Denontzako eta inorentzako ez
HastaPENeAn
“Hamarkada eta mendeetan zehar norabide bat markatu zuten momentuak” bildu zituen Stefan Zweigek (SZ) Humanitatearen une gorenak (HUG) liburuan. Esaldia Aritz Galarragarena (AG) duzu, baina Zizeronena ere izan daiteke, baita Montaignerena ere. Eskuetan dudan –izan dezakezun– HUG honetan hiru ikasturte bildu –2019-2020-2021-2022; suspentsoak aterata ere, kurtso emankorrak hirurak– eta 125 testu topatu ditzakezu. Saiakera liburua duzu, saio hagitz saiatua; Aritz Galarragarena (AG).
Hastapenetan ari naiz, –nire– penaz ari nauzu: hots, Gorka Bereziartuaren (GB) Hitzaurrea irakurri ostean, zer besterik –interesgarririk– para dezaket nik liburuaren gainean? Liburu honen lerroek, lehenbizikoz, ARGIA aldizkariaren orriotan ikusi zuten argia. Memoriarik memoria –AGren saio honek ederto inarrosten digu memoria–, AGk Santi Leoneren (SL) txanda edo segida hartu zuela uste dut. Memoria ustela dut/dugu sarritan, baina hauxe ustea: SLk berean etsi egin zuen. Lekukoa nintzen, beraz –eta berez– leku onean nengoen lekukotasun hau emateko eta aldi berean desitxuratzeko. Funtsean, hauxe erran nahi dizut: SLk etsi izan ez balu, agian, HUG delako honek ez zukeen izaterik izan.
Beraz, HUG honen sorburua ezagutu nuen, eta gero, “aktualitatearen diktaduratik urrundu nintzen"; hala beharrez edota halabeharrez. ARGIAtik begiraturik ere, “inguruko errealitateari oker” begiratzen bainion, oker edo ez osotoro behintzat. Eta, hara, hiru urteren ondoren, eguneroko "informazioaren diktaduraren menutik" desintoxikatzen saiatzen ari naizen honetan, Humanitatearen une gorenak (HUG) dastatzeko xantza ukan dut, eta hartaz, baita ontsa elikatu ere.
Penak pena, arioaren harira
Saiakera honen lerroburuko humanitate berba aintzat harturik, Friedrich Nietzscheren Asi habló Zaratustra heldu zitzaidan gogora –euskaraz badago, XMBk itzulia; nik buruan gaztelaniaz daukat ordea–. Eta? Bada hura bezala –konparazioak gorrotagarriak dira, jakitun naiz–, hona nire aburua: HUG denontzako liburu bat da, eta inorentzako ez. Hau da, HUG saiakera lana izanagatik, literatura –iturri– liburua duzu. Literatura –bizitza nola, AGren estiloan– konstruktu bat da. Des-konstruitzen osatzen/eraikitzen dugu gure eguneroko jarduna –bizitza nola literatura halatsu–. Horratx, bizitza eta jarduna, hitz kidekoak bihurtu zaizkit edota bihurtu ditut.
Aitzina: AGren HUG honetan Jacques Derrida filosofoa dago uneoro –esateko modu bat duzu, ez osotoro hori ere–. Hots: ezer ez dago testutik kanpo –deus ere ez. Deus, alegia, jainkoa bera ere ez–.
Oharra: denok ez zarete akort izanen. Ezta beharrik ere.
Galdera inposatzen da: “Aizak mainontzi, testutik kanpo ez al dago errealitatea, bada?”. Ikasle abentajatu –gailen ote?– honek badu arrapostua: “Aizan, errealitatea baina, errealitate berbaren barnean dago!”. Harridura marka batez, paratu dizut arrapostua –zuri ari nauzu AG. Espero dut ! bakarra izatea–. Hiru ikasturtetan ibili naiz AGren alboan, aritu naiz hobe erranik. AG ez da apenas –oinez– ibiltzen eta, eta are gutxiago arineketan. Edo apenas ibiltzen da; nola interpretatzen duzun hori ere. Labur zurrean: Aritz Galarragak hiru urteko joanaldian mendetan eta milurtekoetan barrena eraman gaitu –noizbehinka etxetik paseatzera irten ez ezik, promenatzera atera ohi da–. Alabaina, memoriak huts egiten digunez gero, deus –edo apenas– eraiki ordez, deseraikitzen aritu zaigu, baita halaxe irakurle hau berarekin. Bestela erranik: konstruitzeko bere burua deseraikitzen jardun du.
Historiaren bilakabidearen ondorioa gara, une gorenen emari –hor nonbait–. Eta? Bada, konstruktu bat garela. Humanoak alegia. Zaratustrak baina aspaldi gaztigatu gintuen: humano-egiak! Soberakin hagitz pilatu izan dugu historian barrena, eta orain historia buruan estrukturatu/eraiki guraz –eraiki beharrean, izan ere, norberarentzat errebisionistak besteak dira betiere–, iragana istorioz osatu egiten dugu, hau da, historia istorioez osaturiko simulakro bat da. Horixe literatura! –barka AG jauna, bigarren harridura-marka jalgi zait eta–.
Arioaren harian, axioma: Trumpez harago eta Putinez honago, bizitza dago –Trump edo Biden idatzitak berdin dio, hala nola Zelensky idatzitak ere–. Bizitza politika da. HUG saiakera politikoa da. Ez da politika ordea. Beharbada –beti beharrean–, komeni da politika eta politikoa bereiztea. Komeni da mundua argitzea, hots. Izan ere, liburu hau ARGIAtik at argitaratu ez ezik, argitu baita, baita osatu ere. Aktualitatearen diktaduratik lekora, alegia.
Bref: liburu politikoa duzu, eta horregatik haren gaineko nire iruzkin hau filosofiko-politiko-literala.
HUG hartatik HUG honetara: Stefan Zweigek Alexandria Bibliotekara eraman gintuen –Liburutegi Haundia berau–, esate baterako batean ari nauzu; Alexandro halaxe omen zelako, diot: Haundia. Nire iruzkin/komentario hau, bizitza eta HUG delako hau urratzeko gonbita duzu. Hona HUG-en berezitasunetako bat: AGk, Bibliografia oparo batean murgiltzeko gonbidatzeaz gain, Aurkibide analitikoa eskaini digu. Alegia, deus ez! –barka, hirugarren galdera-marka–. Egileak adikzioak hitzaz zabaldu du aurkibidea: “Liburuzalea naiz” diosku AGk. Horra bere adikzioa. Bertze bat: bere umorea. HUG ulertzeko AGren umorea entelegatu behar duzu. Berbarako, paidokrazia nozitu izanaren ondorioz, bere umore umotua ezagutu dezakezu. Spoilerik ez! –! demonio hori, ezin gainetik ken ari nauzu–.
Memoria freskatu aldera: liburu saiatu hau pandemia ditxosoa –kazetari zintzoa izan aldera, hobe COVID19z ari naizela erratea– hasi zen/den garaian idazten abiatu zen AG –ibiltaria da, berak ukatu arren– eta Ukrainako gerra deklaratu zenean amaitzen da –errusiarren gerra ere badena, prefosta–. Ezer ez da hasten ezer ez amaitzen... Paroles… Bizitza molde zirkularrean osatzen da... Paroles… Saiogilearen bizitza udan hasten eta udan osatzen da... Paroles… Eta halaz ere, AGk ondo baino hobeto dioenez, “hainbesteko lanketa filosofiko-literariorik gabe, apenas dagoen lekurik eguneroko bizimodu, sinple, materialarentzat”.
Harrapa ezan/k! (boskarren harridura-marka jalgi zait, honezkero niri bost edota Vox). Hau malura! Harridura-markarik barik hobe luke, baina... Bainarik gabe, paradisuan bizi gintezke alabaina.
Post Scriptum (5)
Barkatu ahal dit Aritz Galarragak (AG). Orain arteko alamena aski ez –txapa, alegia–, eta gainera post-scriptum hau jaso/jasan behar izatea ere. Humanitatearen une goren bat harrapatu aldera ari nauzu –hor nonbait–.
1/ AGk liburu unibertsala osatu du. Alta bada, HUG delako hau gure izatearen –saiogilearen izatearen– partikularren tasunez osatuta dago. Unibertsaltasunetik osatuta eta horregatik Bidasoatik osatua. Izan ere, AGk aspaldi deskubritu zuen Mediterranioa; aurkitu eta atzitu ere bai. Erran nahi baitut, bere etxeko bibliotekatik deslotu gabe, munduko ibaiak eta itsasoak deskubritu zituen –eta segitzen du deskubritzen–deskonstruitzen–. Irakur zalea izatea, abentura zale izatea da. AG hondarribiarra basoa maite duen hiritarra da –basoa eta natura hitz kidekoak dituzu kasuon–. AG Txingudi badiaren magalera sortua izaki, txinguditarra da. Hitz zurrean erranik: Aritz Galarraga idazlea berezko estilo baten jabea duzu. Jabea eta gabea. Bi hauek ere hitz kidekoak izan daitezke eta. Samurrean erranik hau ere: Galarraga ez da kontalari txit harrigarria, Aritz hagitz galarraga da! –Real Unión futbol taldeko kidetasunaren harrotasuna antzeman dezakezu saiakeran–.
2/ Elemenia dituzu liburu (h)one(t)ako izenak. Humanitateak eman dituen izen gorenak. Haatik, liburu unibertsala izanagatik, liburu partikularra dela adierazi dut arestian. Neronek testu honetan bizpahiru izen unibertsal soilik aipatu ditut, eta hori munduaren eta liburuaren errealitatea ukatzea da nolabait. Hala berean, orain segidan, errealitatea ukatuko dut, gure izen partikular bakar batzuk baino ez baititut aipatuko: hala nola, Eneko Aizpurua (Bidasoan gora). Santiago Alba Rico (SAR) (España). Oharra: España ere gurea izan daiteke. Edonola ere, nik ez dut SARren lerro bakar bat ere irakurri ene bizitzan. Atx! Miguel Sanchez-Ostiz (MSO). Oharra: MSO-i irakurri diot apur bat, baina bere obra –osoa– irakurtzeko berriz ere jaio behar nuke. Txani Rodriguez (Los últimos romanticos). Maite López Las Herasen Safo. Berea izan gabe, Safo gurea bihurtu omen du Maitek –artean, lan hau ere irakurri barik–. Iñaki Segurola irreberentea ezin dut aipatu gabe laga. Ai ene! MZ delako bat ere badago –badabil– liburuan. Nor da akronimo horren gibelean?
Oharra: honatx pista bat, AGk emana: “[pasartea] MZri irakurri nion egiazki baina orain badakit dela Senekarena”.
Oharra: AG benetan ari da. Beti benetan, batzuetan penetan, baina oroz gain, gehienetan pozarren. Idazle lanetan, alegia.
3/ Lizentzia bat hartuko dut eta da: Eneko Barberenaren Suak erreko ez balu eleberria iruzkintzean aipatu ez nuen kontu bat. Orduko iruzkinean lekurik ez zuelakoan, honetan emanen diot toki: Eneko Barberenaren nobela Montrealera bidean –15 egunen egonaldian– irakurri nuen. Bada, hauxe aburua: irakurketa, eta beraz nobela hori niretzat ez litzateke bera izango, beste testu-inguru-batean irakurri izan banu. Hau da, egunerokoak zeharo baldintzatzen du liburu baten irakurketa, eta ondorioz, literatura-filosofia bera. Bizitza bera. Areago bizitza berau egunero irakurtzen osatzen badugu.
Oharra: jakitun naiz, aktualitatearen diktaduratik at uste izan arren, gure burua geure diktaduraren menpe bizi dugula betiere.
4/ Humanitatearen une gorenak-en irakurraldia etxean eman dut. Halarik ere, egiari zor, irakurketa Friedrich Nietzscheren La genealogia de la moral-en irakurraldiarekin aldizkatu dut –irakurtzen ari naiz oraindik ere–. Ahaztu zait liburu hau behiala irakurri ote nuen. Ahaztu zait idatzi dut, ez ahaztu dut. Tartekatu dut/nuen halaber, Oskar Gazteluren Nire bizitza, ni barik saiakera –biak aldi berean hasi nituen irakurtzen–. Eta aspaldi hasi eta albo batera geratu zitzaidan –ez nuen utzi, uztea besterik da– Jean-Pierre Charlanden L’Été de 1939 nobela. Montrealen girotuta dago berau. Nobela beltza da, politikoa erabat. Hilketa baten trama duzu berean, noski. Judutarrak. Naziak. Katolikoak... dituzu protagonistak. Iragan mendeko Quebec ulertzeko nobela aproposa. Quebec idatzi dut, Kanada esatea lekuz kanpo litzateke. Soberakin.
Eta 5/: Orain artekoa zaila izan bazaizu ulertzen, oraingo hau are ulergaitzagoa egin dakizuke. Beraz, paragrafo hau AGren eta bion artean geratzen da. Usteak ustel –neurri batean, hori ere– hona aitortza ustez moduko hau: “Aritz Galarraga mediku izan bide zen aurreko bizitza batean, edo agian, hurrengoan izango da”. Medikuarena ez da ofizio hutsala. Mundu honetan saiogile izateko lanbide/ofizio aproposa –izan daiteke– hori ere. Hots, idazle izateko hagitz/aritz egokia.
Post Scriptum (h)onen postscriptuma
Aritz Galarragaren Humanitatearen une gorenak gaur egungo humanitatearen historia/histeria entelegatzeko saiakera duzu. Agian, ez da soberakin historia eta histeria hitz kidekoak legez ulertzea –neurri batean hori ere–. Txingudi badiaren ingurutik idazten ari naiz, hauteskunde garaian idatzi ere. Txingudin inon baino sarriago izaten dira hauteskundeak eta bozak. Bizitza etengabeko aukeran datza. Demokrazia etengabeko aukeren jarduna duzu. Demokrazia gaur egungo humanitatearen une gorena da –edo izan daiteke–. Demokraziaren/aktualitatearen diktadura bizi dugu egun, nolabait. Egungo demokrazia paidokrazia suerte baten grazia dukezu. Egungo demokrazia gure baitako haurkeriaren jitea dukezu. Tasunak eta keriak, sarritan hitz kidekoak horiek ere –hor nonbait horiek ere!
Paroles! Eta Post Scriptum (h)one(t)an (!) harridura-marka soberakin.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: