Primitiboentzat, alienatzeko bidea mana zen, totema. Zibilizatuentzat, berriz, norberaren arima, beren nia, beren izena, beren jabetza, bere obra. Horra hor, zinezkotasunari uko egiteko lehen tentazioa.
     Zakila egokia da mutikoaren “doblearen” rola har dezan: objektu arrotza zaio, baina bera da aldi berean jostailua edota panpina. Alter ego bat, norbanakoa baino maltzurragoa, adimentsuagoa eta trebeagoa. Neskak, kastrazio konplexua dauka. Alter ego hori gabe (Freudek esana) neskatoa ez da alienatzen antzemateko moduko gauza batean, ez du bere burua berreskuratzen, beraz, behartuta dago objektu bihurtzera. Bere burua Beste gisa batean ikustea, bigarren mailakoa.
    Emakumeak lortuko balu bere burua subjektu gisa berrestea, asmatuko luke faloaren baliokiderik: panpina, kasu. Hortik alienatzeko darabiltzan maskarak. Psikoanalisiak ezin du bere egia aurkitu testuinguru historiko batean baino. Huts egin du emakumea Bestea zergatik den azaltzeko, orduan bereziki.
    Freudek onartzen du aitaren subiranotasunak esplikatzen duela zakilaren prestigioa, eta onartzen/aitortzen du ez dakiela nondik datorren nagusitasun maskulinoa. Ondorioz, honatx Beauvoirren beste maxima bat: idazle-feminista-pentsalari honek uko egiten dio sexualitatea egitate huts gisa on-hartzeari. Jarrera hori motza baita. Berak manera guztiz bestelako batez planteatzen du emakumearen destinoaren auzia.
    Psikologia mekanizista batek ez du onartzen asmakuntza moralaren nozioa. Gizonen psikoanalisiaren ildoan transferentzia hori –Beauvoir paristarrak dioskunez–, sublimazio hori, ez da jalgi emakumeen baitatik. Psikoanalistek ematen dioten zentzuan onartzea, aitarekin edo amarekin “identifikatzea”, bietako eredu batean alienatzea da, irudi arrotz bat nahiago izatea. Norberaren existentziaren mugimendu espontaneoa izatea baino, izatera jolastea.
    Emakumea izatea objektua izatea da, Bestea izatea da, eta Besteak subjektu dirau, baina bere amore-ematearen barnean. Ikusi behar da, zer aukera ematen dizkion “jarrera maskulinoak” deituak eta zer aukera “jarrera femeninoak” deituak.
    Alfred Adler psikoanalistaren ildoan, aburuak aburu, Beauvoirrenak berea egin du: botere-nahia ez da nolabaiteko energia zentzugabe bat baino, “Protesta maskulinoa” deitzen dio transzendentzia mamitzen den proiektu orori. Amarentzat, haurra ez da “zakilaren baliokidea”. Pintatzea, idaztea, politika egitea ez da “sublimazio-modu on bat” bakarrik, badira helburu batzuk berez nahi izaten direnak. Hori ukatzea gure historia faltsutzea da, gizon psikoanalisten burutapenen ildoan eta ustetan betiere.

Ikaspenak ikaspen

“Gizona gizaki arra da. Emakumea gizaki emea da” bezalako definizioek modu asimetrikoan mutilatu dute emakumea. Emakumeak gizaki gisa jokatzen duen bakoitzean, esaten dute gizasemea imitatzen ari dela. Neska zalantzan dabil objektuaren rola –Bestearen rola aukeratzerakoan– proposatu zaion bezala aukeratzea ala bere askatasuna aldarrikatzea. Hartara, hartaraino bat etorri gara, emakumeei ihes egiteko eskaintzen zaizkien bideak faltsuak dira.
    Simonen de Beauvoirren ildoan, emakumea gizaki bat da, balio bila dabilena, balioz osaturiko mundu batean. Ezinbestekoa da mundu horren egitura ekonomiko eta soziala ezagutzea. Ikuspegi existentzial batetik aztertu beharra dago bere egoera osoa.


Utzi iruzkina: